Azkenaldi honetan maiz oroitzen ari naiz Jon Etxegarai Agara gure lankide zenaz, afektuz oroitu ere, ezin ahantzizko arrastoa utzi baitzidan zenbait gauzatan. Juan Pedro, beste lankide batzuekin batera, sekulako eskola izan zen niretzat, behin eta berriz hurbiltzen baininduen euskara bizira, gaur egun arnasgune deitzen diren herrietako euskarara. Deus ere eta inor ere jainkotzeko tentaziotik urrun, iruditzen zait horrek baduela bere garrantzia, erdararen presentzia estugarriak gure euskara pobretzeko arriskua baitakarkigu askotan.
Tira, Juan Pedrok ―Jonek― beste gauza batzuk ere eman zizkidan, baina horiek gure arteko historia pertsonalaren altxortxoan gordeko ditut. Juan Pedroren ekarpenei dagokienez, gure blog honek muin duen gaiari lotuko natzaio. Gauza (bitxi) asko ditut gordeak, idatziak ―han-hemenka aditutako gauzak apuntatu zalea izan naiz beti―, eta hura, hori jakinda, dexentetan niregana hurbildu, eta esaten zidan: “Fernando, apuntazak, aittu zer aditu nion Lesakan lehengoan xahar bati”. Halaxe, ba, koaderno batean hark esandako gauza franko ditut bilduak: lexikoa, esamolde bat edo beste… Egunen batean, beharbada, haiek bildu, eta fundamentu pixka bat eginen dut bilduma gisara nonbait uzteko.
Haietako bati buruz hitz eginen dut gaur, eta, segur aski, halako beste batzuk argitaratuko ditut blog honetan pixkanaka.
Zeharkatu aditzaren erabilera da horietako bat. Ohartua zen Juan Pedro zein bitxia egiten zitzaien berari eta bere herriko zahar batzuei aditz horren erabilera.
“Errepideak zeharkatu? Zergatik diote zeharkatu gurutzatu esan nahi badute?” Gure lagunaren buruan zeharka joatea edo zeharkatzea ez zen inola ere zuzen joatea beste aldera pasatzeko. Zeharka definitzean, garbi uzten du hori Euskaltzaindiaren Hiztegiak ere.
Ohartua zen, besterik gabe, automatismo bat zabaltzen ari zela, kalko moduko zerbait, gaztelaniaren eraginez. “Tienes que cruzar la carretera” esateko, “Errepidea gurutzatu behar duzu” da normalena, eta halaxe esaten du jende gehienak, baina aski da “Tienes que atravesar la carretera” esan edo itzuli beharra “Errepidea zeharkatu behar duzu” aditzeko edo ikusteko, nahiz eta gauza bera esan nahi dugun.
Eta automatismoa zenbateraino dagoen sartua ikusteko, aski da Elhuyarren Elia itzultzaile automatikoan proba egitea, bereizketa hori egiten baitu.
Arrazoi pixka bat bazuen Juan Pedrok, noski. Egia da biak ala biak direla zilegi, nola ez, eta Euskaltzaindiaren Hiztegian zeharkatu aditzak badakarrela beste adiera hori ere, gurutzatu aditzarena, baina esanguratsua iruditzen zait ohartzeko zeinen erraz jotzen dugun gaztelaniak markatutako bidetik.
Zuzentzaile lanean ari naizenetan, behin baino gehiagotan erreparatu diot horri, baina ez naiz ausartzen hori zuzentzera, zorrozkeria izanen bailitzateke. Gehienez ere, batzuetan, konfiantza handia badut, gure lagunaren iritzia kontatzen diot testuaren egileari, iradokizun gisa.
Nik bai, aintzat hartzen dut gomendioa, haren ohorez edo, ongi jakinik ere ezin dela handik inongo araurik atera.
Otsailaren 9an, igandearekin, Iruñeko Gayarre antzokira joan nintzen La Pamplonesak eman behar zuen kontzertu batera.
Sarreran orri bana eman ziguten, kontzertuaren programa zehazten zuena beste zenbait daturekin batera. Orria elebidun, behar den bezala. Kasu honetan, alde batetik gaztelaniaz eta bestetik euskaraz: duin, letra tamaina berarekin, espazio berdina emanez bi hizkuntzei. Eta, nire ohiturari jarraikiz, euskarazkoa irakurri nuen lehenbizi, nahiz eta jakin nire deformazio profesionalak zuzentzaile-lana egitera naramala maiz.
Testua euskara on samarrean egonagatik, begi-kolpea sentitu nuen berehalaxe, lehenbiziko paragrafoan hauxe irakurri bainuen:
La Pamplonesaren helburuetako bat egungo musika hedatzea da. Bestalde, Musikagileak Konpositoreen Elkarteak musika euskal-nafarra sustatzen du.
Harri eta zur gelditu nintzen, ezin sinetsiz, eta, askotan bezala, pentsatu nuen berriz: “beharrik badakidan gaztelaniaz; bestela…”. Eta buelta eman nion orriari, nire susmoa betetzen ote zen jakin nahian.
Eta asmatu. Bai, “música vasco-navarra”. Honela zioen testuak:
Entre los objetivos de La Pamplonesa está la divulgación de la música actual. Por su parte, la Asociación de Compositores Musikagileak promociona la música vasco-navarra.
Harrigarria. Ederki dakit “vasco-navarro” adjektibo konposatua egon badagoela eta zenbait elkartek halako izena eman diotela beren buruari. Oso ongi. Baina, halakoetan, errealitate kulturalari kasu eginez, eta irakurketa politiko oro bazter utzirik, “Euskal Herriko” erabili izan da. Horren erakusgarri argia da COAVN: Colegio Oficial de Arquitectos Vasco-Navarro / Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala. Iruditzen zait itzultzaileok hala jokatu izan dugula, “vasco-navarro” horren gaineko iritzia edozein delarik ere.
Euskal-nafarra hori munstro txiki bat iruditzen zait, ikuspuntu askotatik gaizki sortua.
Baina nolatan agertu zen ditxosozko adjektibo hori txukun antzean zegoen itzulpen horretan?
Etxera ailegatu, eta intuizioak itzultzaile automatikoetara eraman ninduen.
Honela egiten dute esaldia gaur egungo itzultzaile automatiko neuronal erabilienetako batzuek:
Itzuli itzultzaile neuronala: La Pamplonesaren helburuen artean, gaur egungo musikaren dibulgazioa dago. Bestalde, Musikagileak Konpositoreen Elkarteak euskal-nafar musika sustatzen du.
Elia: La Pamplonesaren helburuen artean dago gaur egungo musika zabaltzea. Bestalde, Musikagileak Musikagileen Elkarteak Euskal Herriko musika sustatzen du.
Googleren traslator: La Pamplonesaren helburuen artean musika garaikidearen zabalkundea dago. Musikagileak Konpositoreen Elkarteak bere aldetik euskal-nafar musika sustatzen du.
Hiru horietatik bik “euskal-nafarra”. Adierazgarria.
Berretsi zen, bada, nire errezeloa. Itzultzaile automatiko batek egin zuen itzulpena, eta itzultzaileak edo testuaz arduratu zenak, segur aski, ez zion behar bezalako errepasoa egin itzulpenari, ez zuen behar bezain zorrotz zuzendu testua. Postedizio lana esaten diogu gaur egun, ezta?
Luze hitz egin genezake orain itzultzaile neuronalez, haien alde on eta txarrez. Nik orain, ur sakonetan sartu gabe, lau hitz esanen ditut: iruditzen zait zilegi dela erabiltzea, errazten ahal digutela lana, gero eta hobeki funtzionatzen dutela, eta ez dugula zertan lotsatu haietaz baliatzeagatik, baina, jakina, halakoren bat erabiliz gero, zorrotz, oso zorrotz, zuzendu behar dugu gero. Ez da aski axaleko zuzenketa bat, oso ongi zaindu behar dugu ez dadila egon kalko desegokiz tantotua. Haiek erabili ondoko presakako zuzenketa arrisku handikoa izan daiteke baldin eta euskarazko testu ona egitea baldin bada helburua. Euskarazko hitzez mozorrotutako erdal testu bat sortzen ahal dugu, euskarazko senik gabeko lexikoa, sintaxia edo bestelako alderdiak dituena.
Aspaldi ohartu nintzen ikaragarri zabaltzen ari dela “egiteko nahia” egitura, eta susmoa izan dut beti itzulpen akats bat dela funtsean, kalko oker bat, baina, egiari men, ez nengoen eta ez nago erabat ziur.
Lehengo egunean Berria egunkariaren bertsio digitalean “Muinari heltzeko nahirik ez” izenburuko artikulu eder bat irakurrita, duda beste behin piztu, eta kontua ikertzea bururatu zitzaidan.
Nik dakidala, “nahi izan” aditz modalak partizipioarekin eratzen ditu esaldiak.
Joan nahi dut, egin nahi nuke…
Eta aditz laguntzailerik gabeko esaldietan ere halaxe egiten dela ikusi dut beti, eta halaxe erabiltzen da nire inguru hurbilean.
Ulertzekoa da nork bere etxea eduki nahia. Lehenbailehen bukatu nahi horrek hondatu zuen lana. Zerbait aportatu nahian esan zuen esan zuena. Xentimorik eman nahi eza da problemaren muina.
Euskaltzaindiaren Hiztegiak aski garbi uzten du kontua, honelaxe baitio:
Nahi 2. iz. (Partizipio burutuaren eskuinean). Ik. bizinahi; esanahi; gaizkinahi… Mundu hau utzi nahia sartu zitzaion buruan. / Gurasoei agertu zien neskatxa harekin ezkondu nahia. / Bake itxurak gorde nahia, bakerik ez zen lekuan.
Orotariko Euskal Hiztegian begiratuta, berretsi egin zait iritzia, adibide guztiak horrelakoak baitira.
Nahi (Precedido de part.). v. EGIN-NAHI, bizinahi, gozanahi, ikasnahi, ikusnahi, hil-nahi, ITO-NAHI, jakin-nahi… Cf. las construcciones del tipo -tu nahia ‘deseoso de (…)’: Bekaturako bidea utzi nahiak. / Gurasoei agertu zien neskatxa harekin ezkondu nahia. / Mundu hau utzi nahia sartu zitzaion gogoan. / Bakarka hitz egin nahi agertu zion. / Baina nik ere zerbait egin nahia neukan.
Aspaldi honetan, ordea, gero eta gehiagotan ikusten dira bestelako adibideak. Sarean bilaketa eginda, mordoxka bat aurkitzen ahal dugu, baina irudipena dut itzulpenak direla gehienak, gure auzo-erdaretatik egindako itzulpenak izan edo buru-prozesuan behintzat erdaratik abiatutako egitura. Izan ere, uste dut “el deseo de…”, “la voluntad de…” dagoela hor atzean.
Esan bezala, adibideak ez dira hain gutxi, baina denak berri-berriak, hau da, azkeneko bi hamarkadetakoak.
Hona hemen haietako batzuk:
Jakin aldizkaria Toki egokia topatzeko nahia eta egunak emango duenaren urduritasuna gorpuztuta, inurrien joan eta etorriak azkartu dira. Ederra da Nerea Ibarzabal eta Mariñe Arbeorekin batera osatzen duten sormen talde horren dinamismo eta ekiteko nahia.
Noticias de Gipuzkoa Pasaian euskaraz bizitzeko nahia duen jendea edota euskaraz bizitzeko bide horretan ahalegina egiten ari den jendea biltzeko ekitaldia prestatu dute herriko hainbat eragilek datorren iganderako Donibanen.
Tolosaldeko Ataria Atez atekoa kentzeko nahia berretsi du Itziar Jauregik.
Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala Partzelen konfigurazioa aldatzeko nahia dute.
Berria egunkaria Gauza asko kontatzeko nahia dago, baina, azkenean, ez egoeretan ez pertsonaietan sakontzeko astirik hartu gabe.
Gasteizko Udala Funtsezkoa da gorputza eta mugak lantzea, baita maitasun-adierazpenak emateko eta jasotzeko nahia ere.
Naiz egunkari digitala Ia daturik ez zeukan istorio bitxi hark piztu zuen gehiago ikertzeko nahia.
Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofiziala Nafarroan, toki-ogasunen erosotasuna eta zerga biltzea bermatzeko nahia dela-eta, justiziaren printzipio hura desagertu egiten da, eta erosleak ordaintzen du zerga.
Deia Guraso askok herrian gelditzeko nahia adierazi ziguten eta horretarako eraikin berria beharrezkoa genuen.
Ereduzko Prosan eta Egungo Testuen Corpusean ere begiratu dut, eta “partizipioa + nahia” da egitura erabiliena, baina azken urteetan badira bestelako adibideak ere, gehienak Berriako artikuluak eta, lehenago esan bezala, azken bi hamarkadetakoak.
Literaturakoak oso gutxi dira: Felipe Juaristiren adibide pare bat (Airezko emakumeak). Adibide bana dute Josu Zabaletak (Irudia), Esteban Antxustegik (Herritarra) eta Julen Gabiriak (Peter Pan).
Agerikoa den bezala, mota guztietako argitalpenetan hedatzen ari da egitura ustez berri hori. Euskaraz ederki moldatzen diren eskuek idatziak dira testu horiek. Hizkuntzak aldatuz doaz, jakina. Ez naiz ni inor joera berriak kondenatzeko. Besterik gabe, errezeloa piztu zait horren atzean ez ote dagoen beharrezkoa ez den kalko bat.
Eskertuko nituzke iritziak, baita, jakina, nire ustea kolokan jartzen ahal dutenak ere.
Oso gogoan dut noiz ikasi nuen, lankide bati adituta, arrainek hezurrak dituztela (hexurrak), eta ez arantzak, eta arantza esatea erdaratik heldu zaigun kalko oker bat dela, gaztelaniak espina baitu horretarako. Bihoakio besarkada bat hainbeste erakutsi zidan lankide horri, nahiz eta segur aski ez duen hau irakurriko, osasunez aski pattal baitabil orain. Berriki gogoratu nuen hark kontatutako beste kalko bat, beste alderakoa, bioi grazia handia egiten ziguna: bere semeari, gaztelaniaz, “hoy para comer tenemos pez” aditu zion noizbait, mutikoak ez baitzekien euskaraz arraina erabiltzen badugu ere gaztelaniaz hitz bikotea dugula, adiera zein den: pez edo pescado. Esan dezadan, bidenabar, arrainki (arraiki) hitza bizirik dugula euskaraz jatekoaz ari garela, platerekoaz ari garela. Halaxe aditu diet nik zenbait nafarri.
Bai, arrainek, gainerako ornodunek bezala, hezurdura dute, hau da, hezurrak, eta halaxe azaltzen digu Euskaltzaindiak bere hiztegian, eta garbi uzten du arantza beste zerbait dela:
hezur 1iz. Ornodunen hezurdura osatzen duten atal gogor eta zurrunetako bakoitza. Ugaztunen, hegaztien, arrainen eta narrastien hezurrak. 3iz. Arrainen bizkarrezurra. Bisigu baten hezurrean irristatu eta erori da.
arantza 1iz. Landare batzuetan sortzen diren ziri zorrotzetako bakoitza. Arrosaren arantzak. Arantzaz beteriko sasiak. 2iz. Zenbait animaliak beren burua babesteko gorputzean dituzten ziri zorrotzetako bakoitza. Itsas trikuen arantzen osagai nagusia kaltzita da.
Kalko oker horri loturik, hots, espina hitzarekin loturik, badago termino bat nire ustez modu desegokian zabaldu dena. Oso aspaldi ohartu nintzen UZEIk hainbeste eta hainbeste aportazio onen artean (zer eginen genuen denok UZEIren lan terminologikoaren laguntza izan ez bagenu? Zer eginen genuke orain ere Euskalterm faltako balitzaigu?) irristada ttiki bat egin zuela Medikuntzako termino bat finkatzerakoan. Barka diezadatela oker baldin banago.
Espina bífida esateko, “arantza bifidoa” dago proposatua, 4 eta guzti. Nik men egiten diet beti, ongi merezitako autoritatea baitu UZEIk, baina, kasu honetan, intsumisioa egitera ausartu naiz gaixotasun larri hori aipatu beharra izan dudanetan, ustez eta desegokia dela.
Espina bífida hodi neuralaren akats bat da, burmuinaren, bizkarrezurraren edo bizkar muinaren sortzetiko malformazioa. Fetuaren bizkarrezurra, garapen enbrionarioan, ez da erabat ixten, normalean haurdunaldiaren lehenbiziko hilabetean, eta gerrialdeko orno batzuk itxi gabe gelditzen dira, eta ornoek bizkarraldean bi mutur dituzte mutur bat izan beharrean. Horregatik da bifidoa.
Gaixotasunari espina bífida esaten zaio gaztelaniaz, eta spina bifida ingelesez, frantsesez eta gure inguruko hizkuntza gehienetan, latinetik hartuta. Izan ere, espina hitz polisemikoa da, eta gaztelaniaz “arantza” ez ezik, bizkarrezurra ere bada. Horregatik esaten da espinazo, medula espinal…
Horregatik uste dut nik espina, kasu honetan ere, bizkarrezurra dela. Horri egiten dio erreferentzia, eta, horregatik, bizkarrezur bifidoa esan beharko genuke.
Eta, dudarik gabe, jende gehiagori iruditu zaio hala dela. Googlen begiratuz gero, arantza bifidoa 600 bat aldiz ageri da (Wikipediak eta Elhyarrek ere hala diote), baina, harekin batera, bizkarrezur bifidoa ere ikusten ahal dugu, eta ez gutxitan, 394 aldiz (ETBk, Berriak, Zehazki hiztegiak eta beste zenbaitek erabilita).
Lehengoan sail honetako lehenbiziko artikulutxoa idatzita, lasaixeago gelditu nintzen neure buruarekin, iruditu baitzitzaidan ez naizela ni bakarra hizkuntzarekin hala jostatzeko moduak inkomodatzen duena.
Beraz, bihotzerrea pixka bat apaldurik, azal dezadan bigarrena: nolako deserosotasuna sortzen zaidan ikustean nolako tokia hartzen duten euskarak eta gaztelaniak Hegoaldeko giro batzuetan.
Berriz ere errezeloa pizten zait ni ote naizen arraroa edo purista, edo aiseegi erretxintzen ote naizen hizkuntzaren trataerarekin zerikusia duten kontuetan.
Amorru pixka bat jartzen zait ETBn ez-dakit-zer enpresak iragartzen dituenean “los productos de nuestros baserris”. Ez al da normalagoa “los productos de nuestros caseríos”? Eta berdin gertatzen zait erdara ederrean euskarazko ginga gisa euskarazko hitz solte batzuk aditzen ditudanean: “hemos hecho plan para ir a la sagardotegi” aditzen dut, baina nahiago nuke aditu “hemos hecho plan para ir a la sidrería”. Aukeran nahiago nuke aditu “sagardotegira joateko plana egin dugu”, ez baitzait euskarari duintasuna emateko bide egokia iruditzen gaztelaniaz mintzatzea euskarari egindako axaleko begi-keinu gisara euskaraz hitz solteren bat sartuz.
Ondoko hizkuntzen hitzak hartzea –mailegu linguistikoak– oso gauza logikoa eta sanoa da, batik bat hitzak berezitasunen bat duenean terminologikoki, hitzaren eboluzioa berezia izan denean. Hori dela-eta, “mantuvieron durante 2 meses a aquel hombre en un zulo de 6 metros cuadrados” esatea normala iruditzen zait. Zulo hitza mailegu bihurtu da gaztelaniarentzat, eta ulertzekoa da. Ezin hasiko dira esaten “en un habitáculo preparado para secuestrados”. Tira, ñabardura hori hartu du hitzak gaztelaniaz. Aurrera. Ohartzen naiz “txoko” hitza zabaldu dela gaztelaniaz, eta, kasu horretan, ulergarria egiten zait. “Hemos adaptado la bajera para hacer un txoko” aditzen dudanean, ulertzen dut “txoko” hitzak berezitasuna hartu duela, eta, beharbada, ez dela erraza gaztelaniaz hori beste modu batean azaltzea. Konforme. Familia-bazkariak edo lagunak elkartzeko toki berezi bat da txokoa hor, eta erosoa da hura erabiltzea. Ongi etorria izan dadila mailegua.
Baina inolako beharrik eta justifikaziorik gabe, gaztelaniak bere hitz normala duenean, euskarazko hitza sartzea harrigarria egiten zait, ez dakit zeren, edo badakit zeren adierazgarri.
Adibideak hamaika dira: “Tenemos bilera de la gela”. “Ponte el beroki, que hace frío”. “Los nekazaris de Araba tienen intención de bloquear las carreteras”. “Nuestro proyecto se está fortaleciendo en Nafarroa”…
Ez dakit, ba. Sentitzen dut. Iruditzen zait erdara ederrean ari garenean horrela jokatzea berniz euskaltzale edo abertzale bat ematea besterik ez dela maiz. Euskararen aldeko apustua egitekotan, mintza gaitezen euskaraz. Edo, bestela, egin dezagun gaztelaniaz. Igual ni arraroa naiz, baina “yo no voy a Bilbo, me voy a Bilbao”. “A las fiestas de Tutera no suelo ir, en todo caso voy a Tudela”. Bestalde, “de vez en cuando hablo con los compañeros de clase, no con los de la gela”. “Si tengo frío, me pongo un abrigo, el beroki me deja frío”.
Batzuek, segur aski, erdaldunak izanda, euskarazko hitzen bat sartuz nahi dute adierazi euskararen aldeko mezua. Ongi da. Baina horretan geldituz gero ez dakit mesederik egiten ote zaion euskarari. Beste kasu askotan, aldiz, ez da hori sakoneko arrazoia. Euskarari bultzada emateko modu hoberena, eraginkorrena, euskaraz egitea da, eta ez euskarazko lau hitzez apainduriko gaztelania.
Rarico deituko didazue, baina ni, gaztelaniaz ari naizenean, gaztelaniaz hitz egiten saiatzen naiz, eta euskaraz ari naizenean, euskaraz.
Itzultzaileok arreta bereziz ikusten dugu, deformazio profesional izateraino, nola jokatzen duten jendeek, talde eta erakundeek hizkuntzekin. Nola tratatzen dituzten hizkuntza pareak komunikazioan.
Egia esan, Euskal Herrian, denok garenez itzultzaile, edo ezinezkoa denez bi hizkuntzen arteko zubirik gabe bizitzea (buru-ariketa gisa bederen), askok erreparatzen diogu. Eta berehalaxe ohartzen gara duintasunez idatzi duten, itzulpena kaxkarra egin ote den, tekleatze akatsik badagoen, letra tamaina bera erabili ote den bi hizkuntzetan… Doktoretza-tesi bat egin liteke horren gainean.
Azkenaldi honetan, badira bi joera deserosotasuna pizten didatenak. Mintza nadin garbiago: amorrua ere pizten didate. Ni ote naiz bakarra? Esan diet nire inguruko batzuei, baina, nonbait, gehienak ez dira erretxintzen ni bezala.
Joera horiek, nire ustez, argi adierazten dute euskara zer den jendearentzat, nolako tokia duen hizkuntzak (egiazko bizitzan), zer den guretzat euskara edo gaztelania edo ingelesa.
Badira azken urteetan zabaldu diren bi ohitura, bai, sua pizten didatenak barrenean. Obsesio bihurtzen hasia zait, eta idatziz jarriko dut. Ea balio didan kaskotik kentzeko. Edo, beste batzuen iritzia entzunda, ez dela hainbesterako pentsatzeko. Gaur haietako batez mintzatuko naiz. Beste egun batean besteaz.
Zuetako askok ulertuko didazue noski. Eta gauza naizen inor mindu gabe adierazteko.
Txikia nintzela “Vuelta al País Vasco” zegoen, eta halaxe iragartzen zuten kartelek. Gero euskara, zorionez, merezi zuen tokia hartzen joan zen komunikazioan-eta, eta kartela elebiduna izatera pasatu zen. “Vuelta al País Vasco-Euskal Herriko itzulia”. Bi hizkuntza, gaztelania eta euskara, “Euskal Herriko” deituta ere, Euskal Autonomia Erkidegoaz ari baitziren, Gipuzkoaz, Bizkaiaz eta Arabaz. Konforme. Aurrera egin genuen zerbaitetan.
Ez dakit justu noiztik eta zer gogoeta soziolinguistikoren ondorioz, orain oso bestelakoa da jokaera. Euskara hor da: Euskal Herriko itzulia da edo Itzulia da. Eta elebitasunari ere eutsi nahi izan diogu, baina zer eta “Basque Country” jartzen dute. Azkeneko kartelak ikusi ditut, eta orain “Itzulia Basque Country” idazten dute.
Eta galdetzen diot nik neure buruari: zer dago gaztelania kendu eta ingelesa sartzearen atzean? Irrigarria iruditzen zait. Nik dakidala, gaztelania bizi-bizirik dago Hegoaldean. Eta ingelesa zer dela-eta?
“La Itxulia” aipatu dut; orain horrela aditzen dut, ez “la Vuelta al País Vasco”, baizik eta erdara ederrean, baina hori bai, keinu negargarri bat eginez euskarari. Zeren seinale? Baskoagoak gara itxulia esanez? Tira, utz dezadan hori. Euskararen hitz bakar batzuk sartuz gaztelania hutsean egitearen beste fenomeno hori beste egun baterako utziko dut.
Beste hamaika adibide eman nitzake:
Itzulia Women, Euskotren Women Winter Series, Basque Team Saria, Itzulia Basque Challenge, Euskadiko Orkestra-Basque National Orchestra, Bilbao Basque Fest, Emakume Master Cup, Pilota Legends Cup…
Ez dut segituko, bihotzerrea jartzen zait-eta. Bai, Unique in the word gara euskaldunak (edo euskal herritarrak esan beharko nuke). “Athletic Club. Munduan bakarrak. Unique in the word”.
Magia bitxi baten eraginez, Euskal Herriko ez dakit zer txoko, ibar edo herritan zabaldu den euskalki edo ingeleski batez idatziak ikusten ditugu kartelak.
Baina itxurakeria da. Edo ez? Oso guai dago besterik gabe ingeles tanto batzuk jartzea? Dottorea da, ezinbestekoa, inperioaren hizkuntza jartzea? Gaztelania desagertu da karteletatik. Sekulako iraultza gertatu da gure egoera diglosikoan? Orain euskaraz barra-barra egiten al du jendeak eta ingelesa da kanporako atea?
Ez. Sinetsia nago ekitaldi, txapelketa eta emanaldi horiek gehienak gaztelaniaz antolatu direla. Ekitaldi horien antolatzaile diren erakundeek gaztelaniaz funtzionatzen dute. Euskarak ez du aurrerapauso handirik egin haietan, baina euskara eta ingelesa ageri dira. Susmoa dut tarta batzuen gaineko ginga puska gisa jartzen dutela euskara hor, apaingarri.
Gaztelania desagertu da. Nire ustez hemengo hizkuntzetan idatzi behar dira gauzak komunikazioa baldin bada helburua. Ulertuko nuke hizkuntza ahulenaren aldeko diskriminazio positiboz euskarak toki gailena izatea. Baina gaztelania kendu eta ingelesa jartzea harrigarria iruditzen zait.
Estimatzekoa, eskertzekoa eta goraipatzekoa da Munduko Poesia Kaierak proiektua, eta, nola ez, haren bultzatzaileak.
Proiektuak, gutxienez, balio handiko bi osagai ditu: hari esker, batetik, munduko poeta handien obra irakurtzeko aukera ematen zaigu, pixkana-pixkana kanoneko poeta aunitzen poema sorta ederrak itzultzen ari baitira euskarara; bestetik, itzultzaile eskarmentudun zein hasiberri askori atea ireki zaie errekonozimendua duen idazle baten obra ekartzeko euskarara.
Niri ere egin zidaten eskaintza, eta, une hartan, baiezkoa esanik ere, itxoiteko esan nion Maialen Berasategiri, bestelako lanak bainituen esku artean, eta burua kezkaz aski betea.
Dena dela, Maialenek asmatu egin zuen eskaintza eginez, aspaldikoa baitut gustuko poemak euskarara ekartzeko zaletasuna.
Berriki, EIZIEk eskaini eta Maialenek berak martxoaren 12an gidatutako ikastaro batean, poemen itzulpen prozesuaz aritu ginen, gakoez, zailtasunez, erronkez. Eta gogoa piztu zitzaidan berriz. Ez diot heldu inongo lani, baina ohartua naiz aleka-aleka poema asko ditudala euskaratuak, noizbait neure barreneko zerbait ukitzen duten poemak itzultzeko bulkada sentitzen baitut tarteka.
Hemen dira haietako bi. Jatorrizkoa ere hemen da, inork konparaziorik (edo kritikarik edo hobetzeko proposamenik) egin nahi badu ere. Lehenbizikoa Bertalicia Peralta panamarrarena da, “La única mujer” izenekoa. Bigarrena, Eduardo Galeanorena da, eta “Nosotros” du izena.
LA ÚNICA MUJER Bertalicia Peralta
La única mujer que puede ser es la que sabe que el sol para su vida empieza ahora la que no derrama lágrimas sino dardos para sembrar la alambrada de su territorio la que no comete ruegos la que opina y levanta su cabeza y agita su cuerpo y es tierna sin vergüenza y dura sin odios la que desaprende el alfabeto de la sumisión y camina erguida la que no le teme a la soledad porque siempre ha estado sola la que deja pasar los alaridos grotescos de la violencia y la ejecuta con gracia la que se libera en el amor pleno la que ama la única mujer que puede ser la única es la que dolorida y limpia decide por sí misma salir de su prehistoria.
EMAKUME GUZTIZKOA
Emakume honek baizik ez du iristen izana: ongi dakiena orain ateratzen ari dela bere bizitzarako eguzkia; malkorik isurtzen ez duena, baizik eta bere lurraldearen hesia ereiteko azkonak; erreguka ari ez dena; bere iritzia esan eta, burua tentetuz eta bere gorputza inarrosiz, lotsarik gabe goxoa dena eta, aldi berean, gogorra gorrotorik gabe; mendekotasunaren alfabetoa desikasi eta tente dabilena; bakardadeari beldurrik ez diona beti egon delako bakarrik; indarkeriaren uhuriei iskintxo egin eta xarmaz bortizkeria suntsitzen duena; maitasun bete-betekoan askatasuna erdiesten duena; maite duena. Emakume bat baizik ez daiteke izan emakume guztizkoa: minberaturik ere, aratz, aske erabakitzen duena bere historiaurretik ateratzea.
___
NOSOTROS Eduardo Galeano
Nosotros tenemos la alegría de nuestras alegrías. Y también tenemos la alegría de nuestros dolores. Porque no nos interesa la vida indolora que la civilización del consumo vende en los supermercados. Y estamos orgullosos del precio de tanto dolor que por tanto amor pagamos. Nosotros tenemos la alegría de nuestros errores, tropezones que muestran la pasión de andar y el amor al camino, tenemos la alegría de nuestras derrotas. Porque la lucha por la justicia y la belleza valen la pena también cuando se pierde. Y sobre todo tenemos la alegría de nuestras esperanzas en plena moda del desencanto, cuando el desencanto se ha convertido en artículo de consumo masivo y universal. Nosotros seguimos creyendo en los asombrosos poderes del abrazo humano.
GUK
Guk geure pozen poza daukagu. Bai eta gure minen poza ere. Ez zaigulako interesatzen kontsumoaren zibilizazioak supermerkatuetan saltzen duen bizitza oinazegabea. Eta harro gaude hainbesteko maitasunagatik ordaintzen dugun min handiaren prezioaz. Guk gure okerren poza dugu, estropezu horiek ibiltzeko grinaren eta bideari diogun maitasunaren adierazgarri direlako. Gure porroten poza dugu, justiziaren eta edertasunaren aldeko borrokak merezi duelako frakasatuta ere. Eta, desilusioa puri-purian dagoen garaian, desilusioa jende guztiaren kontsumo-gai bihurtu den honetan, gure esperantzen poza dugu batez ere. Guk gizon-emakumeen besarkadaren ahalmen harrigarrietan jarraitzen dugu sinesten.
Ezin ukatuzkoa da itzultzaileok deformazio profesionala dugula. Gehienetan, begiak eta belarriak erne ibiltzen gara, baita nahi ez dugunean ere, eta berehalaxe erreparatzen diegu euskaraz irakurtzen eta entzuten ditugun mila konturi. Eta zuzentzaile-senari esker, edo haren erruz, gure buru-prozesadoreak segituan esaten digu zerbaitek kirrinka egiten ote duen, modu egokiagorik izan ote litekeen zerbait adierazteko, kalko desegokirik ba ote dagoen itzuli den horretan, norberak nola egin izanen zuen… Tekleatze-akatsak berehala ikusten ditugu, edo gramatikalak ez diren gauzak, edo ohartzen gara nola zabaltzen ari diren gurean hain ohikoak diren moda ustez dotore batzuk.
Tentuz ibili behar izaten dugu zuzenketazaletasun/keria bizitzaren arlo guztietara ez eramateko, batez ere harreman pertsonaletara, lagunik gabe geldituko baikinateke bestela. Etxean eta lagun artean ere, geure burua bridatu behar izaten dugu deus ere ez esateko, nahiz eta aditu dugunak kirrinka egin.
Diglosiaren ajeak izaten dira maiz. Gaur egun euskaldun askok eta askok bigarren hizkuntza dute euskara, hau da, maila hobea dute gaztelaniaz edo frantsesez euskaraz baino, eta horrek, ezinbestean, gure euskara higatzen du.
Halako problematika sakon eta larriari ez diot nik konponbide errazik aurkituko, jakina.
Gaur, besterik gabe, azkenaldi honetan entzundako/irakurritako hiru esaldi aipatuko ditut, zer pentsatua eman baitidate.
Hirurak akastunak dira, nik uste, baina galdera bat piztu zait haien ondorioz.
Pankarta baten testua dira hiru horietako bi. Bestea, Nafarroako herri batean pertsona batek natural eta oharkabean esandako zerbait.
Pankarten testuak hauek ziren:
“Hiltzen jarraitzen gaituzte”
Errealitate ezin gordinagoaren adierazgarri: emakumeen kontrako indarkeria. Euskararen erabilerari erreparatuz gero ere aski tristea. Mezua erdaraz sortu, itzulpen kaskarra egin, eta aurrera. Bilatu dut sarean, eta horren antzeko bat aurkitu dut gaur: “Matxismoak hiltzen jarraitzen gaitu”. Hori bai, kartela euskara hutsean. Baina, jakina, dena gaztelaniaz pentsatua.
Tristea da, baina maiz oroitzen naiz behin pertsona batek esandakoaz: “Eskerrak badakidan erdaraz, bestela ez nuke zure euskara ulertuko”.
“Sasoiko langileen lan osasuna bermatu”
Kasu honen atzean ere egoera latz bat. Emakume bat hila lan istripu batean.
Honetan bestelakoa da problema. Gramatikala da, baina egokia? “Sasoikako langilea” da temporero/temporera, eta sasoiko langilea adituta irribarrea piztuko litzaiguke egoera hain gogorra ez balitz. Eta beste zenbait kontu ere aipatu litezke: dena da “bermatu” orain, ongi dago, baina… Susmoa dut berriz ere itzulpen problema dagoela atzean.
Horregatik datorkit galdera. Nola eta nondik egiten ditugu itzulpenak, euskararen barrenetik edo kanpotik?
Tira, bai, egin dugu itzulpena, baina orain, istant batez, gaztelaniazko testua ahaztuta, izan gaitezen irakurle. Euskara da? Euskaraz horrela esanen genuke?
Bi esaldi horien ifrentzuan dago aipatu nahi dudan hirugarren esaldia. Sakanako herritar batek esan zuen, honelako solasaldi batean:
―Zerbait esan beharko zenieke anai-arrebei? ―Bai, bai, baina ez dakiet zer esan.
“Ez dakiet zer esan”. Bai, esaldi hau ez da ortodoxoa, ez da existitzen halako adizkirik, baina honek bai, irribarrea piztu dit. Akastuna da, baina euskararen barrenetik sortua.
Aspaldi honetan zer pentsatua eman didan kontu bat aipatu nahi dut gure blog honetan: “-ren inguruan” barra-barra aditzen eta irakurtzen dugu azken urteotan orain arte horretarako erabiltzen ziren beste egitura batzuen kaltetan:
“Klima aldaketaren inguruan hitz egin genuen” “Klima aldaketaz hitz egin genuen” “Klima aldaketaren gainean hitz egin genuen” “Klima aldaketari buruz hitz egin genuen”
Duda piztu zait “-ren inguruan” egokia ote den horretarako, kalko okerra edo egokia den, eta zenbateraino dagoen errotua. Begi-bistakoa iruditzen zait, nolanahi ere, fenomenoak gure arteko joera batzuk salatzen dituela. Noizean behin moda batzuk pizten dira euskararen erabileran –hizkuntza guztietan, segur aski–, eta, batzuetan, zaila izaten da erabakitzea hizkuntzaren bilakaera naturala den edo, besterik gabe, gure egoera diglosikoaren adierazgarria, zergatik jartzen diren modan egitura batzuk eta zergatik baztertzen diren orain arte oso erabiliak ziren beste batzuk, zer hartzen den egokitzat edo dotoretzat… Adibide asko eman genitzake zenbait moda nola zabaltzen ari diren ikusteko, baina nik, orain, bi aipatuko ditut: “balioan jarri” eta “-tze aldera”. Bi horietako lehenbizikoari buruz Irantzu Epeldek 2012an idatzi zuen horri buruz gure blogean, eta Berrian berriki eman du horri buruzko gomendio bat. Bigarrenez, beharbada, noizbait idatziko dut blog honetan berean.
Baina natorren harira:“Hablar de…, hablar sobre…, hablar acerca de…” esateko (barkatu, baina ez dakit frantsesez), hiztegietan begiratuz gero, hiru dira baliabide nagusiak: a) -i buruz; b) -z; c) -ren gainean.
Elhuyar: [acerca de] -z, -i buruz, -en gainean. ¿qué piensas tú sobre ese asunto?: zer diozu zuk gai horri buruz? no quiero discutir más sobre eso: ez dut horretaz gehiago eztabaidatu nahi.
Labayru: -(r)en ga(i)nean, -(e)z, -(r)i buruz. No quiero oír hablar más sobre política; Politikearen ganean ez dot berba erdirik bere entzun gura. Están hablando sobre mí; Nitaz ari dira zerbait esaten.
Adorez: -z, -i buruz, -en gainean. sobre eso ya hablaremos; hitz egingo dugu horretaz. ¿qué dices sobre la economía?; zer diok ekonomiaz? no sé nada sobre tu quehacer; zure egitekoaren gainean ez dakit ezer.
Zehazki: -i buruz, -z, -en gainean. el primer capítulo trata sobre los derechos humanos, lehenengo kapitulua giza eskubideei buruz ari da;dos palabras sobre el jabalí, bi hitz basurdearen gainean.
Harrigarria da “-ren gainean” egitura nola ari den desagertzen euskararen erabilera jasoan, nahiz eta toki askotan zabalduena eta naturalena izan. Galdeka ibili naiz nire inguruko euskaldun batzuei, eta hori dute erabiliena. Dena dela, nekez irakurriko dugu inon eta gutxitan entzunen dugu telebistan. Arrazoia agerikoa da: jende askori kalko desegokia iruditzen zaio, erdarakada. Jatorria edozein dela ere –batek daki noiz pasatzen den hitz edo esamolde bat kalko izatetik hizkuntzaren parte onartua izatera–, oso errotua dago eta egon da gure hizkuntzan. Dena dela, badirudi gero eta zokoratuago dagoela, batez ere euskara jasoan, euskara ona izanagatik eta Euskaltzaindiak onartua egonagatik.
“-i buruz” egiturak, berriz, sekulako arrakasta izan du, gaur egun euskaldun askoren ahoan modu bakarra izateraino. Egitura horren adiera nagusia beste bat izanik ere –Orotariko Euskal Hiztegian esaten digunez, “Hacia, en dirección a; mirando a, frente a, contra…”–, gutxitan erabiltzen da gaur egun horretarako.“Acerca de…, sobre…, de…” adiera du orain erabilera zabalduena. Eta arrakasta izan badu, ederki, baliatu gaitezen horretaz, baina, ahal dela, Iparraldeko euskaretan erabilera nagusia zein izan den ahaztu gabe.
Kasu instrumentala ere hortxe dugu, eta, nire irudiko, oso bizirik dago, aski osasun onean.
Eta “-ren inguruan”? Ba al dugu horren lekukotasunik? Esan dudan bezala, hiztegietan ez da aipatu ere egiten. Berdin da “sobre”, “acerca” bilatu edo beste modu batez bilatu. Aipatu ere ez. Horregatik, harriturik, Orotariko Euskal Hiztegian begiratu nuen, eta hor ere, aipatu ere ez.
Euskara Batuaren Eskuliburuan ere begiratu dut, gure oraingo biblia txikiak zerbait esanen duelakoan, baina ez du auzia aipatzen. Dena dela, gaiari heltzen ez badio ere, beste gai batzuez ari dela, adibideetan, egitura horretaz baliatu da. Nik lau adibide aurkitu ditut:
“Euskaltzaindiak ez du araurik eman hitzarmen edo konbentzio honen inguruan”. “Egoki eta premiazko deritzogu, ordea, obra honetan auzi horren inguruan zerbait esateari”. “Horien inguruan Euskaltzaindiak ez du araurik eman euskara estandarrerako”. “Gai honen inguruan, oinarrizkoa da 38. araua ere”.
Egungo Euskararen Hiztegian eta Gaur Egungo Prosan ere egin dut bilaketa, eta ia-ia ez dago horren aipamenik.
Santiago Iruretagoienaren adibide pare bat ikusi dut, Oskar Aranaren esaldi bat edo Pello Zabalaren Euskal baserriaren inguruan liburuaren izenburua. Luis Elberdinen esaldi bat ere bada eta Berria egunkariaren esaldi bat edo beste. Eta Andres Urrutia euskaltzainburuaren esaldi hau ere bai: “Hari luze horren matazak korapilatu egiten dira, behin eta berriro, XIX. eta XX. mendeetan, lekukotza nabarmenak baititugu aurretiaz esandako horien inguruan”.
EIMAren Kalko okerrak izeneko lanean ere begiratu dut. Ez da aipamenik egiten, baina, harrigarriro, azalpenak ematerakoan egitura horretaz baliatzen da liburua:
“Interferentzien eta kalkoen inguruko sarrera teoriko labur baten ondoren,… / Azken ohartxo pare bat egin beharra dago baldintzazko adizkien inguruan / Hona hemen, hala ere, oinarri eta jarraibide batzuk kalko-arrisku zabal horren inguruan / Ez genuke hainbestetan kezkatu behar halako aditzen inguruko zalantzez”.
Laburbilduz: beste modu bat zabaldu da azken hamarkada hauetan. Kalkoa ematen du (“hablar en torno a”), baina kalko egokitzat hartu behar dugu? Hasi beharko genuke sartzen hiztegietan-eta? Eskertuko nuke zuen iritzia.
Iruditzen zait ona dela gure blog honetan lan luze eta mamitsuak eta ttantta besterik ez diren kontuak tartekatzea. Nik, bederen, azterketa lan mardulak eskertzen ditudan bezalaxe, eskertzen ditut kontu arinagoak ere.
Lexikoa da gaia oraingoan: itzulpen lanean eta irakurle naizenean ere zer pentsatua eman didaten hiru hitz.
Aspaldi ohartu nintzen Euskaltzaindiak “korapilatsu” erabaki zuela eta ez “korapilotsu”, eta, egia esan, ez dut sekula ulertu zergatik. Ez da kritika inola ere. Are gehiago: ez dakit oharkabean edo ohartuki hartutako erabakia den, salbuespena ote den eta zer oinarri duen erabakiak. Halakoetan, nik, besterik gabe, onartu egiten ditut, nik baino gehiago dakitenek erabaki dutela pentsatuta, baina hona hemen nire zalantza, adituren batek argituko duen esperantzan.
-TSU atzizkiarekin sortutako hitz eratorriak asko dira. Oso atzizki emankorra eta bizia da, eta beste asko ere sortuko dira premiak bultzatuta. Agerikoa denez –hor behean duzue zerrenda bat; Euskaltzaindiaren Hiztegitik atera ditut hitzak, ez den-denak betiere–, izenondoak sortzen dituen atzizkia da, gehientsuenetan izena oinarri hartuta: izena + -tsu atzizkia. Badira, dena dela, izenondoa edo adberbioa oinarri duten hitzak ere.
Izenaren azken letra edozein izanik ere, bat ere aldaketarik gabe eransten zaio atzizkia. Errepasatu ditut denak, eta azken letra edozein bokal izan, edo kontsonante bat izan, bere hola sortzen da hitz eratorria. Hemen duzue zerrenda. Balio izan dit, bidenabar, aski ezezagun diren (nituen) hitz batzuk nire neurona-sarera sartzeko.
Zerrenda horretan, nire ustez, arautik ateratzen den hitz bat bakarra dugu: “korapilatsu”.
Orotariko Euskal Hiztegiko adibideetan biak ageri dira, “korapilatsu” eta “korapilotsu”. Nolanahi ere, adibide gehienetan “korapilotsu” dago. Horregatik iruditzen zait are bitxiagoa “korapilatsu” erabaki eta zabaldu izana.
Ederki dakit hizkuntza salbuespenez betea egoten dela, baina ikusirik Orotariko Euskal Hiztegiak zer dioen, ez dut ulertzen zergatik erabaki den horrela.
korapilatsu.
♦ (H; -illa- Lar, Añ, H), orapilatsu (-illa- Añ), korapilotsu (Urt IV 404), orapilotsu, koropilatsu (T-L), koropilotsu (AN, L, BN ap. A ; Dv). Nudoso; (fig.) lioso, complicado. “Centrosus, korapillotsua, korapilloz bethea” Urt IV 404. “Hari korapillatsua, fil plein de nœuds” H. “Compliqué, difficile à comprendre” T-L. ⁕ Ebitatzera haritu naiz frasa modorrotsu eta korapillotsuak. Gy XII. Poesia bardikoaren arau oso korapilatsuak. Mde Pr 233. Argitasun biziz ainbeste gai korapilotsu nik askatzea. Or Aitork 99. Fray Luisen […] giroari bagagozkio, ondo korapillotsu dala esan bear. Gazt MusIx 68 (61 orapillatsu y 71 orapillotsu). Gertatzen zaizkigu arazoak istilu orapilatsuagoetan. MEIG VI 170. En DFrec hay 3 ejs. de korapilatsu y 7 de korapilotsu. ■ koropilotsu (Dv→A). (Ref. a personas). “Au fig. Gizon koropilotsu, se dit d’un individu rusé qui a toujours des réserves cachées dans les engagements qu’il se propose d’éluder” Dv. “Astuto” A.
Badago beste hitz bat, nire eskemetatik pixka bat ateratzen dena.
“Gantzatsu” hitza da. “Gantz” izanik hitza, “ganztsu” behar luke, “ekaiztsu” den bezala. Errazagoa da “gantzatsu” esaten, jakina, eta erabilera hori izan bada, aurrera, baina agerikoa da hitz hau ere hitzak sortzeko ohiko bidetik ateratzen dela.
Kasu honetan, dena dela, Orotarikoan adibide bakar bat dago, eta “gantzatsu” da. Beharbada, horregatik erabaki da horrela.
gantzatsu.
♦ (Lar→H, Bera). “Untoso, untuoso” Lar. “Gras” H. “Pingüe, craso, untoso, mantecoso” Bera. ⁕ Lur mami, apatz eta gantzatsuan. Eguzk GizAuz 52.
Eta lexikoarekin loturiko artikulutxo hau bukatzeko, aspaldi buruan ibili zaidan hitz bat komentatuko dut: “hartzatxo”.
Google-n ikusi besterik ez dago zenbat zabaldu den. Produktu askotan ageri da izena, umeentzako ipuin frankotan idatzi da horrela, baina, nik dakidala, hiztegi gehienetan ez dago. Hartz izanik izena, ez luke “hartzatxo” behar, jakina. Hitza ez dago ongi sortua.
Hitz honekiko problema lotuxeagoa dago itzulpenarekin, eta bistan da gaztelaniaren “osito” hitza dagoela problemaren jatorrian. Frantsesez “nounours” esaten omen da.
Hor dugu “harzkume” edo “hartzume”, ongi sortuak biak, nahiz eta ez dauden hiztegi askotan (Orotarikoan “hartzume” eta “hartz-ume” ageri da). Ez bata ez bestea ez daude Euskaltzaindiaren Hiztegian. Baina hitz egokiak dira biak ala biak. Dena dela, nik nekez esanen nuen “gure alabari harzkume bat oparitu diogu” alabaren zaintza kenduko ziguten beldurrez. Ez dakit nire kontua ote den, baina, “harzkume” bat esanda, nik bizirik dagoen hartz txiki bat ikusten dut.
Horregatik, itzulpen ona egiteko hain beharrezkoa den goiburuari segituz –ahal bezain hurbil, baina behar bezain urrun–, “hartz-panpina oparitu diogu” esanen nuke.
Badakit kasu horretarako soluzioa dela, eta ez kasu guztietarakoa, baina hor dago nire proposamena: pelutxearen kasurako, bederen, balio digu. Edo onartu beharko genuke arautik kanpo dagoen “hartzatxo” hitza?