Itziar Otegi Aranburu
Udaberria lehertu da. Duela aste batzuetatik hona teknikolorrean dago dena. Atzean utzi ditugu negu luzearen kolore hitsak, eta orain dena da berde, urdin, nabar. Pantailak eta egunkariak itxiz gero, munduak ez dirudi hautsita.
Ikusten ditudan paisaiak deskribatzen hasten naizenean, berehala agortzen zaizkit baliabideak. Hiztegia falta zait kolore-paleta aberats hori izendatzeko. Baliabideen zakua apur bat hornitu nahian, han eta hemen bilatzen eta irakurtzen hasi naiz.
Oinarrizko laburpen batekin hasteko, EHULKUren aholkuen artean badira bi koloreei eskainiak. Lehenengotik, gutxi erabiltzen ditudan aukera batzuk aktibatu ditut: beilegi edo laru, horiarentzat, eskarlata edo karmin, gorriarentzat, edo pikart, “kolore aniztun”, “nabar” adierazteko.
Kolore-joerak aipatzeko: horail, morantz, gorrasta, urdinkara, berdats… Interesgarriak iruditu zaizkit, orobat, beltzurdin, adibidez enarek pasaeran egiten duten distira metalikoarentzat, edo gorri-ubel, ardoaren jitearentzat.
Kolore baten bizitasun-maila zehazteko, distirant, min edo samin, edo, kontrako muturrean, hil, margul, beluri. Pentsa norbait deskribatzen duzula esanez ezpain gorri saminak dituela, eta begi urdin hilak…
Bigarrenean aski eredu ederrak aurkitu ditut, moldatu eta neureak sortzeko: urre zaharraren koloreko iragana, absentaren igel-berdea, errepideko putzu altzairu-urdina... Gainera, ikasi dut badela Markina-beltz bat, eta Bilbo-urdin bat, RGB kode eta guzti.
Bibliografian aipatzen dituzten liburuetara jo dut, batez ere Patziku Perurenaren Koloreak euskal usarioan eta Txema Preciadoren Euskarak irakatsi koloreak ikusten lanetara, eta harrapatuta geratu naiz berdearen eta urdinaren misterioetan. Jakingo duzue; gauza da euskal tradizioan ez dagoela hitzik, esate baterako, Arabako itsasoen kolorea deskribatzeko. Berde, ferde, perde maileguak dira, eta orlegi, berriz, neologismoa.
| El nombre de verde es alienígena: ferde. No puede menos que ser vocablo muy moderno, tomado de algún idioma románico. ¿Por qué se ha perdido en absoluto el vocablo indígena, siendo así que lo retienen los otros colores principales y que en el actual país basko es color dominante? (A. Campion). |
Kontu horrek Jean Etxepare ere kezkatzen zuen:
| Badira xuri, beltz, gorri, urdin, hori, nabar, ubela; bainan zoin hitzek erran dezaguke belharraren itxura? Eskualdun gehienek diote belharra pherde dela, edo ferde, ohartu gabetarik hitz hori frantsesari kendua diotela, hunek latinari beihala egin zion bezala. Zenbeiti aldiz adituko deiezu eskuarak ez daukala, ez duela egundaino ukan, hitz berezi belharraren itxurari doakonik. Gure iduriko (…) bada hortako hitz bat, asko lekutan oraino derabilatena: hura da «muskerra». (…) «Muskerra» eratxikitzen da beraz udare gordinak daukan itxurari. Belharrarena berdin izanez, zendako ez ginuke hitz beraz adiarazi behar? |
Euskaltzaindiaren hiztegian egun ere ageri da musker adiera horretan, jasoa markarekin:
| musker 1 iz. Narrasti ezkataduna, hatz azazkaldunak dituzten lau hanka, betazal mugikorrak eta buztan luzea dituena, kolorez berde bizia (Lacertidae fam.). Muskerra bezain berdea. 2 adj. jas. Berdea. Belar muskerra. |
Mailegu eta neologismoak bezala, ordea, azaleko eragiketa baten ondoriotzat jotzen dute aipatu egileek irtenbide hori. Ez dirudi fruitu umotu gabeez haratago iritsi denik gure muskerra.
Misterioari erantzuna eman beharrez, Perurenak eta Preciadok beste bi aukera aztertzen dituzte. Batean, heze/ihar aurkariak erabiliko lirateke “berdetasun”-maila adierazteko:
| La palabra eze, heze, designa hoy lo húmedo y acuoso; significa verde cuando se aplica a los árboles que aún conservan savia. Yo sospecho que eze fue el nombre de lo verde, por lo menos como color del reino vegetal (A. Campion). |
Belar hezea, belar guria, belar gordina. Belar guri gizen berdea, zohitu aitzinean (J. Etxepare).
Bestetik, euskararen koloreen sailkapen zaharrean beltzak bereganatzen omen zuen berdearen geroko ñabardura. Beltzak, eta urdinak. Izan ere, ez dirudi kolore horiek hain aparte daudenik gure xaharren begietara, ziurrenik gutako askok egiaztatu dugunez.
Ni ez naiz hemengoan, Joseba Sarrionandiak dio gipuzkeraz urdin erdaretako azul edo bleu hitzen itzulpena dela, baina bizkaieraz horri azula esaten zaiola. Urdina, euskal tradizioan, omen da “zuri nahastu bat”. Hortik ile urdindua, edo fruta urdindua (lizundua).
Lehen aipatu ditudan egileek beste esplikazio bat ere badarabilte euskararen kolore- urritasuna azaltzeko: hizkuntza eta kultura gehienetan oinarrizkoak diren zuri, beltz eta gorriz haraindi, kolorerik ez zela behar. Bestela deskribatzen zirela gauzak. Cira Crespok oso adibide esanguratsua darabil Alean idatzitako artikulu interesgarri batean:
| Landa horretan koltza loretu da, mitxoletekin batera. Kardantxilo batzuk gelditu dira janarien bila. Telefono-kableetan erle-txoriak daude pausatuta. |
Ez du kolorerik erabili eszena deskribatzeko. “Hitzak ezagutzen badituzue”, dio, “tonu zehatzak ulertuko dituzue, eta jakingo duzue udaberri betea dela”. Deskribatzeko beste modu honekin kontrajartzen du aurrekoa:
| Landa hura lore txiki horiz bete da. Lore gorri bizi hauskorrek tintatzen dituzte ertzak, tantaka. Iritsi dira txori txiki batzuk ere, txirula-soinua eginez. Maskara gorri bat daramate eta hegaletan beltza eta horia dituzte. Zer esan telefono-kableetan daudenez…multikolore harrigarriak dira! |
“Hiztegia pobretu ahala”, argudiatzen du Cira Crespok, “gero eta kolore gehiago erabiltzen ditugu deskribapenak egiteko. Irakurtzen baduzue duela urte askoko literatura, ikusiko duzue koloreak ez zirela hainbeste erabiltzen, gauzak deskribatzeko izen zehatzak zeuzkatelako. (…). Abstrazkio hutsa eta konbentzioak baino ez zaizkigu geratzen ari, eta gure ingurua deskribatzeko ahalmena galtzen ari gara. Honekin batera, mundua ulertzeko gaitasuna”.
Aitortu behar dizuet: eztanda txiki bat eragin dit kontu honek guztiak. Bete nahi nuen zakuan eztanda egin didate koloreek, eta koloreak emateko moduek. Gero, ordea, etxean daukadan liburu batekin akordatu naiz. Liburu txiki bat da, zahar-ukitua duena. British Museum of Natural History museoaren zigilua dakar bigarren orrian. Euskaraz balego, honelako zerbait litzateke izenburua:
| WERNER-EN KOLORE-NOMENKLATURA arteetan eta zientzietan erabiltzeko egokitua; batez ere, zoologian, botanikan, kimikan, mineralogian eta anatomian |
Izenburuan Werner aipatzen den arren, Patrick Syme da egilea. GG argitaletxeak atera du, 1825eko edizio bat berrargitaratuta. Jatorrizkoa hemen dago ikusgai.
Wernerrek mineralogia deskriptiborako eskuliburu bat idatzi zuen 1774an, gisa horretako lehena, alemanez, itzulpen merkean Fosilen kanpo-ezaugarriei buruz litzatekeena. 1810ean, berriz, koloreen nomenklatura bat eman zuen argitara, zientzian eta artean erabiltzeko ―diotenez, Darwinek gida moduan erabili zuen nomenklatura hori Beagle ontzian, bere espedizioetan aurkitutakoak hobeto deskribatzeko―. Patrick Syme margolariak Wernerren nomenklatura aldatu eta zabaldu egin zuen, hasierako 77 koloreei beste 33 gehituta, bai eta bakoitzari animalia- eta landare-adibide bat ere.
Asko gustatzen zait liburu hori, koloreak eta natura lotzen dituelako, eta poetikoa delako zientifikoa bezainbeste. Urdina ―bereziki gustukoa dudan kolore bat―, 42. orrian ageri da. Euskarara ekartzen saiatu naiz han ageri diren hamaika urdinak, lehen hurbilpen modura:
| 24.- Eskoziar urdina 25.- Prusia urdina 26.- Indigo urdina 27.- Txina urdina 28.- Zeru-urdina 29.- Itsasoz haraindiko urdina 30.- Linazi-lorearen urdina 31.- Berlin urdina 32.- Eumyas thalassinus txoriaren urdina 33.- Urdin berdexka 34.- Urdin griskara |
Eskoziar urdina, adibidez, Berlin urdina omen da, baina belus beltz nahikotxo, gris apur bat eta gorrimin ukitu bat gehituta. Animalien erreinuan, amilotx urdinak ageri omen du urdin hori, lepoaldean. Landareetan, anemona moreen lorezilek, eta, mineraletan, kobre urdinaren meak.
Lehen hurbilpen hori hobetu liteke, bai eta moldatu ere, koloreen izenak eta adibideak euskararen testuingurura egokituta, ahal den heinean. Lan polita litzateke, baina ez dakit mereziko lukeen… Egun pantone kodifikatuetan estandarizatzen dira koloreak, mundu osoan berdin.
Sarrera hau idazterakoan ikasi dudan beste gauza bat da Pantone Institutuak, urtero, kolore bat esleitzen diola urte berriari. Ezetz asmatu zein den 2026ko kolorea: bada, cloud dancer; hau da, zuri nahastu bat; hau da, urdina.


Oso jakingarri eta guztiz gozagarri, Itziar!
Atsegin dutAtsegin dut
Ederra, Itziar.
Zure honek gogora ekarri dit nola graduatzaileek (edo izen+izenondoek) hartu duten lehen izen hutsak aski ziren eremuak, hiztunen lexiko-ondare urriaren ondorioz.
– hotzil (“epel” baino freskoxeago)
– txangot (“sargori” baino beroago) [oso tokikoa da, konforme, baina “berosapa”, esaterako, “sargoria” bezain “bero” eta “heze” ala da?]
– beilegi-hori-laru (bizitasun-mailan behera eginda)
Eta gogora ekarri ere bai, nola Aramotz azpiko Arkotxa auzoan hiztun bikain bati behinola entzun nion: “Ni oso urdine naz, atoan erreten naz” (guk “zuria” esango genukeen lekuan). Zaldi eta mendietarako ere balio du urdin horrek.
Atsegin dutAtsegin dut