Zientzietako diziplinetan duela mende batzuk egin zen bezala, hizkuntzen inguruko ikerketa eta jardunetan ere aspaldi samarrekoa da metodologia zientifikoa-edo aplikatzeko erabakia, gertakari objektibagarri eta neurgarriak jaso eta handik deskribapenak, teoriak eta abar eraikitzeko.
Gurera etorriz, lexikografiaren alorrean, esaterako, Azkuek, bere hiztegia osatzeko, idatzizko 150 bat iturriz gainera, objektibagarriak eta neurgarriak ez ziren prozedura batzuk erabili zituen, hala nola hainbat hiztuni galdetu eta haiengandik ahozko lekukotasunak jasotzea. Azkuek berak kontatu zuen hiztegiaren atarikoan (frantsesez ere, irakurgai): “promoví [en Bilbao] reuniones dominicales de honrados artesanos, bizkainos y guipuzkoanos en su mayoría, con algún nabarro que otro (…) Más tarde pasé dos temporadas de verano en San Sebastián (…) Pasé luego corta temporada en Otsagabia (…) Promoví a continuación tres nuevas reuniones: una en Bilbao [un baztanés, un markinés, un mondragonés]. La segunda la formé en Ligi [dos hablantes de suletino, dos del labortano, uno del roncalés, un salacenco]. La tercera y última fue la constituida en Bilbao por cinco personas: una anciana guernikesa, una roncalesa, un guipuzkoano, un labortano y un octogenario del valle de Orozko”. Gaur eguneko ikuspuntutik, Azkueren jardunbide eta borondate ona gorabehera, prozeduran berean zein hiztunen hautaketan nolabaiteko sesgo edo isuria egon zela esango genuke.
Orotariko Euskal Hiztegia, aldiz, idatzizko 300etik gora lekukotasun idatzitan oinarritzen da, hau da, goian aipatutako ezaugarriak dituzten iturrietan. Hitzaurrean esaten denez: “Este Diccionario trata, asimismo, de recopilar todas las palabras que han sido utilizadas en la tradición escrita o recogidas por los lexicógrafos”. Beraz, autoritatearen irizpidea nagusitzen da. Eta, orotariko hiztegi hura oinarri hartuta, hiztegi arauemaileak osatu dira, hala nola Hiztegi Batua eta Euskaltzaindiaren Hiztegia. (Eta, hala ere, “recogidas por los lexicógrafos” horren bidez, ez digu ihes egin behar Azkuek eta aurreko lexikografoek egindako sesgo/isuriak ere berritzen dituela).
Metodologia “berria” gurean ere aski errotua dagoelakoan, harrigarria egiten zait oraindik ikustea nola, argudio sendoaren ondoan, isuri motaren bat erabiltzen den zenbait eztabaidatan. Haietako bat aipatuko dut euskal isuri oso zabaldu baten adibidetzat, oraindik orain blog honetan berean agertua, hain zuzen ere zur/egur banaketari buruzkoa. Sarreraren egilea uste osokoa izan eta argudiaketa ona egin arren, une jakin batean isurian erortzen da (ete berdin egiten du erantzunetako baten egileak ere). Laburbilduta eta orokortuta hauxe da isuria: “Nire herrian halako edo halako esan izan da betidanik”, argudiorik pisuzkoen, ia lege balitz bezala.
Niri behintzat gogaikarria egiten zait, lerratua izateaz gain, askotan entzun behar izan dudalako (bereziki, oso gogoan dut Euskal Herri mailako elkarte bateko kideen arteko bazkalondoetan sarritan entzun izana, askotan bezala elkartzen gintuen zeregin nagusia albo batera utzi eta hizkuntza kontuak hizpide hartzen hasten direnean). Halako baieztapenak autoritate- eta berrespen-isurien artean kokatzen dira, eta, gure artean duen ezaugarriei erreparatuta, behin-behinean, jatortasunaren isuri izendatuko dut.
Ni neu ere ez nago libre, eta gerta daiteke nire hau ere isuri bat izatea (eta bidenabar txistezaleren bati ateraldi errazerako bidea ematea). Beste gai askorekin gertatzen zaidan bezala, nire argudioak indar askoz handiagoa izango luke argudiaketaren parte interesatua ez banintz, edo beste parte interesatuko batek aldeztuko balu (zuzenbide-terminologian ez naiz oso iaioa, Andres). Izan ere, jaiotzetiko-euskalkirik-gabeko-euskaldun horietako bat naiz ni eta, horrenbestez, ezinezkoa litzaidake “nire herrian betidanik…” esaka hastea.
Beharra, edo errealitatea bera, gidari erabiliz, ni nagoen egoera berean zenbat hiztun dauden bila hasi naiz, eta esaldi bitxi bat aurkitu dut: “Gaur egun, euskaldunen % 36,3 euskaldun berriak dira, eta horrek eragina du euskaraz egiteko erraztasunean”. Eta galdera batzuk sortu zaizkit: Horietako bat naiz ni, orduan? Baiezkoan, euskaldun berria betiko da euskaldun berri? Ezezkoan, zenbat urte behar dira euskaldun berria euskaldun huts bilakatzeko? (Soziolinguistikan ere ez naiz oso iaioa, Iñaki).
Euskal familietako hibridazioa ez da kontu berria, baina gaur egun inoiz baino hizkuntza-hibridazioaren eredu gehiago ditugu. Hipotesi gisa, eta daturik gabe, esango nuke euskara ikasi (behar izan) dutenek kontzientzia metalinguistiko handiagoa dutela, oro har, euskaldun zahar, jator eta petoek baino (eta horren adibide asko emango nituzke, indukzioz betiere). Eta erakunde guztiak halakoz beteta daude: teknikariak, itzultzaile eta interpreteak, zientzialariak, idazleak, kazetariak, irakasleak, euskaltzainak, osasun arloko langileak… herririk gabe, haiek ere hizkuntza egiten.
Joan-Lluís Lluís idazlearen Balla amb Babel. Contra l’absolutisme lingüístic liburuaren irakurketak Babelgo mitoaren inguruan izan diren interpretazio antagonikoei buruz hausnartzera eraman nau, airean zintzilik uzten duen galdera honetatik tiraka:
“Gaur egun, hizkuntzen aurkako beligerantzia gutxiago izango al litzateke mito hau imajinatu, azaldu eta idatzi ez balitz, edo galdu izan balitz?”.
Interesgarria iruditu zait Bibliaren mito hau aztertzea, beren burua kristautzat hartu eta kristau zibilizazioaren defentsa sutsua eta irmoa egiten duten eskuin muturreko eta era guztietako inperialismoen buruzagiak (Trump eta Putin barne) eta haien jarraitzaileak aniztasunaren aurka zabaltzen ari diren diskurtsoak ezbaian jartzeko eta berauei aurre egiterakoan beste argudio bat izateko.
Historian zehar Babelgo dorrearen mitoaz egin den irakurketarik zabalduenaren arabera, hizkuntza aniztasuna Jainkoak gizakien harrokeria eta botere-gosea zigortzeko ezarritako madarikazio gisa ulertu beharko genuke. Arrazoibide hau politika linguizidak gauzatzeko eta hizkuntzen (eta nazio eta komunitateen) arteko hierarkia markatzeko argudio gisa erabili izan da. Lluísek azaltzen duen bezala, hierarkia honen gailurrean hiru hizkuntza leudeke: hebraiera, Adamen, Abrahamen eta Itun Zaharraren hizkuntza zelako (sinesmen honetan datza sionismoaren oinarrietako bat); grekera, Itun Berriaren eta Aristoteles bezalako filosofoena zelako; eta latina, Elizarena eta Bibliaren itzulpen kanonikoarena zelako. Gure ingurune hurbilari dagokionez, latinaren oinordeko diren gaztelania eta frantsesa ere gailur horretatik gertu edo gailurrean bertan kokatu izan dituzte espainiar eta frantziar nazionalismoek.
Bestalde, mitoa erreferentzia ideologiko-diskurtsibo bezala erabili izan da “beste” hizkuntzak gutxiesteko, zapaltzeko edo, Gregoire abadeak 1794an Konbentzio Nazionalean aurkeztutako Rapport sur la Nécessité et les Moyens d’anéantir les Patois et d’universaliser l’Usage de la Langue française txostenean proposatu zuen bezala, suntsitzen saiatzeko.
Gogoan dudala, gurean, irakurketa honen guztiz bestelakoa egin zuen lehena José María Sánchez Carrión “Txepetx” izan zen, Lengua y pueblo liburu ederraren “Lo que pasó en Babel” artikuluan. Bere ustez, Babelgo dorrearen bidez, gizakiak boterea eta handikeria materiala lortu eta erakutsi nahi izan zituen. Yahveren erabakia, baina, ez da zigor bat, zentzurik gabeko ekintza bat ekiditeko neurri terapeutikoa baizik. Ikuspegi linguistikotik, bestalde, hizkuntzak biderkatzea ez da zigorra, poliglotismoaren beharraren justifikazioa baizik. Txepetxek dioenez, argi dago dorrea eraikitzen hasi zirenean Sinaarreko gizon-emakumeek hizkuntza bakarra zutela, Boterearen hizkuntza beti bat eta bera delako. Eta arrisku horretatik babesteko (Bibliako testuaz egiten duen irakurketaren arabera), Yahvek gizakioi hizkuntza aniztasuna eman zigun, gizakien arteko elkartasunera eta batasunera ez delako iristen boteretik (Sinaartarren hizkuntzatik), askatasunetik baizik, hau da, elkarren arteko desberdintasunak onartzetik.
Pentsatzen dut ikuspegi hau edo antzekoa izango zuela gogoan Patxi Baztarrikak bere liburuari Babeli gorazarre izenburu iradokitzailea jarri zionean. Halaxe baitio bertan:
“Auzi honen gakoa, finean, Babel madarikaziotzat hartu ordez bedeinkaziotzat hartzea da, hizkuntza aniztasuna baita gizakioi elkarren artean ulertzeko bidea ematen diguna. Hizkuntza aniztasuna gizarte modernoen osagai den neurrian, hizkuntza aniztasunaren kudeaketa bihurtu da gizarte demokratikoen osasunaren neurgailu funtsezkoenetako bat”.
Mendebaldeko kulturaren oinarrian dagoen Biblian bertan, ordea, badira hizkuntza aniztasunaren aldeko irakurketa indartzen eta arrazoitzen duten pasarteak. Gogora dezagun, esate baterako, Itun Berriak dioenez, apostoluei hizkuntzen dohaina eman zitzaiela:
“Denak Izpiritu Santuaz bete ziren eta hizkuntza arrotzez hitz egiten hasi, bakoitza Izpirituak eragiten zion eran”. (Eg. 2,4)
Edo Paulok korintoarrei esandako hitz hauek:
“Hainbeste eta hainbeste hizkuntza bada munduan eta denek dute zentzua”. (1 Ko. 14,10)
Babelgo dorrearen mitoak, eta Bibliak berak, beraz, hizkuntzen ugaritasuna defendatzen dute. Eta aintzat harturik beren burua kristautzat hartzen duten mugimendu eta buruzagi askok hizkuntza gutxituen aurka zabaltzen ari diren mezuak eta aurrera daramatzaten politikak, oso egokia iruditu zait Lluísek ironia puntu dotore batez planteatzen duen galdera hau: “Hizkuntza aniztasuna jazartzen halako grina jarri izan duten, eta oraindik jartzen duten, Espainiako nazionalkatolizismoaren heroiek, azken batean, ez al dute Jainkoa samintzen? Eta karia horretara, ez lukete mende gehiago pasa beharko purgatorioan, edo zuzenean infernura joango lirateke? Aitortu behar dut, hala balitz, interesgarriagoa irudituko litzaidakeela beste mundu baten ikuspegi kristaua”.
Pentsamenduen eta ohituren uniformitatearen aurkako borrokan, eta gizakien arteko harreman berdinzaleak garatze bidean, hizkuntza aniztasunaren aldeko jarrera hori praktikara eramaterakoan, itzulpengintza eta itzultzaileak funtsezkoak eta ezinbestekoak bihurtzen dira. Haien lana, zentzu honetan, bada elkarbizitzaren eta aniztasunaren aldeko eta supremazismoen aurkako lana. Izan ere, Souleymane Bachir Diagnek De langue à langue. L’hospitalité de la traduction liburuan dioen bezala, “Itzulpen lana hizkuntza menpekotasunaren ondorioei emandako erantzunetako bat da”.
Babelgo dorrearen mitoa, beraz, hizkuntza gutxituen alde, aniztasunaren defentsan eta itzultzaileen lanaren aintzatespena indartzeko erabil genezake.
Gaztelania ez den beste hizkuntza batetik itzultzea bezalakorik ez dago, konturatzeko euskara gaztelaniaren gero eta antzekoagoa bihurtzen ari garela. Egunez egun. Maileguak eta kalko semantikoak abailan hartzen ari gara (badirudi ahaztu zaigula euskarak baduela hitz berriak sortzeko gaitasuna), eta kalko sintaktikoak ere gero eta ugariagoak dira. Baina, hori aski ez dela, kontrako norabidean ere ari gara, gaztelaniak ez dituen baliabideak euskaratik ere kentzen. Hona hemen pare bat adibide:
– Elkar: gaztelaniaz ez dago halakorik. Bada, orduan, euskaraz ere ez: ezagutzen gara, ikusiko gara. Horrelakoak gero eta ohikoagoak dira eta jada ez digute belarriko minik ere ematen.
– Bera / berdina: gaztelaniaz bereizkuntza hori ez dagoenez, bada euskaraz ere dena da berdina eta kitto.
Eta horrela ari da gertatzen beste hainbat hizkuntza elementurekin. Bide horretan, muga administratiboa hizkuntzaren barreneraino iritsi zaigu: Hegoaldeko euskara gaztelaniaren bidetik doa, eta Iparraldekoa frantsesarenetik. Ohartzen al gara Hegoaldeko euskaldunok, gure euskara ulertzeko, gero eta beharrezkoagoa dela gaztelania jakitea eta erreferente kultural espainiarrak ezagutzea?
Hizkuntzak beti ari dira aldatzen, bai. Baina beti ez dira abiadura berean aldatzen; hizkuntza batek egonkortasun tarte luze bat izan dezake, eta gero, urte gutxian, asko aldatu. Eta aldaketa horiek hizkuntzaren baitatik sortzen ahal dira, edo kanpoko faktoreek bultzatuta.
Zer norabidetan ari dira hizkuntzaren kanpoko faktore horiek?
Euskararen etorkizun demolinguistikoa gogorra da; minorizazio egoera larrian gaude, esaterako Iñaki Iurrebaso soziolinguistak datuen bidez adierazi digunez.
Hizkuntza eskubideetan, besteak beste Espainiako sistema judizialaren bidezko oldarraldia izaten ari gara; ondorioz, lanerako euskara eskatzea gero eta zailagoa da.
Hizkuntza politikei dagokienez, udan, Berriako elkarrizketa batean, Conchúr Ó Giollagáin adituak ohartarazi gintuen Irlandan gaelikoa egungo egoerara eraman duen hizkuntza politika beratsua egiten ari garela hemen ere, baikortasun faltsu baten izenean.
Horrekin batera, aski aztertua dago hizkuntza ordezkapenaren azken faseak direla, hiztunak eta erabilera eremuak galtzeaz gain, lexikoaren higadura, sinplifikazio gramatikala eta, azkenik, pidginizazioa. Hala, euskañola ez da euskara modernoaren erregistro informala, kolonizazioa noraino iritsi zaigun adierazten digun fenomenoa baizik.
Horregatik, gure eguneroko testugintzan eta ahozko erabileran, funtsezkoa da hausnartzea euskara zer ereduren arabera ari garen kimatzen.
Abenduko zubian Maspalomasera joan nintzen, neguko hotzetik ihesean, baina, batez ere, neure txikian, euskal zinema sustatzera[1]. Bertara iritsi eta berehala ohartu naiz ez dudala maletara sartu oporralditxorako gordea nuen liburua. Larritu naiz. Gehienetan libururen bat edo beste eramaten dut ondoan, baina hondartzan ezinbestekoa dut. Zaharra dut sakelakoa, gainera, eta ezin dut eskuan luze erabili bateriak egun osoan iraunen badit. Inguruan bilatu arren, ez dut liburu denda edo kioskorik gertu lokalizatu. Lehen egunean, beraz, moldatu behar izan naiz hondartzan dagoen ikustekoarekin.
Bigarren egunerako, nire lagunak apalategi bat aurkitu du hotelaren harrera lekuan erdi ezkutaturik, non pilatzen diren aurreko bezeroek utzitako liburuak. Gogoberoturik, hurbildu naiz zer aurkituko. Liburu gehien-gehienak hainbat hizkuntza germanikotan idatzita daude, harritu nau ingelesez liburu gehiago ez egoteak, frantsesez liburu pare bat dago, eta espainolez beste pare bat: Alejo Carpentierren El siglo de las luces eleberriaren ale merke eta zatar argitaratua eta, bestetik, ―begitartea argitu zait― Miren Amurizak 2019an plazaratutako Basa eleberriaren gaztelaniazko itzulpena, 2021ean Consonni argitaletxean agertutakoa, Miren Agur Meabek itzulita. Horixe hartu dut, jakina. “Euskaldun batena izanen zen”, esan diot lagunari, hura eskuan agertu natzaionean. Haren erantzunak pentsakor utzi nau: “Hobe hala ez balitz”, edo “Ez dago zertan”. Ez ditut hitz zehatzak gogoan. Edonola, hortik 5 zenbakidun txiringitora ―lehengo zazpigarrenera― bidean gaudela, horixe izan dut buruan bueltaka. Norentzat itzultzen dugu? Norentzat itzultzen dugu euskal itzultzaileok, batez ere euskaratik erdarara aritzen garenean?[2]
Nire buruari egindako galderari erantzun nahian laster etorri zaizkit liburu honetan topatutakoak ―edo liburu honetan topatutakoek pentsarazitakoak― laguntzera.
Esanen nuke itzultzaile guztiok galdera hori inkontzientetik maila kontzientera igaro izan dugula inoiz, erabaki zehatz baten aurrean, irakurle inplizitua bata izan ala bestea, edo nongoa irudikatzen dugun, konponbidea ezberdina denean. Erdaratik euskararakoetan adostasun handiagoa egon daiteke beharbada (euskaldungo irakurzalea homogeneoagoa datekeen heinean)[3]. Beste norabidean galduago gaudelakoan nago.
Espektro zabaleko erantzuerak eman daitezke, naski. Dena delako erdarafonia osoarentzat lanean ari zarela irudika dezakezu (gaztelaniaren kasuan 500 milioitik gora hiztun, etorkizunekoak aintzat hartu gabe). Baina zentzuzkoa dirudi balizko hartzaileak murrizteak. Noraino? Hor dago gakoa. Argitaletxearen irismena irizpide har daiteke. Norberaren nora nahia ere ezin da gutxietsi: burua non kokatua duzun. Nik inoiz, itzuli beharreko egilea bizirik baldin badago eta elebiduna baldin bada bereziki, pentsatu izan dut berarentzat ari naizela itzultzen esklusiban, hark zer iritziko[4]. Guztiarekin ere, esanen nuke aukera sorta handia bi multzo nagusitan banatzen ahal direla: Euskal Herriko erdaldunentzat ari zaren ala atzerriko erdaldunentzat. Bateko ala besteko froga harria, niretzat, ama hitza nola ematen den: madre, mamá, ama (amá?)… Erabakia ez da neutroa, jatorrizkoan euskaraz aritzen den (edo guk euskaraz irakurtzen diogun) pertsonaia, bat-batean, gaztelaniaz diharduen (edo euskaraz jardutea erabaki duen) euskotar bihurtu dugu, berez euskalduna izan ala euskara dekoratiboa darabilen erdalduna.
Consonniko liburuak ―itzul gaitezen hondartzara― hausnar honetan harrapatu nau eta, behin irakurtzen hasita, egiaztatu dut ez dudala nire orain arteko eskemak erraz aplikatzerik. Bertan, esaterako, euskarazko ama ama da erdarazkoan, are osaba ere osaba (“Escucha, ama… ―la aborda―. Tenemos que hablar sobre osaba”, 65. or.). Baina ezin da berez esan Euskal Herritik kanpoko irakurleengan pentsatua ez dagoenik, alde batetik, edizioak glosario bat dakarrelako testuko euskarazko hitzen gaineko azalpena emanez (haien artean, ama eta osaba, jakina, baina baita txoko[5] ere), eta, bestetik, argitaletxea gure mugetatik kanpo erruz zabaltzen delako. Bakarrik ikustea dago, nik non topatu dudan alde batea utzita, liburu honek zenbat iruzkin lortu dituen Goodreads edo Babelio irakurleen plataformetan, besteak beste; gehienak erdaraz, zer esanik ez. Haietako batzuek itzulpenaren hizkuntza eta estiloa goraipatzen dute:
“Excelente también la traducción, que sin poder entender el texto original, usa un lenguaje riquísimo, sin caer nunca en lo pretencioso (…)”. Juanma Moriches.
“La traducció molt bé feta”. Núria.
“Primero de todo: GRANDE LA TRADUCCIÓN. LA TRADUCTORA HA HECHO UN TRABAJO INCREIBLE”. Catastroleer.
Einaudi argitaletxean, Giulio Einaudi argitalariaren beraren ardurapean, Scrittori tradutti da scrittori (Idazleek itzulitako idazleak) izeneko bilduma elebiduna[6] sortu zen 1983an; izenak berak ongi adierazten du proiektua zertan zetzan. Miren Agur Meaberen itzulpen lan hau ezingo da bilduma horretan sartu, 2000an bertan behera utzi baitzuten. Baina, zalantzarik (eta lotsarik) gabe, idazle batek egindako itzulpena da. Meabek hizkuntzarekin duen trebetasuna maiz izan da goraipatua. Bereziki dut gogoan Hasier Etxeberria zenak, Kristalezko begia liburuaren harira, esandakoa: “Joria da oso Meaberen prosa, hitz ezezagunez hornitua (garramu, karan, zarakar, ekortu, muker, tuntux…) eta baita aspaldi entzun gabekoekin ere (parpail, lasta, saroi…). Damu naiz liburuaren hastapenetik den-denak ez apuntatu izana, denek ala denek baitakarte halako edertasun lexikal sinestezin bat: irakurketaren ulermenik ez dute eragozten, baina urre pinportaz betetzen dituzte orrialdeak. Iduri du Meabek erabiliko ez balitu, betirako galduta geratuko liratekeela hitz eder guztiok: ataza, zedendu, iruntzi, tril egin…”. Berehala erreparatu diot erronka bera jarri diola bere buruari erdaraz ere, horrek atrebentziaren bat hartzera eraman badu ere. Adibide gutxi batzuk bildu ditut:
Basa (Consonni, 2021)
Basa (Elkar, 2019)
Karmele friega mientras Sabina atiende al informativo con la gata gris en su regazo. ¡Misintxu! (…). Siempre se dirige por el mismo nombre a los michos de la casa. Por mucho que los nietos se empeñen en bautizarlos con apodos particulares, ella recurre a una nomenclatura genérica para distinguir a los hijuelos (sic) de cada camada, salvo en el caso de los perros y de sus propios pequeños: la especie en sí y su rasgo más destacado. De ahí el burro bizco y gallo rubio, la oveja calva y la vaca pinta… (39. or.)
Karmele harrikoa egiten eta Sabina, katu nabarra altzoan duela, albistegiari adi. Misiño! (…). Halaxe zuzendu izan baitzaie etxeko katu denei; lantzean biloba bat deitura partikularrak ipintzearekin tematu arren, izendapen sistema generikoa erabili izan du beti jaiotza batetik gorako sabelaldietako kumeak bereizteko (txakurrak eta seme-alabak salbu): animaliaren deitura gehi ezaugarririk nabarmenena. Hortik katu nabarra eta oilo zuria, ardi herrena eta behi pinttanoa… (29. or.)
Ya en el prado, se baja las bragas con premura y, al acuclillarse sobre el rocío, siente el cosquilleo de la hierba en la vulva, las salpicaduras en los tobillos, el efluvio de su orina en el aire. Un placer ancestral de animal libre, indómito, salvaje. Y está sacudiéndose las últimas gotas cuando ve al perro perseguir un corzo (48. or.)
Kuleroa arrapataka jaitsi eta garotzan makurtu orduko igarri ditu aluan belar punten kilimak; zipriztinak orkatiletan, lurruna, hustasuna… Plazera. Eta azken tantatxoak astinduta zutuntzear dagoela, non begiztatu duen txakurra orkatz baten atzetik arin-arinka (38. or.)
Le limpia el bajo vientre, las ingles, la entrepierna (…). Le embute un calzoncillo (51. or.)
Garbitu dio hankartea (…). Galtzontziloak jarri dizkio (41. or.)
Y se fue hasta la tejavana (56. or.)
Eta etxolarantz abiatu zen (45. or.)
¿Tonterías dices? –le da un puñetazo a la mesa–. Si pudieseis, me pondríais no un timbre, sino un cencerro para controlarme. Pero yo no soy una cabra añosa, despistada en los riscos. Yo soy vuestra madre. ¿Me oyes? (66. or.)
Lelokeriak esan duzu? –jo du ukabilarekin mahaian–. Tinbrea ez eze, arrena ere ipiniko zenidakete zuek kontrolpean edukitzeko! Baina ni ez naiz sasiko ahuntz zaharra! Ni zuen ama naiz! Entzun duzu? (56. or.)
Norentzat itzultzen dugun galderari ematen ahal zaizkion erantzun posibleen artean ahaztu zait “norberarentzat” proposatzea. Ausarkeria litzateke esatea idazle ez duen hizkuntzan Meabe izan litekeen idazlea ezagutu edo barrundatzeko irrikak gidatu duela itzulpena? Arrosa koloreko liburua etzaulkian utzi eta uretara abiatzen ari naizela, hori dut pentsuan, ez ote dudan nik ere, batez ere gaztelaniara itzuli ditudan poema liburuen bidez, gauza bera egin nahi izan. Eta ez dakit harrotzen nauen.
Hortik egun batzuetara, lagunak harrapatu nau Basa maletara sartzen. Kargu hartu dit hurrengo bezero behartsu batentzat ez uzteagatik apalean. “Apaltasuna erakutsi dit liburuak, eta gorde nahi dut”, esan behar nion, baina, horren ordez, “artikulu baterako balia dezakedala uste dut” bota diot. Etsi du, baita galtzontzillo zikinen artean El siglo de las luces ezkutatzen ikusi nauenean ere.
[1] Bigarren aukera Bizkaiko mojen komentu bat zen, Los domingos filmagatik, baina ez zegoen tokirik, hain indartsu jo du azken boladan sukar erlijiosoak.
[2] Nago blog honetan gehiago begiratzen diogula euskararen eta erdara baten arteko itzulpenen norabideetako bati. Besteak ere eskatzen du, agian beste izen bat beharko lukeen arren, euskal itzultzaile bat.
[3] Besterik ezean, amona inplizitura jo dezakegu beti; horrela deitzen diot nik maiz topatu dudan itzulpen aholku aski zabaldu bati. Lehenengoz adiskide bati aditu nion: Itzulpen enpresa batean tarte batez lan egin zuen, eta, zerbait euskaraz nola eman dudatan ibiliz gero, bertako arduradunak beti esaten omen zien “pentsatu hau nola esango lukeen zure amonak”, itzulgaia denik eta teknikoena izanda ere eta, jakina, norberaren amonak euskaraz ote zekien galdetu gabe. Cf. https://www.berria.eus/iritzia/jira/amona-inplizitua_1017808_102.html
[4] Esperientziak erakutsi didanez, jarrera zentzuzkoena da, batez ere zuzenketa faserik tartean badago; bestela, berak atzera botako baitizkit “bere erdaran” ez dauden hitz, aditz, esamoldeak, nahiz eta nirean bai egon edo literatur erabilpen zabala eduki.
[5] Azken kasu hau bitxia da oso, gero ikusi ahal izan dudanez, Amurizak soziedade mailegua erabiltzen baitu jatorrizkoan (“Soziedade batean harrapatzen nauzu, lankide baten urtebetetzea…” (57. or.) : “Me pilllas en el txoko. Es el cumpleaños de un colega…” (67. or.).
[6] Dena den, bildumak izan zituen 82 liburuetatik 12 hirueledunak izan ziren, itzultzaile-idazlea italieraduna ez zenean. Kasu, Paul Valéryk egindako Virgilioren Bukoliken frantsezko bertsioari, jatorrizkoaz gain, italierazko itzulpena ere gehitzen zaio.
Aipatu izan dut aurreko testuren batean, Donostiako Iraqueerle taldeko kide naiz. Hiriko eta inguruetako sexu-genero disidentziak elkartu eta hilabetero LGTBIQ+ komunitatearen inguruko liburu bat irakurri eta eztabaidatzen dugu. Oso parada garrantzitsua da ez soilik elkartzen garen taldeagatik, hain heterogeneoa eta hain irekia, baita komunitateko kideok elkartzeko, elkar ulertzeko eta saretzeko dugun beharragatik ere, bai xamurtasunaren alde bai faxismoaren kontra.
«Irakurle taldeak dira, hein batean, literaturaren gaur egungo transmisio bide bakarrak. Pentsamendua sozializatzeko, partekatzeko, bakarrik iritsiko ez ginatekeen toki horietara heltzeko txartelak». Hala deskribatu zituen, aurreko urtearen hasieran, Iñigo Satrustegik blog honetan bertan irakurle taldeak, eta erabat ados nago ni.
Ehgam Gipuzkoatik formakuntza eta sozializazio bide gisa sortu zen Iraqueerle, eta bertaratzen garen guztiok oso beharrezkotzat jotzen dugu hilabeteroko saio hori, gaur egun ere, laugarren urte honetan. Eztabaidak sortu, liburua barnetik txikitu eta modu mardulagoan aztertzeko, lehen irakurraldian harrapatu ez ditugun kontuak ulertzeko, ikuspegi eta ulerkera ezberdinak ere izan ditzakegula konturatzeko. Horrez gain, eta artikulu honi apur bat haria bilatuz, itzulpenak balioan jartzeko ere balio du; irakurtzen diren liburuen erdiak itzulpenak dira eta haiek erostera[1] (edo liburutegietan hartzera) eta atzerriko liburu bikainak euskaraz irakurtzearen gozamena izatera bultzatzen gaitu. Itzulpenak ere liburu ederrak izan daitezkeela ikustera, alegia.
Aurreko astean izan genuen urtarrileko saioa eta Rafia Zakariaren Feminismo zuriaren aurka (Amaia Apalauzaren itzulpena) irakurri eta komentatu genuen; benetan aberasgarria izan zen. Hurrengo egunean, Zakariak berak zera igo zuen Instagrameko istorio batera: «Wow, Against White Feminism in Euskara!», zioen harrituta. Guk geuk ere harrituta irakurri genituen haren lerroak, ikasteke asko dugu beti.
Asteartean izan zen hori, eta asteburuan, ―nahiko― ohiko lez, asteburutxo kulturala izan nuen. San Telmo Museoko Amazoniak. Antzinako etorkizuna erakusketaren bisita gidatura joan ginen larunbat goizean bikotekidea eta biok, eta hara sorpresa gidak biok bakarrik izena eman genuela esan zigunean. VIP bisita, beraz. Kuriositatez, gaztelaniazkoan zenbat zeuden galdetu nion eta bete-beteta zegoela aitortu zidan, 25 bat pertsona, ordutegi hobea zela eta espainolezkoetara kulturazale gehiago gerturatzen zela. Bertan lan egindako lagun batek ere komentatu izan zidan euskarazkoetan jende gutxiago gerturatzen zela, pena apur bat ere ematen zuela. Badago zer hausnartu euskaldunon aldetik, noski, baina programatzaileek euskara balioan jartzea ere ez legoke gaizki, ordutegiak txandakatuz edo aukera eskuragarriagoak eskainiz esaterako. Gu, halere, gustura aritu ginen gida entzuten eta ostean erakusketa berrikusten. Brasilen izan gara udan eta interes handia pizten digu Amazoniak, erakusketa gomendagarria den arren edonorentzat eta alde guztietatik, ongi kokatua eta puntu harrigarri askorekin. Tarterik baduzue, ez galdu. Egon zen, alabaina, amorru apur bat sortu zidanik ere. Hormetako testuak bikain zeuden euskaratuak eta nabari zen ahalegina eta profesionaltasuna, pozik nenbilen irakurtzen harik eta bideoekin topo egin nuen arte. Azpitituluetan akats larriak zituzten bideoak ziren, eta ez naiz punttalakurlo jartzen ari, haien arazoa ez baitzen azpitituluei buruz finkatuta dauden arauei ez jarraitzea; haratago zihoazen. Apur bat zapuztu ninduen.
Igandean, aldiz, antzerki bat ikustera joan nintzen Hiriburura. Geuretik Sortuak bekaren karietara sortutako etxebizitzaren inguruko obra bat zen (Amahiru konpainiaren Etxea); lehen minututik barre eginarazi zidan. Gero, bueltaka izan nuen aktoreetako batek estreinaldi osteko luntxean botatakoa, Udalbiltzaren dirulaguntza hori oso duina zela, agerian utziz ez direla asko horrelakoak eta, oro har, ez dagoela asko ere. Gertutik dakit horrelako obrak sortzeak dakartzan buruhausteak, zentzuzko dirulaguntza kopurua jasoaz, asko jaisten direla. Euskaraz idatzitako edo euskarara ekarritako obra, liburu, erakusketa batek kalitatezkoa behar du izan kontsumitzeko interesgarria eta erakargarria izango bada. Eta kalitatezkoa izateko, bai, denbora eta dirua jarri behar dira mahai gainean.
Noizbait ohartuko gara (edo dira, kasu gehienetan) zeinen garrantzitsua den eduki ona euskaraz ondo egotea? Euskaraz atzerriko liburu interesgarriak irakurri nahi ditugu, bazterretakoak eta iraultzaileak, euskaraz erakusketa aberasgarriak ikusi nahi ditugu, euskaraz pelikula entretenigarriak entzun eta irakurri nahi ditugu… Itzulpena behar dugu gure hizkuntzan edonolako edukia irakurri, ikusi eta entzun nahi badugu, eta itzulpen horrek kalitatezkoa eta eskuragarria behar du izan.
[1] Tristuraz irakurri berri dut Donostiako Hontza liburu dendak behin betiko itxiko dituela ateak laster… Bertan erosi ohi ditugu kideok liburuak, eta Idoia Santamariak duela urtebete azaldu zuen kezka bera dut nik ere, Hontza bezalako liburu dendak ixtearen ondorioz kultura kontsumitzeko sortuko diren ohiturak zein izango ote diren. «Jada ez dugu hainbeste hitz egiten liburuak irakurtzeaz, kultura kontsumitzeaz baizik» zioen, eta izugarri kezkagarria deritzot.
Aspaldi-aspaldi ohartu ginen D ereduak ez zuela euskalduntzea bermatzen. Baina hori jakin arren (eta gure egoera soziolinguistikoa eta euskararen gizarte-estatusa zein den jakinda), batzuei, aspaldi, ideia ona iruditu zitzaien euskarazko murgiltze ereduetako umeak Haur Hezkuntzan has zitezen ingelesa ikasten. Bizirauteko ingelesa jakitea ura bezain ezinbestekoa dela sinetsarazi digutenez, gurasoek pozik hartu zuten neurria. Ezin bestela izan. Gaur egun, Hego Euskal Herriko hizkuntza eredu guztietako haurrak 4 urterekin hasten dira ingelesa ikasten. Are gehiago, Nafarroan ―ederki kostata― zabaltzen diren D ereduak PAI-D ereduak dira, derrigor, eta EAEn euskarazko murgiltze-eredu eleaniztunak bultzatzen ari dira.
Hainbesteko karrez eta indarrez esan digute gure haurrek, bizitzan galtzaile izanen ez badira, Oxforden jaio eta han biziko balira bezain ongi mintzatu behar dutela ingelesez, non haur ingelesdun petoak heztea bihurtu baita familia askoren xede, euskaltzaleen artean ere bai: alaba txikia zenean, euskarazko jolas talde batera eraman genuen, baina, guraso gehienen eskariz, zeinek seme-alabak euskaraz eskolatuak baitzituzten, talde hura ingelesezko jolasgune bihurtu zen.
D ereduaren ezinaren datuak oso gordinak dira. Mikel Basabek aspaldiko artikulu batean azaldu zuen zein kezkagarriak ziren EAEko ikastetxe guztietan 2019an egindako ebaluazio diagnostikoaren datuak, adierazten baitzuten D ereduak ez duela inolaz ere bermatzen elebitasunaren helburua.
Badakit eskolak bakarrik ezin duela, hertsatzen gaituen diglosiak bihurtzen duela haurren euskalduntzea hain nekeza inguru askotan, eta badakit ikastetxe batzuetan hasiak direla egoera iraultzeko neurriak hartzen. Horregatik iruditzen zait ingelesak hartzen dituen orduak ere jarri behar direla mahai gainean, haur txikiek HHko ikasturteetan zehar ingelesa ikasten ematen dituzten orduak oso baliotsuak izan daitezkeelako etxetik erdaldun eskolatzen diren umeek euskaraz hobeki (egiaz?) ikasteko.
EAEn, D eta B ereduetako ikasleei B1 maila aitortzen zaie DBH bukatutakoan, baina datuek (eta gure belarriek) besterik esaten digute. Erabilerak gaitu kezkatzen, baina euskaraz ozta-ozta dakitenak nekez arituko dira eroso eta gustura hizkuntza horretan. Nire ustez, gazte tituluz euskaldunek euskararen aldeko hautua eginen badute, ezagutza da indartu beharrekoa. Ez dakienak ezin-eta hautatu. D ereduetan ikasitako gazte euskaldunen taldetxo batekin suertatu nintzen aurrekoan: solasean ginela, hizkuntza ohituren gaiaz aritu ginen, eta garbi eta ahoan bilorik gabe aipatu zuten ikastola-/institutu-garaian beren ikaskide askok ez zekitela euskaraz bizpahiru esaldi josten.
Ez gara halakoez harritzen, baina ez ikusia egiten diegu. Ostrukarenak egiteak, ordea, ez digu lagunduko. Burua goititu, begiak zabaldu, eta belarriak zorroztu beste aukerarik ez dugu. Min ematen digun egoeraren neurriaz eta larriaz jabetu behar dugula iruditzen zait, eta egoera iraultzen lagunduko digun erraminta-kutxa hornitu, eta D ereduetan ingelesak hartzen dituen ordu mordoak kimatzen hasi ere bai.
Nolanahi ere, ez dut ezkorra izan nahi, itsasoak badu-eta esperantzarik: lankide batek kontatu berri digu 11 urteko alabak etxean esan diela ez duela ikastetxeak Lekarozen (bai, Lekarozen) antolatuko duen English Weekera joan nahi. Neskak honela azaldu die erabakia: “zertarako joanen naiz herri euskaldun batera ingelesez mintzatzera?”. Tutoreari ez zaio erabakia askorik gustatu, baina gure lankideak, ingelesaren matrakarekin ni bezain gogaitua bera, pozez eta harro kontatu digu gertatutakoa. Alaba ez da Lekarozera joanen.
Neskato horren erabakia buruan, otu zait hor egon litekeela ingelesak ikastetxeetan hartu duen garrantziaz kokoteraino gauden gurasoen aukera: beharbada gure desadostasuna erakusten hasi behar dugu, edo, gutxienez, ingelesa hautazkoa izan dadila eskatzen, HHko urteetan behinik behin. Leloetan ere pentsatzen hasi naiz: “HH: ingelesaren inposiziorik ez”, “HH: ingelesa askatasunean”; “Ingelesa HHn? Ez, eskerrik asko”; “Ingelesa HHn? Aukeran, nahiago ez”…[1]
[1] Hau ez da gaiari buruz idazten dudan lehen aldia. Blog honetan bertan testu hau argitaratu nuen orain dela ia 10 urte. Eta, Euskalerria Irratian, beste hau 2024an. Bestetik, testua idatzi ondoren, honat ekartzeko hagitz aproposa iruditu zaidan aspaldiko artikulu honen berri izan dut. Joxe Manuel Odriozolarena da eta bikain aletzen ditu ingelesaren sarrera goiztiarrak eragindako ohar kritiko zenbait.
Azkenaldian maiz irakurtzen dut joera handia dagoela euskara eta gaztelania biak nahasian hitz egiteko. Hizkuntzak nahasteko joera ez da berria, ez euskararekin bakarrik gertatzen den zerbait ere. Komunitate elebidunetan ohikoa da kideak hizkuntza batetik bestera aldatzea, ez bakarrik elkarrizketan zehar, baita esaldi beraren barruan ere.
San Sebastian bezpera honetan danbor hotsekin batera Raimundo Sarriegi musikagilearen martxa entzunez gero, eta bukaeraraino entzuteko aukera izanez gero, egiaztatuko dugu inauteriak datozela laster. Tolosar gehienok oso gustuko dugunez inauteriez hitz egitea, inauterietako umorezko bertso hauek aipatu nahi ditut. 1902an argitaratu ziren.
Canciones bonitas nahi nituzke jarri, para los carnavales entretenigarri; riñendo estuvieron senar-emazte bi, diciendo disparates batak besteari.
La esposa decía senarragatikan: —No le puedo sacar ardotegitikan; se pone calientenafar beltzetikan, nole gusta remojar iturrikotikan.
Nerabezaroko inauteri batzuetan entzun nituen lehenengoz bertso horiek, lehengo mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadan. Umorezko edukia izateaz gain, kantu horien bereizgarria bi hizkuntzatan izatean datza. Eta grazia areagotzeko, euskal ahoskera eta ebakerarekin kantatzen ziren, edo hala ikasi nuen nik behintzat:
Can-tzi-o-nes bonitas;
diziendo disparates.
se pone ca-li-ente
Gaur egun ere kantatzen ditugu, baina gaztelaniazko zatiak euskal ahoskera eta ebakerarekin kantatzeko ohitura galtzen ari da. Hala ere, uste dut denak jabetzen direla hizkuntzak nahasian ari direla erabiltzen eta horixe dela bertso horien bereizgarria.
Lau urte edo nituenean gaztelania noiz ikasi behar nuen galdetzen omen nuen. Gurasoek sortu berria zen ikastolara eraman ninduten frankismo garaian. Oraindik gaztelaniaz hitz egiteko gai ez izateak ez zidan arazorik eragin, nire adineko beste batzuei gertatu zitzaien modura, baina jabetuta nengoen etxeko hizkuntzaz gain beste bat ere bazela inguruan. Ez naiz ondo gogoratzen noiz eta nola, baina ikasi nuen gaztelania, eta gaztelania ikastearekin batera hasi nintzen euskaraz ari nintzela gaztelaniazko esapideak sartzen. Eta orduan alarma gorria pizten zen. Gurasoek esaten zidaten erabili nuen hura ez zela euskara eta gogorarazten zidaten esan nahi nuena euskaraz nola esaten zen. Lehenengo alarma gorria etxekoa izaten zen.
Hurrengo alarma gorria ikastolakoa izaten zen, han ere behin eta berriz esaten baitziguten euskaraz egin behar genuela. Nerabezaro garaian irakasle batek ipuin bitxi bat idatzi zuen ikastolako aldizkarirako. Gaitz batek jotako familia baten kontakizuna zen, guraso eta bi seme-alabez osatuta zegoen familia batena, eta elkarren artean beti gaztelania eta euskara nahastuaz hitz egin zuten. Hori zen familia hartako kideek zuten gaitza: ezin zuten hizkuntza bakar batean hitz egin; beti nahasten zituzten euskara eta gaztelania. Ipuin osoan elkarrizketak gaztelania eta euskara nahastuta zeuden idatzita. Baina ipuinaren bukaeran irakaspena zetorren: aipatzen zuen gaitz hura kutsakorra zela, gero eta jende gehiagori eragiten ziola eta erne ibili beharra zegoela harrapa ez gintzan.
Bi hizkuntzak nahasian erabiltzea ez da kontu berria, lehen ere gertatzen zen, jakina, baina lehen jabetzen ginen edo jabearazten gintuzten ez ginela erabat euskaraz ari edo ez genbiltzala erabat zuzen.
Gaur egun, ordea, susmoa dut bi hizkuntzak nahasian erabiltzeko ohitura dutenetako askok gero eta gehiago uste dutela euskaraz ari direla. Lehengo batean jaioterrian lagun batekin nengoela, haren ezagun batekin egin genuen topo eta hizkuntza biak nahasian hizketan ari zen bitartean esan zigun etxean beti euskaraz egiten zutela. Konfiantzarik ez nuenez, ez nintzen ausartu ezer esatera, baina nire artean pentsatu nuen ezinezkoa zela etxe hartan dena euskaraz egitea, berak esaten zituenaren erdiak gaztelaniaz esaten ari zenean. Sarri aipatzen den modura, Lazkao Txiki ez zebilen oker.
Laurogeita hamarreko hamarkadan Gasteiza joan nintzen lanera eta han beste alarma gorri batzuk piztu zizkidaten; kasu horretan gaztelaniaz hitz egiterakoan dauzkadan interferentziei dagozkienak. Orduan ikasi nuen sacar ruido ez dela txukuna gaztelaniaz; meter ruido behar duela.
Lehengo egun batean autoan lanera nindoala zarata sartu entzun nuen irratian eta pentsatu nuen benetan xelebrea dela nik urteak pasa izana sacar ruido esanez, gaztelania jatorrean ari nintzelakoan, eta orain euskaraz zabaltzen ari den forma zarata sartu izatea.
Bai, irakurle, ondo irakurri duzu: interpreteon anekdota bitxiak jasotzea bururatu zaigu oraingoan. Lanbide guztietan suertatzen dira egoera bitxiak, haserrearazten gaituztenak zein barre galanta ateratzen digutenak. Beraz, zergatik ez hemen partekatu?
Hona hemen momentura arte jasotako batzuk:
Taldeko interprete bat Brasilen lanean zebilela, sendagile batzuen interprete izatea tokatu zitzaion, faveletan. Aldibereko interpretazioa eskaini zuen infoportarekin, aldibereko interpretazioa zer zen ere ez zekiten pertsonentzat. Entzuleek flipatu egin zuten entzungailuak jarri eta hizlariek hizkuntza arrotz batean ziotena aldi berean portugesez entzuten hasi zirenean. Asko baloratu zuten, baina interpreteari esan ziotenez, are gehiago baloratu zuten entzungailuak erabili izanari esker inoren hatsa ondo-ondotik usaindu behar ez izatea.
Atzerriko delegazio bat etorri zen Brasilgo osasun sistema publikoa ezagutzera. Hizlaria gobernuko arduradunetako bat omen zen, politikaria, eta delegazioko kideei bisita gidatua eskaini zien ospitale batzuetan. Interpreteak berarekin joan ziren, infoportarekin aldibereko interpretazioa egiteko. Ospitale nagusiez gain, kanpoaldeko ospitale berri bat ere bisitatu zuten, zehazki, larrialdi zerbitzua. Jendez lepo zegoen, eta pazienteak politikaria bertan zela enteratu zirenean, kexa guztien berri ematen hasi ziren, zarataka. Politikariak, bestalde, kexak ez interpretatzeko eskatu zien interpreteei, atzerriko delegazioak uler ez zitzan. Hala ere, atzerritarrak konturatu egin ziren interpreteak ez zirela dena itzultzen ari. Interprete gaixoak, erdi-erdian.
Interpreteak kabinan zeuden behin, soinu-teknikariarekin batera. Antza denez, teknikaria logura zen, eta loak hartu eta zurrungaka hasi zen. Zurrungak interpreteen mikroetatik kolatu eta entzuleek ere entzun zituzten.
Interprete batzuek hotel batean eskaini behar izan zuten interpretazio-zerbitzua eta ez zieten kabinarik jarri. Horren ordez, hoteleko langileek erabili ohi zuten gela baten sartu zituzten. Interpreteak lanean ari zirela, gizon bat sartu zen gelan. Hoteleko langilea omen zen, eta gela hori aldagela modukoa omen zen. Beraz, interpreteak lanean ari zirela arropa kentzen hasi zen, lanekoa janzteko. Interpreteak lanean eta gizona galtzontzilloetan. Hori bai, erabilera anitzeko kabina.
Frantsesetik ingelesera interpretatu beharreko bilera batean, hizlari frantsesa “la réunion” gora eta behera aritu zen eta interpreteak “the meeting” (bilera) terminoa erabili zuen hura itzultzeko. Saioak aurrera egin ahala, beharbada hizlaria beste zerbaitetaz ari zela susmatu zuen interpreteak, eta halaxe izan zen: bilera amaitutakoan, entzule batzuk joan zitzaizkion interpreteari, barreka, hizlaria “La Réunion” uharteaz ari zela esanez.
Honaino ba, anekdota bitxi batzuk. Askoz gehiago ditugu; beraz, adi hurrengo artikuluari!
Blog honetan egin nuen azken artikuluari “Juan Pedrorenak” izenburuari jarri nion, Jon Etxegarai Agara gure lankide zenaren ohoretan, hark erakutsitakoetatik tiraka sailtxo bat egiteko asmotan.
Aurrekoan esan nuenez, Juan Pedrok gauza asko erakutsi zizkidan, eta oso gogoan ditut berak niri eta beste batzuei esandakoak. Azken bi hilabeteotan, gainera, buruan bueltaka dabilzkit kalko okerrak, horri buruzko ikastarotxo bat eskatu baitidate. Nahi gabe ere, oharkabean, kalko okerrei buruzko gogoeta etengabean ari naiz egun hauetan, adibide-ehizan, eta horrekin batera etorri zait blog honetarako enkargua.
Horregatik erabaki dut “eskaini” aditzaren kalko okerra hartzea hizpide.
Kalko oker horren kontrako borrokan, oroimenak huts egiten ez badit, Mikel Taberna lankidea ere aritzen zen. Uste dut Mikeli ere aditu niola noizbait ere horri buruzko zerbait.
Esaten zidan Jonek: Zergatik erraten ditek “hitzaldi bat eskaini zuela”? Galdetu zian hasieran hizlariak jendeak aditu nahi ote zuen? Ez. Ez zian deus eskaini. Eman egin zian hitzaldia.
Joan zen mendean Joni hori aditu nion arte behin ere erreparatu gabe nengoen. Baina arrazoi zuen, jakina. Eta begi-bistakoa da gaztelaniatik hartutako kalko okerra dela, gaztelania ustez dotorean aski normala baita esatea norbaitek “ofreció una charla”.
Kalkoak arrakasta izan du, eta berehalaxe aurkitu ditut halako adibideak:
Rich Bakerrek Master Industrialekolehen mailako ikasleentzat ponentzia bat eskaini zuen, “Makinen Diseinu, Kalkulu eta Egiaztapena” enbor ikasgaiaren barne. (Mondragon Unibertsitatea)
Tumaker enpresak hitzaldi bat eskaini zien Industriako Fabrikazio Gehigarriko Masterreko ikasleei. (Mondragon Unibertsitatea)
Larrazabalgo hitzaldia, baita Larrazabalgo otordua izenez ere ezaguna, 1893ko ekainaren 3an Sabin Arana Goirik garai hartan Bilbotik hurbil zegoen Begoñako Larrazabal baserri-txakolindegian eskaini zuen hitzaldi bat izan zen. (Wikipedia)
Biziolak lehen aldiz hitzaldi bat eskaini zuen atzo Aiora Zabalaren “Natura Gure Esku” liburuaren aurkezpenarekin. (Goierri irrati telebista)
Maiatzaren 10ean Silvia Federicik hitzaldi bat eskaini zuen museoan. (erran.eus)
Motorrak berotzen joateko, gaur goizean adineko pertsonei zuzenduriko hitzaldi bat eskaini dute osasun zentroko kideek zinean. (Alegiako Udala)
Uribarri guneko Magala espazio pedagogikoak hitzaldi berri bat eskaini zuen aurreko ostegun arratsaldean. (Modraberri)
Irailaren 26an, Zumarragan, adinkeriari buruzko hitzaldi bat eskaini zen, Zumarragako Adineko Pertsonen Astearen egitarauaren barruan (irailaren 25etik urriaren 1era ospatuko da). (euskadi.eus)
James Randi magoak, eszeptizismoaren eta zabalkundearen arloko aditu ospetsuetako batek, Labpsico bisitatu eta hitzaldi bat eskaini du Deustun. (Deustuko Unibertsitatea)
Hernaniko alkateak Hernani Burujabe proiektuaren inguruko hitzaldi bat eskaini du EHUko udako ikastaroetan. (Hernaniko Udala)
Orkestrako zuzendari orokorra den Iñigo Alberdik hitzaldi bat eskaini du “Fórum Europa. Tribuna Euskadi”. (Euskadiko Orkestra. Basque National Orchestra)
Eskarne Lopetegi Zalakain filologoak INGURA euskara on line ikas-plataformari buruzko hitzaldi bat eskaini du euskara irakasteko 2025-2026 ikastaroaren irekieran. (Euskarabidea. Nafarroako Gobernua)
Patricia Viscarret mendizaleak hitzaldi bat eskaini du Karakorum mendiari buruz. (NUP)
…Carmen Muñoz Regueras Ramon Bajo ikastetxe publikoko maistra, hitzaldi bat eskaini zuena. Parte hartu zuten ere Haizea Domingo Bilbao eta Rakel Gamito Gómez ikasleek… (Euskal Herriko Unibertsitatearen aldizkaria)
Itzultzaile neuronalak ere kalko oker hori zabaltzen laguntzen ari dira, Adimen Artifizialak dituen arriskuen erakusgarri. Begiratu besterik ez dago “El profesor universitario ofreció una charla a 30 alumnos de ingeniería” esaldia nola ematen duten.
Itzultzaile neuronala: Unibertsitateko irakasleak hitzaldia eskaini zien ingeniaritzako 30 ikasleri
Elia: Unibertsitateko irakasleak hitzaldia eskaini zien ingeniaritzako 30 ikasleri
Traslator (Google): Unibertsitateko irakasleak 30 ingeniaritza ikasleri hitzaldia eman zien
Corpusetan begiratuz gero ere, asko dira halako adibideak. Txikikeria da, jakina, baina halako ale asko sartzen ari zaizkigu euskaran, eta, obsesiorik gabe ere, aurre egin beharko diegu. Ederki dakigu kalko batzuk egokiak direla eta tokia izanen dutela noizbait ere gure hizkuntzan. Beste batzuk, aldiz, ez dira ez egokiak ez beharrezkoak. Euskara kalko okerrez betetzen ari zaigu egoera diglosikoaren ondorioz. Oreka zailean egin beharko dugu aurrera: auzo-erdaren ekarpenak onartu eta integratu, baina haien mendeko bihurtu gabe.
EIMAren Kalko Okerrak liburuan ez dut aurkitu kalko honi buruzko aipamenik. Eta artikulu hau bukatzen ari nintzela, azken bilaketa egin, eta hara, ustekabea, EBEk bai, jaso du. Ez dakit noiz sartu zuten, baina honela dio Euskara Batuaren Eskuliburuak:
eskaini Erdararen kalkoz —es: ofrecer, fr: offrir—, ez dagokion adiera ematen zaio batzuetan. Egoki da esatea ardoa eskaini, bertso bat eskaini, laguntza eskaini…; baina prentsaurrekoa, hitzaldia, kontzertua eskaini eta gisakoak ez dira egokiak (> prentsaurrekoa, hitzaldia, kontzertua eman, egin, jo…).
Gogoan izango duzue jolasa. Lagun batek hitz bat edo esaldi labur bat xuxurlatzen dio belarrira beste bati, bigarren horrek hirugarren bati errepikatzen dio ulertu duena, hark laugarren bati eta abar… harik eta ilarako azkenak belarriz belarri desitxuratuta iritsi zaiona ahoz gora esaten duen arte. Eta orduan, horiek barreak eta horiek algarak! Bilakaera nola gertatu den ulertu nahia etorri ohi da jarraian: “Baina, zuk zer esan didazu?”, “A, nik hau ulertu dut”, “Eta beste hori nondik atera da, orduan?”… Eta berriro barreak eta berriro algarak. Guk gaztelaniaz izendatuta aipatzen genuen jolasa txikitan: teléfono escacharrado. Telefono hondatua, alegia.
Itzulpengintzan zubi-hizkuntzak eta zubi-testuak erabiltzen dira askotan, eta, telefono hondatuaren jolasean bezala, bilakaerak eta galerak gertatu ohi dira hala jardutean. Bilakaerak eta galerak, egia esan, beti gerta daitezke eta gertatzen dira, zubi-testuetatik itzultzean zein jatorrizkotik zuzenean aritzean. Itzultzearen jardunari berezkoa zaion zerbait dela esaten ausartuko naiz. Baina zuzenean jatorrizko testua ez baizik eta bitarteko itzulpen bat erabiltzen denean abiapuntu gisa, jatorrizkoaren egileak esan zuenetik azken itzulpenera arteko aldea handiagoa izatea espero ohi dugu denok; are gehiago literatura itzultzean, non kontatzen denaz gain nola kontatzen den ere asmoz eta esanahiz betea izaten den.
Demagun Jon Miranderen poema zati hau:
Aintziko urerat ilargi laurden bat erori zen, zuri, jori, gauko zitu zori: igelek jan dute, igeltto igeldariek.
Ez dakit Miranderen poema hau hizkuntzaren batera itzulita dagoen. NordaNor datu-basean jasotzen den Miranderen poesia itzulitik (gaztelaniarako hiru antologia edo liburutan eta alemanerako batean itzuli omen da Miranderen poemaren bat) Iñaki Aldekoak Visor argitaletxerako prestatutako edizioa baino ez dut esku artean, eta han ez da ageri. Nolanahi ere, erraz irudika ditzaket balizko itzultzailearen nekeak eta izerdiak taxuzko itzulpen bat ontzeko ahaleginean. Errepara diezaiogun alderdi fonetiko eta erritmikoari: aliterazio nabarmeneko zuri, jori, zitu, zori segida, adibidez, edo igeltto igeldari (igerilari) hitz-jokoa. Itzultzaileak hitzen esanahia (esanahi denotatiboa) baino ez transferitzea erabaki lezake, alderdi formala imitatzen ahalegindu gabe; edo xede-hizkuntzan antzeko aliterazio edo hitz-jokoren bat bilatzen saia liteke, bestela. Bigarren kasu horretan, formari dagokionez baliokidea izan litekeen zerbait proposatzea erabakiko balu, alegia, zail izango luke jatorrizkoaren esanahi bereko ordainak hautatuta efektu fonetikoari eustea ―kasualitate handia litzateke euskarazko hitz horientzako erdal ordain zuzenek aliterazio bat gordetzea beren artean―; hitzen bat aldatu beharko luke ziurrenik, eta formalki ondo datorkion baina esanahi aldetik jatorrizkotik urruntzen den hitzen bat edo beste txertatu. Bestela esanda, Miranderen hitzon esanahi semantikoa bere horretan eman nahiko balu, forma mailako edertasuna sakrifikatu beharko luke; eta artifizio formalari eusten saiatu nahiko balu, eduki mailan traizio txikiren bat egin beharrean egongo litzateke ziurrenik.
Imajinatu, orain, balizko itzultzaile horren itzulpena Miranderen poema hirugarren hizkuntza batera itzultzeko zubi-testu gisa erabiltzen dela, bai baitakigu, Eli Manterolak hemen adibidez ondo azaldu duen bezala, euskal literatura kanpora zabaltzeko bide ohiko samarra euskaratik zuzenean ez baizik eta gaztelaniara egindako itzulpenetatik abiatzea dela. Bada, hirugarren hizkuntza horretako itzultzaileak, tarteko itzulpena baino ezagutzen ez duelarik, zerbaiten faltan egingo du bere itzulpen-proposamena ezinbestean. Baldin eta esku artean darabilen zubi-testuan lehen itzultzaileak alderdi formalari ez erreparatzeko hautua egin badu, hirugarren hizkuntzan diharduen itzultzaile honek arrastorik ere ez du izango Miranderen jatorrizko poeman lerro horietan aliterazio nabarmen bat zegoela edo igel eta igeldari hitzen artean hitz-joko bat egiten zela, eta bere itzulpenean ez du halakorik jasoko. Eta, kontrara, lehen itzulpenaren egileak artifizio formalari eutsi nahi izan balio, litekeena denez forma imitatu nahiaren ondorioz edukian aldaketatxoak egin behar izana, hurrengo itzulpenaren egileak ez luke jasoko Mirandek jatorriz zerrendatutako kontzeptu sorta (zuri, gori, zitu, zori), ezpada tarteko itzulpenean nola edo hala aliterazio bat egitea ahalbidetu duen hitz segida bat, traizio semantiko eta guzti.
Pertsona batek zubi-testuen bitartez itzultzen duenean, aurreko itzultzaileak ahaztutakoak, ez ikusiak, oker interpretatutakoak, desbiderarazi edo urrunarazitakoak, apropos aldatutakoak… bere egiten ditu. Tarteko itzultzailearen mende dago erabat; hartaz (eta haren mugez eta bizioez) fidatu beste aukerarik ez du. Eta bai, noski, badago kontrasterako zubi-testu bat baino gehiago erabiltzea, nahiz eta horrek buru-hauste franko ekarri ohi duen (bertsioen arteko kontraesanak ebaztea ez baita erraza izaten) eta azken beltzean ezeren berme ziurrik ere ez den (Joannes Jauregik zubi-testuak erabiltzearen inguruko bere esperientzia kontatu zuen hemen).
Goiko adibidean euskarazko testu bat erdaratzeaz aritu naiz, baina kontrako norabidean ere, hots, erdara ezezagun samar batetik euskarara itzultzeari buruz hitz egitean, erreparotxoak eta beldurrak topatu izan ditut inguruan, batez ere poesia itzultzeari dagokionez. Merezi ote du poeta txinatar edo suediar baten obra euskaratzen saiatzea, adibidez, jakinik jatorrizkoaren erritmoa eta errima, musikaltasuna, esanahi gordeak, kultur erreferentzia ezkutuak, tradizio guretzat ezezagunen eraginak… izpiritua, azken finean, ez dugula guztiz antzemango?
Nik argi dut. Zabaldu dadila Miranderen obra eta euskal literatura guztia mundura, baita zubi-hizkuntzetatik (eta nagusiki gaztelaniaren eta frantsesaren iragazitik) pasatuta izan behar badu ere. Irits dadila erdizka, kamustuta, eraldatuta, bitartekarien ahuleziek herbalduta eta bizioek itsustuta; baina irits dadila. Eta ezagutu ditzagun munduko literaturak euskaraz. Ez ulertzen ditugun eta beraz zuzenean itzul ditzakegun hizkuntzetan idatzitakoak soilik, baizik eta denak. Irakur ditzagun munduko bazter guztietako idazleak euskaraz; gure inguruko hiru hizkuntza handiak (gaztelania, frantsesa, ingelesa) bitartekari direla, ados, baina euskaraz. Izan ere, zein da alternatiba, bestela? Munduko bazterretako autoreak ezagutu gabe geratzea? Euskarara zeharka egin den itzulpen bati muzin egiteagatik autore hori azkenerako gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez irakurtzea?
Eta bai, egia da: editore eta itzultzaile espainol, frantses eta ingelesen mendekotasun handia dugu. Haiek mundutik beren hiru hizkuntza handietara itzultzeko aukeratzen dutena da hein handi batean gero guk euskarara itzultzen duguna. Gure munduaren neurria beraiek ezartzen dute gutxi-asko. Hor badugu zer hausnartu, eta badugu ohiko informazio-iturrietatik aparteko bidezidorrak arakatu beharra.
Nolanahi ere dela, belarritik belarrira ilarako azkeneraino iristen den hori, itxuragabetuta eta esanahiberrituta bada ere, irits dadila euskaraz.