Udako atsedenaldia

Bukatu da 2024-2025 denboraldia, eta, 105 artikulu argitaratu ondoren, iritsi da blog honetan ere atsedenalditxo bat hartzeko garaia. Irailean itzuliko gara, jakina, indarberriturik eta kolaboratzaile eta eduki berriekin.

Eskerrik asko hilabete hauetan gurekin lankidetzan aritu zaretenoi eta, nola ez, blogeko sarrerak irakurtzeko tartetxoren bat hartu duzuen guztioi.

Bide batez, hemen behean duzue denboraldi honetako artikulu guztien aurkibidea, haiek patxadaz (berr)irakurtzeko eta nahi beste kontsulta egin ahal izateko.

Uda ona pasa eta laster arte!

2024/09/23Elizabete ManterolaGenero alborapena eta itzultzaile automatikoak
2024/09/25Santi LeonรฉAngustia, nahasmena, oinazea
2024/09/27Itziar OtegiUda honetan ikasi ditudan kontu batzuk
2024/09/30Maite Lopetegi, Bego Montorio, Arantzatzu Royo eta Mila GarmendiaNor da Nor datu-basea, 10 urteko ibilbidea
2024/10/02Igone ZabalaEuskararen etorkizun-ikuspegia eta unibertsitatea
2024/10/04Josu BarambonesHiztegiak eta katiximak
2024/10/07Itziar Diez de UltzurrunZubiak eta borroka
2024/10/09Xabier OlarraHitanoak literaturan lekurik ba ote?
2024/10/11Castillo SuarezUrtegi bat hezetasuna besterik ez zegoen tokian
2024/10/14Asier LarrinagaTigre-eltxoa bai? Eltxo tigrea ez?
2024/10/16Amaia LasherasIrakurzaletasuna sustatzeko plana
2024/10/18Isabel EtxeberriaGaitzaket
2024/10/21Angel ErroAho-ipurditik euskaraz nola eman
2024/10/23Claudia TorralbaBadator, badator euskal interpreteen diagnostikoa
2024/10/25Uxue ReyBest seller-ak (ere) euskaraz?
2024/10/28Anjel LertxundiHitzek hotsa ostatu
2024/10/30Estitxu IrisarriOntzi arrakalatua
2024/11/04Gidor BilbaoItzultzaileak segitzen du frantsesezko kantua, bai hitzetan eta bai metrikan
2024/11/06Maite ImazItzultzaile automatiko neuronalak eta itzulpen-memoriak
2024/11/08Enrike Diez de UltzurrunMendigatxa bidankoztarra
2024/11/11Amaia LersundiNola lagundu euskara lehen hizkuntza ez duten ikasleei hizkuntza buruhauste izan ez dadin?
2024/11/13Oskar AranaGeldi egon ezineko bat
2024/11/15Ane GarmendiaArrosa koloreko inbidia
2024/11/18Fernando ReyArrainen hexurrak eta arantza bifidoa
2024/11/20Maitane UriarteKonferentzia-interpreteen Nazioarteko Eguna: ospatu bai, baina duintasuna aldarrikatu ere bai
2024/11/22Manu Lรณpez GaseniEuskal hizkera literarioaz
2024/11/25Eider BeobidePoesiaren zuzentasuna edo poesia zuzenak
2024/11/27Yasmine KhrisIrakurtzea eta norberarena egitea
2024/11/29Irati BakaikoaItzulpenaz eta (genero) disidentziaz I
2024/12/02Lamia Filali-MouncefEzagutzen ez nuen feminismo bat deskubritu nuenekoa
2024/12/04Amaia AstobizaIdazkera berriak, purrustada zenbait eta urte amaierako aholkuak
2024/12/09Kike AmonarrizEskoletako gurasoak eta itzultzaile neuronalak
2024/12/11Elizabete ManterolaHizkuntza, bigarren mailako
2024/12/13Santi LeonรฉZoritxar moderatua (edo, euskara zaila ote da?)
2024/12/16Asier LarrinagaIzar berri bat piztutzera noa
2024/12/18Igone ZabalaHizkuntza-teknologiak eta sedentarismo kognitiboa
2024/12/20Josu BarambonesAzken mohikanoa ote?
2024/12/23Itziar Diez de UltzurrunBazterrekoak
2024/12/27Xabier OlarraHitanoak literaturan lekurik ba ote? (eta 2)
2024/12/30Itziar Otegiโ€œFutura Vecchiaโ€: Rebecca Elson-en hiru poema
2025/01/03Castillo SuarezEz aitarik, ez etxerik
2025/01/08Iรฑigo SatrustegiTren batera igotzeko aukerarik gabe
2025/01/10Maitane UriarteAdimen artifiziala: interpreteen akabera ote?
2025/01/13Angel ErroPoetak atzerrieraz
2025/01/15Claudia TorralbaInterpreteak eta orekariak
2025/01/17Uxue ReyAmorrazio istorio bat
2025/01/20Anjel LertxundiSagarra manzana
2025/01/22Estitxu IrisarriYogaz euskaraz II
2025/01/24Gidor BilbaoEusebio Etxalarkoa, Raemaekers antibelizistaren bihurtzailea
2025/01/27Maite ImazAdimen artifiziala euskaraz
2025/01/29Asier LarrinagaAurrez aurre, justizia
2025/01/31Amaia LersundiBetiko erronkei begirada berriak
2025/02/03Oskar AranaMendi, baso, oihanโ€ฆ
2025/02/05Ane GarmendiaZuzentzaileak, funtsezko kate-begia
2025/02/07Manu Lรณpez GaseniNork nori zor
2025/02/10Isabel EtxeberriaIrabaziak eta galerak
2025/02/12Yasmine KhrisEuskaldun baten konfesioa
2025/02/14Eider BeobideRapa, hitz esana, ahozkotasuna eta kaleko hizkera
2025/02/17Fernando ReyEgiteko nahia?
2025/02/19Irati BakaikoaItzulpenaz eta (genero) disidentziaz II
2025/02/21Lamia Filali-MouncefEuskoterapia, marokoterapia eta ama-hizkuntzaren eguna
2025/02/24Kike AmonarrizEuskara, galegoaren eta katalanaren ispiluan
2025/02/26Aitor BlancoEuskaldun mesfidatiaren sindromea
2025/02/28Elizabete ManterolaErdaraturiko literaturari begira
2025/03/03Santi LeonรฉMaritxu nora zoaz adimen artifizial horrekin?
2025/03/05Amaia AstobizaEskerrik asko, itzultzaileok
2025/03/07Igone ZabalaUnibertsitateko hizkuntza-plangintza eta eleaniztasuna
2025/03/10Josu BarambonesAzpidazketak gordetzen duena
2025/03/12Itziar Diez de UltzurrunAukerak (II)
2025/03/14Asier LarrinagaHizkera inklusiboaren alde
2025/03/17Xabier OlarraHitanoa literaturan (laburbilduz)
2025/03/19Castillo SuarezHizkuntzari buruzko lau poema jaso nituen oso denbora gutxian
2025/03/21Amaia LasherasEta, beren ustez, euskaraz ari ziren
2025/03/24Isabel EtxeberriaUstezko influencerren autokonplazentzia
2025/03/26Angel ErroArrautzopila, tortilla, amuarraina
2025/03/28Claudia TorralbaIkusizko itzulpena, ikusizko interpretazioa eta aldibereko interpretazioa testuarekin
2025/03/31Uxue ReyTxandrioa litzateke
2025/04/02Enrike Diez de UltzurrunLau istorio ttipรฌ
2025/04/04Estitxu IrisarriGizon zuzena
2025/04/07Aintzane IbarzabalIturriaga, Moby Dick eta irakaskuntza
2025/04/09Maite ImazItzultzaile neuronalak eragindako kexak
2025/04/11Maitane UriarteKabinako konfidentziak
2025/04/14Amaia LersundiEuskal Herritik mundura
2025/04/16Itziar OtegiEuskaraz ere badugu maskulino generikoa
2025/04/23Ane GarmendiaKonformismoAA
2025/04/25Manu Lรณpez GaseniEuskal kanonaz
2025/04/28Gidor BilbaoHeraklito eta Artamendi UEUn, 1977an
2025/04/30Maitane UriarteEuskarazko interpreteak jopuntuan
2025/05/02Eider Beobide58 segundo
2025/05/05Fernando ReyMusika euskal-nafarra eta postedizioa
2025/05/07Irati BakaikoaItzulpenaz eta (genero) disidentziaz III
2025/05/09Lamia Filali-MouncefEuskarak behar dituen elkarrizketak
2025/05/14Kike AmonarrizInterpreteak hitzaldietan: Iparraldean beti, Hegoaldean ia inoiz ez
2025/05/23Igone ZabalaAreagotu aditza
2025/05/26Josu BarambonesCorpusen paradisua
2025/05/28Itziar Diez de UltzurrunPaperaren alde
2025/05/30Xabier OlarraIya guriak egin du: hitanoa arnasestuka
2025/05/02Castillo SuarezPoema argitaragabe bat, mesedez
2025/06/04Asier LarrinagaZurruntasun terminologikoak
2025/06/06Amaia LasherasIzan gaitezen belarriprest
2025/06/09Isabel EtxeberriaPauso txikiak eta jauzi handiak
2025/06/11Angel ErroEuskarazko itzulpenak gomendatzen erdaldunei
2025/06/13Claudia TorralbaInterpretea hizlari bihurtu zenekoa
2025/06/16Uxue ReySemaforo gorri monokromoa
2025/06/1831 eskutik-eko kolaboratzaileakGaza

Gaza

31 eskutik-eko kolaboratzaileak

31 eskutik bloga osatzen dugunok gure ahotsak batu nahi dizkiogu Gazako genozidioa salatzeko hitza hartu duten hainbat pertsona, elkarte eta erakunderen ahotsari. Jasanezina zaigu Gazako haur, gazte, gizon eta emakumeei eragiten ari zaien sufrimendua, ankerkeriaren neurri guztiak gaindituta.

31 eskutik blogean idazten dugunok aldarrikatzen dugu maite ez dugun hizkuntza bakarra armen hizkuntza dela. Eskatzen dugu isil daitezela armak berehala, eta eman dakiola bide gizatasunari. Mundua ez dago indiferentziaz begira; milaka pertsona gaude amesgaizto hau amaitu dadila eskatzen, edo amaitu dadin lan egiten. Elkartasuna adierazten diegu modu batean edo bestean ahalegin horretan dabiltzanei.

31 eskutik blogean mintzatzen garenok hitzaren aho zorrotzean sinesten dugu. Gailendu dadila hitza, ebaki daitezela ebaki beharreko hitzak, eternitate bat irauten ari den amesgaizto hau konpontzeko bidean jartzeko, berandu baino lehen.

Semaforo gorri monokromoa

Uxue Rey Gorraiz

Berriki, orain dela urtebete inguru izandako elkarrizketa bat etorri zait burura. Laneko mediku azterketan izan zen. Ni aurrez egin beharrekoak eginda azaldu nintzen kontsultara; pixez betetako flasko bat eskuetan eta lentillarik gabe โ€•haien ordez, betaurrekoak jarritaโ€•. Aitortzen dut egun horretako oroitzapena dagoeneko ez dudala lehen bezain garden, baina neke aurpegia izanen nuen, seguru.

Sartu nintzen kontsultara, eta, kasik beste deus baino lehen โ€•gogoan baitut neronek esan behar izan niola erizainari faborez har ziezadala flaskoa ahalik lasterren, ez bainion horretarako batere presarik sumatuโ€•, emakumeak zenbait galdera egin zizkidan. ยซZer moduz bizi zaren jakin nahi dut, besterik ezยป, aurreratu zidan.

Galderetako batzuk aski bitxiak iruditu zitzaizkidan โ€•droga kontsumoari buruzkoak bereziki, zertan ezkutatuโ€•, edo, behintzat, behin baino gehiagotan iruditu zitzaidan galderak formulatzeko zeukan manerak guztiz baldintzatzen zuela eman nezakeen erantzuna. ยซSi no fumas, drogas entiendo que tampoco, ยฟverdad?ยป, bota zidan lasai asko. Baina, tira, hori beste kontu bat da.

Hemen kontua baita zera galdetu zidala segidan: ea estresik banuen. Duda imintziorik ere egin gabe erantzun nion baietz, munduko gauzarik agerikoena kontatzen ari banitzaio bezala. ยซBai? Zenbat?ยป, segitu zuen hark galdezka, jakin-minez. ยซTira, ba normala. Estres maila normalaยป, esan nion nik. Haren errematea etorri zen ondotik: ยซNola normala? Zuretzat zer da estres maila normala?ยป.

Horretaz oroitzeak grazia egiten dit orain. Izan ere, esanen nuke emakumeak nahiko muturtuta eman zizkidala estresa apaltzeko gomendio batzuk, eta, oker ez banaiz, kontatu nizkion zenbait gauzak harritu ere egin zuten, neurri batean. Igual, gauza bat kontatzea ahaztu nuelako harrituko zen hainbeste? Ez niolako esan euskalduna naizela? Akaso horregatik datorkidalako, partez, ditxosozko estresa?

Dudarik balego, azken hori erdi txantxa da, noski, eta, akaso, analogia bezala ere ez zait nahi bezain fin gelditu azkenerako. Kontua da nolabait nahi nuela pasadizo hori azkenaldian aski interesgarria zaidan gai honekin lotu: hizkuntza estresarekin. Badago euskaldun izan eta estres linguistikorik ez sentitzerik?

Hizkuntza estresa: aurrean duzunarekin euskaraz edo erdaraz egingo duzun erabakitzeak sortzen du tentsioa, ezinegon sentimendua.

Hain zuzen, hori posible ote den da aurtengo Euskaraldiaren karietara han-hemenka ikusi dudan test batek zeharka plazaratzen duen aztergaietako bat. Zehazki, Kalkulatu zure hizkuntza-estresa izena du test horrek, eta, berez, Galtzaundi Tolosaldeko euskaltzaleen elkarteak sortua da. Zinez interesgarria iruditu zait. Batetik, laguntzen duelako ikusten estres mota hori zer ekintzatan suma daitekeen; bestetik, noski, norberaren jokabideei erreparatzeko aitzakia ematen duelako, eta haietan zuzenketaren bat edo beste egiteko motibazioa biltzeko ere balio duelako, orobat. Hementxe duzue testa eskura; egizue, egizue.

Screenshot

Nik ez ditut nire erantzunak hemen aletuko. Baina bai aitortuko dudala estres maila ยซertainaยป omen dudala gaur egun. Asko pentsarazi dit.

Izan ere, normala da? Behar du izan? Adibidez, normala da oraindik ez izatea talde batean gaudelarik euskaraz aritzeko aski konfiantza, batek ulertuko ez duelakoan? Edo, bestela: normala da pertsona berarekin ari naizelarik etengabe euskaratik gaztelaniara saltoka-saltoka aritzea hizketan, eta horretara ohitu izana honezkero, edo, are gehiago, nik sorraraztea halako solasaldiak? Normala, batzuetan bai, baina oraindik ere kasuen erdietan baino gehiagotan egitea lehenbiziko hitza erdaraz, bestela zaila zaidalako ยซay, perdonaยป horri hortzen atzean eustea, nahiz eta jakin badakidan ez dela zer barkatu?

Edonola ere, beste behin, galdera mordoarekin baina kasik erantzunik gabe nabil ni. Eta besteren hausnarketetan arakatzea beste erremediorik ez dut izan, ohi denez. Hona ekarri dizkizuet zenbait amu.

Esaterako, hizkuntza estresari buruz ari garen honetan, guztiz argigarriak dira Gemma Sangines Saizen azalpenak. 2016an Lehen hitza euskaratik, semaforo berdera izenburuko artikulua argitaratu zuen Berria egunkarian, eta hor jasoak dira hainbat gako. Besteak beste, semaforoaren analogia baliatuta, Sanginesek dio hizkuntza menderatzaileetan mintzo direnek ยซsemaforoa gorri dagoeneanยป baizik ez dutela sentitzen oztoporik beren hizkuntzan aritzeko. ยซHau da, solaskideak ez diela ulertzen esaten dienean edo bere hizkuntzan hitz egiteko eskatzen dienean. Horretara helduta bakarrik ulertzen dute ezinbestean egin behar dutela zerbait: edo komunikazio-modua aldatu, edo komunikatzeari uko eginยป. Aldiz, Sanginesen arabera, ยซhiztun minorizatuekยป โ€•eta euskaldunak kokatzen gaitu talde horretanโ€• oso bestela jokatzen dugu semaforoaren parean. ยซBerde dagoenean ere baztertzen dugu hizkuntzaยป. Badaezpada, erdaraz, zer gerta ere.

ยซBesterik gabe onartzen dugu txinatar batek ezin duela euskaraz egin, Gasteizen ezin zaiola inori lehen hitza euskaraz bota, edo alukeria galanta litzatekeela nor-nori-nork iraganean jokatzeko arazoak dituenarentzat euskaraz jarraitzea. Ez dakigu koloreak bereizten. Den-dena ikusten dugu gorri monokromoan. Beraz, hiztun arruntek bezala jokatzea litzateke kontua, onarturik edonor izan litekeela gure hizkuntzaren hiztuna, haren itxura edozein dela ere, eta nekez hitz egiten badu ere ez zaiola batere kaltegarria izango elkarrizketarekin jarraitzeaยป.

Gaiari buruzko beste hainbat gako ere eman izan du sarritan Sanginesek, eta, jakina, ohartarazi du guztia ez dagoela elkarrizketa abiatu beharra duen pertsonaren esku. Hain justu ere, ederki dakigu egoera desatseginak nahi baino gehiagotan sortzen direla halakoetan. Neronek ere nahi baino gehiagotan jaso ditut mespretxu begiradak bueltan, euskaraz aritzeagatik, eta nekagarria da; beti ez da izaten horretarako gogorik.

Hori bai: esperantzarako motibo bila-edo, bilaketa zabalagoa egin dut sarean, eta hara non aurkitu dudan Sangines beraren beste elkarrizketa bat โ€•Ipar Euskal Herriko Hitzan argitaratua hauโ€•, titular eder-ederrekoa: ยซHizkuntza estresa sendagarria daยป. Eta, horregatik, erabaki dut datorren urtean, Euskaraldiaren hurrengo edizioan bestela, berriz eginen dudala estres maila neurtzeko test hori. Ea, behintzat, arinagoa den orduan.

Bukatzeko, duda bat, guztia aldrebesteko. Euskaldunok hizkuntza estresa sentitzea ezinen da guztiz txarra izan, ezta? Kateak sentitze hutsa bada, neurri batean, mugitzen ari garen seinale. Eta, gainera, estresak haserrea pizteko ere balio badigu, aprobetxatu dezagun. Ikus gaitzatela amorratuta tarteka.

Hau esanda, uda polita opa dizuet guztiei. Besarkada bana.

Interpretea hizlari bihurtu zenekoa

Claudia Torralba Rubinos

Blog honetan askotariko sarrerak idatzi ditut interpretazioari buruz, eta pentsatu dut aurtengo azkena abagune polita izan zitekeela autokritika pixka bat ere egiteko.

Izan ere, maizago egoten naiz kabinan oholtzan baino, baina beste aldean egotea ere tokatu izan zait behin baino gehiagotan. Beti da garrantzitsua interpreteari dokumentazioa (aurkezpena, eskema, irakurriko den testuaโ€ฆ) garaiz helaraztea. Behin eta berriz defendatu dut plaza honetan eta beste batzuetan, eta beti defendatuko dut. Eta txintxoa izan naiz hizlari izatea tokatu izan zaidanetan, eta eskatutako epean bidali ditut materialak.

Hala ere, doktorego-tesia defendatu nuenean sentitu nuen lehen aldiz interpreteari materialak bidaltzeko presioa. Presio desatsegina, bide batez. Nazioarteko doktorego-tesia egin nuen, eta euskaraz eta ingelesez defendatu. Horregatik, interpretea izan nuen epaimahaikideei euskarazko pasarteak itzultzeko.

Aste gogorra izan zen: urduritasuna, lana, emozioak gora eta beheraโ€ฆ Ez neukan asmorik โ€•ez denborarik, egia esanโ€• aurkezpena idatziz prestatzeko. Momentuan inprobisatu nahi nuen. ยซEz dut idatzizko testurik irakurriko, eta, beraz, interpreteak ez du arazorik izango nire ahozko jardun inprobisatuari jarraitzeko. Aurkezpena prestatu, interpreteari denboraz bidali, eta listoยป. Izan ere, aurretik bidaliak nizkion tesia bera (400 orrialdetik gora) eta tesiaren laburpena ere โ€•horrelakorik pentsatzea ereโ€ฆโ€•.

Asmatu duzue, bai. Idatzizko testua prestatu behar izan nuen. Nire hasierako asmoaren eta egutegiaren kontra. Erlojupekoan. Eta agobiatu eta estresatu egin nintzen lan โ€œgehigarriโ€ hori egin behar izateagatik. Amorru apur bat ere eman zidan, aitortzen dut. Lehen aldiz, hizlari batzuek sentitzen dutena sentitu nuen.

Bekatua aitortuta, hiru ideia, labur-labur, hesiaren alde banatik:

1.- Proiektatzen den aurkezpenak ahozkoaren osagarri izan behar du, eta, beraz, ez da komeni diapositibetan ahoz esango dena idaztea. Hartzaileak badaki irakurtzen, eta beste zerbait espero du hizlariarengandik.

Bai, bainaโ€ฆ interpretea ez da igarlea, eta ez du magiarik egiten. Nola aurreikusiko du zer esango duzun ez baduzu idazten? Nola jakingo du zer ezkutatzen den zuretzat erabat ilustratzailea den irudi baten atzean ez badiozu esplikatzen? Batzuetan, posible du esango den hori aurreratzea, gaia ezaguna badu eta prestaketarako material eta denbora nahikoa izan badu, baina doktorego-tesi baten defentsan? Hobe da ez arriskatzea. Hizlariaren beraren interesak zaintzeko eta babesteko modua da ahoz esango direnak idatziz eskatzea, interpretearen itzulpenaren kalitatea eta zehaztasuna ziurtatzeko bermea.

2.- Hizlaria da aditua gaian, eta kapaz da gai horri buruz luze, zabal eta zehatz hitz egiteko, denbora-tarte luze batez. Izan ere, urteak eman ditu dena delako gaia ahoz zein idatziz jorratzen.

Bai, eta, horrexegatik, hain zuzen, esango duen horren gaineko ahalik eta xehetasun gehien eman behar dizkio interpreteari, interpreteak ez baitu inoiz jakingo hizlariak adina gaiari buruz. Ezin ahantz daiteke oso testu-genero espezializatuaz ari garela, eta, beraz, orokorragoak edo dibulgatiboagoak diren testu-generoetan baino gehiago โ€œlagunduโ€ behar zaiola interpreteari ezagutza espezializatu hori ahalik eta azkarren eta ondoen barneratzen.

3.- Horrelako hitzordu garrantzitsu baten atarian, entsegua programatu genuen interpretearekin โ€•eta eskerrak!โ€•. Espero ez nuen lana eman zidan testua aurrean neukala, izugarrizko mendekotasuna sentitu nuen idatzita zegoen horrekiko. Irakurri egin behar nuela sentitzen nuen, eta begiak etengabe joaten zitzaizkidan paperera. Oso gaizki atera zitzaidan, inoiz baino okerrago. Sinestezina zirudien.

Interpretea erabat funtsezkoa izan zen entsegu horretan aurkezpenaren ahulguneak identifikatu eta azalpenetan gako izango ziren aldaketak egiteko. Bere lana ondo egiteaz ez ezik, neure ekoizpena hobetzeaz ere arduratu zen. Hark emandako feedbackari esker, aurkezpena oso ondo atera zitzaidan, testua bazter utzita.

Eta testua bazter utzita ere, interpretea eta biok sinbiosi-egoera batera iritsi ginen, non berak bazekien nik zer eta nola esango nuen eta nik banekien berak nola itzuliko zuen. Sorpresarik gabe, ezustekorik gabe. Lehen esan dut interpreteek ez dutela magiarik egiten, baina hark magia egitea lortu zuen, modu adeitsuan, eskuzabaltasunez. Elkarlanean aritu ginen. Nik โ€œinterpretearentzatโ€ egin beharreko lana โ€œniretzatโ€ egindako lan bihurtu zen. Amorrua amaigabeko esker on bilakatuta. Mila esker berriro ere, Idoia. Esperientzia horri esker, badakit bestaldean zer sentitzen den, baita sentimendu horiek enpatiaz nola bideratu ere, alde batean zein bestean egon.

Azkenean esperientziak berak erakusten digu testuliburuek esaten dutena: interpreteak hizlarien lagunak dira, eta ez etsaiak.

Euskarazko itzulpenak gomendatzen erdaldunei

Angel Erro

I

Katalan, galiziar eta euskal literaturetako ordezkari bana Madrilgo Hizkuntza Eskolan antolatutako mahainguru batean. Niri egokitu zait euskal literatura ordezkatzea-edo. Halakoetan nork bere izenean hitz egiteaz aparte, komunitate oso baten ahoz ere jarduteko ardurak hartu ohi du.

Azken galderan gutako bakoitzak gure literaturako liburu bat, azkenaldikoa, gomendatzeko eskatu digutenean, hor nabaritu dut gehien nire izenean esklusiboan edo euskaldun guztionean aritzearen arteko talka. Espero izateko galdera izan arren, ez nuen ezer prestatua. Zer erantzun? Egunotan eskuen artean dudan liburua ekarri? Benetan liluratu nauen azkena? Eta nobedadea izateari aspaldi utzi bazion? Azkenaldian irakurleek eta kritikak harrera ona egin dioten izen bat eman, nahiz eta nik leitu ez dudan, edo โ€•larriagoโ€• nahiz eta niri ez ur eta ez ardo iruditu? Hor bildutako gehienek euskal literaturaren ezagutza eskasa izanen dutela kontuan hartuta, hartan murgiltzen hasteko moduko liburu eskuratzen erraza eta erdarara itzuli berria aipatuko dut? Ala aretoan dagoen euskaldunek bakarrik ezagutu ahal izanen duten egile eta liburuaren alde eginen dut, jakinik ere, itzulita izan ez denez, beste guztiak geldituko direla euskal literaturak duen mailari tamaina ezin hartuta?

Azken uneko erabakian, ez bata eta ez bestea: euskarara itzulitako erdal liburu bat gomendatu nuen, oraintxe ez dut gogoratzen zein. Ez dakit horrekin lehenago azaldutako arazoetatik zenbat konpontzen nituen. Esango nuke bat ere ez. Are gehiago, euskal literaturaren ordezkari eskasa nintzela pentsatuko zuten askok.

Agian euskal literaturari gaur egungo itzulpengintzak egiten dion ekarpena goraipatu nahi nuen. Agian guztiok ezagutzeko moduko liburu bat, aldi berean aretoko euskaldunek leitzeko eta euskaraz disfrutatzeko modukoa, plazaratu nahi nuen. Edo agian, sinpleki, nahiago nire garaikidea den lumakiderik (jendaurrean eta onerako) ez aipatu, zeina gure literaturaren marka bihurtzeko puntuan baita.

II

Hizkuntza bakoitzak modu esklusiboan eskain dezakeen plazeraren eremua poesiarena omen da. Irakurleok ez gara hain kontziente jatorrizkoan ez leituta zer galtzen ari garen eleberri bati heltzen diogunean. Hala ere nik deskubritu uste dut beste modu bat ez dakidan hizkuntza batek sorrarazten duen plazer estetikoa atzemateko. Itzulpenek eman dezakete hori. Zehazki, zuk miresten dituzun atzerriko egileek egindako itzulpenek.

Normalean ez ohi dugu jakin bere erdarara zer itzuli duten gure idazle faboritoek; normalean ez dira haien lanen zerrendan aipatzen. Haiek egindako itzulpen horiek irakur genitzake, jakina, haien liburuak ere bere hizkuntzan irakurtzeko gauza garen neurrian. Baina zentzua izanen luke? Natalia Ginzburg italieraz irakurtzeko balentria egin nezake (ez zen italierazko nire lehen liburua izanen), baina berak itzulitako Marcel Prousten Du cรดtรฉ de chez Swann (La strada di Swann izenburuduna) irakurtzeko gai izanen nintzateke? Nekez, alde batetik, oraintsu arte ez dudalako jakin lan horretara emana egon zela bere bizitzako zortzi urtez, baina baita, neure burua gertaerei jarraitzeko gauza naizela pentsatu arren, ez dudalako uste itzulpenaren kalitatea epaitzeko (eta hartaz gozatzeko) aski italiera dakidanik; hots, italieradunentzako ortu zarratua delako hori.

Gauza bera esan nezake, Prousten lanetik atera gabe, portugesari buruz, Manuel Bandeiraren A Prisoneira edo Carlos Drummond de Andraderen O Tempo Redescoberto itzulpenen harira, edo alemanierari buruz, Walter Benjaminen Im Schatten der jungen Mรคdchenย (ร€ lโ€™ombre des jeunes filles en fleurs) dela eta[1].

Pello Lizarraldek, Fernando Reyk eta Irene Hurtado de Saratxok itzuli dute Natalia Ginzburg euskarara, Joseba Sarrionandiak eta Koldo Izagirrek Bandeira eta Drummond de Andrade, eta Walter Benjaminek euskaraz izan dituen itzultzaileen artean Garazi Arrula, Maialen Berasategi, Danele Sarriugarte edo Iรฑaki Segurola daude. Hala ere, ez Lizarraldek ez Reyk, ez Sarrionandiak ez Izagirrek, ez Sarriugartek ez Berasategik sekula ezin izanen dute Denbora galduaren bila-ko liburuki horiek italieratik, portugesetik edo alemanetik itzuli. Ezin itzulizko esperientzia eskaintzen baitute itzulpenek, hain zuzen.

Agian horregatik hasi beharko genuke euskal itzulpenak gomendatzen, euskarazko liburuen berri galdetzen digutenean.


[1]     Walter Benjaminek bai liburu hau, bai Recherche-aren hurrengoa, Guermantes, Franz Hessel lagunarekin batera itzuli zituen. Laugarren liburukia, Sodoma eta Gomorra, berriz, bakarka itzuli omen zuen; eskuizkribua galduta dago zoritxarrez.

Pauso txikiak eta jauzi handiak

Isabel Etxeberria Ramรญrez

Duela urte batzuk lagun talde handi bat astronauta jantzi ginen Inauterietan: mรขchรฉ paperarekin kaskoak egin, buzo zuriak erosi, eta plastikozko botilen tapoiekin eta guk diseinatutako pegatinekin tuneatu genituen. Ez dut oso ondo gogoan norako โ€•pegatinetako bat, karroza gisara eraman genuen espazio-ontziaโ€ฆ?โ€•, baten batek Neil Amstrongen esaldi ezaguna erabiltzea proposatu zuen, eta niri enkargatu zidaten hori euskaraz esateko modua bilatzea. Galdetu zidatena ez zen izango, noski, nola esan euskaraz โ€œThatโ€™s one small step for man, one giant leap for mankindโ€œ, baizik eta nola esan โ€œUn pequeรฑo salto para el hombre, un gran paso para la humanidadโ€. Amstrongek ingelesez bota zuen esaldia, baina Hegoaldeko euskaldunok gaztelaniaz dugu gogoan gordeta, modu finko eta errotuan. Horrelaxe aipatzen dugu, hitzez hitz, gaztelaniaz mintzo garenean, eta ez, demagun, โ€œun pequeรฑo brinco para el ser humano, un enorme paso para la humanidadโ€. Euskaraz, ordea, ez dugu forma bat automatizaturik zilegi liratekeen aldaera guztien artean: pauso/urrats, salto/jauzi, txiki/hutsal, handi/erraldoi/itzel/sekulako, gizadi/gizateriaโ€ฆ? Izan bada proposamen bateratzailerik, esaldi hori lehenago ere aipatu behar eta nahi izan baita euskaraz, noski; komunikabideetan, adibidez. Nik orduko hartan, hain zuzen, EITBren Hikea datu-basera jo nuen proposamen bila, eta han aurkitu nuen: โ€œpauso txiki bat gizakiarentzat; jauzi handi bat gizateriarentzatโ€. Kontua da proposamen guztiz egoki hori ez dugula gogoan iltzatuta; ez dago euskal hiztunon esaeren ondarean sustraituta. Eta esan nahi badugu, bilatu edo asmatu behar izaten dugu aldiro. Edo irtenbide erraz eta ohikoenera jo, bestela: gaztelaniaz edo frantsesez aipatu. Esango nuke, gainera, hiztun askori euskarazkoa itzulpenago iruditzen zaiola gaztelaniazkoa edo frantsesezkoa baino. Izan ere, aldaera bakar bat finkatuta dagoenean, gaztelaniaren eta frantsesaren kasuan gertatzen den bezala, hiztun komunitateak ondarekoago edo berezkoago sentitzen du esapide hori. Aitzitik, adierazi nahi dugun bakoitzean nola esan pentsatu behar badugu, itzultzen ari garelako kontzientzia handiagoa dugu.

Gure egunerokoan ugari dira horrelako esaerak. Dei diezaiegun kale kultura. Amstrongen hura bezala, haietako asko ez ziren gaztelaniaz edo frantsesez sortu, baina guztiz naturalizatuak eta barneratuak ditugu bi hizkuntza horietarako itzulpenak. (Eta aurrera egin baino lehen, parentesi txiki bat barkamena eskatzeko: oso testu hegozentrikoa atera zait hau. Jarriko ditudan adibideak nire erdarakoak dira, gaztelaniakoak, alegia, ez baitut ezagutza nahikorik haien frantsesezko ordainak zein diren jakiteko). Esaera horien jatorria ezaguna izaten da batzuetan, lausoagoa beste batzuetan, eta askotariko iturrien bitartez iristen zaizkigu. Badakit, adibidez, โ€œSiempre nos quedarรก Parรญsโ€ Casablanca filmean Rickek Ilsari esandako hitzak direla. Eta Rickez ari garela, badakit โ€œNo lo sรฉ, Rick, parece falsoโ€ Pawn Stars telesailetik datorrela. โ€œLas mujeres y los niรฑos primeroโ€ XIX. mendean sortu omen zen, HMS Birkenhead izeneko ontzi baten naufragioan ziurrenik, testu hau idazteko dokumentatzean jakin dudanez. Baina arrastorik ez dut non sortu zen โ€œArriba las manos, esto es un atracoโ€.

Esamolde horietako batzuk egiaz ez ziren ohi dugun bezala esan, eta sasiaiputzat jo daitezke. Jatorrizko esaldia dena delakoagatik aldatu egin zen, eta eratorritako horixe da hiztun guztiek gaur egun buruz jakin eta errepikatzen dutena. โ€œHouston, tenemos un problemaโ€ (โ€œHouston, we have a problemโ€) ez omen zuen zehazki horrela bota Apollo 13ko pilotuak, ezpada โ€œHouston, weโ€™ve had a problem hereโ€ (โ€œHouston, hemos tenido un problema aquรญโ€). Tom Hanksek antzeztutako pertsonaiak erabili zuen โ€œHouston, tenemos un problemaโ€ Apollo 13 filmean, eta horixe da geratu dena. Gauza jakin samarra da Sherlock Holmesek sekula ez zuela โ€œElemental, mi querido Watsonโ€ esan Conan Doyleren nobeletan. Film batean esana da esaldia, eta gure esaerategian bilduta geratu zen harrezkero.

Halakoen jatorria eta gugana iristeko bideak direnak direla, kontua da finkatu gaztelaniaz eta frantsesez finkatu zaizkigula gogamenean, eta ez euskaraz. Haietako batzuk โ€•guk uste baino gehiago, ziurrenikโ€• eman dira lehenago euskaraz. Hamleten โ€œTo be or not to be, that is the questionโ€ ezin famatuagoa modu bakar batean datorkigu burura Hegoaldeko euskaldunoi gaztelaniaz: โ€œSer o no ser; esa es la cuestiรณnโ€. Euskaraz ez dut uste garunetik hain modu automatiko eta beti batean berreskuratzeko gai izango denik inor, nahiz eta 2002an jada Juan Garziak โ€œIzan ala ez izan: horra hor auziaโ€ proposatu zuen (eta โ€œIzan ala ez izan: or dago arloaโ€, bide batez, Bingen Ametzagak berrogeita hamar urte lehenago). Ama izatearekin batera eskuratzen omen den dohain misteriotsua (โ€œA que voy yo y lo encuentroโ€) โ€œBaietz ni joan eta aurkituโ€ izendatu du duela gutxi Ane Labakak bere Hezur berriak poema liburuan. Poztuko nintzateke bidea egingo balu, baina badakigu zeinen zaila den erdarak gure bizitzaren geruza guztiak blaitzen dituen diglosia egoera honetan inertziaren kontra egitea. Ni behintzat erabiltzen hasiko naiz (eta izaten ditut izaten ditudanez esalditxoa erabiltzeko abaguneak).

Gure kale kulturako ondare immateriala osatzen duten esapide horiek, beraz, edo ez dira inoiz euskaraz eman edo, eman badira, ez dira finkatu. Horra hor gure auzia: esapideak izan zein izan ez, arazo bat daukagu, Houston. Adierazkortasuna aeragotzeko baliabide mota honetan ere motz dugu euskara (geuk kamusten dugu, egia esan), eta erdarara jotzea izaten dugu erraxkeriazko alternatiba. Diglosia da, ergela!

Denboratxoa da halako esaldiak nire mugikorreko post-it aplikazioan apuntatzen ditudala, eta zuekin konpartituko ditut gaur. Balio dezala jolasteko eta dibertitzeko, besterik ez bada ere. Haietako batzuk EITBren Hikean jasota daude; beste batzuk webean zertxobait arakatuta erraz topatzeko modukoak izango dira; eta beste batzuetarako, azkenik, lehenengoz proposatu beharko da ordaina. Osatu, luzatu, gozatu. Honatx:

Al abordaje
Al ataque
Alto o disparo
A que voy yo y lo encuentro
Arriad las velas
Arriba las manos, esto es un atraco
Corred, insensatos
Divide y vencerรกs
Elemental, mi querido Watson
Eso es todo, amigos
Hasta el infinito y mรกs allรก
Hombre al agua
Houston, tenemos un problema
La bolsa o la vida
Las mujeres y los niรฑos primero
Le harรฉ una oferta que no podrรก rechazar
Levad anclas
Me llamo Iรฑigo Montoya. Tรบ mataste a mi padre. Prepรกrate a morir
Mi casa, telรฉfono
Nadie es perfecto
No lo sรฉ, Rick, parece falso
No se vayan todavรญa, aun hay mรกs
Pienso, luego existo
Quรฉ hay de nuevo, viejo
Que la fuerza te acompaรฑe
Que parezca un accidente
Sรกlvese quien pueda
Ser o no ser, esa es la cuestiรณn
Siempre nos quedarรก Parรญs
Solo sรฉ que no sรฉ nada
Soltad amarras
Sujรฉtame el cubata
Tรณcala otra vez, Sam
Un gran poder conlleva una gran responsabilidad
Un pequeรฑo salto para el hombre, un gran paso para la humanidad
Yo que tรบ no lo harรญa, forastero
Yo soy tu padre

Izan gaitezen “belarriprest”

Amaia Lasheras Perez

Atzo bildu genituen aurtengo Euskaraldirako txapak. Nik ahobiziarena hartu nuen; nirekin joan zen lagunak, berriz, belarriprestena. Txapak partitzen ari zen lagunak harrituta begiratu zion, eta โ€œzu, belarriprest?โ€ galdetu zion. Azalpena ezin politagoa iduritu zitzaidan.

Lagun hori euskaldun zaharra da, ikasketa guziak euskaraz egin ditu, eta, bizitzaren ehuneko handienean, euskaraz bizi da: familian, herrian, lagunartean, laneanโ€ฆ Berak dio euskaraz ongi-ongi moldatzen ez diren horientzat bideratu nahi duela bere belarriprestutasuna. Suposatzen da ezen Euskaraldian โ€œrolโ€ hori hartzen duena euskarazko solasaldiak ulertzeko gai dela, baina zailtasunak dituela ideiak adierazteko; hala, gonbidapena egiten digu berarekin euskaraz egiteko. Denok dakigu euskara menderatzen ez duten pertsonek (berdin dio deus ez jakiteak nahiz ulermen maila polita izateak) ez dutela inolako arazorik inguru euskaldunetan mugitzeko, gainerako guztiok gaztelaniaz edo frantsesez ere badakigulako. Beraz, ez dute inoiz beren burua egiatan bortxatua sumatzen ikasteko edo dakiten hori praktikatzeko. Eta, hortaz, beharbada, zaila dute belarriprestetik ahobizira salto ematea, gibelean arrazoi hagitz indartsuak ez badaude, behintzat: seme-alabak, lan-kontuak, euskararekiko konpromiso hagitz handiaโ€ฆ

Egoera hori iraultzen laguntzea da nire lagunaren asmoa; alegia, euskaraz egitera ausartzen ez diren lagun horiei erran nahi die bera han dagoela, prest, euskaraz erran nahi dutena entzuteko. Ez du axola zenbat denbora kostatzen zaien ideia bat adieraztea, akatsak egiten dituztenโ€ฆ Hantxe egon nahi du berak, pertsona horiek euskaraz lasaitasun osoz mintza daitezen.

Zer pentsatu handia eman zidan horrek. Egia erran, pazientzia ttikiko pertsona naiz ni, eta aitortu behar dut urduritzen naizela ondokoa euskaraz ezinean ari denean. Tentazioa izaten dut lagun horri esaldia neuk bukatzeko (gaztelaniaz ere gertatzen zait, ez uste). Horri nire deformazio profesionala gehitu behar diot. Zuzentzailea izanda, edozein pertsona hitz egiten ari dela, alarma bat pizten zait buruaren barruan akats bat harrapatzen dudan bakoitzean. Ezin dut saihestu. Tentsio batean bizi naiz beti, zuzentzaile sena ezin baitut โ€œitzaliโ€. Beraz, euskaraz ongi moldatzen ez den pertsona batekin ari naizenean, izerditan hasten naiz, bihotza bizkortu egiten zait, angustia-puntu bat ere sumatzen dutโ€ฆ Baina, ongi hezitako neska naizenez, itxurak egiten saiatzen naiz: irribarre egiten dut, buruarekin baiezko keinua egin, eta parean dudan pertsona hori euskaraz segitzera animatzen dut, jakina! Penak goikoan gordetzen ditut horrelakoetan.

Euskaraldiak egiten digun proposamena konponbide polita izan daiteke euskadunok behin eta berriz erdarara makur ez gaitezen, ezta? Zuk, erdaraz, bai, baina nik, euskaraz. Bide batez โ€œeuskarazko hartzaileaโ€ den pertsonak esposizio handiagoa izanen du eta, horrenbertzez, hobetzeko aukera, beharbada noizbait ahobizi izateraino. Hala ere, nik uste dut asmo on horrek porrot egiten duela, eta ni neu ere horren erruduna izaten naiz. Hizkuntzak komunikatzeko tresnak dira, hotz-hotzean hartuta behintzat. Ikerlari batzuek diote egunean 20.000 hitz inguru erabiltzen ditugula eta 30.000 jaso. Banaz bertze, erne pasatzen dugun egunaren zatiaren % 70 pasatzen omen dugu komunikatzen. Hala, argi dago gure eguneroko energiaren ehuneko handi samar bat horretara bideratu beharko dugula. Gizakiak garen heinean, eskuragarri dugun energia ahalik eta hobekien kudeatzen saiatzen gara, oharkabean bada ere. Horrek ondorio zuzena dakar: ekintza bakoitzean ahalik eta energia guttien gastatzea. Hala funtzionatzen omen dugu.

Horrek azalduko luke zergatik kostatzen zaion horrenbertze euskara ongi menderatzen ez duen hiztun bati euskaraz egitea (solasaldiak luze joz gero, behintzat) baldin eta badaki parean duenak berak ongi dakien hizkuntza batean ulertu behar diola. Biziraupen-ekonomia da, lagunok! Eta, gainera, bi noranzkoko bidea da hori. Izan ere, mezua jasotzen ari dena ere ahalegin bat egiten ari da mezu โ€œezperfektuโ€ hori hartzeko. Hala, bizpahiru minutu pasatu eta gero, burmuinak traizioa egiten dio eta erdaraz hasiko da, energia aurrezteko.

Dena den, dei bat egin nahi dizuet (nire buruari ere bai). Beste batean euskaraz ongi-ongi moldatzen ez den lagun batekin solasean aritzen garenean, har dezagun belarriprest izateko jarrera eskuzabal hori. Eskain ditzagun gure denbora eta gure pazientzia pertsona hori euskaraz mintza dadin, askatasunez, epaitua sentitu gabe. Jar dezagun arreta edukian, eta ahantz gaitezen formaz. Itzal dezagun barruan daramagun zuzentzailea. Parean dugun laguna ongietorria senti dadila euskararen unibertsoan, etxean balego bezala. Sentiaraz diezaiogun gai dela euskaraz komunikatzeko. Egin diezaiogun kontra energia aurrezteko barne-bulkadari. Eta, gero, zoriondu dezagun gure burua ere egindako ahaleginarengatik.

Zurruntasun terminologikoak

Asier Larrinaga Larrazabal

Lehengoan, hari bat sortu zen Itzul zerrendan ‘aprendizaje mutuo’ terminoa dela eta. Zerrendara bidali ziren mezuetan, deigarri egin zitzaidan ideia bat azpimarratu nahi izatea: terminoak izenak direla. Esango nuke oraindino ere ikuspegi lar zurrunak direla nagusi gure artean terminologiari buruz.

Terminologiaz egin nituen lehen irakurraldiak Marรญa Teresa Cabrรฉren lanak izan ziren, eta diziplinara hurbiltzeko oso modu interesgarria iruditu zitzaidan, erantzuna ematen zielako ETBko zereginetan sortzen zitzaizkigun kezka askori. Kemenez beteta, artikulu bat ere idatzi nuen.

Orduan esandakoari ideiaren bat erantsi nahi nioke Itzul zerrendako haria aitzakia hartuta. Lehena da baliabide sintaktikoak zilegi iruditzen zaizkidala irtenbide terminologiko gisa. ‘Programa de aprendizaje mutuo’, euskaraz, ‘elkarrengandik ikasteko programa’ eman dezakegu, txukun baino txukunago. Beharbada, beste testuinguru batean, ‘aprendizaje mutuo’ eman beharko dugu huts-hutsik. Cabrรฉk ez bide luke arazorik ikusiko euskaraz beste irtenbide batera joko bagenu, ‘elkarrengandiko ikasketa’ sintagmara, esate baterako. Aitortu beharra dago elkarrengandiko ez dela euskarazko hitzik erosoena, eta nik ez nuke gaitzetsiko euskaraz beste alternatiba batzuk esploratzea. Elkarrekiko, agian? Elkar– aurrizkia, agian?

Itaunok airera bidalita, egonezina agertu nahi dut euskarazko terminologi ekarpenetan aditzak deslai uzten direlako sarriegi, terminoak izenak baino ez direlakoan. Testu teknikoetan, aditzak ere behar ditugu, jakina, baina gure hiztegi eta terminologia-bankuetan hutsune nabarmenak aurkituko ditugu. Lehengoan, ‘vencer’ aditza azaldu zitzaidan, inbertsio-funtsei aplikatuta. Euskaltermen, ‘vencimiento’ baino ez dator, ‘epemuga’ ordainarekin. Egia da ยซcuando venza el fondoยป euskaraz ยซfuntsa epemugara iristen deneanยป esan dezakegula, eta abar, baina, pentsaera aldatzen ez badugu, gero eta handiagoa izango da arrakala testugileari sortzen zaizkion premien eta hiztegigileak eskaintzen dizkion irtenbideen artean.

Poema argitaragabe bat, mesedez

Castillo Suarez

Tarteka poema argitaragabe bat eskatzen didate. Egun batetik bestera. Esate baterako, antologia baterako, aldizkari baterako, errezitaldi baterako, ekitaldi baterako, edo makurragoa dena, eskela baterako, orduan ezin baitut ezetzik esan eta, gainera, epe motza izaten dudalako egiteko eta ardura handia, batzuetan ez nuelako gertutik ezagutzen hildakoa. Alabaina, niri ez zaizkit poemak hain erraz ateratzen, ez dakit nik enkarguak egiten dituztenak jabetzen diren zer ari diren eskatzen, askotan, gainera, doan. Baina beti dago koska bat gehiago literaturaren unibertsoa deitzen dugun honetan. Nire azkeneko liburua gaztelaniaz argitaratuko da, esan dezagun, argitaletxe izendun batekin. Editoreak, baina, ez du euskarazko berbera argitaratzea nahi, ez du itzulpen hutsa argitaratu nahi. Poema ineditoak nahi ditu. 5 poema argitaragabe gutxienez. Eta jarri naiz poemak idazten, eta zalantza sortu zait zein hizkuntzatan idatzi, gaztelaniaz argitaratuko baitira. Orain arte ez dut inoiz gaztelaniaz idatzi. Eta itzuli ere, inoiz ez dut neure burua itzuli. Argitaratuko diren poemak, gainera, Angel Errok itzuli ditu. Eta hasi naiz poemak idazten, orain idazten ari naizen horren antzekoak. Eta bidali dizkiot Errori, eta berak itzuli. Baina ez naiz konforme geratu. Izan ere, Alaska liburua idatzi nuen duela urte batzuk, eta orain idazten ari naizena oso desberdina da, edo, behintzat, hori iruditzen zait niri. Erroren bertuteetako bat diskrezioa da. Ez du ezer esan, baina bigarren mezu batean beste poema batzuk bidali dizkiodanean egokiagoak direla esan dit, eta itzuli ditu beti bezain fin. Badu idazteak atabikotik zerbait, eta ezin nintzen bueltatu haurtzaroko Alaskara. Ez galdetu zergatik. Baina ariketa literario bat egin eta N1 zaharrean zeuden beste hotel batzuk ekarri ditut gogora eta bihotzera. Eta atera zaizkit 5 poema argitaragabeak. Hotel denak daude itxita. Zabalik geratzen den bakarra Alai da. Gaur bazkaldu dut bertan, pasako jendearen artean. Autobusetan heldu den jendeaz inguratuta, ez dakit nora doana. Eta hotel hipermoderno batetik hartutako boligrafoa hartu eta hitz batzuk apuntatu ditut kaier batean. Neskato beltzaran bat begira daukat.

ERREPIDE NAZIONALAREN IBILBIDE ZAHARRA

Leku Ona hotela
Erabiltzen ez den errepide batetik zoazela munduak errepide berritik aurreratzen zaituela sumatzen duzu. Une batez bide bazterrean geldituz gero esango dizut aspaldi esan nahi dizudana: hortxe dago muga, probintzien artekoa eta egun zoriontsuen eta zoriontsuagoak izanagatik guretako tristeagoak zirenen artekoa. Gera zaitez hor. Ez dakizu zer datorkizun, hurbiltzen ari den autoaren gidaria ezagutuko duzun ala ez. Beharbada poeta hura da. Errezitaldietan gazteena zena beti. Jaka islatzailea jantzita daramazu ikus zaitzan.

Aizkorri hotela
Igerilekurik gabeko hotel batean ezagutu zintudan. Gurasoak bizirik genituen artean. Elkarri zauriak ukitu genizkion eta zin egin, telebistako argia lekuko zela, gure bizitza perfektua izanen zela aurrerantzean. Izan ere, gerra batย  galdu egiten baitugu gogora ekartzen dugun bakoitzean. Eta ez dago leiho hautsi bat baino gauza tristeagorik. Hori eta Salgai afixa zartatu bat. Memoria abandonatutako hoteletan geratzen den altzari bat da, inork etxerako nahi ez duena. Txori bat sartu da behinolako jantokian eta ez daki nola atera bertatik.

Buenos Aires hotela
Mukerra naiz. Ohazal gainean loak hartu nau. Zu gabeko lehendabiziko uda da.ย  Orain badakit hizkuntza bera genuela, baina lengoaia desberdina. Zoriontsuak gineneko harremanak ere gaizki bukatzen direla ikasi dut urteekin: frutarbolen lerro zuzenen asperdura dugula maiteago oihanpeko desordena perfektua baino. Eta bizitza berdin izan daiteke daukazunarekin konformatzea edo zerbait hobea bilatzea. Edo biak aldi berean, zer esanik ez. Horregatik maite dut baikortasuna imitatzen dakien jendea. Maite dut pasoko hotelak bueltatuko ez naizela badakidalako. Joaten uzten duguna gara. Horregatik egoten gara larrialdietako irteerei begira.

Ulaiar hotela
Haizeak uhinak egiten zituen moztu gabeko belarrarekin. Txakurrek sumatu zuten euria heldu zela guk baino lehenago. Galdu genuena eta inoiz izanen ez genuena ezin bereiziz bizi ginen artean, eta abandonatutako askaltegian geratu ginen aterkirik ez bagenuen ere. Maite ditu euriak geldirik dauden gauzak. Zerbait esan nahi nizun. Aholku on bat eman kristalaren kontra erantsia gera ez zintezen desorientatutako txori bat nola. Ametsek ez gaituzte kolpatzen, ordea.ย  Gainera, amesteko esaten digutenak ez dira gurekin batera egoten gehienetan. Eta esnatu nintzen bat-batean, errepide bazterreko hotel batean gauaren erdian esnatzen den saltzailea bezala. Aukera izan banu, zu izanen nintzatekeen beti izanen duzulako norbait zure zain.

Ongi Etorri hotela
Galbiderantz zuzenean doanari ez zaio erakutsi behar drainatutako urtegi baten hondoan zer dagoen, ez duelako handik atera nahi izango. Baina alferrik da: beti betetzen dira gehien beldurtzen gaituzten mehatxuak, eta gure barrenak arrain inbaditzaileek zein lokatzak buxatuko dituzte. Bizitza da behinola erreka bat izan zen paraje bat, orain selfiak egiteko presagaina dena. Itxi zituzten hoteletako neoiakย  sumatzen dira gure begien hondoan. Gauak geratzeko nahikoa diren hitzak pilatzen zaizkigu eztarrian, urpeko landareriarekin katigatzen direnak. Madarikatuak gara: guretako asmatu zituzten kuretajeak.

ANTIGUA RUTA DE LA CARRETERA NACIONAL

Hotel Leku Ona
Cuando circulas por una carretera abandonada, sientes que el mundo te adelanta por la carretera nueva. Si nos detenemos un momento en el camino, te dirรฉ lo que trato de decirte hace tiempo: ahรญ estรก el lรญmite entre provincias, y tambiรฉn entre los dรญas felices y los que, a pesar de ser igualmente felices, para nosotras fueron mรกs tristes. Quรฉdate ahรญ. Ignoras tu futuro, si vas a conocer o no al conductor del coche que se aproxima. Tal vez sea aquella poeta. La que siempre era la mรกs joven en los recitales. Llevas el chaleco reflectante para que te vea.

Hotel Aizkorri
Te conocรญ en un hotel sin piscina. Nuestros padres todavรญa estaban vivos. Nos palpamos las heridas y juramos, con la luz de la televisiรณn como testigo, que a partir de ese momento nuestra vida serรญa perfecta. Y, efectivamente, perdemos una guerra cada vez que la recordamos. Y no hay nada mรกs triste que una ventana rota. Una ventana rota y un cartel ruinoso de Se vende. La memoria es un mueble en un hotel abandonado, que nadie quiere llevarse a casa. Un pรกjaro se ha colado en el antiguo comedor y no sabe cรณmo salir de allรญ.

Hotel Buenos Aires
Soy obstinada. Me he quedado dormida sobre la colcha. Es el primer verano sin ti.ย  Ahora sรฉ que hablรกbamos el mismo idioma, pero un lenguaje diferente. Con los aรฑos he aprendido que las relaciones en las que fuimos felices tambiรฉn terminan mal: que preferimos el aburrimiento de las lรญneas rectas de los frutales que el desorden perfecto del sotobosque. Y la vida puede consistir en conformarte con lo que tienes o en buscar algo mejor. O ambas cosas al mismo tiempo, faltarรญa mรกs. Por eso me agrada la gente que sabe imitar el optimismo. Me gustan porque sรฉ que no volverรฉ a hoteles de paso. Somos aquello que dejamos marchar. Por eso solemos mirar hacia las salidas de emergencia.

Hotel Ulaiar
El viento provocaba ondas en la hierba sin cortar. Los perros advirtieron que la lluvia habรญa llegado antes que nosotros. Todavรญa vivรญamos sin saber distinguir entre lo que perdimos y lo que nunca tendrรญamos, y nos quedamos en el merendero a pesar de que no tenรญamos paraguas. La lluvia ama las cosas inmรณviles. Querรญa decirte algo. Darte un buen consejo para que no te quedases pegada al cristal como un pรกjaro desorientado. Pero los sueรฑos no nos hieren.ย  Ademรกs, la mayorรญa de las veces no estรกn con nosotras los que nos dicen que soรฑemos. Y de pronto me despertรฉ, como un viajante que se despierta en medio de la noche en un hotel al borde de la carretera. Si hubiera tenido ocasiรณn, habrรญa sido tรบ porque siempre vas a tener alguien que te espere.

Hotel Ongi Etorri
A quien se dirige directamente hacia la perdiciรณn no hay que mostrarle lo que hay en el fondo de un embalse drenado, ya que no querrรก salir de allรญ. Pero es inรบtil: siempre se cumplen las amenazas que mรกs nos asustan, y nuestras entraรฑas serรกn obstruidas por peces invasores y por el barro. La vida es un paraje que en otro tiempo fue un rรญo y ahora es una represa donde hacerse selfis. En el fondo de nuestros ojos se aprecia el neรณn de los hoteles que se cerraron. Las palabras que bastan para detener las noches, las mismas que se encadenan con la vegetaciรณn subacuรกtica, nos golpean en la garganta. Estamos malditas: por nosotras se inventaron los legrados.

Itzulpena: Angel Erro