Elizabete Manterola Agirrezabalaga
Pasa den astean Amaia Astorbizak blog honetan jakinarazi zigun moduan, Leiho Morea sortu berri du Elhuyarrek. Usurbilen egin zuten tresna berriaren aurkezpena, urtarrilean, eta ordutik aukera dugu erabiltzaileok hiztegi bilaketak egiteko edo testu-bilduma kontsultatzeko. Feminismoari buruzko testuak biltzen ditu corpusak, askotariko iturrietan argitaratuak eta molde ezberdinetakoak: konparazio batera, saiakerak, gidak, erakundeek argitaraturiko protokolo eta txostenak, egunkari eta aldizkarietan argitaraturiko edukiak, podcastak eta jardunaldietan sorturiko materiala.
Terminoen definizioak eta kontzeptuak argitzen lagunduko digu tresna berriak, bai eta erabilera-eremuari begiratzeko ere. Azken urteetan feminismoari buruzko edukia ugaritu zaigun honetan, zer formatan eta zein euskarritan, noren eskutik etorri zaigun begiratzeko ere balio du Leiho Moreak. Nik neronek kronologiari erreparatu nahi izan diot. Hitz jakin batzuen bila aritu naiz ikusteko zer-nolako garapena izan ote duten denboran zehar, erabilera kronologikoa bistaratzeko modua ematen baitu grafiko baten bitartez.
Bilatutako hitzen artean sarrien erabili dena feminista hitza da, 9534 aldiz: 1997tik aurrerako testuetan ageri da, eta 2016tik aurrera nabarmen egin du urteko agerpen kopuruak gora. Gauza bera gertatu da feminismo hitzarekin ere (3987).
Patriarkal hitza dator segidan, 1565 aldiz: 1993-2015 bitartean, gehienez ere 20 agerraldi ditu urteko, eta gorantz egin zuen ordutik aurrera: 2018an, esaterako, 400 agerpenetik gora izan zituen. Sexismo hitza ere sarritan erabili da (603): 1993tik aurrera etengabeko erabilera izan du.
Androzentrismo hitza 88 aldiz zenbatu dut: 1988tik 1996ra, 20 aldiz ageri da, eta 2014tik aurrera, berriz, nabarmen igo da agerpen kopurua.
Ahizpatasun hitzak 127 agerraldi izan ditu: lehenengoa 1999an izan bazuen ere, gainerako guztiak 2016tik aurrerakoak izan dira. Genero-arrakala kontzeptuak 145 agerpen izan ditu, guztiak ere 2009tik aurrerakoak.
Corpusak erakusten du nola 2015etik aurrerako testuetan nabarmen igo den hainbat terminoren presentzia, hala nola queer (269 agerpen), intersekzionalitate (229), feminizidio (29), heteroarau (135), heteronormatibo (42), heteropatriarkatu (50) eta zisgenero (20). Ahalduntzea eta genero bitartasuna kontzeptuak berriagoak ditugu, 2020tik aurrerako testuetan ageri dira eta.
Testu motaren araberako erabilera ere ikus liteke. Esaterako, kontziliazio hitza 189 aldiz ageri da corpusean, eta horietatik hiru laurden Emakundek argitaraturiko dokumentazioan ageri dira.
Sinonimoak bilatuta ere emaitza interesgarriak ikus litezke. Esaterako, lesbiana hitzak 760 agerpen izan ditu eta bollera/bollerok, aldiz, 415. 1998an ageri da lesbiana lehenengoz, eta erabilera jarrai samarra du 2000ko eta 2010eko hamarkadetan. 2016tik aurrera gorantz egin du nabarmen. Bolleraren kasuan, berriz, 2002koa da lehen agerpena, baina hurrengo agerpena 2016koa da, eta ordutik aurrera erabili da, 2021etik aurrera batez ere.
Amaitzeko, adierazgarria da ikustea lesbofobia (28) eta transfobia (63) hitzak baino askoz ere lehenagotik erabiltzen dela homofobia hitza (133): lehenengo biak 2017tik aurrera ageri dira corpusean, eta hirugarrena, berriz, 2002tik aurrera.
Lagin txiki bat besterik ez dut ekarri hona, baina nahikoa da ikusteko hitz edo kontzeptu konkretuok noiz jarri diren boladan, zenbateko iraupena izan duen haien erabilerak eta zenbateko presentzia duten hausnarketa feministaren eremuan. Hautatutako hitz solte horiei erreparatuta ikus liteke, halaber, feminismoari buruzko testuak batez ere 2016tik aurrera argitaratu direla euskaraz. Sarritan, gainera, itzulpenen bitartez txertatu edota hedatu dira horiek gurean. Itzulpenak hausnarketa feministari loturiko terminologia zabaltzen izan duen eragina aztertzea, baina, beste baterako helburua izango da.


Eskerrik asko erabilera aurreratu horren berri emateagatik. Leiho Morearen lantaldeko kideok gutxitan aipatzen ditugu ikerketarekin lotutako adibideak, ez baita erreza publiko orokorrari zuzendutako aurkezpen edo elkarrizketa batean halako azalpenak ematea. Noiz edo noiz esaten dugu Leiho Moreak garai bakoitzean eztabaidagai nagusi izan diren gaiak identifikatzeko ere balio duela eta hizkuntzaren bilakaera ikertzeko bidea ere ematen duela, baina ez dugu horretan sakontzen. Jakina, blog honen irakurleak erabiltzaile aurreratuak zarete, eta azalpen handirik gabe ere badakizue halako baliabideei etekina ateratzen.
Bestalde, emaitzen interpretazioa dela eta, kontuan izan Emakunderen kasuan argitaletxeenean baino dokumentu zaharragoak bildu ahal izan ditugula. Emakunderi dagokionez, uste dut guk jasotako dokumenturik zaharrena 1993koa dela; aldiz, aldizkari-artikulurik zaharrena 2012koa da, eta libururik zaharrena, berriz, 2016koa. Gainera, mugimendu feministak urte luzez beste bide batzuetatik sortutako eduki ugari kanpoan geratu dira, digitalizatu gabe daudelako, ate batzuk oraindik jotzeko dauzkagulako edo, besterik gabe, ihes egin digutelako. Bilduma osatzen joan ahala, bilaketen emaitzek zorroztasun handiagoz islatuko dute benetako ekoizpena, eta hortik ateratako ondorioak ere adierazgarriagoak izango dira.
Atsegin dutAtsegin dut