EEEAAA elkartea (Egoera Errealeko Euskararen Aurrerabide Arruntaren Alde) eta magia

Juan Garzia Garmendia

Esana dut blog honetako erantzunetariko batean, eta hasieratik adierazia nien kezka hori arduradunei, arriskua ikusten nuela 31 eskutik egitasmo hau ez ote genuen erabiliko bakoitzak aurreko sarreragileei erantzuteko, halako iritzi-tirabira endogamiko batean kateatuz. Gehienetan bezala, badirudi neurea baino ez zela kezka hori, eta bilatu ere egiten dela hemen, antza, barne-lotura hori.

Hala, nola nik, fantasiak fantasia, badudan ardura (neure buru zoro honi jarria) errealitatera albait egokitzeko, hementxe nator neu ere erantzunka, barrenak agindu dit-eta oraingoan horri erantzuteko (edo, nahiago baduzue, horren aitzakian nik neureak botatzeko).

Elebakartasunaren aberastasuna sarrerak, literalki aipatzen duen horretan aitzakiarik duen ala ez alde batera utzita, hauspoa eman diezaioke gurean zenbaiten edo hainbaten artean errotuta dagoen mito itsu katastrofiko bati, eta horregatik iruditu zait egokia brotxa lodiaz baliatzea halako jarreren azken muturreko ondorioak nabarmenarazteko.

Esana gera bedi, bada, ez dela hau artikuluaren beraren kritika zuzen inolakoa (bada halakorik, nik neure egiten dudanik, erantzunetan). Hona, bada, ia ukiturik ere eman gabe, elebakartasunaren amets-lilura horrek berehala gogoetaratu zidan munstroa:

Elebakartasuna ez da berme nahikoa: izatekotan, analfabetotasuna da benetako errezeta mintzoaren bikaintasun gailena lortzeko. Izan ere, idazketa da, gehiagorik gabe ere, ahozkotasun jentilaren Kixmi erabakigarria: Akabatu da mundu umanua, asi da mundu perrua.

Ezin gaitezke, bestalde, errezildar halabehar territorialekin konformatu: beharrezkoa da, ezinbestekoa eta ez beharbada hala ere nahikoa, norberaren haurrak horrela heztea, eskolarik, hedabiderik eta internetik gabe, triki-bertsozko erregimen kultural zorrotzean.

Edo, hobe, gobernu jator batek har gaitzala guztiok bere haurtzat euskalduntze plangintza definitiboan (soluzio finala), idealki errezildartu gaitezen. Hasteko, kaletarrak baserri-lanera behartu, han desikasiz berrezteko. Horrek funtzionatzen ez badu, ea manipulazio genetikoa inplementatzea lortzen dugun.

Bestela, halakorik ezin bada, zer? Jatortasun-erreserbak erreserbagotu behintzat, kutsatutako euskaldun arrunt erosook haien miresmenez ondo flagelatzeko.

Esango nuke, hala ere, gure nahi eta ezinek eragindako ameskeria –nabarmen irreal baina prestigio eta lilura anbiguoko– horietariko bat baino ez dela elebakartasunaren sasikonponbide horrena ere, beste askoren artean. Iraganari begira, kasu horretan: idealizaturiko iragan fantastiko bati, nahiz eta orainean geratzen diren haren hondarretatik egin nahi izan gaurko eta biharko magia-potajia.

Beste muturrean dagoela ematen du, eta hala dago noski formalki, baina nik ez diot funtsean horrekiko alde handirik ikusten –nahiz, bigarren kasu horretan, etorkizun berariaz asmatu bat den gaur bertan gauzatu nahi dena– joskera-ingeniaritza ausart nola edo halakoa zertzen dutenen ikuspegiari, hala nola, berrikienik, EZENen beste erabilera bat sarreran aldezten den Amurizaren hori. Aitor dezadan, hala ere, badela hori baino –eta ez dut nik asmatu izendapen hori hemen– askoz ere harrikada larriagorik bide horietatik.

Hara, beraz, gure hizkuntza-egonezin berak eragindako bi konponbide-proposamen, zeharo desberdinak eta are kontrajarriak. Batean, elebakartasunez erdara ahaztea litzateke gomendioa; bestean, berriz, ahalik eta erdalantzekoen bihurtzea euskara, lehiakorra izan dadin mundu eleanitzean.

Kontrajarriak esan al dut? Zer axola diote kontraesanek, baina, eta are errealitatearen ukoak berak, ametsetan ari denari?

Tira. Ni, adinean aurrera, amets zorrotz nahiz presazkoak kamustu edo patxadaturik, ondo samar lo egitearekin konformatzen naiz dagoeneko. Horretarako, nire loa ameskeriaz are asaldatuagotu ez dadin, pentsatu nahi nuke badela gure artean, existitzen dela, izenburuan aipatu dudan elkarte birtual hori ere, alegiazko EEEAAA horren bazkideak zenbat diren jakitea zaila izanagatik.

Ni ez naiz noski haien ahotsa, baina garbi daukat ezen, haien lan kolektibo ez-ozen iraunkor errealista egunerokoa gabe, alferrik direla asma litezkeen estrategia guztiak, eta hutsalak –edo are kaltegarriak– ametsik zoragarrienak ere.

Aztiak, ez gaitezela tronpa, (bere buruari eta besteei) lilura eragiteko baino ez du dantzatzen magikoa omen den zotz hori. Erregea biluzik zihoala esan zuen harako mutiko xalo hark etorri behar ote du guri hori ikusaraztera?

Segi, bada, hortxe apurka-apurka aurrera eginez garen eta gauden honetatik: ez da konponbide magikorik.

Urte berria ere apurtxo bat hobea izan dadila, zenbakia gorabehera, bat-batean zoragarria espero izatea gehitxo da eta.

Oker ttiki garrantzi handikoak

Juan Garzia Garmendia

Tabucchiren ipuin zoragarriari Fernando Rey adiskideak eman zion euskal izenburua parafraseatuz ekin diot honi, nahiz “garrantzigabeak” izan han “oker ttiki”ok, eta hain garbi ez edukiagatik nik egokiena ote den hor “oker” hitza “equivoco” itzulordaintzeko. Uler bedi, beraz, ekiboko edo, garbizaleentzat, gaizki-ulertu edo nahasbide zenbaiten garrantziaz aritu nahi dudala, eta ez, deabruak libra, inoren oker salagarriez.

Zehazkiago, ekiboko bat dut aipatzekoa, sarri bezain hedatsua, eta, beraz, bat izanik ere, pluraltzat har daitekeena ondorioei begiraturik. Labur nahi nuke, eta alferrikako misteriorik gabe. Hara zein den gure arteko gaizki-ulertze nire ustezkoa: euskarari buruz mintzatzen (ahakartzen) garenean, zer euskarari buruz ari garen ez garbi uztea hasterako.

Erabilerari buruz mintzo bide gara hemen, eta ohituak gaude, 31ok eta beste hamaika milaka euskara-maiseatzaile gisa askotakoak, hizkuntza-maila, erregistroa, komunikazio-helburuak, generoak eta beste hainbat kontzeptu tekniko barra-barra aipatzen, harira etorri zein ez, baina berniz moduko bat izaten  da azkenean hori egiaz, euskara (eta, oro har) hizkuntza delako errealitate itxuraz ondo definituari gainezarria.

Alegia, hizkuntza delakoaren apaingarri gehitutzat jotzen ditugu praktikan, gehien-gehienetan,  beste zer guztiok. Maila guztietan gertatzen da berdintsu, baina joskeraren gorabeheretan nabarmentzen da gehienik, eta esango nuke hortik datozkigula maiz teorizatzen hasten gareneko sesioak eta okasioak.

Izan ere, hiztegiek, gutxi asko, markaren bat ezarri ohi diete zenbait hitzi, erregistro mota sozial zein geografikoa mugatuz edo zehaztuz. Bada zer hobeturik, hala hiztegietan nola haien aplikazio praktikoan, eta, jakina, pieza lexiko solteek ez dute agortzen konbinazio semantikoen kolore-gama guztia. Ongi etorriak dira, bada, esapide eta fraseologia bereziei buruzko lanak ere, ia berezkoa baitute halako erabilerek tonalitate estilistiko jakin bat, erregistro batekin edo besterekin lotutakoa.

Joskerarenera etorrita, ordea, esango nuke gure eztabaiden iturri sarria dela ez hartzea lan pixka bat aldez aurretik, berotu baino lehen, ondo zedarriztatzeko zer euskarari buruz ari garen euskara aipatzen dugunean. Hasteko, eta behinenik, ea ahozko euskara informal espontaneoaz ari garen (eta noren eta nongoaz) ala euskara idatzi formal batu (nahi) estandar euskal herritar guztientzakoaz. Tontakeria dirudi hain oinarrizko gauza seinalatzeak, baina etsita nago hortixe datorkigula nahaste, okerbide eta are haserregarri ugari. Eta askoz ere adostasun –eta gogobaretasun– handiagoa lortuko genukeela, nork geure suan eta bestearen itsuan aurrera segitu beharrean, atzera egin eta abiapuntuari erreparatuko bagenio, ea gauza beraz ari garen. Ez dakit, hala ere, nahi dugun. Ala gustua hartu diogun tirabirari berari, eta honela elkarrekin ahakarturik bizitzea ote den, hizkuntza-kontuan ere, euskal arima delakoaren pultsiorik barrengoena, inolaz ere saltzeko ez daukaguna.

Esate baterako, eta kontu teknikoetan sartu gabe ere, nola idatz daiteke lan bat euskararen (edo are euskal) hitzordenaz sikiera ahozkoaz ala idatziaz ari garen ere argitu gabe? Bada, zinez, idazten da halakorik. Eta nola maisea daiteke euskara batuaren joskera, aurretik aitortu gabe, gutxienez, badela bereizi beharreko sintaxibide bateragaitzik, mintzoz eta idatziz, ekialdetik mendebalera eta hegoaldetik iparraldera? Bada, egunero dakusagu halakorik ere. Lanak, gero, jakina, argitzeke geratu den hori argitzeko ahalegina egin behar duenarentzat dira; hark konplikatu omen du berez sinplea dena.

Noski jabetuko zinetenez, hasterako egin behar liratekeen bereizkuntza potoloenetariko batzuk baino ez ditut aipatu: ahozkoa/letrazkoa, dialekto geografikoa… Hortik aurrera, soziolektoak ere apur bat bereizi behar genituzke, besteak beste, ez dakigun gerta, esate baterako, euskaraz lau gauza esaten ikasi duen gaztetxo erdal giro peto-petokoaren erabilera-eredua hartzea etorkizuneko euskarazko kultura-hizkuntzaren abangoardia imitagarritzat, horretarako bidean goazela ematen baitu batzuetan, ergatiboa abolitzerainoko ausardia ere baluketen zenbait aditu superguayri jaramon egitera.

Hori, ordea, beste 31gai bat litzateke, edo honen beste adar bat, eta, oraingo honetan (baina ez fidatu nirekin), adarretatik ez joateko erabaki sendoa hartu dut, hartara ekibokoak –okerrak ez dakit baina– ez handiagotzeko.

Adibiderik ere ez dut jarri(ko), kapaz baikinateke, gainerako guztia ahazturik, harexen inguruan mokoka hasteko. Zer-nolako euskararen erabileraz ari garen argitu gabe noski.

Balizko ausazko premiazkoak

Juan Garzia Garmendia

Premiazkoena, gauza bat garbi uztea: ez naiz ari hiztegien beharra auzitan jartzen, ez eta, are gutxiago, hiztegigileen lana gaitzesten. Halakoen arduraduna banintz (ez naiz, beraz), aitormen eta soldata hobea lukete horretan dihardutenek. Ausaz, hau ez idaztea nuke hobe. Ziur, ez dut lortuko nahi nukeena, baina ez ahal zait gertatuko, esate baterako, behiala erronka hitzari buruz esandakoekin baino okerragorik. Nork daki, hala ere.

Nirekin lan egindako itzultzaile bikainenetariko baten kontu batek piztu dizkit argi gorri ozenak, aurretik ere banuen kezka sorraren gainean: ingelesezko itzulgaiko potential, possible eta likely izenondoak, denak ere, balizko euskaratu ditu… orrialde berean, eta izen beraren izenlagun!

Badirudi arrunt izenondoaren eta beste batzuen bidean doala balizko izenlaguna ere: zernahi esatera behartu nahi dugu hitz gaixoa, ad hoc. Garai batean, balizko errotak garbi zegoen ez zuela irinik emateko ahalik. Orain, auskalo.

Begiratu dut hiztegi elebidunean, ez errezelorik gabe noski, eta hara: supuesto, -a; hipotético, -a; posible omen da balizko. Sinonimo ote dira hirurok?! Eta, hala izatera, nondik irabazi dugu konfiantza, garai batetik hona, posible eta are ustezko izan daitezen orain balizko irinak? (Eta, ondo pentsatuta, zergatik izan behar du sarrera hiztegian balizkok, balitz zer den badakigu eta? Erdarazko izenondoaren ordaina delako tratatu behar ote dugu izenlagun hori izenondotzat?).

Neu nago oker, noski, zeren, nik ulertzen dudan (edo, barka, nuen) moduan, euskaraz behintzat, jai baitute askoren errebindikazioek, hiztegi bereko adibideari jaramon egitera behintzat: Estatu ez diren nazioen balizko eskubideak (Los supuestos derechos de las naciones que no son estado).

Nago, gainera, balizko hitzaren berezko xarmak baduela zerikusirik endredoan. Jakina, ustezko arruntegia da; hipotetiko, kultuegia; posible eta probable, erdalantzekoegiak… Alegiazko eta irudizko ere politak dira, baina, horiek erabilita, nabarmenegi geratzen da ez dugula irinik zertuko errota horretatik: alegiazko eskubideak, irudizko eskubideakBalizko, berriz, libre zegoen, ezta?, eta zer polita!

Kontuak kontu, alegiazko errotarririk handiena irentsita ere hiztegitik, inork ezingo dio kendu balizkori balitzen ume izatetik datorkion esanahia. Baleukako markesak ez dauka, eta balizko errota ez dabil… ezta balitz hitza ehotzeko ere. Beraz, hutsuneren bat sumatzen bada hiztegi elebidunean, asma bedi nahi dena, baina utzi bakean hitz normalei beren esanahiekin.

Euskaraz halako bortxaz izenondotu (nahi) den beste pare bat baino ez aipatzeagatik:

  • Ausazko ezin liteke uler ausazen umetzat baino (ausazko inolaz ere aleatorio izatera, ausaz hitz arruntak, ai ene, aleatorioki esan nahi luke).

  • Premiazko ez da urgente (apremiante ote dabil garun diglosikootan durundiz?), noski presak eta beharrizanak nahasteko dugun joera gorabehera eta premiak premia (asmatzen hasita, ausartu, ausartu: lehenbailehengo posta).

Desenkusa ditzadan hiztegi(gile)ak: ez da erraza erdarazko izenondo bakoitzari euskarazko itzul-ordain finkoa esleitzea. Nik, behintzat, ez nuke asmatuko… baldin eta hartara jarriko banintz. Nik, ordea, testuak itzultzen ditut, eta ez hitz solteak. Eta, are gutxiago, adberbioen esanahia biltzen duten erdarazko izenondoei ordain automatikoa emanez.

(Badakit, badakit: hiztegia nola erabiltzen den da kontua. Hala ere, erabiltzaileak gaizki badarabil eta gero hiztegigileak okerra ere erabilera zuzentzat jasotzen badu, banatuta geratuz doaz erantzukizunak, ezta?).

Adibidez, “sus posibles consecuencias” euskaratzean, bere balizko ondorioak ematen duena hiztegia itxuragabe testuitxuratzen baino ez da ari (eta, berdin-berdin, sus propias conclusiones irreales ere ulertaraz dezake!); eta, demagun, horrek ondotik ekar ditzakeenak darabilenak, berriz, ez du justifikatu behar erdaraz hori esateko erabilitako hitzetatik bat bera ere ez agertzea horrela euskarazko testuan.

San Jeronimo, beti san Jeronimo: “Ez hitzez hitz, baizik eta zentzuz zentzu”.