Lokalizazioa (edo), XVIII. mendearen hasieran

Gidor Bilbao Telletxea

Izenburu deigarria lortzeko, neure erara baliatu dut lokalizazio kontzeptua. Gero eta gehiago softwareari edo produktu informatikoei lotua erabiltzen badugu ere (ikusi honi buruz Ane Lópezen artikulua, Senez aldizkarian), berez, lokalizazioa «produktua tokian tokiko ezaugarrietara egokitzea da, kultura edo hizkuntza bakoitzeko bezeroei arrotzak eta deserosoak egingo ez zaizkien produktuak eskaintzeko, euren kulturan edo hizkuntzan sortuak balira bezalakoxeak»; Itziar Bernaola, Ana Isabel Morales eta Irune Payros lankide ohien artikulutik hartu dut definizioa (hauek bai lortu zuten artikulu mamitsuarentzat izenburu ederra!).

Blog honetako nire azken bi postetako hariari helduta, eta Joanes Etxeberri Sarakoarenak amaitzeko (zin dagit!), Etxeberriri itzulgai gehien (kopuruari begiratuta) eta seguruenik are liburuaren ideia bera eskaini dizkion autorea aipatu behar dut oraingoan: Bernardo José Aldrete (1560-1641), Del origen y principio de la lengua castellana o romance que oi se usa en España (1606) liburuaren egilea. Etxeberriren prosa-lan nagusiaren izenburua (Eskuararen hatsapenak) eta lehenengo kapituluaren izena bera ere («Eskuararen ethorkia») Aldreteren zordun direla esango nuke.

Etxeberrik Aldreteren gaztelaniazko lanetik euskarara eta latinera itzuli dituen zatiak ugari diren arren (testu itzuli guztiak bildu dira Bilbao 2006 lanean), bereziki esanguratsua da hain zuzen Etxeberriren testu programatikotzat daukaguna Aldreteren liburutik hartu eta euskaratua izatea.

Mi intento solo a sido mostrar su origen i principio [de la lengua castellana] […] (Aldrete 1606: 367)

Eta, hala, ene xedea ezta jeus ere bertzerik izan, baizik eskualdunei bere hitzkuntzaren ethorkia eta hatsapenak gaindiroki eta pasaiaz bere hitzkuntza propialean erakustera eta ezagutzera eman nahizko desirkundea […] (EHats 274)

Baina kontua da oraingo honetan itzulpen hutsa ez zela aski. Lokalizazioa behar zuen: gaztelaniari buruzkoak euskararen kasurako egokitzea. Aldretek aldarrikatzen du gaztelania laudakizun dela hizkuntza dotore baten (latinaren) oinordeko delako, eta Etxeberrik, halako argudiorik ezin erabil dezakeenez, euskarak «bertzetarik ethorkirik» ez izatea goraipatzen du. Ikusi goiko testuaren jarraipena zelan den Aldreterenean eta zelan Etxeberrirenean:

[…] origen i principio, que como no a sido de lengua barbara, sino de la más prima i elegante que á tenido el mundo, suficiente causa es de su estima i loa, i para preciarnos della, i no tenerla en poco como algunos hazen. (Aldrete 1606: 367)

[…] eta, denbora berean, jakin dezatentzat eskuara eztela salbaia, ez eta ere bertzetarik ethorkirik duena, aitzitik munduan izan diren eta orai ere kausi ahal ditezken zaharrenetarik, garbienetarik eta noblenetarik bat, zeinak gramatikako erregelen laguntzarik bathere gabe hanbat mendez mende baitirau. (EHats 274-275)

Argudioak bete-betean balio diola uste duenean, ez dago lokalizazio beharrik eta itzulpen-lan soila aski da. Honela jarraitzen dute testu biek:

Grande alabança del romance es que, sin averla procurado cultivar, antes desmanparado, aia florecido con tanta excelencia; evidencia manifiesta que, si lo uvieran con artificio dispuesto i con lo mismo que tiene lo uvieran enjoiado, estuviera mucho más a delante. Poco deve a los suios, pues ni de su industria ni solicitud nada le a venido, i todo es de su cosecha lo que tiene. Porque como campo fértil, que sin que nadie le aia puesto la mano se viste […]. (Aldrete 1606: 368-369)

Beraz, zinez erran diteke gure eskuara dela laudakizun, zeren, egundaino batere antzatua izan eztelarikan, halarikan ere munduan diren etsairik borthitzenen kontra mantenatu eta mantenatzen baita. Hargatik, bere jendakiari edo bere umei deraue obligazino guti, zeren, hekien laguntzen bidez, jeusik ez baitu errezibitu; duen guztia bere propiala du. Lur edo landa bere baitharik emankara dagoenak, laguntza eta ontkailurik gabe […]. (EHats 275-276)

Ez dugu orain arte esan Aldreteren kapitulu honen izenburua: De las grandes partes dignas de mucha estima que la lengua castellana tiene. Liburuko azken atala da, kolofoi modukoa; Etxeberrirena ere epilogo modukoa da, Irakurtzaileari izenburuarekin saiakera-lanaren bukaeran eta gramatika-lanaren aurretik kokatua. Aldretek gaztelaniaren bikaintasunak zerrendatzeari ekiten dionean, atzetik doakio Etxeberri euskararen laudakizunekin:

Si buscamos suavidad i dulçura, ella la tiene, acompañada de gran ser i magestad, conviniente a pechos varoniles i nada afeminados.

Si gravedad, tiénela tan apazible que no admite arrogancia ni liviandad.

Si candidez i pureza, hállase en ella con tanto primor i compostura que no sufre cosa lasciva ni descompuesta.

Si agudeza, la suia es con tal biveza que pica sin lastimar. (Aldrete 1606: 369)

.

Ezen, dasta badadi hunen eztitasuna, berak gonbidatzen du.

Nahi baduzu kausitu onhestasuna eta grabetasuna, ikhusiko duzu baituela urguiliarik eta ergeltasunik gabe.

Baldin desiratzen badugu garbitasuna, hunen baithan hain da manera xahuan, non ez baitu onhesten notharen kutsurik gutiena; hargatik hainitzek bilhatzen ohi dute xahutasuneko eginbidetan.

Konsidera badadi hunen agudotasuna, hain da bizia, zorrotza, agudoa eta lasterra, non zaurthu gabe pikhatzen baitu […] (EHats 277)

Ez dakit lokalizazio kontzeptuan sartu behar ote genukeen «acompañada de gran ser i magestad, conviniente a pechos varoniles i nada afeminados» ez euskaratzeko erabakia.

«Produktua tokian tokiko ezaugarrietara egokitzearen» adibide bikaina da, ordea, ebakerari dagokion atala. Kasu honetan, baieztapen bat eta bera defendatzeko, ezinbestean erabili behar dituzte bakoitzak bere argudioak. Beti bezala, Aldretek ezarriko du puntua, eta Etxeberrik ez du inongo arazorik bere bertso propioa osatzeko:

Por no alargarme no digo de su pronunciación: quán fácil i suave es, cómo reparte las letras que en el ablar no causen fealdad. Huie en las finales la m i la t, difíciles i duras […]. Cuando es menester, ablanda la ce mudándola en ge, i la te en de; para que suenen bien las varía. I otra muchas cosas, que todas hazen que ni saquéis los labios ni lengua de sus quicios, sino con toda buena compostura se hable llanamente i sin estorvo. (Aldrete 1606: 370-371)

Mintzatzean ezpainik eztu luzatzen ez biltzen, ez eta ere mihirik bere tokitik atheratzen. Aitzitik letrak miragarriki errepartitzen tu: batzuetan, d ganbiaturik eta khendurik, ezartzen du t; bai halaber z khendurik t, eztikiago hitzei soinu eragiteko. Halako moldez non hunentzat higuintza dutenei berei ere eder baitzaie. (EHats 278)

Hori ez al da «kultura edo hizkuntza bakoitzeko bezeroei arrotzak eta deserosoak egingo ez zaizkien produktuak eskaintzea, euren kulturan edo hizkuntzan sortuak balira bezalakoxeak»? Lokalizazioa (edo), XVIII. mendearen hasieran.

***

P.S. (bide batez, bonus track): Zertaz ari da Etxeberri «d ganbiaturik eta khendurik, ezartzen du t; bai halaber z khendurik t, eztikiago hitzei soinu eragiteko» baieztapenarekin? Zalantzarik gabe, ez adberbioaren ondoren aditzen hasiera aldatzeaz ari da: ez d- > ezt- (ezta, eztakitenek, eztute, eztira, eztezazula… idazten ditu) eta ez z- > etz- (etzituen, etzioten, etziren, etzekioen, etzuketela, etzedila…).

Euskara maitea

Estitxu Irisarri Egia

Euskara maitea:

Idatzi ezin daitekeen hizkuntza; museokoa, museorakoa edo muserakoa, etxekoa edo etxerakoa, idatzi ezin daitekeen hizkuntza, txokoratua, txakurrekin eta haurrekin erabiltzekoa, biraorik ez duen hizkuntza, kontzeptu baterako hitz bat baino gehiago erabiltzen dituena, beste kontzeptu batzuk izendatu ezin dituena, hizkuntza txiroa, gazteen artean erabili ezin daitekeena, ligatzeko balio ez duena, zientzia zer den ezagutzen ez duena, basatien hizkuntza, separatistena, terroristena. Horrelako hainbat baieztapen eta topiko entzun izango dituzu urteen joan-etorrietan. Gorrituko zitzaizkizun honezkero amorruaz masailak eta belarriak!

Lizardik behinola zuri eskainitako hitz haiek gogorarazi nahi dizkizut gaur, inoiz ez dezazun etsi:

Baina nik, hizkuntza larrekoa,
nahi haunat ere noranahikoa:
jakite-hegoek igoa;
soina zahar, berri gogoa;
azal horizta, muin betirakoa.

Pentsatzen dut horrelako kemen hitzak eskertuko dituzula, eta nork ez! Historian zehar apurka-apurka zure besoak zabaltzen joan zara, baina zein da zure lekua? Urteen poderioz eta hizkuntza inperialisten eraginez garai batean murriztu zizuten hura? Eskualde xumeago batekin konformatu behar duzula esaten dizute batzuek, baina egoskorra izan behar duzu eta tinko eutsi zureari! Ala, beharbada, etsi eta denboraren poderioz eta zabarkeriaz ahultzen eta hondatzen joateko erabakia hartuko duzu?

Hezkuntzak leku handia egin dizula ikusiko duzu askotan, baina beste batzuetan, bakarrik sentituko zara ziurrenik. Izan ere, ezagutza eta erabilera ez dira sinonimo. Binomio bateraezin dira askotan. Zertarako nahi zaitugu zurekin ezin badugu hitz egin edo ez badugu hitz egin nahi? Jaun hark zioen ez zaitugula galduko ez dakitenek ikasten ez dutelako, baizik eta dakigunok ez zaitugulako erabiltzen. Komunikatzen gara zurekin? Zuri laguntzeko gai al gara? Batzuek ahoan eta gogoan zaitugula diogu, eta, agian, egia izango da, baina gure esku dagoen guztia egiten al dugu?

Hain ezaguna zaigun estres linguistikoaren aurrean zein jokabide dugun aztertuko nuke gustura zure ondoan eserita. Lehenengo hitza euskaraz egiteko joera dugu askok. Baina etorkin batekin nola hitz egiten dugu? Pasatzen al zaigu burutik euskaraz jakin lezakeela? Izan ere, harrigarria da gaztelaniarekin harreman gutxi duten horiek euskararekin lortzen duten konexioa. Noski, testuinguruak ere eragin handia du.

Zer iruditzen zaizu, bestalde, zurekin hitz egin eta ikasi nahi, baina ezin dutenen kasua? Batzuetan, «hezkuntza sistema mugatuagatik», beste batzuetan, «eskualde okerrean» jaio edo bizitzeagatik. Zure bidezko hezkuntza eskatu eta aukera hori lortu gabe geratzen direnek izan behar duten pazientziaz ere aritu gintezke, nahi baduzu, edo zurekin Euskararen Nazioarteko Egunean soilik gogoratzen diren horietako batzuez.

Bestalde, nola egin zu gazteengana gerturatzeko? Musika, neska-mutil kontuak, literatura, filmak, telebista-saioak, biraoak, kale-hizkera, Interneteko webgune interesgarriak, etab. Baliabideak ehunka, baina estrategietan eskas gabiltzala dirudi. Ez zaituzte motibagarri ikusten edo ez dakigu zu eder egiten. Biluzik, eguneroko arropekin edo egun berezietako jantziekin jantzita, ez dugu lortzen. Zurekin hartu-emana egunero izan arren, mespretxatu egingo zaitu gazte askok.

Gauza bera gertatzen da heldu askoren kasuan ere. Euskal Herrian aspalditik bizi arren, ez dira gutxi zure besoek besarkatzea lortu ez dutenak, izan euskaldunen seme-alabak, izan erdaldunen seme-alabak. Muturrera jo eta gorroto zaituenik ere bada. Esaten dutenez, guztiek maite bagaituzte, zerbait gaizki egiten ari garen seinale da. Beraz, zer egin behar dugu, konformatu? Etsi? Ala guztien maitasuna lortzen saiatu? Eskertuko nizkizuke ideia eta gomendioak nora ez honetatik irteten lagun zaitzadan. Motibazio eta interes txikia oraindik ere Euskal Herriko txokoetan barrena. Berri Txarrak taldeak zioen bezala:

Batzu[k] mila kilometrora,
bihotzetik gertu alegia,
beste batzu[k] bertan bizita
horren urrun.

Badirudi distantziak baduela magikoa den zerbait. Exotismoa agian. Estatutik kanpoko eta kontinentez kanpoko unibertsitate eta euskal etxeetan eta autodidakten munduan interesa pizten jarraitzen duzu. Ezagutzen dut Black Friday batean ska musika CD bat erosi zuen estatubatuar bat, Negu Gorriak taldearen Kolore biziak abestiari esker maitemindu zen zurekin. Baina, hemen, zugandik gertu daudenek, euskara, eskuarekin laztandu eta ezpainekin musukatu zaitzaketenek ez dute zure magnetismoa sentitzen.

Noranahikoa nahi zaitugu, dudarik ez, baina ez zaitez bilakatu, mesedez, mundu mailako xelebrekeria, eta gurean desagertu. Izan ere, hegoek nolabaiteko prestigioa emango dizute, nola ez, eta baita lana  ere, baina existentzia ez dizute ziurtatuko, dakigun bezala, faktore askoren (kulturaren, hezkuntzaren, ezagutzaren, erabileraren, maitasunaren, tolerantziaren eta abarren) batuketa baita.

XXI. mendeko garapen jasangarri bezalako binomio ezinezkoak edo oximoronak sortu ditzakegun momentu honetatik, eta Interneten luze-zabal hedatzeko moduan zauden denbora tarte honetatik, inoiz zure garapen jasangarria bermatu ondoren gure lurraldean aske izango zaren esperantzaz, gutun hau (beti iruditu baitzait mezu elektronikoa baino erromantikoagoa) idatzi nahi izan dizut nire sentipen gazi-gozoak zurekin elkarbanatzeko. Terapeutikoa izan da erabat, ez dut irtenbiderik aurkitu, baina barrua apur bat hustuago dut. Halere, urduri eta zain jarraitzen dut, zu salbu ikusi arte ez baitut kenduko bizarra.

Har ezazu muxu linguistiko bat, hizkuntza-musu bat eta mihi-musu bat, gela hotzeko gauak epel dakizkizun.

Zure maitalea.

Literatur lanen izenburuen itzulpenaz (II)

Xabier Olarra

Artikulu honen lehen zatian izenburuen itzulpenean itzultzaileengan aurkitzen ditugun jokabideetako lehenaz aritu nintzen, ohikoenaz, itzulpen «zuzenaz» alegia, eta, oraingoan, bertan aipatutako beste biak aztertuko ditut labur-labur, itsaso zabal horretan sakoneraino murgilduz gero doktoretza-tesi bat egiteko adina gai dagoela jakinik.

B. Egokitzapena

1. Pop. 1280 > 1275 âmes > 1280 almas > 1280 arima

Jim Thompsonen lan ospetsuaren izenburuaren itzulpenean ikusten dugun aldaketa ez da handia, frantsesezkoan izan ezik. «Pop. = Populazioa» «arima» bihurtu izana testuan bertan justifikatua dago, nobelan bertan ere sinonimotzat hartzen baitira. Hor itzultzailea —eta Série Noire bildumaren zuzendari Georges Duhamel— Nick Corey sheriffaren ahotik ateratako astakeria bat oinarri harturik (beltzek ez dutela arimarik), herrixka horretako populazioaz izenburuak dioena aldatzera ausartu da! (1.280 arima -5 = 1275) Les belles infidèles gailurreraino eramanak. Traizioaren eta desleialtasunaren gozoak paradigma bihurtuta.

2. Double Indemnity > Assurance sur la mort > Pacto de sangre > Galbidea

Kasu honetan, euskaraz legokiokeen Indemnizazio/kalteordain bikoitza «itsusiari» ihes egiteko, James M. Cainen nobelatxoan oinarritutako filmak gaztelaniaz izan zuen izenburuaz (Perdición) baliatu nintzen.

Dena dela, aipatzekoa da bai gaztelaniara bai frantsesera nobelatxo hori ekarri duten itzultzaileei aseguru-kontratuetako mordoiloan oinarritutako izenburu hori ez zaiela oso erakargarria iruditu, eta egokitzera (edo aldatzera/ordezkatzera) jo dutela.

3. The Turn of the Screw > Le tour de l’ecrou > Otra vuelta de tuerca > Koxka bat estuago.

Zalantza handiak eta eztabaida ez gutxi izan ondoren, euskarazko ordain horretara iritsi ginen, berez legokiokeena, Tornilloaren buelta / Torlojuaren bira, «itsusi» samarrak iruditzen baitzitzaizkigun bai itzultzaileari eta bai argitaratzaileari. Berez dagokion ordainari buelta emateak ere, tornilloa tuerka bihurtzeak alegiak, ez zuen arazoa konpontzen, estetikaren aldetik. Aipatzekoa da, halaber, torlojua (screw) > tuerka (azkoin, dranbal) bihurtu izanak ez duela inolako arazorik sortu gure inguruko hizkuntzetan.

Gainera, kasu horretan, «esapide» arrunt bihurtu den izenburu baten aurrean ginen, eta irtenbide hori, tajuzko ordain bat aurkituz gero, eguneroko hizkuntzan ere baliagarria izango zen. Nolabaiteko arrakasta izan duela esan dezakegu (idazleren batzuek bere egin dute), baina enteratu ez direnek —eta haien izena legiotxo da— bakoitzak bere kasara emango diote beren irtenbidea.

4. Handcarved Coffins> Ataúdes finamente tallados > Cercueils sur mesure> Eskuz landutako hilkutxak

Kasu horretan, Truman Capoteren narrazio labur horren izenburu soila gutxitxo iruditu zaie, nonbait, itzultzaileei, eta fintasuna gehitzea nahitaezkoa iruditu zaio gaztelaniarako itzultzaileari (nahiz eta, kontakizunean jakingo dugunez, hilkutxa horiek hiltzaileak berak eskuz —labanaz zehazki— zur puska bati txirbila kenduz eginak izan. Fintasun gutxi, beraz. Frantsesezko ordaina eman duenari ere ez zaio aski iruditu eskuz eginak izatea azpimarratzea, eta «neurrira» eginak direla gehitu behar izan du.

5. Chien de printemps > Perro de primavera > Afterimage> Udaberri alua

Kasu horretan, Patrick Modianoren nobelatxoaren izenburuak bi adiera izan ditzake: «Txakur zaildu gabea», eta Udaberri «alua» («gaiztoa»). Ingelesezko itzulpenaren egileak liburuaren sarreran argitzen du zergatik ihes egin dion, Afterimage horren bidez, itzulpen literalari (In his introduction Polizzotti explains that the third title — literally ‘dog of spring’, figuratively an expletive meaning rotten or miserable spring — has been freely translated).

Euskarazko ordaina, “alua” hitza erabiltzeagatik eztabaidagarria izan liteke, baina badirudi itzulpen literalari ihes egitea komeni zela, nobelaren esanahiari heldu nahi izanez gero.

6. To Kill a Mockingbird> Matar a un ruiseñor > Quand meurt le rossignol, 1961> Alouette, je te plumerai, Isabelle Stoïanov ( 1989) Ne tirez pas sur l’oiseau moqueur, Isabelle Stoïanov en itzulpenean Isabel Hausserrek berregina. Aipagarria da hirugarrenean aurkitu dutela ordain egokia, bai hasierako rossignol hura eta geroxeagoko alouette hori alauda arvensis (hegatxabala), beste txori batzuk baitira.

Mockingbird hori (Estatu Batuetako fikzioan hain arrunta den txoria) mimus polyglotus omen da (itzultzaileon zaindari izendatu beharko genukeena, mimoaz gain poliglota ere ba omen da eta), ez inolaz ere «txori erresiñula» edo urretxindorra (Luscinia megarrhynchos). Euskaltermek ‘burla-txori’ edo ‘zozo isekari’ ordainak ematen ditu txori poliglotarentzat. Beraz, jatorrizkoaren ordain zuzena eman nahi izanez gero, horrelaxe eman beharko genuke. Beste hizkuntza batzuetara egindako itzulpenetan ere hasierako (des)bide horretatik jo dute: Uccidere un usignolo, Wer die Nachtigall stört, Matar un rossinyol, Por Favor, Não Matem a Cotovia / Mataram a cotovia (hegatxabala edo enara), baina ez guztietan, errusieraz edo neerlanderaz, esaterako, ez dute txoriaren izena aldatu.

Frantsesez adinako aldaketarik ez da izan beste hizkuntzetan. Hor, gure burla-txoriari burla eginez (azeriak beleari bezala), lehenik urretxindor bihurtu zuten, gero hegatxabal (alauda arvensis) eta azkenik berez zegokion izena eman diote, ingelesezkoari behar adina hurbilduz: mocking bird = oiseau mocqueur. Baina liburuaren izenburua osorik ematean, moldaketara jo dute hor ere, «ne tirez pas» horren bidez gaur egungo gizartearen ehizaren kontrako jarrerari edo amore emanez.

Ikusi egin beharko euskaraz Harper Leeren nobela ospetsua itzultzen ari direnek zertan uzten duten abiapuntutik hautatua duten «urretxindor» hori.

C. Ordezkapenak

Aipatzekoa da, halaber, izenburuekin erabiltzen den —dugun— azken prozedura, egokitzetik (edo «desegokitzetik») harantzago doana: ordezkapena deitu diot, holako asko ezin baitaitezke inola ere itzulpentzat jo.

The Long Goodbye > Sur un air de navaja > El largo adios > Ez adiorik.

Garbi gelditzen da gaztelaniazkoak bakarrik jarraitu diola zuzen jatorrizkoari. Besteok, belarri-kontuengatik edo auskalo, desbideratzea erabaki genuen.

Frantsesez badira itzulpen berriagoak okerra modurik errazenean konpondu dutenak: ingelesez bere horretan utzi dute izenburua. The Long Goodbye izenburuarekin ageri da R. Chandlerren nobela honen frantsesezko itzulpen berriena (Le long adieu irensgaitza egiten ote zaie —itzultzaile?, argitaratzaile?, irakurle?— frantsesei?

Goraxeago emandako adibideak ikusita, gehiegikeria horietatik aldenduz bide «zuzenera» itzultzea ote gaurko joera? Ez ba. Hona eskuartean berriki erabili dudan liburu sorta baten izenburuen itzulpenak, adibide gisa:

ELENA FERRANTE. NAPOLIKO TETRALOGIA

1 L’amica geniale > La amiga estupenda > L’Amie prodigieuse / My Brilliant Friend > Adiskide paregabea

2 Storia del nuovo cognome > Un mal nombre > Le Nouveau Nom > The Story of a New Name

3 Storia di chi fugge e di chi resta > Las deudas del cuerpo >Those Who Leave and Those Who Stay

4 Storia de la bambina perduta > La niña perdida > The Story of the Lost Child.

Beraz, badirudi liburugintzan marketinak gero eta indar gehiago duenez, ohitu egin beharko dugula horrelako desbiderapenetara, nahiz eta, gehienetan, oso zilegiak izan ez.

Erreia

Maite Imaz Leunda

erreiAdministrazioan zirkulazio-arloko terminologia-lanak egiten hasi zirenean (1998ko Zirkulazio Hiztegia), errei proposatu zuten galtzada bat zati dezaketen luzetarako zerrendetako bakoitza adierazteko. Motozikletez bestelako ibilgailuen ilara batek zirkulatzeko adinako zabalera du erreiak, eta luzetarako bide-marrek zedarri dezakete. Gaztelaniaz carril esaten zaio, frantsesez voie, eta ingelesez lane.

Baina, 2008an, Euskaltzaindiak Hiztegi Batuan honako testu hau txertatzeko erabakiaren berri eman zuen:

errei iz.
1. Gurdiaren gurpilek mendi-bideetan egiten dituzten ildoak.
2. (Autobide eta errepideetakoak adierazteko) h. lerro: “A8 autobidean hirugarren lerroa ireki dute.

Terminologia Batzordea garai hartan Errotuluen Hiztegia prestatzen ari zenez, normalizazio-txostena lantzea eta Euskaltzaindiari bidaltzea erabaki zuen, gaztelaniazko carril terminoaren ordainerako errei/lerro terminoen artean sortu zen auziaren berri emateko.

Txosten horretan azaltzen zen, besteak beste, carril terminoaren euskarazko ordaina zehazteko orduan, termino multzo oso bat hartu beharra zegoela kontuan, eta ahal zela termino zehatza eta unibokoa beharko genukeela.

  • Plataforma: bide edo errepide baten atala, ibilgailuek ibiltzeko eraikia, galtzadaz eta bazterbidez osatutakoa (es: plataforma; fr: plate-forme; en; roadway , roadbed).
  • Galtzada: ibilgailuen zirkulazioari eskainitako errepide-atala, zenbait erreiz osatutakoa (es: calzada; fr: chaussée; en: carriageway).
  • Errei: galtzada bat zati dezaketen luzetarako zerrendetako bakoitza: motozikletez bestelako ibilgailuen ilara batek zirkulatzeko adinako zabalera du, eta luzetarako bide-marrek zedarri dezakete (es: carril; fr: voie; en; lane).
  • Bazterbide: galtzadaren alboetan dauden luzetarako lur-zerrendetako bakoitza, salbuespen-kasuetan izan ezik automobilek zirkulatzeko erabili ezin dutena. (es: arcén; fr: accotement; en: verge , shoulder).

Lerro hitzari zegokionez, irizpide lnguistikoitk begiratuta erabilera zabalekoa eta jatorritik polisemikoa izanik, irizpide terminologikoen arabera arazo bat eransten zuen; izan ere, dagoeneko erabilita zegoen arlo berean errepide gaineko bide-marra mota bat adierazteko: lerro eten, lerro etengabe, lerro zuri, lerro hori, lerro urdin (es: línea, fr: ligne, en: line).

errei1

Lerro hitza galtzada zati dezaketen zerrendetako bakoitza izendatzeko erabiliz gero, errepide gaineko bide-marra horiek adierazteko beste termino bat hartu beharko genuke. Txostenean egin zen proposamena zirkulazioaren eremuan finkatutako errei/carril erabiltzen jarraitzea izan zen, eta horrela onartu zen Errotuluen Hiztegirako:

errei2 

Gaur egun Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan jasota dago hiztegi terminologikoetan ematen zaion adiera.

errei 1 iz. ‘gurdiaren gurpilek mendibideetan uzten dituzten ildoak’ 2 iz. ‘(autobideetan eta) lerroa’: autobidean hirugarren erreia ireki dute.

Hiztegi batu oinarridunean begiratuz gero irakur daiteke Euskaltzaindiaren iritziz, lerro dela arrunki erabiltzekoa baina litekeena dela, zirkulazioko kodean-eta, bestelako bereizketak egin beharra izatea, eta hor beharrezkoa izatea errei forma ere.

Une honetan lanketa-prozesuan dagoen Zirkulazio Hiztegian ere errei/carril eta lerro/línea erabiltzeko hautua egin da.

Gutun hasierak direla eta

Blogzale maiteok:

Gogoan dut zein erosoak iruditu zitzaizkidan gaztetan, ingelesa ikasten ari nintzela, gutunak egoki idazteko ikasarazten zizkiguten arauak, hain garbi eta zehatzak, hain ikaserraz eta gizabidetsuak. Ordura arte euskaraz zein gaztelaniaz kopeta zimur begiraturiko formalismo zaharmindu horien alderdi praktikoaz jabetu nintzen eta, handik gutxira, inbidiaz lausoturiko begiradaz so egiten hasi nintzaien euskarazko gutunak itzulidazten hasi nintzenean.

Urte asko joan dira, finkatu samar ditugu gutun formalak, neutroak eta hurbilekoak idazteko arauak, baina gure lantokian urtero izaten ditugu eztabaida ttikiak gaztelaniazko hasierako agur ohikoenetako bat itzultzeko euskal molde egokienaz.

Gure administraziotik herritarrei bidaltzen zaizkien gutunetan «Estimada/Estimado XXX» dugu formula guztiz nagusia, eta agur hori itzultzeko hamaika modu aurki daitezke gure itzulpen-memorietan, ados jarri ezinaren erakusgarri. Hemen dituzue azkenaldiko hamaika adibide:

Estimada Raquel = Kaixo, Raquel
Estimada Amaia = Amaia, adiskidea
Estimado Joseba = Joseba, lagun hori
Estimado Pedro = Kaixo, Pedro
Estimado Iñigo = Iñigo estimatua
Estimado señor = Jaun agurgarria
Estimada Marta = Marta begikoa
Estimados padres/madres = Aita-ama horiek
Estimado señor Arana = Arana jaun agurgarria
Estimada señora Satrustegi = Satrustegi andrea

Gutunaren zer-nolakoak badu, jakina, gure unean uneko hautuarekin zerikusia, baina askotan gure artean dudaka ibili gara ezin erabaki edo ezin bat etorri zein zen kasuan kasurako egokiena. Aurreko batean, eskutitz baten hasiera ezin finkatuz genbiltzala, Elixabete Perez Gazteluk blog honetan berean idatzitako artikuluaz oroitu ginen, non azaldu baitzigun zein ziren Mitxelenak gutunetan erabilitako agur esaerak, eta nola aipatzen zuen Mitxelenak gehienbat «adiskide»dun hasierak erabili izan zituela: «Adiskide», «Adiskide hori», «Adiskide maitea», «Agur, adiskide», «Ene/Nere adiskide». Horiek horrela, eta jakin-min hutsez, gure aita zenaren gutunetan miaka ibili nintzen bart. Ongi gordea dugun mukuruaren gainaldean zeuden eskutitzak baizik ez nituen begiratu, baina guztietan ageri ziren «Adiskide» edo “XXX hori” zekarten formulak, are gutun formaletan ere.

Ene blogzale maiteok, ez nago ziur zein izan litekeen mugaren alde honetako administrazioek gaur egun darabilten «Estimado» neutro itxurako horretarako euskarazko ordainik egokiena, eta ez nago ezta ere ziur euskararako baliokide neutro sistematikorik behar ote dugun. Baina hain-hain da erosoa!!!

Besterik gabe, zuen erantzun, iradokizun eta proposamenen zain gelditzen naiz.

Agur bero bat,

Itziar

Literatur lanen izenburuen itzulpenaz (I)

Xabier Olarra

Izenburuaz agertzen denez edozein literatur lan mundura, arreta eta errespetu berezia merezi luke, jakinda idazle batek —gaur egun beharbada argitaratzaile edo editore batek behar baino esku luzeagoa duela badirudi ere—, seguru aski, oso ondo pentsatu duela bere lanari zer izen jarri. Baina hori izaten al da itzultzaileon jokabidea? Gaiari axaletik begiratuta ere, berehala konturatuko gara maiz samar hartzen ditugula bestelako bideak, oso badaezpadako arrazoietan oinarrituta maizegi.

Izenburuarena izan zen James Joyceren Ulysses itzultzeari ekin nionean aurre egin behar izan nion lehenbiziko arazoa. Aldez aurretik konpondutzat joko du askok. Baina zer egiten dugu izenburuekin eta izen bereziekin? Bistan da makina bat aldiz jokabide bitxi askoekin topo egiten dugula, are «itzulpen» deitzea batere egokia ez den modukoekin.

Bestalde, askotan gertatzen zaigu euskarara itzuli ez diren hainbat literatur lanen izenburuak aipatu beharra, eta hor hasten dira komeriak. Biderik errazena, noski, itzuli gabe uztea da, baina ez dut ukatuko, ahal izanez gero, erosoagoa dela irakurlearentzat horiek guztiak bere hizkuntzara itzulirik aurkitzea, nahiz eta beharbada nola edo hala «finkatzen» direnak ez izan erabat asebetegarriak norberarentzat. Erosoagoa da, printzipioz, Jainkotiar Komedia (nolabait finkatua, nahiz eta eztabaidagarria izan) erabiltzea ezen ez Comedia, Divina Commedia, La Divina comedia, Divine Commedie jatorrizko bien eta gure aldameneko bi hizkuntzetan eman zaizkionen artean aukeratzen ibili beharra, edo bakoitzak bere gisara ematea. Edo Dekameron, itzulia daukagunez geroztik, holaxe aipatzea, eta ez Decameron, Il Decamerone eta abarren artean aukeratu beharra.

Adibide horiek, noski, klasikotzat dauzkagun horien kasuetarako balio dute, baina behin hortik ateraz gero, seguru aski, aiseago onartzen dugu literatur lan baten izenburua literatur lan hori sortua den hizkuntza berean emanda irakurtzea, hurbil samarrekoa bada eta irakurleari lagundu baino gehiago traba egiten ez badio betiere. Esate baterako, ez dugu inolako problemarik Jonathan Franzen estatubatuarraren lan nagusiak The Corrections, Freedom edo Purity horrelaxe aipatzeko. Gaztelaniaz, berriz, pedantekeria nabarmena litzateke izenburu horiek ez ematea itzulirik diren bezala: Las correcciones, Libertad edo Pureza. Eta, era berean, ez litzateke oso praktikoa izango (alor espezializatu batean ez bada) Dostoevskiren Hobena eta zigorra aipatzeko, Internetek eta Google Translatek ematen dizkigun aukerez baliatuz, Преступле́ние и наказа́ние, edo transkribaturik Prestupléniye i nakazániye ematea gaur egungo artikulu batean (euskaraz edo gure inguruko hizkuntza batean, noski).

Munduko gauzarik errazena dirudien arren egilearen nahiari estu atxikitzea, ez da beti hala izaten. Eta izenburuen itzulpenean, hiru jokabide mota bereiziko nituzke: a) Itzulpen «zuzena» b) egokitzapena c) ordezkapena.

A. Itzulpen «zuzena»

Ikus dezagun, adibidez, zein izaten den gure jokabidea izenburuan izen bereziak dituzten literatur lanen kasuan.

Horrek ematen du errazena. Bere horretan utzi, eta kito: Madame Bovary, Gatsby Handia, Francis Macomber, Lolita. Orduan, Ulysses ala Ulises? Ala Ulise?

Gure inguruko hizkuntzetan zer egin duten ikusita, Ulysse (fr), Ulysses (de), Ulises (es), Ulise (it), Ulisses (cat), Ulises (ga) euskaraz ere, azkenean, hala ematea erabaki nuen, «itzulita».

Badirudi alferrikako kontuetan burua nekatzen ibili nintzela, baina kontua da orain dela 50 urte normaltzat har zitekeen bezala The Murder of Roger Ackroyd gaztelaniara itzulirik La muerte de Rogelio Ackroyd ikustea, ez dago esan beharrik gaur egun ez genukeela aise onartuko. Orduan, pertsona(ia) baten izena duen izenburu bat denez Ulysses, ez al genuke itzuli gabe utzi beharko?

Badirudi, kasu honetan, gure inguruko hizkuntzetako joera nagusia dela, nobela baten izenburutzat baino gehiago, Homeroren pertsonaia baten izentzat hartzea Ulysses, eta, horrenbestez, hizkuntza bakoitzean izen horrek duen izenburua jartzea Joyceren liburuari (itzultzea, nolabait esateko, tokian tokiko hizkuntzara).

Ikus ditzagun beste adibide batzuk:

2.- The Great Gatsby > Gatsby le magnifique > El gran Gatsby > Gatsby handia.

3.- The Talented Mr. Ripley > Monsieur Ripley > El talento de Mr. Ripley > Ripley trebea.

4.- Ripley’s Game > El juego de Ripley > Ripley s’amuse > Ripleyren jokoa.

Bistan da batetik bestera badirela aldaketak, ez ordea oso larriak, eta funtsean, hizkuntza bakoitzean itzultzailearen —edo editorearen— gustuaren arabera eginak direla aldaketa xumeok.

Frantsesera egindakoetan aurkitu izan dut nik jokabiderik «libreena». Hortxe bertan, Ripley’s Game = Ripleyren jokoaren kasuan, «jokoa» —apustua dena, gutxienez— «jolas» (dibertsio) bihurtzeak gehiegizkoa dirudi, batez ere kontuan hartzen badugu joko/jolas hori, kasu horretan, hilketa dela. Jatorrizko hizkuntzako «game» horrek bi adierak ditu, eta baita «ehiza» adiera ere. Horregatik, ezin esango dugu frantsesezko «s’amuse» oker emana dagoenik, batez ere, itzultzaileari, pertsonaiaren barruan sartuta beharbada, hilketa «jolas» gisa hartzea zilegi iruditu bazaio.

Bestalde, aipatzekoa da euskarara Mr. Ripley ekartzean > Ripley soila bihurtu duela itzultzaileak, Ripley jauna bere jauntasunaz gabeturik. Nabarmentzekoa da, baina hurrengo baterako utziko dut kontu hau.

Kopiatu [Ktrl-C], itsatsi [Ktrl-V] eta euskaratu [Ktrl-eus] duela 400 urte

Gidor Bilbao Telletxea

Aurreko batean azaldu genuen Joanes Etxeberri Sarakoak, idazteko gaiak eta edukiak bilatzean, beste hizkuntza batzuetan (gutxienez latinez, frantsesez edo gaztelaniaz) idatzirikoak «eskuarara ganbiatu» ohi zituela, eta horien adibide bat aurkeztu genuen. Orduan, nahita hautatu genuen Covarrubiasen gaztelaniazko jatorrizkoari hurbil-hurbiletik loturiko itzulpena; oraingoan, ordea, itzulpenaren eta sorkuntzaren arteko muga lausoan dabilen testu bat hautatu dugu.

Francesc Decio irakasleak Epitome in Erasmi Copiam (‘Erasmoren Oparotasuna liburuaren laburpena’) eskola-liburua argitaratu zuen 1548an, Valentzian, latinez. Decio oratoriako irakaslea zen Valentziako unibertsitatean eta, liburu honetan, idazkuntzarako baliabideen eta literatura-baliabideen azalpen laburra eskaini nahi zien ikasleei, Erasmo Rotterdamgoaren orobat latinezko De duplici copia verborum ac rerum (‘Hala hitzen nola edukien oparotasunaz’) lanean oinarriturik.

Baina guri gehien interesatzen zaigun zatia, Helena Rausell ikertzaileak ondo azaldu duen moduan (Rausell 2002: 481), Deciok berak oso-osorik sortua da, eta ez Erasmorenetik hartua edo laburtua, funtsean hark proposaturiko metodoa erabiltzen duen arren: testua, hainbat baliabideren bidez, behin eta berriro berridaztea.

Decioren zati luze bat (Decio 1548: 12r-15r) aipatuko dut hemen, baina latin askorik ez dakiena ez da larritu behar, testua ulertzea ez baita ezinbestekoa gero azaldu nahi dudana ulertzeko. Testu horretan, De metaphora izenburuaren ondoren, Deciok azaltzen du metafora zer den eta metaforak zelan sor daitezkeen (Decio 1548: 11r-12r). Gero, ariketa-eredu gisa, tesi edo gai bat proposatzen du: Qui bonum nomen optat, literis incumbat ‘Izen onaren bila dabilena saia dadila letretan’. Eta, azkenik, 34 metafora edo metafora-bikote (metaphorae variae) proposatzen ditu, gai hori lantzeko: silicis et luminis ‘suharria eta argiarena’, ignis et fomitis ‘sua eta erregaiarena’, acus et vestis ‘jostorratza eta soinekoarena’, fontis et sitis ‘iturria eta egarriarena’… Eta, metafora edo metafora-bikote horietako bakoitzarekin lotuta, adibide moduko esaldi bat. Lehenengo biak euskaratuko ditugu:

Suharria eta argiarena.

Norberarentzat izen txit distirantaren argia arazi nahi duenak kolpekatu dezala letren suharria.

Sua eta erregaiarena.

Izen onaren sua piztu gura duenak hurbildu dezala liburuen erregaia.

Horrela, Francesc Deciok 37 esaldi proposatzen ditu, metaforen laguntzaz apailatuak, izen onaren bila dabilenak letren alorrean jardun behar duela adierazteko.

Eman dezagun norbaitek, idazkuntza-ariketarekin jarraiturik, hitzen eta edukiaren oparotasunaren bila, testu bat sortzen duela, 37 esaldi horietako 13 kopiatu (Ktrl-C) eta, hurrenkera aldaturik, elkarren ondoan itsatsiaz (Ktrl-V):

Verae gloriae triumphum quaeris, in castris Musarum milita. Speciosum tibi nomen metere cupis, semina iacta literarum. Ex arbore Musarum colliges tibi aeterni nominis fructum. Ditescere gloria cupis, in librorum aurifodinis elabora. Si ad honoris bravium avidè anhelas, studiorum curriculum invictè percurrere. Qui verum honorem sitit, fontem petat Musarum. Ex fonte Musarum ingentes tibi gloriae rivos derivabis. Traiicere volo ad portum laudum, navem studiorum conscendam. Ferire cupis gloriae album, Musarum arcum intendito. Qui bonae famae turrim erigere desiderat, caementa iaciat librorum. Ascendere desideras ad famae culmen, literarum scalas admoveto. Perpetuae praedicationis figuram mihi adumbrabo, si Musarum adhibeo penicillum. Venustum nomen optas, come animum Musarum pectine, calamistris intorque, dealba cerussa, pinget coloribus, unguentis line.

Latin apur bat dakienak hobeto ulertuko du hurrengo urratsa, baina sinets iezadazue funtsean testu bera dela, aldaketa txiki batzuk eginez berridatzia:

Si tamen Musarum armis aeternum vobis nomen evincere optatis, vestrum est in castris Minervae legitime militare, ut verae gloriae triumphum reportetis. Speciosum vobis praemium metere cupitis? Semina iactate literarum, nam ex arbore studii colligetis vobis aeterni nominis fructum. Ditescere gloria si cupitis, Musarum aurifodinis elaborate. Si ad honoris bravium avidé anhelatis, studiorum curriculum invicté percurrite. Quicumque vestrum nominis gloriam sitiat, fontem scholae petat; inde enim ingentes gloriae rivos derivabit. Traiicere vultis ad portum laudum? Navem literarum conscendite. In scopum sapientiae collineatis? Apollinis arcum intendite. Bonae famae turrim erigere desideratis? Iacite librorum caementa. Ad quietis atque tranquillitatis culmen ascendere intenditis? Laboris scalas admovete. Si praedicationis perpetuae vobis figuram adumbrare vultis, Musarum adhibite colores et penicillum. Venustam coronam optatis? Comite animum Minervae pectine, crines calamistris intorquete, pingite coloribus, et unguentis linite.

Letra-estilo lodian eman ditugu bere hartan edo aldaketa txiki-txikiekin (hurrenkera edo numeroa aldatzea) berridatzi diren zatiak; letra-estilo lodi eta etzanean, sinonimiaz (edo) aldatu direnak; letra-estilo normalean geratu dira idazle-berridazlearen ekarpenak.

Azkenik, eman dezagun norbaitek latinezko testu hori euskaratzen duela, lapurtera klasikoan:

Ordea, baldin eskoletako harmen bidez nahi baduzue zuen bethiereko omena hedarazi, jakin zazue zuen eginbidea dela estudioan behar bezala enplegatzea, egiazko garaitiaren ardiesteko. Errekonpentsa berezi bat nahi baduzue ardietsi, letren haziak erain zatzue, zeren estudioko arbolatik bilduko baituzue bethiereko omenaren fruitua. Baldin gutizios bazarete loriaz aberasteko, eskoletako urre meatzetan enplega eta trabaila zaitezte. Baldin desiros bazarete ohorearen zelai eder eta zabaletan pasaietan ibiltzera, har zazue estudioaren karrosa. Baldin nihor kausitzen bada zuen artean estimuaren egartsuaz sekeriatua dagoenik, laster egin beza eskolako ithurrira; handik atherako tu egiazko estimuaren usin hondargabeak, xirripa eta hibai usintsuak. Nahi duzue laudorioen portura hedatu? Sar zaitezte autoren untzian edo fragatan. Nahi diozue thiratu zuhurtziaren xedeari? Banda zazue Apoloren balezta. Baldin erreputazino onaren dorrea ezartzera gutiziatzen bazarete, fintka zatzue liburuetako zimenduak. Baldinetariak errepausuaren eta soseguaren kapetara ikhaiteko gogoa baduzue, trabailuaren zurubiak hurbil zatzue. Baldin bethiereko aiphamenaren itxura edo figura nahi baduzue pintatu, har zatzue eskoletako koloreak, tintak eta pintzela. Nahi duzue khoroa eder bat? Orrazta zazue izpiritua Minervaren orrazeaz, adatsa izur eta kroskoila, pinta eta unguentuz gantzu.

Deciorenetik euskarazkorako urratsak (Ktrl-C > Ktrl-V > Ktrl-eus) Joanes Etxeberri Sarakoak eman zituen, duela 400 urte inguru, Eskuararen hatsapenak laneko «Eskual Herriko gazteriari» atalean (EHats 269-271, Bilbao 2006: 99-100). Isabel, Aiora eta Miren, euskal itzulpengintzaren historiako irakasleak: hau eta honelakoak ere euskal itzulpengintzaren historiarako, ezta?

Baragarri ez gaitezen bara

Estitxu Irisarri Egia

Egun aspergarri horietako batean, lagun batek eta biok Skype bidez kafe-tertulia egiteko hitzordua jarri genuen, hantxe ibili ginen kontu-kontari mundua konpondu nahian, baina bilera eta batzar askotan bezala, irtenbidea aurkitu arren, ekintzara jo gabe. Gure barrenak askatzea zen helburu nagusia.

Baina, halako batean, kablearen beste puntan zegoen hark nire lexikologiarekiko maitasuna piztu zuen une batez. Nire belarriek honelako zerbait entzun zuten: «tipo hori baragarrie da». Arratia inguruko zaretenoi ulergarria egingo zaizue, baina niri neuri ez. Hitz berria nire artxibategirako. Barregarri hitzaren parekotasuna hartu nion, baina ez zuen esanahi horrekin erabili. Zer esan nahi zuen galdetu, eta, egia esan, hasiera batean berak ere ez zekien nola azaldu, nahiz eta bere hiztegian ohiko kontzeptua izan.

Lagun horren azalpenak osatu nahian, oraingoan ere hiztegietara jo nuen baratu eta paraturen antzekotasuna gogoan izanik.

Elhuyarrek dioenaren arabera:

iz./izond. (Ipar.) lo que obstaculiza/entorpece/dificulta.

Orotariko Euskal Hiztegiaren esanetan:

“Qui invite à s’arrêter” Lecl. “Qui est propre à arrêter. Jainkoaren beldurra izan bedi zure baragarri” Dv. “Zertan gintazke legea ez balitz gaixtaginen baragarri?” Ib. “Obstáculo” A.

2008ko abenduaren 31ko Bizkaie! sareko aldizkarian Arkaitz Estiballesi egindako elkarrizketa batean ere agertzen da hitz hori bera:

Inoizkorik lasaien joan nintzan finalera. Aurreko egunetan ardurea neukan eta ahotsagaz be baragarri ibili naz, orain aste bi edo guztiz galdu neban eta hor ibili naz, ahotsa errekuperau, barriro galdu. Bezperan eta sano arduratuta nengoan eta gozatzeko aukera larregirik ikusten ez nebanez, nahiko trankil joan nintzan. Hori igarri neban, finalaren sarrerako paseoan, lagunak agurtu nituan, jentea ikusi, oso trankil sartu nintzan Bilbao Arenan. (http://www.bizkaie.biz/orokorra. php?atala=2&id=10711&sec=4&fecha=2008-12-31%2010:40:11 [Azken kontsulta: 2016-01-08])

Arratiako Udalaren Mankomunitateko berbategiaren arabera:

Esanahia: Pertsona edo gauza arraroa, bitxia…
2.- Larria…
3.- Trabea, oztopoa.
Euskara batukoa: barregarri, eragozpen.

Euskaldun askok dugun gaitasunagatik edo deformazio profesionalagatik, elkarrizketa informal hura eztabaida filologiko bihurtu zen ia. Hiztegietan Iparraldeko marka duen hitz horrek hedadura geografiko handiagoa duela dirudi, Skype-kide hori Arratia ingurukoa baita. Gure ondorioetako bat gazte askok «le bailan el agua», «sin maseko tipoa», «tipo pseudoguaya» esapideak erabiliko lituzketela/genituzkeela izan zen, bere hiztegiaren barruan, hitz hori denak bere inguruan dantzan darabiltzan pertsona izendatzeko erabiltzen baita, kasu horretan behintzat. Beraz, badirudi hitz honen hedadura geografikoaz gain, hedadura semantikoa ere handitu egin dela. Noski, hiztun bati entzundakoarekin ezin orokortu. Hipotesi baragarri (sin maseko) batekin ez gaitezen bara eta zuen jakintza elkarbanatu!

Hizkuntza-fikzioa I: Neologia

Itziar Otegi Aranburu

Neologismoen Behatokia eratu zutenean hasi zen guztia. Batzuk kontra zeuden —alferrikakoa eta purismoaren mamuak bultzatua omen—, baina, azkenean, sortu zuten, Lexikoaren eta Kalkoen behatokien bidegurutzean. Lehenengo enkargua, XX. mendetik aurrerako neologismoen inbentarioa eta azterketa egitea. Euskararen erabilerak azken urteetan irabazitako arloetan azterketa luze eta sakonak egin ostean, Euskaltzaindiaren egoitzan eman zuten argitara egindako lanaren emaitza, Euskararen egunean. Estatistikak ezin argiagoak izan ziren: inbentarioan sartutako neologismo guztietatik, % 90 maileguak ziren, zuzenak zein itzulpen bidezkoak edo kalkoak. Lexiko-sorkuntzarako gainerako prozedurak, euskara barrutikakoak —eratorpena, hitz-elkarketa, sintagmazioa, laburtzapena, zabalkuntza eta mugapen semantikoak, berrezarpen lexikala…— apenas iristen ziren % 10era.

aaaabEnegarren krisialdi ekonomikoaren garaia izaki, kazetariek berehala ezarri zuten paralelismo bat bi burbuilaren artean: hazkunde ekonomikoaren burbuila, batetik, eta euskararen berreskuratzearena, bestetik. «Ekonomian zein hizkuntzan», zioten, «gehiegizko zorpetzeak ez dakar ezer onik». Berria egunkariak lehen orrian eman zuen albistea, goiburu honekin: Euskara, Troika baten mende, eta egun hartako alearen orri guztiak gaztelaniatik, frantsesetik eta ingelesetik hartutako maileguz bete zituen.

Terminologia Batzordeak, egoeraren larritasunak bultzatuta, premiazko bilera bat egin zuen, eta erabaki zuen ezinbestekoa zela esku-hartze iraultzaile bat. Hala, batzorde parekide bat sortzea deliberatu zuten, terminologoak ez ezik, idazleak, bertsolariak eta ipuin-kontalariak hartuko zituena. Estreinako lan-bileran, Terminologia-lanaren metodologiako eskuliburuaz hornituta agertu ziren terminologoak; besteek, berriz, Manifestu dadaista eta Gianni Rodariren Grammatica della Fantasia ekarri zituzten. Hiru horien fusiotik, elegintzarako metodologia berritzaileak ondu zituen batzorde eratu berriak. Hona hemen batzuk:

  • Hiztegi Batuaren azken edizioa oinarri hartuta, hitz bakun guztiak hartu, alfabetikoki, eta poltsatan sartu. Beste poltsa batean, berriz, euskarak darabiltzan aurrizki, artizki eta atzizki guztiak jarri zituzten. Gero binaka nahastu, ondo astindu, eta sortutako konbinazioak zerrendatu zituzten. Idazleak-eta prozedura horri literalki jarraitzearen aldekoak ziren, Tristan Tzararen erara, paperezko hiztegitik hitzak artaziz ebaki eta guzti. Terminologoek, ordea, azaldu zieten egun bazeudela beste bide batzuk, hizkuntzalaritza konputazionala erabiliz, halako lanak azkarrago egiteko, eta hala egin zuten azkenean.
  • Hitz-elkarketaren bide berritzaileak urratzeko, Rodariren binomio fantastikoaren metodologiari jarraitu zioten. Hiztegi Batuko hitz bakunak hartuta, haien arteko binakako konbinazio estatistiko guztiak egin zituzten, hitz-elkarketa mota bakoitzaren arauak aintzat hartuta. Horretarako, hizkuntzaren prozesamenduaren alorreko aditu talde batek algoritmo berezituak sortu zituen, LEF batzordeak 1993an hitz elkartuentzat emandako sailkapenari jarraiki (bikoiztapenak, dvandva-elkarteak, bahuvrîhî-elkarteak, izaera-elkarteak, aditz-elkarteak, asmo-elkarteak, atributu- eta koordinazio-elkarteak, tautologiazko elkarteak, aposizioak, izengoiti-elkarteak, exoelkarteak…).
  • Bestalde, aukera bakar bat ere aztertu gabe ez uztearren, haur-eskoletan hizkuntza-begiraleak jarri zituzten, umeek sortutako neologismoak erregistratzeko (norbaitek proposatu zuen afasikoen eta eskizofrenikoen neologismoak ere interesgarriak izan zitezkeela, baina hori beste fase baterako utzi zen). Bide horretatik, batez ere parafasia fonemiko bidez sortutako neologismoak lortu zituzten, edo, Rodariren esanetan, hitzak deformatzera jolastean lortzen diren hizperriak.

Metodo eta behaketa horietatik lortutako hitz-gai eskergarekin, terminologoek, gero, azterketa sakonak eta kalkulu zorrotzak egin zituzten, eta bakoitzaren hitzala[1] baloratu zuten. Tradiziorik bazuten begiratu zuten, baita Larramendiren hiztegian ere; Euskaltzaindiaren Euskal itzak/hitzak zein diren agiriak eta LEF batzordearen irizpenak aintzat izan zituzten; emankortasun- eta emendio-indizeak kalkulatu zituzten; aditzen argumentu-egiturari erreparatu zioten (iragangaitz inakusatibo edo inergatibo edo iragankor ote ziren), bai eta oinarrien azpikategorizazio murriztapenei ere. Idazleen eskakizunez, aurreko irizpideei lizentzia poetikoa gehitu zitzaien.

Metodo horiek eta beste batzuk erabilita, aukera interesgarriak zituzten hitz-gaiak aurkitu zituzten. Bakar batzuk aipatzearren: andrenalina, arma hizkuntza, aurrizki kutxa, barraskilogintza, dermokrazia, hiztripu, linuxenteen eguna, maremotots, neulogismo, Obamakoak, orbainagiria, ordenagalduak, sagarrak berry, sukartzela, sutagarri, usakidetza, zoporrak, eta beste hainbat.

Zabalkuntza semantikoz ere, hitz zaharrei adiera berri aski interesgarriak gehitu zitzaizkien, hala nola artalde, ospakizun, soraio edo unibertso.

Haur-eskoletan hizkuntza-begirale egon zirenek ere ekarri zituzten hitzgai interesgarriak, hala nola termomento izena edo pilatu aditza (Jostailu honek ez du pilatzen). Bidenabar, orobat behatu zuten umeek zailtasunak dituztela hil aditza jokatzeko (hildu da/hilitu da/hilita dago). Doktore-tesi batzuetarako gaia aurkitu zuten hor hizkuntzalari eta haur-psikiatra batzuek. Baina hori beste kontu bat da.

Terminologoen irizpide zorrotzak gainditu zituzten hitz-gaiekin, eta handik eta hemendik hartutako beste neologismo egoki batzuekin, Ereduzko Neologismoak Gaur izeneko tresna sortu zuten, beste eragile batzuekin lankidetzan. Helburua, neologismoen erabilera erraztea eta bultzatzea, eta, azken finean, gaurko neologismoak biharko euskal hitz arrunt bihurtzea —tradizioak, izango bada, nonbait behar baitu hasiera—. Corpus hori arakatuz gero, literaturatik hartutako beste hainbat neologismo ere aurki daitezke egun; adibidez, Harkaitz Canoren (begiz) eskuaretu[2], Beñat Sarasolaren BECetze[3], edo Topagunearen erabizi. Idazle eta enparauak zenbait neologismo corpus horretan sartzearen aurka agertu ziren, hala nola espetxealdi iraunkor berrikusgarri edo turker, eragozpen etikoak direla eta, baina azkenean atzera egin zuten, itsustasuna ere izendatu beharra dagoela onartuta. Urteko neologismorik onenari sari bat ematen hasi ziren, eta, estreinakoa, zabalkuntza semantikoaren bidetik # ikurra euskaraz izendatzeko traol hitza proposatu zutenei eman zitzaien. Azkenik, neologiari buruzko ikastaroak eta ikasgai bereziak txertatu zituzten eskoletako curriculumean, bai eta kazetaritza eta itzulpengintza fakultateetan ere, haur, gazte eta etorkizuneko profesionalak hobeto hornituta egon zitezen neologismo egokiak sortzeko.

Egoera iraultzeko oinarriak ezarri zituzten edo ez denborak esango du. Nolanahi ere, luze gabe, euskaradunen hizkuntza-jabekuntza nabarmen hobetu zela egiaztatu zuten.

Amaia Munarrizi, esker onez.
_______

[1] Kike Amonarriz. Berba berrien eta hitzalen erraikuntza: elegintza. Berbeta berri.
[2] Harkaitz Cano, Belarraren ahoa.
[3] Beñat Sarasola, Euscool manifestua.

Txistorraren usainean

Maite Imaz Leunda

Neguaren atarian, txistorra eta taloa buruan.

Honako galdera hau jaso dugu aste honetan Dudaneten: Nola idatzi beharko genuke: San Tomas, Santo Tomas, ala biak ondo daude?

Donostian ikasten ibili nintzen garaian, 80ko hamarkadan, abenduaren 21eko azokak markatzen zuen gabonetako oporren hasiera; garai hartan Santo Tomas esaten genion, gaztelaniaz zein euskaraz.

RAEren hiztegian azaltzen da santua adierazteko izen maskulinoen aurrean san erabiltzen dela, salbuespenezko izen jakin batzuen aurrean izan ezik. Salbuespen horiek –to eta –do silabekin hasten diren izenek osatzen omen dute.

santo

El adjetivo santo pierde su última sílaba ante nombres propios: san José, san Sebastián, san Pablo, salvo los que comienzan con las sílabas –to y –do (santo Tomás, santo Tomé, santo Toribio, santo Domingo)

Nueva gramática de la lengua española. Morfología y Sintaxis I. RAE 2009 (936. orr.)

Hala ere beti ez da horrela izaten; hor daukagu San Donato.

Euskaltzaindiak 2003ko martxoaren 28an onartu zuen San, santu, done eta besteren erabilera izeneko araua, eta garbi adierazten du San Tomas behar duela; santo toki eta herritarren izenak adierazteko ontzat ematen da euskaraz, baina ez santuak adierazteko.

8. Santo ere ez bedi erabil: San Domingo, San Tomas, San Toribio*.
*Santo duten toki eta herritarren izenetan (Santo Domingo, santodomingoar) forma hori ontzat emana da. Ikus 38. araua eta Hiztegi Batua.

Google-en begira ibili naiz Euskaltzaindiaren araua betetzen ote den ikusteko eta denetatik erabiltzen dela ikusi dut:

San Tomas

Abenduaren 21ean, Gabonen atarian bertan ospatzen da San Tomas. Azoka handiak egiten dira gaur egun ere egun horretan. Baserritarrek beren ortuariak eta animaliak saltzera eramaten dituzte. Baina ez saltzera bakarrik, XIII. mendetik hasita dokumentatuta dago maizterrek jauntxoei urteko zergak ordaindu behar eta Gabon inguruan zerga opariak egiten zizkietela. San Tomas egunean hirietan egiten diren azokak izaten ziren maizter-jabe askoren topalekua, eta ordainketa bera genero bidez egiten zen. Kasuan-kasuan animaliak (kapoiak, oiloak, untxiak), barazkiak eta dirua izaten zen.

Udazken eta neguko jai-ohiturak – Euskara

San Tomas jaia Euskal Herriko hiri eta herri askotan abenduaren 21ean —San Tomas egunez— egiten den baserritarren feria eta jaia da.

Wikipedia

San Tomas festa egun bakarrekoa da: abenduaren 21ekoa. Egun horretan Donostia landa-merkatuan eraldatzen da, eta txistorra da protagonista nagusia.

donostiakultura.com

Santo Tomas

Santo Tomaseko jai-egunak, euskal nekazarien munduaren zaporea Bilbora hurbiltzen du.
bilbaoturismo.net

Santo Tomaseko feria.
Barazki lehiaketa, elikadura postuak, txistorra dastamena, herri kirola.

hondarribia.org

Biak batera

santo1AEK

Hitz bakar batean:

Santamasak. Uste dut Arrasaten aspaldidanik erabiltzen dutela forma hau.

Aurtengo Santamasak ate joka!

Egitaraua aurkeztu dute, aurten hainbat berrikuntzekin, jai egun haundi hau disfrutatzeko

Arrasateko Udala

Santamasak.eus (Santamas komisiñuan web orrialdea)

Santotomasak

SANTOTOMASAK (abenduak 21)

Gabon jaien atarian egin ohi den festa-egun erakargarria dugu, neurri handi batean baserri munduari lotua. Barazki, fruta eta lore lehiaketak egin ohi dira eta herriko Enparantza Nagusian txozna ugari jarri ohi da.

Azpeitia.eus

Izango dira gabon atariko festa polit hori adierazteko modu gehiago ere, baina modu batera edo bestera esan, espero dezagun txistorrak on egingo digula.