Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzan lanean ari naizenez geroztik, herritarrek ingurune digitala dela-eta noizean behin bidaltzen dituzten kexak jasotzea ere egokitzen zait, eta kexa horiek ITZULI itzultzaile automatiko neuronalaren jarduerarekin izaten dute zerikusia batzuetan.
ITZULI itzultzaile neuronala 2019an jarri zuten herritarren eskura, eta, besteak beste, IDABA Eusko Jaurlaritzako itzulpenen datu-basearen erabilerak behera egin zuen. Ordura arte, EJko teknikariek bazuten IDABAra jotzeko ohitura, administrazioko fraseologia edo terminologia kontsultatzera, eta zegokion terminorako ordainik topatzen ez zutenean edo ordain bat baino gehiago topatzen zituztenean, DUDANET hizkuntza-zalantzak argitzeko zerbitzura ere jotzen zuten. Itzultzaile neuronala zabaldu zenean, ohiturak aldatu egin ziren: IDABAren erabilerak behera egin zuen.
Orain dela ia urtebete kexatu zen pertsona batek zioenez, discapacitado/a itzultzerakoan minusbaliatu eman zuen eta termino hori oso gaizki zegoen, desgaitasuna idatzi behar baita, desgaitasuna duen pertsona edo desgaitasunen bat duen pertsona. Kexaren helburua zen itzulpen tresna eguneratzea eta hobetzea.
Proba egin genuen, eta konturatu ginen ITZULI orokorra zela okerreko terminoa ematen zuena, ITZULI juridiko-administratiboak desgaitu ematen baitzuen. Gaur ere proba egin dut, kexa eragin zuen esaldi berarekin, eta ezindu eman dit bietan, orokorrean eta juridiko-administratiboan: ezindu ez da minusbaliatu bezain aldrebesa, baina ez da terminorik egokiena ere.
Ni saiatzen naiz azaltzen itzultzaile automatiko neuronalek ez dutela gizakiak bezala lan egiten, probabilitateetan eta algoritmoetan oinarritzen direla, gizakiek baino askoz ere azkarrago itzultzen dutela, baina esaldiz esaldi, testuingurua ezagutu gabe, eta akatsak egiten dituztela; ez dituztela terminoak askotan ondo ematen, ez dituztela sinonimoak bereizten; itzultzaile neuronalek datu asko behar dituztela entrenatzeko, eta zaila dela nola funtzionatzen duten kontrolatzea eta ulertzea; eguneratzea ez dela itzulpen-memoria bat eguneratzea bezain gauza sinplea; urtean behin edo bitan elikatzen eta eguneratzen dituztela, corpus elebidunak eta ordenagailu sendoak erabilita; corpusak bolumen nahikotxo izan behar duela, prozesuak bere denbora behar izaten duela eta bukatu ondoren probak egin behar direla kalitatea hobetu dela egiaztatzeko. Eta esaten diet itzultzaile automatiko neuronalak itzulitakoak beti-beti posteditatu behar direla. Baina ez dakit inor konbentzitzea lortzen ote dudan.
Aste honetan beste kexa bat jaso dugu eta betiko erantzuna eman diot, baina oraingo honetan poz pixka bat eragin dit kexak: Tutore klinikoak eta beste hainbat langilek (erizaina, hidroterapiako zaintzaileaโฆ) itzultzerakoan, ITZULIk el tutor clรญnico y otros trabajadores (enfermeras, cuidadoras de hidroterapia itzuli du. Generoa kontuan hartu behar lukeela dio kexa egin duenak.
Nik proba egin dudanean, egiaztatu dut ITZULI orokorraren emaitza dela kexa eragin duena. ITZULI juridiko-administratiboak el tutor clรญnico y otros profesionales (enfermeros, cuidadores de hidroterapiaโฆ eman dit. Ez dakit maskulino generikoa zuzenagoa den edo maskulino eta femenino estereotipatuak ematea bezain okerra den.
Poz pixka bat eragin didana kontsulta euskaratik gaztelaniara egina zegoela ikustea izan da. Itzulpengintzan ibiliak garenok susmoa izaten dugu neuronalaren erabilera euskararen kalterako izaten dela sarriegi.
Euskara hizkuntza ofizial bihurtu zenez geroztik, nabarmen ugaritu da euskara idatziaren zein ahozkoaren presentzia, eta ugaltze hori, hein handi batean, itzulpengintzari esker izan da. Itzultzaileek ekarpen handia egin dute administrazio-hizkera finkatu ahal izateko; euskarazko testu administratiboen eta teknikoen fraseologia eta terminologia itzulpengintzaren eskutik jorratu dira, neurri handi batean, urte hauetan guztietan. Eta hizkuntza finkatzeko prozesua ez da oraindik bukatu.
Itzultzaile automatiko neuronalen erabilera nagusitu denez geroztik, ordea, arrisku nabarmenak ikusten ditugu: itzultzaileen eta interpreteen bitartez euskarak orain arte irabaziak dituen espazioak adimen artifizialarekin sortutako hizkuntza-teknologiek ordeztekoa; eta horrek, jakina, kalte handia eragiten dio euskararen erabilerari eta kalitateari.
Baina euskara gehiago erabiltzeko eta euskarak espazio berriak irabaz ditzan aukera ere eskaintzen du itzultzaile automatiko neuronalak. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko udal batzuek beren langileen eskura jarri dituzte itzulpen neuronaleko tresnak, euskaraz sortutako testuak gaztelaniara eta beste hizkuntzetara automatikoki itzuli ahal izateko; edo barrurako den agiriren batek hizkuntza-eskakizunen derrigortasun-araudia betetzetik salbuetsita dagoen langileren bati eragiten dionean, eta langile horrek euskara-gaitasun nahikoa ez badu, udal-funtzionamendua ez trabatzeko itzulpen-tresna elektronikoetara jo dezan.
Nolanahi ere, tresna elektronikoak erabili ala ez, sustatu behar dena kalitatezko euskararen erabilera da.
Urri bukaeran Asha Mahan eta Mรณnica Gonzรกlez Gonzรกlez egileen Cuentos hindรบes: desde el รndico a los Himalayas liburuko Ontzi arrakalatua kontakizunaren bertsio euskaratua proposatu nizuen. Gaurkoan beste bat dakart. Irakurri nuen lehenengo aldian gustatu egin zitzaidan. Gerora, konturatu naiz nire egoeraren, asalduraren edo drama-mailaren arabera jarrera bat edo beste hartzen dudala irakurtzen dudanean eta gauza bera gertatzen zait baita besteen esanekin ere. Bidetxoa dut egiteko kontakizuneko protagonistaren kontzientzia-mailara iristeko:
India barnealdeko herri batean oso ona eta herriko guztiek maite zuten gizon bat bizi zen. Zoritxarrez, emaztea hil zitzaion urte batzuk lehenago, eta zuten seme bakarra bere kargu geratu zen. Landa-lanetan aritzen zen, eta bere laguntzailerik kuttunena zaldi zuri dotore bat zen. Goiz batean, ohi bezala animaliari jaten ematera ukuilura joan zenean, ihes egin zuela konturatu zen. Berria berehala iritsi zen auzokoen belarrietara, eta etxera joan zitzaizkion zera esatera:
โBaina zeinen zorte txarra izan duzun! Zenuen zaldi bakarrak ihes egin dizu.
โBai, egia da… Alde egin du โerantzun zuen gizonak.
Gizonak bere nekazal lanen betiko errutinarekin jarraitu zuen. Hala ere, handik egun batzuetara etxetik irtetear zela, sarreran zain bere zaldia zegoela ohartu zen. Baina ez zegoen bakarrik, beste bat ekarri zuten berarekin. Berri onaren aurrean, auzokoak gizonarengana joan ziren, eta esan zioten:
โA ze zortea izan duzun! Zaldia berreskuratu duzu, are gehiago, orain bi dituzu.
โBai, egia da… โerantzun zuen gizonak.
Orain gizonak bi zaldi zituen, eta, horri esker, denbora gehiago zuen semearekin pasatzeko eta herrixka inguratzen zuten parajeetan zehar zaldian ibiltzeko. Baina, egun batean, semea zalditik erori eta hanka hautsi zuen. Orduan auzokoak gizona ikustera joan ziren, eta esan zioten:
โZeinen zorte txarra izan duzun! Bigarren zaldi hori etorri izan ez balitz, zure semea ondo zegokeen orain.
โBai, egia da โerantzun zuen gizonak patxadaz.
Bi aste igaro ziren, gerra hasi zen eta herriko gazte guztiak deitu zituzten armadan sartzeko. Denak, denek maite duten gizonaren semea izan ezik, ohe batean baitzegoen etzanda, hanka bat euskarrian zuela. Oraingoan auzokoek berriro bisitatu zuten gizona eta hauxe esan zioten:
โBai zorte ona zurea! Zure semea gerratik libratu da.
โBai, egia da… โerantzun zuen lasaitasunez gizon zuzenak.
Badakigu burua izan daitekeela gure lagunik onena edo etsairik zitalena, baina zeinen zaila den uneoro arretari, kontzientziari eta zuzentasunari eustea, zer esanik ez urteetan zehar bizirik irauteko tresna eta baliabide izan ditugun patroiak gure barren-barrenean iltzatuta ditugunean eta gure babesik handienak direnean!
Jakina da emozioak eta sentimenduak ez ditugula zentsuratu behar, bizi egin behar ditugula; halere, horietan aingura bota eta hortxe geratzea gure kalterako baino ez da. Esanak esan, bakoitzak bere estrategiak, denborak eta beharrak ditu, eta, batzuetan, inpartzialtasuna, justizia eta oreka alboraraztea eragiten digute barneko zurrunbiloek.
Ai, ene onetsia erran zuen Graziana Jaso andreak hasperenka, barne minak urraturik, etsiak jota, bere amorantearen โJoanes Otsarenโ aldeko hileta-elizkizunaren kanpai-hotsak ziegatik entzun zituenean. Graziana giltzapeturik zegoen senarra engainatzeagatik. Senarra ere preso harturik, Joanes amorantea sastakadaka hiltzeagatik. Bakoitza ziega-zulo batean, Agoitzen. Eskribauak honela itzuli zuen Grazianak euskaraz errandakoa: โAi, ene onetsiaโ, que quiere dezir en romance โay mi bien amadoโ.
Iruรฑeko bizilagun Migel Arraiozek gogor jo zuen bere emazte Katalina Erratzuren kontra, bai eta emaztearen amorante Migel Anotzibarren kontra ere. Katalinak ez zuen inola ere ezkutatu maitalearekiko sentimendua: โNik amorio daukat Migel Anotzibarrekin eta beldurra dut nekez edekiko zaidala harekin dudan amorioaโ. Gertakarien lekuko batek ere antzera deklaratu zuen auzian, horixe entzun baitzion Katalinari, emaztea ohatzean burua hautsirik zetzala, senarrak emaniko makilakadaren ondorioz: โMigel Arraiozek ez dit bada edekiko nik harekin dudan amorioaโ.
Maria Izturitz Iruรฑeko bizilaguna preso hartu zuten, senarrak Petri Uztaritz izeneko gizonaren ondoan harrapatu zuelako etxeko logelako ohatzean. Senarrak, Martin Iraรฑetak, โzer ari haiz bellakoa?โ erran zion kolera gorriturik gizonari, labana eskuan zeramala, eta Maria eta Petri ihes egiten saiatu baziren ere, Martinek labankadaz josi zuen Petri. Behin atxiloturik, senarrak auzian adierazi zuen ezen, etxeko eskaileretan gora ziztuan zihoanean, argi eta garbi entzun zuela emazteak โhik eta nik semeto baten egin bageneza!โ erran ziola kontent Petriri hainbat aldiz, erran nahi baita, โยกo, si tu y yo hiciesemos un hijito!โ idatzi zuen gaztelaniaz kasuan kasuko eskribauak.
Hainbat emakume kalaka bizian eta txutxu-mutxuka ari ziren Iruรฑeko Arrotxapea auzoan, Arga erreka bazterrean, arropa eskuz garbitu bidenabar. Iduri duenez, hiriko bi gaztek ezkontzeko promesa egin zioten hitzez elkarri, baita sinatu ere, baina azkenean mutilak โPedro Aierrakโ hitza jan, atzera egin, eta giltzapetu zuten. Epaiketako paperetan jasoa dagoenez, emakume haietako batek omenka zekien zer gertatu zen: โomen diote mutilak entzun duela neskatoa ez dagoela bere hondran.Erran omen diote neskatoa useginik dagoela eta horrengatik ez omen da joan (neskatoarekin)โ. Bertze gauza bat ere erantsi zuen neskatoari buruz: โLehen ere neskatoaren izebak bere dendan aurkitu omen zuen (neskatoa) alkate Liedenaren mutilarekin eta horregatikan atera omen zuen etxetikโ.
Horratx lau istorioak, laurak ere Nafarroako Artxibo Nagusiko paper zaharretan jasotakoak, azken urteotan argia ikusitakoak, garaian garaiko euskararen lekukoak, kasuan kasuko eskribauek idatzitakoak, iraganeko misoginiaren erakusgarri.
Modu xaloenean arrautza irabiatu eta zartaginean buelta eta buelta prestatutako jakiari euskaraz gutxienez hiru formatan deitu ahal zaio: arrautzopila, tortilla eta omeleta. Eta hala egin dute euskal idazle ezberdinek, bakoitzak bere gustu estetikoei, bere behar narratiboei edo bere unean uneko apetari jarraituz. Arrautzopil darabilte Iรฑaki Segurolak eta Juan Kruz Igerabidek, esaterako, Gaur ere ez du hiltzeko denborarik egingo eta Hauts bihurtu zineten lanetan, hurrenez hurren. Arrakasta gehiago du tortilla hitzak, Ereduzko prosa gaur webgunean egiaztatu ahal izan dudanez, bertako corpusean, itzulpenak aintzat hartu gabe, 81 aldiz agertzen delako, 28 idazleren eskutik. Horri gehitu behar zaio beste hiru agerpen tortila grafiapean. Omelet aldaerak jarraitzaile gutxiago du: Koldo Izagirre edo Joseba Sarrionandia hartaz baliatzen dira, kasu, Sua nahi, Mr. Churchill? eta Lagun izoztua lanetan.
Itzultzaileek ere beren itzulpen lanetan hiru hitzon artean aukera dezakete. Baina, kasu honetan, haietako baten erabilpenak okerrera eraman dezake, bi jaki ezberdinak nahasita: osagai nagusia arrautza duen ore frijitua, alde batetik, eta, bestetik, arto edo gari irinez egindako talo modukoak, Hego Amerikako sukaldaritzan, eta bereziki Mexikokoan, hain ezagunak direnak. Euskaraz, gaztelaniatik datorren polisemiak kutsatuta, biei tortilla izena ematen ahal zaie.
Truman Capoteren Odol hotzean eleberrian (Igela, 1993), Texasetik Mexikoko muga zeharkatu ondoren โtortilla hotz, oliotsu bat ari zen jatenโ protagonistetako bat (jatorrizkoan ere, โhe was eating a cold, oily tortillaโ). Oscar Wilderen Dorian Grayren erretratua-n (Elkar, 1986), berriz, zerbitzariak jauna hotz ote den galdetzen dio โmahai gainean tortila bat uzten duen bitarteanโ (edo โputting an omelette on the tableโ). Tortilla (edo tortila) darabilte euskaraz Gaรซl Fayek, Dolores Redondok, Jean-Paul Sartrek, Graham Greenek, Dashiell Hammetek, Maxim Gorkik, Jack Kerouacek, Malcolm Lowryk edo John Steinbeckek[1]; eta euskal irakurleak, jatorrizkora jotzerik ez badu, kontestuari-edo jarraituz erabaki beharko du, asmatu nahi badu egile horietatik zeintzuk ari diren mota bateko tortillaz [erantzuna: hasierako seiek] eta zeintzuk besteaz [amaierako hirurek].
Nahasbiderik ez dute itzulpenean erabilitako arrautzopil hitzak, zeina, bide batez, seguruenik horrexegatik euskal idazleengan baino maiztasun handiagoaz agertzen baita euskal itzultzaileengan, eta omelet hitzak.
Tortilla eta amuarraina
Sukalde kontuetatik atera gabe, bada beste erabilera polisemiko nahasgarri bat, oraingoan eremu geografiko eta linguistiko bakarrean ematen dena. Katalanez hitz bera erabiltzen dute arrautzopila zein amuarraina izendatzeko: truita. Sarean begiratu dudan katalanezko hiztegian arrautza irabiatu eta frijituari ematen diote lehentasuna adieretan. Bigarren dator ur gezako arraina. Paradoxikoki, hitzaren jatorrizko adiera bigarren hau delako (latinezko tructa hitzetik datoz katalanazko truita, gaztelaniazko trucha, frantsesezko truite edo italierazko trota). Arrautzekin egindako jakia ere katalanez truita izendatzearenak erabilera metaforiko batean omen du jatorria: gurean tortilla frantsesa deitzen dugun horrek duen itxurak arrain batena gogora dezake eta omeletari paderan eman beharreko itzuliak ere amuarrainek errekan ematen dituzten jauziak ekar ditzake burura.
Ez dakit katalanak nola moldatuko diren bata eta bestea bereizteko tenorean. Testuinguruari kasu eman behar zaio, ez zait besterik otutzen, eta baliteke beti ez asmatzea, testuinguruak laguntzen ez badu.
Orain egun batzuk Madrilgo liburutegi publiko batean Yo no soy Mikel Laboa eleberri grafikoa topatu nuen (Iturriaga, Cano eta Larretxeren Ni ez naiz Mikel Laboa-ren itzulpena). Ezusteak alaituta eta jatorrizkoa irakurria ez nuenez, maileguan hartu nuen. 86. orrialdean Mikel Laboak Marisol Bastida emazteari โnecesitamos menos psiquiatras y mรกs somiatruitesโ esaten dio, biak alabarekin Bartzelonan bizi direla. Jarraian azaltzen dio: โes como dicen en catalรกn a quienes tienen muchos pรกjaros en la cabezaโฆ, que sueรฑan con truchasโ. Lau orrialde aurrerago, senar-emazteak korrika doaz eskaileratan gora alaba sehaskan lo lasai ote dagoen ikustera. Hala dago. Lo eta beharbada baita ametsetan ere, buru gainean lau amuarrain dituelako elkarri segika biribilean, mugikari batetik zintzilik.
Baina zerekin egiten dute amets katalan ameslariek? Amuarrain ala arrautzopilekin? Dudarik gabe lehen aukera poetikoagoa da (eta hala dela egiaztatzeko aski da aipatu komikiaren irudiak ikustea). Halere, jakin-minak hartaratuta aurkitu dudan onlineko informazioan balantza bigarrenaren alde makurrarazten dela ematen du. โQui tรฉ gana, somia truitesโ esaeratik eratortzen dute, zeina bere aldetik โqui tรฉ gana/fam, somia paโ esaeraren aldaera litzatekeen [hau da, gose denak omeletak amets, edo ogia amets].
Bitxia da benetan zerekin egiten duten amets hizkuntzan hizkuntzako gosetiek. Ogiarekin errumaniarrek, portugesek, poloniarrek edo greziarrek. Ingelesezko goseberak urrunetik aditzen du haragi errearen usaina. Mexikon, berriz, gose denak โpiensa en tortillasโ, baina ez, jakina, katalanek ustez buruan izan dezaketen berberetan. Hungariako katuek sagua dute amets eta โgehitu ohi duteโ txerriak ezkurra. Hala egiten du euskal urde goseak ere, ezkurra amets. Edo, bestela, ogia amets txakur goseak. Hortik datoz, beraz, eginkizun eta helburu lorrezinak adierazteko, balizko errotekin eta haizezko dorreekin batera, euskaraz aukeran ditugun txakur-ametsak (edo txakurraren gauerdiko ametsak ere).
Lehengora itzulita, arrautzopilaren eta amuarrainaren arteko ezbai honek garai bateko beste irakurketa bat, Josep Plaren Kale estua (Igela, 2017) ekarri dit gogora. Orduko hartan jatorrizkoarekin alderatu gabe leitu banuen ere, katalanez nekien apurrak susmarazi zidan itzultzaileak ataka gaizto horri aurre egin behar izango ziola bi pasartetan: 9 orrialdean: โAfalordua baino ordu erdi lehenago iritsi nintzen ostatura (โฆ). Otordua antxoa ziztrin bat, mortadela-xerra eta eskarola-izpi batzuekin hasi zen; olio kiratsez eginiko tortilla bat eta okela mehe eta katu-belarria bezain larruantzekoarekin jarraitu zuenโ. 74.ean, berriz, โJaki-ontzia atera zuten. Mokadu jan zuten: amuarrain marguldua, sandwich batโ.
Egiaztatu dudanez, Plak bietan pertsonaiei truita janarazten die: โVaig arribar a la fonda mitja hora abans de lโhora de sopar (โฆ). El repร s sโiniciร amb una trista anxova, un tallet de mortadelยทla i uns brins dโescarola; seguรญ una truita elaborada amb oli sentรณs i un bistec subtil i coriaci com una orella de gatโ eta, aurrerago, โObriren els portaviandes. Menjaren una queixalada: una truita dโuna grogor esvaida, un sandvitxโ. Nik, hori kolore hitsaren aipamenagatik, hondartzan jateko eramaten errazagoa izateagatik edo nik hotz hartu nahiago izaten dudalako, printzipioz esanen nuke tortilla dela bigarren kasuan ere. Lehendabizikoan, baina, ez nuke eskua olio kirats gainean jarriko.
Nolanahi ere, kasu batean ala bestean (izan tortilla ala tortilla, izan truita ala truita), bitxia da eleberri bateko pertsonaiek zer jaten duten nola aldatu daitekeen hizkuntza batetik, itzulpen batetik, bestera.
[1] Ondoko lanetan, hurrenez hurren: Ene herri txikia (Igela, 2019), Hezurren ondarea (Erein, 2013), Goragalea (Alberdania/Elkar, 2003), Giza faktorea (Ibaizabal, 1997), Maltako belatza (Igela, 1997), Ama (Ibaizabal, 1995), Errepidean (Pasazaite, 2018), Sumendiaren azpian (Alberdania/Elkar, 2008) eta, nola ez, Tortilla Flat (Elkar, 1995). Datu hauek guztiak EHUko Hizkuntzen arteko Corpusa webgunean bildu ditut.
Itzulpengintza eta Interpretazioko graduan Itzulpengintzaren Teoria ikasgaia ematen dudanean gustura irakatsi ohi dut Itamar Even-Zohar pentsalariaren Polisistemen Teoria. Even-Zoharren ideiak ezagutzen dituenak erraz ulertuko du zergatik: itzulpengintzari gorazarre egiten dio nolabait. Haren arabera, hizkuntza txiki eta gutxietan itzulpengintzak zeresan nabarmena du literatur sistemaren osaeran. Itzulpenen bitartez literatur errepertorioa zabaltzen omen da, teknika eta abangoardiak inportatzen, hizkuntza poetikoa aberasten… Itzulpenak, finean, ideia eta molde berrien eroale dira, eta sorkuntzan aritzen diren bertoko idazleentzat inspirazio-iturri.
Itzulpenak literatur sistemarentzat kanpoko berrikuntzen sarbide diren bezala, itzultzaileentzat autokonplazentziarako iturri dira Even-Zoharren ideiak. Bai inportantea euskal literaturari egiten diogun ekarpena. Gora gu.
Duela gutxi Harkaitz Canok, Iker Sanchok eta hirurok mahai-inguru batean parte hartu genuen Aldecoa Festibalaren barruan, Beรฑat Sarasolaren gidaritzapean. Mahai-inguruak โItzultzaileak, ipuingintzaren lurraldean mugalari: Txekhov, Carver eta Munro euskaraz (eta euskaratik harago)โ zuen izenburu, eta Cano, Sancho eta hirurok idazle horiek itzuli ditugun heinean geunden han, haien literaturaz eta haien arteko loturez jarduteko. Entzuleen galderen txandan, jaialdiaren antolatzaileak, Iban Zalduak, idazle horiek euskal idazleengan izan duten eraginaz galdetu zigun publikoaren artetik. Eta erantzuten hasi ginenean, errealitatearen dimentsio paralelo batera pasatzen ginela iruditu zitzaidan, han ginen guztion artean inplizituki itun bat sinatu izan bagenu bezala. Egiatik hurbil, baina egiantzeko baino ez.
Azal dezadan. Atzerriko hiru idazlek euskal idazleengan izan duten eraginaz galdetzen ari zitzaizkigun kanpoko idazle horiek euskaratu ditugun itzultzaileoi. Horrela planteatuta eta egoera soziolinguistiko normal batean biziko bagina, balizko eragin horren zubigile gisa erantzuten arituko ginateke, geure itzulpenen bitartez iritsi izan balitzaie bezala euskal idazleei eta oro har irakurleei Txekhov, Carver eta Munroren ahotsa. Eta badakigu ez dela horrela. Edo ez guztiz behintzat. Euskal idazle eta oro har irakurle guztiak elebidunak gara gaur egun, eta euskaraz ez ezik, gaztelaniaz edo/eta frantsesez ere irakurtzen dugu. Ederra da pentsatzea beren unibertso literarioetan hiru idazle horien aztarna jaso duten euskal idazleek euskaraz ezagutu zituztela haien obrak. Baina, hala izan balitz ere โegile horiekiko lehen harremana euskaraz egin izan balute ere, alegiaโ, uneren batean gaztelaniara edo frantsesera (edo jatorrizko ingelesera, adibidez) salto egin beharko zuten beren irakurketa osatzeko. Txekhoven eta Carverren hiru liburu daude euskaratuta, eta Munroren bi; gaztelaniaz eta frantsesez egile horien obra osoa dugu eskura (eta โeskuraโ esan dudala baliatuta, gogoan har dezagun Iรฑigo Satrustegik blog honetan euskararako itzulpenen deskatologazioaz esandakoa). Ondo dakigu denok euskal liburugintzak ez duela gaztelaniazkoaren eta frantsesezkoaren muskulua (ezta katalanezkoarena ere, bide batez).
Labur esanda, kanpoko eraginak euskararen bitartez bai, baina gaztelaniaren eta frantsesaren bitartez ere jasotzen ditugu euskal irakurleok; eta irakurketa-esperientziak hiztunak adina direnez, zenbait irakurleren kasuan (gehienenean esaten ausartuko naiz) proportzio handiagoan iristen zaizkigu bi erdara horietatik euskaratik baino. Euskal itzultzaileak ez gara pentsatu edo nahi bezain influencerrak. Itamar Even-Zoharrek gezurra esan zigun, edo guk, inozook, ez genuen jakin ondo ulertzen. Literatura itzuliak literatur sistema osoa egituratzen zeregin garrantzitsua duelako ideia ez zaio ondo ezkontzen hizkuntza handiago baten ondoan eta mende bizi diren hizkuntza gutxituen kasuari, haietan elebitasunak (diglosiak!) ez diolako itzulpengintzari sarbide nagusia izaten uzten.
Nik, nolanahi ere, baikortasun menderaezin baten jabe izaki, uste dut euskal itzulpengintzak baduela bere zeresantxoa. Seinalatzaile gisa, hain zuzen. Euskararako itzulpengintzak linternarena egiten duela iruditzen zait: iluntasunean arreta non jarri erakusten digu nola edo hala. Xaloa bezain harroa naizela pentsatuko duzue agian, baina nire irudiko zenbait egile euskarara itzuli izanak modan-edo jarri ditu euskal irakurleon gure zirkuitu txikian. Eta beste idazle batzuk, zeinak erdal literaturaren panorama ezin beteagoan Wally bat bezala kamuflaturik oharkabean pasatuko litzaizkigukeen, euskarara itzuli direlako hautatu eta irakurri ditugu. Txekhov, Carver eta Munrorekin erraz lotu daitekeen Flannery OโConnor, adibidez, irakurri gabe izango nuen nik beharbada oraindik, Itziar Otegiren itzulpenarengatik ez balitz. Eta zenbat irakurlek ez ote genuen Annie Ernaux ezagutu eta dastatu, nobel saria jaso baino lehenagoko urte haietan, Igela argitaletxearen itzulpenei esker? Irakurgai eta erreferente inportante izango al ziren euskal irakurle askorentzat Natalia Ginzburg, Giani Celati, Alaa al Aswani, Agota Kristof, Jean Echenoz, Mohamed Xukri, Ingeborg Bachmann, Leslie Feinberg, Silvia Federici, Kae Tempest, Adania Xibli, Mohammed el-Kurd… itzultzaileek eta editoreek haiek plazaratzeko lana hartu ez balute?
Badakit, badakit: ustezko eragin hori zenbakietara ekartzen badugu irrigarria da emaitza. Baina autokonplazentzia amiรฑi bat, neurrian bada, beharrezkoa eta osasungarria izaten zaigu denoi.
Orain dela hilabete batzuk, hagitz kezkatua utzi ninduen programa bat ikusi nuen, euskarazko kate batean. Saioaren atal batean, hiru gazte euskaldun ari ziren solasean: aurkezlea, gonbidatua eta kolaboratzaile bat. Aurkezlea txukun ari zen euskaraz; galderak egiten zizkion gonbidatuari, iruzkin burutsuakโฆ; horraino, ongi. Gonbidatuak kezka handia sortu zidan. Ez dut izenik emanen, baina pertsona ezagun samarra da. Berez euskara ama-hizkuntza duen pertsona bat, ikasketak euskaraz egin dituena, eta โarnasgune bateanโ bizi dena. Artista da eta bere ekoizpena euskaraz egiten du, baita hura euskara txukunean sortu ere. Bertze hizkuntza batean lan eginen balu, beharbada, diru gehiago irabaziko luke eta ospe handiago lortu, baina euskaraz sortzea erabaki du. Horraino, hagitz ongi.
Aipatu dudan bezala, solaskideak gazteak ziren eta lagunarteko tonu informalean ari ziren. Aurkezlea, erran bezala, txukun ari zen, baina gonbidatuaโฆ. Ai ene! Lau hitzetik bi gaztelaniaz egiten zituen: gauza guziak โincreรญbleโak ziren, dena โzen una pasadaโ, โuna gozadaโ. โAunque sea opor batzukโ, โidatzi nion eta a ver quรฉ pasaโ, โsuper fana nintzenโ, โidatzi nion tipoโฆโ. Gisa horretakoak bota zituen behin eta berriro.
Hala ere, kolaboratzailea sartu zenean hasi zen okerrena. Hiritar-itxurako gazte ultramoderno hark zailtasun handiak zituen euskaraz esaldi konplexuak osatzeko, eta zer erran gazte-hizkera erabili nahi zueneanโฆ Halakoetan, esaldi batzuk oso-osorik botatzen zituen gaztelaniaz! Ikuskizun penagarria, inondik ere.
Ikaragarri tristatu ninduen egoera hark. Batetik, kolaboratzailea ikusita, ohartu nintzen euskarazko ekoizpenean ez dela garrantzitsutzat jotzen hizkuntzaren kalitatea zaintzea. Euskarazko kate batean lan egiteagatik dirua jasotzen duen pertsona batek probaren bat egin behar luke jendaurrean euskaraz nola moldatzen den ikusteko, ezta?
Bertzetik, hagitz kezkagarria iduritzen zait ohartzea gazteek euskaran ez dutela topatzen beren hizkera sortzeko nahiko baliabiderik (badakit ez naizela deus berririk erraten ari). Gonbidatuari eta kolaboratzaileari ezin zaie leporatu saio hartan modu naturalean ez mintzatzea, kalean solastatzen den bezala ez aritzea. Seme-alaba gazteak ditut eta badakit horrelaxe mintzatzen direla lagunen artean (nahiz eta inguru oso euskaldunean bizi: ikasketak, familia, lagunak, herriaโฆ). Tristea da, bai, baina euskaraz bizi diren neska-mutil anitzek horrelako gazte-hizkera erabiltzen dute.
Telebista-saio batean zeudela kontuan hartuta, espero genezakeen estiloa pixka bat zainduko zutela; horrek tristura handiz pentsarazten dit beharbada bi lagun horiek ez direla gai euskara formal txukunean aritzeko. Eta, segur aski, errealitate hori gazteriaren multzo handi batera estrapolatzen ahal da.
Dena den, nire ustez, bada okerragoa den kontu bat. Gazte haiek uste zuten โeuskarazโ ari zirela. Ez ziren ohartu ere egiten hitzen proportzio handia gaztelaniaz erraten ari zirela, eta, agian, ikaragarri pentsatu behar lukete esapide edo hitz horiek euskara txukunean eman ahal izateko. Erraietaraino sartua dute erdara.
Idazten ari naizena berrikusi ahala, burutara etorri zait alabak erranen lidakeena. Egungo gaztetxoen musika, ohiturak, aisialdiaโฆ kritikatu eta gure gaztarokoak hobesten ditudanean, aipatzen dit jende โzaharrakโ beti uste duela bere garaiko gauzak hobeak zirela. Eta arrazoia eman behar izaten diot halakoetan; guk gauza bera entzun behar izan genuen gure guraso edo aitatxi-amatxien ahotik. Horretan pentsatzen hasita, akaso, kontua ez da hain larria izanen. Hizkuntzak bizirik daude eta etengabe aldatzen ari dira, eta, beharbada, ni โzahartuโ izanen naiz, bertzerik ez. Agian ere, belaunaldien arteko talka horietako bat izanen da, bertzerik ez.
Aspaldidanik kezkatuta ibili naiz hitanoak literaturan behar lukeen lekuaz. 2022. eta 2023. urteetan hainbat nobela eta ipuin-bilduma irakurri beharra egokitu zitzaidan. Irakurketa horietan bereziki erreparatu nion haietan egiten zen hitanoaren erabilerari eta oro har pertsonen arteko tratamenduari. Gerora ere jarraitu dut horiek aztertzen eta aurkitu dudana saiatuko naiz ekartzen orri hauetara.
Idazleak, eta narratzaileak bereziki, maiz sartu behar izaten ditu elkarrizketak bere idazlanetan, eta, beraz, erabaki beharko du nola eman hizketa horiek: hitanoz edo tratamendu neutroan (zuka). Baina ez da hori eremu bakarra. Adibidez edonork, bere buruarekin hizketan ari dela, modu batean edo bestean egingo du. Eta poetak ere, norbaiti zuzenean mintzo bazaio, erabaki beharko du zuka, toka ala noka ari. Eta berdin itzultzaileak, esate baterakoย โPoesรญa eres tรบโ itzuli behar badu. Beraz, artikulu honetan gainbegirada bat emango diot kontu horri.
Honako hau dio Euskaltzaindiaren 14. arauak sarrera-oharretan:
1) Lehen-lehenik erran beharra da aditz alokutiboen parte bat baizik ez duela finkatu Euskaltzaindiak, hikako moldeari doakiona, hain zuzen ere. Zukako adizkera alokutiboek, ekialdeko euskalkietan bereziki erabiltzen direnek, batu gabe segitzen dute, beraz, oraino.
2) Euskaltzaindiaren lana adizkeren formaren finkatzea izan da, eta ez da sartu erabilera arazoetan. Jakina denez, korapilo asko ditu erabilerak, bai morfosintaxiaren aldetik, bai eta, are gehiago, gizarteko baliagarritasunaren aldetik ere.
Beraz, hitanoaren adizkiak finkatu besterik ez zuen egin Euskaltzaindiak arau horretan, eta ez da gutxi. Izan ere, geroztik, esan dezakegu ordu arteko anabasa funtsean argitu zela eta gehienok arau horretan dagoenera egokitu garela. Baina ezer ez zuen esan hor erabilerari buruz.
2.- Hitanoa Euskara Batuaren Eskuliburuan
Hala ere, Euskara Batuaren Eskuliburuan ematen da โgaur egungo alokutiboko jarduera molde hedatuenaren berriโ. Honako hauek dira hor ematen diren nolabaiteko jarraibideak:
a) Hika mintzatzean, bigarren pertsona ez da ZU, HI baizik: zu etorri zara > hi etorri haiz.
b) Behin hika egitea erabaki bada, ezinbestekoa da hikako alokutiboan aritzea: *Hire laguna etorri da (> Hire laguna etorri dun/duk). Mintzakidearen erreferentziak ageri behar du aditzean: dun (emakumezkoa) / duk (gizonezkoa). Ez da hala gertatzen erregistro neutroan aritzean: *Zure etxera joango gaitun/gaituk (> Zure etxera joango gara).
c) Hika mintzatzean, hi tratamenduari dagokion adizkia erabiltzeaz gain (etorri haiz), 1. eta 3. pertsonetako adizkiak ere aldatu egin behar dira: Hi etorri haiz, baina besteak ere etorri (*dira) ditun/dituk; Hik egin didan/didak, baina haiek ere egin (*didate) zidaten/zidatek. Hik egin dun/duk, baina nik ere egin (*dut) dinat/diat.
d) Menderagailua daramaten aditzek, orain arteko erabileran eta tradizioan, ez dute alokutiborik eramaten:
?Andoni etorri dunala entzun dinat (> Andoni etorri dela entzun dinat (Baina bai: Hik egin dunala entzun dinat [hor ez dago alokutiborik])).
?Elkartzen gaitukenean, gogotik egiten diagu barre (> Elkartzen garenean, gogotik egiten diagu barre).
?Esan dik ez duala etorriko (> Esan dik ez dela etorriko).
Oharra: Halere, mendebaldeko zenbait erabileratan, agertzen dira adizkera alokutiboak baldintza-perpausetan: Gure galdezka inor etortzen baldin badek, esaiok elkar hilda errekan gaudela.
e) Galderetan ere ez da ohikoa izan alokutiboa: ?Egingo al zionagu elkarrizketa bat? (> Egingo al diogu elkarrizketa bat?).
Horko a) eta b) puntuetan esaten denak Pernandoren egien tankera dauka, baina ez dago alferrik esana. Zorrotz begiratuta, aise ohartuko gara maiz aurkitzen direla gaur egungo liburuetan hitanotik neutrora jauzi mortala aise aski egiten duten testuak. Are gehiago, esango nuke belarria hitanora ohitua ez duenak inolako arazorik gabe jarraituko duela irakurtzen holako jauziak egiten dituen testu bat (agian pentsatuz zilegi direla, eta idazlearen esku dagoela alokutiboa ala neutroa aukeratzea nahi duenean eta nahi duen bezala). Denoi gertatu zaigu, seguru aski, testu bat zuka idaztea eta momenturen batean hikara pasatzea erabaki, eta adizki edo izenordain edo bestelako intrusoren batzuk bertan gelditzea. Baina garbi dago EBEk dioenez, behin hika egitea erabakiz gero, ezinbestekoa dela hikako alokutiboan aritzea.
Beste pauso bat emanez, argitzen digute hika aritzean 2. pertsonako adizkia erabiltzeaz gain 1. eta 3. pertsonakoak ere aldatu egiten direla, alegia hori ere ez dela aukerakoa, baizik ezinbestekoa.
Hurrengo bi puntuak, d) eta e), muga morfosintaktikoei buruzkoak dira. Ez da oso belarri-zorrotza izan behar konturatzeko gaurko erabilera (batez ere Gipuzkoan, esango nuke) kaotiko samarra dela. Hala ere, uste dut gehienok โmintzatuan hala ez egin arrenโ saihesten dugula menderagailua duten perpausetan hitanoa erabiltzea. Besterik gertatzen da galderazko perpausetan. Hitanoari buruzko artikulu sail honetako batean erakutsi nuen โhainbat testutako adibideekinโ XIX. mendean galderazkoetan hitanoa maiz erabiltzen dela. Eta aipatu nituen XX. mendeko puntako zenbait idazleren adibideak: Lizardi, Lauaxeta eta Orixerenak, besteak beste. Horregatik adierazi nuen artikulu hartan agian bazela garaia Euskaltzaindiak erabilera horri bide ematekoa. Izan ere, nahiz eta ez izan lau katu โbide klasikoariโ eusten diogunak, badira beste hainbeste edo gehiago galderetan hitanoari lasai asko bide ematen diotenak (โBeti hala egin diagu-etaโ argudioarekin).
Esan daiteke jokalekua eta jokoaren arauak emanak direla. Baina hori oraindik gramatika besterik ez da. Eta horrek ez du dena konpontzen. Noiz, non eta nola edo norekin erabili, ez dago arautua.
3.- Hitanoa eta testuingurua
Sareko Euskal Gramatikan, honako hau diosku Xabier Alberdi adituak:
Bestalde, hizkuntzaren erregistroaren arabera, eta solaskideen arteko harremanean pisuzkoak diren gizarte-aldagai batzuen arabera (adina, sexua, hierarkiaโฆ) hautatzen da tratamendua: hitanoa, adibidez, lagunarteko erregistroari dagokio bete-betean; (โฆ)โ.
Alberdik dioenez, gizarte-aldagai batzuen arabera (adina, sexua, hierarkiaโฆ) hautatzen da tratamendua. Gizarte-aldagai horiek, noski, historikoak dira, eta historian zehar aldatuz joan dira. Esate baterako, nor ez da txundituta gelditu, lehenbiziko aldiz irakurtzean Leizarragaren TestamentuBerrian ageri den aitagurean Jainkoari (letra larriz adierazten den Aitari, alegia) hika egiten zaiola? (โGure Aita zeruetan haizena, sanktifika bedi hire izenaโฆโ).
XX. mendean, adibidez, zenbait tokitan โnormalaโ zen apaizari berorika hitz egitea. Hierarkia horrela adierazten zen, Espainiako soldaduskan koronelari โUsรญaโ eta jeneralari โVuecenciaโ (vuestra excelencia) esanez adierazi behar zen bezala. Euskaraz berorika egin beharko geniekeen, baldin Espainiako Armadan euskarak inolako lekurik izan balu. Ez dakit Eusko Gudarosteko batailoietan nola moldatzen ziren (ez dut uste Koronel edo Jeneral asko zegoenik, baina holako zerbait erabili beharko zuten hierarkia markatzeko. Hala ere, esango nuke diosalen kontu hau finkatzea baino arazo larriagoak izan zituztela garai beltz haietan).
Baina, gatozen harira. Xabier Alberdi irakaslearen โHitanoa non eta nork erabiltzen duenโ artikuluan irakurleak nahi adina informazio aurkituko du hitanoaren gaur egungo erabileraz. Sareko Euskal Gramatikan berak dioenez, โlagunarteko erregistroari dagokio bete-beteanโ. Baina hori baino gehiago ere badela bistan da. Artikulu horretan zehatz aztertzen da familia barruko erabilera, gurasoek beren artean, seme-alabek beren artean zer tratamendu erabiltzen duten, simetria-asimetria kontuak eta abar. Bistan da badirela lege batzuk garaian garaiko ohiturak ezarriak, baina oro har hitanoa erabiltzeak nolabaiteko hurbiltasuna dagoela adierazten du, edo justu kontrakoa: gaitzespena, arbuioa, iraina. Batzuei nekeza egiten zaie norbait iraintzean erregistro neutroa erabiltzea, baina ezin esan hori bitxia denik (are gehiago hitanoa galdua den lekuetan): Hi alu nazkante bat haiz! / Zu nazkagarri bat zara.
4.- Hitanoa eta literatura
Sarreran esan bezala, idazleak edo itzultzaileak erabaki behar izaten du bere idazlanean hitanoa ala erregistro neutroa erabili. Horrela, XX. mendearen hasieran Txomin Agirrek Kresala idatzi zuenean, arrazoi soziolinguistikoak aipatuz, zuka egitea erabaki zuen. Aldiz, Garoa idatzi zuenean, antzeko arrazoiengatik, eta kontuan hartuz Garoa Oรฑatiko baserri-giroko nobela dela, hitanoa ere erabiltzea erabaki zuen.
Ramon Saizarbitoriak XX. mendearen azken laurdenean 100 metro idatzi zuenean, โbigarren pertsonako nobelaโ denez, aipatutako bi aukeren artean hautatu beharra zeukan, eta hika egitea erabaki zuen.
Berriki irakurri ditudan XXI. mende-hasiera honetako bi nobela hauetan: Miren Amurizaren Pleibak eta Beรฑat Sarasolaren Coca-cola bat zurekin, arrazoi literarioak tarteko, jarrera kontrajarria aurkituko dugu. Miren Amurizak Berrizko institutu-giroko nobela idaztean hitanoaren erabilera (norbaitek aholkatu bezala) โkirurgikoaโ egitea erabaki du, giro hori โinstitutuko bi neskaren arteko gorabeherakโ islatu nahi duen nobela errealista bat egitean hori iruditu baitzaio egokiena. Beรฑat Sarasolak, berriz, Frank OโHararen eta Vincent Vincent Warrenen arteko elkarrizketak (XX. mendeko Estatu Batuetako bi maitale, poeta bata eta dantzaria bestea) hika irudikatu ditu.
Amorosen arteko solasaldiei gagozkiela, M. Prousten Denbora galduaren bilako lehen liburua itzultzean, noka eman zituen J.A. Arrietak Vinteuil andereรฑoaren eta haren lagunaren arteko solas morbosoak.
Berdin erabaki behar izan zuen James M. Cainen bi nobelatxo ospetsuenak, Postariak beti bi aldiz deitzen du eta Galbidea euskarara ekarri zituen itzultzaileak. Bi maitaleren arteko elkarrizketak agertzen zaizkigu hor ere. Lehenbiziko kasuan, hitanoa erabiltzea erabaki zuen, eta bigarrenean, berriz, zuka. Bigarren kasuan, nik uste, irakurleari erraztasunak ematearren edo irakurle gehiagorengana iristeko asmoz hartu zuen erabaki hori, kontuan hartuz, besteak beste, nobelaren giroa aurrekoan baino askoz hiritarragoa dela.
Itzultzaile berak Jim Thompsonen 1280 arima nobela itzuli zuenean, hitanoarena beste koxka bat estutuz, senar-emazteak elkarri hika jarri zituen, Euskal Herri osoan XX. mendean lege denaren kontra. Erabaki horren zurigarri aipa daiteke nobelaren giro basatia, senar-emazteek elkarrekiko duten jarrera ez oso adeitsua, eta oro har Estatu Batuetako herrixka eta baserri giroan kokatua izatea, eta hizkuntza-transposizioa egitean nolabait irensgarri gertatzen zaigula erregistro hori.
Aipatutako adibideetan ikusi dugu hitanoa erabili bai ala ez erabakitzerakoan arrazoi literarioak eta soziolinguistikoak izan direla tartean, eta ez nuke bukatu nahi itzulpenean arreta eman beharreko kontu batzuk aipatu gabe.
1.- Hizkuntza bakoitzak ditu bere erregistroak, eta horiek guztiak modu egokian erabiltzea aberasgarria da bai hizkuntzarentzat, bai sortzailearentzat eta bai hartzailearentzat (are erregistro horiek galduan edo galzorian badira).
Esate baterako Altxor uhartea (R.L. Stevenson/ M. Garikano) edo Hamlet (Shakespeare/ Juan Garzia Garmendia) hartzen baditugu, ikusiko dugu modu egokian daudela erabiliak hika, zuka eta berorika (azken hau gaur (ia?) inork erabiltzen ez duen arren).
2.- Tratamenduei dagokienez hizkuntzen arteko korrespondentzia ez da erabatekoa. Horrela ez dago korrespondentziarik euskararen eta gaztelania edo frantsesaren artean: gurasoen eta seme-alaben arteko elkarrizketetan tรบ, tu erabiltzea normala da erdara horietan, baina euskaraz ez da normala seme-alabak gurasoekin hitanoz aritzea. Beraz, itzultzaileak xede-hizkuntzan normala denera egokitu beharko du.
3.- Tratamenduen kontu honetan itzultzailea analogiaren โlegeariโ makurtzen zaio. Alegia, itzultzaileak itzulgaian aurkitzen dituen egoerak bere hizkuntzan irudikatzean beretzat eta hartzailearentzat egokiena iruditzen zaiona ematen saiatu beharko du.
4.- Eta azkenik koherentzia eskatu behar zaio itzultzaileari. Pertsonaien arteko elkarrizketetan (arrazoi sendoren bat tartean ez bada, eta izan daiteke) ezin daiteke saltoka ibili, orain hika, orain zuka, pasarte honetan hika eta hurrena zuka. Edo nobela bateko pertsonaiak erabat hitanoan eta pertsonaia horien barne-bakarrizketak neutroan.
Nahi adina luza gaitezke jarraibide moduko horiek modu egokian erabiltzeko aholkuak ematen, baina utz dezadan hemen gehiegi luzatu den artikulu hau. Badirudi Euskaltzaindia hemen agertu ditudan kontuei buruzko arauren bat emateko asmotan dela. Morfosintaxiaren Estandarizazioko batzorde ahaldunduak bi arlotako zalantzak omen ditu hitanoari gagozkiola: erabilera sintaktikoari buruzkoak alde batetik, eta erabilera sozialari, jardun-ingurumariari edo erregistroari buruzkoak bestetik. Beraz, ea argi pixka bat egiten digun idazle eta itzultzaileoi, denon mesederako.
Mendebaldeko gizarteetan, inboluzioa bizi dugu giza eskubideen eta pertsonen askatasunen arloan, eta biktimetako bat hizkera inklusiboa da.
Euskaraz, genero gramatikalik ez duen hizkuntza izanda, urrunetik begiratzen diogu hizkera inklusiboari. Euskaraz ari garenean, zama moduko bat kentzen dugu gainetik gaztelaniaz edo frantsesez saiatu dituzten formuletara jo beharrik ez dugula: ยซlas y los periodistasยป, ยซl@s alumn@sยป, ยซlxs diputadxsยป, ยซles niรฑesยป (horiek denak, gaztelaniaz), ยซles auteurยทtriceยทsยป, ยซilsยทelles sontยป, ยซiel estยป (azkenok eta beste batzuk, frantsesez).
2021eko maiatzaren 5eko zirkular batean, Frantziako Hezkuntza Ministerioak debekua ezarri zien halako baliabideei eskola-materialetan, hizkuntzaz ondo jabetzeko eta irakurtzen ikasteko oztopo zirela argudiatuta. Argentinan, 2024ko otsailean, gobernuak iragarri zuen hizkera inklusiboa eta genero-ikuspegia debekatu egingo zituela administrazio publikoan. Javier Mileiren gobernutik etorrita, erabakiak ez du inor harritu, baina gaztelaniaz, nolanahi ere den, hizkuntzaren akademia bera da hizkera inklusiboaren gaitzeslerik porrokatuena.
Espainolaren Errege Akademiak era guztietako argudio gramatikalak erabiltzen ditu gorago azaldutako baliabideen aurka, baina jai du, kontua idazkera bitxi edo ez hain bitxi batzuk baino sakonagoa da eta. Hizkera inklusiboa edo hizkuntzaren erabilera inklusiboa esaten dugunean, aditzera ematen duguna da pertsonei buruz hitz egiteko edo idazteko sortzen ditugun testuetan agerian jarri nahi dugula buruan daukagun mundua pertsona berdinen mundu bat dela. Horrek esan nahi du testua ekoizteko orduan jakinaren gainean ekiditen ditugula zenbait adierazpide, zeintzuen bidez gutxietsi, ezkutatu edo diskriminatu egiten baitira emakumezkoak, ezgaitasuna duten pertsonak, LGTBIQ pertsonak, nahiz “gure talde”-kotzat sentitzen ez dugun beste edozein pertsona.
Batzuetan, diskriminazioa oso agerikoa izaten da eta, beste batzuetan, sotilagoa, baina ukitzen dituen pertsonentzat oso mingarria izan daiteke. Ohitu gaitezen gure testuei inklusioaren betaurrekoekin begiratzen. Hurrengo esaldiak, adibidez, orraztu bat mereziko luke plazaratu aurretik:
Gure bizi-kalitateaz ari garenean, zientziako gizon handiak ekarri behar ditugu hizpidera: Alexander Fleming, Thomas Edison…
Honela ipinita, inklusibo egingo genuke:
Gure bizi-kalitateaz ari garenean, zientziako izen handiak ekarri behar ditugu hizpidera: Alexander Fleming, Marie Curie, Thomas Edison, Hedy Lamarr…
Hizkera inklusiboa ez da gramatikari dagokion kontu bat bakarrik. Gure diskurtsoan hautatzen ditugun adibideei eta osatzen ditugun enuntziatuei ere badagokie, estereotipoetatik ihes egitea baita inklusioaren lehen araua. Frantziako Hezkuntza ministroaren hitzetan esanda: ยซLe choix des exemples ou des รฉnoncรฉs en situation d’enseignement doit respecter l’รฉgalitรฉ entre les filles et les garรงons, tant par la fรฉminisation des termes que par la lutte contre les reprรฉsentations stรฉrรฉotypรฉesยป.
Gaztelaniazko testuetan oso ohiko bihurtu den aditz batez mintzatuko naiz gaurkoan: compartir; zehazki, erdal aditz horrek egun dituen bi esanahiz: kontatu/jakinarazi eta bat etorri.
Lankide batek dio erraz antzematen ahal zaiola aditz horrek kasuan-kasuan daukan esanahiari eta ez genukeela arazorik izan behar gure testuetan ordain egokia aukeratzeko. Egiaz, ordea, ez da hala, eta ematen du compartir opiniones (=expresar, poner en comรบn, intercambiar) eta compartir una opiniรณn (=estar de acuerdo) itzultzeko partekatu hobesten ari garela maiz.
Beste lankide batek dio ezen, aditzaren adiera horien zabalkundearekin batera, partekatu aditzaren euskarazko beste adieretako bat (zatikatu) galtzen ari garela, Hegoaldean bederen. Eta orobat dio orain ez dakigula esaten โetxe berean bizi garaโ.
Nire ustez, compartir una experiencia eta gisakoak (eta ez naiz ari โzerbait elkarrekin egiteazโ) ingelesezko share aditzaren gaztelaniazko kalkotik etorri zaizkigu hein batean. Eta, bestetik, iruditzen zait compartir automatikoki partekatu itzuli behar horretan itzultzaile neuronalek ere badutela zerikusia.
Gure itzulpen zerbitzuko lehenbiziko itzultzaileei ikasi genien gure lehen eginkizuna testuaren mezua ongi ulertzea zela eta bigarrena, berriz, euskaraz eta euskaratik mezu hori esaldiz esaldi nola emanen genukeen aztertzea eta erabakitzea; ez genuela zertan zurrun segitu gaztelaniazko estiloari eta hiztegi-moldeari, urrunduz ere sortzen ahal genituela euskarazko testu baliokide eta taxuzkoak. Garai batean, orain ez bezala, ulertze, urruntze eta mamurtze ariketa horiek patxada handiagoz egiteko aukera genuen. Ohartzen naiz gaur egun, lan-karga hain modu ikaragarrian handitu zaigun honetan, ezin garela beti aritu, lankide beterano batek zioen bezala, goxogintza fineko gutiziak prestatzen, eta opil industrialak egin beste erremediorik ez dugula. Ados nago, jakina, baina uste dut ez genukeela erabat galdu behar itzulpen-aukerez gogoetatzeko beti erne izan beharko genukeen bulkada.
Eta oraingoan ere, aukerei buruzko aurreko artikuluan esan bezala, argi geldi bedi testutxo honen xedea ez dela inolaz ere hizkuntza baliabideak eta berrikuntzak baztertzea, baizik eta aukerez hausnartzea eta bururatutakoak zuekin partekatzea.
Zazpigarren artearen defendatzailerik sutsuenek bikoizketa gaitzesten dute, besteak beste, edozein antzezpenen zati handi bat ahotsean datzalako. Haien ustez, jatorrizkoa ulertzen laguntzeko, egokiagoa da azpidazketaz baliatzea, nahiz eta azpidatziek pantaila โzikintzenโ duten eta ikuslegoaren atentzioa desbideratzen duten. Itzulpen mota bakoitzak bere alde on eta txarrak ditu, eta horregatik kontua ez da bata ala bestea aukeratzea, biak aukeran erabili ahal izatea baizik.
Azpidatziak ez dira filmeko elkarrizketak, eta ez dira filmaren barruan existitzen. Ikus-entzunezko testua ulertzen laguntzeko tresna bat baino ez dira. Guztiarekin ere, azpidatziei esker, ikusleek jatorrizko filma uler dezakete, azpidatziek eta filmaren ikus-entzunezko adierazpen-kodeek elkarri eragiten baitiote, eta horregatik ez da beharrezkoa itzulpen oso bat.
Nire ekarpen honekin, azpidazketa zer den hobeto ulertzeko adibide batzuk jarri nahi ditut, kasu errealak ikusita jakingo baitugu zertaz ari garen azpidazketaz hitz egiten dugunean. Eta azpidazketak berekin dakartzan murrizketa guztien artean, bakarrik informazioa hautatu beharraz jardungo dut.
Zinema ilusio bat bada, bikoizketa ilusio baten beste ilusio bat da. Baina bikoizketak ez bezala, azpidazketak ez du ikuslegoa konbentzitu nahi pertsonaiek norberaren hizkuntzan hitz egiten dutela. Azpidazketak ez du jokatzen inoren ilusioarekin, ikusleek jatorrizko produktua entzun-ikusten baitute. Baina aldi berean jakin beharra dago (ez dakit oso kontzienteak garen) azpidatziek ezin dutela jatorrizko testuan dagoen informazio guztia eman denbora- eta espazio-murrizketak daudelako. Izan ere, batez beste, jatorrizko ikus-entzunezko testuak % 20ko murrizketa jasaten du elkarrizketei dagokienez. Eta batzuetan, Woody Allenen filmetan kasu, Jorge Dรญaz Cintasek egindako ikerketaren arabera, ikusleok jatorrizko testuan dagoen informazioaren % 40 galtzen dugu azpidazketarekin, jatorrizkoak duen ahozko jardunaren dentsitatearen handiagatik.
Hortaz, jatorrizko ahozko testuaren laburpen moduko bat dira azpidatziak. Jorge Dรญaz Cintas eta Aline Remaelen arabera[1],testua laburtzeko dauden arrazoiak hauek dira:
Ikus-entzuleek ahozko jarduna irakurketa baino azkarrago xurgatzen dute. Hori dela eta, azpidatziek aski denbora utzi behar dute pantailaren behealdean idatzita dagoena irakurri eta ulertzeko. (Helduen begiak minutuko 250etik 300 hitzera bitartean irakurtzeko gai dira. Horrek esan nahi du segundo batean lauzpabost hitz irakur dezakegula, hau da, 15 eta 20 karaktere bitartean โpuntuazioa eta espazioak ere karakteretzat hartzen diraโ.)
Aldi berean, ikusleek aukera izan behar dute pantailan gertatzen denari so egin eta soinu-banda entzuteko. Beraz, denbora nahikoa izan behar dute azpidatziak irakurtzen ari direnarekin batera pantailan gertatzen dena entzun eta ikusteko.
Azpidatzi arruntak bi lerrotara mugatuak daude. Lerro bakoitzak zenbat testu izango duen faktore hauen menpe dago: lerroko zenbat karaktere onartzen diren (Netflixek, esaterako, 42 karaktere onartzen ditu gehienez), zenbat denbora dagoen testu hori emateko, ikuslegoaren batez besteko irakurtzeko abiadura (normalean, 17 karaktere segundoko, helduentzako programetan, eta 15 haurrentzakoetan), eta jatorrizko testua ahoskatzen den abiadura.
Faktore horiek guztiak hartu behar ditu aintzat edozein azpititulatzailek (โazpidazleโ ez dut uste onargarria denik, hitzak dituen รฑabardura txarrengatik). Eta horregatik, hain zuzen ere, nahitaez murriztu behar du jatorrizko testuan dagoen informazioa. Murrizketa bi eratara egin daiteke: batetik, zer kendu eta zer utzi erabaki behar da; eta, bestetik, askotan jatorrizko mezua birformulatu beharko da informazio garrantzitsua ahalik eta laburren eta zehatzen transmititzeko. Eta nola egiten da hori? Informazioa laburtzeko edo trinkotzeko estrategiak asko dira, baina hemen horretaz arituko ez banaiz ere, esan dezadan lehenik esan gabe uzten diren edo desagertzen diren osagaiak izen propioak, bokatiboak eta interjekzioak izaten direla.
Orain teoriatik praktikara pasatuko naiz, eta esan dudan guztia hobeto ilustratzeko, adibide banaka batzuk paratuko ditut denbora- eta espazio-murrizketek azpititulatzailea zein atakan jartzen duten ilustratzearren. Gehiegi ez luzatzearren, karaktere-kopuruek informazioa hautatu behar izatera behartzen gaituzten adibide batzuk besterik ez dut jarriko.
INFORMAZIOA HAUTATU BEHARRA
โLehen azpidatzian, pertsonaietako batek beste bati esaten dio bere emaztea ezagutu behar duela institutuko irakaslea delako, bera bezala. Bigarrenean, emaztearen izen-abizenak esaten dizkio eta zer irakasten duen. Baina euskaraz ez da informazio hori guztia kabitzen, eta erabaki behar da zer den inportanteagoa, emaztearen izen-abizenak ala zer irakasten duen. Adibidean bi aukerak utzi ditut. (Onartzen den gehienezko karaktere-kopuruaren arabera, parentesi karratuen artean jarri dut zenbat karaktere sobratzen diren euskarazko bertsioan.)
You must know my wife.
Nancy Vandergroot. Life Management.
Euskaraz bi aukera hauek daude bigarren azpidatzirako (lehen azpidatzian โnireโ ez da kabitzen, baina testuinguruak argi uzten du noren emaztea den):
Emaztea ezagutuko duzu.
Bizitza-kudeaketako irakaslea. [+5]
Nancy Vandergroot. Kudeaketakoa. [+3] ย
โ Bigarren adibide honetan pertsonaia baten izen-abizenak agertzen dira, baina osorik ez da kabitzen karaktere bat sobratzen delako. Orduan, aukera bat izan daiteke izen osoa idatzi beharrean, bakarrik lehen letra idaztea, kasu horretan bi karaktere sobratzen zaizkigulako.
Linda McLanden?
Linda McLanden? [-1]
L. McLanden? [+2]
โ Azken adibide honetan pertsonaia batek beste bati galdetzen dio ea non dagoen Sammy, eta erantzuten dio Lavashen gorpuarekin dagoela (Lavash bere lagun mina zen). Taulan ikusten denez, euskarazko azpidatzietan ez dago tokirik datu horiek guztiak azpidazteko eta horietako bati eman behar zaio lehentasuna. Testuinguruagatik ikusleek badakite Lavash hilda dagoela. Eta karaktere-murrizketa dela eta, โgorpuโ ez erabiltzea erabaki nuen. Beraz, pantailan agertzen den bertsioa azkena da.
โWhereโs Sammy? โHeโs with Lavashโs corpse. ย
โNon dago Sammy? โLavashen gorpuarekin. [-6] ย
โNon dago Sammy? โLavashekin. ย
Dagoeneko esan dezaket badudala eskarmenturik azpidazten eta aitortu behar dut testu bakoitza erronka berria dela. Batzuetan, hartu beharreko erabakiak ez dira errazak eta buruhauste dezente sortzen dizkidate: zirt edo zart egin behar da, baina ulermenari albait kalterik txikiena eginez eta ikuslegoari ahalik eta informazio gehiena eskainiz.
Bukatu aurretik, itzultzearen eta, bereziki, azpidazketaren alderdi kognitiboa ere aipatu nahi nuke. Itzultzen dugunean gure burmuineko bi hemisferioak aktibatzen ditugu, nahiz eta ezkerreko hemisferioa nagusia den hizkuntza prozesatzeko orduan (zein hizkuntza egitura erabili, zein hitz, jatorrizko hizkuntza ulertzeko mekanismoakโฆ). Eskuineko hemisferioak, berriz, testuinguru soziala eta kulturala ulertzen laguntzeko ez ezik, azpidatziak doitu eta egokitzeko kalkulu matematikoak egiteko ere balio du. Ez dugu ahaztu behar azpidazten dugunean etengabe neurtu behar dugula azpidatzien karaktere-kopurua egokia den ala ez, hau da, azpidazteko dugun denbora eta espazio horren barruan sartzen diren ala ez. Horiek horrela, gure burmuina pozarren ei dago azpidatziak jo eta su sortzen, bi hemisferioak dena emanda eta elkarri eraginez, harik eta pozaren pozez lehertu baino lehen, hemisferioei behar duten atsedena ematea erabakitzen duzun arte. Eta hori normalean gertatzen zait filmeko 10 minutu azpidatzi ondoren, hau da, 100-125 azpititulu egin ondoren (batez beste eta ikus-entzunezko testuaren zer-nolakoaren arabera, orduko 60 bat azpidatzi sor daitezke). Beraz, bi ordu nahikoak dira nire buruak atsedena behar izan dezan eta eskatzen didan kafeina dosia oparitu diezaiodan.
Gaur egun, ordainpeko plataformei esker euskarazko azpidazketak halako boom bat bizi du. Dena den, azpidazketaren alderdi gehienak ezezagunak dira jende gehienarentzat (normala den legez). Horregatik, nire ekarpen honekin nahi izan dut azpidazketaren zirrikitu ezkutua apur bat zabaldu eta azpidazketa ikusgarriago egiteko urrats bat ematea.
[1] Jorge Dรญaz Cintas and Aline Remael, Subtitling. Concepts and Practices. Routledge, 2021.