Belarriko kilkerra

Amelia Pérez Conde

Aurreko artikuluan ahozko istorioak literatura idatzira ekartzeari buruz idatzi nuen. Artikulu honetan gai berari helduko diot berriro, baina kasu honetan Uxue Alberdi idazle eta bertsolariak idatzitako Belarriko kilkerra izeneko liburua aipatuko dut.

Itxialdian, denboraldi berezi hartan, Uxueren aitak audioak bidali zizkion Uxueri, egun berezi horiek sormenez edertzeko. Itxialdia amaituta, Uxue beste liburu bat idazten ari zela, bat-batean, istorio horiekin gogoratu zen, eta hauxe bururatu zitzaion: aitari, lagunei eta hurbileko pertsonei eskatzea istorioak berari ahoz kontatzea eta, gero, ahozko istorio horiek idatziz jasotzen saiatzea. Ez da ariketa erraza!

Uxuek azaldu du ariketa horretan bereziki zaindu duela istorio idatziek ere ahozkotasunaren xarma eta ñabardurak izatea. Izan ere, ahozko istorioetan kontalarien ahotsa, begirada eta gorputz-hizkuntza, besteak beste, oso garrantzitsuak dira, eta batzuetan kontalariek gauza ugari esaten dituzte hitzik gabe. Baina literatura idatziak ere baditu bere baliabideak, eta haietako batzuk, adibidez, ilustrazioak dira. Belarriko kilkerra liburuaren ilustrazioak Begoña Durruty-k egin ditu, beraz, badugu aukera ilustrazioekin ere gozatzeko.

Mende beteko istorioak zabaldu ditu liburuan, eta, agian, horixe da inportanteena, istorio horiek gaur egun aukera handiagoa dutela bizirik jarraitzeko. Izan ere, bidaian hasi dira jada, eta transmisio-katea zabaltzen ari da, istorioak Belarriko kilkerra liburutik irakurleen ahora jauzi egiten ari baitira. Hona hemen adibide bat (amaierara arte adi egotea gomendatzen dizuet!): Polloeko Burezurra.

Uxueren hitzetan, ahozkotasuna, transmisioa eta memoria dira liburuaren hiru zutabeak. Gaiak gizaki guztioi kezkatzen gaituztenak dira, besteak beste, ausardia, lotsa, beldurra eta gosea; nork ez du halakorik sentitu! Eta nork ez du horri buruz gehiago ikasi nahi! Liburua lau ataletan banatuta dago. Lehenengo atalean bihurrikeriak kontatzen dira; bigarrenean, heriotza eta galerak (Zerurako eskailera du izena); hirugarrenean pertsonen arteko harremanak jorratzen dira, baita batzuetan sortzen diguten mina ere; eta laugarrenean gorputza da hari nagusia, nahiz eta gorputza eta gorputz-atalak liburu osoan gai garrantzitsua izan.

Uxuek azaldu duen bezala, istorioak aitak, lagunek eta kontalari askok kontatu zizkioten, baina beste batzuk, ordea, Ahotsak proiektuaren bidez ezagutu zituen. Ahotsak proiektuaren helburua Euskal Herriko ahozko ondarea zaintzea da, hain zuzen ere, eta urte asko eman ditu ahozko istorioak babesten. Proiektuko istorioak herrika eta gaika antolatuta daude, eta istorioekin batera, tradizioak eta beste garai batzuetako bizimoduak ere ezagutzen ditugu. Hona hemen adibide bat: Laboreak ikasten.

Batzuetan guk aukeratzen ditugu istorioak, beste batzuetan istorioek gu aukeratzen gaituzte, baina istorio bat partekatzen denean, zerbait ikasten dugu beti, edo, are garrantzitsuagoa, zerbait sentitzen dugu beti. Bestalde, Uxuek liburuaren harira beste gai garrantzitsu bat aipatu du: «jolasean heldu ziola erronkari»; izan ere, helduok maizago jolastu beharko genuke!

Kanpaina instituzionaletako euskara

Alfontso Mujika

Erakunde publikoek kanpaina instituzional ugari egiten dituzte, eta ikus-entzunezko komunikabideetan eta kaleetan noiznahi ditugu kanpaina horietako iragarki laburrak ikusgai, entzungai, irakurgai.

Gaztelaniaz pentsatu eta diseinatutako kanpainak izaten dira ia guztiak, badakigu, baina mezuak euskaraz ere ematen dira. Kanpaina instituzionaletako mezuak ez dira izaten publizitate-mezuak bezain deigarriak, bezain “sortzaileak”, ez dute hizkuntza-jokorik izaten, ez dira izaten hizkuntza baten esapide edo atsotitzen baten inguruan edo hitz baten adiera-joko baten inguruan ardaztuak, erreferentzia-irudi eta guzti. Alegia, ez dira izaten kanpaina burutsu horietakoak, kanpaina abiarazi baino egun bat lehenago edo ordu batzuk lehenago ¡Pónmelo en euskara! esaten dizuten horietakoa, itzultzaileari, zuzenean, Hoa kaka egitera hire kanpaina txatxu itzulezin horrekin! pentsarazten dion horietakoa (bezeroari zer pentsatzen duen ezin esango badio ere).

Ez, ez dira horrelakoak izaten. Aurrezki-kutxa estiloko iragarkiak izaten dira: mezu lauak, laburrak, konplikaziorik gabeak (irudi oso editatuak, jende atsegina, giro lasaia), testu laburrak eta argigarriak, landuak, helburua informazioa ematea izaten baita. Beraz, goitik behera erdaraz pentsatuak badira ere, ez dira arazotsuak izaten itzultzeko. Eta jende askok ikusiko/entzungo/irakurriko dituenez, uste dut zilegi ez ezik beharrezkoa dela itzulpen zainduak, duinak izatea eskatzea, euskara naturala eta ez behartua erabiltzea eskatzea. Hau da, aldizkari ofizial batean ezkutatuta argitaratuko den eskola baterako hornigaien zerrenda bat itzultzean ezin eskatuko diogu itzultzaileari literatura egitea, baina kanpaina instituzional batean, non xehetasunak eta mezuak zaintzen baitira, euskarara itzulitako testua konplia izatea eskatzea ez da asko eskatzea, ezta?

Hona hemen lau erakusgarri, azken bi hilabeteotakoak.

1- ETEentzako laguntzak

Eusko Jaurlaritzak 2024ko ETEentzako Laguntza Plana onartu du, eta ETBn egunero ematen ari dira iragarki hau:

https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/albistea/2024/eusko-jaurlaritzak-2024ko-eteentzako-laguntza-plana-onartu-du-gobernu-kontseiluaren-urteko-lehen-bileran-gobernu-bilera-2024-1-9

Izenburuan bertan dago lehen arazoa:

<ETEntzako> hori <ETEentzako> izango da, ezta?

Eta barruan, ahozkoan, desberdin dontsua: “laurogei programa ezberdin baino gehiago”.

(Ez hadi pipertu, Alfon, desberdinarena gerra galdua duk)

2- Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren iragarki bat auzoko taberna batean, joan den abenduan, adinekoen eta gazteen arteko bizikidetza bultzatzeko KUVU proiektuaren berri emateko.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

¿Eres una persona jubilada con una habitación vacía en casa?

Etxean logela huts bat duen jubilatua zara?

Erlatibo zehaztaile desegoki batez eta, gainera, “bat” kenduta. Zer da, itzultzaile automatikoaren itzulpena?

Nola adieraziko genuke euskara naturalean mezu hori gaizki kalkatu beharrean? Adibidez, honela:

Jubilatuta zaude eta logela huts bat duzu etxean?

(Ez hadi pipertu, Alfon, aldamenean gaztelaniazko esaldia daukak, gaizki-ulertuak argitzeko)

3- Emakumeen aurkako indarkeria

Berdintasun eta Justizia Sailaren emakumeen aurkako indarkeriari buruzko iragarki bat. Bideo labur bat da, egun hauetan egunero ematen ari direna ETBn. Emakume bat ageri da hizketan, eta honela dio:

“(…) senarra suminduta iristen da lanetik, eta nirekin ordaintzen du.”

Ez dakigu zer ordaintzen duen, baina badakigu denok zer dagoen atzean: “la paga conmigo”.

(Ez hadi pipertu, Alfon: irristadatxo bat)

4- Gazteaukera

Eusko Jaurlaritzaren Gazteaukera atariak (Euskadiko gazteentzako informazio-atari ofiziala) Emantzipa programaren bidez laguntzak ematen dizkie emantzipazio-prozesua hasi nahi duten gazteei. Iragarki bat egunero jarri dute duela gutxi arte ETBn. Honela dio: (https://twitter.com/Gazteaukera/status/1735250981657453043)

<25-29 urte bitartean badituzu eta emantzipatu bazara edo egin behar baduzu, hilean 300 euroko laguntza eduki dezakezu…>

“emantzipatu bazara edo egin behar baduzu,”

Egin behar baduzu zer? Garbi dago zein den egin aditz anaforiko ustel horren jatorria: si te has emancipado o vas a hacerlo.

(Ez hadi pipertu, Alfon: zorionez gaztelaniaz badakigunez, euskara hori uler zezakeagu)

Iragana bihurtzea

Borja Ariztimuño López

Irulegiko Eskua jendaurrean aurkeztu zutenetik urte luzea igarota, oraindik ere argitu ezinik gabiltzala, egitekoaren konplexutasunak ageri-agerian uztea ezinbestekoa da, hasierako euforiak estalirik geratu ziren ohartarazpen eta zuhur-hitzak aldarrikatuz.

Gaurko sarreraren izenburua ez da nahikari edo eskari baten adierazpen traketsa, eta ez naiz “iragan denbora beti hobe” topikoaz arituko; ez eta iraganera bidaiatu ahal bai, baina hura aldatu ezinaren paradoxaz ere.

Blog honen testuinguruan uler bedi bihurtu aditza; ‘itzuli’, alegia, ‘translatatu’, ‘traduzitu’.

Izan ere, zer da testu zahar bat (areago idazkera [ia] ezezagunean idatzirikoa) ulertzea, geureagoa den hizkuntza-molde batera ekartzea baino?

Hala bada, zer behar du kontuan hartu itzultzaileak testu bat bihurtzerakoan? Lehenik eta behin, sorburu- eta helburu-hizkuntzak; hots, horiek ongi ezagutu behar ditu. Horrez gain, nork, norentzat eta zertarako idatzi duen ere jakitea komeni zaio (testuingurua), hitz, esapide eta molde guztiak egoki interpretatuko baditu. Orobatsu da, funtsean, epigrafista, filologo edo hizkuntzalari diakronikoek testu zahar eta antzinakoen aurrean beharko luketena.

Areago, sorburu-hizkuntza eta idazkera bera ezezagunak edo erabat identifikatu/dezifratu gabeak direnean, corpus zabala eta adibide elebidunak eskura izatea da desiragarriena; besteak beste, argudiaketa zirkularretan ez erortzeko.

Iberieraren kasuan, adibidez, ez dugu azpian dagoen hizkuntza egiazki ezagutzen, baina, halere, idazketa-sistema nahiko ongi (ez guztiz) ulertzera iritsi dira. Ez dago egiazko testu elebidunik, baina bai corpus nahiko zabala, zeinetan pertsona- eta leku-izen zenbaiten formak ziurtasunez identifikatu diren. Horiekin batera, zenbait atzizki posible eta, zalantza askoz handiagoz (ene ustez, bederen), aditz-formaren bat eta terminologia-kontu lauso batzuk.

Aldiz, historikoki ezagutzen dugun euskararen 1.500 urte lehenagoko ezaugarriez ezer gutxi dakigu (jakinen adiera hertsienean), harrietan zizelkaturiko elementu onomastikoetatik (zeharka, beraz) ondorioztatu ahal izan diren kontu batik bat fonetiko-fonologikoez gain. Zoritxarrez, barne-berreraiketak eta bestelako eraikuntza teorikoek ez digute esaten igarritako aitzin-hizkuntza hori noizkoa den.

Bestalde, Irulegiko Eskuaren azpian datzan hizkuntzaz hipotesiak besterik ezin genezake egin, idazkeraren berezitasunak eta bestelako ebidentzia negatiboek (“ez da/dirudi zeltiberiera edo iberiera”) uzten diguten heinean. Alabaina, hipotesi horiek baieztatzeko edo, gutxienez, argudio linguistikoez janzteko, corpus murritz eta bakanegia dugu lau lerro horietan. Ezagunak dira Rosetta harriaren eta B lineal delakoaren aurkikuntzak eta dezifratzeak, baina ez ohi da horrenbeste azpimarratzen horien atzeko historia eta kronologia. Ez zen magiarik jazo orduan, eta ez da halakorik gertatuko orain ere. Lan handia eta denbora nahikoa ezinbesteko osagaiak dira.

Horiek horrela, neure iritzia azaldu nahi nuke, dagoeneko idatzirik dagoen iraganaren iragarpen moduan: nago Irulegiko Eskuaren misterioa ez dela argituko harik eta lekukotasun gehiago agertu arte, gutxienez. Eta orduan ere, ziurrenik argitasuna ez da berehalakoan etorriko.

* * *

Iraganera itzultzeko motibo asko izan litzake pertsona batek; esaterako, eginiko hutsak ekiditea edo bidelagunez garaiz aldatzea. Hizkuntzalari gisa, bidelagun horiek izan daitezke ezagutzan oinarrituriko hipotesiak eta argudioak, hizkuntzak berak edota datuak ikusteko moduak (marko teorikoak). Horiek aldatzea errazagoa da, horretarako arrazoirik aurkituz gero, iraganerako itzulia erosoagoa eta emankorragoa izan dadin, iragana bihurtu (‘bihurritu’) gabe.

Aukerak

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Nafarroako administrazioak sortzen dituen testuetan erruz ugaritzen ari dira molde honetako esaldiak:

1) Los deseos como fuente de conflicto.

2) Se le entregó la fotografía como recuerdo de la estancia.

3) A través de planes de transformación de azoteas como espacios comunitarios.

4) a. La mediación escolar como clave de empoderamiento infantil;    

   b. El uso de la mediación escolar como empoderamiento infantil.

5) Es interesante considerar el comedor como un recurso educativo.

6) Es necesario entender la educación en su sentido amplio, más allá de su simple consideración como escolarización.

7) Las personas físicas o jurídicas que sean gestores de los vertederos, como sustitutos de los contribuyentes.

Euskaltzaindiak EBEn esana digu “ez dela egokia gaztelaniazko ‘como’ edo frantsesezko ‘comme’ guztiak bezalarekin ordezkatzea; euskarak baditu molde propio egokiak horretarako”. Akademiak bezala gramatikala dela oroitarazten digun arren, gisa eta moduan/modura erabiltzea proposatzen digu.

Euskaltzaindiaren gomendioarekin bat –eta presak eta lan-zamak hartaraturik, segur aski– aipatu esaldiak itsu-itsuan gisa postposizioa erabiliz itzultzen ditugu maiz, euskarazko beste bide batzuei ez ikusia eginez. Hala ere, horretaz ohartu eta beste molde batzuk ere erabiltzen saiatzen ari gara; izan ere, aspaldi, “Zuzenketa-lana: tipula zuritzen” ikastaroan, Irene Arrarats eta Maialen Berasategi irakasleei gauza jakingarri eta kontu zuhur aunitz ikasi genizkien, besteak beste, komeni dela espezie inbaditzaileei mugak paratzea, hala egin ezean baliabide horiek noranahiko bihurtzen baitira, beste hizkuntza-bitarteko batzuk desagertzeko zorian jartzeraino batzuetan.

Horiek horrela, hona hemen, esaterako, hasierako adibide horietarako gure itzulpen-atalean baliatu izan ditugun aukerak:

1) Desirak, gatazka-iturri.

2) Argazkia egonaldiaren oroigarri(tzat) eman zitzaion.

3) Eraldaketa planak eginez teilatu lauak espazio komunitarioak izan daitezen.

4) a. Eskola-bitartekotza haurren ahalduntzerako gako. / haurrak ahalduntzeko gako.

   b. Eskola-bitartekotza haurrak ahalduntzeko erabiltzea.

5) Interesgarria da jantokia hezkuntza-baliabide bat dela iriztea / baliabidetzat hartzea.

6) Beharrezkoa da hezkuntza bere zentzu zabalean ulertzea, eskolatze hutsetik haratago.

7) Zabortegiak kudeatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak, zergadunen ordezko baitira /diren aldetik.

Bestetik, iruditzen zait gaztelaniazko como batzuk hizkuntza horretan ere espezie inbaditzailetzat har litezkeela (ingelesaren eraginez, agian?), eta, garai batean, ohikoagoa izanen zela “considerar el comedor un recurso educativo”, “trabajar de repartidora”… baina segurantziarik ez nik.

Esanak esan, argi geldi bedi testutxo honen xedea ez dela inolaz ere baliabide gramatikalik baztertzea, baizik eta aukeren zabalaz gogoeta egitea, ariketa gisa.

Leopold Irigarai (1875-1951): itzultzailea informatzaile-laguntzailearen mozorropean

Gidor Bilbao Telletxea

Ni baino festazaleagoak hasi dira inauterietako mozorroak prestatzen. Niri, Zuberoako pastoral zaharren eskuizkribuen artean nenbilela, Phantzart, ihauteetako trajikomedia etorri zait esku artera, Iñaki Mozos miretsiak 1982an editatua. Aguretxoaren irribarre txikiarekin ikusi dut 1989ko abuztuaren 10ean erosi nuela Mauleko Belatxa liburudendan, eta ezin izan naiz geratu begiratu gabe zein pastoral ikustera joan ote ginen Zuberoara 1989ko abuztuan (Googleren erantzuna: Zumalakarregi trajeria, agorrilaren 5ean, Altzai-Lakarrin).

Iñaki Mozosen hitzaurrea irakurri ondoren, joan den mendearen hasierako erreferentziazko lana hartu dut esku artean: Georges Hérelle adituaren Le Théâtre comique : chikitoak et koblak, mascarades souletines, tragi-comédies de carnaval, sérénades charivariques, parades charivariques, farces charivariques (1925). Azalpen interesgarriekin batera, Mozosen edizioan euskaraz irakurri ditudan hainbat berset aurkitu ditut frantsesez; hona hemen Luzian fiskalak auzitegian Phantzarten kontra salaturiko karguak (euskarazkoak Frantziako Biblioteka Nazionalean, Parisen, dagoen 1899ko kopia batetik ─BNF Celtique et Basque 135─ hartu eta moldatu ditut gaurko grafiara):

Messieurs, quels maux Messire Pansart n’a-t-il pas causés, pendant les désordres du carnaval?Jauna, Mesi Jaun Phantzartek
zer malhür handiak,
nula khausatü beititü
Ihauti huntako desordiak.
[…][…]
Je vous ai promis de produire des témoins. Ils se présenteront ici dans un instant.Jakilen produitzia
hitz eman benian,
erkhariren dütüt oro
mement baten bürian.
Sur quoi faudra-t-il les interroger? C’est ce que je vais vous dire. Ecoutez- moi bien, s’il vous plaît.Harien interrogatzeko
zer den kestione,
plazer badüzie,
orai entzün nezazie.
J’accuse Pansart d’avoir tué trois hommes dans ce pays même, sur le pont d’Ordenèche;Jaun Phantzartek hirur
gizun erho ahal zütian
horxe ber-berian,
Ordenetxeko zübü gainian.
[…][…]
D’avoir, samedi dernier, au port d’Orhy, enlevé toutes les huiles qu’apportaient sept Espagnols.Igaran neskanegünian,
Orhiko portian,
bost españuli oliuak
oro idoki zütian.
En outre, toutes les filles, depuis l’âge de dix ans jusqu’à l’âge de quarante ans, il les a dépucelées, quoiqu’elles ne fussent pas toutes vierges.Hamar urthetarik berrogei
urthetarako neskatilak oro
despuntzelatü dütü,
virjina etziradianak oro.
Est-il possible que dans ce paisible pays de Soule nous ayons un individu comme celui-là? Il faut le faire périr, à tout prix.Ziberu herri plasent huntan
zer süjet dügü hura, arren?
Galerazi behar dügü
zernahi den khostaren.
[…][…]
Aujourd hui, son tour est venu d’être lardé. Pour voir ce qu’il a dans le ventre, il n’y a qu’à lui ouvrir la panse.Behar dü arren Phantzartek
oraiko aldian lardatü
eta barneko tripataren ikhusteko
bear zaio phantzoila ürratü,
On installera Messire Cendres à sa place: de tout temps, j’ai ouï dire que c’est un honnête homme.eta Mus de Hauste jauna
haren plazan ezarri,
gizun galant dela badüt
entzütia sekülaz geroztik.

Georges Hérellek ez bazekien euskaraz (eta badirudi askorik ez zuela ikasi), nork egin zizkion frantsesezko itzulpenak? Liburuan ez dut aurkitu hori inon aipatzen duenik, baina gauza ezaguna da Leopold Irigarai zela Hérelleren informatzaile eta laguntzaile nagusia. Itzultzailea ere bai?

Gutxi dakigu Leopold Irigarairi buruz. Ez dut aurkitu hari dagokion sarrerarik ez Wikipedian ez Auñamendi Eusko Entziklopedian. Irakurri dugu Pauen jaio zela 1875ean, Ligi-Atherein bizi izan zela eta Garindainen hil zela. Ez dut irakurri Baionako Euskal Museoan dagoen orrialde bateko haren biografia, baina Baionako Mediatekan gorde diren gutunak (Hérelleri 1899tik 1928ra bitartean bidaliak) irakurrita, datu interesgarriak ikusten dira.

1899ko gutunak Ligitik bidaltzen ditu, eta ikusten da Hérellerentzat lanean ari dela (eskuizkribuak kopiatzen, besteak beste). 1900-1901 eta 1902ko maiatzera artekoak Atharratzetik bidali zituen. 1902ko uztailean Bordelen dago, hango Udal Bibliotekan, Baudrimont Funtsetako dokumentuak aztertzen Hérellerentzat. Baina 1902ko urrian Bilbotik idazten du, esanez gaztelania ikasteko gogoarekin joan dela “chez ce Monsieur dont je crois vous avoir parlé, qui faisait un dictionnaire basque a Licq”. Bistan da Resurreccion Maria Azkuez ari dela, Azkuek Pierre Broussaini bidalitako gutunetan ikusten baita Azkue Ligin izan zela 1902ko uztail-abuztuetan, bere hiztegirako informazioa biltzen; dirudienez, Azkuek lan-baldintza onak eskaini zizkion, berak basozain-lanpostua nahiago zuen arren (1902-10-01eko gutuna). 1902-12-04ko gutunean, bere Bilboko lana zein zen zehazten du, iseka-doinuan: “il [Azkue] a formé une reúnion de 8 personnes des différents dialectes basques, qu’il a baptisée du titre pompeux d’Accadémie, dont je suis le secrétaire en même temps qu’accadémicien souletin”. Bestalde, Azkueri frantsesez hitz egitera behartua zegoen (Azkueri frantsesa lantzen laguntzeko, nonbait). Horrez gain, Azkuek Broussaini 1902ko urriaren 25ean idatziriko gutunean, zehazki aipatzen du Irigarairen beste egiteko bat: “La Diputación ha aprobado la impresión gratis de mi Diccionario Vasco-Castellano-Francés. La traducción al franchute la haré yo, bien ayudado de Irigaray el de Ligui”. Bilbotik bidalitako azken gutuna 1903ko apirilaren 17koa da, eta 1903-05-13koa Ligin sinaturik da; hortaz, zazpi hilabete egin zituen Azkueren ondoan, gutunetan ageri denaren arabera ez oso gustura: “diable d’abbé” eta “irascible patron” (1903-01-05), edo “un Monsieur qui sait le latin: primo mihi” (1903-04-17) dira hura aipatzeko erabilitako hitzak.

Geroztiko gutunetan ikusten denez, merkataritzan egin zuen lan gehienbat. Hasieran, norbaiten janari-dendako enplegatu gisa (Maulen, 1903ko irailetik 1907ko maiatzera); gero, salgaien ordezkari gisa (représentant de commerce), 1915eko otsailera arte; ordurako Garindainen bizi zen (1913ko urritik), Anna Barcelonne eskola-maistrarekin ezkonduta; bi urte inguru egin zituen Mauleko txikixkari baten negozioan kontulari-lanak eginez (1915eko otsailetik 1916ko irailera), eta ondoren berriz hasi zen bere kabuz, salgaien ordezkari gisa; urte bete iraun zuen horrela eta 1917ko abuztuan janari-denda bat hartu zuen Bordelen, bere kontura, hiru langilerekin; emazteak eta hiru umeek Garindainen segitzen zuten, eta 1919ko azken eguneko gutun baten arabera, hurrengo Maulen ireki zuen janari-denda bat, bazkide batekin batera, familia osoarekin Garindainen bizi zelarik; 1922ko apirileko gutun batean, aseguru-etxe baten ordezkari gisa agertzen da (Représentant de commerce. Agent Général). Dirudienez, Garindainen bizi izan ziren geroztik ere, 1951n zendu arte.

Gutunetako edukian, kenduta kortesiazko hitzak, batez ere Hérelleren informatzaile-laguntzaile lanetan agertzen da, pastoralen inguruan eta oro har Zuberoako antzerkiaren (astolasterrak, maskaradak…), dantzaren (brailia…) eta ahozko literaturaren (albadak, kantuak…) inguruan. Askotan idazten dio esanez halako egunean, halako lekuan, halako pastorala edo halako maskarada antzeztuko dela edo antzeztu dela, edo antzezkizun horiei buruzko ohar zehatzak emanez. Beste gutun askotan, eskuizkribuen bila eginiko kudeaketen berri ematen dio (halakorekin egon dela, besteari buruz galdetu duela, saltzeko honenbeste diru eskatu diotela…); edo jakinarazten dio horietakoren bat kopiatzen ari dela. Bakar batean aipatzen du euskara-eskolak ematen ari dela Maulen (1908-06-03an, salgaien ordezkari zen garaian). Noizean behin, Hérellek Irigarairi diru-kopururen bat helarazten dio (1911-04-28an 50 libera, 1915-01-13an 100 libera…); badirudi soldata osagarria ateratzen zuela Irigaraik, Hérellerentzat lantxoak eginez.

Irigaraik gutun bakar batean aipatzen ditu, berariaz, itzulpen-arazoak. 1915-01-14ko gutunean, Aimunen lau semik pastorala itzultzean harturiko erabakiak defendatzen ditu: “Dans ma traduction du 1er vers […] j’ai supposé que la copiste a mis […], a moins que […] ne soit indépendant du reste de la phrase, ce qui je traduirait par […]. Vous voyez que ces vers ne son pas clairs et peuvent prêter à différents traductions, mais pour moi, je m’en tiens à celle que j’ai donnée […]. Vous pourrez donner une autre des interpretations, si vous le jugez plus plausible”.

Zergatik esan dugu izenburuan Irigarai itzultzailea informatzaile-laguntzailearen mozorropean ezagutu dugula? Argitalpen batean ere ez dugulako aurkitu itzultzaile gisa berariaz aitortuta. Kasurik deigarriena 1908ko Kaniko eta Beltxitina astolasterraren argitalpena da. Izenburu luze eta zehatz hau dauka Parisko H. Daragon argitaletxean argitaraturiko lanak: Canico et Beltchitine. Farce Charivarique. Traduite pour la première fois du basque en français d’après le manuscrit unique de la Bibliothèque de Bordeaux et accompagnée d’une Notice sur le Théatre Basque, et d’un Commentaire, par G. Hérelle, Membre du Comité des Travaux historiques et scientifiques. Liburu osoan ez dut aurkitu Leopold Irigarairen izenik, eta, gorago esan dugun moduan, Hérellek ez zekien euskaraz. Baina, Leopoldek alea etxean jaso zuenean, esker ona baino ez zeukan Hérellerentzat: “Jamais je n’aurais cru que de ce petit cahier on aurait pu extraire un joli volume comme ça. Je vous en remercie infiniment”.

Zalantzaren bat daukagu itzulpena nork egin ote zuen? Bat ere ez.

Baionako Mediatekako langileen katalogazio-lan zehatzari esker dakigu bilioteka horretako Ms. 54 zer den: “Ce manuscrit est la transcription et la traduction en français du manuscrit 1695.24 conservé à la bibliothèque de Bordeaux, par Léopold Irigaray et sur commande de Georges Hérelle. Sur le manuscrit de Léopold Irigaray, G. Hérelle a effectué un grand nombre d’annotations, notamment sur l’ordre des scènes, intercale des listes de personnages. Ce travail a donné lieu à la publication en français de cette pièce par Georges Hérelle en 1908”. Hortaz, zalantza izpirik ere ez, ezta?

Baina kontua da biblioteka horretan Léopold Irigaraik eginiko beste hainbat itzulpen ere badaudela. Baionako Mediatekako Ms. 108_1, Ms. 116, Ms. 117, Ms. 109_1_9, Ms. 120, Ms. 122 eta Ms. 124 dokumentuetan, ehundaka orrialde daude Leopold Irigaraik Georges Hérellerentzat eginiko euskara-frantsesa itzulpenekin. Baionako Euskal Museoko Fonds basque. MS 71 ere horietakoa da (Roland pastoralaren frantsesezko itzulpena).

Horiek guztiak erabili zituen Hérellek bere lanak osatzeko, eta askotan pasarte osoak transkribatu zituen. Besteak beste, Baionako Mediatekako Ms. 122n dago testu honen hasieran aipatu dugun Phantzart osorik frantsesera itzulita. Nork itzulita? Leopold Irigaraik, jakina. Inauteriak baino lehen kenduko diogu mozorroa?

Elebitasunaren aznahiak

Uxue Rey Gorraiz

Berriako kazetari eta nire lagun Iker Tubiak Esti Blanco-Elorrieta elkarrizketatu zuen iragan urteko martxoan. Psikolinguista eta neurozientzietako ikerlaria da hura, eta elebidunen garunak nola funtzionatzen duen ikertzen ari zen orduko hartan –akaso, horretan dabil egun ere–. Aitorpen bat: ni ez naiz batere zientzia zalea, eta hain zuzen horregatik, diagonalean irakurri ohi ditut zientziari buruzko artikulu gehien-gehienak. Tituluak leitu, nabarmendutako entresakei edo galderei behatu eta irudi edo infografiak laster batean ikustearekin aski izaten zait kasik beti. Aukeran, gutxiegitan irakurtzen ditut fundamentuz; pieza bat osorik irakurtzen dudan aldiro madarikatzen baitut aurrekoak leitu ez izana.

Izan ere, hasi nintzen Tubiaren elkarrizketa hura irakurtzen, gainetik hasieran, erne ondotik, eta, hara non, txoratua utzi ninduten esplikaziook –eta bidali nion esteka WhatsAppez amari–. Artikuluan kontatutakoen nahas-mahas bat da sarrera honen parte handiena –lotsagabea halakoa (ni)!–, blog honek irakurgai gomendioak egiteko ere balio duelakoan.

Blanco-Elorrietaren arabera, elebitasunari buruz bada argitu beharreko zerbait: «Garai batean pentsatzen zen hizkuntzak nolabait aparte zeudela maila anatomikoan, elebakarren ikuspuntutik ematen zuelako bi instantzia oso ezberdin zirela. Baina elebidunaren ikuspuntutik, sistemak bestelakoa izan behar du, hizkuntzak etengabe nahasten ditugulako». Hala, ikerlariaren hitzetan, dakizkigun hizkuntza guztien arauketak sistema bakarrean bilduta izanik, unean aukeratzen dugu hitzak ze hizkuntzatan esan, eta, hori horrela, alderdi horri erreparatzeko bereziki interesgarriak omen dira, adibidez, euskañolez osatutako esaldiak: «Esan dit que etorriko naizela». Hori, esaterako, ontzat jotzen du Blanco-Elorrietak, garunari so eginez behintzat. «Esan dit que etorriko da», ez hain ona.

Hizkuntza batean aritzean zerbait beste hizkuntza batean –oharkabean– esaten dugun aldi horietarako ere badu esplikazioa psikolinguistak. «Aktibazioaren neurrian» omen dago gakoa. «Orokorrean, dauzkazun berba denen artean aktibazio handienekoa aukeratzen duzu. (…) Berba batek ez badu transmititzen gura duzun emozioa beste baten moduan, aldatzea dago. Edo ez bazaizu burura etortzen txakur berba, aktibazioa txikiagoa delako, agian perro esango duzu gura gabe».

Bestalde, elkarrizketan bistara gelditzen da elebitasuna eta itzulpena ezin bereizizkoak direla ia. Hona itzulpenari buruzko Tubiaren galdera, eta Blanco-Elorrietaren erantzuna, segidan.

I. Tubia: Itzulpena egitean ezberdin jokatzen du burmuinak?

E. Blanco-Elorrieta: Ez du ezberdin funtzionatzen. Maila kognitiboan, edo linguistikoan, esan dezakezu mekanismo berak erabiltzen direla, baina pentsatu garunean distribuzio probabilistiko bat daukazula. 15 urtegaz ingelesa ikasten hasi den euskaldun baten garuneko hiztegi mentalean, euskarazko berbek askoz bere aktibazio handiagoa izango dute, mila bider entzun baititu. Baina 15 urtegaz AEBetara joan eta ez bada bueltatu, ingelesezko aktibazioa handituz joango da, eta euskararena, jaisten.

Elebakar totalak dira –edo ziren– nire lau aitatxi-amatxiak. Aitaren aitari, Juanitori, kostatu ere egiten zitzaion ulertzea nolatan izan zitekeen norbait umetatik elebidun. Gaztelaniaz egiten zidan berak, eta euskaraz gurasoek, eta sinetsia zegoen ni txiki-txikia izanik ezinezkoa zela bietara ulertzea. «Igual orain hasiko zaizu pixkanaka deus [euskaraz] ulertzen, ezta?», galdetu zion amari nik bi urte-edo izanen nituenean. Euskararen gaineko ezjakintasun erabatekoa ere izanen zen horren atzean. Edonola ere, kostatzen zitzaion posible zela ulertzea, baina ulertu zuen, eta beti ikusi zuen begi onez «ahalik gehien jakitea». Gaztelania ez ezik euskara ere baldin bagenekien, are eta hobeki.

Erriberrikoa zen Juanito. Ez du ikustekorik elebitasunaren aurrean erakutsi zuen harridurarekin, baina seguru naiz harrituko litzatekeela azkenaldian sorterrian gertatzen ari den kontu batekin. Enegarrenez, euskarofoboren batek pintura beltzez estali du herriaren sarrerako karteleko Erriberri, soilik gaztelaniazko Olite bistaratu dadin. A ze aznahia elebitasunak.

I. Tubia: Elebitasuna ona edo txarra den eztabaidagai da oraindik?

E. Blanco-Elorrieta: Eztabaida sekulakoa da. Batez bere asko pasatzen da iragan koloniala daukaten herrialdeetan eta identitate nazional bakarra bultzatzeko interesa dagoenetan (…).

Erriberritik 50 kilometrora, Orkoienen, herriko alkate Alejandro Lopez haserre dago haur euskaldunek «pribilegioak» dituztelako elebidunak izateagatik. «Ludoteka bat dugu euskaraz eta gaztelaniaz, eta euskarakoak bietara joan daitezke, baina gaztelaniakoak gaztelaniazkora soilik joan daitezke; hau da, [euskaldunek] bi aldiz zerbitzu gehiago dituzte. Jada ez gara eskubideez ari: pribilegioez ari gara». Berriz ere: a ze aznahia elebitasunak, betiere euskara bada ekuazioaren barrenean dagoena.

Euskalkiak itzulpenetan

Isabel Etxeberria Ramírez

Itzulpenetako hizkeraren bereizgarriez ikertzen aritu direnek itzulpenetako estandarizazio edo neutralizaziorako joeraz hitz egin izan dute. Hipotesi horren arabera, itzultzaileek xede-hizkuntzaren erabilera estandarrerantz hurbiltzeko joera izaten dute, eta ondorioz itzulpenetako hizkera testu ez-itzulietakoa baino arauari lotuagoa izaten da. Arauari lotze hori, adibidez, erregistro neutroa lehenesten delako gertatzen da (batez ere behe erregistroko hitzak edo esapideak saihesten dira), edo hiperzuzentasunaren ondorioz (jatorrizko testuko akatsak zuzenduta ageri dira itzulpenetan), edo aldaera diatopikoak edo dialektalak baztertu eta aldaera estandarraren alde egiten delako.

Azken horri dagokionez, hau da, aldaera dialektalak testu itzulietan testu ez-itzulietan baino urriagoak izateari dagokionez, zenbait ikerketa interesgarri egin dira nazioartean. Olohanek (2003, 2004), adibidez, ingelesaren aldaera dialektalen presentzia txikiagoa aurkitu zuen ingelesera itzulitako testuetan ingelesez sortutakoetan baino, eta Corpas Pastorrek (2018) antzeko joera bat hauteman zuen espainolaren kasuan. Eta euskaraz? Galdetuko baligute ea non esperoko genituzkeen euskalkietakotzat jotzen diren hitz gehiago, euskarara itzulitako testuetan ala euskal idazleek idatzitakoetan, zer erantzungo genuke?

Blog honetan lehenago inoiz aipatu dudan bezala, euskarara itzulitako testuetako hizkeraren bereizgarriak aztertzen jardun dut nire doktorego-tesian, eta horretarako euskarara itzulitako literatur testuetako hiztegia eta euskaraz sortutako testuetakoa konparatu dut. Nire lehen helburuen artean ez zegoen euskalkiek testuotan zer presentzia duten aztertzea. Baina han eta hemen datuak biltzen hasi, eta bidera atera zait gaia. Eta datuak oso esanguratsuak dira. Adibide bat ekarriko dizuet hona.

Nire ikerlanean, besteak beste, koloreen eremu semantikoa aztertu dut. Blog honetan lehenago ere mintzatu naiz koloreez, eta oraingoan ere multzo hori baliatuko dut adibide gisa. Erabili dudan corpusa gutxi gorabehera Egungo Testuen Corpuseko literatura atala da: 2001 eta 2019 bitartean argitaratutako 1.149 liburu (451 itzulpen eta euskaraz sortutako 698 lan). Hiztegiak eta bestelako lan espezializatu batzuk kontsultatuta, koloreak euskaraz izendatzeko dauden hitzen zerrenda osatu nuen: guztira 120 termino. Ondoren, testu itzulietan eta testu ez-itzulietan hitz horietatik zein erabiltzen ziren begiratu nuen, baita zenbat aldiz erabiltzen ziren ere. 120 termino horietatik batzuk euskalki-markarekin jasota daude hiztegietan: blu eta gorrail hitzek, adibidez, iparraldeko marka daramate; xuri hitzak, iparraldekoa eta nafarrerakoa; azul hitzak, hegoaldekoa; laru eta beilegi hitzek, bizkaierakoa. Txuri eta baltz hitzak ez dira jasotzen Euskaltzaindiaren Hiztegian, baina uste dut bat etorriko garela denok txuri erdialdeko euskararekin eta baltz mendebaldekoarekin lotuta.

Lehen aurreratu dudan bezala, datuak argigarriak dira. Taula honetan, hitz horietako bakoitza zenbat aldiz ageri den jaso dut:

Testu ez-itzulietanTestu itzulietan
azul10117
baltz942
beilegi11148
blu890
gorrail368
laru5429
txuri807234
xuri851304

Datuak, noski, eskuzko garbiketa baten ondorio dira: azul hitzaren agerraldi asko División Azul izenari zegozkion, adibidez. Ikusten denez, hitz guztiak nabarmen gehiago erabiltzen dira euskal idazleen testuetan itzultzaileenetan baino. Itzulpenetan euskara estandarrekoak ez diren erabilerak saihestu egiten dira. Euskarako datuak, beraz, bat datoz beste hizkuntza batzuetan lortu diren emaitzekin: euskaraz ere estandarizaziorako joera bat nabari da itzulpenetan, itzulpen ez diren testuen aldean. Aldaera dialektalak urriagoak dira euskarara itzulitako testuetan euskaraz sortutakoetan baino.

Baina zenbakiak hotzak dira. Haien atzean dauden izen-abizenak aztertzen baditugu, beste irakurketa batzuk ere egin daitezke. Ez ditut hona ekarriko hitz horiek erabiltzen dituzten idazleen eta itzultzaileen izen-abizenak, testu hau sobera ez luzatzeko; baina inork jakin-mina balu, eska dezala lasai (iruzkin gisa erants nitzake). Hona hemen, bada, zenbakiez haragoko zenbait gogoeta:

1) Hitz horiek kasuan kasuko euskalkietako idazle/itzultzaileek bakarrik erabiltzen al dituzte? Egia da hitz horien agerraldien parte handi bat dena delako euskalkiko idazle/itzultzaileei zor zaiela, baina badira beste jatorri batzuetako lumak ere. Bizkaierakotzat jotzen den beilegi, adibidez, Xabier Amurizak, Urtzi Urrutikoetxeak, Joseba Sarrionandiak, Unai Elorriagak eta Sonia Gonzalezek erabiltzen dute, besteak beste, idazleen artean, eta Xabier Amurizak eta Iñigo Roquek, itzultzaileen artean. Baina mendebaldekoak ez direnen lumetan ere ageri da: Eider Rodriguez, Lander Garro, Harkaitz Cano edo Bernardo Atxaga, adibidez, idazleen artean, eta Joxe Austin Arrieta, Xabier Olarra edo Itziar Diez de Ultzurrun, itzultzaileen artean.

2) Alde handiarekin ez bada ere, badirudi norberarena ez den euskalkira jotzeko tentazioa handixeagoa dela itzultzaileen artean idazleen artean baino. Beilegi, laru eta gorrail, adibidez, beren euskalkikoa ez duten itzultzaile nahikotxotan ageri da; euskalki horretakoak ez diren idazleen artean ere ageri da, baina proportzio apalagoan.

3) Iparraldeko hitzen kasuan, agerraldi kopurua testu ez-itzulietan nabarmen handiagoa izatea Iparraldeko idazleen kopuruari zor zaio neurri handi batean. Egia da xuri (nafarrerakotzat ere jotzen dena) Hegoaldeko idazle nahikotxoren testuetan ere ageri dela, baina blu eta gorrail hitzen agerraldi gehienak Iparraldeko idazleei dagozkie. Testu ez-itzulien egileen artean Iparraldeko idazle nahikotxo daude: Michel Oronoz, Xipri Arbelbide, Bea Salaberri, Piarres Trounday, Ramuntxo Etxeberri, Daniel Landart, Txomin Peillen, Itxaro Borda, Pierre Mestrot, Mixel Thikoipe, Filipe Bidart, Katixa Dolhare-Zaldunbide…. Iparraldeko itzultzaileak, berriz, oso gutxi dira: Marzel Etxehandi, Jean Baptiste Orpustan, Elena Touyarou eta Piarres Xarriton. Horrek esplikatuko luke zergatik Iparraldeko hitzak nabarmen gehiago ageri diren testu ez-itzulietan (Iparraldeko idazle zerrenda luze samar batek idatzitako testuetan, hain zuzen), testu itzulietan baino (itzulpen guztien artean oso gutxi izanik Iparraldeko itzultzaileek eginak).

4) Emakumeak uzkurragoak dira euskalkietako hitzak erabiltzeko. Edo gutxiago ausartzen dira. Oso gutxi dira hitz hauek erabiltzen dituzten emakumezkoak. Noski, idazleen eta itzultzaileen artean gutxiengo dira emakumeak bestela ere. Baina, hala ere, hitzok erabiltzen animatzen diren emakumeak proportzioan are gutxiago dira. Azal dezagun. Gure corpuseko euskarazko 698 liburuak idatzi dituzten idazleen artean % 25 inguru dira emakumezkoak; 451 itzulpenak euskaratu dituzten itzultzaileen artean, aldiz, % 29 inguru. Bada, euskalkietako gure hitz guztien kasuan, hitzok erabili dituzten lumen artean % 25 eta % 29 baino gutxiago dira sistematikoki emakumezkoen lumak. Hau da, emakume idazleak eta itzultzaileak gizonak baino gutxiago dira, baina gainera hitzok erabiltzen dituzten emakume idazleak eta itzultzaileak gizon idazleak eta itzultzaileak baino are gutxiago dira. Eta oraingo honetan ez da alderik nabari idazleen eta itzultzaileen artean. Proportzio bertsuan uzten dituzte erabili gabe euskalkietako hitzak emakume idazleek eta emakume itzultzaileek.

Niri neuri, itzultzailea (eta emakumea) naizen neurrian, zer pentsatua ematen didate datu hauek. Beharbada itzultzaileen artean polimaitasun dialektala bultzatzeko kontzientziazio-kanpainaren bat abiatu beharko genuke.

Corpas Pastor, Gloria (2018). Laughing one’s head off in Spanish subtitles: a corpus-based study on diatopic variation and its consequences for translation. In Mogorrón Huerta, P. eta Albaladejo-Martínez, A. (ed.) Fraseología, Diatopía y Traducción / Phraseology, Diatopic Variation and Translation (32-71). John Benjamins.

Olohan, Maeve (2003). How frequent are the contractions? A study of contracted forms in the Translational English Corpus. Target, 15, 59-89.

Olohan, Maeve (2004). Introducing Corpora in Translation Studies. Routledge.

Pedro Lemebelen omenez

Iñigo Satrustegi Andrés

Aste honetan bete dira 9 urte Pedro Lemebel idazle eta aktibista maritxu txiletarra hil zela. Doala hemendik gure omenaldia haren manifestuaren itzulpen saiakerarekin. Nire berezitasunetik mintzo naiz poema (edo) 1986koa da, eta, Pinocheten diktadurapean, ezkerreko zenbait agintarik egin zuten bilera klandestino batean performatu zuen.

Esteka honetan duzue jatorrizko bertsioa.

Ez naiz Pasolini kontu eske
Ez naiz Ginsberg Kubatik kanporatua
Ez naiz poetaz mozorrotutako marituxa
Ez dut mozorroen beharrik
Hauxe da nire aurpegia
Nire berezitasunetik mintzo naiz
Naizen hau defendatzen dut
Eta ez naiz hain berezia
Justiziak niri bost
Eta dantza demokratiko honi susmoa hartu diot
Baina ez etorri niri proletarioen kontuekin
Pobrea eta maritxua izatea okerragoa delako
Garratza izan beharra dago jasan ahal izateko
Izkinako matxitoak pikutara bidaltzea da
Semeari hanka okertu egiten zaiolako
gorroto zaituen aita bat da
Gaixo zaudenean
garbitasunak zaharkitutako
amaren esku lehorrak altzoan
Ohitura txarrak direla eta
Zoritxarra dela eta
Diktaduraren moduan
Diktadura baino okerrago
diktadura amaitu egiten baita
eta demokrazia datorrelako
eta atzetik dator sozialismoa
Eta orduan?
Zer egingo duzue gurekin lagun?
Txirikordak fardoetan lotuko al dizkiguzue
Kubako ihesdun etxe batera bidean?
Inora ere ez doan tren batean sartuko gaituzue
Ibañez generalaren ontzian bezala
igerian ikasi genuen horretan bezala
baina bakar bat ere ez ginen kostara iritsi
eta horregatik itzali zituen Valparaisok bere argi gorriak
Horregatik carambako etxeek
eskaini zieten malko beltz bat
karramarroek jandako ogi pusketei
Giza Eskubideen Batzordeak urte hura
ez du gogoan
horrexegatik lagun honako galdera hau
Existitzen al da oraindik propaganda erreakzionarioaren Siberiako trena?
Nire ahotsa goxoegi bihurtzen denean
Zuen begi ninietatik pasatzen den tren hura
Eta zuk?
Zer egingo duzu haurrak gineneko oroitzapen horrekin
Cartagenako oporraldian
elkarrekin masturbatzen eta jolasten ginenean?
Zuri beltzean izango al da etorkizuna?
Gaueko eta lan egunetako denbora
anbiguotasunik gabe?
Ez al da maritxuren bat egongo izkinaren batean
gizon berriaren etorkizuna kolokan jartzen?
Utziko al diguzue hegaztiak brodatzen
herri libre honen banderan?
Fusila zuri utziko dizut
odol hotzekoa zarenez
Eta ez da beldurra
beldurrik ez dut jada
labanak zorroztu baititut
ibili naizen sexu sotoetan
Eta ez ezazu sentitu eraso egiten ari natzaizunik
gauza hauetaz mintzo banaiz
eta hankartea begiratzen badizut
ez naiz hipokrita
Ez al dizute emakumeen bularrek
begirada jaitsarazten?
Ez al duzu uste
mendian bakarrik
zerbait okurrituko zitzaigula?
Nahiz eta gero nire burua gorroto dudan
zure moral iraultzailea usteltzeagatik
Bizitza homosexualizatuko ote den beldur zara?
Ez naiz ari sartzeaz eta ateratzeaz
eta ateratzeaz eta sartzeaz bakarrik
Goxotasunaz ari naiz lagun
Zuk ez dakizu
zenbat kostatzen den maitasuna topatzea
baldintza hauetan
Zuk ez dakizu
legenar honen zama eramatea zer den
Jendea ez da hurbiltzen
Jendeak ulertu egiten du eta dio:
Maritxua da baina ongi idazten du
Maritxua da baina lagun ona da
Super-ongi-dago-dena
Ni ez naiz dena ongi dago horietakoa
Mundua onartzen dut
Dena halako ongi egoteko eskatu gabe
Baina berdin egiten dute irri
Irrien orbanak ditut bizkarrean
Ipurdietan pentsatzen dudala uste duzu
eta CNIren lehenengo torturekin
dena askatuko nuela
Ez dakizu gizontasuna
ez nuela sekula kuarteletan ikasi
Nire gizontasuna gauak erakutsi zidan
zutoin baten atzean
Harrotzen zaituen gizontasun hori
erregimentuan sartu zizun
militar hiltzaile batek
boterean diren horietako batek
Nire gizontasuna ez nuen alderdian jaso
irriz ukatu baitzidaten
askotan
Nire gizontasuna urte gogor haietan
parte hartzen ikasi nuen
eta nire marikoi ahotsaz barre egin zuten
oihu egiten nuenean: Eta eroriko da, eta eroriko da
Eta gizon batek bezala oihu egiten baduzu ere
ez duzu joaterik lortu
Nire gizontasuna mozala izan zen
Ez zen izan estadiora joan
eta Colo Cologatik ukabilka aritzea
Futbola ezkutuko beste homosexualitatea da
boxeoaren, politikaren eta ardoaren moduan
Nire gizontasuna izan zen burlak irenstea
amorrua jatea mundu guztia ez hiltzeko
Nire gizontasuna da desberdina naizela onartzea
Koldarra izatea askoz gogorragoa da
Nik ez dut beste masaila jartzen
Ipurdia jartzen dut lagun
Eta hori da nire mendekua
Nire gizontasunak lasai espero du
matxoak zahar bihurtuko diren eguna
honezkero alderdian
ezkerrak txirikordatzen duelako bere ipurdi zimela
parlamentuan
Nire gizontasuna zaila izan zen
horrexegatik ez naiz tren honetan igoko
jakin gabe nora doan
Ni ez naiz marxismoagatik aldatuko
hainbestetan ukatu ninduen horrengatik
Ez dut aldatzeko beharrik
Zu baino iraultzaileagoa naiz
Ez naiz aldatuko soilik
pobreak ta aberatsak direla eta
Ez nintzen atzo jaio
kapitalismoa bidezkoa ez delako ere ez
New Yorken maritxuek elkar musukatzen dute kalean
Baina parte hori zuretzat utziko dut
hain interesekoa baitzaizu
iraultza guztiz usteldu ez dadin
Mezu hau zuretzat
Ez da nigatik
Ni zaharra naiz
eta zure utopia, etorkizuneko belaunaldientzat
Asko dira hego bat hautsirik
jaioko diren umeak
Eta nik hegan egin dezaten nahi dut lagun
zure iraultzak
eman diezaien zeru gorri zati bat
hegan egin dezaten

Benetan hobetzen al du azpidazketa (itzulpen) automatikoak itzulpenen kalitatea?

Josu Barambones Zubiria

Presaren kulturan bizi gara. Egungo gizartean dena da frenetikoa eta berehalakoa. Azkar bizi gara, azkarregi aukeran. Eta horrekin lotua beste sukar moduko bat ere bizi dugu: edukiak nahi beste hizkuntzatara automatikoki itzultzeko beharra, di-da batean eta merke bada, hobe.

Dena azkar eta automatikoa nahi dugu. Eta azkartasun eta automatikotasun hori ikus-entzunezko itzulpengintzara ere iritsi da, bai bikoizketara eta bai azpidazketara ere. Oraingoan horri buruz hausnartu nahi nuke blog honetan, eta nire kezka eta zalantzak zuekin partekatu.

Duela gutxi Elhuyarrek eskura jarri du bideoen transkripzioak eta azpitituluak automatikoki eta minutu gutxian egiteko software propio bat: Elhuyarren hizketa-ezagutzailea. Probatzeko tentazioan jausi naiz eta bi bideoklipekin egindako proben emaitzen berri emango dizuet. Biak ala biak gaztelaniaz daude (nahiz eta sorburu-hizkuntza ingelesa izan). Fitxategiak deskargatu eta makinari euskarazko azpitituluak sortu eta euskarara itzultzeko eskatu diot.

Lehen bideoklipa Bridget Jonesen egunerokoaren lehen bi minutuak dira. Hona azpidatzien euskarazko transkripzio osoa (sic):

Todo enpresoi día de año nuebo dmitrij ísimo segundo año de soltera. Une bermaz estaba sola egiten iec existi hidalgo urtean o aldekoa boal kurri de mi madre. Ez mesedez tratatzen pare jarduneko nago muermo de median eta Concarera. Espezia-ingetemeak. Ez da inon nos erionez dut zion extraños erdibidez egon daitekeenik. Islako medela sofistikazioan. Ez Jenny Andeba, ez ona, ez Realidades. 1000, ez haiek Insisten. Gero, Jameti omen Transverso. Balbulei meatze la pregunta que tenemos todos los halterak.

Bigarrena, Napoleonen gaztelaniazko trailer ofiziala, bi minutukoa hau ere (sic):

Jeneralak. No se han descubierto. Bien da. Ez ba. Jon, oso konplexutasun berez. Ez, jauna, zurea da. Edeski ospitaleko pertsonalaren komun burutu oraindik. Nori un alto. Kargo zurea da hitza. Brasil ez da zuri. Alejandro Romak. Cesar hitza. Beste BEZ. Beraz, bezeroa xede. Zergaldi ertza. Noscere segundo. Almandino janaria. Baserri zerbitzuez. Estatistika duela. Jendetza haien ekonomi. Francia por los suelos. Ia Orreagako lokatza. Mesedez. Mesedez. Zuz. Kirol portu saldu. Txikituz. Gurekin ez. Estibariz 1.000 ez.

Transkripzioaren kalitatea ez ezik deigarria ere da kasu bietan hizketa-ezagutzaileak ez duela den-dena transkribatu, erdia baino gehiago azpidatzi gabe utzi duelako. Ez dut dudarik egiten sistemak hobeto funtzionatzea lortuko dutela, baina absurdoa iruditzen zait inoiz baino teknologia gehiago erabiltzea hain emaitza kaskarrak lortzeko (oraingoz).

Horiek horrela, gerta daiteke, gertatzen denez, enpresa batek horrelako azpidatziak (itzulpenak) bidaltzea itzultzaile (posteditore?) bati zuzen ditzan ahalik eta azkarren (gaur, denak presa bide du). Bezeroek edo bitartekariek itzulpen amaitu baten berrikusketa gisa ulertzen dute postedizioa, eta horrela gutxiago ordaintzeko aitzakia gisa erabiltzen dute. Gaur egun eta teknologiari esker, itzultzaileen lansariak gero eta kaskarragoak dira (demagun minutuko bost euro ordaintzen dizutela azpidazteagatik; posteditatzeagatik zenbat?, bi euro?). Finean, irabazian irteten diren bakarrak enpresa teknologikoak eta bitartekariak dira.

Baina arazo honek badauzka beste adar batzuk. ATRAEk (Espainiako Ikus-entzunezko Itzultzaile eta Egokitzaileen elkartea) komunikatu batean esaten zuen legez, makina batek egindako prozesua posteditatzeak edo zuzentzeak “itzultzaileari berezkoa zaion sorkuntza-ahalmena mugatzen du eta erabat artistikoa den lanbide bat deshumanizatzen du”. Horrela sortutako itzulpenak lauak dira, erdipurdikoak eta arimarik eta ñabardurarik gabeak. Testu bat hutsetik itzuli behar duzunean, zure burua “itzulzaile moduan” jartzen duzu; testu bat posteditatu behar duzunean, zure buruak dio: “Testu hau berrikusi behar dut”. Itzulpenaren osagai kreatiboa, emozioak… dena desagertzen da. Zortzi ordu pasatzen baduzu makina batek egin duena konpontzen, zure sorkuntza-gaitasuna atrofiatu eta zure talentua maxkaldu baino ez duzu egiten, ahalmen sortzailea ez duzulako garatzen.

Hartara, makina itzulpen prozesuaren erdian jarri dugu eta itzultzailea mutur batean. Egoera berri honek berekin dakar paradigma-aldaketa funtsezko eta sakon bat. Itzultzailea morroi-lana egitera darama eta nolabait ere makinak umiliatu egiten du berak gaizki egin duena zuzendu behar duelako.

Eta itzultzailea ez ezik Itzulpengintzako irakaslea ere naizen aldetik, kezkatuta nago itzulpen automatikoak eta adimen artifizialak hartu duten abiadurarekin (euskaraz gaztelaniaz bezain azkar ez badoa ere), absurdoa iruditzen zaidalako Itzulpengintza eta Interpretazioko gradu bat lau urtez egiten pasatzea azkenean makina batek egiten dituen akatsak zuzentzeko. Ikus-entzunezko itzulpengintzaren kasuan, eta kontu etikoak alde batera utzita (zer gertatzen da film baten egile eskubideekin?), film bat egiteko talde oso batek gorputz eta arima eman badu lan artistiko bat sortzearren, gero guk makina batetik pasatuko dugu minutu gutxian film horren hala-holako itzulpen, bikoizketa edota azpidazketa-lan batekin konformatzeko? Badirudi bide horretatik goazela.

Maitetasunaren koordenadak

Castillo Suarez

Hemen bertan idatzi nuen artikuluaren harira, Susa argitaletxeko Josu Landak Lur bat zure minari liburuaren ale bat bidali zidan etxera eta alaitu zidan arratsaldea. Liburua berriz irakurtzen ari nintzen bitartean Altsasuko supermekatu handi baten parkinera joan zitzaizkidan burua eta bihotza. Bertan zeuden, nire zain, Joakin Balentzia eta Joxemigel Bidador. Elkarrekin joan ginen Loiuko aireportura, biderik luzeenetik. Joxemigelek maite zituen biderik luzeenak, eta harrezkero handik joaten naiz ni ere hegaldi bat hartu behar dudan bakoitzean. Galizian egon ginen egun batzuetan euskal idazle talde bat, paisaiari buruzko Galeusca batean. Loiutik Mondoñedora joan zitzaikidan bihotza eta burua. Bertan eman zuen Xabier Gantzarainek hitzaldi bat: Maitetasunaren koordenadak. Hitzaldi zoragarri hartan, bestek beste, Lur bat zure minari liburua aipatu zuen. Izan ere, bere etxean hainbestetan entzundako maitetasun hitza aipatzen zen liburu hartan. Bakardade linguistikoaz aritu zen, hiltzera kondenatuta dauden hitzez, eta liburu hartako poemetako bat irakurri zigun:

Koordenadak

Almitza hazten den lekuetan bizi gintezke
Inoren saihetseko burdinen artean sartu eta itotakoei arnasa nola hozten zaien ikasi
Ibaiko sunda dute begiok eskuok urriko zeru bat bezala aldatzen gara
Berariaz dagoz aireportuak gugandik hain urrin laino itsuaz haruntzago
Ibaiko sunda du saminak ere, ibaitu egiten da oroimena zauriak ibaitu
Eta bakeak urpetu gabeko lurrotan elkar maitatzera egiten dugu
Alboan zaitudan egiaztatu koordenadak berritu
Eta atzokoan loak non lotu gintuen idazten dut
Idazten dizut jakitearren arrotz ez garen lekuan atzerritar garen
Urondoan pausatu garen orea lotan bezala ala abantean igaro gehiengoz bozkatu galernen peko
Erbeste ederra dateke zure bihotza urre gorrizko kaserna
Baina lurmendatu ezinezko talaiak ditu gure maitetasunak
Baimendu gabeko eremuak ahora ekartzeko gaitzak diren izenak
Haitzen gandorrak bezalakoak jitoak daramanarentzat
Orduan libre ez garela aitortzen diogu elkarri
Zerbait hiltzen zaigula barruan eta bizi ez gintezkeen herriak habitatzen ditugu
 
Jose Luis Otamendi: Lur bat zure minari (Susa, 1995)

Azaldu ezin dudan bulkada baten ondorioz erabili izan dut maitetasun hitza nire liburuetan; erabili ditut polderra zein almitza —edo albitza—, denak ere Lur bat zure minari liburutik ateratakoak. Gantzarainek hitzaldi hartan aitortu zigun maite duena erakusteko idazten duela, eta maita dezaten ere bai. Eta beharbada idazten ari garenean eta erabiliko ditugun hitzak hautatzen ditugunean gure unibertso literarioaren koordenadak ezarri nahian ari gara, maite dugunagatik maite gaituztelako gu ere.

Azken lurra

Inondik errenditzen ez den ura da gure maitetasuna
Zoratu egiten da
Hegazkinak islatzen ditu
Teilapeak iluntzen akorduetara amarratuta
Egitate mingarri anitz eman da ontzat
Etxeratze hitsen durundioa inongoa izatekotan
Eta minbizia aukeran
Zein erdi arotatik zein bestiariotatik irten du gure maitetasunak
Itutez jota hiltzeko ginoan den zeruak
 
Geure burua beste etsairik onesten ez duen lurra
Jendea batera bizitzen maitasun froga beraren hegian
Minutu berean lurmutur berean
Gure maitetasunak ez daki
Ez daki hegan
Ez da kalatxori
Darabiltzan orratzek bestelako iparrak dituzte xerka
Itsasgorak ekarriko ez dizkigun iheslariak
Itsasbeheran utziko ez dugun edertasuna
Hau da agin ziezaguketen azken zerua
Ez dago inor ebakuatzerik
Hildakoak ohean direla abandonatu ditugu etxeak
Hipermerkatuetako aparkalekuak dauzkagu igandeetan elkar maitatzeko
Hegazkinak teilapeak eta itoak estu amarratuta
Zu ez zaitut abandonatuko
Azken ordutan ez da bonbarik lehertu baina ez da heldu bakea
 
Jose Luis Otamendi: Lur bat zure minari (Susa, 1995)