Noizean behin ohartzen naiz nire eskuetara heltzen diren testuetan, hitzaldietan eta irratiko elkarrizketetan ugaldu egiten direla zalantzagarriak iruditzen zaizkidan hitz edo hitz-konbinazio batzuk. Ez dakit bolada kontua den, edo besterik gabe lehenago oharkabean pasatu zaizkidan esamoldeekin ohartzen naizen bat-batean. Gaur hona ekarriko dudana ez dut uste Itziar Diez de Ultzurrunek aurreko postetan hizpide izan dituenen moduko โespezie inbaditzaileakโ direnik. Euskararen barruko prozesuen ondorio izan liteke agian.
Areagotu aditza ederra iruditzen zait, baina maiz izen desegokiekin konbinatuta ikusten edo entzuten dut. Zenbaitetan autoan noala irratian entzuten ditut atentzioa ematen didaten horrelako konbinazioak baina, ondoren, zail egiten zait adibide zehatza gogoratzea. Hortaz, hiztegi eta corpusez baliatuko naiz hemen hasierako analisia egiteko.
Euskaltzaindiaren Hiztegiaren definizioa nire kontzeptualizazioaren ildotik doala esango nuke, alegia, areagotu aditzak zerbaiten nolakotasunaren goranzko joera adierazten duela.
areagotu,ย areago/areagotu, areagotzen da/duย ad.ย Gehitu, batez ere nolakotasunean.ย Zorigaitza areagotu zitzaionean.ย Horrek ondoeza areagotu zion.ย Ez zituen hortik zetozen gaitzak deuseztatu, areagotu baino.ย Ezin dugu esan auziak eta istiluak saihestu ditugunik: gehitu eta areagotu egin ditugu aitzitik.
Dabilena corpusera jo dut gailentzen diren konbinazioen bila eta, maiztasun handiko konbinazioen zerrenda oso luzea bada ere, izen hauek gailentzen direla ikus daiteke: erabilera (1182), presentzia (548), arrisku (471), ezagutza (260), tentsio (251), gaitasun (276), arazo (262), presio (233), kopuru (244), joera (212), kontrol (191)โฆ
Hona hemen adibide batzuk:
Bagerak, euskararen erabilera areagotzen eta sendotzen jarraituko duela adierazi du.
Hedabideetan euskararen presentzia areagotzea eta euskarazko hedabideak bultzatzeaโฆ
Errauskailuek minbiziaz hiltzeko arriskua areagotzen dutela dio zientzialari espainiarren ikerketa batek.
Ideiak trukatzeko eta ezagutza areagotzeko gune bat eskaintzea du helburu biltzar honek.
Palestinako bi alderdi nagusien arteko tentsioa areagotzea eragin du operazioak. Bainuetxeetan airea beti hezea da eta horrek mikroorganismoen bizitzeko gaitasuna areagotzen du.
Mendearen bukaeratik aurrera elkarren arteko arazoak areagotu ziren. Txinaren aurkako presioa areagotu egin dute AEBek.
Lan baldintzak okertu direlako gaixotasun eta istripukopurua areagotu dela nabarmendu du LABek.
Iraganari bestela begiratu eta bertsio ofizialak kolokan jartzeko joera areagotu da.
Gasteizko Alde Zaharrean kontrol soziala areagotzen ari dela salatu dute.
Kasu gehienetan, egoki iruditzen zait areagotu aditza izen horiekin konbinatuta, handitu aditza ere egokia izan litekeela iruditzen bazait ere. Kopuru izenaren kasuan, aldiz, ez dut uste areagotu aditza egokia denik. Izan ere, kopuru izen arina zenbakarriak edo neurgarriak diren izenekin konbinatzen da gehienbat, eta lortzen den esanahia ez dagokio nolakotasunari zenbatekoari baizik. Hortaz, bi adibide hauetan, handitu edo gora egin moduko aditzak erabiltzea egokiagoa litzatekeela uste dut. Zenbait kasutan, kopurua handitu edo kopuruak gora egin konbinazioen ordez, ugaritu aditza erabiltzea ere egoki izan liteke.
Lan baldintzak okertu direlako gaixotasun eta istripukopurua areagotu dela nabarmendu du LABek.
Donostiako Orfeoiak, abesbatzako ahotsen kopurua areagotzeko asmoz, bertako kide izateko deialdia egin du.
Arrisku eta arazo izenen jokaera desberdina da numeroaren arabera.ย Arrisku izena singularrean erabilita ageri da gehienbat eta, arazo izena, aldiz, pluralean ageri da adibide gehienetan. Izen horiek singularrean erabiltzen direnean, nolakotasunaren goranzko joera adierazten da beti eta, beraz, egokitzat har daiteke areagotu aditza.
Bilbon eta Donostian uholde arriskua areagotuko da.
Egia da urtetik urtera arazoa areagotzen ari dela, baina airearen kutsadura mundua bezain kontu zaharra da.
Izena plurala denean, aldiz, bi interpretazio egon daitezke. Bi adibide hauetan, aurretik mugatuta dauden arrisku edo arazoez ari garela ulertzen da eta, beraz, horien nolakotasunaren intentsitateaz ari garela onar daiteke.
Ebakuntza horren arriskuak areagotu edo arintzen dute hainbat faktorek: ardura espezialista on baten eskuetan uztea, toki egoki batean egitea, behar bezainbesteko denbora hartuta, presarik gabe, etc.
Mendearen bukaeratik aurrera elkarren arteko arazoak areagotu ziren.
Hurrengo adibideak aldiz, bi interpretazio izan ditzake. Adierazi nahi dena baldin bada aldez aurretik dauden jarreren, istripuen eta osasun-arazoen intentsitatea handitzen dela, areagotu aditza erabil daiteke baina, horiek guztiak kopuruz handitzen direla adierazi nahi badugu, ugaritu aditza erabiltzea askoz ere egokiagoa litzateke.
Sailburuaren arabera, alkoholaren ondorioz indarkeria jarrerak, trafiko istripuak eta osasun arazoak areagotu egiten dira.
Sailburuaren arabera, alkoholaren ondorioz indarkeria jarrerak, trafiko istripuak eta osasun arazoak ugaritu egiten dira.
Bukatzeko, kontuan hartu behar da izen batzuk komunikazio orokorrean zenbakaitzak eta neurgaitzak badira ere komunikazio espezializatuan hartzen duten esanahia neurgarria den magnitude batena dela. Hori gertatzen da, adibidez, presio eta tentsio izenen kasuan.
Ukrainaren eta Errusiaren arteko tentsioa areagotzen ari da joan den igandeko gertakarien ondoren.
Siria inbaditzeko presioa areagotu dute Turkiak eta Saudi Arabiak.
Garaterm corpus akademikoan areagotu aditzaren konbinazioen kontsulta eginda, ikus dezakegu ez dela ageri konbinatuta presio eta tentsio izenekin. Presio eta tentsio izenak magnitude izenak dira ia beti zientziazko testuetan, eta handitu eta igo aditzekin konbinatuta ageri dira horien balioaren goranzko joera adierazi nahi denean.
Azken ekuazio horren arabera, bolumen molarrak positiboak direnez, Gibbs-en energia molarra handitzen (โGm > 0) da presioa handitzen denean (โp > 0).
Normalean, fusio-kurbak malda positiboa izaten du presioa igotzen dugunean.
Energia elektrikoaren sorgailuen irteeran tentsioa igo eta intentsitatea murrizten duten transformadoreak erabiltzen dira.
Transformadorearen sekundarioan edo primarioan zirkuitulaburra egingo da, eta 0 V-etik hasita, apurka-apurka, aplikatzen den tentsioa handituko da, transformadorearen hariletan zehar intentsitate izendatua igarotzea lortu arte.
Nolanahi ere, esan beharra dago presioa handitu kolokazioa gailentzen dela presioa igo kolokazioaren aldean. Tentsio izenaren kasuan, aldiz, tentsioaigo kolokazioa gailentzen da tentsioa handitu kolokazioaren aldean, maiztasunak antzekoak badira ere.
Egindako azaleko analisitik hiru ondorio atera daitezke:
Zalantzagarritzat har daitezkeen konbinazioak areagotu aditzaren semantikaren gutxi gorabeherako ezagutzaren edo erabileraren ondorio izan daitezke, besteak beste, kopurua areagotu konbinazioan.
Areagotu aditzaren semantikaren gaineko kontrol ona izateak aukera ematen digu zehatzagoak diren esaldiak osatzeko, adibidez, osasun-arazoak areagotu vs osasun-arazoak ugaritu bereizteko.
Zenbait izenek komunikazio espezializatuan aktibatzen dituzten esanahi espezializatuek eragina dute aditzekin osatzen dituzten kolokazioetan. Hori erakutsi dugu presio eta tentsio izenen kolokazioen kasuan.
ยซSakondu egin behar dugu gure nazioartekotzean, mundu osoan aitortua izango den unibertsitate bihurtzeko. Horretarako, unibertsitate guztiz eleanitza izan behar dugu, gai izango dena leku guztietako ikasleak erakartzeko, nazioartean erreputazio sendoa izango duena, ikerketaren kalitateagatik eta irakasle-ikertzaileen ospeagatik. Nazioartekotze ikuspegi integral bat behar dugu, ezaugarri izango dituena gure zerbitzuen kalitate maila handia eta gure jardueren garrantzia, gure egresatuak eta langileak prest egon daitezen egoki erantzuteko toki eta mundu mailako desafioei.ยป
Plan estrategikoari jarraiki, UPV/EHUren Nazioartekotze Plana 2023-2026 garatu da, eta horren barruan bereizten diren bost erronken artean, โprestakuntzaโ dago, gradu eta graduondoko tituluen maparen nazioartekotzea helburu duena. Helburu hori lortzeko, hurrengo ikasturteko irakas-eskaintza antolatzeari begira, irakaskuntza hizkuntza ez-ofizialetan baimentzeko deialdiak egiten dira, โUPV/EHUko ikasleei zein ikasle bisitariei zuzendutako gradu-eskaintza eleanitza sustatzekoโ. Frantsesezko eskaintza hutsaren hurrengoa izaten da, eta benetan sustatzen dena da ingelesezko irakasgaien eskaintza. Irakasgai solteak baino areago, irakasgaien ibilbideak sustatzen dira, Unibasqen nazioartekotzeko kalitate-zigilua lortzeko xedearekin (graduko kreditu guztien % 20).
Ildo horretatik, ingelesa graduetan txertatzeko prozesua gidatzen duten dokumentuei eta zuzendaritzei โeleaniztasunโ etiketa jartzen zaie. Hortaz, gure unibertsitatean funtsezkoak diren hizkuntza ofizialak (euskara eta gaztelania) planetatik aparte uzten dira, eleaniztasunak jokoan dauden hizkuntza guztiak barne hartzen dituela ahaztuta. โEuskara Plan Gidariakโ egiten dira lau urterik behin, nazioartekotze-planetik aparte. Gaztelania, aldiz, ez da kontuan hartzen plan horietan, gure unibertsitatean ezarpen handiena duen hizkuntza dela eta nazioartekotze-helburuetarako pieza garrantzitsua izan daitekeela alde batera utzita.
Azpimarratu beharrekoa da UPV/EHU lehenengoa izan dela Garapen Iraunkorrerako 2030 Agendan garapen iraunkorreko 18. helburua (Hizkuntza eta Kultur Aniztasuna) gaineratzen. Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedraren ekimena izan zen helburu hori gaineratzea. 18. GIHaren justifikazioa da hizkuntza- eta kultura-aniztasunaren defentsa eta tokian tokiko hizkuntza gutxituen errespetua, biodibertsitatea bezala, garapen iraunkorrerako faktore agerikoak direla, eta horrekin lotutako dokumentuetan nabarmentzen da funtsezkoa dela UPV/EHUrentzat ardatz nagusi horretan euskararen eta euskal kulturaren garapena. Nolanahi ere, helburu horren zentzua ez zaio egokiro helarazi unibertsitateko komunitateari, edota eleaniztasuna ingelesaren ezarpenarekin identifikatzeak gaizki-ulertuak eragin ditu. Izan ere, behin baino gehiagotan entzun dut 18. GIHarekin lotuta, adibidez, GrAL eta MAL moduko lan akademiko gehiago idatzi beharko liratekeela ingelesez eleaniztasuna sustatzeko, GIH horren helburua hain zuzen ere kontrakoa bada ere: euskara bezalako hizkuntza gutxituak babestea eta ez erabateko nagusitasun globala duen ingelesaren hegemonia areagotzea.
Ez du zentzu handirik unibertsitatearen nazioartekotzearen kontra egiteak, baina funtsezkoa dugu horrekin batera zaintzea nazioartekotze-politikek euskararen garapen eta ezarpen prozesua oztopa ez dezaten. Horretarako, ezinbestekoa da hizkuntza ofizialak eta ez-ofizialak kontuan hartzen dituen hizkuntza-plan integrala egitea. Izan ere, une honetan jada begi-bistakoa da euskararen ezarpena nabariki motelduta dagoela eta, ziurrenik, atzera ere egiten ari dela. Hori uzten dute agerian ikasleen kexek, gero eta ozenkiago erakutsi ere.
Gure unibertsitatean ikasleen erdiak baino gehiago matrikulatzen dira euskaraz, baina oraindik ere gradu batzuetan enborrezko irakasgaiak ezin dira egin euskaraz, eta gradu gehienetan badira hainbat hautazko irakasgai euskaraz ezin egin daitezkeenak. Nolanahi ere, badirudi azken urteetako politiken oinarri modura onartuta dagoela euskara jadanik nahiko garatuta eta ezarrita dagoela graduko ikasketetan. Nahikotasun horren azalpen modura ohikoa izaten da esatea, adibidez, ikasleek nahikoa ECTS egin ditzaketela euskaraz C1 mailako ziurtagiria egiaztatzetik salbuetsita geratzeko. Nolanahi ere, gradu askotan ikasleek hautazko jakin batzuk hautatu behar dituzte nahitaez, euskaraz ikasi nahi badute, alegia, espezializazioa ala hizkuntza hautatzeko beharra dute. Garbi dago, beraz, euskaraz ikasteko eskubidea ez dagoela bermatuta, gaztelaniaz ikasteko eskubidea bermatuta dagoen maila berean behintzat.
Areago, zenbaitetan, irakasgai jakin batzuk euskaraz egin nahi dituzten ikasleak gaztelaniaz matrikulatzera behartzen dira, gaztelaniazko taldeen bideragarritasuna bermatzeko, argudiatuz ikasle guztiek dakitela gaztelaniaz baina ez euskaraz. Argudio horrek oinarri faltsuak ditu. Izan ere, ez da egia ikasle guztiek gaztelaniaz dakitenik. Adibide batzuk emateagatik, badira euskaraz dakiten eta gaztelaniaz ez dakiten etorkinen sema-alaba batzuk, badira beti euskaraz ikasi duten eta komunikazio akademikorako gaztelaniaz oso ondo moldatzen ez diren ikasleak ere, eta badira Iparraldetik etorritako euskal hiztunak, frantses hiztunak ere badirenak eta gaztelania akademikoa menderatzen ez dutenak. Nolanahi ere, horiek guztiak gaztelaniaz euskaraz bezain ondo moldatuko balira ere, haien hizkuntza-eskubideak urratzen ditu egun aukera bakarra balitz bezala ezarritako hizkuntza-politikak. Hortaz, gaztelaniazko taldeak ikasle kopuru txikiagoekin mantentzea hizkuntza-politika egokiagoa litzateke, euskaraz ikasi nahi duten ikasleak gaztelaniaz matrikulatzen behartzea baino, eta, jakina, alderantzizkoa ere onartu beharko litzateke eta ikasle kopuru txikia duten euskarazko hautazkoak ere mantendu.
Iparraldeko ikasleei dagokienez, teorian behintzat, badago erakartzeko helburua, eta garbi dago nazioartekotzearen alorrean helburu garrantzitsuenetako bat izan beharko lukeela, Euskal Herriko Unibertsitatearen izenak adierazten duenera inoiz hurbilduko bagara. Nolanahi ere, gure unibertsitatean frantsesa ez da inon ageri, Iparraldeko hiztunen lehen edo bigarren hizkuntza dela erabat ahaztuta. Urratsak egin behar ditugu frantsesak ere presentzia izan dezan. Areago, frantsesa ikasteak etorkizunean izan dezakeen balioa ere helarazi beharko genieke ikasleei. Izan ere, Iparraldean irakasle euskaldunen behar handia dago, eta gure egresatu batzuentzat lan-aukera erakargarria izan daiteke hori. Nolanahi ere, lau urte lanean egon ondoren beren lanpostuan egonkortu nahi badute, frantseseko gaitasunaren akreditazioa aurkeztu beharko dute, eta EHUk informazio hori ere zabaldu beharko luke.
Azkenik, azpimarratu beharra dago irakasgaiak euskaraz emateak eskatzen duela kalitatezko irakasmaterialak erabiltzea euskaraz, eta horretarako nahitaezkoa dela, besteak beste, espezialitateko alorrez alorreko terminologia eta fraseologia garatzea eta ikasleei transmititzea. Hautazko irakasgaiak ere euskaraz ematea garrantzitsua da, espezializatuagoak izaten baitira enborrezkoak baino, eta hizkuntza-baliabide espezializatuak garatu eta partekatu egiten baitira horietan. Azken urteetan english friendly courses deritzon estrategia jarri da abian. Ideia da irakasgai jakin bat euskaraz edo gaztelaniaz ikasten duten ikasleei materialak ingelesez ere eskaintzea. Hala ere, irakasle edo sail batzuek interpretazio okerra egin eta ulertu dute irakasgaiak euskaraz edo gaztelaniaz emanda ere materialak ingeles hutsean eskaini behar dizkietela ikasleei. Garbi dago interpretazio hori erabat urruntzen dela euskararen normalizaziorako helburuetatik. Izan ere, ingelesezko artikuluak, liburuak, bideoak eta denetariko materialak nonahi aurki daitezke edozein gai espezializaturi buruz, baina horrelako materialak euskaraz egon daitezen guk geuk sortu behar ditugu eta guk eskaini behar dizkiegu ikasleei. Zentzu gehiago izango luke โirakasgai euskara-lagunakโ eskaintzea edozein hizkuntzatan matrikulatzen diren ikasleei. Izan ere, ikasle horien artean badira zenbait euskal hiztun ere, edota euskararekiko jakin-mina edo interesa duten estatuko beste komunitate batzuetatik edo beste herrialde batzuetatik etorritako ikasleak ere. Euskarazko materialak eskura jartzea baliagarria izan liteke horiek guztiak gure hizkuntza eta kulturara hurbiltzeko.
Adimen artifizialaren garapenak gizakion bizimoduari ekarriko dizkion onura eta arriskuei buruzko eztabaidan, bada gogoeta-ildo bat biziki interesgarria iruditzen zaidana, alegia, teknologien garapenak gure bizimodua erraztearekin batera dakarkigun gaitasun-galerarena. Ildo horretatik, Sigmanek eta Bilinkisek[1] diote egun teknologia berrien ondorioz funtsezko zenbait gaitasun galtzeko arriskua dugula gizakiok. Kontzentratzeko gaitasuna, irakurmena, hizkuntzaren erabilera egokia eta pentsamendu logiko-matematikoa kognizioaren oinarrizko zutabetzat hartzen dituzte, eta sedentarismo kognitibo deritzote kalkulu errazak egiteko, arreta mantentzeko edota problema zail bat ebatzi nahian denbora-tarte batez ahalegina egiteko gaitasuna galtzeari. Egun, teknologia berriek ataza ugari azkar eta ahalegin handirik gabe egiten laguntzen digute, baina ahalegin intelektuala eta adimena kitzikatzen duten jarduerak murrizteko arriskua ere badakarte. Hizkuntzaren erabilera egokia lantzeko garrantzitsua da ahalegin intelektual nabarmena eskatzen digun gogoeta metalinguistikoa.
Garbi dago euskara bezalako hizkuntza gutxituak teknologien garapenaren lasterketan atzean geratuz gero erabat handituko dela desagertzeko arriskua. Tresna digitalak solaskide ditugu gero eta gehiago, solaskide onak, gainera. Telefonoaren, tabletaren edota ordenagailuaren aplikazio gehienekin euskaraz aritu gaitezke egun. Lorpen izugarria da, dudarik gabe, baina zenbat euskaldunek egiten dute ahalegina lehenetsitako hizkuntza modura euskara jartzeko? Gure artean erabiltzen ditugun webgune, plataforma eta aplikazio gehienek gaztelania edo ingelesa eskaintzen digute lehenetsitako hizkuntza modura. Hartara, hizkuntza aldatzeko ahalegina egin behar dugu euskaraz aritu nahi dugun erabiltzaileok, baina nire ikasleen artean, adibidez, oso gutxi dira beren gailu eta aplikazioetan hizkuntza nola aldatu dakitenak, eta are gutxiago euskara lehenesteko ahalegina egiten dutenak. Lehenetsitako hizkuntza modura euskara agertuko balitzaigu beti, ziur naiz euskaldun gehienok ez genukeela hizkuntza aldatuko, eta euskara ulertzeko gauza ez direnek, aldiz, berehala bilatuko luketela interfazea edo aplikazioa ulertzen duten hizkuntza batean jartzeko modua.
Aspaldiko lankide batek ikasleei testuak eskuz idazteko eskatzen zien, ortografia-zuzentzailearen laguntzarik gabe testu zuzenak idazteko gaitasuna gara zezaten. Adituek diote eskuz idazteak eragina duela garapen kognitiboan eta motrizitatean, baita irakurmenaren jabekuntzan ere, baina, egun, adin batetik aurrera gehienetan ez du zentzurik testuak eskuz idazteak. Guk ikasleei zuzentzaile automatikoa beti aktibatuta izateko esaten diegu lehen egunetik, eta horren laguntza aprobetxatzeko, betiere proposamenekin kritiko izanda eta zuzentzailearen mugak ezagututa. Zuzentzaileak laguntzen digu zenbait akatsez ohartzen, baina, aldi berean, kritiko izan behar dugu egiten dizkigun proposamenekin, zenbaitetan gure testuingururako desegokiak baitira. Hortaz, zuzentzaile automatikoak gogoeta metalinguistikoa eskatzen diguten hizkuntza lantzeko laguntzaile onak direla esan daiteke. Hala eta guztiz ere, askotan ikusten ditugu ikasleak ordenagailu-gelan testu osoa gorriz azpimarratuta ari direla idazten, edota zuzentzailea aktibatu gabe idatzitako txostena bidaltzen digutela. Klik pare bat egiteko nagia eragiten dien sedentarismoa ote? Jadanik 30 urte bete dituen gure Xuxen maiteari buruz esan daitekeena da txiki-txikia dela oraindik, eta, webgunean besterik esaten bada ere, ez duela zuzentzen ez gramatika ez eta puntuazioa ere. Suposatzen dut interes edo finantzabide falta dagoela garapen ezaren atzean, baina uste dut erabat garatutako Xuxen laguntza paregabea izan zitekeela euskaldunen hizkuntza-ezagutza handitzeko.
Bitartean, sare neuronalek, hizkuntza-ereduek eta txatbotek aurrea hartu diote Xuxeni. Itzultzaile neuronalek laguntza paregabea ematen digute testu elebidunak sortzeko euskaldunok maiz izaten dugun lan nekezerako. Idatzi behar dugun gutun edo txosten hori euskaraz sor dezakegu lasai, eta beste hizkuntzetako bertsiorako itzultzaile neuronalen laguntza baliatu. Badakigu itzulpena ontzat emateko sakonki berrikusi behar dugula, baina orri zuriari aurre egitea baino askoz ere erosoago egiten zaigu. Gure ikasleek, aldiz, denetariko erabilera desegokiak egiten dituzte. Batzuek lanen bat egiteko ingelesez irakurri behar dituzten artikuluak itzultzaile neuronaletik pasa, eta ematen dien itzulpena erabiltzen dute zuzenean lana egiteko, ulertzeko ahalegin handirik egin gabe, askotan erabat kazkarra den itzulpena erabiliz. Beste batzuek itzultzaile neuronalera jotzen dute hitz baten ordaina bilatzeko, hiztegietara jo beharrean, euskarazko testu bat idazten edo berrikusten ari diren bitartean. Edota, testua idatzi ahala, euskaraz pentsatzeko zaila egiten zaien esaldiren bat erdaraz pentsatu eta itzultzailetik pasatzen dute euskaratzeko. Ez bakarrik ikasleek, irakasleek eta administrazio-langileek ere gero eta gehiago jotzen dute itzultzaile neuronalera euskaraz eman behar duten dokumentua, irakasmateriala edo artikulua euskaratzeko. Jakina, horrelako erabiltzaileek gehienetan beren kabuz idatziko luketena baino testu zuzenagoa lortzen dute itzultzaileari esker, baina askotan ez dute gaitasunik itzultzailearen emaitza berrikusteko, eta ontzat ematen dituzte ikuspuntu semantiko-pragmatiko eta diskurtsibotik erabat okerrak diren testuak. Irakurmena, pentsamendu kritikoa eta hizkuntza-erabilera egokirako gaitasunak erabiltzeari eta garatzeari uzten diote horiek guztiek, eta horrela nekez egingo dute aurrera euskararen ezagutzan.
Txatbotak lan akademikoak edo azterketak egiteko erabiltzea sedentarismo kognitiborako urrats kualitatiboa da, ezer irakurri, ulertu, pentsatu eta ekoitzi gabe testu koherente, zuzena eta egokia lortzeko aukera ematen baitute. Nolanahi ere, hizkuntza-ereduetan oinarritutako teknologiek, egokiro erabiliz gero, hizkuntza-gaitasuna garatzen ere lagundu dezakete. Testuak laburtzen, sinplifikatzen edota testu-generoa eta erregistroa aldatzen ere laguntzen digute, betiere instrukzio egokiak ematen badizkiegu.
Ariketa txiki bat egin dut Xuxenek eta ChatGPTk testuak zuzentzeko duten gaitasuna alderatzeko. Hasteko, testu labur hau kargatu dut onlineko Xuxenen:
Zenbait emakumeek ez diete bularrarik ematen haurrari, nahi ez dutelako edo bestelako arrazoien bat eraginda. Esne-artifiziala ez da amarena bezain osatua, baina elikagai egokia da, beraz, lasai egon daitezke.
Bi akats identifikatu ditu Xuxenek: bularrarik -> bularrik ortografia-akatsa dela dio, eta esne-artifiziala hiztegian ez daukala. Ez du zuzendu ez gramatika, ez puntuazioa, ez ortotipografia ere, eta zuzendu dituen bi akatsen diagnosia ere ez du ondo egin.
Ondoren, doako ChatGPTren bertsio batean kargatu dut testua, eta eskatu diot zuzentzeko eta zuzendutakoak zerrendatzeko. Hona hemen haren erantzuna:
Erabat zuzendu du testua, azalpenak nahiko traketsak badira ere. Gogoeta metalinguistikoa sustatzeko ariketa egokia izan daiteke ikasleei eskatzea horrelako zuzenketetatik abiatuta diagnosiak eta azalpenak findu ditzaten, edota posible diren beste aukera zuzen batzuk proposa ditzaten. Espero izatekoa da laster horrelako zuzentzaileak integratuta edukiko ditugula gure gailuetan.
Hiztegiak eta corpusak, aldiz, gero eta gutxiago baliatuko dituzte erabiltzaile arruntek, emaitzak interpretatzeko askoz ere ahalegin kognitibo handiagoa egin behar baita. Hortaz, itzultzaileek, zuzentzaileek eta hizkuntzalariek baino ez ditugu erabiliko gure jakin-mina asetzeko edota ikerketak egiteko. Gainerakoan, erabiltzaile arruntei ahaleginik txikiena eskatzen dieten aplikazio interaktiboak garatzeko erabiliko dituzte corpus eta hiztegietako datuak hizkuntza-teknologietako adituek. Testu akademikoak egokiro sortzeko, ordea, kalitatezko testu akademikoekin entrenatu behar dira hizkuntza-ereduak, eta testu horiek alorrez alorreko ezagutza semantiko-pragmatikoa duten adituek baino ezin dituzte sortu. Hortaz, gurpil zoroan behin betiko ez katramilatzeko, nahitaezkoa da adituak sedentarismo kognitiboan harrapatuta ez geratzea, eta gero eta kalitate handiagoko testu akademikoak idaztea.
[1] Mariano Sigman eta Santiago Bilinkis (2023) Artificial. La nueva inteligencia y el contorno de lo humano. Bartzelona: Debate.
Euskaltzaindiaren Jagon Sailaren barruan euskararen biziberritzeari buruz azterketa eta gogoeta sakona egiten ari den Euskararen Gogoetaguneak (EUSGUNE) lehen txostena argitaratu du aurten[1]. Txostenak bi atal biltzen ditu. Batetik, euskararen egoera soziolinguistikoaren ikuspegi orokorra laburbiltzen dute Olatz Altunak eta Jon Aizpuruak eta, bestetik, euskararen etorkizun-ikuspegiari buruzko gogoeta sakona egiten du Jon Sarasuak. Azken atal horren helburua ariketa sintetikoa egitea dela azpimarratzen du egileak, eta atzetik alorrez alorreko beste txosten batzuk etorriko direla. Nolanahi ere, argitaratutako bi txosten horiek inspirazio-iturri paregabea direla aitortu behar dut[2], eta ezin diot eutsi zenbait datu eta gogoeta unibertsitatearen egungo egoerarekin eta etorkizun-ikuspegiarekin lotzeko tentazioari.
Euskararen biziberritze-prozesuaren alderdi arrakastatsuenetako batetik hasita, euskararen ezagutzaren igoera nabarmenaren zatirik handiena gazteen taldean biltzen da, 25 urtetik beherako gazteen erdiak baitira euskaldunak Euskal Herri osoa kontuan hartuta, eta % 80tik gertu EAEn. Ezaguna den bezala, euskara etxetik kanpo ikasi duten euskaldunen kopuruak gora egin du nabariki azken hamarkadetan: 1991. urtean % 14 ziren eta orain, aldiz, % 36. EAEn, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleen % 70ek ikasten dute D ereduan, eta Lanbide Heziketako ikasleen % 23k[3]. Nolanahi ere, badirudi horrek ez duela bermatzen hizkuntza-gaitasuna, D ereduan ikasi dutenen % 66k baino ez baitute gainditzen Europako Hizkuntzen Profilaren B2 maila[4].
Garbi dago hizkuntzen garapena ez dela bukatzen Bigarren Hezkuntzan: unibertsitatean du jarraipena, eta unibertsitateak zer pentsatua ematen diguten zenbait datu eskaintzen dizkigu. 2024an UPV/EHUn unibertsitatera sartzeko probak (EBAU) 13.433 ikaslek egin dituzte, 12.073 batxilergotik pasatu ondoren eta 849 lanbide-heziketatik etorrita. Batxilergoaren bidetik heldutako ikasleen % 77,2 izan dira probak euskaraz egitea erabaki dutenak, eta lanbide-heziketatik pasatakoen % 55,48. Urtero harritzen naute horrelako datuek, beren bizitzarako erabakigarria izango den proba hori egiteko orduan euskaraz ziurrago sentitzen direnak adin-tarte horretako gazte euskaldun guztiak direla baitirudi, eta D ereduan ikasten dutenen ehunekoa ere gainditzen baitu kopuru horrek. EBAUa egin dutenen % 57,84 emakumeak izan dira, eta hori ere datu esangarria da, emakumeak gailentzen baitira euskararen osasuna neurtzeko parametro gehienetan, baina badira beste parametro batzuk nik dakidala behintzat neurtzen ez direnak. Adibidez, baliteke hizkuntza-gaitasun hobea duten ikasleak izatea hain zuzen unibertsitateraino heltzen direnak. Baliteke B eta A ereduetan ikasten duten ikasle askok, adibidez, kanpotik etorritako familietako askok, oztopo gehiago izatea goi mailako ikasketetara heltzeko, eta baliteke hizkuntza-gaitasuna izatea oztopo horietako bat. Parametro horiek guztiak monitorizatzea funtsezkoa da, unibertsitateak euskararen biziberritzean egiten duen edota egin behar duen ekarpena hobeto ulertzeko eta planifikatzeko. Edozein hizkuntzatan, erregistro formalak eta erregistro espezializatuak unibertsitatean garatzen dituzte ikasleek hizkuntza erabiltzea (ulermena eta ekoizpena) eskatzen duten askotariko atazen bitartez[5]. Inolako hizkuntzatan ez dago erregistro espezializatuetan natiboa den hiztunik. Hortaz, unibertsitatea nahitaezkoa da hiztun osoak sortzeko.
Sarasuak euskararen garabideen egitura azaltzeko erabiltzen duen zuhaitzaren metafora baliatuz, esan dezakegu 60-70eko hamarkadetan zientzialari talde bat gauza izan zela euskara zientziaz aritzeko baliagarria zela aldarrikatzen zuen kontakizuna gizartean zabaltzeko, eta unibertsitateko ikasle eta irakasle talde bat aktibatzeko, antolatzeko eta lanean jartzeko, ametsa errealitate bihurtu arte. Besteak beste, UEU baliatu zuten gai espezializatuetan ahoz trebatzeko eta idatzizko materialak sortzeko. Zuhaitzaren beste erroa, erakundeena, aktibatzeko ere energia handia eta askotariko estrategiak erabili behar izan zituzten orduko zientzialari gazte haiek: unibertsitate publikoan lizentziaturak euskaraz eskaintzen hasteko eta euskaraz matrikulatuko ziren ikasleak lortzeko lan egin zuten, baita tesinak eta doktoretza-tesiak euskaraz idazteko eta defendatzeko ere[6]. Unibertsitatea euskalduntzeko ahalegin horri bultzada handia eman zion, zalantzarik gabe, Euskara Normalizatzeko Legeak (1982), hezkuntza, administrazioa eta komunikabideak euskalduntzeko nahitaezkoak baitziren denetariko profesional euskaldunak, bereziki, maisu-maistrak eta irakasleak, eta unibertsitateak sortu behar baitzituen profesional horiek. Baina irakasle-ikasle euskaldunak lortzeko, eta gero eta irakasgai gehiago euskaraz eskaintzeko bulkada emateaz gain, euskarazko irakasgaien ardura izan duten irakasleek ekarpen erraldoia egin diote euskararen corpusari, denetariko gai espezializatuez aritzeko terminologia eta fraseologia garatzen, partekatzen eta egonkortzen joan baitira urte hauetan guztietan. Corpusa osatu eta egonkortzeko prozesu etengabea komunitateko zeregina da, eta erakunde mailako plangintza eta euskarriak behar ditu[7]. Ahalegin handia egin behar da oraindik terminologia-plangintzan, eta unibertsitateak zeregin saihestezinak ditu alor horretan[8].
Lau hamarkada baino gehiago iragan dira hastapen horietatik eta, UPV/EHUko agintariek komunikabideetan harro nabarmentzen dutenez, ยซEuskal unibertsitate publikoak arlo guztietako 130.000 profesional baino gehiago prestatu ditu euskaraz โmedikuak, erizainak, ingeniariak, irakasleak, kazetariak, artistak…โ, bi hizkuntza ofizialetan lan egiteko eta gizartearen premiei erantzuteko gai diren pertsonakยป[9]. Hala ere, ez da egiten ahalegin nahikorik euskararen egoera sakonki aztertzeko, ez autokritika egin eta hutsuneak detektatzeko, ezta etorkizun-ikuspegi partekatua irudikatzeko ere. Erakundea eta haren zerbitzuak gero eta urrunago daude euskal irakasle eta ikasleen komunitatetik, eta komunitate-sentipena, etorkizun-ikuspegi partekatua eta lankidetza lurruntzen doaz apurka-apurka.
Ez diot bukaera eman nahi artikulu honi gogoetarako ildo batzuk zerrendatu gabe, laburregi geratzeko arriskua izanda ere.
Edozein gizartetan goi mailako tituludunengandik espero dena da hizkuntza(k) zuzen eta egokiro erabiltzeko gaitasuna edukitzea, eta haien hizkuntza-praktikak eredugarri izatea gizarte osoarentzat. Sarasuak datorren 20-30 urteko aroaren helburu modura irudikatzen duen ยซeuskal hiztun osoen nukleo sendoarenยป parte izan beharko lukete goi mailako tituludunek, eta unibertsitateak nukleo hori erreproduzitzen eta elikatzen lagunduko duten eragileen artean egon beharko luke. Unibertsitatetik ateratzen diren tituludun euskaldunek lortzen al dituzte hizkuntza-gaitasun gorenak euskaraz? Zer egin beharko litzateke hori bermatzeko?
Bizitza osoan D ereduan ikasi ondoren ikasleek euskaraz hizkuntza-gaitasun gorena ez lortzeak ez al du loturaren bat unibertsitatean prestatzen diren maisu-maistra eta denetariko irakasleen gaitasunekin? Profesional horiek lortzen al dituzte euskaldun osoak erreproduzitzen laguntzeko behar dituzten hizkuntza-gaitasunak, euskararen biziberritzean duten erantzukizunaren kontzientzia, eta baliabide eta estrategia metodologikoak? Galdera bera egin beharko litzateke profesional horien formazioan parte hartzen dugun unibertsitateko irakasleez.
Komunikazio espezializaturako baliabideak (testuak, terminologia, fraseologiaโฆ) alorrez alorreko adituek sortu behar dituzte nahitaez, haiek baitira espezialitate-alorren gaineko kontrol kognitibo eta pragmatikoa dutenak. Erantzukizun horren kontzientzia al dute oraingo irakasle-ikertzaile euskaldunek? Hizkuntzaren normalizazioaren ardura duten erakundeek (unibertsitatekoek eta bestelakoek) aintzat hartzen dituzte adituek sortzen eta erabiltzen dituzten hizkuntza-baliabideak? Laguntzen al dute baliabide horiek deskribatzen, ikertzen, partekatzen eta finkatzen?
Nola berreskuratu behiala euskara unibertsitatean txertatzea eta zabaltzea lortu zuten hasierako irakasle-ikasle haien komunitate-sentipena, etorkizun-ikuspegia, motibazioa eta lankidetzarako prestutasuna?
Nola bermatu euskaraz ikasi nahi duten ikasleen hizkuntza-eskubideak? Nola bermatu euskal gizarteak euskaldunen hizkuntza-eskubideak errespetatzeko behar dituen profesional euskaldunak edukitzea, adibidez, osasun-alorrean?
Unibertsitateak euskararen biziberritzean egiten duen ekarpenari zer aukera eta zer arrisku dakarkio mugikortasunak, eleaniztasunak eta hizkuntza-teknologien nonahikotasunak? Zer estrategia garatu behar ditugu horien aukerak aprobetxatzeko eta arriskuak saihesteko?ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย
[1]Jon Sarasua (koordinatzailea). 2004. Euskararen Gogoetagunea I. Jagon Saila. Euskaltzaindia.
[3] Jakina, Nafarroan eta Iparraldean baxuagoak dira portzentajeak, hurrenez hurren, % 24 eta % 8 Lehen eta Bigarren Hezkuntzan, eta % 7 Nafarroan, Lanbide Heziketan.
[4] B ereduan ikasten dutenen % 33k baino ez dute gainditzen B2 maila eta, A ereduan ikasten dutenen artean, bakar batek ere ez. Gainera, azpimarratzen dute Arrue Ikerketaren ondorioen arabera, hizkuntza-gaitasunetan euskarazkoek behera egin dutela eta gaztelaniazko eta ingelesezko gaitasunek, aldiz, ez dutela horrelako joerarik erakutsi.
[5] BIBER, Douglas (2006). University Language. A corpus-based study of spoken and written registers. Amsterdam: John Benjamins.
[6] Ikus ITURBE, Jacinto etaTXURRUKA, Jesus Mari (2020) Amets bikoitza. Euskara zientifikotzea eta zientzia euskaratzea. UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua.
[9]Azpimarratu ohi diren beste datu batzuk dira euskaraz eskaintzen diren ECTSak (% 95), graduan eta graduondokoetan euskaraz matrikulatzen diren ikasleak (hurrenez hurren % 54 eta % 23), irakasle-ikertzaile euskaldunak (% 66), teknikari eta administrazio-langile euskaldunak (% 42).
Aspaldian gai posibleen kutxan gordeta nuen horietako bati hautsa kentzeko aukera paregabea eman dit apirilaren 20an Enkarterrietako euskalduntze prozesuaren eragileei egindako omenaldiak. Miresgarria da 60ko hamarkadatik hona eskualdea euskalduntzeko eragile horiek inbertitutako lana eta kemena. Nire ustez, Sodupen egin zen โEnkarterri Harroโ ekitaldi horrek merezi zuen Berriaren irakurle guztien arreta, baina Bizkaiko hitza lurralde-atalean argitaratu zen Ia hutsetik euskaldundu dutenakerreportaje interesgarria. Erreportajearen abiapuntua dira Enkarterrietako euskaldunen portzentajeak: % 1,02 1981eko inkestaren arabera, eta % 31,58 Eustaten 2021eko estatistiken arabera. Eskualde euskaldunenekin alderatuta, kopuru txikia dela pentsa genezake, baina berrogei urtean 30 puntuko igoera lortu izana harro egoteko modukoa da, zalantzarik gabe. Berriako erreportajean ematen dituzten datuen arabera, Bizkaiko eskualde euskaldunena den Lea-Artibaik denbora-tarte berean puntu bat baino gehiago galdu du (% 81,88 > % 80,23). Atera kontuak! Enkarterrietako euskalduntze prozesu horren hasieran nik ere hartu nuen parte, lehenengoz, ikasle modura eta, ondoren, irakasle modura, eta garbi izan dut beti aldaketa bultzatu zuen indar garrantzitsuetako bat izan zela euskaraz ez jakiteak eragiten zigun min handia. Ideia bera irakurri nuen duela zenbait hilabete Berrian Nafarroako gazte bati egindako elkarrizketan, eta pentsatu nuen min horretan bat egiten dugula muturretako eskualdeetako euskaldunok.
Borroka eta ahalegin handia egin da berrogei urte hauetan, baina azpimarratu beharrekoa iruditzen zait 80ko hamarkadan eskola publikoetako gurasoek D eredua ezartzeko egin zuten borroka. Izan ere, eremu erdalduna zenez, Hezkuntza Sailak Enkarterrietako herrietako eskola publikoei ez zien onartu nahi D ereduko gelarik. Gurasoen borrokak bere fruitua eman zuen eta, horrezkero, ume asko eta asko euskaldundu dira eskola publikoetan, eta gau-eskoletan eta euskaltegietan euskara ikasi duten guraso askok eta askok etxeko lanak egiten lagundu ahal izan diete ume horiei. Areago, horietako askok euskara transmititu diete beren seme-alabei. Gau-eskola eta euskaltegietako lanak ere etenik gabe iraun du orain arte. Eta, horrela, iturri bateko eta besteko emariak batzen joan dira euskararen itsasoan. Hartara, Enkarterrietako edozein herritan albistegien arreta merezi duen zerbait gertatzen denean, hara doaz EiTBkoak, eta euskaraz elkarrizketatzeko norbait aurkitzen dute. Ez al da harro egoteko modukoa?
Ezagutzaren eta erabileraren arteko arrakala ere aipatu zen omenaldian, nola ez? Baina hona ekartzea merezi du horren harira gazte batek aipatu zuen leloa: โEz dago euskara txarrikโ. Lelo hori etengabe errepikatzen omen zuen Lourdes Gaunak. Lourdesi, berrogei urte AEKn lanean aritu ondoren, erretiratzeko unea iritsi zaio, eta omenaldi berezia egin zioten ekitaldian. Lelo paregabea iruditzen zait Enkarterrietako, Meatzaldeko eta antzeko eskualdeetako euskaldunak ahalduntzeko, eta euskaldunen komunitatetik baztertuta ez sentitzeko. Izan ere, oso maiz euskaldun horiek egin duten ahalegina balioetsi beharrean, beren hizkuntza-gaitasuna mugatua dela iritzi, eta euskararen erabileraren gabezia eta hutsuneen erruduntzat ere hartzen dira. Nago euskararen biziberritzearen etsaietako bat dela euskaldunen artean klaseak eta kastak bereizteko joera nabarmena: ikastoletakoak vs eskola publikoetakoak, D eredukoak vs B eredukoak, etxean euskaldundutakoak vs eskolan euskaldundutakoak, herri euskaldunetakoak vs herri ez-euskaldunetakoak, euskaldun berriak vs euskaldun zaharrak, euskalkidunak vs euskalkirik gabeak, euskaldun ele-erasanak vs euskaldun peto-petoak eta abar eta abar. Bereizkeria horiek guztiak oso sustraituta daude umeen eta gazteen artean ere, eta oso arriskutsuak iruditzen zaizkit gauden puntura heltzeko egin behar izan den ahalegina ezagutu ez dutenen eskuetan, edo hobe esan, bihotz, garun, aho eta belarrietan.
Gizarte berdinzale eta justu baten ardatzetako bat izan nahiko lukeen euskararen aldeko hizkuntza-politikak bereziki zaindu beharko lituzke hizkuntza- eta komunikazio-gaitasunak euskaraz garatzeko oztopo eta zailtasun gehien dituzten hiztunak eta eskualdeak. Adibide bat emateagatik, eskola eta institutuetako ikasleei atzerriko hizkuntzen garapenean laguntzeko trukeak egiten dira beste herrialde batzuetako ikasleekin, baina, nik dakidala, ez da trukerik egiten, adibidez, Enkarterrietako edo Meatzaldeko eskoletako eta Lea-Artibaiko edo Goierriko eskoletako umeen artean, nahiz eta hezkuntza-sistema beraren barruko truke horiek askoz ere errazagoak liratekeen atzerriko herrialdeetakoak baino. Horrelako trukeak biziki aberasgarriak lirateke ume-nerabe guztientzat, beraiena ez bezalako eremu soziolinguistiko batean murgiltzeko aukera emango lieketelako, eta mota bateko eta besteko euskaldunen arteko sareak sortzen lagunduko luketelako. Zer esan etorkinei buruz, edo guraso euskaldunak ez dituzten bertako umeei buruz. Laguntza berezia eskaini beharko litzaieke eskoletan eta udaletan, etxeko lanak egiten laguntzeko eta, jakina, eskolatik kanpoko jardueren eskaintza oparoa euskaraz. Euskarak gure gizartean integratzeko tresna beharko luke, eta ez oztopo, betiere guzti-guztien hizkuntzak eta kulturak begirunez tratatzen direla bermatuta, jakina.
Nik neuk zorte handia izan nuen unibertsitatean hasi behar nintzenean (1979. urtean) lehen kurtsoa euskaraz ematea lortu zutelako orduko Zientzi Fakultateko zenbait irakaslek eta, nire euskara oso mugatua bazen ere, euskaraz matrikulatzeko konbentzitu nindutelako. Unibertsitateak aukera paregabea eman zidan herri eta eremu soziolinguistiko desberdinetako euskaldunekin ikasteko, hitz egiteko edota aisialdia partekatzeko. Gaur egun ere aukera hori eskaintzen die UPV/EHUk ikasleei, baina geletan eta korridoreetan ikusten dudana da jatorri bateko eta besteko hiztunak ez direla askorik nahasten, eta eremu batzuetako ikasleek, ikasketa guztiak euskaraz egin badituzte ere, oso autoestimu linguistiko baxua dutela. Inoiz gertatu zait klasean ahozko aurkezpena egin behar zuen ikasle batek barkamena eskatzea aurkezpena egiten hasi aurretik Gasteizkoa izanda ez zuelako behar bezain ondo egingo. Hartara, gure irakasgaien helburu garrantzitsuetako bat da ikasleek euskararen biziberritzearen historia apur bat ezagut dezaten, biziberritze horri egin dizkioten ekarpenen kontzientzia har dezaten, eta etorkizunean aditu euskaldun modura euskararen garapenean eta biziberritzean izango duten erantzukizunaz gogoeta egin dezaten.
Lexiko akademikoaren zerrendek testu akademikoen hiztegi-elementu bereizgarriak biltzen dituzte: hizkuntza baten maiztasun handieneko lexikoan ageri ez diren edo testu akademikoetan maiztasun bereizgarriaz erabiltzen diren hiztegi-elementuak. Hortaz, lexiko-zerrenda akademikoak diziplina artekoak izaten dira, eta diziplina bakoitzaren berariazko terminoak alde batera uzten dituzte[1]. Hasiera batean, halako zerrendak biltzeko helburua izan zen hizkuntzen helburu akademikoetarako irakaskuntzarako ikastaroak eta materialak prestatzea, baina berrikiago, testu akademikoen idazketarako laguntza-tresnak elikatzeko ere osatzen ari dira horrelako zerrendak[2]. HARTAvas proiektuan[3], euskarazko lexiko akademikoa erauzi dugu, kolokazio akademikoak identifikatzeko, eta idazketa akademikoari laguntzeko HARTA/TAILA tresna elikatzeko. Lortu dugun lexiko akademikoaren zerrenda oso baliagarri gertatu zaigu baita EHUko gradu guztietan eskaintzen diren euskarazko komunikazio akademiko-profesionaleko irakasgaietarako eta irakasleei eskaintzen zaizkien mintegietarako.
Lexiko akademiko esaten zaio edozein diziplinatako testu akademikoetan maiztasun bereizgarriaz erabiltzen den lexikoari. Hortaz, lexiko espezializatu edo terminologiatik bereizten da, terminoak diziplina bateko kontzeptu espezializatuak adierazteko erabiltzen diren hiztegi-elementu espezializatuak baitira. Euskarazko lexiko akademikoa erauzteko, HARTAeus corpus akademikoaren (3.484.162 hitz)[4] lemen maiztasunak alderatu ditugu Dabilena corpus orokorrean[5] (300.217.903 hitz) duten maiztasunarekin. Corpusaren lau domeinu nagusietan[6] eta testuen % 20 baino gehiagotan ageri diren hautagaiei corpusen arteko alderaketak egiteko erabiltzen den log-likelihood neurria aplikatu diegu. Ondoren, eskuz aukeratu ditugu lexiko akademikoaren zerrendarako errelebantetzat har daitezkeen elementuak. Horrela lortu dugu 846 elementuko zerrenda: 365 izen, 246 aditz, 182 adjektibo eta 53 adberbio.
Zerrenda horretako elementu gehienak inolako arazorik gabe erabiltzen dituzte egunero ikasleek eta irakasleek testu akademikoetan, baina badira etengabe nahasteak eta erroreak eragiten dituzten elementuak ere. Izenen artean, aipamen berezia behar du #pausu izenak. Izan ere, 670 agerraldi ditu corpusean, baina ez โatsedenโ adierazteko, urrats (540 agerraldi) izenaren sinonimoa den pauso (632 agerraldi) erabili nahian baizik. Maiztasun handiz erabiltzen diren eta oso maiz oker erabilita agertzen diren beste izen batzuk dira froga eta proba. Zehaztasunari begira, garrantzitsua da bi izen horien esanahiak egokiro bereiztea, baina maiz ikusten eta entzuten da froga izena proba behar den testuinguruan. Antzera gertatzen da hazkuntza izenaren kasuan: โkultiboโ esan nahi badu ere, hazkunde edo haziera behar den testuinguruetan aurkitzen da oso maiz. Askotan nahastuta aurkitu ohi diren beste izen batzuk dira ikasketa โ ikerketa โ ikerkuntza; kantitate โ kopuru โ zenbaki; sorkuntza โ sorrera eta zehaztasun โ xehetasun.
A itsatsiak ere errore ugari eragiten ditu. Nabarmentzeko modukoak dira garrantzi, antz eta hipotesi izenak, a itsatsirik ez badute ere askotan a itsatsia balute bezala erabilita ikusten baitira (*garrantzia handia). Maiztasun handiz erabiltzen diren a itsatsidun zenbait izen, aldiz, a gabe erabiltzen dira askotan (*emaitz esanguratsuak). Horien artean aipagarrienak dira abantaila, desabantaila, emaitza, gabezia eta ordena. Bestalde, luzera izena *luzeera idatzita ikus daiteke maiz.
Adjektiboen artean, aipatzeko modukoak dira maiztasun handiz nahasten diren hauek: adierazgarri / esanguratsu; bera / berdin; eskas / urri; jakin / konkretu / zehatz / mugatu. Aditzen hautapen egokia egitea ere funtsezkoa da diskurtso akademikoa egokiro garatzeko, eta luze aritu gintezke aditzen erabilerari buruz, baina maiz nahastu ohi diren aditzen adibide batzuk baino ez ditugu emango: baimendu / ahalbidetu; baieztatu/ frogatu; behatu / ikusi; bereizi / desberdindu; burutu / egin; ekidin / saihestu; bilatu / aurkitu.
Hiztegi-elementu batzuk ezin dira okertzat hartu, baina desegokitzat har daitezke estilo zaindua eskatzen duten testu akademikoetarako. Aipatzeko modukoak dira hausnartu, hausnarketa, topatu, kontsideratu, suposatzen du eta ematen dira modukoak. Egokiagoak dira testu akademikoetarako, hurrenez hurren, gogoeta egin, gogoeta, aurkitu, -tzat hartu, dakar / eskatzen du eta gertatzen dira modukoak.
Erregistro akademikoez ari garenean, hiztegi-elementuen hautapena ez ezik, funtsezko aztergaia da hiztegi-elementu akademiko horiek testu akademikoetan ematen dituzten kolokazioak[7]. Kolokazioen finkapenaren atzean dago erabilera-maiztasun handia, azkenean diskurtso-komunitate baten norma bihurtzera eramaten dituena. Nolanahi ere, zenbaitetan diskurtso-komunitate akademikoetan erabilera-maiztasun handia duten konbinazioak ez dira hiztegietan edo estilo-liburuetan kodifikatuta ageri direnak. Adibidez, zenbait estilo-libururen eta hiztegiren arabera, urrats izena egin aditzarekin kolokatzen da (urratsak egin). HARTAeus corpusean, aldiz, urratsak eman eta pausoak eman konbinazioek baino ez dute gainditzen kolokaziotzat hartzeko langa. Erabileraren erabileraz finkatzen doazen joera idiosinkratikotzat har daitezke horiek, eta ez dirudi justifikatuta dagoenik testu akademikoetan urratsak egin kolokazioaren aldeko borroka sutsua egitea.
Ildo beretik, aipatu beharrekoa da izen akademikoekin konbinatzen diren zenbait aditzen erregimena, bereziki, jarraitu aditzarena[8]. Jarraitu aditzarekin kolokazioak osatzen dituzten izen akademikoetako batzuk dira pauso, protokolo, irizpide, prozedura, eredu, eskema, ordena eta egitura. Hiztegien arabera, datiboa hartzen du jarraitu aditzaren osagarriak (ereduari jarraitu diogu) baina corpus akademikoetan datiboa daramaten adibide bakan batzuk aurki badaitezke ere, kolokazioak erauzteko teknikak erabiliz, izen akademikoa absolutiboan duten kolokazioak baino ez dira azaleratzen (eredua jarraitu dugu).
[1] Coxhead, Averil. 2000. A new academic word list. TESOL Quartely 34 (2). 213-238. Drouin, Patrick. 2007. Identification automatique du lexique scientifique transdisciplinaire. Revue Franรงaise de Linguistique Appliquรฉ. 12 (2). 45-64. Granger, Sylviane & Magali Paquot. 2015. Electronic lexicography goas local: Desing and structures of a need-driven online academic writing aid. Lexicographica: International Annual for Lexicography. 31 (1). 118-141. Garcรญa Salido, Marcos. 2021. Compliling an Academic Vocabulary List of Spanish. DOI:10.13140/RG.2.2.27681.33123
[2] Frankenberg-Garcia, Ana, Robert Lew, Jonathan C. Roberts, Geranti Paul Rees & Nirwan Sharma. 2018. Developing a writing assistant to help EAP writers with collocations in real time. ReCALL. 31 (1). 23-39. Garcรญa Salido, Marcos, Marcos Garcรญa, Milka Villayandre & Margarita Alonso-Ramos. 2018. A Lexical Tool for Academic Writing in Spanish Based on Expert and Novice Corpora. In Proceedings of the Eleventh International Conference on Language Resources and Evaluation, 260-265.
[3] Ministerio de Ciencia e Innovaciรณn erakundeak 2019ko deialdian finantziatuko Coruรฑako Unibertsitateko eta UPV/EHUko ikerketa-talde biren arteko proiektu koordinatua: PID2019-109683GB-C21 eta PID2019-109683GB-C22.
[4] HARTAeus corpusa Garaterm corpusean integratuta dago, eta kontsulta publikoetarako zabalik dago, bilaketa-interfaze aurreratuan, โNonโ botoia sakatuta, eta โHARTAeusโ aukeratuta. HARTA/TAILA tresnan ere badago corpusean bilaketak egiteko aukera.
[5] Lexiko akademikoa erauzteko kontraste-corpus modura erabili dugun Dabilena corpusa Elhuyarrek garatu du, eta Internetetik hartutako testuez osatuta dago.
[6] HARTAeus corpusak lau eremu nagusi ditu: Arteak eta Humanitateak, Biologia eta Osasun Zientziak, Gizarte Zientziak eta Zientzia Fisikoak.
[7] Kolokazio esaten zaie harreman sintaktikoa duten hitz-bikoteen konbinazioei. Konbinazio asimetrikoak direla esan daiteke bikotekideetako baten (oinarriaren base) hautapena haren esanahiaren arabera era askean egiten bada ere bestearen (kolokatuaren collocate) hautapena oinarriak murrizten duelako.
[8]Jarraiki aditza ez dugu kontuan hartu, askoz ere gutxiago erabiltzen baita testu akademikoetan, eta ez duelako gainditu lexiko akademikoaren zerrendetan sartzeko langa.
Unibertsitatea funtsezkoa da euskararen garapen funtzionalerako, bertan jorratzen baitira alorrez alorreko denetariko gai espezializatuak eta, beraz, bertan garatzen baitira alor horietan aritzeko beharrezkoak diren hizkuntza-baliabideak. Gainera, unibertsitatean prestatzen dira gizarteak behar dituen denetariko aditu-profesional euskaldunak. Adituen diskurtso-komunitateak komunitate epistemiko-diskurtsiboak direla esaten da alorreko jakintza espezializatua ez ezik komunikatzeko testu-generoak eta hizkuntza-baliabideak ere partekatzen dituztelako[1]. Hartara, ikasleek unibertsitatean ikasten dituzte beren alorreko adituen komunitateko kide bihurtzeko behar dituzten testu-generoak eta erregistroak, hizkuntza erabiltzea eskatzen dieten askotariko jarduerei esker[2]. Hori dela eta, unibertsitateko ikasleei ziklo bat bukatzen duten bakoitzean, lan akademiko bat idazteko eta ahoz defendatzeko eskatzen zaie, adituen komunitateko kide bihurtzeko ezagutzak eta komunikazio-gaitasunak garatu dituztela frogatu dezaten: gradu amaierako lana (GrAL), master amaierako lana (MAL) edota doktoretza-tesia. Lan akademikoak ezin egokiagoak dira unibertsitateko ikasleek komunikazio-gaitasun akademikoak garatu ote dituzten aztertzeko bai eta euskararen erregistro akademikoak zenbateraino garatu eta egonkortu diren aztertzeko ere. Euskararen garapenerako funtsezkoa da unibertsitateko irakaskuntzan duen presentzia bermatzea edota areagotzea eta lan akademikoak euskaraz idaztea. Ideia hori aldarrikatzeko eta argudiatzeko beharrak eraman nau, hain zuzen ere, artikulu hau idaztera, nazioartekotzearekin lotutako helburuek euskararen garapenaren helburuekin talka egin lezaketela dirudien une honetan.
Jakina da egun ingelesak erabateko hegemonia duela komunikazio akademikorako lingua franca modura. Horrek gutxiagotasun-egoeran jartzen ditu hiztun ez-natiboak, beren lehen hizkuntza ez den batean irakurri, ikertu eta idatzi behar dutelako[3]. Hori dela eta, ingeles hizkuntzaren hiztun ez-natiboek hizkuntza-gaitasunak garatu behar dituzte hizkuntza horretan, eta ohikoa izaten da unibertsitateko ikasleak eta ikertzaileak herrialde anglofonoetara mugitzea beren prestakuntza osatzera. Areago, herrialde ez-anglofonoetako unibertsitate askok ingelesa sustatzen dute irakaskuntzarako eta lan akademikoetarako.
Gurean ere ezartzen ari diren politika horiek hainbat ondorio dituzte diskurtso espezializatuen garapenerako. Batetik, ikertzaile batzuek ez dute garatzen diziplinako komunikazio espezializaturako gaitasuna beren lehen hizkuntzan eta, bestetik, ingelesaren eraginak nabariki baldintzatzen ditu lekuan lekuko diskurtso espezializatuak[4]. Batzuen arabera, joera globalizatzaileak erregistro profesionalen galera nabarmena ekarri du hainbat herrialdetako kultura nazionaletan[5]. Europaren eremuan, aipatu beharrekoa da aleman hizkuntzaren akademiak (Gesellschaft fรผr deutsche Sprache) unibertsitateei aspaldian helarazi ziela alemana funtzionalitate mugatuko hizkuntza bihurtzeko arriskuari buruzko kezka. Europako Iparraldeko Herrialdeetan ere, duela bi hamarkada jarri zuten abian ikerketa-egitasmo batย (Nordens sprรฅk som vetenskapssparรฅk โHizkuntza nordikoak zientzia-hizkuntzaโ) haien hizkuntzen helburu zientifiko eta akademikoetarako erabilera defendatzeko, nahitaezkotzat jotzen baitzuten kulturaren eta zientziaren eremuan lehiakorrak izateko. Honela definitzen zuten hizkuntzaren erabilera-eremua[6]:
ยซA domain of language usage: a specialist field for which a language is capable of being used, i.e. it has at its disposal the necessary means of expression and is therefore of use within this domain. A specialist field can in casu be defined as the domain of a science, a practical occupation or a category at a suitable level of the international Universal Decimal Classification system.ยป
Eremuen konkista ez da itzulezina, eta atzera egiteko bi modu bereiz daitezke. Eremu-galera gertatzen da hizkuntza-komunitate batek espezialitate-alor baterako komunikazio-baliabide egokiak garatzeko orduan huts egiten duenean, eta oharkabean gertatu ohi da. Eremu-uztea, aldiz, kontzientea izaten da maiz, eta askotan gertatzen da nahiz eta eremu horretarako hizkuntza-baliabideak ondo garatuta egon, adibidez, arrazoi ekonomikoengatik.
Ingelesaren hegemonia dela eta, hizkuntza nazionalen estatusa duten zenbait hizkuntza garatuk testuinguru akademikoetan dituzten emankortasuna eta biziraupena arriskuan daudela onartuta, zer ez ote da gertatuko euskararen kasuan? Euskarak konkistatu al ditu eremu akademikoak? Askotariko hiztun-profiletakoak dira ikasle eta irakasle-ikertzaile euskaldunak, baina lan akademikoak edota irakaskuntzarako materialak euskaraz ekoizten dituzten ikasle eta aditu guztiek egin behar diete aurre zailtasun eta oztopo bereziei: batetik, berrikuspen bibliografikoa egiteko erabili behar dituzten artikulu eta liburuak, beren diskurtsoa garatzeko eredu modura erabiliko dituztenak, ingelesez idatzita daude gehienbat eta, bestetik, euskarazko eskola eta irakas-materialetatik jasotzen duten inputa asistematikoa eta hobetzeko modukoa izaten da maiz.
Bestalde, ez da ahaztu behar terminologiaren eta fraseologia akademikoaren garapenak nahitaezkoa duela diskurtso-komunitate akademikoek testuak eta komunikazio-egoerak partekatzea, baliabide horiek finkatzeko, eta horien ezagutza semantiko-pragmatikoa komunitatearen erabileren bereizgarri bihurtzeko. Alorrez alorreko terminologiek oraindik ere dituzten hutsune nabarmenak alde batera utzita, azken hiru urtean aurrera eraman dugun proiektuaren emaitza batzuk aipatuko ditut[7][8]. GrAL eta MAL lanez osatutako corpus konparagarriak osatu ditugu gaztelaniarako eta euskararako[9], eta diskurtso-formula eta kolokazio akademikoak erauzi eta aztertu ditugu bi hizkuntza horietan, testu akademikoen idazketarako laguntza-tresna elebiduna garatzeari begira[10]. Gure aurreikuspenen kontra, hizkuntza nagusietarako erabiltzen diren maiztasun- eta dispertsio-irizpideak aplikatuta, unitate fraseologikoen pareko zerrendak lortu ditugu euskararako eta gaztelaniarako, urte hauetan guztietan lortu den garapenaren seinale. Nolanahi ere, unitate fraseologiko zuzen eta egokiak ez ezik, zuzentzeko edota hobetzeko moduko zenbait unitate ere identifikatu ditugu. Bestalde, corpusera jotzen dugun bakoitzean konturatzen gara zaila dela oro har erabat zuzenak eta egokiak diren adibideak aurkitzea. Ondorio modura esan daiteke euskara akademikoaren garapenean aurrerapauso kualitatiboak egin direla baina bide luzea egin behar dela oraindik ere, eremu-galtze prozesu batean sartu nahi ez badugu behintzat.
Eremu espezializatuen konkistan aurrera segitzeko funtsezkoa da euskarak unibertsitatean duen presentzia babestea, baita lan akademikoak euskaraz idaztea ere. Kezkagarria litzateke, ordea, unibertsitatean sendotzen doazen nazioartekotze-politikek ikasle-irakasle euskaldunen hizkuntza-kontzientzia lausotzea eta, besteak beste, lan akademikoak ingelesez idaztera bultzatzea. Halako politikak eremu-uztea eragin lezake alor akademikoen konkista bukatu baino lehen.
[1] SWALES, John M. (1990). Genre Analysis. English in academic and research settings. Cambridge: Cambridge University Press.
[2] BIBER, Douglas (2006). University Language. A corpus-based study of spoken and written registers. Amsterdam: John Benjamins.
[8] Ministerio de Ciencia e Innovaciรณn erakundeak 2019ko deialdian finantziatuko Coruรฑako Unibertsitateko eta UPV/EHUko ikerketa-talde biren arteko proiektu koordinatua: PID2019-109683GB-C21 eta PID2019-109683GB-C22.
[9] HARTAeus corpusa Garaterm corpusean (http://garaterm-corpusa.ixa.eus/ )ย integratuta dago, eta kontsulta publikoetarako zabalik dago, Bilaketa-interfaze aurreratuan, โNonโ botoia sakatuta, eta โHARTAeusโ aukeratuta.
[10] Oraindik ere HARTA/TAILA tresna osatzen eta fintzen ari bagara ere, kontsulta-interfaze publikoa prest dago jadanik: http://harta.ixa.eus/
Hasiera-hasieratik aitortuko dut izenburua Rochelle Lieber morfologo ospetsuari kopiatu diodala. Izan ere, oso erakargarria egin zitzaidan 2016an argitaratu zuen liburuaren izenburua (English Nouns. The Ecology of Nominalization[1]), eta are erakargarriago liburuaren aurkezpena:
ยซUsing extensive data from the Corpus of Contemporary American English, this groundbreaking book shows that the syntactic patterns in which English nominalizations can be found and the range of possible readings they can express are very different from what has been claimed in past theoretical treatment and, therefore, that previous treatments cannot be correct. Lieber argues that the relationship between form and meaning in the nominalization processes of English is virtually never one-to-one, but rather forms a complex web that can be likened to a derivational ecosystem. Using the Lexical Semantic Framework (LSF), she develops an analysis that captures the interrelatedness and context dependence of nominal readings and suggests that the key to the behavior of nominalizations is that their underlying semantic representations are underspecified in specific ways and that their ultimate interpretation must be fixed in context using processes available within LSF.ยป
Lieber-ek zalantzan jartzen ditu morfologia lexikoan tradizionalki erabilitako eratorpen-paradigmak, forma morfologikoak eta eratorrien esanahiak lotzen dituztenak. Morfologia lexikoaren oinarria den eratorpen-paradigmaren arabera, ohikoena dateke formen eta esanahien arteko harremana biunibokoa izatea, eta oso ezohikoa dateke hainbat forma egotea esanahi bakarrerako edota hainbat esanahi egotea forma bakarrerako. CCAE corpusean oinarritutako ikerketetatik abiatuta, ondorioztatzen du horren urrun dagoela formaren eta interpretazioaren arteko harremana aurreikusi bezalakoa izatetik, ezen eratorpen-paradigmaren kontzeptua bera zalantzan jarri behar baita. Hartara, formaren eta esanahiaren arteko harremana konplexua denez, nominalizazioa eratorpen-ekosistema modura irudikatzea proposatzen du.
Ekosistemaren metaforan, tipo morfologikoak (askotariko atzizkiak, ร atzizkia edo bihurketa) bizidunen antzekoak lirateke eta, esanahiak (egilea, kokapena), aldiz, habitat edo txoko ekologikoen antzekoak. Ildo horretatik, atzizki bakoitzak txoko semantiko bat edo gehiago bete lezake, eta zenbait tipo morfologiko bizi litezke batera zenbait txoko semantikotan. Zenbait txoko semantikok oso populazio murritza izango lukete, eta atzizki bakarrak edo tipo morfologiko batek ere ez luke emango txoko horren esanahia. Edozein kasutan ere, ekosistemak betetzen dituzten bizidunak bezala, tipo morfologikoak ere elkarrekiko menpekotasuna duten sistema konplexutzat hartu beharko lirateke.
Eratorpen-ekosistema hori irudikatzeko, CCAV corpusetik ateratako adibideak erabiltzen ditu, eta atzizkiz atzizki doa erakusten askotariko esanahiak ematen dituztela, alegia, aurreikusitakoak baino askoz ere โtxoko ekologikoโ gehiago betetzen dituztela. Adibide bat ekarriko dut hona, kontzeptua ulergarriago egiteko:
Affix
Reading
Word
Example in context
ation
event
invasion
Washington Monthy 2004: The administrationโs invasion of Iraq seems to have given bin Laden a historic gift.
result
assassination
PBS_NewsHour 2009: Syrian agents are suspected in the assassination.
agent
administration
Associated Press 2012: Theadministration denied speculation that the sessions were moved for security reasons.
instrument
decoration
Country Living 2007: Rather than being painted by hand, the decoration was likely a decal outlined with hand coloring.
inanimate patient
acquisition
Inc. 1996: So Smith is shopping for an acquisition.
location
exhibition
Magazine Antiques 2000: This too is now in the Victoria and Albert Museum, which also owns a tazza by Deck entitled La Bella Marguerite bought at the exhibition.
path
continuation
Adolescence 2005: Figure 2 shows the results for the female adolescents, and again we use the frequency of delinquency in late adolescence to study the continuation of the different trajectories.
Atzizki bakoitzak sortutako eratorriek izan ditzaketen interpretazioak ez ezik, alegia, biztanle batek bete ditzakeen txoko semantikoak ez ezik, txoko bakoitzak izan ditzakeen biztanleak biltzen ditu, mapa moduko batean. Liever-ek inhabitant erabiltzen du atzizkien metafora modura, eta habitat eta semantic niche metaforak erabiltzen ditu esanahi edo interpretazioei erreferentzia egiteko. Adibide gutxi batzuk baino ez ditugu ekarriko hona, erakusteko txoko semantiko batzuk oso populatuta daudela eta beste batzuek oso biztanle gutxi dituztela. Bestalde, aukeratutako adibideetan ikus daitekeen bezala, txoko semantiko batzuek berariazko biztanleak badituzte ere, beste txoko semantiko batzuk berariazkoak ez diren denetariko biztanleek betetzen dituzte. Beltzez nabarmenduta ageri dira esanahi jakin baterako berariazkotzat har daitezkeen atzizkiak.
Haren analisiaren bidez, agerian uzten du azterketa teorikoek aurreikusitako eratorpenaren paradigmek benetako erabileraren zati bat deskribatzen dutela, baina tipo morfologiko guztien mugak gainditzen dituztela corpusetatik erauzitako adibideek. Zenbait tipo morfologikok lehen mailako irakurketa batzuk partekatzen dituzte, eta elkarrengandik bereizten dira beste batzuetan. Adibidez, agente/esperimentatzaile izen-sortzaileak diren zenbait atzizkik tresna-izenen sortzaileak ere badira, baina -ist atzizkiak ez du inoiz ematen tresna-izenik. Izen abstraktuen sortzaileak diren atzizki gehienek talde-izenak sortzeko bigarren erabilera ere badute, baina –ness atzizkiak ez du inoiz ematen horrelako irakurketarik. Atzizki ugarik sor ditzakete paziente bizigabeen izenak baita kokapen-izenak ere, baina atzizki baterako ere ez da berariazko funtzioa halako izenak sortzea. โSinesmen-sistemaโ adierazteko erabiltzen den atzizki bakarra –ism da, baina atzizki hori polisemikoa da eta beste esanahi batzuk dituzten eratorriak ere sortu ditu: โjokaeraโ (absenteeism), โhizkera-moduakโ (colloquialism) edo โgaixotasun motaโ (alcoholism). Liever-ek ateratzen duen ondorioa da forma morfologikoen eta esanahien arteko askotariko harremanak gertatzea dela norma eta ez salbuespena.
Oso azterketa sakona da, eta gogoeta pausatua eskatzen du horren ertz guztiak ondo ulertzera heltzeko. Nolanahi ere, uste dut kontuan hartzeko ondorio batzuk atera daitezkeela lehen hurbilketa batean.
Hasteko, euskararen garapen lexiko-diskurtsiboaren jomuga hobeto irudikatzen laguntzen digu azterketa honek. Izan ere, ondo garatutako hizkuntzetan eratorpenaren emaitza ez bada forma bat = esanahi bat modukoa, eratorpen-paradigmek aurreikusten zuten bezala, euskararen garapenaren jomuga ere ez da izango halako paradigma bat, baizik eta web konplexu bat, Liever-ek eratorpen-ekosistema modura irudikatzen duena. Hortaz, euskararen garapen lexiko-diskurtsiborako oztopo izan liteke hitz eratorri batzuk okertzat hartzea euskararen eratorpen-paradigma teorikoaren aurreikuspenekin ondo egokitzen ez direlako. Ondo aztertu beharko lirateke betetzen dituzten txoko semantikoak eta azpian dauden motibazioak, sortutako eratorriak itsu-itsuan baztertu gabe.
Bestalde, tipo morfologikoak txoko semantikoen biztanletzat hartu beharrean, agian espezietzat hartu beharko lirateke, eta sortzen duten izen bakoitza biztanletzat. Izan ere, espezie bateko elementu batzuek betetzen dute txoko semantiko jakin bat, eta ez espezieko elementu guztiek. Gainera, txoko semantiko jakin batean espezie autoktonoen eta kanpotik etorritako espezieen arteko bizikidetza gertatzen da, eta espezie desberdinen arteko harremanak ere hartu behar dira kontuan, ekosistemaren funtzionamendua bere osotasunean deskribatuko badugu[2]. Izan ere, mailegatutako hitz eratorriekin batera jatorrizko hizkuntzaren sistema polisemikoaren konplexutasuna ere ekartzen dugu euskarara: absentismo, kolokialismo, alkoholismo… Gainera, gerta daiteke mailegu horietako batek txoko semantiko baten beharra asetzea, eta hori dela eta euskararen hitz-eraketarako sistema ez aktibatzea, adibidez, alkoholismo maileguak betetzen duen txokorako ez sortzea #alkoholzaletasun edo #alkohol-menpekotasun. Baina beste kasu batzuetan, gerta daiteke mailegua ez ezik, euskal hitz eratorria ere sortzea txoko semantiko berean erabiltzeko, edo hurbileko beste txoko semantiko batzuetarako: ebaluazio / ebaluaketa; konposizio / osaera. Gai konplexua da mailegutzaren eta hitz-eraketaren arteko harremanarena, baina kontuan hartu beharrekoa. Hortaz, saiatuko gara beste artikuluren batean garatzen.
Hizkuntza eranskarien ezaugarritzat hartu ohi da flexio-atzizkien eta esanahien arteko harremana estuagoa izatea hizkuntza flexiboetan baino: por preposizioa vs -k, -tik, -gatik, -gandik. Zenbait atzizki eratorle ere, estuki lotuta daude esanahi jakin batekin, adibidez, –keria atzizkiak beti ematen ditu kualitate gaitzetsiak adierazten dituzten izenak (alferkeria, erokeria, zerrikeria, indarkeria…) baina, beste atzizki batzuk, aldiz, askoz ere txoko semantiko gehiagotan hedatuta daude, esate baterako, –goa atzizkia: artzaingoa โofizioaโ, ikuslegoa โkolektiboaโ, adiskidegoa โkualitateaโ, zabalgoa โneurriaโ, edangoa โlekuaโ[3]. Areago, atzizki batzuek kategoria desberdinetako oinarriei lotzen zaizkie, eta askotariko txoko ekologikoak betetzen dituzte. Adibidez, –era atzizkia adjektiboei lotzen zaienean, dimentsioa adierazten duten izen abstraktuak sortzen ditu: luzera, zabalera, sakonera… Aditzei lotzen zaienean, aldiz, (-era /-kera), โgertaeraโ (etorrera, igoera, joera…) edo โmoduaโ (orrazkera, idazkera, jarrera…) esanahi paradigmatikoak betetzen ditu. Hala ere, zenbait eratorrik txoko semantiko ugaritan barneratzen dira: sarrera eta irteera โlekuaโ, (kontzerturako) sarrera โobjektuaโ, (artikuluaren) sarrera โobjektuaren atalaโ, (hiztegiko) sarrera โobjektuaren atalaโ.
Txoko semantiko beraren barruan ere denominazio-behar xeheagoak daudenean, oinarri bera erabili eta atzizki desberdinekin konbina daiteke, eratorpen-paradigma teorikoetatik urrunduta ere. Adibide ezagunak dira idatzi aditzetik eratorritako idazle eta idazkari egile-izenak, behar semantikoek bultzatuta sortu direnak nahiz eta โ(k)ari atzizkiaren ohiko jokaera den izen kategoriako oinarriekin konbinatzea. Areago, -le/-tzaile askotan atzizki beraren halomorfotzat hartzen badira ere, esanahi desberdineko izenak ematen dituzte eskat oinarritik abiatta: eskale eta eskatzaile. Garbi dago horiek guztiek ez dutela esanahi konposizionalik, eta horien esanahia esperientzia linguistikoaren bitartez ikasten dugula. รabardura horiek harmonizatzen joatea izan beharko litzateke hiztegien eginkizuna, eta ez eratorri batzuei ezikusia egitea, edota gaitzestea. Adibide bat emateagatik, nire intuizioaren arabera erabilera eta erabilpen รฑabardura semantikoren bat duten izen eratorriak dira, baina Euskaltzaindiaren Hiztegiak (EH) erabilpen sarreratik zuzenean bideratzen gaitu erabilera sarrera polisemikora: ยซerabilera iz. Erabiltzea; erabiltzeko moduaยป. Ereduzko Prosa Gaur corpusean oinarritutako Egungo Euskararen Hiztegiak (EEH), aldiz, bi sarrera bereizten ditu:
erabilera ( ) 1 iz erabiltzea, eskuarki erabiltzeko modua. ik erabilketa; erabilbide. erabilpen ( ) 1 iz erabiltzea. ik erabilketa; erabilera.
Hortaz, EEHren arabera, erabilpen erabil liteke โgertaeraโ adierazteko eta, erabilera, aldiz, polisemikoa da, eta EHk jasotzen dituen bi adierak ditu. EEHren informazio hori EHkoa baino hobeto uztartzen da Garaterm corpus akademikotik atera ditzakegun datuekin: erabilera 7.133 agerraldi (% 79,48); erabilpen 1.842 agerraldi (% 20,52). EEHk jasotzen duen erabilketa sarrerak, aldiz, 7 agerraldi baino ez ditu Garaterm corpus osoan, eta erabilpen lemarekin alderatuta, % 0,38 baino ez dira agerraldi horiek. EPG corpusean ere erabilpen lemak 360 agerraldi ditu (% 98,4) eta erabilketa lemak, aldiz, 6 agerraldi (% 1,6). Bazterrekotzat har liteke, beraz, erabilketa eratorria, eta motibazio semantiko edo pragmatiko berezirik aurkitu ezean, alde batera utz liteke hiztegiak osatzeko orduan.
Luzeegi geratzen ari den artikulu hau ezin dut bukatutzat eman, ordea, erregistroen ikuspuntua gaineratu gabe. Lieber-ek ematen dituen adibide gehienak komunikabideetako testuetatik aterata daude eta, nire iritziz, eratorpen-ekosistemaz hitz egin beharrean, eratorpen-ekosistemez hitz egin beharko litzateke, pluralean, erabilera-eremuak eta erregistroak kontuan hartuz gero. Izan ere, hizkuntzaren erabilera orokorrak ez ezik erabilera espezializatuak kontuan hartuz gero, maila batean edo bestean definitutako espezialitate-alorrek eratorpen-ekosistema bereiziak osatzen dituztela ย pentsatu behar dugu. Espezialitate-alor bakoitza ekosistema bat litzateke, eta barruan txoko semantiko batzuk lituzke espezie morfologiko desberdinek beteko lituzketenak. Espezie desberdinetako bizidunak (eratorri autoktonoak, maileguak) ez dira elkarrekiko independente, eta espezialitate-alorreko ekosistemaren barruan antolatzen dira. Hartara, elementu batzuk beste ekosistema batzuetan bezalakoak izango dira, baina beste batzuk bereizi egingo dira beste ekosistemetatik. Atzizkiei begiratuz gero, hainbat hizkuntzalarik[4][5][6] aldarrikatu duten atzizkien banaketa morfopragmatikora eramaten gaitu gogoeta-ildo honek. Gaia aspaldian tratatu nuen blog honetan Hiztegi espezializatua eta morfopragmatika artikuluan.
Izen eratorri jakin batzuen erabileraren azterketa baliatuz saiatuko naiz erakusten semantikak ez ezik pragmatikak ere parte hartzen duela nominalizazioaren ekologian. Demagun erauzi aditzetik eratorritako erauzketa gertaera-izena. Hainbat espezialitate-alorretan erabiltzen dela ikus dezakegu Garaterm corpusean. Hona hemen banaketa, oso erabilera murritza duten alorrak baztertuta:
Eremua
Agerraldi kopurua
Kimika
674
Zientzia Teknologikoak
222
Biziaren Zientziak
119
Fisika
61
Osasun Zientziak
49
Matematika
21
Hizkuntzaren Zientziak
15
Alor batzuetan, โerauzten denakโ ez du lotura zuzenik erauzi aditzarekin, adibidez, hizkuntzalaritzan termino-hautagaiak edota bestelako hizkuntza-elementuak erauzten dira, baina beste alor batzuetan โerauzten den horiโ adierazteko, erauzkin edo erauzi erabiltzen da, alegia, emaitza-izen konkretuak sortzen espezializatuta dagoen –kin atzizkiaren bidezko eratorria, edo ร atzizkiaren bidezko bihurketa. Hiztegi gehienetan dago jasota erauzi aditza, baina ez erauzi izena ez eta erauzkin izena ere. Salbuespena dira Elhuyar Hiztegiak eta Elhuyarren ZT Hiztegia. Hiztegi horietan erauzkin baino ez dago jasota, eta Kim. eremu-marka darama. Hain zuzen ere, kontsulta bat egin zidaten duela gutxi fakultateko kide batzuek kimika alorrean idazten ari ziren doktoretza-tesi baten harira: itzultzaile neuronalek eta hiztegiek erauzkin proposatzen bazieten ere, beren intuizioaren arabera, erauzi izena zen nagusiki erabiltzen zena kimikaren alorrean. Garaterm corpusera jotzen badugu, berehala ikusiko dugu erauzkin izena baino ez dela ageri Biziaren Zientzietan eta Osasun Zientzietan. Kimikan eta Zientzia Teknologikoen barruan txertatu dagoen Ingeniaritza Kimikoan, aldiz, bi izenak ageri badira ere, erauzi izena nagusitzen da. Areago, erauzi izen modura ez ezik, fase izenaren modifikatzaile modura (fase erauzia) erabilita ere ageri da zenbait testuingurutan. Garbi dago erauzkin izena ezinezkoa dela beste izen baten modifikatzaile modura.
Hautatutako peptido proteotipiko guztiak erauzkinosoaren liseriketa-triptikoan monitorizatu ziren. (Biziaren Zientziak)
Epitelioen erauzkin gordinak aztertzen zirenean, hormonak parakrino eta entzimekin nahastuta agertzen ziren. (Osasun Zientziak)
Behin xiringa prest zegoela, analitoak 25 mL DCM-tan eluitzen ziren eta lortutako erauzia Turbovap LV Evaporator-aren bidez lurruntzen zen guztiz, N2fluxu arin bat erabiliz. (Kimika)
Lurrundu ostean saiodiak berriro pisatu eta 4 mL tetrakloroetilenotan birdisolbatu ziren. Erauziak IR bidez analizatu ziren. (Kimika)
Ekipo baten bi faseak nahastu eta bereizi ondoren, fase findua hurrengo ekipora sartzen da elikadura gisa, eta fase erauzia kanporatu egiten da. (Ingeniaritza Kimikoa)
Atzizki ageriak dituzten aditzetiko izenak detektatzen errazagoak dira ร atzizkiaren bidezko bihurketak baino, baina garrantzitsua da horiek ere deskribatzea garapen lexiko-diskurtsiboaren emaitza desiragarriak eta zaindu beharrekoak baitira. Hizkuntzalarion eta hiztegigileen eginkizuna da nominalizazioaren ekosistema konplexuen โbioaniztasunaโ zaintzea eta sustatzea. Horretarako, irizpide semantiko eta pragmatikoak aintzat hartzen dituzten eta corpus esangarrietan oinarritzen diren deskripzio xeheak egin behar dira, eta hiztegien helburua izan behar da halako irizpideak erabiliz hurbileko aldakiak harmonizatzen joatea[7].
[1] Lieber, Rochelle (2016) English Nouns. The Ecology of Nominalization. Cambridge University Press.
[2] Hacken, Puis ten & Panocovรก, Renรกta (arg.) (2020) The interaction of borrowing and word formation. Edinburgh University Press.
[3] Azkarate, Miren (1991) UPV/EHUko Irakaskuntza Proiektua. Argitaratu gabea.
[4] Gallegos, Alfonso (2003). Nominalizaciรณn y registro tรฉcnico. Algunas relaciones entremorfopragmรกtica, tradiciones discursivas y desarrollo de la lengua en espaรฑol. Doktoretza-tesia, Albert-Ludwigs-Universitรคt.
[5] Guz, Wojciech (2009): โEnglish Affixal Nominalizations Across Language Registersโ, Poznaล Studies in Contemporary Linguistics 45(4), 461โ485.
[6] San Martin, Itziar; Ezeiza, Joseba; Zabal, Igone a (2010): โAditzetiko izenak erregistro bereizle gisa: corpus espezializatu baten azterketa morfopragmatikoaโ, InXabier Alberdi & Pello Salaburu (arg.).ย Ugarteburu Terminologia Jardunaldiak. Euskararen garapena esparru akademikoetan, Bilbo: EHUko Argitalpen Zerbitzua.
[7] Zabala, Igone(2021). โEuskaltzaindiaren Hiztegiaren ekarpena lexiko espezializatuaren eta ez-espezializatuaren harmonizazioanโ. In Andres Urrutia (arg.). Arantzazutik mundu zabalera. Euskararen normatibizazioa: 1968-2018. IKER 40, 285-299. Bilbo-Madrid-Frankfurt: Euskaltzaindia-Iberoamericana Vervuert.
Bueltan da 31 eskutik bloga! Mila-mila esker berpizteko ardura hartu duzuenoi eta, nola ez, eskerrik asko oraingoan ere ekarpenak egiteko aukera emateagatik. Askotariko gaiak jorratu genituen blogaren aurreko etapan. Zertaz idatzi oraingoan? Nire ekarpenen ildo nagusia gonbitea jasotzearekin batera etorri zitzaidan gogora. Talaia hau aprobetxatu nahi dut nire ingurune naturala denaz aritzeko, alegia, euskararen erregistro akademikoen garapenaz eta harmonizazioaz gogoeta egiteko. Eta lehen ekarpen hau testuingurua zirriborratzeko erabiltzea pentsatu dut.
1970eko hamarkadaren bukaera aldera hasi zen erabiltzen euskara unibertsitatean, eta egun denetariko gai espezializatuei buruzko eskolak eta hitzaldiak ematen dira euskaraz. Denetariko gaiei buruzko lan akademikoak ere idatzi eta ahoz defendatzen dira egunero unibertsitatean, bai irakasgaietako jardueretan eta bai ikasketa-maila bakoitzaren bukaeran ikerketa-gaitasuna egiaztatzeko ere: gradu amaierako lanak, master amaierako lanak eta doktoretza-tesiak. Espezializazio-maila desberdinetako artikuluak ere idazten dira espezialitate-alor askotako gaiei buruz, eta ikertzaile gazteei beren ikerlanak euskaraz aurkezteko Ikergazte kongresua bezalakoak ere egiten dira: bosgarren edizioa izango da maiatzean egingo dena. Iragandako urteak ez dira alferrik pasa, eta egun edozein gertaerari buruzko informazioa emateko orduan, ohikoa izaten da horrekin lotutako espezialitate-eremuko adituak entzutea euskaraz EITBn: mikrobiologoak, fisikariak, ingeniariak, psikologoak, medikuak, abokatuak…
Euskararen biziberritzerako gako izan den ezagutzaren igoera pentsaezina litzateke euskara hezkuntzan sartu izan ez balitz. Zalantza handirik ez dago horretaz, kontuan hartzen badugu igoera hori batez ere 16-24 adin-tartean gertatu dela eta, hiztun horien artean, % 67 inguruan hiztun berriak direla, alegia, euskara etxetik kanpo ikasi dutenak[1]. Ezin adierazgarriagoa da unibertsitatera sartzeko hautaprobak euskaraz egiten dutenen portzentajea, gora eta gora baitoa urtez urte, eta % 76,8koa izan baita 2022an. Datu horrek agerian uzten du beren bizitzarako guztiz erabakigarria den unean ikasle asko eta asko seguruago sentitzen direla euskaraz gaztelaniaz baino. Areago, unibertsitatea euskararako nolabaiteko arnasgunea dela ere esan daiteke. Izan ere, ikasleen ehuneko handiak dio euskara gehiago erabiltzen duela unibertsitatean lagunekin edo familiarekin baino eta, gainera, eremu soziolinguistiko desberdinetako hiztunen elkargunea da unibertsitatea, ikasleei askotariko hizkerekin harremana izateko aukera ematen diena.
Baina nola heldu gara puntu honetara? Askotan ahaztu egiten bazaigu ere, erronka ikaragarriari egin behar izan zioten aurre duela mende erdia euskararen erabilera unibertsitatean sustatzeko erabakia hartu zutenek. Izan ere, euskararako erabat berriak ziren eremuetan barrena sartzeko ausardia izan zuten horiek adierazpide akademikoak eta alorrez alorreko terminologia guztia sortu eta partekatu behar izan zuten, hastapenetan zegoen euskara batua ikasi eta inplementatzeaz gainera[2][3]. Egun ere ez da erronka makala aurrerapen zientifiko, teknologiko eta didaktikoei euskaraz erantzutea. Erregistro akademikoen garapena eta ezarpena bukatu gabeko prozesuak dira, eta mehatxu berriak dituzte une honetan, besteak beste, nazioartekotzearekin lotuta ingelesa hezkuntzan ere hartzen ari den gero eta pisu handiagoa.
Askorentzat ezezaguna bada ere, 1979. urtean Euskara Zientifikoaren Plana (EZP) jarri zen abian unibertsitate publikoan, UPV/EHU izendapen berria ezarri baino hilabete batzuk lehenago. EZPari esker, Euskara Zientifikoa I eta II (EZ) irakasgaiak hasi ziren eskaintzen zenbait fakultatetan (Leioako Zientzi Fakultatean, Donostiako Petrokimikan eta Filosofia Fakultatean). EZ irakasgaien eta horien irakasleen zeregina zen hastapenetan zegoen euskara batuaren ezarpenean eta erregistro akademiko berrien garapenean laguntzea, betiere alorrez alorreko irakasle eta ikasleekin eskutik lotuta. Izan ere, euskararen erabilera eremu berrietan normalizatzeko, denetariko profesional euskaldunak behar ziren orduan: administraziorako langileak, kazetariak eta, batez ere, irakasleak. Baina irakasle horiek prestatu behar zituztenek nahitaez aritu behar zuten lankidetzan erregistro espezializatuak garatzen ari ziren denetariko adituekin. EZPak ezarritako irakasgai horiek urte hauetan guztietan titulazio guztietara hedatu eta ikasketa-planen aldaketa guztietan egokitzen joan dira. Europako Goi Hezkuntzaren Eremuari begira diseinatu ziren ikasketa-planetan ere mantendu ziren gradu guztietan hautazko irakasgai modura. Gradu berri guztietan euskara akademiko eta profesionala lantzeko bi hautazko irakasgai sartzea UPV/EHU Euskararen Plan Gidaria (2007/08-2011/12) hizkuntza-plangintzan arautu zenez, EPGko irakasgai ere esaten diegu egun EZParen ondorengoak diren irakasgaioi. Azken ikasketa-planak diseinatu zirenetik hamar urte baino gehiago joan direnez, berriro ere ari gara irakasgaiok egokitzen hainbat gradutan[4]. EPGko irakasgaietan, ikasleek ahozko eta idatzizko hainbat testu-generotako testuak sortu, berrikusi eta aurkeztu behar dituzte, baina batez ere gogoeta eta azterketa kritikoa egin behar dute testu horietan erabiltzen dituzten hizkuntza-baliabideez. Hizkuntza-baliabide horietako asko haien ikasketetan jaso dituzte irakasleengandik, EPGko irakasgaiak hartzen dituzten ikasle gehienek ikasketa guztiak egin baitituzte euskaraz bi urte dituztenetik. Beste hizkuntza-elementu batzuk Interneten eskuragarri dauden kontsulta-baliabideek eta laguntza-tresnek eskaintzen dizkieten aukerak dira.
EPGko irakasgaien helburu garrantzitsuenetako bat da ikasleek kontzientzia har dezaten euskararen biziberritzean goi mailako gradudun euskaldun modura duten erantzukizunaz, eta alorrez alorreko aditu euskaldunek beren alorreko erregistroen garapenean duten erantzukizuna lotuta dago, hain zuzen ere, kontsultaguneek, hiztegiek, terminologia-datubaseek, ortografia-zuzentzaileek eta itzultzaile automatikoek ematen dituzten emaitzen azterketa kritikoarekin. Izan ere, erregistro akademikoen garapena (elaborazioa) euskara batuaren kodifikazioarekin gainezarri da, Haugen-en arabera[5] hizkuntzen normalizazio prozesuetan ohikoa den bezala. Euskara batu orokorraren kodifikazioak aldakortasun dialektalaren murrizketa edo berrantolaketa bilatzen zuen, eta elaborazioak, aldiz, aldakortasun funtzionala areagotzea eskatzen du. Aldakortasuna desberdin kudeatzea eskatzen duten bi prozesu horiek egokiro ez bereizteak zenbait tentsio sortzen ditu[6]. Izan ere, aldaera estandarrek egonkorrak eta malguak izan behar dute aldi berean[7] eta, Haugen-ek azaltzen duen bezala, egonkortasunaren eta malgutasunaren arteko oreka kodifikazioaren eta elaborazio funtzionalaren arteko tentsioan oinarritzen da, kodifikazioaren helburua egonkortasuna baita eta elaborazioak malgutasuna behar baitu. Horrelako tentsioa begi-bistakoa da Euskaltzaindiaren Hiztegian edo Euskaltermen gaineratzen diren edota urteetan aldatu gabe uzten diren zenbait sarreratan, zenbait azpisarreratan edota zenbait adibidetan. Izan ere, horietako batzuetan hainbat hamarkadatako erabilera akademikoari edota erabilera okerren bat zuzentzen joateko egindako ahalegin handiari ezikusia egiten zaie. Hartara, irakaskuntza-prozesuaren euskarri izan beharrean, oztopo gertatzen zaizkigu behin baino gehiagotan kontsulta-baliabide horiek.
Zenbaitetan badirudi euskararen normalizazioaren ardura nagusia duten erakundeek eta batzordeek ahaztu egin dutela hizkuntzen normalizazioan aldaera estandarraren kodifikazioa bezain garrantzitsua dela, garrantzitsuagoa ez bada, lantze funtzionala, alegia, erregistroen garapena. Izan ere, erabaki batzuek, batez ere hiztegi alorrekoek baina ez bakarrik hiztegi alorrekoek, erregistroen garapenari lagundu beharrean garapena oztopatu edota โdesgarapenaโ eragiten dutela esan liteke[8]. Zertaz ari naizen hobeto azaldu nahian, Euskaltzaindiaren kide edo batzorde bik hamar urteren tartearekin erakutsitako bi jarreraren arteko aldea agerian uzten saiatuko naiz. Lehendabiziko aipua Euskaltzaindiak 1986. urtean argitaratu zuen Maileguzko hitz berriei buruz Euskaltzaindiaren erabakiak liburuaren sarreratik aterata dago, eta honela dio:
ยซHitzen eskasia erremediatzeko, ordea, bide bat baino gehiago du euskarak, hots: 1) Hitzak kanpotik etxeratu (Mailegu bidea); 2) Elkarketaren, eta 3) Eratorketaren bidez hitz berriak sortu. Denak behar ditu, noski, baliatu euskarak; baina Euskaltzaindia oraingo Agiri honetan lehen bideari buruz bakarrik ari da. Nahi du, alegia, oinarrizko erizpideak finkatu eta arau gidari batzuk eskaini, hartzen diren hitzak zein itxura eta idazkeratan hartu behar diren adierazteko… [โฆ] Hitz mailegatuak euskaraz darabiltzagunean nola idatz: hori da lan honen helburu bakarra. Ez inola ere, ordea, esate baterako, hitz mailegatuetatik zeintzu diren jadanik euskal hitz bilakatu direnak esatea, are gutxiago aipatzen diren hitzak euskal hitzak direnik ez diogu, beraz. Ez ditugu horiek hobesten, alegia, inork horien ordez erabil ditzakeen euskal errotikakoak baino. Lan honetan ez gara, izan ere, lexiko lanetan ari. Lan honetan hauxe bakarrik irakatsi nahi da, berriro esan: inork euskara idaztean lan honetan exenplu gisa aipatzen diren hitzak edo horien antzeko maileguak erabili nahi baditu, horiek euskaraz nola idatz. Gaurdaino ez baita izan gure artean horrelakoetan batasunik eta nork bere gogara idazten baitzituen. Aniztasun hori moztu nahi dugu eta idazleei horrelako hitzak erabili nahi badituzte modu berean idazteko bidea eskaini.ยป
Euskararen garapen funtzionalerako hiztegi ugari behar zela aurreikusi, idazleei egokientzat hartzen zituzten hiztegi-elementuak hautatzeko askatasuna eman, eta maileguen ortografia estandarrerako oinarriak ezarri zituen Euskaltzaindiak liburu horretan. Alderatu dezagun orduko diskurtsoa hamar urte beranduago Hiztegi Batuko Batzordeak erakutsitako jarrerarekin. Hiztegi Batu Oinarridunaren portzentaje sarreran ondokoa irakur daiteke:
Zer pentsatu handia ematen du fitxa labur horrek. Izan ere, bi iritzi-emaile ageri dira bertan. Lehenengoak euskaldun guztion izenean hitz egiten du, eta aurreikusten du inork ez duela inoiz behar izango portzentaje mailegua, alegia, edozein komunikazio-egoeratarako ehuneko hitza nahikoa izango dugula denok. Hiztegi ortografikoa erabakitzen ari zen unean garrantzi handikoa zen bigarren iritzia, aldiz, ez zuen kontuan hartu Hiztegi Batuko Batzordeak, eta portzentaje idazkera utzi zuen Hiztegi Batuan, erabat deserosoa eta ahoskera zaindurako oztopo den idazkera hain zuen. Hogeita hiru urte beranduago ere edozein irizpide funtzionalen kontrakoa den forma horrek badirau Euskaltzaindiaren Hiztegian, agian ea nekearen nekeaz hiztunek erabiltzeari uzten dioten. Hala ere, hiztegien eta zuzentzaileen, baita ortografia-zuzentzaile automatikoaren, presio ikaragarria hor egonda ere, Garaterm corpus akademikoan, 1.053 (% 55,57) agerraldi ditu portzentaje aldakiak, eta 842 (% 44,43) portzentaia aldakiak. Ez al da heldu sarrera berrikusteko unea? Izan ere, ez da ahaztu behar normalizazio-arauak ez direla behin betikoak, eta normalizazio-plangintzaren bai eta terminologia-plangintzaren azken fasea dela ezarpenaren ebaluazioa eta arauen berrikuspena egitea.
Euskaltzaindiaren Hiztegian ikusi nuenean harritu ninduen beste erabaki bat izan zen mitokondria sarrerarena, Euskaltermen eta beste hiztegi espezializatu batzuetan berdin jasota dagoena. Izan ere, 1979-80 ikasturtean Biologia euskaraz ikasten hasi nintzenean jadanik mitokondrio erabiltzen genuen, eta ikasleei edota irakasleei besterik ikusiz gero, zuzendu egiten genien. Niretzat antzekoa zen bakterio / bakteria aldakien kasua. Bikote hori 1993. urtean zabalik utzi zuen Hiztegi Batuak (bakteria h. bakterio), baina 2020. urtean, Biologian betidanik erabili dugun bakterio formaren alde egin dute Euskaltzaindiaren Hiztegian. Mitokondrio aldakiaren arrastorik ez dut aurkitu, ordea, Hiztegi Batu Oinarridunean, 2001. urtean mitokondria aztertu zenean. Hona hemen bi sarrerei buruz ageri den informazioa:
Mitokondria sarreran ez dago informazio askorik. Bakteria / bakterio sarreran, aldiz, harritu egin naute erabilerari buruzko informazioak eta erabilitako baldintzazko adizkiek eta dirudienez modalizatzaileak: ยซZientzietako erabileremuan, bakterio darabilte, dirudienez; batzordeak -o amaieraduna hobetsiko luke, hori balitz erabilienaยป.
Egun Garaterm corpus akademikoak erabilerari buruzko datu zehatzagoak eskaintzen dizkigu: bakterio 2.925 (% 93,9), bakteria 190 (% 6,1); mitokondrio 382 (% 72,49), mitokondria 145 (% 27,51). Kontuan hartzekoa da, hala ere, erabilerari buruzko datu horiek datu baldintzatuak direla, hiztegien, zuzentzaileen eta, agian, itzultzaileen presiopean sortuak baitira. Nolanahi ere, gehien harritu nauena da hitzen etimologiari buruzko inolako informaziorik ez ikustea sarrerei buruzko fitxetan. Izan ere, goian aipatutako Euskaltzaindiaren Maileguzko hitz berriei buruz Euskaltzaindiaren erabakiak liburuan (1986) jadanik maileguak egokitzeko irizpide garbiak ematen ziren. Ingelesezko formek (bacterium sg. / bacteria pl. eta mitochondrion sg. / mitochondria pl.) salatzen duten bezala, bi hitz horiek grekeraz sortu eta, ondoren, latinizatu egin ziren. Gaztelaniaz erabiltzen diren bacteria eta mitocondria formak plurala femenino modura asimilatzearen ondorio dira:
Etimologia kontuan hartuta, nire iritziz, bakterio eta mitokondrio egitea da hitz horiek euskaraz egokitzeko modu zuzena, alegia, biologiako diskurtsoetan nagusi zirenak eta hainbat hamarkadatan gure klaseetan, mintegietan eta zuzenketetan lehenetsi ditugunak. Ez dakit Euskaltzaindiaren Hiztegian mitokondrio / mitokondria terminoari buruzko erabakirik hartu behar zen ere, baina uste dut erabaki horrek ez diola inolako ekarpenik egiten biozientzietako erregistroen garapenari.
Jadanik luzeegi geratzen ari zaidan artikulu honi bukaera emateko, mikrobiologia alorreko beste adibide bat ekarriko dut. Ez dakit zer dela eta Euskaltermen kontsultaren bat egin eta, halako batean, Petri-ren kaxa terminoarekin topo egin nuen: laborategian mikroorganismoen kultiboak egiteko erabiltzen den plater moduko beirazko ontzi txikia. Aurrekoan bezala, oso harrituta geratu nintzen sarrera honekin ere, zeren eta duela berrogei urte Biologia ikasten nuenean Petri kutxa erabiltzen baikenuen objektu hori izendatzeko. Berriro ere Garaterm corpus akademikora jo, eta egiaztatu ahal izan nuen Petri-ren kaxa terminoaren aldakiak zero agerraldi zituela, eta Euskaltermen jasota ez dauden hiru aldaki ageri zirela:
Petri-ren kaxa (0 agerraldi) Petri kutxaย (51 agerraldi; 10 egile) Petri kutxatila (9 agerraldi; 4 egile) Petri plaka (25 agerraldi; 15 egile)
Datuak oso interesgarriak dira, erabilera deskribatzeko maiztasuna ez ezik dispertsioa ere kontuan hartu behar baita. Maiztasuna kontuan hartzen badugu, Petri kutxa da erabiliena, baina aldakia erabili duten egileen kopurua (dispertsioa) kontuan hartzen badugu, Petri plaka da erabiliena. Harrituta geratu nintzen konturatu nintzenean Euskaltermen ageri den data 2002. urtekoa bada ere sarrera hori UZEIk 1980. urtean paperean argitaratu zuen Kimika Hiztegitik zuzenean hartutakoa zela, eta inoiz ez dela berrikusi. Zenbat sarrera ez ote dira egongo berrikusi gabe erregistro akademikoak garatzen hasi ziren garaietatik?
Azken adibide honekin agerian utzi nahi dudana da hiztegiaren normalizaziorako erreferentziatzat hartu behar diren Terminologia Banku Publikoan edota Euskaltzaindiaren Hiztegian diskurtso-komunitate espezializatuen erabilera edota erabilera horren atzean egon daitezkeen arrazoi funtzionalak kontuan ez hartzeak oztopatu egin lezakeela erregistro akademikoen garapena. Funtsezkoa da hiztegiaren kodifikazioa prozesu dinamiko eta bizia izatea. Nahitaezkoa da kodifikazioaren aurreko ikerketa sakona. Nahitaezkoa da baita hiztegi-elementuen eta aldakien ezarpenaren azterketa zehatza egitea eta, azterketa horietan oinarrituta, noizbehinka sarreren eta azpisarreren berrikuspena egitea ere.
[2] Txurruka, Jesus Mari. 2020. โNola sartu zen euskara Zientzi Fakultateanโ. In Jacinto Iturbe, Jesus Mari Txurruka eta Aitor Castaรฑeda (arg.). Amets bikoitza. Euskara zientiifkotzea eta zientzia euskaratzea, 57-190. Bilbo: UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua.
[5] Haugen, Einar. 1983. โThe Implementation of Corpus Planning: Theory and Practiceโ. In Juan Cobarrubias & Joshua A. Fishman (ed.), Progress in Language Planning. International Perspectives, 269ห289. Berlin & New York & Amsterdam: Mouton Publishers.
[7] Garvin, Paul. 1973. โSome comments on language planningโ. In J. Rubin & R. Shuy (ed.) Language Planning: Current Issues and Research, 24ห73. Washington D. C.: Georgetown University Press.
[8] Zabala, Igone; San Martin, Itziar eta Lersundi, Mikel. 2014. โLinguistic and sociolinguistic factors that influence the detection, implantation and circulation of natural terminology in academic uses of Basqueโ. In Pascaline Dury, Jose Carlos de Hoyos, Julie Makri-Morel, Franรงois Maniez, Vincent Renner & Maria Belรฉn Villar Dรญaz (ed.), La nรฉologie en langue de spรฉcialitรฉ. Neology in specialized languages. La neologรญa en lengua de especialidad, 141ห164. Lyon: Publications du CRTT.
Bereziak izaten dira beti hasierak eta bukaerak, eta ikasturte honetako azken ekarpenerako berezitasunaren bila inoiz burutik pasatu zaizkidan gaiekin bueltaka ari nintzenean, PPren karteletako ALDE leloak eragindako irri, trufa eta denetariko iritziak etorri zaizkit bila: hitzaren anbiguotasuna, horrelako leloak espainoletik itzultzeak halako emaitzak dakartzala, euskararekiko begirune eza, harridura-markaren gorabeherakโฆ Baina, nago espainolezko leloan bertan datzala anbiguotasuna, hutsaren hurrengoa baita a favor leloak duen esangura. Bilatutako esanahirik eza dela ere esango nuke, gainera, oinarrizko sintaxiak a favor de quiรฉn edo de quรฉย gauden nolabait adieraztea eskatzen baitu, eta begi-bistan baitago ez dutela nahi (edo ezin dutela) agerian utzi noren alde dauden, botoak galtzeko beldurraren beldurrez. Areago, subjektu bat ere behar du adierazpide horrek, espainolezko leloaren bitartez ere ez baitakigu hauteskundeetara aurkezten direnak norbaiten edo zerbaiten alde dauden, edo haien alde egitea eskatzen diguten.
Nolanahi ere, politikari eta sintaxiari buruzko gogoetak ez ezik, hizkuntza-politikari eta normalizazioari buruzkoak ere ekarri dizkit gogora pasadizoak. Izan ere, leloa irakurritakoan euskal hiztunek egin duten interpretazioa neutralizatu nahian edo, ยซautoritatearenganaยป jo dute PPkoek, Euskaltzaindiarengana, hizkuntzaren akademia batek erabilitako hizkuntza-sekuentzien interpretazioan atzeraeraginez eragiterik balu bezala. Hizkuntza erreala hiztunek erabiltzen dutena da, alegia, hiztunek ekoizten eta interpretatzen dituzten hizkuntza-sekuentziak, eta ez akademiek edo bestelako autoritateek gramatika eta hiztegietan kodifikatzen dutena. Euskararen normalizazioari buruzko zenbait mintzagai ere etorri zaizkit burura tropelean. Izan ere, euskararen normalizazioari lagunduko badiogu, hizkuntza normalizatzea โnormal bihurtzeaโ adieran ulertuta (eta ez โnorma batera eramateaโ adieran), funtsezkoa da jomugan dugun ยซnormaltasunaยป zertan datzan jakitea. Eta gertatutakoak erakusten diguna da ยซhizkuntza normalekยป, zehaztasunez eta eraginkortasunez komunikatzeko ez ezik, nahita lausoak eta anbiguoak izateko ere balio dutela. Areago, komunikazio-ekintzen eraginkortasuna komunikazioaren xedea erdiesteko gaitasuna dela ulertuz gero, anbiguotasunez eta ase ezinezko aldagaiez betetako esaldiak ezin eraginkorragoak dira ahal den eta informazio gutxien ematea denean komunikazio-ekintzaren helburua.
Baina heldu diezaiogun berriro alde hitzari, post honen gaia izan behar zuenera salto egiteko, zehazkiago, alde izenaren konparazioen alorreko erabileretara joateko. Zer erabilerari buruz ari naizen erraz uler dadin, Euskaltzaindiaren Hiztegitik ateratako adibide batzuk emango ditut:
Alde handia dago batetik bestera. Berrehun pezetako aldea dute salneurrian. Lehen ziabogan bost segundoren aldea atera zion Arkotek Zierbenari.
Inolako aitzakiarik ez adibide horien aurrean, baina zalantza handiak sortzen dizkidate alde izena pluralean (edo mugagabean) daramaten beste erabilera batzuek. Adibidez, gogoratu oso antzekoak diren bi irudi erakusten dituzten denbora-pasak, diferentziak aurkitzeko gonbitea egiten digutenak. Honelako instrukzioak dakartzate batzuetan:
Aurkitu zazpi aldeak.
Nik neuk saihestu egiten ditut horrelako erabilerak, eta zazpi diferentziak edo zazpi desberdintasunak erabiliko nuke horrelako testuinguruan. Baina zer egin ikasle baten testuan horrelako erabilera aurkituz gero? Zuzendu? Iruzkinen bat egin? Dagoen-dagoenean utzi? Izan ere, Interneteko bilatzailean ยซaldeak aurkituยป jarrita agertu zaidan lehen emaitza Elhuyar aldizkariko artikulu bat izan da, nire ikasleren baten testua izan balitz iruzkinez beteta itzuliko niokeena, agian erabat okerrak liratekeen iruzkinez beteta, bide batez. Hona hemen artikuluaren hasiera:
Giza garunaren garapenean aldeak aurkitu dituzte
Batzuetan eta besteetan ez dira gene berdinak espresatzen aldi berean.
Giza enbrioiaren garuna garatzean, ar edo eme izan geneen espresio-patroia aldatzen ote den ikertu du Erresuma Batuko ikertzaile-talde batek, eta aldeak detektatu dituzte: emaitzen arabera, % 7 ingurukoa da desberdintasuna.
Alde batera utzita ยซgeneen espresio-patroiaยป, blog honetarako idatzi nuen lehen artikuluan sobera eztabaidatu nuena, eta ยซgene berdinakยป, eztabaida sutsuren bat pizteko arriskua saihestearren, esan gabe doa alde izenaren konparazioen alorreko adiera, zati batean behintzat, gainezartzen dela desberdintasun, ezberdintasun, diferentzia eta desberdintza izenen esanahiekin, eta ohartu bezain laster, gaia alde batera uzteko tentazioa izan dut. Zenbat post, txosten eta iruzkin eman dituzten blog honetan bertan alor horretako izenek eta adjektiboek! Gogoratu, besteak beste, Maite Imazen Desberdintasunak eta diferentziak, Bego Montorioren Bereizkeria eta Xabier Aristegietaren KalkoManiak (eta II): โdesberdintasunโ kontzeptuaren euskarazko desagerrarazpena. Baina oraingoan ez dut gaia tratatuko ez itzulpengintzaren, ez kalkoen, ez eta terminologiaren ikuspuntutik ere, baizik eta semantika lexikoaren eta sintaxiaren elkargunetik.
Nire iritziz, izen horien semantika lexikoan funtsezko bi ezaugarri sartzen dira jokoan: abstraktutasuna eta zenbakarritasuna. Abstraktutasunaren muturrean, berdintasun ez(a) dago. Desberdintasun / ezberdintasun izenek ere kontzeptu abstraktuak adierazten dituzte berdintasun izenaren antonimo modura jokatzen dutenean, baina beherago daude, nire intuizioaren arabera, abstraktutasun-eskalan. Izan ere, bigarrenak, lehenengoa ez bezala, pluralean joan daitezke eta, horrela, erreferentzia egin batera hainbat motatako desberdintasunei:
(1)
a) Berdintasun eza onartezina da herrialde aberatsetan.
b) Desberdintasuna onartezina da herrialde aberatsetan.
(2)
a) Mota guztietako gizarte-desberdintasunak areagotu dira azken lau urtean.
b) #Mota guztietako gizarte-berdintasun ezak areagotu dira azken lau urtean.
Diferentzia, desberdintasun eta ezberdintasun izenek izaki bi edo gehiago desberdintzat hartzera eramaten gaituzten ezaugarriak (ere) adieraz ditzakete. Adiera horietan [-abstraktu] eta [+zenbakarri] direla esan dezakegu, eta zenbatzaileak edota plurala onartzen dituzte. Nire intuizioaren arabera, alde ez da egokia adiera horretan, [-zenbakarria] baita:
(3)
a) Aurkitu bi irudien arteko 7diferentzia(k).
b) Aurkitu bi irudien arteko 7 desberdintasun(ak). c) #Aurkitu bi irudien arteko 7alde(ak).
Azkenik, alde izen zenbakaitza da baina graduazioa onartzen duenez, eta graduazioa era kualitatiboan zein kuantitatiboan egin daitekeenez, nolakotasunezko adjektiboekin (4) edo neurri-sintagmekin (5) joan daiteke. Beste hitz batzuetan esanda, alde [-zenbakarria] eta [+/- neurgarria] dateke. Adiera horietan desberdintasun, ezberdintasun eta diferentzia izenak ere aurki ditzakegu:
(4)
a) Alde handia dago marka batetik bestera.
b) Desberdintasun handia dago marka batetik bestera.
c) Diferentzia handia dago marka batetik bestera.
(5)
a) Ehun euroko aldea dago marka batetik bestera.
b) Ehun euroko desberdintasuna dago marka batetik bestera.
c) Ehun euroko diferentzia dago marka batetik bestera.
Nire argudio-ildoari helduta, honela berridatziko nituzke goian aipatutako Elhuyar aldizkariko pasarteko konparazio-izenak:
Giza garunaren garapenean desberdintasunak (/diferentziak) aurkituย dituzte
Batzuetan eta besteetan ez dira gene berdinak espresatzen aldi berean.
Giza enbrioiaren garuna garatzean, ar edo eme izan geneen espresio-patroia aldatzen ote den ikertu du Erresuma Batuko ikertzaile-talde batek, eta desberdintasunak (/diferentziak) detektatu dituzte: emaitzen arabera, % 7 ingurukoa da aldea.
Erabilerak erabilera, eta Euskaltzaindiaren Hiztegiak zehaztasun sarreran bigarren adiera modura xehetasun izenaren sinonimoarena jasotzen badu ere, ausartuko naiz esaten antzeko analisia egin daitekeela zehaztasun eta xehetasun izenak bereiztekotan. Zehaztasun [+abstraktua] eta [-zenbakarria] dateke eta, xehetasun, aldiz, [-abstraktua] eta [+zenbakarria].
(6)
a) Hamaika xehetasun eman ditu erakundearen kudeaketari buruz.
b) #Hamaika zehaztasun eman ditu erakundearen kudeaketari buruz.
(7)
a) Zehaztasuna funtsezkoa da dokumentu zientifikoetan.
b) # Xehetasuna funtsezkoa da dokumentu zientifikoetan.