Azpidazketak gordetzen duena

Josu Barambones Zubiria

Zazpigarren artearen defendatzailerik sutsuenek bikoizketa gaitzesten dute, besteak beste, edozein antzezpenen zati handi bat ahotsean datzalako. Haien ustez, jatorrizkoa ulertzen laguntzeko, egokiagoa da azpidazketaz baliatzea, nahiz eta azpidatziek pantaila “zikintzen” duten eta ikuslegoaren atentzioa desbideratzen duten. Itzulpen mota bakoitzak bere alde on eta txarrak ditu, eta horregatik kontua ez da bata ala bestea aukeratzea, biak aukeran erabili ahal izatea baizik.

Azpidatziak ez dira filmeko elkarrizketak, eta ez dira filmaren barruan existitzen. Ikus-entzunezko testua ulertzen laguntzeko tresna bat baino ez dira. Guztiarekin ere, azpidatziei esker, ikusleek jatorrizko filma uler dezakete, azpidatziek eta filmaren ikus-entzunezko adierazpen-kodeek elkarri eragiten baitiote, eta horregatik ez da beharrezkoa itzulpen oso bat.

Nire ekarpen honekin, azpidazketa zer den hobeto ulertzeko adibide batzuk jarri nahi ditut, kasu errealak ikusita jakingo baitugu zertaz ari garen azpidazketaz hitz egiten dugunean. Eta azpidazketak berekin dakartzan murrizketa guztien artean, bakarrik informazioa hautatu beharraz jardungo dut.

Zinema ilusio bat bada, bikoizketa ilusio baten beste ilusio bat da. Baina bikoizketak ez bezala, azpidazketak ez du ikuslegoa konbentzitu nahi pertsonaiek norberaren hizkuntzan hitz egiten dutela. Azpidazketak ez du jokatzen inoren ilusioarekin, ikusleek jatorrizko produktua entzun-ikusten baitute. Baina aldi berean jakin beharra dago (ez dakit oso kontzienteak garen) azpidatziek ezin dutela jatorrizko testuan dagoen informazio guztia eman denbora- eta espazio-murrizketak daudelako. Izan ere, batez beste, jatorrizko ikus-entzunezko testuak % 20ko murrizketa jasaten du elkarrizketei dagokienez. Eta batzuetan, Woody Allenen filmetan kasu, Jorge Díaz Cintasek egindako ikerketaren arabera, ikusleok jatorrizko testuan dagoen informazioaren % 40 galtzen dugu azpidazketarekin, jatorrizkoak duen ahozko jardunaren dentsitatearen handiagatik.

Hortaz, jatorrizko ahozko testuaren laburpen moduko bat dira azpidatziak. Jorge Díaz Cintas eta Aline Remaelen arabera[1],testua laburtzeko dauden arrazoiak hauek dira:

  • Ikus-entzuleek ahozko jarduna irakurketa baino azkarrago xurgatzen dute. Hori dela eta, azpidatziek aski denbora utzi behar dute pantailaren behealdean idatzita dagoena irakurri eta ulertzeko. (Helduen begiak minutuko 250etik 300 hitzera bitartean irakurtzeko gai dira. Horrek esan nahi du segundo batean lauzpabost hitz irakur dezakegula, hau da, 15 eta 20 karaktere bitartean ―puntuazioa eta espazioak ere karakteretzat hartzen dira―.)
  • Aldi berean, ikusleek aukera izan behar dute pantailan gertatzen denari so egin eta soinu-banda entzuteko. Beraz, denbora nahikoa izan behar dute azpidatziak irakurtzen ari direnarekin batera pantailan gertatzen dena entzun eta ikusteko.
  • Azpidatzi arruntak bi lerrotara mugatuak daude. Lerro bakoitzak zenbat testu izango duen faktore hauen menpe dago: lerroko zenbat karaktere onartzen diren (Netflixek, esaterako, 42 karaktere onartzen ditu gehienez), zenbat denbora dagoen testu hori emateko, ikuslegoaren batez besteko irakurtzeko abiadura (normalean, 17 karaktere segundoko, helduentzako programetan, eta 15 haurrentzakoetan), eta jatorrizko testua ahoskatzen den abiadura.

Faktore horiek guztiak hartu behar ditu aintzat edozein azpititulatzailek (“azpidazle” ez dut uste onargarria denik, hitzak dituen ñabardura txarrengatik). Eta horregatik, hain zuzen ere, nahitaez murriztu behar du jatorrizko testuan dagoen informazioa. Murrizketa bi eratara egin daiteke: batetik, zer kendu eta zer utzi erabaki behar da; eta, bestetik, askotan jatorrizko mezua birformulatu beharko da informazio garrantzitsua ahalik eta laburren eta zehatzen transmititzeko. Eta nola egiten da hori? Informazioa laburtzeko edo trinkotzeko estrategiak asko dira, baina hemen horretaz arituko ez banaiz ere, esan dezadan lehenik esan gabe uzten diren edo desagertzen diren osagaiak izen propioak, bokatiboak eta interjekzioak izaten direla.

Orain teoriatik praktikara pasatuko naiz, eta esan dudan guztia hobeto ilustratzeko, adibide banaka batzuk paratuko ditut denbora- eta espazio-murrizketek azpititulatzailea zein atakan jartzen duten ilustratzearren. Gehiegi ez luzatzearren, karaktere-kopuruek informazioa hautatu behar izatera behartzen gaituzten adibide batzuk besterik ez dut jarriko.

INFORMAZIOA HAUTATU BEHARRA

Lehen azpidatzian, pertsonaietako batek beste bati esaten dio bere emaztea ezagutu behar duela institutuko irakaslea delako, bera bezala. Bigarrenean, emaztearen izen-abizenak esaten dizkio eta zer irakasten duen. Baina euskaraz ez da informazio hori guztia kabitzen, eta erabaki behar da zer den inportanteagoa, emaztearen izen-abizenak ala zer irakasten duen. Adibidean bi aukerak utzi ditut. (Onartzen den gehienezko karaktere-kopuruaren arabera, parentesi karratuen artean jarri dut zenbat karaktere sobratzen diren euskarazko bertsioan.)

You must know my wife.  
Nancy Vandergroot. Life Management.  

Euskaraz bi aukera hauek daude bigarren azpidatzirako (lehen azpidatzian “nire” ez da kabitzen, baina testuinguruak argi uzten du noren emaztea den):

Emaztea ezagutuko duzu.  
Bizitza-kudeaketako irakaslea. [+5]  
Nancy Vandergroot. Kudeaketakoa. [+3]  

― Bigarren adibide honetan pertsonaia baten izen-abizenak agertzen dira, baina osorik ez da kabitzen karaktere bat sobratzen delako. Orduan, aukera bat izan daiteke izen osoa idatzi beharrean, bakarrik lehen letra idaztea, kasu horretan bi karaktere sobratzen zaizkigulako.

Linda McLanden?  
Linda McLanden? [-1]
L. McLanden? [+2]

― Azken adibide honetan pertsonaia batek beste bati galdetzen dio ea non dagoen Sammy, eta erantzuten dio Lavashen gorpuarekin dagoela (Lavash bere lagun mina zen). Taulan ikusten denez, euskarazko azpidatzietan ez dago tokirik datu horiek guztiak azpidazteko eta horietako bati eman behar zaio lehentasuna. Testuinguruagatik ikusleek badakite Lavash hilda dagoela. Eta karaktere-murrizketa dela eta, “gorpu” ez erabiltzea erabaki nuen. Beraz, pantailan agertzen den bertsioa azkena da.

―Where’s Sammy?
―He’s with Lavash’s corpse.  
―Non dago Sammy?
―Lavashen gorpuarekin. [-6]  
―Non dago Sammy?
―Lavashekin.  

Dagoeneko esan dezaket badudala eskarmenturik azpidazten eta aitortu behar dut testu bakoitza erronka berria dela. Batzuetan, hartu beharreko erabakiak ez dira errazak eta buruhauste dezente sortzen dizkidate: zirt edo zart egin behar da, baina ulermenari albait kalterik txikiena eginez eta ikuslegoari ahalik eta informazio gehiena eskainiz.

Bukatu aurretik, itzultzearen eta, bereziki, azpidazketaren alderdi kognitiboa ere aipatu nahi nuke. Itzultzen dugunean gure burmuineko bi hemisferioak aktibatzen ditugu, nahiz eta ezkerreko hemisferioa nagusia den hizkuntza prozesatzeko orduan (zein hizkuntza egitura erabili, zein hitz, jatorrizko hizkuntza ulertzeko mekanismoak…). Eskuineko hemisferioak, berriz, testuinguru soziala eta kulturala ulertzen laguntzeko ez ezik, azpidatziak doitu eta egokitzeko kalkulu matematikoak egiteko ere balio du. Ez dugu ahaztu behar azpidazten dugunean etengabe neurtu behar dugula azpidatzien karaktere-kopurua egokia den ala ez, hau da, azpidazteko dugun denbora eta espazio horren barruan sartzen diren ala ez. Horiek horrela, gure burmuina pozarren ei dago azpidatziak jo eta su sortzen, bi hemisferioak dena emanda eta elkarri eraginez, harik eta pozaren pozez lehertu baino lehen, hemisferioei behar duten atsedena ematea erabakitzen duzun arte. Eta hori normalean gertatzen zait filmeko 10 minutu azpidatzi ondoren, hau da, 100-125 azpititulu egin ondoren (batez beste eta ikus-entzunezko testuaren zer-nolakoaren arabera, orduko 60 bat azpidatzi sor daitezke). Beraz, bi ordu nahikoak dira nire buruak atsedena behar izan dezan eta eskatzen didan kafeina dosia oparitu diezaiodan.

Gaur egun, ordainpeko plataformei esker euskarazko azpidazketak halako boom bat bizi du. Dena den, azpidazketaren alderdi gehienak ezezagunak dira jende gehienarentzat (normala den legez). Horregatik, nire ekarpen honekin nahi izan dut azpidazketaren zirrikitu ezkutua apur bat zabaldu eta azpidazketa ikusgarriago egiteko urrats bat ematea.


[1] Jorge Díaz Cintas and Aline Remael, Subtitling. Concepts and Practices. Routledge, 2021.

2 Replies to “Azpidazketak gordetzen duena”

  1. Eskerrik asko, Josu, hain azalpen argiak eta zehatzak emateagatik azpidazketari buruz.

    Azpititulatutako filmak ikustean maiz izan dudan arazo baten berri eman nahi dizut.

    Azpitituluak, adibidez letra zuriz ematen direnean, zinemalekuetan, behintzat, batzuetan gertatzen da, fotograma jakin batzuetan, filmaren une jakin batzuetan, pantailaren azpialdea ere zuria dela, eta halakoetan, azpitituluen letra zuriak galdu egiten dira fotogramaren azpialdeko hondo zuriaren gainean: ez dira ikusten. Filmaren une garrantzitsu batean gertatzen bada, ez dakizu informazio erabakigarri bat galdu duzun, geroago filma ondo ulertzea galaraziko dizuna.

    Konponbidea izan liteke, une jakin horietan bakarrik, azpitituluak beltzez ematea? Horretarako, jakina, norbaitek arduratu behar luke, azpitituluak gehitu ondoren, filma osorik ikusi, eta halakoetan, kolorea aldatzeko.

    Ez dakit noren ardura izango litzatekeen arazo hori konpontzea.

    Atsegin dut

    1. Arratsalde on, Iñaki. Pozten naiz artikulua gustatu izanaz.
      Bai, arrazoi duzu, aipatzen duzun arazo hori nahi baino gehiagotan gertatu ohi da, eta lehen begiratuan konponbide erraza duen arren, hau da, aldatu azpidatzien eta hondoaren kolorea, azpidazketaz arduratzen diren ikus-entzunezko agentziek eta enpresek ez dute ezer egiten hori aldatzeko. Ez aldatzeko arrazoietako bat izan daiteke azpidatzi beltzek (hondo zuri baten gainean) gehiegizko arreta piztea zuriak baino deigarriagoak direlako begiarentzat. Egia da, zuk diozun bezala, kasu puntual batzuetan baino ez dela gertatzen, eta bakarrik kasu horietan aldatu beharko litzateke azpidatzien formatoa, baina…
      Netflixen, esaterako, badago aukera bat ikusleek nahierara alda dezaten azpidatzien formatoa.
      Nik plataformetarako baino ez dut lan egin, eta hor, egia esan, itzultzaileak komentatu edo iradoki diezaioke proiektu-koordinatzaileari arazo hori existitzen dela eta konpondu beharra dagoela. Baina jakin beharra dago normalean proiektu-koordinatzailea Indonesia, Indian edo hor nonbait egongo dela, eta, beraz, arazo honek harentzat duen garrantzia hutsaren hurrengoa dela.

      Atsegin dut

Leave a reply to Josu Utzi erantzuna