Galletagileak, kondesak eta mari-lotsagabeak

Isabel Etxeberria Ramírez

Aurtengo udan atera zuen albistea Berriak: Bilboko Udalak Zorrotzaurre auzoko bi kaleren izenak aldatzea onartu berri zuen, Ana Morales itzultzailearen borrokari esker. 2023an, auzo hartako berrurbanizazio prozesuaren ondorioz sortutako kaleetako biri izena jartzean, hamarkada batzuk lehenago auzo hartan lanean aritutako bi emakume talde omendu nahi izan zituen Bilboko Udalak. Hala, kale horiek Avenida Galleteras eta Avenida Cargueras izendatu zituen gaztelaniaz, eta Galletagileen Etorbidea eta Zamaketarien Etorbidea euskaraz, Artiach fabrikako langileak eta Bilboko portura iritsitako itsasontzietatik merkantzia buru gainean hartuta biltegietara eramaten zutenak gogoan, hurrenez hurren. 2023ko lehen bataiatze hartan, beraz, gaztelaniazko izendapenak lanbide horretan aritutakoak emakumezkoak zirela adierazten zuen -a morfemaren bitartez, eta bete egiten zen, beraz, emakume haiek omentzeko asmoa. Euskarazko izendapenean, berriz, euskarak izenetan generoa markatzeko morfemarik erabiltzen ez duenez, generorik gabeko lanbide baten berri ematen zen, emakumezkoen protagonismoa ezabatuta.

Berriako erreportajeak jasotzen zuenez, borroka administratibo luze bati ekin zion orduan Ana Moralesek temati, euskarazko izendapenean ere ekimen haren asmoa ―emakume haiek ohoratzea ― bete zedin eskatzeko. 2025eko ekainaren 26an, azkenik, aldaketa eskatzeko mozioa aurkeztu eta onartu egin zen, eta harrezkero bi kale horiek Emakume Galletagileen Etorbidea eta Andre Zamaketarien Etorbidea dute izena.

Albistea plazaratu eta gutxira, Gotzon Loberak iritzi artikulu bat sinatu zuen Deian, zeinean salatu egiten zuen ezen, halako erabakien bitartez, “aldameneko hizkuntza batean dauden arazoak, euskarak berez ez dituenak”, euskarara ekartzen direla, eta jakinezarekin lotzen zuen horrela jokatzea. “Zenbat bider gomutarazi behar da euskarak hizkuntza gisa ez duela generorik”, argudiatzen zuen Loberak. (Artikulu haren tonuari buruz gauza bat baino ez dut esango: ze nezesidade?).

Loberaren zutabe hari dotore, zehatz eta argudio sendoekin erantzun zion, nire iritzian, Moralesek Naiz, Berria eta Argia komunikabideetan argitaratu zen testu batean. Besteak beste, Moralesek ukatu egiten zuen euskara generorik gabeko hizkuntza denik, eta horren adibide hitanoa eta amama/aitite gisako bikoteak aipatzen zituen. Euskara, izatekotan, genero-morfemarik ez duen hizkuntza dela esaten zuen Moralesek.

Bai Loberaren testua bai Moralesen erantzuna irakurri nituenean, duela urte eta erdi inguru EHUko Letren Fakultatean ikasle batek egindako azterketatxo bat etorri zitzaidan gogora. Diego de Alba du izena ikasle horrek, eta Euskal Ikasketetako bere Gradu Amaierako Lana izan zen delako ikerketa hura: Genero femeninoa euskaraz. Teoria eta hiztunen erabilera parez pare. Lan hartan de Albak zenbait hiztegi eta corpus arakatu zituen genero femeninoa adierazten duten hitzen bila. Helburua, hain zuzen, Loberak botatako premisa teorikoa (euskarak ez du generorik) eta hiztunek egiaz egindako erabilera konparatzea zen. Beste modu batean esanda, euskal hiztunek generoa zenbat hitzetan, zeinetan eta nolakoetan markatzen duten ezagutu nahi zuen. Horretarako, hiru iturri erabili zituen probaleku edo aztergune gisa: Euskaltzaindiaren Hiztegia, Egungo Euskararen Hiztegia eta Egungo Testuen Corpusa.

Azal dezagun nola jokatu zuen de Albak. Lehenengo eta behin, Euskaltzaindiaren Hiztegiko sarrera guztien artetik, definizioan emakume, andre, neska edo alaba hitzak dituzten sarrera guztiak zerrendatu zituen. Adibidez, abadesa izenaren sarreran “emakumezkoentzako monasterio bateko burua” definizioa ageri da, eta moñoña adjektiboarenean, “emakumeez edo animalia emeez mintzatuz, polita”. Halako guztiak bildu eta eskuzko garbiketa bat egin eta gero ―amenorrea hitzaren definizioan, adibidez, emakume hitza ageri da, baina bistan da amenorrea ez dela euskaraz genero femeninoa adierazteko izen bat ―, 146 terminoko zerrenda bat geratu zitzaion.

Nolakoak dira bildu zituen hitzak? Badira, espero izatekoa den bezala, senidetasuna adieraztekoak: ahizpa, alaba, ama, arreba, ahizpaorde, alabaizun… Badira, bestalde, estatus sozialari edo emakumezkoek gizartean hartzen duten lekuari lotutakoak: andereño, andre gehien, dama, dontzeila, infanta, kondesa… Beste batzuek lanbideak edo jarduerak adierazten dituzte: abadesa, inude, kantinera, ostalertsa, prostituta, serora, soprano… Eta beste zenbaitek emakumezko horiek kalifikatzea dute helburu, dela itxurari erreparatuz (bular-harro, moñoña, morroskana, panpoxa, pertxenta, pospolin, zalamandrana…) dela izaera deskribatuz (baldraska, bargasta, ematxar, mamala, ninfomana, perkatx, parrandera, pottoka, tuntun, txatxala…).

Horiek guztiak, esan bezala, Euskaltzaindiaren Hiztegian jasotakoak dira. De Albak, ondoren, Egungo Euskararen Hiztegira jo zuen. Egungo Euskararen Hiztegia (EEH), jakina denez, Ereduzko Prosa Gaur eta Egungo Testuen Corpusean oinarritzen da, eta egungo erabileraren ispilua izan nahi du. Bestela esanda, gaur egungo hiztunek beren idatzietan egiaz erabiltzen dituzten hitzak jasotzen ditu, Euskaltzaindiaren Hiztegian jasota egon zein ez. Euskaltzaindiaren Hiztegia baino permisiboagoa da, nolabait esan, eta egiazko erabileraren adierazle zuzenagoa. De Albak, bada, antzera jokatu zuen EEHan: definizioetan emakume hitza jasotzen duten sarrerak bildu, eta eskuzko garbiketa bat egin ondoren 214 terminoko zerrenda bat lortu zuen. 214 termino horietatik 82 Euskaltzaindiaren Hiztegiko zerrendan jasoak zituen; beste 132ak ez ziren Euskaltzaindiaren Hiztegian agertzen.

Nolakoak dira Euskaltzaindiaren Hiztegian jasota ez badaude ere euskal idazleek eta kazetariek genero femeninoa zehazteko erabiltzen dituzten hitz horiek? Formari dagokionez, haietako asko genero-morfema baten bidez sortutakoak dira: gaztelaniazko –a morfemadun hitzak maileguan hartuta (adultera, asistenta, azafata, batelera, bollera, daktilografa, errepublikana, heroina, jefa, kabaretera, tipa, txupinera, utopika…), edo -sa gehituta (aktoresa, alkatesa, buhamesa, dantzarisa, deabrusa, irakaslesa, kazetarisa, lehendakarisa, olerkarisa, pilotarisa…). Semantikari dagokionez, aurreko adibideetan nagusi diren lanbideak eta jarduerak ez ezik, ugari dira emakumezkoak kalifikatzea helburu dutenak: buruloka, emalizun, emazital, errubia, guapa, lerda, mimosa, morena, neskazimur, oilanda, oilandatxo, pepelerda, pija, potola, potxola, pulpos, puta, putalaba, salada, tranposa, txotxola… Kalifikatze-ahalegin horretan, azpimultzo berezi bat osatzen dute mari- osagaiaren bidez sortutakoek. Euskaltzaindiaren Hiztegian ageri diren mari-bandera, mari-gizon, mari-maistra, mari-maisu, mari-matraka, mari-motrailu, mari-mutil, mari-purtzil eta mari-zikin adjektiboez gain, gaur egungo erabileraren ispilu izan nahi duen EEHak beste hauek ere jasotzen ditu: mari-agintzaile, mari-apain, mari-bekaizti, mari-belendrin, mari-bero, mari-berritsu, mari-bideetako, mari-bihurritxo, mari-burruntzi, mari-fandanga, mari-gaxte, mari-harro, mari-jakintsu, mari-kutzu, mari-lizun, mari-lotsagabe, mari-madama, mari-matxarda, mari-mutiko, mari-ozpin, mari-pertxenta, mari-petarda, mari-potxorra, mari-potxotxa, mari-salsera, mari-sorgin, mari-sorgintxo, mari-txoro, mari-zilipitrin, mari-zirri, mari-zirtzil eta mari-zorotxo.

Hirugarren pauso batean, azkenik, de Albak Egungo Testuen Corpusean ere bilaketatxo bat egin zuen. Genero femeninoa markatzen duten hitzen zerrenda luzatu nahian, corpus horretan bai –o bai –a atzizkiarekin ageri diren hitzak erauzi zituen: bobo/boba eta gisako bikoteak, alegia. Hala, eskuzko garbiketa eginda, beste bi iturrietan jaso ez zituen ia hogeita hamar termino gehiago aurkitu zituen ETCn: amerikana (adjektibo gisa erabilita, eta ez jantzia adierazteko), boba, bruta, elektrika (adjektibo gisa erabilita, ez elektrizitatea adierazteko), esposa, famosa, femenina, filosofa, flamenka, freska, funtzionaria, gorda, italiana, kortesana, ministra, musulmana, nobia, patrona, pottoka (adjektibo gisa erabilita, ez animalia adierazteko), pottola, rubia, saltsera, sardinera, teatrera, tonta, txikita eta txula.

De Albaren arakatze-lana hurbilpen bat izan zen, halako terminoak bilatzen hasteko proposamen xume bat. Eta hala ere 305 termino bildu zituen guztira. Generoa markatzen ez duen hizkuntza bat izateko, ez da gutxi. Gotzon Loberak bere artikuluan aipatzen zuen “aldameneko hizkuntza batean dauden arazoak” gurera ekarri nahi izate hura aski hedatuta dago, beraz. Euskal hiztunek egoera eta testuinguru askotan sentitu dute generoa markatu beharra; horrelakoetan, autoritateak onetsitako bideetatik jo dute batzuetan (kondesa, moñoña, bular-harro, mari-maistra…), eta araua hautsiz beste batzuetan (pepelerda, salada, tonta, txikita…). Bidenabar, uste dut ez dela kasualitatea genero femeninoa markatzeko ahalegina egin den kasuetako asko irainak eta hitz gutxiesgarriak izatea.

Bitxia iruditzen zait hizkuntzaz zenbaitek duten ikuskera immobilista eta beti batekoa, hizkuntza hiztunen erabakien eta erabileren gainetik dagoen izaki gisa ikusten duena. Hizkuntza, izan ere, hiztunok sortzen dugu aldiro; hiztunok behartzen, eraldatzen eta berrasmatzen dugu etengabe. Eta ulertzen eta babesten badut ere arauak funtzio garrantzitsua duela, eta funtsezkoa dela aldaketa-indarren eta kontserbazioaren arteko tirabiran oreka bilatzea, argi dut hiztunon eraldaketa-proposamen guztiak ez direla berdin epaitzen, eta horretarako arrazoia, Moralesek dioen bezala, ez dela linguistikoa.

Pauso txikiak eta jauzi handiak

Isabel Etxeberria Ramírez

Duela urte batzuk lagun talde handi bat astronauta jantzi ginen Inauterietan: mâché paperarekin kaskoak egin, buzo zuriak erosi, eta plastikozko botilen tapoiekin eta guk diseinatutako pegatinekin tuneatu genituen. Ez dut oso ondo gogoan norako ―pegatinetako bat, karroza gisara eraman genuen espazio-ontzia…?―, baten batek Neil Amstrongen esaldi ezaguna erabiltzea proposatu zuen, eta niri enkargatu zidaten hori euskaraz esateko modua bilatzea. Galdetu zidatena ez zen izango, noski, nola esan euskaraz “That’s one small step for man, one giant leap for mankind“, baizik eta nola esan “Un pequeño salto para el hombre, un gran paso para la humanidad”. Amstrongek ingelesez bota zuen esaldia, baina Hegoaldeko euskaldunok gaztelaniaz dugu gogoan gordeta, modu finko eta errotuan. Horrelaxe aipatzen dugu, hitzez hitz, gaztelaniaz mintzo garenean, eta ez, demagun, “un pequeño brinco para el ser humano, un enorme paso para la humanidad”. Euskaraz, ordea, ez dugu forma bat automatizaturik zilegi liratekeen aldaera guztien artean: pauso/urrats, salto/jauzi, txiki/hutsal, handi/erraldoi/itzel/sekulako, gizadi/gizateria…? Izan bada proposamen bateratzailerik, esaldi hori lehenago ere aipatu behar eta nahi izan baita euskaraz, noski; komunikabideetan, adibidez. Nik orduko hartan, hain zuzen, EITBren Hikea datu-basera jo nuen proposamen bila, eta han aurkitu nuen: “pauso txiki bat gizakiarentzat; jauzi handi bat gizateriarentzat”. Kontua da proposamen guztiz egoki hori ez dugula gogoan iltzatuta; ez dago euskal hiztunon esaeren ondarean sustraituta. Eta esan nahi badugu, bilatu edo asmatu behar izaten dugu aldiro. Edo irtenbide erraz eta ohikoenera jo, bestela: gaztelaniaz edo frantsesez aipatu. Esango nuke, gainera, hiztun askori euskarazkoa itzulpenago iruditzen zaiola gaztelaniazkoa edo frantsesezkoa baino. Izan ere, aldaera bakar bat finkatuta dagoenean, gaztelaniaren eta frantsesaren kasuan gertatzen den bezala, hiztun komunitateak ondarekoago edo berezkoago sentitzen du esapide hori. Aitzitik, adierazi nahi dugun bakoitzean nola esan pentsatu behar badugu, itzultzen ari garelako kontzientzia handiagoa dugu.

Gure egunerokoan ugari dira horrelako esaerak. Dei diezaiegun kale kultura. Amstrongen hura bezala, haietako asko ez ziren gaztelaniaz edo frantsesez sortu, baina guztiz naturalizatuak eta barneratuak ditugu bi hizkuntza horietarako itzulpenak. (Eta aurrera egin baino lehen, parentesi txiki bat barkamena eskatzeko: oso testu hegozentrikoa atera zait hau. Jarriko ditudan adibideak nire erdarakoak dira, gaztelaniakoak, alegia, ez baitut ezagutza nahikorik haien frantsesezko ordainak zein diren jakiteko). Esaera horien jatorria ezaguna izaten da batzuetan, lausoagoa beste batzuetan, eta askotariko iturrien bitartez iristen zaizkigu. Badakit, adibidez, “Siempre nos quedará París” Casablanca filmean Rickek Ilsari esandako hitzak direla. Eta Rickez ari garela, badakit “No lo sé, Rick, parece falso” Pawn Stars telesailetik datorrela. “Las mujeres y los niños primero” XIX. mendean sortu omen zen, HMS Birkenhead izeneko ontzi baten naufragioan ziurrenik, testu hau idazteko dokumentatzean jakin dudanez. Baina arrastorik ez dut non sortu zen “Arriba las manos, esto es un atraco”.

Esamolde horietako batzuk egiaz ez ziren ohi dugun bezala esan, eta sasiaiputzat jo daitezke. Jatorrizko esaldia dena delakoagatik aldatu egin zen, eta eratorritako horixe da hiztun guztiek gaur egun buruz jakin eta errepikatzen dutena. “Houston, tenemos un problema” (“Houston, we have a problem”) ez omen zuen zehazki horrela bota Apollo 13ko pilotuak, ezpada “Houston, we’ve had a problem here” (“Houston, hemos tenido un problema aquí”). Tom Hanksek antzeztutako pertsonaiak erabili zuen “Houston, tenemos un problema” Apollo 13 filmean, eta horixe da geratu dena. Gauza jakin samarra da Sherlock Holmesek sekula ez zuela “Elemental, mi querido Watson” esan Conan Doyleren nobeletan. Film batean esana da esaldia, eta gure esaerategian bilduta geratu zen harrezkero.

Halakoen jatorria eta gugana iristeko bideak direnak direla, kontua da finkatu gaztelaniaz eta frantsesez finkatu zaizkigula gogamenean, eta ez euskaraz. Haietako batzuk ―guk uste baino gehiago, ziurrenik― eman dira lehenago euskaraz. Hamleten “To be or not to be, that is the question” ezin famatuagoa modu bakar batean datorkigu burura Hegoaldeko euskaldunoi gaztelaniaz: “Ser o no ser; esa es la cuestión”. Euskaraz ez dut uste garunetik hain modu automatiko eta beti batean berreskuratzeko gai izango denik inor, nahiz eta 2002an jada Juan Garziak “Izan ala ez izan: horra hor auzia” proposatu zuen (eta “Izan ala ez izan: or dago arloa”, bide batez, Bingen Ametzagak berrogeita hamar urte lehenago). Ama izatearekin batera eskuratzen omen den dohain misteriotsua (“A que voy yo y lo encuentro”) “Baietz ni joan eta aurkitu” izendatu du duela gutxi Ane Labakak bere Hezur berriak poema liburuan. Poztuko nintzateke bidea egingo balu, baina badakigu zeinen zaila den erdarak gure bizitzaren geruza guztiak blaitzen dituen diglosia egoera honetan inertziaren kontra egitea. Ni behintzat erabiltzen hasiko naiz (eta izaten ditut izaten ditudanez esalditxoa erabiltzeko abaguneak).

Gure kale kulturako ondare immateriala osatzen duten esapide horiek, beraz, edo ez dira inoiz euskaraz eman edo, eman badira, ez dira finkatu. Horra hor gure auzia: esapideak izan zein izan ez, arazo bat daukagu, Houston. Adierazkortasuna aeragotzeko baliabide mota honetan ere motz dugu euskara (geuk kamusten dugu, egia esan), eta erdarara jotzea izaten dugu erraxkeriazko alternatiba. Diglosia da, ergela!

Denboratxoa da halako esaldiak nire mugikorreko post-it aplikazioan apuntatzen ditudala, eta zuekin konpartituko ditut gaur. Balio dezala jolasteko eta dibertitzeko, besterik ez bada ere. Haietako batzuk EITBren Hikean jasota daude; beste batzuk webean zertxobait arakatuta erraz topatzeko modukoak izango dira; eta beste batzuetarako, azkenik, lehenengoz proposatu beharko da ordaina. Osatu, luzatu, gozatu. Honatx:

Al abordaje
Al ataque
Alto o disparo
A que voy yo y lo encuentro
Arriad las velas
Arriba las manos, esto es un atraco
Corred, insensatos
Divide y vencerás
Elemental, mi querido Watson
Eso es todo, amigos
Hasta el infinito y más allá
Hombre al agua
Houston, tenemos un problema
La bolsa o la vida
Las mujeres y los niños primero
Le haré una oferta que no podrá rechazar
Levad anclas
Me llamo Iñigo Montoya. Tú mataste a mi padre. Prepárate a morir
Mi casa, teléfono
Nadie es perfecto
No lo sé, Rick, parece falso
No se vayan todavía, aun hay más
Pienso, luego existo
Qué hay de nuevo, viejo
Que la fuerza te acompañe
Que parezca un accidente
Sálvese quien pueda
Ser o no ser, esa es la cuestión
Siempre nos quedará París
Solo sé que no sé nada
Soltad amarras
Sujétame el cubata
Tócala otra vez, Sam
Un gran poder conlleva una gran responsabilidad
Un pequeño salto para el hombre, un gran paso para la humanidad
Yo que tú no lo haría, forastero
Yo soy tu padre

Ustezko influencerren autokonplazentzia

Isabel Etxeberria Ramírez

Itzulpengintza eta Interpretazioko graduan Itzulpengintzaren Teoria ikasgaia ematen dudanean gustura irakatsi ohi dut Itamar Even-Zohar pentsalariaren Polisistemen Teoria. Even-Zoharren ideiak ezagutzen dituenak erraz ulertuko du zergatik: itzulpengintzari gorazarre egiten dio nolabait. Haren arabera, hizkuntza txiki eta gutxietan itzulpengintzak zeresan nabarmena du literatur sistemaren osaeran. Itzulpenen bitartez literatur errepertorioa zabaltzen omen da, teknika eta abangoardiak inportatzen, hizkuntza poetikoa aberasten… Itzulpenak, finean, ideia eta molde berrien eroale dira, eta sorkuntzan aritzen diren bertoko idazleentzat inspirazio-iturri.

Itzulpenak literatur sistemarentzat kanpoko berrikuntzen sarbide diren bezala, itzultzaileentzat autokonplazentziarako iturri dira Even-Zoharren ideiak. Bai inportantea euskal literaturari egiten diogun ekarpena. Gora gu.

Duela gutxi Harkaitz Canok, Iker Sanchok eta hirurok mahai-inguru batean parte hartu genuen Aldecoa Festibalaren barruan, Beñat Sarasolaren gidaritzapean. Mahai-inguruak “Itzultzaileak, ipuingintzaren lurraldean mugalari: Txekhov, Carver eta Munro euskaraz (eta euskaratik harago)” zuen izenburu, eta Cano, Sancho eta hirurok idazle horiek itzuli ditugun heinean geunden han, haien literaturaz eta haien arteko loturez jarduteko. Entzuleen galderen txandan, jaialdiaren antolatzaileak, Iban Zalduak, idazle horiek euskal idazleengan izan duten eraginaz galdetu zigun publikoaren artetik. Eta erantzuten hasi ginenean, errealitatearen dimentsio paralelo batera pasatzen ginela iruditu zitzaidan, han ginen guztion artean inplizituki itun bat sinatu izan bagenu bezala. Egiatik hurbil, baina egiantzeko baino ez.

Azal dezadan. Atzerriko hiru idazlek euskal idazleengan izan duten eraginaz galdetzen ari zitzaizkigun kanpoko idazle horiek euskaratu ditugun itzultzaileoi. Horrela planteatuta eta egoera soziolinguistiko normal batean biziko bagina, balizko eragin horren zubigile gisa erantzuten arituko ginateke, geure itzulpenen bitartez iritsi izan balitzaie bezala euskal idazleei eta oro har irakurleei Txekhov, Carver eta Munroren ahotsa. Eta badakigu ez dela horrela. Edo ez guztiz behintzat. Euskal idazle eta oro har irakurle guztiak elebidunak gara gaur egun, eta euskaraz ez ezik, gaztelaniaz edo/eta frantsesez ere irakurtzen dugu. Ederra da pentsatzea beren unibertso literarioetan hiru idazle horien aztarna jaso duten euskal idazleek euskaraz ezagutu zituztela haien obrak. Baina, hala izan balitz ere —egile horiekiko lehen harremana euskaraz egin izan balute ere, alegia—, uneren batean gaztelaniara edo frantsesera (edo jatorrizko ingelesera, adibidez) salto egin beharko zuten beren irakurketa osatzeko. Txekhoven eta Carverren hiru liburu daude euskaratuta, eta Munroren bi; gaztelaniaz eta frantsesez egile horien obra osoa dugu eskura (eta “eskura” esan dudala baliatuta, gogoan har dezagun Iñigo Satrustegik blog honetan euskararako itzulpenen deskatologazioaz esandakoa). Ondo dakigu denok euskal liburugintzak ez duela gaztelaniazkoaren eta frantsesezkoaren muskulua (ezta katalanezkoarena ere, bide batez).

Labur esanda, kanpoko eraginak euskararen bitartez bai, baina gaztelaniaren eta frantsesaren bitartez ere jasotzen ditugu euskal irakurleok; eta irakurketa-esperientziak hiztunak adina direnez, zenbait irakurleren kasuan (gehienenean esaten ausartuko naiz) proportzio handiagoan iristen zaizkigu bi erdara horietatik euskaratik baino. Euskal itzultzaileak ez gara pentsatu edo nahi bezain influencerrak. Itamar Even-Zoharrek gezurra esan zigun, edo guk, inozook, ez genuen jakin ondo ulertzen. Literatura itzuliak literatur sistema osoa egituratzen zeregin garrantzitsua duelako ideia ez zaio ondo ezkontzen hizkuntza handiago baten ondoan eta mende bizi diren hizkuntza gutxituen kasuari, haietan elebitasunak (diglosiak!) ez diolako itzulpengintzari sarbide nagusia izaten uzten.

Nik, nolanahi ere, baikortasun menderaezin baten jabe izaki, uste dut euskal itzulpengintzak baduela bere zeresantxoa. Seinalatzaile gisa, hain zuzen. Euskararako itzulpengintzak linternarena egiten duela iruditzen zait: iluntasunean arreta non jarri erakusten digu nola edo hala. Xaloa bezain harroa naizela pentsatuko duzue agian, baina nire irudiko zenbait egile euskarara itzuli izanak modan-edo jarri ditu euskal irakurleon gure zirkuitu txikian. Eta beste idazle batzuk, zeinak erdal literaturaren panorama ezin beteagoan Wally bat bezala kamuflaturik oharkabean pasatuko litzaizkigukeen, euskarara itzuli direlako hautatu eta irakurri ditugu. Txekhov, Carver eta Munrorekin erraz lotu daitekeen Flannery O’Connor, adibidez, irakurri gabe izango nuen nik beharbada oraindik, Itziar Otegiren itzulpenarengatik ez balitz. Eta zenbat irakurlek ez ote genuen Annie Ernaux ezagutu eta dastatu, nobel saria jaso baino lehenagoko urte haietan, Igela argitaletxearen itzulpenei esker? Irakurgai eta erreferente inportante izango al ziren euskal irakurle askorentzat Natalia Ginzburg, Giani Celati, Alaa al Aswani, Agota Kristof, Jean Echenoz, Mohamed Xukri, Ingeborg Bachmann, Leslie Feinberg, Silvia Federici, Kae Tempest, Adania Xibli, Mohammed el-Kurd… itzultzaileek eta editoreek haiek plazaratzeko lana hartu ez balute?

Badakit, badakit: ustezko eragin hori zenbakietara ekartzen badugu irrigarria da emaitza. Baina autokonplazentzia amiñi bat, neurrian bada, beharrezkoa eta osasungarria izaten zaigu denoi.

Irabaziak eta galerak

Isabel Etxeberria Ramírez

Gurasoak erdaldunak ditut. Anaiak eta ni euskaldunak gara. Gaur egungo milaka euskal hiztun bezala, eskolan euskaldundu ginen hirurak. Gure kasuan, ez ikastola batean, euskalduntzeari dagokionez garai hartan ohikoa zen bezala, baizik eta ikastetxe erlijioso batean, Donostian, nire jaiolekuan. Nire hizkuntza-autobiografia mentalki errepasatu, eta konplexuen eta ahalduntzeen segida bat gailentzen da.

Lehen Hezkuntza (OHO-EGB) B ereduan egin nuen, erdaldunak nagusi ginen ikastalde batean. Kontuak gaizki ateratzen ez bazaizkit, 10-15 izango ziren etxetik euskara zekartenak 80 haur inguruk osatutako 1975eko kinta hartan. Esan beharrik ez dago euskara guretzat irakasleekin hitz egiteko tresna baino ez zela garai hartan, topiko guztiekin bat eginez, eta “itxegin” ere hala moduz hitz egiten genuela. Txepetxen motibazioa-erabilera-ezagutza hartatik, ezagutzak eman zion hasiera nire ibilbideari, nik hala ez eskatu ez erabaki gabe, eta motibazioa agertu zen handik gutxira, oso modu lausoan bada ere. Ez dut gogoan irakasleek euskara maita genezan sermoirik botatzen zigutenik, baina bai “Txoria txori”, “Bizkaia maite” edo “Euskal Herrian euskaraz” jarri eta ikasarazten zigutela, eta guk, edo nik bai behintzat, halako emozio estetiko bat sentitzen nuela kanta haiek entzutean, sumarazten zidana bazela hor nonbait mundu oso bat, niretzat ezezaguna, erakargarria zitzaidana eta neure egin nahi nuena.

Lehen lilura hark bazuen lotsatik ere, noski. Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala liburuko pasarte batean bezalaxe, badut nik halako oroitzapen lauso bat, nola amak akuilatuta aitonarekin bizpahiru esaldi trukatu nituen inoiz euskaraz ―lau aiton-amonen artean euskaldun bakarra―, eta zer frustragarriak gertatu zitzaizkidan inkomunikazio une haiek. Erraz irudika dezaket orain Mugiroko gizon gogor haren harridura deseroso baina aldi berean ―pentsatu nahi dut― harrotasun puntu batez zipriztindua, biloba berarenetik hain urrun zegoen euskara trakets hartan lotsa-lotsa eginda mintzatzen entzutean.

BUPen nabarmen aldatzen zen gelako paisaia soziolinguistikoa gure ikastetxean. Ordura arte nagusiki Donostiako Loiola, Martutene eta Amara auzoetako haurrez betetako ikasgela haietara, ama hizkuntza euskara zuten gaztetxoak iritsi ohi ziren batxilergoa egitera, Astigarraga, Andoain, Oiartzun eta Hondarribitik, besteak beste. Gure ikaskide berriek “ona do” eta “bakizu ze?” esaten zuten, eta euskaraz mintzo ziren euren artean, natural. Guretzat mundu berri bati begiak zabaltzea izan zen hura. Esan nahiko nuke Txepetxen triadako hirugarrena, erabilera, orduan iritsi zela nire bizitzara, baina gezurretan arituko nintzateke. Ez dut gogoan gu, erdaldunok, lagunartean euskaraz egiten hasi ginenik garai hartan. Bestela esanda, Andoaingo, Oiartzungo eta Hondarribiko gure lagun berri haiek erdarara pasatzen ziren gurekin hitz egiteko. Horratx ifrentzua.

Denbora luzez konplexuz beteta bizi izan nuen nire erdipurdikotasun linguistikoa, eta lotsatu egiten ninduen nire pedigri falta agerian geratzeak. Nire ikaskide euskaldunen mundu erreferentziala ezezaguna zitzaidan: nik ez nuen anaia zaharragoen zintetan Hertzainak entzuten, eta sekula joan gabea nintzen Kilometroak-era, are gutxiago Herri Urratsera edo Durangoko Azokara. Aurrerago, jada unibertsitatean, Euskal Filologiako nire ikaskideen arteko solasaldiren batean euskaldunok hain gustuko ditugun erakustaldi dialektal horietako bat sortzen zenean ―“gure etxean di-da esaten da”, “a, ba gurean ti-ta”, “gurean betidanik di-dau”…― niri mahai azpian ezkutatzeko gogoa sartzen zitzaidan. Eta ondo grabatua dut oroimenean zeinen ezdeusa sentitu nintzen Ahozko Literatura ikasgaiko eskola batean, bertsolarien artean ahotsak zer funtzio jokatzen duen ilustratu nahian Joan Mari Lekuona “Egañak honela” eta “Lizasok honela” bata eta bestea imitatzen hasi zenean eta nire inguruan ikaskide guztiak dibertiturik buruarekin baiezkoa egiten sumatu nituenean; nik, noski, justu-justuan bainekien bertsolariak zirela, eta ez besterik.

Gaur egun euskaraz bizi naiz. Euskaldunberri/euskaldunzahar etiketak aspaldi samar ahaztu nituen, eta konplexu gutxi dut jada (horretan adinak ere lagunduko zuen ziurrenik). Euskal Filologia bukatuta, euskarari lotuak izan dira eduki ditudan ia lan guztiak, irakaskuntzan, itzulpengintzan zein liburugintzan. UEMAn dagoen udalerri batean bizi naiz, azken urte hauetan asko erdaldundu den arren Donostia nire jaioterria baino euskaldunagoa den herri batean. Bikotekide bizkaitarra dut, arnasgunetzat jotzen den herri batekoa, eta gure bi semeek, nik ez bezala, euskara eta euskal mundua jaso dute etxean zuzenean. Gure etxeko hizkuntza euskara da. Nola aldatu diren gauzak, kamarada.

Edo beharbada ez horrenbeste. Gure bi semeak erdarara pasatzen dira etxetik euskara ez dakarten beren lagunekin ari direnean, eta tarteka baita beraien artean ere. Horretaz idatzi nuen duela urtebete pasatxo, blog honetan bertan, nik espero baino erreakzio handiagoa sorrarazi zuen artikulu batean ―norberaren ahuleziak aitortzea bezalakorik ez dago arrakalarik gabeko bizitzak dituztenen aholkuen iman bihurtzeko―. Batzuek hala ulertu ez bazuten ere, kezkatu eta amorratu egiten nauen kontua delako idatzi nuen testu hura, noski, inork ez baititu bere bizitzako ordutxo batzuk ematen munta gutxikoa iruditzen zaion gai bati buruzko ideiak buruan antolatzen eta paperean jartzen (ez naiz oraindik hedonismoari emanda bizi, baina alferreko masokismoa behintzat nahiko kontrolpean dut aspalditxotik).

Eta, hala ere, aitortu behar dut semeak noiz edo noiz gazteleraz mintzo direla-eta edo bizi naizen herria oso denbora gutxian nabarmen erdalduntzen ari dela-eta arranguratzen naizenean/garenean, deabrutxo baten ahotsa entzuten dudala ezinbestean, belarrira ezti xuxurlatzen didana: “tira, erdaldunagoak zineten zu eta zure ingurua haien adinean”. Nire bizitzan dena izan baita irabaztea, euskarari dagokionez. Aho txikiarekin esaten dut esan berri dudana, ez baitut nahi inork ulertzea garrantzia kendu nahi diedala azken urte hauetako datuei. Baina ausartu nahi dut ikusarazten euskara ikasi dugunontzat ez dela erraza izaten batzuetan, edo niretzat behintzat ez dela erraza izaten, irabazi indibiduala eta galera kolektiboa bereiz mantentzea. Eta euskararen auzian kontzientziazioari eta aktibazioari dagokionez kontuan hartu beharreko faktore bat dela esango nuke. Euskara irabazi dugunok beharbada ez dugu berdin hautematen arriskua.

Gaitzaket

Isabel Etxeberria Ramírez

Haundi/handi, urdinskara/urdinkara, atzorako/atzoko, gaurgeroz/gaurgero, ordurarte/ordura arte, sentimentu/sentimendu… Horietan guztietan, lehen aukera ez da hiztegietan jasotzen, edo idazkera okertzat jotzen da; bigarren aukera da, denetan, euskara estandarrerako gomendatzen dena. Bada, lehen idazkera ez gomendatu horiek ugariago ageri dira euskal idazleen liburuetan euskarara egindako itzulpenetan baino. Blog honetan behin baino gehiagotan azaldu dudanez, nire doktorego-tesian euskarara itzulitako literatur testuetako eta euskal idazleek zuzenean euskaraz sortutako literatur testuetako hiztegia konparatzen aritu naiz, eta dela koloreak aztertzen jardun dudanean, dela denbora-adberbioez edo emozioak adierazteko kolokazioez aritu naizenean, idazkera okerreko aldaerak euskal idazleen testuetan euskal itzultzaileenetan baino ugariagoak zirela ikusi dut.

Doktorego-tesi bat ez da elukubrazioetarako lekua. Datuetan behatutakoa jaso ohi da tesietan; egiaztatu ahal izan den hori, alegia. Intuizioak belarrira xuxurlatzen digunak ez du kabidarik izaten zorroztasun zientifikoa gidalerro duten testu generoetan. Eta beraz, lortutako datuak esplika litzaketen arrazoiez hipotesi gisa baino ez ohi da hitz egiten, eta etorkizunean urratu litekeen ikerlerro gisa gehienetan. Ni hanka-puntetan pasatu nintzen arrazoien gainetik nire doktorego-tesian, eta ez nuen ia hipotesirik aurreratu idazleengan antzemandako zabarkeria handiagoa edo itzultzaileen zuzentasunerako joera nabarmenagoa esplikatzeko, nire intuizio horiek tesia ebaluatuko zuen epaimahaiaren aurrean behar bezala defendatu ezin izango nituela iritzita. Baina hemen, lagunarteko foro informalago honetan, gustura egingo dut gogoeta ozenki zuekin.

Harira, beraz. Zergatik ageri dira haundi, ordurarte eta sentimentu gehiagotan idazleen testuetan eta gutxiagotan itzultzaileen testuetan? Lehen kolpean ezagutzarekin lot genezake auzia: idazle gutxiagok dakite, itzultzaileen aldean, sentimentu ez baizik eta sentimendu dela idazkera zuzena. Baina uste dut bat etorriko garela denok onartzean jakin gauza gutxi dakizkigula berez idazleok eta itzultzaileok, eta zer non kontsultatu jakitea dela, oro har, menderatzen dugun artea. Hau da, itzultzaileek ez dute sentimentu gutxiagotan idazten idazkera okerra dela badakitelako, ezpada idazkera zuzena ote den egiaztatzeko ardura idazleek baino gehiagotan hartzen dutelako. Jarrera kontu bat ikusten dut nik hemen, eta ez ezagutza kontu bat. Sinplifikazioak arriskutsuak dira, baina lagun artean gaude-eta jo dezagun parodiara: itzultzaileak —#ezitzultzaileguztiak— txintxo eta arauaren aurrean esanekoago jokatzen ahalegintzen dira, eta idazleak —#ezidazleguztiak— arautik askeago sentitzen dira.

Zer dela eta lotuago vs askeago sentitze hori? Zenbait ideia bururatzen zaizkit niri, denak elkarri lotuak eta elkarren kausa edo ondorio gisa uler daitezkeenak. Hona hemen:

  • Itzultzaileak beste baten testua du esku artean, eta berea balitz baino ardura handiagoz tratatzen du horregatik. “Norberarenean tira, baina besterenean ez dadila nire erruz akatsik egon”. Parkean umeekin gaudela, beste guraso batek enkargu bat egitera doala-eta bere haurrari begiratzeko eskatzen digunean bezala: haur hori non zertan ari den zaintzen dugu une oro, geurearekin baino arretatsuago. Itzultzailea subsidiarioa da, eta gehiago eskatzen dio bere buruari: ezin du titularrarenean zuzena zena akastun bihurtu.
  • Sorkuntzak badu jainko izatetik zeozer. Egile garenean aurrez existitzen ez zen zerbait sortzen dugu ezerezetik. Esango nuke —barkatuko ahal didazue psikoanalisia egiteko ahalegin txatxar hau— ahalmen horrek berezi sentiarazten gaituela, mugen eta arauen gainetik gaudela sinestarazten digula. Eta beraz, idazten ari garenean sueltoago-edo jokatzen dugu, erlaxatuago, itzultzen ari garenean ez bezala. Goragoko kezkak izaten ditugu idaztean, eta ez gara huskeriez arduratzen.
  • Idazleak badaki atzetik zuzentzailea edo/eta editorea etorriko dela, berak axolagabe lotu gabe utzitakoak lotzera. Eta erlaxatu egiten da berriro.
  • Itzultzaileak ere badaki atzetik zuzentzailea edo/eta editorea etorriko dela. Baina itzultzaileari maiz zuzentzailea izatea tokatzen zaionez, ondo daki zer non zaindu, eta lanak eginda edo oso aurreratuta entregatzen du testua.

Sormen edo itzulpen lan batean egileak eta itzultzaileak ez ezik beste esku batzuek ere parte hartzen dute. Hain zuzen ere, tesiaren defentsan epaimahaikideetako batek argitaletxeek honetan guztian duten funtzioaz galdetu zidan. Esango nuke aurretik aipatu ditudan ideiekin lotura estua duela euskal editoreen jokamoldeak:

  • Editoreek erreparo gutxiago izaten dute ziurrenik idazkera okerrak itzultzaileari zuzentzeko idazleari zuzentzeko baino. Azken batean, itzultzailea ez da egile-egilea, testua ez da bere-berea, eta errazago onartuko ditu iradokizunak.
  • Horrek berekin dakar itzultzaileak, zuzenketa gehiago eta gehiagotan egiten zaizkionez, autoexijentzia handiagoz jokatzen ikasten duela, testuak hasieratik txukunago entregatzeko.

Idazkera zuzenak gora eta behera aritu naiz hamar bat paragrafotan, itzultzaileak subsidiarioak eta arauari lotuak direla esan dut, idazleak jainko txiki eta apetatsuen pare jarri ditut… Baina aizue, itzulpenean dena ez da itzalean geratzea eta xuxen jokatzea. Itzulpenak ere badu sortzetik, asmatzetik, haustetik, jolastetik… Tesiaren defentsan beste epaimahaikideetako bat kexu agertu zitzaidan pasarteren batean itzultzaileak otzan edo esanekotzat jo nituelako. Eta arrazoia eman behar diot. Itzultzaileak esanekoak izan ohi dira estandarraren idazkerari dagokionez, baina ederki dakite araua hausten eta sorkari zoragarriak proposatzen egokiera dutenean. Testu honi jarri diodan izenburua da horren adibide. Warsan Shire kenyar poetaren “Backwards” poema euskaratzean[1] Maialen Berasategik egindako proposamena da gaitzaket. Hementxe, zehazki:

I can make us loved        →        Egin gaitzaket maitatuak

Ez al da zoragarria?


[1]Munduko Poesia Kaierak bildumak hamar urte bete dituela-eta kaier berezia argitaratuko du aurki Susa argitaletxeak. Kaier horretan, MPK bilduman orain arte aritu diren itzultzaileek beren gustuko poema bana euskaratu dute. Maialen Berasategik Warsan Shire kenyarraren “Backwards” (“Atzeraka”) aukeratu eta itzuli du.

Galderak, galderak, galderak

Isabel Etxeberria Ramírez

Duela urtebete inguru, bere Lurraz beste ipuin-liburu bikainaren harira Berrian elkarrizketa egin ziotenean, honela erantzun zien Garazi Arrulak Itziar Ugartek (2023) egindako galderei:

[G.A.]: [Nire] lehenengo liburuarekin Harkaitz Canok esan zuen nabaritzen zela itzultzaile baten liburua zela, eta momentuan esan nuen, «bah!».

[I.U.]: Bati baino gehiagori otuko zaio agian. Nahiago duzu ez lotzea?

[G.A.]: Ez da hori. Orduan ez nuen jakin nondik hartu, baina orain ikusten dut zehaztasunerako joera egon daitekeela atzean. Azkenean, itzulpenean nahitaez jo behar duzu konkreziora. Jatorrizkoan agertzen bada «belusezko oihal iledun gorrikara», ezin duzu jarri telazkoa zela eta gorria. Begia egina duzu horretara.

Itzultzea idazketan trebatzeko ariketa ona omen da. Itzultzean, idaztean saihestuko genituzkeen arazoei irtenbidea ematera behartzen gaitu jatorrizko testuak. Eta horrek luma zorrozten laguntzen digu. Anjel Lertxundik (1993) zioen bezala, ezin dugu tranpa egin; ezin dugu eragozpena saihestu; ezin dugu berez korapilotsu dena lautu; ezin dugu laua denarekin alfonbra ehundu; eta ezin dugu, alfonbra gainean ibiliz, dotore plantak egin. Edo Juan Garziak elkarrizketa batean Danele Sarriugarteri (2017) adierazi bezala, itzultzean berezkotik landuko ez genukeen moduan lantzen dugu idazketa, zeren berezkoan beti bilatzen baitugu «erresistentzia gutxieneko ildoa». Itzultzean eroso ez sentitzen ohitzen gara, alegia, eta adierazmoldean koska bat estuago aritzen.

Blog honetan behin baino gehiagotan aipatu dudanez, nire doktorego-tesian testu itzulietako eta ez-itzulietako hizkera konparatzen jardun dut. Zehazki, 2001 eta 2019 bitartean argitaratutako euskarazko 1.134 literatur lanetako hiztegia aztertu dut (euskal idazleek sortutako 698 literatur lan eta euskal itzultzaileek hainbat hizkuntzatatik euskarara ekarritako 436): aberastasuna sinonimian, zehaztasunerako joera, lexiko-sorkuntzako joerak, arauarekiko edo/eta estandarrarekiko atxikimendua… Corpusaren tamaina handia izanik, datu kopuru handi samarretan oinarritzen dira antzeman ditudan joerak. Eta bai: badirudi badirela aldeak euskal idazleek sortutako testuen eta euskal itzultzaileek beste hizkuntza batzuetatik ekarritakoen artean.

Kontua da aztergai izan dudan corpusean badirela idazten zein itzultzen aritzen diren lumak. Testu honen hasieran aipatu dudan Garazi Arrula, adibidez, bai eta Jon Alonso, Xabier Amuriza, Juan Kruz Igerabide, Koldo Izagirre, Felipe Juaristi, Pello Lizarralde, Danele Sarriugarte edo Patxi Zubizarreta ere, besteak beste. Eta iruditzen zait halako lumen testuak xeheago aztertzeak joko handia emango lukeela, aukera eskainiko ligukeelako, adibidez, ikusteko ea lexiko-hautaketan antzera jokatzen duten idazten eta itzultzen ari direnean. Edo ea beren euskalkiko (edo beste euskalki batzuetako) bereizgarriak ikusarazteko edo ezkutatzeko joera handiagoa agertzen duten jardun batean edo bestean. Edo ea beren testuak arauari lotuagoak diren idazle gisa ari direnean edo itzultzaile gisa ari direnean. Eta azter liteke, bestetik, ea alderik baden itzultzen ere aritzen diren idazleen eta itzulpenik egiten ez duten idazleen artean, halako moduz non konprobatu ahal izango genukeen zenbateraino eragiten duen itzultze-jardunak idazmoldean edo, bestela esanda, zer neurritan laguntzen dion idazleari itzultzeak begia egiten eta luma trebatzen.

ITURRIAK:

Lertxundi, Anjel (1993). Oinarriko proposamena mileniorako. Jakin, 79, 56-60. https://www.jakin.eus/show/c9cc867daf22ef757f5b3c3ad6ed9e51704d55c3

Sarriugarte, Danele (2017ko uztailaren 23a). Itzultzaileak bere hizkuntza eduki behar du zabal, malgu eta presente. Argia. https://www.argia.eus/argia-astekaria/2563/juan-garzia-itzultzailea

Ugarte, Itziar (2023ko maiatzaren 28a). Ematen du, garaiarekin bat, trantsituan gaudela denok. Berria. https://www.berria.eus/paperekoa/1957/024/001/2023-05-28/ematen-du-garaiarekin-bat-trantsituan-gaudela-denok.htm

Oharkabean pasatzea

Isabel Etxeberria Ramírez

Nor bere zoroak bizi du, eta blog hau irakurtzeko ohitura duzuenok konturatuko zineten jadanik zerk dantzarazten nauen ni. Azken aspalditxoan, euskarara itzulitako literatur testuetako hizkera eta euskal idazleek sortutako testuetakoa konparatzen jardun dut, nire doktorego-tesiaren aitzakian edo haren erruz. Labur azalduta, lexiko-aberastasuna, zehaztasunerako eta ñabardurarako joera, eta lexiko-sorkuntzari lotutako jarrera berritzaileak/kontserbadoreak izan ditut aztergai. Ez da hau lekua gai horiei buruzko ondorio nagusiak aurkezteko. Baina izan dira han eta hemen ezustean bidera atera zaizkidan zenbait auzi, txikiagoak-edo, zer pentsatua eman didatenak; bada, hemen gaur horietako bat.

Tesian, besteak beste, denbora-adberbioak aztertu ditut. Hiztegiak eta gramatikak arakatu, eta 391 denbora-adberbioko zerrenda bat osatu nuen. Ondoren, aztergai izan dudan corpuseko[1] itzulpenetan termino horietatik zenbat erabili diren neurtu nuen, bai eta termino bakoitza zenbat aldiz eta zenbat liburutan erabili den ere. Eta gauza bera egin nuen testu ez-itzulietan. Datuek erakutsi didate termino zehatz batzuetan alde handia dagoela testu ez-itzulietako agerraldi kopuruaren eta testu itzulietakoen artean; hau da, termino batzuk askoz gehiagotan erabili dira testu ez-itzulietan testu itzulietan baino, eta alderantziz. Tira, alderantziz ez horrenbeste. Gehiagotan gertatzen da termino bat euskal idazleen testuetan askotan erabiltzea eta euskal itzultzaileek itzulitako testuetan oso gutxi agertzea, kontrakoa baino. Bada, testu itzulien eta ez-itzulien arteko erabileran alde handia antzeman diedan denbora-adberbioetako hainbatetan, erabilera hori luma bakar bati edo ia bakar bati zor zaiola ikusi dut. Adibideren bat jarrita hobeto ulertuko dugu:

  • Gauak gauari iparraldeko forma testu ez-itzulietan erabiltzen den 15 aldietako 13 Itxaro Bordaren 8 testuri dagozkie. Gainontzeko biak Xipri Arbelbiderena eta Lucien Etxezaharretarena dira. Itzulpenetan ez da ageri.
  • Orainik formak testu ez-itzulietan dituen 48 agerraldietako 39 Pello Salabururenak dira. Gainontzekoak beste 5 idazleren testuetan ageri dira, eta horietako 3 Xalbadorren bertso famatuaren aipuak edo aipuaren aldaerak dira («txistuak jo dituzute bainan / maite zaituztet orainik»). Itzulpenetan ez da ageri.
  • Santa sekulan: Testu ez-itzulietako 19 agerraldietatik 14 Patziku Perurenarenak dira. Gainontzeko 5ak beste horrenbeste idazlerenak dira. Itzulpenetako 7 agerraldiak, bestetik, 2 itzultzaileren lumatik iritsi dira: Elena Touyarou eta Karlos del Olmo.

Bada kasuren bat zeinetan agerraldi gehienak itzultzaile bakar bati zor zaizkion (noizik behinka formak itzulpenetan dituen 14 agerraldietatik 13 Karlos Zabalarenak dira, eta testu ez-itzulietan Ramon Saizarbitoriak baino ez du erabili, behin), baina, esan bezala, halako desorekak euskal idazleen lumatik iristen dira gehien-gehienetan.

Badirudi, beraz, erabilera pertsonalak ugariagoak direla idazleen artean itzultzaileen artean baino. Hau da, termino zehatz bat maiztasun nabarmen handiagoz erabiltzeagatik bereizten direnak idazleak izaten dira, itzultzaileak baino sarriago. Kopuruak ez dira bereziki nabarmenak, baina bide ematen digute baieztatzeko itzultzaile baino idazle gehiago ausartzen direla erabilera idiosinkratikoak egiten.

Bada, bigarrenik, beste auzi bat, euskalkien erabilerari lotutakoa, bereziki interesgarria iruditu zaidana. Hain zuzen ere, oraintsu azaldu dudan erabilera pertsonalen kontu hori eta oraintxe aurkeztuko dudan euskalkien erabilerari buruzkoa lotuta ikusten ditut, eta joera beraren erakusgarri direla uste dut. Azaldu dezadan. Euskalkien erabilerari buruzko auzia blog honetako aurreko testu batean ere aipatu nuen. Orduko hartan kolore-izenen eremu semantikoaz jardun nuen, baina bi eremuetan ikusi dut joera bera: koloreenean zein denbora-adberbioenean. Izan ere, ohargarria da ezen, testu ez-itzulietan koloreak izendatzeko zein denbora markatzeko euskalki bateko formak erabiltzen direnean, euskalki hori hitz egiten den eremuko idazleek erabiltzen dituztela nagusiki, baina joera hori ez da hain argia testu itzulietan. Hau da, itzultzaileek euskalkietako formak erabiltzen dituztenean ez dute sistematikoki beren euskalkiari dagozkion formetara jotzen; itzultzaileek gutxiagotan erabiltzen dituzte euskalkietako formak oro har, baina erabiltzen dituztenean edozein euskalkitakoak aukeratzeko joera handiagoa ageri dute. Egun oroz, noiztenka, ordukotz eta hemendik aitzina formen atzean forma horiei dagokien euskalkiko itzultzaileen eskua ikusten bada ere, beste hainbat adibidetan dena delako euskalkiari dagozkion itzultzaileak eta ez dagozkionak antzeko kopuruetan dabiltza, eta batzuetan are gehiago dira beste euskalki bateko itzultzaileak euskalki horri dagozkionak baino (ardurenean, jagoitik, orainokoan, belu, eten barik, oraindino eta beste orduz formetan, adibidez). Idazleak, esan bezala, nor bere euskalkiari leialago ageri dira.

Gauzak zertxobait sinplifikatuz, beraz, esan daiteke ia beste inork erabiltzen ez dituen terminoak erabiltzen aiseago animatzen direla idazleak itzultzaileak baino, eta era berean idazleak direla beren testuetan beren euskalkiko hitzak sueltoen erabiltzen dituztenak. Itzultzaileak, aldiz, nekez ausartzen dira ia beste inork erabiltzen ez duen termino bat beren itzulpenetan erruz baliatzen, eta euskalkietako hitzak txertatzen dituztenean han-hemengoak hautatzen dituzte, beren euskalkia oso agerian utzi gabe. Niri Lawrence Venutiren[2] itzultzailearen ikusezintasunaren ideia datorkit burura ezinbestean. Balirudike itzultzaileek beren ahots bereizgarria agertzeari uko egiten diotela eta beren idiosinkrasia ezkutatzen saiatzen direla, sorburu-testuaren egilearen estiloa beren tasun pertsonalez ez zipriztintzeko. Oharkabean pasatzen saiatzen dira, desagertzen (vanishing, dio Venutik), alegia, testuaren benetako egileari (jatorrizko testuaren idazleari) itzal edo traizio ez egiteko moduan.

Ez dugu, ziurrenik, ez genekienik azaldu. Denok gutxi-asko erraz errekonozituko dugu geure burua jokabide horretan. Baina datuek berretsita ikusi dugu behintzat.


[1] Probaleku gisa erabili dudan corpusa Egungo Testuen Corpuseko literatura atala da gutxi gorabehera, eta 2001 eta 2019 bitartean argitaratutako euskarazko 1.134 literatur testuk osatzen dute: euskaraz idatzitako 698 liburuk eta hainbat hizkuntzatatik euskarara itzulitako 436 liburuk.

[2] Venuti, Lawrence (1995). The Translator’s Invisibility. A History of Translation. Routledge.

Euskalkiak itzulpenetan

Isabel Etxeberria Ramírez

Itzulpenetako hizkeraren bereizgarriez ikertzen aritu direnek itzulpenetako estandarizazio edo neutralizaziorako joeraz hitz egin izan dute. Hipotesi horren arabera, itzultzaileek xede-hizkuntzaren erabilera estandarrerantz hurbiltzeko joera izaten dute, eta ondorioz itzulpenetako hizkera testu ez-itzulietakoa baino arauari lotuagoa izaten da. Arauari lotze hori, adibidez, erregistro neutroa lehenesten delako gertatzen da (batez ere behe erregistroko hitzak edo esapideak saihesten dira), edo hiperzuzentasunaren ondorioz (jatorrizko testuko akatsak zuzenduta ageri dira itzulpenetan), edo aldaera diatopikoak edo dialektalak baztertu eta aldaera estandarraren alde egiten delako.

Azken horri dagokionez, hau da, aldaera dialektalak testu itzulietan testu ez-itzulietan baino urriagoak izateari dagokionez, zenbait ikerketa interesgarri egin dira nazioartean. Olohanek (2003, 2004), adibidez, ingelesaren aldaera dialektalen presentzia txikiagoa aurkitu zuen ingelesera itzulitako testuetan ingelesez sortutakoetan baino, eta Corpas Pastorrek (2018) antzeko joera bat hauteman zuen espainolaren kasuan. Eta euskaraz? Galdetuko baligute ea non esperoko genituzkeen euskalkietakotzat jotzen diren hitz gehiago, euskarara itzulitako testuetan ala euskal idazleek idatzitakoetan, zer erantzungo genuke?

Blog honetan lehenago inoiz aipatu dudan bezala, euskarara itzulitako testuetako hizkeraren bereizgarriak aztertzen jardun dut nire doktorego-tesian, eta horretarako euskarara itzulitako literatur testuetako hiztegia eta euskaraz sortutako testuetakoa konparatu dut. Nire lehen helburuen artean ez zegoen euskalkiek testuotan zer presentzia duten aztertzea. Baina han eta hemen datuak biltzen hasi, eta bidera atera zait gaia. Eta datuak oso esanguratsuak dira. Adibide bat ekarriko dizuet hona.

Nire ikerlanean, besteak beste, koloreen eremu semantikoa aztertu dut. Blog honetan lehenago ere mintzatu naiz koloreez, eta oraingoan ere multzo hori baliatuko dut adibide gisa. Erabili dudan corpusa gutxi gorabehera Egungo Testuen Corpuseko literatura atala da: 2001 eta 2019 bitartean argitaratutako 1.149 liburu (451 itzulpen eta euskaraz sortutako 698 lan). Hiztegiak eta bestelako lan espezializatu batzuk kontsultatuta, koloreak euskaraz izendatzeko dauden hitzen zerrenda osatu nuen: guztira 120 termino. Ondoren, testu itzulietan eta testu ez-itzulietan hitz horietatik zein erabiltzen ziren begiratu nuen, baita zenbat aldiz erabiltzen ziren ere. 120 termino horietatik batzuk euskalki-markarekin jasota daude hiztegietan: blu eta gorrail hitzek, adibidez, iparraldeko marka daramate; xuri hitzak, iparraldekoa eta nafarrerakoa; azul hitzak, hegoaldekoa; laru eta beilegi hitzek, bizkaierakoa. Txuri eta baltz hitzak ez dira jasotzen Euskaltzaindiaren Hiztegian, baina uste dut bat etorriko garela denok txuri erdialdeko euskararekin eta baltz mendebaldekoarekin lotuta.

Lehen aurreratu dudan bezala, datuak argigarriak dira. Taula honetan, hitz horietako bakoitza zenbat aldiz ageri den jaso dut:

Testu ez-itzulietanTestu itzulietan
azul10117
baltz942
beilegi11148
blu890
gorrail368
laru5429
txuri807234
xuri851304

Datuak, noski, eskuzko garbiketa baten ondorio dira: azul hitzaren agerraldi asko División Azul izenari zegozkion, adibidez. Ikusten denez, hitz guztiak nabarmen gehiago erabiltzen dira euskal idazleen testuetan itzultzaileenetan baino. Itzulpenetan euskara estandarrekoak ez diren erabilerak saihestu egiten dira. Euskarako datuak, beraz, bat datoz beste hizkuntza batzuetan lortu diren emaitzekin: euskaraz ere estandarizaziorako joera bat nabari da itzulpenetan, itzulpen ez diren testuen aldean. Aldaera dialektalak urriagoak dira euskarara itzulitako testuetan euskaraz sortutakoetan baino.

Baina zenbakiak hotzak dira. Haien atzean dauden izen-abizenak aztertzen baditugu, beste irakurketa batzuk ere egin daitezke. Ez ditut hona ekarriko hitz horiek erabiltzen dituzten idazleen eta itzultzaileen izen-abizenak, testu hau sobera ez luzatzeko; baina inork jakin-mina balu, eska dezala lasai (iruzkin gisa erants nitzake). Hona hemen, bada, zenbakiez haragoko zenbait gogoeta:

1) Hitz horiek kasuan kasuko euskalkietako idazle/itzultzaileek bakarrik erabiltzen al dituzte? Egia da hitz horien agerraldien parte handi bat dena delako euskalkiko idazle/itzultzaileei zor zaiela, baina badira beste jatorri batzuetako lumak ere. Bizkaierakotzat jotzen den beilegi, adibidez, Xabier Amurizak, Urtzi Urrutikoetxeak, Joseba Sarrionandiak, Unai Elorriagak eta Sonia Gonzalezek erabiltzen dute, besteak beste, idazleen artean, eta Xabier Amurizak eta Iñigo Roquek, itzultzaileen artean. Baina mendebaldekoak ez direnen lumetan ere ageri da: Eider Rodriguez, Lander Garro, Harkaitz Cano edo Bernardo Atxaga, adibidez, idazleen artean, eta Joxe Austin Arrieta, Xabier Olarra edo Itziar Diez de Ultzurrun, itzultzaileen artean.

2) Alde handiarekin ez bada ere, badirudi norberarena ez den euskalkira jotzeko tentazioa handixeagoa dela itzultzaileen artean idazleen artean baino. Beilegi, laru eta gorrail, adibidez, beren euskalkikoa ez duten itzultzaile nahikotxotan ageri da; euskalki horretakoak ez diren idazleen artean ere ageri da, baina proportzio apalagoan.

3) Iparraldeko hitzen kasuan, agerraldi kopurua testu ez-itzulietan nabarmen handiagoa izatea Iparraldeko idazleen kopuruari zor zaio neurri handi batean. Egia da xuri (nafarrerakotzat ere jotzen dena) Hegoaldeko idazle nahikotxoren testuetan ere ageri dela, baina blu eta gorrail hitzen agerraldi gehienak Iparraldeko idazleei dagozkie. Testu ez-itzulien egileen artean Iparraldeko idazle nahikotxo daude: Michel Oronoz, Xipri Arbelbide, Bea Salaberri, Piarres Trounday, Ramuntxo Etxeberri, Daniel Landart, Txomin Peillen, Itxaro Borda, Pierre Mestrot, Mixel Thikoipe, Filipe Bidart, Katixa Dolhare-Zaldunbide…. Iparraldeko itzultzaileak, berriz, oso gutxi dira: Marzel Etxehandi, Jean Baptiste Orpustan, Elena Touyarou eta Piarres Xarriton. Horrek esplikatuko luke zergatik Iparraldeko hitzak nabarmen gehiago ageri diren testu ez-itzulietan (Iparraldeko idazle zerrenda luze samar batek idatzitako testuetan, hain zuzen), testu itzulietan baino (itzulpen guztien artean oso gutxi izanik Iparraldeko itzultzaileek eginak).

4) Emakumeak uzkurragoak dira euskalkietako hitzak erabiltzeko. Edo gutxiago ausartzen dira. Oso gutxi dira hitz hauek erabiltzen dituzten emakumezkoak. Noski, idazleen eta itzultzaileen artean gutxiengo dira emakumeak bestela ere. Baina, hala ere, hitzok erabiltzen animatzen diren emakumeak proportzioan are gutxiago dira. Azal dezagun. Gure corpuseko euskarazko 698 liburuak idatzi dituzten idazleen artean % 25 inguru dira emakumezkoak; 451 itzulpenak euskaratu dituzten itzultzaileen artean, aldiz, % 29 inguru. Bada, euskalkietako gure hitz guztien kasuan, hitzok erabili dituzten lumen artean % 25 eta % 29 baino gutxiago dira sistematikoki emakumezkoen lumak. Hau da, emakume idazleak eta itzultzaileak gizonak baino gutxiago dira, baina gainera hitzok erabiltzen dituzten emakume idazleak eta itzultzaileak gizon idazleak eta itzultzaileak baino are gutxiago dira. Eta oraingo honetan ez da alderik nabari idazleen eta itzultzaileen artean. Proportzio bertsuan uzten dituzte erabili gabe euskalkietako hitzak emakume idazleek eta emakume itzultzaileek.

Niri neuri, itzultzailea (eta emakumea) naizen neurrian, zer pentsatua ematen didate datu hauek. Beharbada itzultzaileen artean polimaitasun dialektala bultzatzeko kontzientziazio-kanpainaren bat abiatu beharko genuke.

Corpas Pastor, Gloria (2018). Laughing one’s head off in Spanish subtitles: a corpus-based study on diatopic variation and its consequences for translation. In Mogorrón Huerta, P. eta Albaladejo-Martínez, A. (ed.) Fraseología, Diatopía y Traducción / Phraseology, Diatopic Variation and Translation (32-71). John Benjamins.

Olohan, Maeve (2003). How frequent are the contractions? A study of contracted forms in the Translational English Corpus. Target, 15, 59-89.

Olohan, Maeve (2004). Introducing Corpora in Translation Studies. Routledge.

Semeek gaztelaniaz hitz egiten didate

Isabel Etxeberria Ramírez

Gero eta gehiago, gero eta gehiagotan. Etxean afaltzen ari garela, edo kalean nonbaiterako bidean oinez goazela, beren intereseko zerbaitez hitz eta pitz ari zaizkidanean, gaztelaniaz hitz egiten didate semeek. Harridura eta kezka sortzen dit horrek, baita lotsa ere, batez ere etxeko intimitatetik kanpo jendaurrean eta lekukoak ditugula gertatzen denean. Eta konturatu naiz zenbait estrategia garatu ditudala inkontzienteki, eta ikusten badut, adibidez, semeetako bat zerbait gaztelaniaz kontatzen ari zaidan bitartean espaloian aurrerago halako datorrela, hizpide duen gaiari buruzko galderaren bat egingo diot semeari —euskaraz, noski—, dena delako herrikidearekin gurutzatu behar dugun momentuan nire euskarazko jarduna izan dadin entzuten duena, edo semea une horretantxe euskaraz erantzutera bultzatuko dudan esperantzan.

Ez da broma. Seme nagusiak 13 urte ditu; txikiak, 8. Txikiagoak zirenean hizkuntza-banaketa bitxia egiten zuten jolasean ari zirenean, niri garai hartan (inuzente halakoa!) barregarria egiten zitzaidana. Demagun:

A: Ni pirata bat nintzen eta zu lapurra, eta altxorra lapurtu nahi zenidan.
B. Bale. Dime dónde está el tesoro!
A: Nuncaaaaaa!
B: Eta orduan nik ezpata magiko bat ateratzen nuen. Dime dónde está el tesoro o te daré con mi espada mágica.
A: Eta orduan nik nire lagun dragoiari deitzen nion. Dragón, ayúdame! Tenemos que quitarle la espada!

Banaketa argia da: narratzailearen ahotsa, argibideak, hizkuntzaren erabilera instrumentala, euskaraz; edukia, fikzioa, hizkuntzaren erabilera estetikoa, gaztelaniaz. Hau da, funtzionatzeko, euskara erabiltzen zuten. Baina adierazkortasuna bilatzen zutenean, gaztelaniara jotzen zuten. Zergatik? Garai hartan beren fantasiak eta asmakizunak elikatzen zituzten ereduak gaztelaniaz jasotzen zituztelako nagusiki, marrazki bizidunen, filmen eta bestelako bideoen bitartez. Haien begietara, piratak, lapurrak, dragoiak, superheroiak eta dinosauroak gaztelaniaz mintzo ziren.

Bada, semeak koskortzen ari dira, eta haien interesak (zaharrenarenak batez ere) gero eta lotuago daude ikus-entzunezkoetara: telesailak, bideojokoak, streamerrak, youtube shorts, tik-tokeko bideoak… Gaur egun haien artean eta gurekin dituzten elkarrizketak eduki horiei buruzkoak izaten dira neurri handi batean, horixe baita haientzat une honetan, guk nahi ala nahi ez, haien bizitzetako atal garrantzitsu bat. Hala, bada, seme nagusiak ilusio handiz bideojoko batean maila goragoko bat nola lortu duen esplikatzen didanean, gaztelaniaz azaltzen dit. Eta seme txikiak bere gustuko telesail batean pertsonaia batek beste bati egin dion zirtoa barre-algaraka errepikatzen didanean, gaztelaniaz kontatzen dit. (Eta hau esanda, zera bururatu zait: gure seme txikiarentzat umorearen eta adierazkortasunaren eredu nagusietako bat estatubatuar gidoigile batek ingelesez pentsatu eta beste norbaitek gaztelaniara itzulitako txisteak eta hitz-jokoak direla. Marka da, gero!).

Haien arteko elkarrizketek ere txikiagoak zireneko haiek gogorarazten dizkidate neurri batean, baina gazteleraren pisua are handiagoa da orain. Adibidez:

A: Badakizu egin ahal duzula una máquina para teletransportarte a tu casa cuando quieras?
B: Bai. Baina kalkulu hori egiten duzu eta izango zen super zaila.
A: Bai, baina nola egiten duzu la máquina?
B: Ez dakit.
A: Nola egin ahal duzun con arena de almas y agua un ascensor…?
B: Bai.
A: Ba jartzen duzu un ascensor de esos. Lurrean. Tiras un ender pearl y el ascensor sube el ender pearl, y se queda arriba y no se choca con nada. Pones al lado un pistón y una palanca. Imagínate que estoy super lejos. Le digo a X: X, por favor, teletranspórtame. Le da a la palanca, entonces el pistón se abre, toca la ender pearl y yo me teletransporto ahí. Ulertzen duzu?
B: Bai.

Hau da errealitatea, lagunok. «Hau da gure etxeko errealitatea» esan beharko nuke agian, baina egingo nuke inguruan adin bertsuko haur eta gaztetxoak dituzuenoi ez zaizuela arrotza egingo erretratua.

Inoiz zaharrenari ohartarazi izan diodanean («konturatzen al zara bost minutu daramazula niri gaztelaniaz hitz egiten?»), gaztelaniazko zerbait kontatzen ari zitzaidala erantzun dit. Eta ondoren: «Ni ez naiz itzultzailea, ama». Hori da, nire ustez, kontua: ez dutela zertan itzultzen aritu, beste hizkuntza batzuetako gaztetxoak aritzen ez diren bezala. Euskarara itzulita (edo euskaraz sortuta) jaso beharko lukete dena, baina erdarara itzulita (edo erdaraz sortuta) jasotzen dute gehiena. Haientzat inportanteak diren erreferenteak erdaraz iristen zaizkie.

Batek pentsa lezake halako edukiei buruz hizketan ari direnean bakarrik jotzen dutela erdarara. Baina konturatuta nago azken aldi honetan bideojoko eta telesailetatik kanpoko kontu pertsonalez ari direnean ere gaztelaniara pasatzen direla batzuetan. Eta etxe barruko erabileraz ari naiz; guri —guri!— erdaraz hitz egiteaz. Bestea, kalekoa, lagunen artean erdaraz aritzearena, galdutako borrokatzat jotzen dut aspalditik. Bada, dena delako kontakizuna emozioz jantzi nahi dutenean —etxeko lanengatik purrustadaka ari direnean, adibidez, edo eskolan ikaskideren bati gertatuko injustizia batez…— gaztelania erabiltzen dute tarteka. Beren diskurtsoa indartzeko gainantzezten dutenean, alegia, euskara motz-edo geratzen zaie, eta gaztelaniara jo behar izaten dute adierazkortasun bila.

Baten bati zalantza piztu balitzaio ere… Gure semeek gero eta gaztelania gehiago erabiltzeak ez du zerikusirik euskararen zailtasunarekin. Gure semeek lasai asko esan dezakete diezazuket, eta ez dute batere arazorik erlatibozkoak erabiltzeko. Gakoa beste bat da hemen: interesgarriak zaizkien eta erreproduzitu nahiko lituzketen edukiak eta hizketa moldeak erdaraz jasotzen dituzte.

Frikiak

Isabel Etxeberria Ramírez

Itzulpengintzako ikasleei lehenengoz eskola ematen diedanean esan ohi diet euskararen erabilerari dagokionez ezagutza handiena duen giza taldeetako baterako sarbidea egin berri dutela, eta konturatu orduko beren kuadrillako askojakin gogaikarriak bihurtuko direla, lagunei azalpenak, zuzenketak eta hobekizunak eskaintzeko beti pronto. Txantxetan esaten diet, noski, begi keinua egitearekin batera, eta ohartarazten diet berandu dela jadanik, atzera bueltarik gabea dela abiarazi duten bidea, eta erantzukizun osoa beraiena dela, bai baitzuten beste ikasketa batzuk aukeratzea —Bioteknologia edo Ingeniaritza Elektrikoa, adibidez—, eta ez Itzulpengintza eta Interpretazioa.

Umore tonua gorabehera, hasieratik helarazi nahi izaten diet ondo ezagutu beharko dituztela zuzentasunari lotutako arauak, eta ondo jakin beharko dutela zer non kontsultatu, zer ahotsi aitortu zenbateko autoritatea, zer iturritara jo arlo espezializatu bateko zalantzak argitzeko, eta abar. Eta ezagutza horrek guztiak emango diela gero ahalmena erabakitzeko noiz nahi duten edo uste duten egokia dela zuzentasun hori errespetatzea eta noiz ez, noiz komeni den teknizismo bat erabiltzea, edo noiz den zilegi ulermena erraztea parafrasi bat baliatuz. Laburbilduz, kontsultak egiten ohitu behar dutela burura datorkien lehen aukeran geratu gabe, horrenbesterainoko errespetua zor baitiogu hizkuntzari. Errazkeriak eta zabarkeriak, finean, ez dakarkiotela onik sendotze bidean eta prestigio beharrean den hizkuntzari.

Horren harira, oso esanguratsua iruditzen zaidan jokamolde bat hartu nahi dut ahotan gaurkoan. Hiru adibideren bitartez azalduko dut.

Lehenengoa duela urte batzuk Iruñean solasaldi batean konpainia onean erdipurdi azalduta bota nuen adibide bat da. Mahai-inguru hartan kontatu nuenez, Euskadi Irratian sukaldaritza ikasle bati egindako elkarrizketa bat entzun berri nuen. Oker ez banago ikasle hark ogitarteko lehiaketa bat irabazi zuen, eta irratiko elkarrizketan ogitartekoaren osagaiak zerrendatzen hasi zenean mostaza aipatu zuen. Esatariak (Manu Etxezortu, beharbada?) ziapea esanez lagundu nahi izan zuen, hegoaldean bakarrik erabiltzen den mostaza terminoarentzat osagarri. Elkarrizketatuak —esan bezala, sukaldaritza ikaslea—, «nola?» batez erantzun zion esatariaren hitz proposamenari, eta argi geratu zen ez zuela ziape hitza ezagutzen. Gogoan dut mahai-inguruaren ondoren garagardo eta, noski, ogitarteko baten bueltan, Itziar Diez de Ultzurrun 31eskutik-eko kideak adibidea ekarri zuela berriro hizpidera, ziape hitza ezagutzea asko eskatzea ote zen iradokitzeko. Urte batzuk badira elkarrizketa hura izan genuenetik, Itziar, eta zuk gogoan ere ez duzu izango ziurrenik. Baina niri gauzak behar bezain argi azaldu ez izanaren sentipena geratu zitzaidan, eta hemen nator, beraz, neure buruarekiko zorrak kitatzera. Adibide hartan ikusten nuena zen arlo zehatz batean aditua zen pertsona batek ez zituela arlo horretako euskarazko termino batzuk ezagutzen eta ondorioz gazteleraz izendatzen zituela kontzeptu horiek. Hau da, sukaldaritza ikasten ari zen gazte euskaldun batek ez zuen behin ere entzunda ziape hitza, nahiz eta sari bat ekarri zion ogitarteko bat egiteko baliatu zuen saltsa hura. Edo beharbada entzungo edo irakurriko zuen noizbait, baina ez zion arretarik jarri. Eta irratira euskarazko elkarrizketa bat egitera gonbidatu zutenean ez zitzaion bururatu beharbada esan beharrekoa euskaraz txukun esateko prestaketa eta kontsulta lana egin beharko zukeela aurrez. Ez zuen horren beharrik sentitu. Kontrara, irratiko esatariek eta gidoilariek ezagutzen zuten hitza, edo elkarrizketa prestatzeko aurrez eginiko dokumentazio-lanean bilatu eta ezagutu zuten behintzat.

Beste bi adibideak azken egunotan entzun ditut, artikulu honetarako gaia hau izan zitekeela pentsatzen hasi nintzenean, Euskadi Irratian berriro eta bilatzeko esfortzu handirik egin gabe. Batean, irakasle batek especialista de apoyo educativo gisa lanean ari zela esan zuen elkarrizketa batean. Eta desenkusatu ere egin zen euskaraz nola esaten den ez zekielako. Bestean, musika aditu batek jaialdi bateko cabeza de cartel nor zen azaldu zuen. Ñabardura pare bat egin nahi ditut. Irakaslea Nafarroako eremu mistoko udalerri batekoa omen zen jatorriz, eta eremu ez euskalduneko eskola batean ari omen zen irakasle. Bere irakasle jardunean gazteleraz arituko dela ondoriozta dezakegu. Musika adituaren hitzak, zehazki, «cabeza de cartel esaten dena» izan ziren. Beharbada bururatu bururatuko zitzaion kartelburu hitza, baina entzulearentzat zaila izango zelakoan erdal terminoa erabiltzea erabaki zuen.

Ez nuke nahi inork gaizki ulertzea eta pentsatzea hiru hiztun horien aurkako kritika bat dela hau. Esango nuke euskaldun gehienok jokatzen dugula horrela noiz edo noiz. Nik neuk bai behintzat, testuinguruaren arabera. Hainbat arrazoi bururatzen zaizkit gure jokamolde hori esplikatzeko. Adibidez, euskaldunok ez ditugula behar bezala ezagutzen gure hizkuntzaren baliabideak («Ziape esan behar da? Hara, existitzen zenik ere…»). Edo kontsulta egiteari ez diogula behar adinako garrantzirik ematen («Hiztegian begiratu? Zer ba? Ez al da mostaza esaten?»). Edo gure begirada oso laburra dela («Gurean beti esan izan da horrela. Euskaldun guztiek esaten dute horrela»). Edo kontsulta eginda ere edo norbaitek informazioa emanda ere, lotsatu egiten gaituela hizkuntzaren baliabideak zuzen eta egoki erabiltzeak, hizkuntzaren frikitzat joko gaituztelakoan («Horrela esan behar dut benetan?»). Edo ingurukoen ulermena ziurtatu nahi dugula («Nola esango dut ba horrela? Inork ez du ulertuko»). Eta ororen gainetik, erdarak blaitutako gizarte batean bizi garela, eta erabilera zuzenak eta egokiak entzuteko ditugun aukerak urriak direla gure egunerokoan.

Euskadi Irratiaren entzule zaretenok behin baino gehiagotan entzungo zenituzten horrelakoak, eta jabetuko zineten askotan irratiko esatariak izaten direla elkarrizketatuari euskal hitza eskura jartzen diotenak, baita elkarrizketatuaren (eta ez esatarien) ezagutza-arlo espezifikoko termino bat denean ere. Euskadi Irratiko esatariek hizketagaia terminologikoki prestatzeko lana hartzen dute, alegia. Zentzuzkoa da hizkuntza lan-tresna behinena duten profesionalek —kazetariek, itzultzaileek, interpreteek, zuzentzaileek, editoreek…— gizarteko beste kideek baino arreta handiagoa jartzea hizkuntza kontuei, baina batzuetan iruditzen zait alde hori are handiagoa dela euskaran inguruko erdaretan baino, eta euskal hiztun arruntaren eta hizkuntzaren profesionala den hiztunaren artean arrakala gero eta zabalagoa sortzen ari dela. Lanbidea euskaran oinarritzen dugun pertsonok hizkuntzaren frikiak bihurtu gara. Uste dut horixe dela, funtsean, lehen eskola egunetan arraro begiratzen didaten ikasleei ohartarazi nahi izaten diedana. Eta zalantzarik ez dut etorkizun hobea lukeela euskarak frikismo hori orokortuko balitz. Ezjakintasunak, utzikeriak, lotsak eta erreparoek mesede gutxi egiten diote euskarari.