Euskararen arrastoaren bila Espainiako hizkuntza-akademiaren hiztegian

Alfontso Mujika Etxeberria

Oporretatik egunerokora berriki itzulia bainaiz —eta lan seriotarako nagi aurkitzen baitut neure burua—, dibertimendu gisa doa gaurkoa, zeren eta, Joanes Haranederrek idatzi zuen moduan, baitezpada behar dire zenbeit aldiz utzi, bai gure spiritua, bai gure gorputza pausatzera eta zenbait dibertimenduaren hartzera.

Azaroaren 6an Iñigo Astizek Berrian idatzitako «Itzultzailearen esku ikusezina» artikuluak eman dit idazpidea: Atxagak, Soinujolearen semea liburuaren gaztelaniazko itzulpenean, «escondrijo» erdaratu zuen jatorrizko bertsioan «zulo» zena, eta, horren harira, Astizek dio gaztelaniaz euskarazko hitzak ez direla neutroak, ideologikoa dela hitzen itzala.

Hortik abiaturik ikusi nahi izan dut zein den euskararen itzala RAEren hiztegian. Eta, horretarako, Goodrae tresnari heldu diot, oso erabilgarria baita: RAEren hiztegia hipertestu bihurtzen du, eta, hala, artikuluen barneko testuan bilaketak egiteko aukera ematen du.

«vasco», «vasca» eta «eusk.» hitzak zer artikulutan agertzen diren eskatu diot Goodraeri, eta zerrenda hau itzuli dit (iragazi egin dut, «País Vasco» gisako agerraldiak bazterreratzeko):

abertzale, aguín, agur, aizcolari, alud, amachinarse, amarreco, amilamia, anavia, anchoa, angula, aña, aquelarre, arán, arangorri, arnasca, arrabio, astabatán, aurragado, aurresku, azcona, bacalao, bálamo, barrunte, batúa, boruca, burga, cáncamo, carpancho, carramarro, carranca, cartolas, cencerro, cenzaya, chabola, chacolí, changurro, chaparro, chapela, charro, chatarra, chimbo, chirimbolo, chirula, chistera, chistorra, chistu, chistulari, chueca, cinzaya, cococha, donostiarra, ertzaina, ertzaintza, escarrio, esguín, etarra, euscalduna, euskera, gabarra, gamarra, gambalúa, ganzúa, gardama, gardubera, guiri, ikastola, ikurriña, irasco, izquierdo, jorguín, larra, lastón, lasún, laya, lendakari, libón, lurte, maqueto, mochil, mogote, molso, morena, moscorra, motil, mozcorra, muga, muñeca, mus, narra, narria, nava, órdago, orzaya, pacharán, pelotari, pitarra, pote, sabaya, sagardúa, sagarmín, sarde, sinsorgo, talo, tobera, versolari, zacuto, zamarra, zarandilla, zarrio, zatico, zorcico, zurriaga, zurrón.

Batzuk guztiz gardenak dira (pelotari, aquelarre, amarreco, chapela, versolari…); beste batzuk, aski berriak, euskal neologismoak dira (abertzale, ertzaina, ertzaintza, ikastola, ikurrina, lendakari), eta badira neologismo horiek baino berriagoak diren beste hitz batzuk ere (batúa, etarra).

Orobat, badira bitxikeriak edo atentzioa ematen dutenak. Adibidez:

Zer ote da amachinarse? Amotinarse izan zitekeela pentsatu dut, euskal matxinatu hitzetik. Ez, ba:

amachinarse.
(De a-1 y Machín ‘Cupido’, y este del vasco Matxin ‘mozo de herrería’, por alus. al nacimiento de Cupido en la herrería de Vulcano).
1. prnl. Can. y Am. amancebarse.
2. prnl. Pan. Abatirse, perder energías, acobardarse

Badira gauza txundigarriak ere (Etimologia bigarren adierari bakarrik dagokio, ala adiera guztiei dagokie? Nola ulertu behar da?):

guiri.
(Acort. del vasco guiristino, cristino).
1. m. coloq. Ál. tojo (‖ planta papilionácea).
2. com. Nombre con que, durante las guerras civiles del siglo XIX, designaban los carlistas a los partidarios de la reina Cristina, y después a todos los liberales, y en especial a los soldados del gobierno.
3. com. coloq. Turista extranjero. La costa está llena de guiris.
4. com. coloq. Miembro de la Guardia Civil

Eta hau? «de mosca»?

moscorra.
(De mosca).
1. f. coloq. P. Vasco. Embriaguez, borrachera.

Eta honi buruz, zer esan?

mozcorra.
(Del vasco mozcor, muchacha tetuda).
1. f. coloq. p. us. prostituta.

Amaitzeko, goazen idazpidea eman didan zulo/escondrijo itzulpenera. Orain arte, zulo hitza ez zegoen RAEren hiztegian (22. edizioan), baina prestatzen ari diren 23. edizioan sarrera izango da. Honela:

Artículo nuevo.

Avance de la vigésima tercera edición

zulo.
1. m. Lugar oculto y cerrado dispuesto para esconder ilegalmente cosas o personas secuestradas.

Kasu honetan, ez dago hitzaren jatorriari buruzko aipamenik. Ezin jakin zergatik den: sarrera berria denez oraindik osatu gabe dagoelako edo jatorriaren azalpena deserosoa delako.

«Eusquera batúa» edo «euskera batúa», plazer duzun bezala

Alfontso Mujika Etxeberria

Hala da, bai. Espainiako hizkuntza-akademiak hala erabakia du bere hiztegi ofizialean (DRAE). Biak dira sarrera: eusquera eta euskera.

Euskararen mundu txikian ari garela, maiz izaten dugu hizpide Hiztegi Batua edo Euskaltzaindiaren hiztegia. Biak aski berriak izanik, ez da zaila haietan inkoherentzia txikiak (edo ez hain txikiak) aurkitzea. Hiztegigileek ondo dakiten bezala, hiztegia zuzentzea eguneroko ogia da, eta, gainera, produktu gutxi izango dira hiztegiak bezain galkorrak: kaleratu orduko zaharkituta daudela esan daiteke, egunero-egunero hitz berriak sortzen edo, gehienetan, beste nonbaitetik ekartzen ari baikara. Behin ere amaitzen ez den lana da hiztegigintza.

Aurreko baieztapena urbi et orbi horietakoa da. Alegia, euskararako eta hizkuntza guztietarako balio du. Adibidez, gaztelania hizkuntza ahaltsua da, eta Espainiako hizkuntza-akademia ahaltsuak bere hiztegia etengabe eguneratzen dihardu. 2001ean kaleratu zuen 22. edizioa, eta datorren urtearen bukaera aldera argitaratuko du 23.a, Real Academia Españolak 300 urte beteko dituen urtean.

Eguneratze horren behin-behineko emaitza sarean kontsultatu daiteke. Azken aldaketak 2012ko martxoan kargatu ziren DRAEren bertsio elektronikoan: 1.697 aldaketa. Haietariko gehienak (1.221) lehendik zeuden sarreretan gehitutako datuak dira; beste 457 sarrera berriak dira, eta 19 sarrera, berriz, ezabatu egin dituzte.

Ez dago sarrera berri horien artean euskera/eusquera bikotea; hau da, jada aurreko bertsioan agertzen ziren. Jakingarria —eta zerbaiten adierazgarria— da, dena dela, zer aldaketa gertatu ziren 21. bertsiotik (1992koa da) 22.era (2001ekoa da):

21. bertsioa

euskera. m. eusquera

eusquera. (Del vasco euskera). m. Vascuence, la lengua vasca. | 2. adj. Perteneciente o relativo a la lengua vasca. Sufijo EUSQUERA, fonética EUSQUERA.

22. bertsioa

euskera. (Del vasco euskera).

1. adj. Perteneciente o relativo a la lengua vasca. Sufijo, fonética euskera.

2. m. Lengua hablada por parte de los naturales del País Vasco español, francés y de la comunidad de Navarra.

~ batúa.

1. m. Lengua vasca unificada, basada en el dialecto guipuzcoano con incorporaciones de otros dialectos vascos.

eusquera. 1. adj. euskera. U. t. c. s. m.

Badirudi k letra duen bertsioa nagusitzen ari dela. Bitxia gertatu zait niri, bestalde, adierak antolatzeko orduan  adjektiboari ematea lehen adiera, eta izenari, berriz, bigarrena. Hau da, adiera-ordena aldatu dute bertsio berrian, eta adjektiboari toki gorena eman. Ez dakit zuek zer iritzi duzuen, baina, nire gaztelanian, un sufijo euskera bitxia da; zalantzarik gabe, un sufijo eusquérico esan-idatziko nuke.

Bada beste aldaketa garrantzitsu bat: definizioa. Vascuence hitzaren bidez definitzen zen 21. bertsioan, eta definizio osoa vascuence sarreran zegoen. Orain, berriz, vascuence hitzak euskera hitzera bidaltzen du definizioa ikusteko.

Eta, vascuence hitza atera dela eta, beste kontutxo bat: 21. edizioan, hau zen hitz horren 3. adiera:

3. m. fig. y fam. Aquello que está tan confuso y oscuro que no se puede entender.

22. edizioan ere, badu adiera hori, baina «kalifikazioa» aldatua:

3. m. coloq. Aquello que está tan confuso y oscuro que no se puede entender.

Hau da, vascuence hitzaren adiera hori «figurado y familiar» zena 1992an «coloquial» bihurtu zen 2001ean. Ezin jakin irizpide lexikografikoen bilakaera orokor baten ondorioa den ala zuzenketa puntual bat den.

eusquera/euskera bikotea, esan bezala, ez da berria hiztegian, baina bada beste bikote bat, berria, hurrengo edizioan argitaratuko dena baina dagoeneko sareko bertsioan ageri dena:

euscaldún o euskaldún.

(Del vasco euskaldun).

1. adj. vasco. Apl. a pers., u. t. c. s.

2. adj. Que habla vasco. Apl. a pers., u. t. c. s.

Berriro ere, grafia-bikoiztasuna (qu/k zen euskera hitzerako eta c/k euskaldun hitzerako). Badirudi RAEk ez duela «busti» nahi. Nolanahi ere, RAEren Ortografia berrian garbi adierazten da lehengo ohitura k letra aski sistematikoki ordeztea zela baina gaur egun lasaitzen ari dela ohitura hori:

En algunas voces de origen foráneo aparece la letra k donde las palabras patrimoniales presentarían las grafías c o qu. Tradicionalmente se tendía a eliminar en los préstamos la grafía extranjerizante en aras de la completa adaptación del vocablo a nuestra ortografía: malayo kakatüwa > esp. cacatúa; fr. kangourou > esp. canguro; al. Zink > esp. cinc o zinc; ingl. smoking> esp. esmoquin; sánscrito svastika > esp. esvástica; fr. képi (del al. Kappi) > esp. quepis; tagalo salakót > esp. salacot, etc. En la actualidad, en cambio, integrada ya la k en el abecedario del español, es más normal que esta letra se mantenga en aquellos préstamos cuyo étimo la incluye, bien como única posibilidad gráfica (anorak, búnker, kamikaze, karaoke, kayak, kilo, kiwi, okapi, ukelele … ), bien como variante (bikini/biquini, kimono/quimono, kurdo/ curdo, moka/moca, musaka/musaca, póker/póquer … ) [Ortografía de la lengua española, Real Academia Española, 2010].

Azkenik, euskera batúa eta euskaldún sarreretan agertzen den tildeari dagokionez, ulertu behar dugu gaztelaniara egokitutako hitzak direla eta, horregatik, gainerako hitzei aplikatzen zaizkien irizpide berak aplikatzen zaizkiela. Honela azaltzen du Diccionario panhispánico de dudas obrak:

6. Acentuación de palabras extranjeras

6.1. Palabras extranjeras no adaptadas. Los extranjerismos que conservan su grafía original y no han sido adaptados (razón por la cual se deben escribir en cursiva, en los textos impresos, o entre comillas, en la escritura manual), así como los nombres propios originarios de otras lenguas (que se escriben en redonda), no deben llevar ningún acento que no tengan en su idioma de procedencia, es decir, no se someten a las reglas de acentuación del español: disc-jockey, catering, gourmet, Wellington, Mompou, Düsseldorf.

6.2. Palabras extranjeras adaptadas. Las palabras de origen extranjero ya incorporadas al español o adaptadas completamente a su pronunciación y escritura, incluidos los nombres propios, deben someterse a las reglas de acentuación de nuestro idioma: béisbol, del ingl. baseball; bidé, del fr. bidet; Milán, del it. Milano; Icíar, del eusk. Itziar. Las transcripciones de palabras procedentes de lenguas que utilizan alfabetos no latinos, incluidos los nombres propios, se consideran adaptaciones y deben seguir, por tanto, las reglas de acentuación: glásnost, Tolstói, Taiwán.

Badira kontu polit gehiago gaztelaniaren hiztegietan euskal hitzek duten oihartzunari buruz, baina hurrengo batean beharko. Arras aspertu gabe honaino iritsi bazara, bost puxtarri zuretzat.

Langilea hil da Euskadi Irratian

Alfontso Mujika Etxeberria

Harrapatua nauka, aitor dut. Gizakia ohitura-animalia izaki, ez da harritzekoa. Oso maiz, ia egunero, gauza bera egiten duzunean, urteen poderioz, mendetasuna sortzen da. Halaxe gertatzen zait niri Euskadi Irratiarekin. Anje Duhaldek kantatzen zuen bezala, «Goizero, goizero, jaiki orduko»… Euskadi Irratia pizten dut, eta, etxetik irten arte, hantxe izaten ditut, sukaldean, kontu-kontari, nire belarriak orain gozatzen, orain larritzen, Euskadi Irratiko berri-emaileak.

Esatari bikainak eta hiztun trebe askoak dira gehien-gehienak, ahots ederrekoak, eta urteek ematen duten eskarmentua dute.

Horregatik, harritu egiten naiz —eta behin ere ez ohitu—, urtea joan eta urtea etorri, Euskadi Irratian honelakoak entzuten ditudanean titularretan:

Bizkaian, gizonezkoa hil da lan-istripuan

Beasaingo langilea hil da lan-istripuan

Zoritxarrez, iraila benetan beltza izan da lan-istripuei dagokienez, eta behin baino gehiagotan txunditu naute era horretako titularrek.

Ziur naiz Euskadi Irratiko esatariak irakurtzen ari direla hori mikrofonoratzen dutenean, ez baitago inor horrela hitz egiten duenik (badaezpada, esan dezadan ez dudala inor ezagutzen mundu errealean horrela hitz egiten duenik). Klixe moduko zerbait da, ia esamolde bihurtua, eta horrexek ematen dit atentzioa, Euskadi Irratiko kazetari prestuek hori irentsi izanak, normaltzat hartze hori zait ulertezin.

Titular batean, dena da berria, informazio guztia da berria. Nolabait esateko, titularrak, beti, «Zer gertatu da?» galderari erantzuten dio. Beasaingo langilea hil da lan-istripuan esaten duenak entzulearen lekuan jarri behar luke, eta pentsatu hori entzuten duenak ulertu behar duela Beasainen langile bakarra bizi zela eta huraxe hil dela, edo, bestela, nonbait bazela langile bat Beasaingoa zena, guztiok ezagutzen genuena, eta huraxe hil dela. Jakina, interpretazio horiek, biak, absurduak dira (Bide batez, «langilea» bezain harrigarria da «Beasaingo» hori. Izan ere, lan-istripuan hil zen langilea ez zen Beasaingoa, gero egiaztatu nuenez, baina istripua Beasaingo enpresa batean izan zen. Alegia, Beasainen, langile bat hil da… behar lukeena Beasaingo langilea hil da… bihurtzea larria da, gero!)

Inoiz pentsatu dut hi ergela haiz behar lukeen tokian hi ergel bat haiz gisako kalko gaiztoak zuzendu nahian garai batean abiatu zen bat-en aurkako gurutzadaren bala galduren bat izan zitekeela arrazoia, baina kosta egiten zait hori sinestea, batez ere arazoa titularretara mugatua ikusten dudalako.

Beraz, Beasaingo langilea hil da lan-istripuan aldrebeskeriaren arrazoia beste nonbait izan zitekeela eta, talaian egon naiz, zer aurkituko.

Eta bururatu zait ez ote den erdal titularren kalko oker bat; alegia, ez ote den asmo onez efektu telegrafiko bat bilatu nahian egindako zerbait. Gaztelaniaz, badira nombres escuetos edo, zehatzago, grupos nominales escuetos direlakoak, hau da, ezkerrean determinatzailerik (el, adibidez) edo zenbatzailerik (un, adibidez) ez duten izen-sintagmak (Tengo coche), murriztapen sintaktiko larriak dituztenak (*Tengo coche en el garaje). Murriztapen horietako bat, nagusietakoa, zera da, subjektua izanik aditzaren aurrean agertzea (*Turistas llegaron a la ciudad). Hala ere, onargarria da albisteen buruetan, labur beharrez erabiltzen denean («cuando toda la información que trasmite la oración es remática», RAEk dioenez, hau da, esaldiak «Zer gertatu da?» galderari erantzuten diotenean, nolabait esateko):

Alcalde desobedece una sentencia

Ministro implicado en fraude

Pánico causa falsa alarma de maremoto

Alcalde sorprendido por ´linchamiento´ por palabras sobre detenida en Huelva

Horrelakoak ikusten dira, tarteka, Espainiako prentsan, baina ez ugari; erabiliagoak dira Hego Amerikako gaztelanian.

Hori da, beraz, nire burutazioa: ez ote den efektu hori gurera itsuan kalkatu nahia euskarazko izenburu harrigarri horien eragilea.

Euskadi Irratian sufritzen ditut nik holakoak, baina, badaezpada, bila ibili naiz sarean ea idatzizkoan ere antzekorik ba ote den. Batzuk aurkitu ditut, baina oso gutxi, oso bakan:

Langilea hil da Beasaingo Arcelor enpresan, lan istripuan

Obra bateko langilea hil da Donostian

33 urteko langilea hil da Zigan

20 urteko Basauriko gaztea hil da auto istripuan, Galdakaon

«Goizero, goizero, jaiki orduko» jarraitzen dut Euskadi Irratia pizten, istripuan hildako langilerik izango ez den itxaropena galdu gabe.

Tiriki trauki hiru ta lau dira zazpi

Alfontso Mujika Etxeberria

1976an izan zen, duela 37 urte (Eneeeeee! Zaharrak gara gero!). Gorka Knörr-ek Txalaparta kantan erakutsi nahi zigun zenbat Euskal Herri zeuden (7, 2, 1…).

Geroztik, ez dugu asko aurreratu. Ez dakit benetan zenbat garen (zenbat buru, hainbat aburu), baina bada okerragorik. Izenak izana badakar, aitortu behar dut nahaste handia dakarkidala gaur ere, oraindik ere, izenak. Alegia, ez dut beti jakiten zer den Euskal Herria euskarazko testu bat irakurtzen dudanean, erdarazko testu bat irakurtzen dudanean País Vasco zer den beti ondo jakiten ez dudan bezalaxe.

Nondik hasi? Hemendik:

«Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa (Beherea eta Garaia) eta Zuberoa batera izendatzeko erabil bedi Euskal Herria izena.»

Ez da nire baieztapena, Euskaltzaindiarena baizik. 2003ko uztailaren 18an egindako adierazpen batean (Adierazpena uztailaren 18an egitea kasualitatea izan ote zen?) oinarrituta atera zuen Euskaltzaindiak Euskal Herria izena araua (139. araua).

Diotenez, Euskaltzaindiak arau hori argitaratu eta berehala, galdera bat iritsi zitzaion toki ofizialen batetik: «Ederki. Orain badakigu zer den Euskal Herria. Eta euskarazko testu batean Euskal Herria agertzen denean, nola itzuli behar dugu Euskal Herria gaztelaniara?».

Eta Euskaltzaindiak honela erantzun omen zuen (ez gutxi eztabaidatu ondoren, eta Vasconia, territorios vascos, país del euskera eta beste hainbat ordain mahai gainean, edo azpian, ibili eta gero): «Euskaltzaindiari ez dagokio esatea gaztelaniaz Euskal Herria nola itzuli behar den».

Joan den ekainean, Valentzian argitaratzen den aldizkari baterako artikulu bat euskaratik gaztelaniara itzultzea egokitu zitzaidan. Euskaraz Euskal Herria agertzen zenean, gaztelaniaz zer jarri asmatu ezinda jardun nuen.

Hasieran, Euskal Herria uztea pentsatu nuen, baina, berehala, gogoeta: Alfon, etnonimoa erabiltzea ondo zegok, baina hik ez dituk endonimoak erabiltzen atzerrikoak adierazteko euskaraz aritzen haizenean, hik ez duk Deutschland eta Catalunya idazten euskaraz, Alemania eta Katalunia baizik; beraz, gaztelaniaz ere beste hainbeste egin beharko duk, ala?

País Vasco bururatu zitzaidan hurrena, baina, neure artean: zer ulertuko dute Valentzian País Vasco jartzen badut?

Eta legera jo nuen:

ESTATUTO DE AUTONOMÍA DEL PAÍS VASCO (18-12-1979)

Art. l. El Pueblo Vasco o Euskal-Herria, como expresión de su nacionalidad, y para acceder a su autogobierno, se constituye en Comunidad Autónoma dentro del Estado Español bajo la denominación de Euskadi o País Vasco (…).

Eta euskaraz, honela:

1. art. Euskal Herria, bere naziotasunaren adierazpen gisa eta bere autogobernua lortzeko, Autonomia Erkidego gisa eratu da espainiar estatuaren barruan, Euskadi edo Euskal Herria izenarekin (…)

Beraz, País Vasco jartzen badut, valentziarrek pentsatuko dute Euskal Autonomia Erkidegoaz ari naizela. Gainera, badakit Valentzian, unibertsitate-giroan, badakitela UPV/EHU sigla Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea dela, haiek ere beren UPV sigla baitute: Universitat Politècnica de València. Beraz, ez zait komeni País Vasco jartzea «benetako» Euskal Herria itzultzeko.

Badaezpada, Elhuyar hiztegira jo nuen, euskara-erdara atalera:

Euskadi. 1. Euskadi, País Vasco (referido al conjunto formado por los territorios de Álava, Bizkaia, Gipuzkoa, Navarra, Laburdi, Baja Navarra y Zuberoa). 2. Euskadi, País Vasco (referido al conjunto formado por los territorios de Álava, Bizkaia y Gipuzkoa).

Euskal Herria. País Vasco. «Hego Euskal Herria eta Ipar Euskal Herria: País Vasco (del) Norte y País Vasco (del) Sur».

País Vasco eta Euskadi toponimoen adiera-bitasuna ondo deskribatuta dago, baina ez dit arazoa konpontzen. Valentzian ulertuko badidate, nola itzuli behar dut Euskal Herria gaztelaniara? Parafrasi luze bat? Ez ote du gaztelaniak toponimo argirik horretarako?

Hor jarraitu dut, irtenbide bila. Ez dizuet esango zer jarri nuen, baina itzultzaileek erabiltzen dituzten beste ihesbide (edo konponbide) batzuk ikusi nituen:

Investigadores del País Vasco, en colaboración con el Real Jardín Botánico y el Instituto Forestal de Eslovenia…/Euskal ikertzaile batzuek, Espainiako Erret Lorategi Botanikoarekin eta Esloveniako Baso Institutuarekin batera

Hor dugu beste ihesbide, eta nahasbide, bat: euskal adjektiboak, hor, ez du zerikusirik euskaldun izatearekin, jakina, euskal ikertzaile horiek erdaldunak zein euskaldunak izan zitezkeen eta. Eta eusko ikertzaile batzuek ere ez genuke jarriko, ezta? Hizkuntzari lotuta ez dagoen eusko kuasiaurrizkia (Eusko Jaurlaritza, Eusko Alkartasuna eta  Eusko Label gisakoez gainera, baliagarria da hizkuntzari ez eta lurralde bati erreferentzia egiteko, hala nola geologoek erabiltzen duten Arro eusko-kantauriarra gisakoetarako) gehiago baliatu behar genukeelakoan nago, baina, oraingo kasu honetarako, ez dut uste ezer konponduko lukeenik.

Beste askotan, ez da zalantzarik izaten.

En la investigación participan 19 grupos científicos de Andalucía, Baleares, Canarias, Cataluña, Navarra, País Vasco y Valencia. / Ikerketan parte hartzen ari dira 19 talde zientifiko, eskualde hauetakoak: Andaluzia, Balearrak, Kanariak, Katalunia, Nafarroa, Euskadi eta Valentzia.

(Nafarroa eta Euskadi elkarren ondoan egonda, garbi dago Euskadi hori Euskal Autonomia Erkidegoa dela, inork zalantza badu).

Eta gaztelaniatik itzulitako berria denean? Esango nuke euskal itzultzaile askok País Vasco ikusi eta Euskal Autonomia Erkidegoa itzultzen dutela askotan, eta ez Euskal Herria, baina ez beti. Gainera, nahastea lehendik dator. Euskal Herriko Itzulia EAEkoa da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria ere bai, baina Euskal Herriko Bertsozale Elkartea Euskal Herrikoa da, Euskal Herriko Surf Federazioa ez dakit nongoa den…

Guk hainbeste komeria geure herriaren izena txukun eman nahian, eta beste batzuek, berriz, ez dute arazorik bereari «sinonimoak» jartzeko. Begira aurten zer galdetu dieten Geografia irakasgaian unibertsitaterako hautaprobetan:

Relieve peninsular (beste inolako oharrik gabe)

Horra hor erraztasuna: peninsular adjektibo erreferentzialak, batere arazorik gabe, península ibérica erreferentea ekartzen du. Izan zitekeen edozein penintsula, jakina, baina zenbat laguntzen duen pragmatikak.

Euskarazko bertsioan, berriz, honela joan zen:

Iberiar penintsulako erliebea

Esango nuke, gainera, «relieve peninsular» galdetu zuenak Espainia zuela gogoan, eta ez Iberiar penintsula, Portugalgo geografia ez baitzegoen aztergai.

Baina, ari naizela, ari naizela, Euskal Herritik kanpora joan naiz. Tiriki trauki.

Neu naiz alfa eta omega

Alfontso Mujika Etxeberria

Ez, ez erreparatu izenburuko hitz-hurrenkerari, ez egon horren peskizan. Gaurko aletxo hau ez da duela bizpahiru aste Juan Garziak paratutako “Galdegaia aditzaren atzean” gai zinez interesgarri eta mamitsuaren segida. Kontu azalekoago bat, hutsalagoa, ekarri dut lerro hauetara, hutsaren hurrengo interes praktikoa izango duena, ziur asko, blog honek dituen irakurle gehien-gehienentzat. Ohartarazita zaudete, beraz.

Hasteko, begiratu txiki bat Bibliari. Sinestuna nahiz sinesgabea izan, Biblia Mendebaldeko kulturaren erreferenteetako bat da, eta abiapuntutzat hartuko dut. Honela dio Apokalipsiak 21. kapituluko  6. txatalean:

Azkenik, esan zuen: «Egina dago! Neu naiz Alfa eta Omega, hasiera eta bukaera. Egarri denari neuk emango diot doan biziaren iturburutik.

Hor ageri dira alfabeto grekoaren bi letra-izen, lehenarena eta azkenarena. Grekoa sekula ikasi ez dugunok ere ezagutzen ditugu, eta ez horiek bakarrik. Eskolatik pasatu den orok borrokatu behar izan du pi letrarekin, oinarrizko geometria ikastean. Eta grekoz ez dakien jende askok badaki, halaber, alfabeto horretako lehen lau letrak alfa, beta, gamma eta delta direla. Hortik aurrera…

Hortik aurrera ere, alfabeto grekoa ez da “letretako” jendeari soilik dagokion kontua. Zientzia eta teknologiako edozein ikasketatan, alfabeto grekoaren letrak noiznahi agertzen dira. Edozein ingeniarik, konparazio baterako, alfabeto grekoaren letra guzti-guztiak erabiltzen ditu bere ikasketetan.

Horrenbestez, badu nolabaiteko garrantzia letra horiek euskaraz nola idatzi eta ahoskatu behar ditugun jakiteak. Letra horien izenak lexiko arrunteko erreferentziako hiztegietan sarrera dira. Adibidez, RAEren edo Espainiako Errege Akademiaren hiztegian (Diccionario de la lengua española) edo Frantziako Trésor de la Langue Française hiztegian, alfabeto grekoaren letra guztien izenak sarrera dira.

Pentsa liteke aspalditik finkatutako grafia dutela letra-izen horiek gure bi auzo-erdaretan. Bada, bai eta ez. Gaztelaniaz, adibidez, 1992 arte, my, ny, zeta eta theta agertzen zen RAEren hiztegian. Geroztik, mi, ni, dseda eta zeta dira, hurrenez hurren (Hala ere, zientzian eta teknologian, ohikoa da gaztelaniaz, ez my eta ny, ez mi eta ni esatea eta idaztea, baizik eta mu eta nu). Eta frantsesez, adibidez, xi/ksi grafia-aldaera dago, baita zêta/dzêta ere (ez dira agertzen Frantses Akademiaren Dictionnaire de l’Académie française hiztegi ofizialean).

Eta euskaraz? Hiztegi Batuan pi eta omega besterik ez dago. Alfa bera ere falta da, baina pentsa daiteke hala idaztekoa dela, alfabeto, alfanumeriko eta antzeko hitzak araututa baitaude. Gainerako guztiak falta dira Hiztegi Batuan.

Hala ere, oraindik Hiztegi Batura pasatu ez badira ere, Euskaltzaindiak onartu berri ditu alfabeto grekoko letra guztien euskarazko izenak. Zeharka gertatu da: Exonomastika batzordea astroen izenei buruzko arau bat lantzen ari zen, eta, izarren eta konstelazioen izenen atalera iristean, ikusi zuen letra grekoen izenak erabiltzen direla izarrak adierazteko eta hizkuntza bakoitzak bere sistema grafikoaren arabera moldatzen zuela grafia. Adibidez, χ letraren izena ji da gaztelaniaz, khi frantsesez eta katalanez, chi da ingelesez eta portugesez… Horregatik, euskaraz ere izen horien grafia finkatzea komeni zela iritzita, proposamena landu zuen, eta Euskaltzaindiaren Osoko Batzarrak, eztabaidatu eta oharrak egin ondoren, onartu egin zuen joan den maiatzean. Laster argitaratuko da astroen izenei buruzko araua; han, eranskin gisa, letra grekoen izenen zerrenda emango da. Gero, hurrengo itzulian edo, Hiztegi Batura pasatuko dira.

Hau da zerrenda onartua:

euskara

gaztelania

frantsesa

ingelesa

larria, xehea

alfa

alfa

alpha

alpha

A, α

beta

beta

bêta

beta

B, β

gamma

gamma

gamma

gamma

Γ, γ

delta

delta

delta

delta

Δ, δ

epsilon

épsilon

epsilon

epsilon

Ε, ε

zeta

dseda

zêta/dzêta

zeta

Z, ζ

eta

eta

êta

eta

H, η

teta

zeta

thêta

theta

Θ, θ

iota

iota

iota

iota

I, ι

kappa

kappa

kappa

kappa

K, κ

lambda

lambda

lambda

lambda

L, λ

mu

mi

mu

mu

M, μ

nu

ni

nu

nu

N, ν

xi1

xi

xi/ksi

xi

Ξ, ξ

omikron

ómicron

omicron

omicron

O, ο

pi

pi

pi

pi

Π, π

ro

ro

rhô

rho

Ρ, ρ

sigma

sigma

sigma

sigma

Σ, σ,  ς

tau

tau

tau

tau

T, τ

upsilon

ípsilon

upsilon

upsilon

Y, υ

fi

fi

phi

phi

Φ, φ

khi2

ji

khi

chi

Χ, χ

psi

psi

psi

psi

Ψ, ψ

omega

omega

oméga

omega

Ω, ω

1  taxi, oxido edo axioma hitzetako –xi– silaba ahoskatzen den moduan.

2 Gaztelaniaz ji ahoskatzen den moduan.

Hunkikiak?

Alfontso Mujika Etxeberria

Lagun lankide batek jarri dit hizpidea. Datu asko ere berak bildu ditu. Duela hiruzpalau aste, hunkikia gora eta hunkikia behera aritu omen ziren Euskadi Irratian.

Zer da hunkikia? Ez al dakizu? Nik ere ez nekien, baina, tira, nik ez jakitea nire jakinezaren adierazgarria besterik ez da (Hasteko, zuek txiste txar erraza egin baino lehen, nik egingo dut: hunkiki no es un kiki —barka, Iparraldekook; gaztelaniazko argota jakin behar da, ulertuko bada—).

Ingelesezko emoticon hitzaren euskarazko ordaintzat erabiltzen dute batzuek, antza denez. Emoticon terminoa emotion icon-en akronimoa da. Ingelesez, hitz berriak sortzeko ohiko prozedura da horrelako «copy&paste hitzak» erabiltzea. Hona hemen prozedura hori erabiliz sortutako hitzik ezagunenetako bat: transfer + resistor –> transistor.

Hitza berria da, baina ez berri-berria: 26 urteko gaztea da. Dirudienez, 1982ko irailaren 18an erabili zuen Scott Fahlman zientzialariak lehen aldiz holako marrazkitxo bat mezu elektroniko batean (horrelako zeinuak, dena den, askoz lehenagokoak dira: XIX. mendean hasi ziren erabiltzen). Eta zeinu hori izendatzeko hitza, emoticon, Webster hiztegiak dioenez, 1987an jaio zen.

Emoticon-001Horrelako hitzak kanpotik iristen direnean, normala da mailegatzea, grafia etxekotuta edo gabe. Hala, egokituta, émoticône erabiltzen da frantsesez (ingelesezkoa kalkatuz: émotion eta icône); emoticono gaztelaniaz (DRAE hiztegian sarrera da), prozedura bera erabiliz; emoticona katalanez; emosikon indonesieraz; emotikon polonieraz, estonieraz, txekieraz…; eta emoticon, egokitu gabe, alemanez, italieraz, portugesez, nederlanderaz, errumanieraz…

Beste batzuek, berriz, bere bideari ekin diote. Frantses hizkuntzaren arduradunek, ingelesaren aurkako gurutzadan aitzindari, ordainak proposatu edo hobetsi dituzte:

— Le terme binette a été proposé par l’Office québécois de la langue française en 1995 et s’est imposé à l’usage au Canada.

— En France, le terme frimousse a été adopté en 1999 par la Commission générale de terminologie et de néologie.

Beste kontu bat da proposamen horiek zer arrakasta izan duten. Frantsesezko Wikipedian, esaterako, émoticône da sarrera; Larousse hiztegian, berriz, émoticon. Eta Googlen pixka bat ibiltzea aski da ikusteko mailegua dabilela jaun eta jabe frantsesez.

Euskaraz ere, ohi bezala, UTIKAN MAILEGUAK! lemapean bildurik, ordain jatorrak asmatzeari ekin genion beste behin ere (hizkuntza jolasteko ere bada eta, zer arraio!). Itzulisten, adibidez, mezu-truke ugaria ibili genuen 2000. urteko azaroan.

Ofizialki hiztegi batean, UZEIren Informatika eta Internet hiztegian agertu zen 2001. urtean. Honela:

aurpegiera, begitarte

Gaur egun ere, Euskaltermen, orduan bezala ageri da (2011ko data du, berrikusi —eta berretsi— den seinale). Elhuyarren Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoan ere berdin dator; arazoak ikusten genizkien aurpegiera eta begitarteari, baina, Euskaltermen zegoenari men egiteagatik, berdin uztea erabaki zen, konbentzituak ez bageunden ere.

Baina —debalde festa preparatzen det— izan dira saio gehiago ere. Adibidez, euskarazko Wikipedian, sentikur agertzen da. Eta hunkiki txirenea ere hor dabil, antza (iragarki, estalki… gisakoen haritik proposatua, nonbait).

Bila ibili naiz hunkiki hori non nork erabiltzen duen. Eta hauxe aurkitu dut:

Itzulisten, 2006ko ekainaren 12an, Amaia Apalauzak «Proposamenik ‘emoticones’ hori euskaraz emateko?» galdeturik, honela erantzun zioten (besteak beste):

«Lagun batek ‘hunkiki’ hitza proposatu zidan behin».

Google salatariak neska batzuen kuadrilla-kontuak aireratzen ditu (berek jakin gabe, esango nuke), eta han bakarrik agertzen da hunkiki sarean (neska horiek erabiltzen duten seinale, dena den). Corpusetan, ez da ageri.

Orain, serio antzean, zer egin behar genuke?

Ingeles ahalguztidunean emoticon izanik, gaztelania eta frantses ia ahalguztidunetan emoticono eta émoticône izanik, urte batzuk pasatu direla eta hitz berria etxekotzeko ahaleginaren emozioa pasatuxea dugula, zuhurra, logiko edo zentzuzkoa ote da mailegua baztertu eta beste aukeretan indarrak xahutzen jarraitzea? Estandarizazioa baldin badugu helburu, uste dut zerbait homologagarria behar dugula.

Ez zait iruditzen aurpegiera eta begitarte ordainek jatorrizko emoticon hitzaren euskal ordain arrakastatsuak izateko baldintza guztiak (linguistikoak, soziokulturalak, soziopragmatikoak —ondo erabili ote dut azken izenondo hori?—) betetzen dituztenik. Inguruko erdaretan eta nazioarteko lingua francan (ingelesa) hitz berri eta espezializatu bat nagusitu denean, errealista ote da guk beste esanahi jator bat duten ordainak proposatzea? Zabalkuntza semantikoa baliabide bat da lexiko berria sortzeko, bai, baina kontuz eta adostasun handiz erabiltzekoa da. Nire iritzia da bi ordain horiek —proposatu zirenetik dozena bat urte pasatu direla— ez dutela arrakasta lortu. Eta sentikur eta hunkiki aukerez ere, tira, zer esan?

Horregatik, uste dut zuzenean emotikonori zabaldu behar geniokeela bidea, eta sustatu. Oso nazioartekoa da, eta, gainera, euskaraz dagoeneko hala erabiltzen ari da. Euskarazko Wikipediak berak jasotzen du (sentikur formarekin batera), eta, Googlen ibilita, ikusten da bidea egiten ari dela, proposatu diren gainerako ordainak baino gehiago erabiltzen baita.

Herraturik ote gabiltza «erratu» aditzarekin?

Alfontso Mujika Etxeberria

Ikus Hiztegi Batua:

erratu, erra, erratzen. du ad. Bizk. ‘huts egin’,

Ikus Euskaltzaindiaren hiztegia, hiztegietan berriena eta, egilea nor den ikusita, baita arauemaileena ere:

erratu, erra, erratzen du ad. Bizk. Huts egin, ez asmatu. Aita Santuak ezin erra dezake. Laster igarri nion erratu nuela. Bidea erratu zuen. Fedean erratu. Erratzen duena zuzentzea.

DU aditza dela esaten digu, eta bizkaierazkoa dela. Bat dator, guztiz, Orotariko Euskal Hiztegiarekin, hau da, tradizioarekin:

erratu.  Tr. Documentado desde Lazarraga, se da sobre todo en autores vizcaínos (…). 1. Fallar, errar, equivocarse; faltar (en algo). Irugarrena korrijietea erratuetan dabena. Bet 14. (…) Fedian erratu daudiela eta apartau diriala Elexiaaren batasunetik. Ur BulaAl 54. (…) baña egingo dabe orregaz erratu. AB AmaE 272. Parkatu Aita, berbaren baten / erratu badot. Ib. 132. Felipak bere ez dau erratu gitxi or. Ib. 249. Baña Arimazain Jauna da gizona, eta erratu leike. Itz Azald 49.

(Con compl. directo). Erratu neben bidea. Lazarraga (B) 1181rb. Bidea erratuta onaxe oraiñ jo dot. AB AmaE 388. Gabaz eta iretargitan / bidea erratu neban. Gand Elorri 97. Eta gaztiak sarri askotan erratzen degu pausua. In Uzt Noiz 53.

Objektu zuzenik gabeko erabilera interesatzen zaigu (objektu zuzena dagoenean, DU aditza da, eta hor ez dago zalantzarik: bidea erratu nuen), eta, tradizioaren arabera, DU aditza da, argi eta garbi: zerbaitetan erratu du. Hona hemen beste erakusgarri bat:

Andres Iturzaeta. Aita Gaspar Asteren icasbide cristinaucorraren Azalduaren laburrac; 1899.

(…) Egia da, baña erratuko baleu, Obispo Jaunak kenduko leuke bere lekutik eta txartzat emongo leuke bere irakatsia; eta alan, Obispo Jaunaren alkartasunean dagoan bitartean, sinistuten dot Arimazainagan Obispo Jaunaren irakatsia.— Baña eta Obispo Jaunak bere ezin erratu leike?— Egia da, baña orduan izango litzake Aita Santuagaitik dongatzat emona.— Eta, ezkenez, ezin erratu leike Aita Santuak? Ez, dalako engañauezingarria, (…).

Tradizioa eta Euskaltzaindiaren ortodoxia bat datoz. Baita gainerako hiztegiak ere:

Elhuyar hiztegi elebiduna:

erratu du ad. B  fallar, equivocarse, errar; faltar (en algo). Laster igarri nion erratu nuela: en seguida me di cuenta que me había equivocado. Bidea erratu zuen: se equivocó de camino.

Ibon Sarasolaren Euskal hiztegia:

erratu, erra, erratzen. du ad. ( 1596) Bizk. Huts egin, ez asmatu. Aita Santuak ezin erra dezake. Laster igarri nion erratu nuela. Bidea erratu zuen. Erratzen duena zuzentzea

Labayru hiztegi elebiduna:

erratu  1 dau : equivocarse, errar. Zeozetan erratzen dauenari zuzentzen lagundu eiozu. Bidea erratu eben eta ordu erdi beranduago heldu ziran. Horretan ez dozu gitxi erratu. Erratu egin dut.
————
equivocar 3 vb., vb. prnl.  Errar o fallar (…) Lo siento, se ha equivocado: Parkatu baina erratu egin dozu.

Hiztegietan, erabateko adostasuna ageri da. Eta benetako erabilera? Azterketan, alde batera utzi ditut forma jokatugabeak (erratuta, erraturik, erratua[k]). Hasteko, idazle eta itzultzaile ustez ereduzkoen jokabidea ikus dezakegu Ereduzko Prosa Gaur eta Pentsamenduaren klasikoak corpusetan.

Lau  idazlek tradizioari jarraitu diote: Ibon Uribarri (Definizio matematikoek ez dute inoiz erratzen), Imanol Unzurrunzaga (edo beti egiaren bila dabilenak hura aurkitu ez arren ez duela erratzen), Iñaki Segurola (eta ez badu jaun medikuak bere hitzean asko erratu) eta Xabier Arregi (Arrazoi ugari eman da argitzeko zergatik erratzen duen naturak).

Gainerakoek, berriz —26 idazle—, DA aditz gisa jokatu dute. Hauek: Alberto Gabikagojeaskoa, Aritz Irurtzun, Edorta Jimenez, Haritz Monreal, Harkaitz Cano, Hasier Etxeberria, Itziar Laka, Jon Alonso, Josu Landa, Josu Naberan, Joxemari Urteaga, Joxerra Garzia, Juan Martin Elexpuru / Bego Montorio, Julen Kalzada, Koldo Izagirre, Markos Zapiain, Monika Etxebarria, Santiago Iruretagoiena, Unai Elorriaga, Unai Iturriaga, Urtzi Urrutikoetxea, Xabier Amuriza, Xabier Aranburu, Xabier Kintana, Xabier Mendiguren Bereziartu, Xabier Paya. Honelakoak idatzi dituzte: txakurrak maiz erratzen dira / Berriro erratu naiz / Ez hadi erratu, Roberto / Lehen aldian berberek aitortzen dute erratu zirela / Erratu egiten gara / …

Egileak «iragazten» ez dituzten corpusetan ere guztiz nagusia da DA moldea:

Euskaltzaindiaren Lexikoaren behatokia corpusak, erratu forma eskatuta, 55 agerraldi bueltatzen ditu.  Forma jokatugabeak (12) eta objektu zuzena dutenak kenduta (1: tiroa erratu DU) geratzen diren 42 formak erratu DA moldekoak dira guztiak ere.

Elhuyarren Web-corpusen atariko corpus elebakarrak bilaketa-konbinazio ahaltsuak ditu: erratu forma eta, ondoren, izan lema eta kategoriaz aditza izatea eskatuz gero, bien arteko distantzia 3 ezarrita, 115 agerraldi itzultzen ditu, erratu DA moldekoak; erratu DU moldekoak, berriz, 12 dira. Eta corpus elebidunean, gaztelaniazko equivocar lema eta euskarazko erratu lema eskatuta ematen dituen adibide jokatu gabeko guztiak (6) erratu DA moldekoak dira.

EHUren Egungo testuen corpusak ere adibide asko ematen ditu: erratu lema eskatu eta erratuta, erratua, erraturik, erratuak, erratzea formak kontuan hartu gabe, 496 agerraldi daude. Han ere, guztiz nagusi da erratu DA moldea (% 90etik gora), dela Goenkalen, dela Berrian, dela Argian, dela literaturan: Imanol Murua, Arantxa Urretabizkaia, Xabier Etxaniz, Ur Apalategi, Julen Gabiria, Mikel Antza, Asier Serrano, Txema Ramírez de la Piscina, Joxe Belmonte, Antton Olano, Katixa Agirre, Pako Aristi… Itziar Otegi eta Iñigo Errasti blogkideak barne.

Noizkoa da tradizioaren aurkako gaur egungo erabilera nagusi hori? Aurkitu dudan adibiderik zaharrena 1896koa da: Ni erratuten ezpanaz (Parnasorako bidea, Eusebio Maria Azkue, 1896), baina ez dut besterik aurkitu XIX. mendean, ezta XX. mendearen lehen erdian ere (XX. mendeko euskararen corpus estatistikoa arakatuta). Zaharrenetakoa da Santi Onaindia bizkaitar idazlearen hau: Baña erratu egin ziran (1987an argitaratua hemen, baina, dirudienez, lehenago idatzia: 1967?). 1980ko hamarkadan jada ugari dira erratu DA moldekoak (eta corpus horretan bertan, guztira, gehiago dira erratu DA moldekoak). Beraz, badira 30 bat urte nagusitu dela molde hori. Eta, gainera, gaur egungo bizkaitar idazleetan ere —bizkaierazkoa baita erratu aditza— nagusi da molde berria.

Zer gertatu da? Zergatik eten da tradizioa? Kalkoa ote da? Gaztelaniazko errar aditza iragangaitza ere badelako (errar en la respuesta) ote? Gaztelaniaz equivocarse aditzaren erabilera pronominala (se equivocó de camino) erabiliagoa delako iragankorra baino (equivocó el camino) iritsi ote da kalkoa (frantsesez ere bada pronominala: se tromper de route)? Haren sinonimotzat har daitezkeen tronpatu eta deskuidatu aditzak DA direlako ote?

Dena dela, garbi dago tradizioa eta gaur egungo erabilera nagusia ez datozela bat.

Nire lankideak gogotik ari dira Elhuyar hiztegi elebidunaren edizio berria prestatzen, aurten argitaratzeko. Orain, une batez, jar zaitez hiztegigile horien larruan:

Zer egin behar dute? Euskaltzaindiaren hiztegia berri-berria da: hiztegia egin zenean, corpusak eta Internet guztion eskura zeuden. Hala ere, Euskaltzaindiak ez du jaso erratu aditzaren erabilera berria. Jakinaren gainean jokatuko zuen hala, ezta? Zer egin behar du Elhuyarko hiztegigileak?

  1. Euskaltzaindiaren ortodoxiara bildu, eta gaur egungo erabilerari bizkarra eman? Esanez bezala: Euskaldun gehienek «erratu da» idazten badute, berek dute errua, erratuta daude eta.
  2. Ala gaurko euskaldunen gehiengoari jaramon egin eta Euskaltzaindiari bizkarra eman, esanez bezala: Ernatu, Euskaltzaindia, XXI. mendean gaude eta!

Oso manikeoa geratu zait aurreko dikotomia, ezta? Zintzo jokatzera, hiztegi batean informazioa eman behar litzateke, eta DU eta, gaur egun, nagusiki DA gisako formulak erabili errealitatea deskribatzeko.

Baina kasu  guztiak ez dira erratu bezain argiak. Hiztegigile gaixoak!

Alferrikako bikoiztasunak

Alfontso Mujika Etxeberria

Seikotea deitu genion guk duela 21 urte araua argitaratu zenean, eta seikotea da oraindik ere gure artean: eliza, burdina, hizkuntza, kultura, natura eta literatura.

Begiratu dezagun atzera, hitz-elkarteen idazkeraren araugintzaren historia polita da eta.

Duela 42 urte heldu zion Euskaltzaindiak lehenengoz hitz-elkarteen idazkeraren gaiari. Sotana-usaineko Euskaltzaindi hark, 1971ko abuztuaren 4an, idaztarau bat onartu zuen, eta, Loturik ala bereiz idatzi behar diren hitz, aurrezki eta atzizkiak atalean, Hitz elkarteak azpiatalean, 19 lerrotan «ebatzi» zuen gaia. Gaurko gaiari dagokionez, honela zioen idaztarau hark:

(…) Aurreko hitzak bilketan letraren bat galdu baldin badu, eta aurreko zein atzeko hitza laburra baldin bada, biak baturik idaztea hobe; bestela, berriz, bereiz. Luzea bezala jotzen da bi silabatik gora duen hitza. Adibidez: Abendats, Arnasots, Elizgizon, Gizabide, Gizalan, Gizatalde, Itsasertz. Baina: Anai maitasuna, Arnas gaitzaldia, Ekonomi arazoa, Eliz agintariak, Filosofi saila, Giza eskubideak, Kultur gaiak, Euskal Kantari, Literatur irakaskintza. Baina bilketa egitean, bi hots, euskeraz elkartzen ez diren hoietakoak, elkar joko baluteke, hori gerta ez dedin, kasu horretan, hitzok bereiz idatziko dira. Adibidez: Eliz zerga, Itsas xori.

Lehentxeago, 1971ko maiatzaren 28an, marratxoaren erabilerari buruzko idaztarauan, Hitz-elkarteak azpiatalean, 18 lerrotan «ebatzia» zuen marratxoa noiz jarri eta noiz ez.

Idaztarau haiek motz gelditu ziren berehala, jakina, eta laster iritsi ziren araua osatzeko eskaerak Euskaltzaindira. 1986an, Lexikologi Erizpideak Finkatzeko batzordea (LEF batzordea) hasi zen lanean, eta, lana gogotik egin ondoren, 1992ko otsailean, Hitz Elkartuen osaera eta Idazkera txostena aurkeztu zion Euskaltzaindiari. Lau hilabete geroago, ekainaren 26an, gomendio gisa onartu zuen Euskaltzaindiak: Hitz elkartuen osaera eta idazkera. Euskaltzaindiaren gomendio arauak (1992.06.26). Eta geroago, 1995eko urtarrilaren 27an, arau gisa onartu zen: 25. araua: Hitz elkartuen osaera eta idazkera. Gomendioa zena arau bihurtu zenean, aldaketatxo batzuk egin zizkioten. Gure gaiari dagokionez, letra lodiz eta azpimarratuta jarri dudan esaldia gomendioan zegoen, baina desagertu egin zen arau bilakatu zenean:

  1. Bukaeran >ia< duten hitzak lehen osagai edo mugatzaile gisa dihardutenean, >a< hori kenduta nahiz kendu gabe erabili: biologi azterketa, geologi irakaslea, pedagogi berrikuntza, ortografi arauak, erreferentzi puntua, diplomazi falta, bidai agentzia, Filosofi Fakultatea, Euskal Autonomi Elkartea, edota biologia(-)azterketa, geologia(-)irakaslea, pedagogia(-)berrikuntza, ortografia(-)arauak, e.a. Hala ere, >a< kenduta erabiltzeari ematen zaio lehentasuna.
  2. Lehen osagaia eliza, burdina, hizkuntza, kultura, natura edo literatura hitza (eta sei hitz hauek bakarrik) duten elkarteetan eliz, burdin, hizkuntz, kultur, natur, literatur forma >a< -gabeak zein eliza-, burdina-, hizkuntza-, kultura-, natura-, literatura- >a< -dunak berdin onargarri dira. Ongi emanak daude, beraz, bai eliz agintaria, burdin fabrika, hizkuntz gaitasuna, kultur emankizuna, natur zientziak, literatur tradizioa modukoak eta bai eliza(-)zerga, burdina(-)saltzailea, hizkuntza(-)eskola, Kultura Saila, naturazalea, literatura(-)joera gisakoak. Lehen osagaiari berezko >a< hori kentzen zaionean, marrarik ez erabili (edota loturik eman, bigarren osagaia erdi-atzizki duten burdingintza modukoetan).
  3. Gainerako elkarte berri guztietan debeku da lehen osagaiaren amaierako >a< kentzea. Beraz eskola(-)liburua, iraultza(-)giroa, jaiotza(-)kontrola, plangintza(-)arduraduna, (…)

18 urte joan dira araua kaleratu zenetik. Eta ez dira alferrik joan. Nire ustez, bada garaia orduan, zuhurtziaren printzipioa erabiliz, zabalik utzi zena bide bakarrera ekartzeko. Bikoiztasunak, berez, ez dira onak; hizkuntzaren estandarizazioari ez diote mesederik egiten, nolabaiteko salbuespen-egoera adierazten dute. Uste dut, puntu horretan, urrats bat aurrera egiteko moduan gaudela (marratxoaren puntuan, adibidez, ez dut uste oraindik egoera horretara iritsiak garenik: marrafiloen eta marrafoboen arteko etena nabarmenegia da oraindik).

Batetik, bukaeran -ia duten hitzak hitz-elkarte baten lehen osagai direnean, ia inork ez du amaierako -a letra kentzen: biologi azterketa, geologi irakaslea, pedagogi berrikuntza, ortografi arauak, erreferentzi puntua, Zientzi Fakultatea… iraganeko (iragan hurbileko) kontuak dira dagoeneko. Oraindik bidai agentzia batzuk ikusten dira, baina “gipuzkoarkeriatzat” har daitezke. Horiek horrela, Euskaltzaindiak arauaren 1. puntua oso-osorik ezabatuko balu, espanturik gabe pasatuko litzateke.

Hel diezaiogun seikoteari. Hiru sail egingo nituzke: batean, burdina eta eliza ditugu. Hiztegi Batuak, esplizitatu ez badu ere, garbi markatu du bidea burdina hitzerako: hitz-elkarteetako lehenengo osagaia denean, sistematikoki galtzen da amaierako -a. Hauek ematen ditu Hiztegi Batuak (aukera bakar gisa): Burdin Aro, burdin barra, burdin hari, burdin harri, burdin hesi, burdin salda, burdin sarde, burdin sare, burdin ur, burdin ziri.

Arauak seikotea zehazten eta «eta sei hitz hauek bakarrik» esaten badu ere, bada beste hitz bat hor sartzekoa, burdina hitzaren jokamoldeari atxikia: arnasa. Hiztegi Batuak esplizitatu egin du, honela:

arnasa iz. [arnas forman erabiltzen da hitz-elkarketako lehen osagai denean: ik. arnas aparatu].

(Bide batez: bada antzeko beste kasu bat ere, -a letraz amaitzen ez den hitz bati dagokiona: itsaso. Hitz horri buruzko aipu espliziturik inon ez badago ere —ez arauan, ez Hiztegi Batuan—, elkartean sartzen delarik, sistematikoki galdu du azken letra Hiztegi Batuko sarrera eta azpisarrera guzti-guztietan: itsas armada, itsas txakur, itsas gaztainondo, itsas igaraba, itsas aingira, itsas arrain, itsas arrano, itsas arrantza, itsas barakuilu, itsas barraskilo, itsas belar, itsas dortoka, itsas fauna, itsas hegazti, itsas hegi, itsas hondo, itsas izar, itsas kabra, itsas lakatz, itsas triku, itsas lehoi, itsas lore, itsas oilar, itsas otso, itsas pinu, itsas portu, itsas suge, itsas txori, itsas uhin, itsas ur, itsas zaldi, itsas zapo, itsas mihilu)

Eliza hitzerako, gauzak ez daude hain garbi Hiztegi Batuan (Kixoteren Con la Iglesia hemos dado, Sancho hura gogoan): eliza-besta edo eliza besta eta eliza-txori edo eliza txori daude batetik, eta eliz guraso eta eliz dei bestetik. Ez dakit zergatik ez duen egin Hiztegi Batuak elizguraso (kontuan izanda eliza gizon* e. elizgizon egin duela) eta elizdei (elizatorra, elizbarruti, elizbatzar, elizbide, elizbira, elizetxe, elizinguru gainerako hitz tradiziodunetan bezala), baina, tira, hobe genuke Euskaltzaindiak zirt edo zart egingo balu, burdinarekin egin duen moduan.

Bigarren sailean, hizkuntza dugu. -kuntza atzizkia duten gainerako hitz guztietan (hezkuntza, hazkuntza…) ez da azkeneko -a galtzen hitz-elkarteetan. Gainera, EAEko eta Nafarroako administrazioetan, aspaldi egin zuten hautua, eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza/Zuzendaritza gisakoetan ez da aukerakoa, erakundearen izena baita. Oso samurra litzateke hizkuntz aukera debekatzea (Orduan, Euskaltzaindiak Euskal Herriko Hizkuntz Atlasa produktuaren izena egokitu beharko luke, besterik ez).

Azkenik, -tura atzizkia duten maileguzko hiru hitzak daude: kultura, natura eta literatura. Nago gipuzkeradunon (gehiegizko) eragina dagoela hor, sakonean, erabakia hartu aurretik galdetegi zabal bat egin baitzen (duela 22 urte), eta erantzun gehienak Gipuzkoa aldetik iritsi baitzitzaizkion Euskaltzaindiari (erantzun guztien % 55,48). Izan ere, ez da oso logikoa. Zergatik onartzen da kultur, baina ez eskultur* edo akuikultur*? Zergatik du literatura hitzak pribilegio hori, eta zergatik ez pintura eta arkitektura hitzek? Zergatik du bulda natura hitzak, eta ez partitura edo tenperatura hitzek? Hitz aristokratikoak ote dira kultura, natura eta literatura?

Kasu honetan ere, administrazioek egina dute hautua: Kultura Saila. Eta, EAEn behintzat, Natura Zientziak da irakasgaiaren izen ofiziala. Egia da kultur ekintza edo literatur generoa gisakoak ohikoak direla oraindik, baina bada garaia alferrikako bikoiztasun horiek desagerrarazteko. Komunitate euskaldun aktiboa duela 21 urte baino umoago eta trinkoago dago orain, eta Euskaltzaindiak aise har lezake aukera horiek murrizteko erabakia.

Gaur, urruti: izarretan

Alfontso Mujika Etxeberria

Lurretik ikusita, Eguzkiak gure inguruan bira bat egiten du egunero. Beste izar asko, berriz, beti geldirik ikusten ditugu, toki berean gauero. Baina Eguzkiaren edo Ilargiaren ibilbidearen inguruan dauden izar-multzoak ez ditugu beti toki berean ikusten: gaueko zeruan lekualdatuz joaten dira urtean zehar —gradu bat egunean—. Urtebete igarotakoan, 365 egun lehenagoko toki berean agertzen dira. Eguzkiaren eta Ilargiaren ibilbidea —ekliptika— barnean hartzen duen zeru-esferako banda bat definituz gero, hamahiru konstelazio «ofizial» sartzen dira, baina, lehengo astronomiarentzat eta bai astrologiarentzat ere, hamabi dira, eta hamabi horien multzoari zodiako deritzo.

Honaino irakurri baduzu, eskerrik asko. Eta lasai. Aurreko paragrafoan bukatu da zientzia.

Orain, hizkuntza. Latinezko zodiacus hitzetik ateratzen da zodiako hitza. Eta latinak grekotik hartu zuen: zoidiakos kuklos («animalien zirkulua») esaten zioten, hamabi konstelazioak adierazteko zeinuen erdiak animaliak baitziren zodiako greko klasikoan.

1571n argitaratu zituen Joanes Leizarragak Kalendrera egutegia, eta latinez eman zodiakoko 12 konstelazioen izenak: Iguzquia Aquariussen, Iguzquia Piscesean, Iguzquia Ariesean, Iguzquia Taurusean, Iguzquia Geminean, Iguzquia Cancerean, Iguzquia Leoean, Iguzquia Virgoan, Iguzquia Libran, Iguzquia Scorpiusean, Iguzquia Sagittariusean  eta Iguzquia Capricornusean.

Geroago, beste idazle batzuek (Larramendi, lehenengo; geroago, 1896an, Arana Goiri eta Berazadi; Ibiñagabeitia), latinezko izen horiek euskarara itzuli-edo egin zituzten:

Aquarius: Urjario (Larramendi), Uriario (Ibiñagabeitia), Ugeta (Berazadi, Arana Goiri).

Aries: Ariizar (Larramendi), Aritoaga (Berazadi, Arana Goiri), Ari (Orixe), Auntz (Ibiñagabeitia).

Cancer: Zamar-izar (Urte), Argiamar (Larramendi), Karramarroaga (Berazadi, Arana Goiri), Karramarro (Uriarte).

Capricornus: Akelargi (Larramendi), Akerraga (Berazadi, Arana Goiri).

Gemini: Biritxi (Larramendi), Bikieta (Arana Goiri).

Leo: Izar leoia (Larramendi).

Libra: Izar libra (Larramendi), Haztaga (Berazadi, Arana Goiri, Ibiñagabeitia).

Pisces: Arrain (Ibiñagabeitia), Arrañeta (Berazadi, Arana Goiri).

Sagittarius: Saietizar (Larramendi), Azkondunaga (Berazadi, Arana Goiri).

Scorpius: Eskorpio (Eusebio Azkue), Arrubia (Ibiñagabeitia), Lupu-izar (Tournier-Lafitte), Lupu-izarti (Larramendi), Lupuaga (Berazadi, Arana Goiri).

Taurus: Zezenizar (Larramendi), Zezenaga (Berazadi), Zezen (Ibiñagabeitia).

Virgo: Birjinizar (Larramendi), Erigon (Ibiñagabeitia), Neskaga (Berazadi, Arana Goiri).

Azken urteotan, hiztegi, entziklopedia eta komunikabideetan adostasun handi samarra lortu da, baina ez osoa: Pisces/Piscis, Sagitarius/Sagittarius

Euskaltzaindiak, astroen izenak arautzeko lan zabalago baten barnean, zodiakoko konstelazioen izenak aztertu, eta otsailaren 22an arautzea erabaki zuen. Araua ez da oraindik argitaratu, astroen izenak atalka lantzen eta arautzen ari baita, eta oraindik hiruzpalau hilabete beharko baitira arau osoa argitaratzerako. 31eskutik bloga ematen ari da, beraz, oraindik beste inon argitaratu ez den berria: zodiakoko konstelazioen izenak, Euskaltzaindiak arautu berriak:

Nazioarteko izena

Euskara Gaztelania Frantsesa
Aquarius Akuarioa Acuario Verseau
Aries Aharia Aries Bélier
Cancer Karramarroa Cáncer Cancer
Capricornus Kaprikornioa Capricornio Capricorne
Gemini Bikiak Géminis Gémeaux
Leo Lehoia Leo Lion
Libra Balantza Libra Balance
Pisces Arrainak Piscis Poissons
Sagittarius Sagitarioa Sagitario Sagittaire
Scorpius Eskorpioia Escorpio Scorpion
Taurus Zezena Tauro Taureau
Virgo Birjina Virgo Vierge

Latinezko izena nazioarteko izena da, eta euskaraz, gaztelaniaz nahiz frantsesez erabil daiteke, eta erabili egiten da. Batez ere, astronomiaren eremuan eta testu teknikoetan erabiltzen da. Besteak, azalpen-izenak dira. Baina, adi!, Euskaltzaindiak ez du arautu astrologian zer erabili behar den, nazioarteko izena, euskarazko azalpena edo bien arteko zerbait. Euskaltzaindiak konstelazioen izenak arautu ditu, eta ez astrologiako zeinuen izenak.

Frantsesez, «Je suis taureau et mon ami est gémeaux; ma mère est poissons, mon père est vierge» esaten da; gaztelaniaz, «Yo soy Tauro, y mi amigo es Géminis; mi madre es Piscis, y mi padre es Virgo».

Euskaraz? Edozertara jartzen gara, baina  «Ni naiz Zezena, eta nire laguna da Bikiak (edo beste ordena, nahi izanez gero: ni Zezena naiz, eta nire laguna Bikiak da); gure ama da Arrainak, eta gure aita da Birjina» moldeari ez diot arrakastarako aukera handirik ikusten (ez Hego Euskal Herrian, behintzat), eta bai txantxarako bidea.

Bai, badago makulua erabiltzeko aukera, jakina. Hiztegiek ere badakarte. Elhuyar hiztegi elebidunak aukera moduan [Aries (zeinuko). Martín es Aries: Martin Aries da]. Zehazki hiztegiak, berriz, aukera bakar gisa [ser Aries, Ahari ikurrekoa izan].

Gaztelaniaz eta frantsesez (eta ingelesez) ia beti makulurik gabe erabiltzen delarik, benetan uste du inork euskaldunok beti makulua hartuta ibiliko garela? Ez, ekonomiaren lege unibertsalaren kontra baitoa hori.

Beraz, non eta ez dugun beste molderen bat aurkitzen (ez zait bururatzen: ni Arieskoa naiz?; ni Aharikoa naiz??; ni Arrainakekoa naiz???; ni Arrainetakoa naiz????; ni ariestarra naiz?; ni birjinarra naiz?), beste bideren bat adostu beharko dugu. Hiru aukera teoriko ikusten ditut: erabat nazioartekoa, erabat azalpen-izenen bidezkoa (soziologikoki ia ezinezkoa iruditzen zait) edo molde misto bat (gaztelaniaz eta ingelesez, molde mistoa erabiltzen da). Adibidez: Akuario, Aries, Cancer, Kaprikornio, Gemini, Leo, Libra, Pisces (eta ez *Piscis), Sagitario, Scorpius (eta ez *Eskorpio; bestela, Eskorpioi), Taurus eta Virgo.

Aniztasunak bizi (eta hondatzen) gaitu

Alfontso Mujika Etxeberria

Garai batean, izakiak zelulabakarrak edo zelulanitzak zirela ikasten zen euskarazko zientzietako liburuetan. XX. mendeko euskararen corpus estatistikoak esan dit 1976an (duela 37 urte!) dagoeneko erabili zela zelulanitz Aranzadik eta Jakinek argitaratutako Natur Zientziak hiztegian. 20 urte geroago, 1996an, Ibon Sarasolaren Euskal Hiztegian ageri zen zelulanitz sarrera. Molde berean sortutako balioanitz ere ez da jaioberria. 1988an agertzen da EUSTATen liburu batean. Eta eleanitz 1991an ageri da lehen aldiz, corpus horren arabera.

Hala ere, XX. mendearen bukaeran, agertu ziren zelulanitz erakoen kontrako iritziak. 2000. urterako, Ibon Sarasolak berak gaitzetsi egin zuen zelulanitz, 5 urte lehenago argitaratu zuen hiztegian hitz hori sartu bazuen ere. Eta arrazoiak ere eman zituen. Honen modukoak:

zelulabakar hitzak ez du arazorik, IZENA + IZENONDOA erakoa delako, adarbakar edo adarbakoitz den bezala.

zelulanitz hitzak, berriz, ez du egitura hori, anitz ez baita izenondoa, zenbatzaile zehaztugabea baizik. Alde horretatik, zelulanitza esatea zelulaskoa esatearen parekoa litzateke. Hegoaldekooi zelulaskoa bezain bitxia gertatzen bide zaie zelulanitza Iparraldekoei.

Horiek horrela, zelulanitz ez eta zelulaznitun proposatu zuen Ibon Sarasolak.

Gai hori Itzulisten ere ibili zen 2001ean (Ikus 10.452 mezua eta segidakoak). Garai hartan, ez ginen oso konforme agertu zelulanitz baztertzearekin, baina, tira, onartu behar zen eraketa zalantzagarria behintzat bazela.

Gogoan daukat 2001ean orain blogkide dudan Igone Zabalarekin mezu-trukea izan nuela kontu hori zela eta. Igonek aipatzen zuen, alde batetik, zelulaniztun loturik idaztea ere zalantzazkoa zela, eta, bestetik, aipatzen zuen anitzek mugatzailea har dezakeela kasu batzuetan, hau da, ugariren parekoa ere izan daitekeela, eta, hori hala izatera, bakar bezain izenondo izango zela, eta, orduan, zelulanitz gisako hitzak eratzea zilegi izan zitekeela.

Orduan ez genituen orain eskura ditugun baliabideak. Orotariko Euskal Hiztegiak esaten digu anitz izena eta izenondoa ere badela, tradizioaren arabera, eta mugatzailea ere har dezakeela, hori erabilerarik hedatuena eta ohikoena ez bada ere (Halakotz erraiten drauat barkhatu zaizkala bere bekhatu anhitzak; Dugun aphurra edo hainitza zureganik da; Hauta zazu hobeki gutia, ezen ez hañitza; Meza haukin hain duk, handi eta hanitz nonbrea;…).

Nolanahi ere, zirrikitu hori itxi egin zuen Euskaltzaindiak Hiztegi Batuarekin. Hiztegi Batuaren lehen itzulian (lehen bertsioan), 2000. urtean, anitz izenondoa debekatu zuen:

anitz 1 zenbtz.: jende anitz etorri da. 2 (*industria anitza e. askotariko industria).

Gero, 2. itzulian,  orain dela 5-6 urte, 2000. urteko bideari eutsi, eta are gehiago zehaztu zuen: [IZEN + anitz] formakoak debekatu egin zituen, eta [IZEN + aniztun] agindu.

aldeanitz* e. aldeaniztun

aldeaniztun izond. ‘alde anitzekoa, alde askokoa’

balioanitz* e. balioaniztun

eleanitz* e. eleaniztun

eleaniztun

Eta, esanekoak garenez, zintzo betetzen dugu Euskaltzaindiaren agindua itzultzaile gehienok. Baina, kanpoan, zer giro?

13 urte joan dira Euskaltzaindiak industria anitza debekatu zuenetik, ezta? Bada, joan den urtean, Ezker Anitza – IU alderdi politikoa sortu zen, gaztelaniazko izenik ez duen alderdi politikoa. Alegia, komunikabideetan, batez ere hauteskunde garaian, egunero-egunero agertu da Ezker Anitza, euskaraz eta gaztelaniaz. Zoaz orain ikastolara, eta esan ikasleei «Euskal gizartea anitza da» gaizki dagoela eta hobe dutela «Euskal gizartea plurala da» esatea.

—Plurala? Maisu, zu bai erdalzalea.

Hartu ikasleak, eta eraman itzazu Donostiako San Telmo Museora Badu, Bada erakusketa polita ikustera. Ai, ama! Begira izenburua: Badu, Bada. Euskara mundu eleanitzean (El euskera en un mundo multilingüe). Han ibiliko zaizkizu ikasleak korridore batean barrena; paretak, ezker–eskuin, «Eleanitza» dioten kartelez josiak. Itzuli orain ikastolara, eta esan ikasleei «mundu eleanitza» gaizki dagoela, «mundu eleaniztuna» behar duela.

—Eleaniztuna? Maisu, nondik atera duzu hitz hori?

Eta, hurrengo goizean, esan baitiezu «eleanitza» deskuiduan jarriko zutela eta badirela ia 6 urte eleanitz hitza debekatuta dagoela, hantxe etorriko zaizkizu ikasleak:

—Maisu, ba al dakizu zer esaten duten Euskadi Irratian Euskal Eskola Publikoaren iragarkian? «Euskal Eskola Publikoa eleanitza da».

Eta etsia nabaritu dizute begitartean.

—Maisu, tio, eske zu ez zara enteratzen!