Juan Pedrorenak: zeharkatu

Fernando Rey Escalera

Azkenaldi honetan maiz oroitzen ari naiz Jon Etxegarai Agara gure lankide zenaz, afektuz oroitu ere, ezin ahantzizko arrastoa utzi baitzidan zenbait gauzatan. Juan Pedro, beste lankide batzuekin batera, sekulako eskola izan zen niretzat, behin eta berriz hurbiltzen baininduen euskara bizira, gaur egun arnasgune deitzen diren herrietako euskarara. Deus ere eta inor ere jainkotzeko tentaziotik urrun, iruditzen zait horrek baduela bere garrantzia, erdararen presentzia estugarriak gure euskara pobretzeko arriskua baitakarkigu askotan.

Tira, Juan Pedrok ―Jonek― beste gauza batzuk ere eman zizkidan, baina horiek gure arteko historia pertsonalaren altxortxoan gordeko ditut. Juan Pedroren ekarpenei dagokienez, gure blog honek muin duen gaiari lotuko natzaio. Gauza (bitxi) asko ditut gordeak, idatziak ―han-hemenka aditutako gauzak apuntatu zalea izan naiz beti―, eta hura, hori jakinda, dexentetan niregana hurbildu, eta esaten zidan: “Fernando, apuntazak, aittu zer aditu nion Lesakan lehengoan xahar bati”. Halaxe, ba, koaderno batean hark esandako gauza franko ditut bilduak: lexikoa, esamolde bat edo beste… Egunen batean, beharbada, haiek bildu, eta fundamentu pixka bat eginen dut bilduma gisara nonbait uzteko.

Haietako bati buruz hitz eginen dut gaur, eta, segur aski, halako beste batzuk argitaratuko ditut blog honetan pixkanaka.

Zeharkatu aditzaren erabilera da horietako bat. Ohartua zen Juan Pedro zein bitxia egiten zitzaien berari eta bere herriko zahar batzuei aditz horren erabilera.

“Errepideak zeharkatu? Zergatik diote zeharkatu gurutzatu esan nahi badute?” Gure lagunaren buruan zeharka joatea edo zeharkatzea ez zen inola ere zuzen joatea beste aldera pasatzeko. Zeharka definitzean, garbi uzten du hori Euskaltzaindiaren Hiztegiak ere.

Ohartua zen, besterik gabe, automatismo bat zabaltzen ari zela, kalko moduko zerbait, gaztelaniaren eraginez. “Tienes que cruzar la carretera” esateko, “Errepidea gurutzatu behar duzu” da normalena, eta halaxe esaten du jende gehienak, baina aski da “Tienes que atravesar la carretera” esan edo itzuli beharra “Errepidea zeharkatu behar duzu” aditzeko edo ikusteko, nahiz eta gauza bera esan nahi dugun.

Eta automatismoa zenbateraino dagoen sartua ikusteko, aski da Elhuyarren Elia itzultzaile automatikoan proba egitea, bereizketa hori egiten baitu.

Arrazoi pixka bat bazuen Juan Pedrok, noski. Egia da biak ala biak direla zilegi, nola ez, eta Euskaltzaindiaren Hiztegian zeharkatu aditzak badakarrela beste adiera hori ere, gurutzatu aditzarena, baina esanguratsua iruditzen zait ohartzeko zeinen erraz jotzen dugun gaztelaniak markatutako bidetik.

Zuzentzaile lanean ari naizenetan, behin baino gehiagotan erreparatu diot horri, baina ez naiz ausartzen hori zuzentzera, zorrozkeria izanen bailitzateke. Gehienez ere, batzuetan, konfiantza handia badut, gure lagunaren iritzia kontatzen diot testuaren egileari, iradokizun gisa.

Nik bai, aintzat hartzen dut gomendioa, haren ohorez edo, ongi jakinik ere ezin dela handik inongo araurik atera.

2 Replies to “Juan Pedrorenak: zeharkatu”

  1. Oso interesgarria, zenbat halako? Ni ez naiz, inondik ere, eredu ona (amak, Gasteizen hazitako eibartarrak, ez zekien ondo euskaraz), baina halere belarrietan kirrinka egiten dit giputz bati “haragi xerra moztu” entzuten diodanean. “Moztu” luzea den zerbait bakarrik egin bait daiteke (belarra, bizarra, ilea, soka…); beste gauzak “ebaki” egiten ditut nik.

    Atsegin dut

  2. Kaixo, Fernando:
    Berandu nabilek, baina hirekin bat natorrek “gurutzatu/zeharkatu” kontu horretan. Niri ere halaxe erakutsi zidatean aspaldi. Horregatik, mesfidantzaz begiratzen nioan, esate baterako, Zumarragako tren geltokiko kartel gorri handi bati, honela baitio: DEBEKATUTA DAGO TRENBIDEA ZEHARKATZEA (kasu honetan, gainera, erdaraz ez duk “atravesar”, baizik eta NO SE PERMITE CRUZAR LA VÍA).
    Orain dela gutxi, ordea, poztu ninduan Ategorrietako tren geltokian ohartu nintzenean kartel berdinak honela dioela: DEBEKATUTA DAGO TRENBIDEA GURUTZATZEA (erdaraz, PROHIBIDO CRUZAR LAS VÍAS).
    Ez zekiat gainerako geltokietan nola dagoen, baina uste diat hori bakarrik badela hizketagai dugun badaezpadako erabileraren erakusgarri.
    Egia duk, batzuetan, zalantzak izaten ditudala bi aditzetatik zein erabili, eta horren froga duk, esaterako, orain esku artean dudan narrazio labur baten itzulpenean, honela ipini nuela hasieran: “…eta izarloka batek zerua gurutzatu zuen…”. Handik puska batera, ordea, hura zuzendu, eta, oraingoz, honela zeukaat: “…eta izarloka batek zerua zeharkatu zuen…”. Ez zekiat azkenean zein nagusituko den.
    Ongi izan!

    Atsegin dut

Utzi iruzkina