Bi-biak, biak ala biak

Isabel Etxeberria Ramírez

Lehenago ere hizpide hartu dira blog honetan euskara itzuliaren eta ez itzuliaren arteko aldeak. Ba ote da euskarara itzulitako testuetan (eta ez euskaraz sortutakoetan) sistematikoki eta koherentzia handi samarrez gailentzen den joera linguistiko-estilistikorik, eta alderantziz? Auzi zinez interesgarria da, eta iker-eremu horretan lor litekeen ezagutzak argi egin lezake ulertzeko zer eragin duen itzulpenak hizkuntza baten bilakabidean.

Aurreko batean, horrelako alderaketa-saio baten emaitza bat ekarri nuen hona. Orduko hartan, Ereduzko Prosa Gaur corpusa probaleku hartuta, testu itzulien eta ez itzulien artean ñabardurarako eta espezifikaziorako joeran alderik ba ote zegoen aztertzen saiatu ginen. Oraingoan, beste alderdi bati erreparatuko diogu: euskarak bere-bereak dituen ezaugarrietan, nola jokatzen dute euskal itzultzaileek, eta nola euskal idazleek? Hau da, erdara gehienetan baliokide zuzenik ez duten euskal egiturak maiztasun berarekin erabiltzen al dituzte batzuek eta besteek? Lehen itxura batean, pentsa liteke ezetz; itzultzaileak sorburu-testuan euskal egitura horiek erabiltzera bultzatzen duen ordain zuzenik topatzen ez duenez, gutxiagotan baliatuko dituela halakoak.

Har ditzagun adibide gisa [bi-biak, bi-biok, bi-biek…] eta [biak ala biak, biek ala biek…] egitura multzoak. Salbuespenak salbuespen, nekez aurkituko du erdaretan euskal itzultzaileak [biak, biok, biek…] soilen ordez [bi-biak, bi-biok…] edo [biak ala biak, biok ala biok] egitura enfatikoak ezinbestean erabiltzera bultzatuko duen ezer. Frantsesezko tous les deux egitura izan daiteke, jakina, salbuespen horietako bat, eta bilaketa oso azaleko baten ondoren horixe baieztatu ahal izan dugu: aztergai izan dugun corpusean, euskarazko egitura horietakoren bat darabilten frantsesetiko itzulpenetan, tous les deux agertzen da maiz jatorrizkoan. Ikusiko dugunez, dena den, frantsesetiko adibideek ez dituzte datuak askorik aldatzen.

Orduko hartan bezala, Ereduzko Prosa Gaur corpusa hartuko dugu probaleku, eta egitura horietako bakoitza euskaraz sortutako zenbat liburutan eta euskarara itzulitako zenbatetan erabili den zenbatuko dugu. EPGn itzulpenen eta euskaraz sortutako testuen kopuruak bat ez datozenez (111 testu itzuli vs euskaraz sortutako 176), faktore zuzentzaile bat erabili dugu bi azpicorpusak orekatzeko: 1,58 (176/111 zatitzetik lortua).

Emaitzak ez dira ikusgarriak, baina bai, nire iritzian, esanguratsuak:

 Euskarara itzulitakoak
(liburu kopurua)

 Euskaraz sortutakoak
(liburu kopurua)

bi-biak
bi-biek
bi-biok (abs.)
bi-biok (erg.)
bi-biei
bi-bioi
bi-bien
bi-bion
bi-biotan
bi-bietatik
bi-biez

25,28
12,64
6,32
4,74
0
0
4,74
4,74
0
0
1,58

22
6
1
2
3
1
4
1
1
1
0

GUZTIRA  60,04  42

.

 Euskarara itzulitakoak

 Euskaraz sortutakoak

biak ala biak
biek ala biek
biok ala biok (abs.)
biok ala biok (erg.)
biei ala biei
bioi ala bioi
bien ala bien
bientzat ala bientzat

 33,18
23,7
4,74
1,58
1,58
1,58
1,58
1,58

40
14
3
1
3
0
2
0

GUZTIRA

 69,52

 63

Guztizkoei begiratuz gero:

  • Bi-biak multzoko egitura guztiak kontuan hartuta, 60,04 itzulpenetan erabili dira halakoak, eta euskaraz sortutako 42 liburutan. Frantsesetik itzulitakoak 11 dira (17,38, zuzenketa-faktorea aplikatuta). Frantsesezkoak kenduko bagenitu ere, 42,66 itzulpen eta euskaraz sortutako 42 liburu geratuko lirateke konparagai.
  • Biak ala biak multzoko egitura guztiak kontuan hartuta, 69,52 itzulpenetan erabili dira halakoak, eta euskaraz sortutako 63 liburutan. Frantsesetik itzulitakoak 5 izanik (7,9, zuzenketa-faktorea kontuan hartuta), 61,62 itzulpen eta euskaraz sortutako 63 geratzen dira.

Esan bezala, muturreko daturik ez du ematen konparazio-ariketak, eta hala ere jakingarria iruditzen zait itzulpenetan euskaraz sortutako testuetan adina agertzea bi egiturok. Itzultzaileen kalitateaz mintzo dira datuak, nire ustez. Izan ere, baldin eta jatorrizko testuetan euskal egitura enfatiko horiek erabiltzera bultzatzen duen ezer ez badago, emaitzek aditzera ematen dute itzultzaileek hizkuntza-sen garatua eta jarrera ernea ageri dutela beren itzulpen-lana egin bitartean. Ereduzko Prosa Gaur corpuseko datuak dira, noski. Beharbada horixe da testuok ereduzkotzat jotzeko arrazoietako bat?

«Espinilla» nola esan

Fernando Rey Escalera

Nik maiz esaten dut itzulpen-lana, bakarlari-lanaren itxura hartzen bazaio ere, taldelana dela, baita lana etxezuloan bakarrik egiten dugunean ere. Egiten dugun edozein itzulpenetan beste askoren laguntza izaten dugu. Hori gabe, jai genuke.

Adibide hoberenetakoa hiztegiak eta hiztegigileak dira. Sekulako lana egin eta egiten dute, eta, haiei eskerrak, burua sobera estutu gabe izaten ditugu aukeran gure buruhausteetarako konponbide franko.

Baina behin baino gehiagotan gertatu zaigu guztioi hiztegietara jo eta ematen zaigun ordainarekin pozik ez gelditzea. «Honek ez zidak balio», «hemen tranpa egin ditek» esaten diot neure buruari. Hiztegia baliabide bat baita, lagungarri bat, baina ez itsu-itsuan jarraitu behar zaion zerbait.

Azkenaldi honetan aski sartua nagoenez anatomiarekin edo semiologiarekin ikustekoa duten gauzetan, arlo horretako problema batekin heldu naiz gaur, denon artean konponbidea aurkituko diogulakoan. Hogeitaka urte eman ditut nire lankide gehienekin, eta oraindik ere ez diogu behar bezalako soluziorik aurkitu.

Eta hauxe da: «espinilla» euskaraz nola esan, ez bernazakia, noski, baizik eta azaleko mutur beltzeko pikor mota hori. Gaztelaniaz, «comedón» ere esaten zaio, edo «barrillo». Nik frantsesez jakin ez, eta galdeka ibili naiz: «comédon» edo «point noir» esaten omen zaio.

Dermatologiaren zehaztasunetan sakondu gabe, nik hiru hitz esateko premia izaten dut.

a) Grano. Larruazaleko trastornoa izendatzeko hitz inespezifikoa, ez baitugu esaten pustula edo makula den edo nolako sintomak dituen. Nire aukera: pikorra.

b) Divieso edo forúnculo. Azaleko inflamazioa da, ile-folikuluaren eta inguruko azalazpiko ehuna infektatzean gertatzen dena. Estafilokokoa izeneko bakterioak eragiten du gehienetan. Pikor hauek zornea dute, materia. Nire aukera: erlakizten edo zaldarra.

c) Espinilla. Aknearen efloreszenzia primarioa. Hiperkeratosiaren ondorioz bilgor-guruineko folikulua ixten denean gertatzen da. Tapoi bat eratzen da, eta folikuluaren kanala erabat betetzen. Melanina, airearen eraginez, oxidatu eta belztu egiten da, eta puntu beltz gisara ikusten dugu azalean. Euskaraz nola? Hau da problema.espinillaren irudia

Nire euskaran eta nire ingurukoenean –galdeka ibili naiz han-hemenka–, «grano» esateko «pikorra», edo «granoa» da modu ohikoena, zabalduena. Hiztegiek zer dioten ikusita, ematen du pikorta eta pixika ere esaten direla.

Orotariko Euskal Hiztegiak aukera hauek ematen ditu:

bona. “(V-m-ger), granillos de la cara, que producen vivo dolor al querer hacerles supurar” A.

pikor.  Grano, erupción, absceso.

erlakizten, erlakaizten. “Divieso mayor” Lar. “Cirro, divieso sin ojo” A. “Divieso”

zaldar. Divieso. “Clou ou furoncle” O-SP 222. “Divieso mayor”

ZALDAR-BELAR (-bedar V; saldarbedar V-m). Ref.: A (zaldar-bedar); Arzdi Plant1 279. “Hierba para curar diviesos”

zuldar 1. “Divieso […] si es menor, susterra, (V) zulderra” Añ. “Cierto grano de la piel” A. “Barro, granillo de la piel” Ib. “Divieso, forúnculo.

Zehazgabetasuna da aurkitu dudan problema, gehienbat erdaratik euskarara ari garenean, zeren, grano, divieso, forúnculo edo espinilla begiratuta, hauxe aurkitzen dugu:

Adorez 5000

espinilla: f. 1 grano purulento: zaldar, bona
divieso: m. zaldar, erlakizten, bixika, basasto
forúnculo: m. (Med.) zaldar, erlakizten
grano: 4 m. (Med.) grano de la piel: zaldar, pinporta, pikor, bixika, pirikorna, borna.

Elhuyar hiztegia

forúnculo: erlakizten
divieso: ezlakizten
espinilla: zaldar. Me ha salido una espinilla en la cara: zaldarra atera zait aurpegian.

Zehazki

forúnculo m med erlakizten, furunkulo.
divieso m erlakizten
grano
_ 4 (en la piel) pikorta, pinporta, bixika: me ha salido un grano en la nariz, pikorta (bat) atera zait sudurrean.
_ 5 (con pus) zuldar.
espinilla 2 f (grano) zaldar.

Euskalterm

Nik gaizki begiratu ez badut, ez du ordainik ematen sarrera hauetarako: divieso, comedón, forúnculo, grano, espinilla.

Beraz, problema bat dugu «espinilla» esateko: zenbait hiztegitan «zaldar» eta «espinilla» elkarren ordain direla esaten zaigu, baina, oker ez banaiz, premia terminologiko bat nola edo hala bete beharrak bultzatuta. Zaldarra ez da espinilla edo puntu beltza, bikor gaiztotu eta materiaduna baizik. Hiztegiren batean horrela agertu izanak ez du justifikatzen erabilera hori, eta beste bide batzuk bilatu beharko genituzke.

Nik eta nire inguruko askok, esan, «espinilla» esaten dugu, gaztelaniaren maileguaz baliatzen gara, eta hori izan daiteke konponbideetako bat. «Puntu beltzak» ere ez litzateke soluzio txarra izanen. Nire lankide Joxemari Sestorain leitzarrak dioenez, «zoztor» erabiltzen dute. Jakina, testuinguruan erabilita ulertzen da, ez bestela, baina balio liezaguke oinarri gisa terminoa sortzeko («azaleko zoztorrak”?).

Ikusten duzuenez, nik problema bat aurkitu dut, eta plazaratu.

Hiztegigileek dute hitza, jakintza arlo bakoitzeko adituekin batera, jakina.

Baina bitartean, gustura irakurriko nituzke zuen iritzi eta proposamenak, tokian tokiko erabilerak eta euskara estandarrerako iradokizunak.

Itzulpena eta poesia

Angel Erro

Berehala damutuko naiz post honi izen hain generiko hau eman izanaz, hemendik mende amaieraraino jardunaldi eta udako ikastaroak betetzeko bestekoa, hain kontu ñimiñoaz jarduteko nik. Hainbat itzulpenek uzten duten poesia zaporeaz. Liburuaren barruan galduta oharkabean pasa daitezke, izenburuan distira egiten duteneko egokierari eskaini dizkio poeta batek hainbat lerro. Poeta Juan Antonio González Iglesias da. Poemaren izena, El arte de traducir, eta Eros es más liburuan jaso zuen. Hona nire itzulpena.

ITZULTZEKO ARTEA

Asmatzen duten itzulpenak ospatu
behar ditugu. Ustelaren laburpena
bihurtu duten Cioranen Précis de
Décomposition
-ena bezalakoak.
Kultur segurtasun gabezia handiko uneotan
itzultzeko artea bihurtu da
ezagueraren ezin dudatuzko bide.
Historiaren dorrea
behin betikoak izan daitezkeen setioak
pairatzen ari den honetan,
adituengana jo behar dugu
eta haiek, presarik gabe, ausardiaz,
idatziaren azken zentzuaren senaz,
itzultzen dituztenengana.
Urte hauetan gertatzen
ari den guztia ulertuko badugu,
beste garai batez diharduen
Arnaldo Momigianoren liburu hau
aski dugu: The Alien Wisdom,
norbaitek ederki Barbaroen
Jakituria
gisa eman duena.

Itzultzaileen lanaren garrantziaz, idatzitakoaren zentzuaz jabetu eta itxuraz araua haustera ausartzearen egokitasunaz, eta haren ederraz mintzo zaigu poeta. Hemen, jatorriz, irakurleak egiazta dezan, zalantzarik balu, nola nagoen olerkiak jasotzen dituen ezaugarrien eskas.

Esaterako, ez dut asmatu gaztelaniazko «último» eta «final» adjektiboak egoki ematen. Zerbaitek esaten dit bietako batek ere ez duela gaztelania-euskara hiztegietan ematen duten adiera, baina behin baino ez naiz ausartu «azken» ez euskaratzen. Gonzalez Iglesiasek goraipatzen dituen bi liburuen izenburuekin ere ziur aski ez dut asmatu. Breviario de podredumbre eta La sabiduría de los Bárbaros dira jatorrian.

Horrek pentsarazi dit Andolin Eguzkitzak azken liburu honen izena nola emanen zukeen, esanen nuke nik baino are gutxiago asmatuz: Erdaldunen jakituria. Izan ere, horrelaxe itzuli zuen Konstantino Kafavisen poema ospetsu baten izenburua: Erdaldunen esperoan. Grezierazko barbaro hitzaren etimologia eta jatorrizko erabilera erdaldun hitzaren berbera edo antzekoa izan daitekeen arren, hitz bakoitzaren background historiko apartekoak zirrara eragiten du elkartrukatuta ikustean. Eta ez goiko poemak deskribatzen duen zirrara bera. Zirrara zail horren bila abiatu behar du, poesia ala besterik, itzuli nahi duenak.

Perla trukerako gonbita

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Iraila hagitz hilabete aproposa da antolaketa lanetarako, nire ustez. Ikasturte berriarekin batera, dena atontzeko joera sumatzen dut inguruan; inguruan eta, batik bat, neure baitan, antolakuntzarako isuria oso neurea dut eta. Larrazken usainak igarri orduko, zernahi antolatzeko irrika etortzen zait ezustean: armairuak eta asmoak, ordutegiak eta ametsak, tiraderak eta balizko errotak… antolatzeko modukoa den oro, antolagai iruditzen zaidan oro. Nahiz eta gero bizitza nagusituko den beti, eta pozarren erakutsiko dizkidan, berriro ere, bere ahalmen paregabeak bazterrak desantolatzeko, garrantzitsua den ia guztia antolagaitz bihurtzeko. Baina, tira, saiatu egin behar behintzat.

Aurrekoan, antolatzearen onurez solasean ari ginela lagunartean, adiskide bat –teknologia berrietan bipilen eta ausarten ibiltzen dena– Pearltrees[1] programaz mintzatu zitzaigun, Interneteko edukiak bildu, antolatu eta gainerako erabiltzaileekin partekatzeko aukera ematen duen programaz. Pearltrees tresnaren bidez web orrialdeak bil daitezke, eta nork bere modura sailkatu, perla zuhaitzak osatuz. Programak, bestetik, gainerako erabiltzaileen bildumak ikusteko aukera ematen du, baita haien perla interesgarriak nork bere zuhaitzari eransteko ere. Hala, bada, iraila hagitz hilabete aproposa denez gauzak ordenatzeko eta nik oso neurea dudanez antolakuntzarako isuria, sareko itzulpen baliabideen perla zuhaitz bat osatzen hasi naiz. Hona hemen zer itxura hartzen ari den perla zuhaitz hori (Pearltrees programa instalatu beharra dago, eta kontua ireki, zuhaitzean barrena ibili, perlak ireki eta erabili ahal izateko):

Itziar1

Eta hauexek lirateke Hiztegiak perlak barnean dauzkan perlak eta perletako izpietako batzuk:

Itziar2

Zuhaitza osatzeko, beste hainbat erabiltzaileren perlak neureganatu ditut jada. Oraingoz saio xume bat besterik ez da (bizitza errealeko armairu, baliabide, ordutegi eta enparauen antolaketa lanek nahi baino ordu gehiago hartzen baitute), baina programa horren bidez euskal itzultzaileok kontsultarako darabiltzagun iturrien bilduma ederrak era daitezke, eta beste itzultzaileen eskura jarri. Hortaz, baten bati nire perletako bat interesgarri irudituz gero, hortxe dauka beretako, eta inork bere baliabideen zuhaitza eraikitzen badu, ni oso gustura ibiliko naiz perlaz perla kuxkuxean, baita baliagarria deritzodana neureganatzen ere.


[1] Esteka honetan duzue programari buruz maiz egiten diren galderak (ingelesez): http://www.pearltrees.com/s/faq/en; eta beste honetan, berriz, labur-labur azaltzen da programa zertan den (euskaraz; eskerrik asko Marije Uraga egileari): http://www.slideshare.net/marijeuraga/pearltrees-tutoriala

Lexiko sorkuntzako bide berriak

Asier Larrinaga Larrazabal

Egungo kultura hiritar globala ingelesez sortzen da, eta ingelesa du —ia— hizkuntza bakarra. Ondorioz, ingelesezko hitzak oldeka sartzen dira hizkuntza modernoetara, baita euskarara ere. Euskarak ez die muzin egiten maileguei, baina ingelesetikoak ez dira beti samurrak: grafia arrotza izan dezakete (backstage), edo ahoskera korapilatsua (crowdfunding), eta belarriz identifikatzen zail bihur daitezke deklinatutakoan (jet laga).

Normalean, mailegu gordinaren lehen inpaktuaren ostean, eboluzioa hiru bide hauetako batetik joaten da:

a) mailegua irentsi egiten da (meeting > «mitin», «mitinlari», football > «futbol», «futbol-zelai»)

b) ordain bat ematen zaio (feedback > «atzeraelikadura», play-off > «kanporaketa»)

c) maileguak ordezkatu duen hitza berrezarri egiten da (checkpoint > «kontrol», crowdfunding > «diru-bilketa»).

Hain zuzen, lehengo batean Eneko Bidegainek crowdfunding eta fracking hitzei buruz idatzi zuenaren ildotik dator hemendik aurrera esan nahi dudana.

Uste dut ingelesetiko maileguen kontu honetan lotsagabekiago jardun beharko genukeela, eta errazago egin beharko genukeela mailegua erabat irensteko zein ordezteko urratsa. Ordeztea erabakiz gero, ordaina sortzeko ere, lotsagabekiago.

Izan ere, ingelesa bera ausarki aritzen da lexiko-sorkuntzan, bide heterodoxo samarretan barrena.

  • Siglen lexikalizazioa: laser (light amplification by stimulated emission of radiation).
  • Laburduren lexikalizazioa: condo (condominium), mayo (mayonnaise).
  • Amalgama: modem (modulator-demodulator), codec (coder-decoder), brunch (breakfast + lunch).
  • Kapritxozko eratorpena: humongous («huge»-etik abiatuta), zillion («million»-en irudira).
  • Izen berezietan, berdin: AC (Atlantic City), LA (Los Angeles), Philly (Philadelphia), Tribeca (Triangle below Canal Street —New Yorkeko auzoa—).

Iruditzen zait euskaraz ere zilegi direla bide horiek, eta saiakuntza txiki bat egin nahi izan dut azkenaldian mailegu deseroso edo eredu inbidiagarri iruditu zaizkidan ingelesezko hainbat hitzi euskarazko ordaina emateko.

  • jet lag: jet-jauzi (hegazkin-bidaia luze batek gorputzaren erritmoetan eragindako alterazioa)
    Txinatik itzuli naizenetik, eta badira hiru egun, ez dut jet-jauzia gainditu.
  • mall: merkagune («merkataritza-gune» erabilera formaletarako utziko nuke)
    Merkagunera noa, praka batzuk erostera.
  • smartphone: azkarfono (erabilera formalean «telefono adimendun» esango nuke)
    Azkarfono bat zozkatuko dute erantzuna asmatzen dutenen artean.
  • sext / sexting (sex + text): sexuketa (eduki sexual esplizitua duten mezuak eta irudiak trukatzea baliabide elektronikoen bitartez).
    Nerabeen % 62k sexuketarako erabiltzen dituzte sare sozialak.
    Anthony Weinerrek New Yorkeko alkategai izateko aukera guztiak galdu ditu sexuketa-eskandalu batengatik.

Idazle elebidunen pagotxa

Isabel Etxeberria Ramírez

Pasa den astean, uztailaren 22tik 24ra, literatur itzulpenaz gogoeta egin ahal izan genuen EHUren Uda Ikastaroetan, EIZIEk antolaturiko ikastaro batean: «Azkenaldian euskarara itzulitako literatura: bideak, joerak eta esperientziak». Asko eta askotarikoak entzun genituen han: iritziak, esperientziak, adostasunak eta desadostasunak, balorazioak, proposamenak… Ez da hau lekua han esandakoak laburbiltzeko, baina hiru egun haietako gogoeta izpiren bat behintzat ekarri nahi dugu hona. Informazio xeheagoa lortu nahi duenak elearazi blogaren eskutik lortu ahal izango du. Eskerrik asko, berriro ere, Danele eta Garazi.

Azken eguneko azken hitzaldian, Harkaitz Canok autoitzulpenaz eta berridazteko tentazioaz hitz egin zigun. Pantailaratu zizkigun lehen bi aipuek argi laburbildu zuten hitzaldiaren abiapuntua: alde handia dago idazleak idatzi uste duenaren eta benetan idatzi duenaren artean, eta itzulpenak alde hori argitara ekartzen du askotan. Aipuetako batean, Italo Calvinok ohikoa zuen ironiaz deskribatzen zuen egoera:

Cuando veo que no me han robado bien y que no han descubierto lo que había de secreto, me siento desilusionado. (…) es posible que el secreto no existiera si no se encontró.

Anjel Lertxundik, euskalduna baita, ohikoa dugun arrazoiaz esplikatzen du egoera:

En las lenguas en situación diglósica —y, lo que es peor, sucede también con sus escritores—, se produce a menudo un desfase cada vez mayor entre lo que se pretende decir y lo que en realidad se dice. Ello es debido al influjo que la lengua de contacto más poderosa esparce por los más recónditos rincones del débil.

Canok, jarraian, bere autoitzulpenen hainbat pasarte ekarri zizkigun adibide. Itzulpen eraldatuak, denak; jatorrizkoari zerbait gehitzen ziotenak, asko eta asko. Hasierako bi aipuetan iragarritakoaren froga gisa, striptease erabatekoan. Eta halako jokaerek zer efektu izaten duten ondorioztatu zuen segidan: inoiz autoitzulpena egin duen idazleak (eta, oro har, itzulia izango dela dakien orok, ziur aski) ez du harrezkero berdin idazten; idazten ari den testuak itzulpenean nola emango duen gogoan du une oro, eta alerta-egoera horrek eragina du haren idazkeran. Jakina, idazle elebakarrari ez zaio halakorik gertatzen. Akuilu hori falta du bere idazkera hobetzeko. Diglosia eta guzti, horra hor elebitasunaren beste abantaila bat.

Ikastaroko lehen egunean, euskaratu den eta euskaratu beharko litzatekeen kanonaz eztabaidan ari ginela, literatur itzulpenaren zereginetariko bat gogorarazi zigun, entzuleen artetik, Juan Garziak: ereduak ekartzea gurera. Kanpoan erabili diren moldeak, estiloak, baliabideak eta abar euskaraz ematea, gure idazkera eredu berriz hornitzeko. Zirkulua itxita uzten zuen, beraz, Harkaitz Canok. Euskarara itzultzeak gure idazkera aberasten laguntzen du; euskaratik itzultzeak, beste arrazoi eta bide batzuk direla medio, ere bai.

Barkatuko didazue, baina ezin diot tentazioari eutsi. Gaindimentsiona dezagun (pixka bat gehiago, posible bada) itzultzaileen egitekoa: gora itzulpena!, gora diglosia!

Hamaika itzultzeko jaioak gara (2)

Fernando Rey Escalera

Personas infantiles / Personas de categoría infantil

Lehengoan esan nuen bezala, Iruñerriko udal batean dudan adiskide batek maiz deitzen dit aholkua eskatzeko, edo euskaratzen duenari begiratu bat emateko. Euskara teknikaria da, eta euskara teknikariek maiz egin behar izaten dituzte itzulpen lanak, eta, egia esan, logikoa iruditzen zait zalantzak sortzen zaizkionean deitzea. Trebea da itzulpenean, eta sen ona du, eta ederki daki behar adina urruntzen jatorrizko testutik euskarazko testu egokiak sortzeko, baina ongi dakigu denok itzultzaile bakartiaren sindromea zein gogorra den, eta zer ondorio latzak izan ditzakeen.

Lehengoan, mezu-truke hau izan genuen:

Kaixo, Fernando:

Mezu hau ez diat bidaltzen zuzenketaren bat eskatzeko, perlatxo bat erakusteko baizik. Horrelako perlen zerrenda bat bildu eta liburu bat argitaratuko dudala uste diat.

Orain berriro, aipatu genian ba, gaztelaniazko aldrebeskeriaren bat? Gogoratzen haiz? Ba… Esaldi pare bat bidali zidatek itzultzeko, eta, hasi naizenean, begira zerk egin didan salto begietara, atzapar eta guzti: «Las personas infantiles no vecinas…». Polita, e? (Emaiok hori itzultzaile automatiko bati eta… Hori masakre linguistikoa!)

Kontua hauxe omen zen: igerilekuetarako tarifak finkatu ditu udalak, eta igerilekuetarako udako abonuaren prezio desberdinak daude, pertsona heldua edo haurra izan, herrikoa izan edo herritik kanpokoa izan.

Irri ederrak egin genituen, eta, jakina, euskaraz, «haurrak» jarri zuen nire lagunak. Baina, iruditu zitzaigun ona zela gaztelaniazkoa ere aldatzea, barregarri geldi ez zedin.

Ander Irizar lankide eta adiskideak txiste polita ere egin zuen horren kontura:

–Oye, tú te casaste, ¿verdad?
–Sí.
–¿Y tienes alguna persona infantil?
–Sí, tengo dos personas infantiles: un niño de 9 y una niña de 7.

Itzulpenaren eskatzaileari gaztelaniazko testuaren desegokitasunaz ohartarazten saiatu zen nire laguna, baina, egia esan, oso emaitza onik gabe. Zeren, handik laster, beste mezu hau bidali zidan:

Kiroldegitik bidali zidatek eta ez diat aguantatu, eta deitu egin zioat. Esan zioat: una persona infantil no es un niño/a (generalmente es un/a imbécil; hori ez zioat esan). «Niños/as» ez omen zian jarri nahi, eta, «personas infantiles» desegokia zela esan eta gero, «personas de categoría infantil» jarri ditek, kiroletako sailkapena erabilita (beste katastrofe bat). «No vecinas del pueblo» beste kategoria bat bezala zeukatek kiroldegian. Euskaraz «herriko bizilagunak ez diren haurrak» jarriko diat, eta esan diezadala horiek ez direla kiroldegiko kategoriak. Bueltan nokierokoren bat adituko dik. Hori, ez gaztelaniaz eta ez euskaraz, ez dela hizkuntza, ezta hitz egiteko modua ere; ez haurrei eta ez helduei (kar, kar).

Eta Anderrek bigarren txistea sortu zuen:

Ez zekiat zer den okerragoa…
Hala ere, itzulpenean «haurrak» jarriko zian, ezta?
Y Jesús les dijo: «Dejad que las personas de categoría infantil se acerquen a mí».

Ez dut hizkera sexista saihesteko proposamenei buruzko eztabaidarik piztu nahi.

Besterik gabe, denok ederki dakigun zerbait nabarmendu nahi dut: problema, maiz, jatorrizko testuan izaten dugu, eta, itzulpena ez ezik, jatorrizkoaren zuzenketa lana ere egitea izaten da gure eginkizunetako bat.

Azkenaldi honetan, adibidez, pertsona hitza bultzatu behar dela diote batzuek. Euskaraz, jakina, gehienetan, ez da beharrezkoa. Erdaraz zer jarri nahi duten eta zergatik beste kontu bat da, nahiz eta niri, askotan, min pixka bat ematen didan begian eta belarrian.

Lehengoan ohartu ginen, esaterako, Nafarroan argitaratu behar genuen lege batean «pertsona jabeak» genuela idatzita. Zergatik? Erdaraz «personas propietarias» zegoelako. Bistan da non dagoen jatorria: «propietarios»etik «propietarios/as»era egin zuten salto lehenbizi. Hurrena, hori saihesteko, «personas propietarias»en alde egin dute. Eta norbaitek (edo guk), azkenean, amua irentsi. Oraingoan, garaiz ohartu, eta zuzentzeko modua izan dugu.

Itzulpen kontuei buruzko hainbat axioma (eta, hamarrera iritsiko balitz, dekalogo)

Angel Erro

BAT.- Ez dago itzuli ezin daitekeenik.

BIZPAHIRU.- Ez dago hizkuntzarik zeinetatik edo zeinetara itzuli ezin daitekeen.

LAU.- Itzulpenak hizkuntza ezberdinen eta kultura berdinen artean ematen dira. (Oraindik ez da asmatu, beharko balitz ere, itzulpen interlinguistiko diskulturala)

BOST.- Itzultzaile batek egilearen asmoaren barrenean sartzeko ahalmena du, batez ere hau hilda badago.

SEI.- Ezein itzulpen ez da neutroa. Itzultzailea ahalegintzen da egilea (finkoa) bere balizko irakurleekin (aldakorrak) adiskidetzen. Behin eta berriz.

ZAZPI.- ‘Traduttore traditore’ esapideak ‘itzultzailea traidore’ esan nahi du, eta pentsatzekoa da jatorrizkoan emateko ohitura dela bere egiazkotasuna frogatzeko biderik azkarrena.

ZORTZI.- Itzulpenean gehien traizionatzen den hizkuntza da gehien ezagutzen dena.

BEDERATZI.- Itzulitako lanak ere bere tradizioarekin dialogatzen du, bestearekin monologatzen.

HAMAR.- Itzuli ezin daitekeen umoreak ez du (jatorrizkoan ere) esatea merezi.

Mintzagaiari deika (II)

Asier Larrinaga Larrazabal

Aurreko postean esan nuen esaldi batzuetan mintzagaia informaziogune bihurtuta aurkitzen dudala, eta informaziogunea, gehikuntza bihurtuta. Adibide gehiago agindu nituen post honetarako, eta hitza betetzera noa. Hona lehena:

(1a) Izan dezakezu dieta bat osasunerako ona dena eta ingurumenari ere kalte txikia egiten diona, baina hori bakarrik, bere horretan, niretzat ez da nahikoa esateko dieta osasungarria eta jasangarria denik.

Lehen adibide hori itzulpen bat da, oso gardena («puedes tener una dieta que sea…»), eta nik honela emango nuke:

(1b) Zure dieta, beharbada, ona izango da osasunerako, eta kalte txikia egingo dio ingurumenari, baina hori bakarrik…

Edozelan ere, ez dut uste subjektua mintzagai modura hanpatzeko beharrik dagoenik.

(1c) Beharbada, zure dieta ona izango da osasunerako, eta kalte txikia egingo dio ingurumenari, baina hori bakarrik…

Hurrengo adibidearen jatorria ohar ezagun bat da, datu pertsonalak eskatzen dizkigutenean orri-oinean jartzen dutena.

(2a) Zure datuak XXXk kudeaturiko datu-base batean jasoko dira, helburu komertzialekin. Zure datuak kontsulta ditzakezu, zuzendu, ezabatu edo erabilpen horietarako ukatu, azpiko helbidera mezu bat bidaliz.

 Bertsio asko daude, baina denetan sumatzen dut mintzagaia informaziogune bihurtuta. Horrelako bat nire eskuetara helduz gero, beti aldatzen dut. Alternatibak bat baino gehiago dira.

(2b) Zure datuak XXXk kudeaturiko datu-base batean jasoko dira, helburu komertzialekin. Zure datuak kontsultatzeko, zuzentzeko, ezabatzeko edo erabilpen horietarako ukatzeko, mezu bat bidali behar duzu azpiko helbidera.
(2c) Zure datuak XXXk kudeaturiko datu-base batean jasoko dira, helburu komertzialekin. Zure datuak kontsultatu, zuzendu, ezabatu edo erabilpen horietarako ukatu nahi izanez gero, mezu bat bidali behar duzu azpiko helbidera.

Hurrengo adibide hauek ere itzulpenak dira; EiTBren estilo-liburuaren zirriborroko pasarte batzuk. Testua gaika dago antolatuta, baina paragrafo bakoitzak ideia independente bat biltzen du, gehienetan EiTBren jokabide ideala deskribatzen duen baieztapen gisa.

(3a) EiTB sare sozialetan dago erabiltzaileen leialtasuna lortzeko, markaren irudia sustatzeko eta Internetetik Taldera doan trafikoa bideratzeko, erabateko komunikazioa lantzen duen zerbitzu publikoa dela bide, lanbide eta bikaintasun irizpideetan oinarrituta.
(4a) EITBk bere misioa betetzen du telebista, irratia eta Interneteko kanalen bidez komunikazio-talde publiko gisa, eskaintza osatua eginez.
(5a) Erakundearen hedabide desberdinei haien iritzia eman edo adierazpenak egiten dizkieten pertsonei informatuko zaie horiei emango zaien erabilera, eta beren-beregi jakinaraziko zaie zein saiotan, egunetan eta ordutan emitituko diren.
(6a) Hauteskunde-gauean, emaitzak baloratzeko alderdi politikoen egoitzetatik egiten diren agerraldien jarraipena egingo da kronikaren edukia hauteskunde-giroaz kutsatu barik.
(7a) EiTBko kazetariek inkesta baten emaitzei doazkien irakurketa eta interpretazio egokia egingo dute inkesta egin duen enpresak edo inkesta eskatu duen erakundeak emandako titularrak kopiatu baino lehen. Horretarako, behar-beharrezkoa da kazetariak estatistika eta demoskopiaren inguruko oinarrizko jakintza edukitzea.

Testua EiTBtik kanpo euskaratu zen, eta, itzulpena jaso zenean, Zuzendaritzak goza nezala eskatu zidan, lehen irakurraldian ulertzeko moduan jar nezala. Goiko esaldiak honela moldatu nituen, nik mintzagaitzat jotzen nuena informaziogunetik atera eta mintzagai bihurtuta:

(3b) EiTB sare sozialetan egonda, erabiltzaileak fidelizatzea, marka-irudia promozionatzea, eta Internetetik Taldearen beste hedabideetara igarotzeko bidea erraztea lortu nahi da. Horretarako, komunikazio-zerbitzu publiko integrala, profesionala eta bikaina eskaini behar da.
(4b) Misio hori betetzeko, EiTBk hainbat kanal ekoizten ditu telebistan, irratian eta Interneten, komunikazio-talde publiko baten egitura hartuta, eta eskaintza osatua eginez.
(5b) Pertsona bati EiTBren hedabide baterako iritzia edo adierazpenak eskatzen bazaizkio, garbi azaldu beharko zaio bere hitzak zelan eta zertarako erabiliko diren, eta beren-beregi jakinaraziko zaio zein saiotan, egunetan eta ordutan emitituko diren.
(6b) Hauteskunde-gauean, alderdi bakoitzak bere egoitzan egiten duen balorazio-agerraldiaren jarraipenean, kronikak ez du hauteskunde-giroaz kutsatu behar.
(7b) Inkesten emaitzak direla eta, EiTBko kazetariak euren irakurketa eta interpretazioa egiten ahaleginduko dira, ikerketa egin duen enpresak edo hura eskatu duen erakundeak emandako titularrak erreproduzitu barik. Horretarako, behar-beharrezkoa da kazetariak oinarrizko prestakuntza izatea estatistikan eta demoskopian.

 Zalantzan egon naiz, baina, azkenean, jatorrizko testuak ere emango ditut, zerbait argituko dutelakoan.

(3c) La presencia de EiTB en las redes sociales busca fidelizar a la audiencia, contribuir a la imagen de marca y generar tráfico desde Internet hacia el grupo a través de un servicio público de comunicación integral y sujeto a criterios profesionales y de excelencia.
(4c) EiTB lleva a cabo su misión a través de sus canales de televisión, radio e Internet en forma de grupo público de comunicación, con una oferta completa.
(5c) Las personas que manifiesten su opinión o accedan a hacer declaraciones para los distintos medios del ente serán informadas del uso que se hará de las mismas, con indicación expresa del espacio, día y hora de emisión.
(6c) Durante la noche electoral, las comparecencias de valoración en la sede de cada formación política serán cubiertas sin que la crónica se contagie del ambiente electoral.
(7c) Las/los periodistas de EiTB tratarán de hacer una lectura e interpretación propias de los resultados de una encuesta, antes que reproducir los titulares que transmiten las empresas responsables de los sondeos o los organismos que se las encargan. Para ello, resulta imprescindible la formación básica en estadística y demoscopia.

Hamaika itzultzeko jaioak gara (1)

Fernando Rey Escalera

Pochada solidaria sostenible

Sinetsia nago arrunt osasungarria dela umorea, eta are osasungarriagoa, jakina, nork bere buruari irri pixka bat egitea. Horregatik, itzulpen lanari lotutako miseriez irri pixka bat egiteko mezu sail bati eman nahi diot hasiera.

Umorearen eta ironiaren ondorioz, jakina, gogoetak eta eztabaidak ere pizten ahal dira, baina ez da hori, gaur behinik behin, nire helburu nagusia.

Itzulpen lanari lotutako pasadizo asko kontatzen ahalko genuke denok, eta txiste sail ederra aterako litzateke, baina nik lehengo eguneko bat kontatu nahi dut.

Badut adiskide bat, euskara teknikari dabilena Iruñerrian eta maiz kontsultak egiteko edo itzulpenak zuzentzeko eskatzen didana. Azkenaldi honetan, irri ederrak egin ahal izan ditugu pasadizo batzuk direla-eta.

Lehengoan, mezu-truke hau izan genuen:

Egun on, Fernando.
Uste diat txoro-haizeak eman didala.
Gaur itzulpen lan hau iritsi zaidak: “pochada solidaria sostenible”.
ALA! (y si tienes piiiii te la comes. Porque, con ese nombre, hay que tener valor)

Jakina, zer ote zen galdetu behar izan zuen. Festetan, potxa-jatea egin behar omen zuten, eta, bertan, bidenabar, kausa solidario baterako dirua bildu.

Eta “sostenible”? Oraingoan, kontu bakarra ez omen zen ingurumenarekiko errespetua. Pertsonen arteko errespetua eta ez-dakit-zenbat kontu gehiago ere adierazi nahi omen zuten horrekin. Enfin!

 Nik honela erantzun nion:

Ba, nik, askatasunez jokatuko niken.
Ba, esan nahi dutena esateko paragrafo luzea beharko litzatekeenez, uste dinat hobe dela libre jokatzea. Erdaraz jar ditzatela nahi dituzten astakeriak, eta hik normal jokatu.

Potxa-jate solidarioa (eta kitto)

Eta “sostenible” jan (potxekin batera), orain arte eman diren ordainek ez digutelako pitorik (barka!) balio kasu honetarako (iraunkorra, jasangarria…).

Begira zer-nolako munstroa aterako litzatekeen kasu honetan asmazio horien eta Ibon Sarasolaren edo Euskalterm-en esanei kasu egin beharko bagenie:

Babarrun zuri berrien jate solidario iraunkorra

¡A disfrutar, que son dos días!

Irri batzuk egin genituen: nolako betekada eta tripako mina izan behar zuten denek potxa-jate iraunkorra eginez gero. Edo, nolako jaleak behar ziren potxa-jate jasangarria jasateko.

Irrien ondoren, bi gauza etorri zitzaizkidan burura. Bata, jatorrizko testuari traizio pixka bat egitea, batzuetan, konponbide hobea dela fideltasuna baino, eta, zenbaitetan, itzulpena hurbilketa-lana besterik ez dela. Bestea: Zehazki-n eta Hiztegi Batuan zergatik ez dagoen onartua “potxa” hitza. Nafarroako ekialdeko euskalkietan hala erabili da. Orotariko Euskal Hiztegian jasoa dago. Eta potxak jateko ohitura dugunok hala erabiltzen dugu euskaraz. Non dago problema? Bi dira segur aski: maileguei diegun beldur zentzugabea, eta Euskal Herri horiko platera izatea, zeren, Euskal Herri berdekoa izan balitz, hantxe izanen zen, jatorria gaztelania izan edo beste edozein hizkuntza izan.