Fernando Rey Escalera
Aspaldi ohartu nintzen ikaragarri zabaltzen ari dela “egiteko nahia” egitura, eta susmoa izan dut beti itzulpen akats bat dela funtsean, kalko oker bat, baina, egiari men, ez nengoen eta ez nago erabat ziur.
Lehengo egunean Berria egunkariaren bertsio digitalean “Muinari heltzeko nahirik ez” izenburuko artikulu eder bat irakurrita, duda beste behin piztu, eta kontua ikertzea bururatu zitzaidan.
Nik dakidala, “nahi izan” aditz modalak partizipioarekin eratzen ditu esaldiak.
| Joan nahi dut, egin nahi nuke… |
Eta aditz laguntzailerik gabeko esaldietan ere halaxe egiten dela ikusi dut beti, eta halaxe erabiltzen da nire inguru hurbilean.
| Ulertzekoa da nork bere etxea eduki nahia. Lehenbailehen bukatu nahi horrek hondatu zuen lana. Zerbait aportatu nahian esan zuen esan zuena. Xentimorik eman nahi eza da problemaren muina. |
Euskaltzaindiaren Hiztegiak aski garbi uzten du kontua, honelaxe baitio:
| Nahi 2. iz. (Partizipio burutuaren eskuinean). Ik. bizinahi; esanahi; gaizkinahi… Mundu hau utzi nahia sartu zitzaion buruan. / Gurasoei agertu zien neskatxa harekin ezkondu nahia. / Bake itxurak gorde nahia, bakerik ez zen lekuan. |
Orotariko Euskal Hiztegian begiratuta, berretsi egin zait iritzia, adibide guztiak horrelakoak baitira.
| Nahi (Precedido de part.). v. EGIN-NAHI, bizinahi, gozanahi, ikasnahi, ikusnahi, hil-nahi, ITO-NAHI, jakin-nahi… Cf. las construcciones del tipo -tu nahia ‘deseoso de (…)’: Bekaturako bidea utzi nahiak. / Gurasoei agertu zien neskatxa harekin ezkondu nahia. / Mundu hau utzi nahia sartu zitzaion gogoan. / Bakarka hitz egin nahi agertu zion. / Baina nik ere zerbait egin nahia neukan. |
Aspaldi honetan, ordea, gero eta gehiagotan ikusten dira bestelako adibideak. Sarean bilaketa eginda, mordoxka bat aurkitzen ahal dugu, baina irudipena dut itzulpenak direla gehienak, gure auzo-erdaretatik egindako itzulpenak izan edo buru-prozesuan behintzat erdaratik abiatutako egitura. Izan ere, uste dut “el deseo de…”, “la voluntad de…” dagoela hor atzean.
Esan bezala, adibideak ez dira hain gutxi, baina denak berri-berriak, hau da, azkeneko bi hamarkadetakoak.
Hona hemen haietako batzuk:
| Jakin aldizkaria Toki egokia topatzeko nahia eta egunak emango duenaren urduritasuna gorpuztuta, inurrien joan eta etorriak azkartu dira. Ederra da Nerea Ibarzabal eta Mariñe Arbeorekin batera osatzen duten sormen talde horren dinamismo eta ekiteko nahia. | |
| Noticias de Gipuzkoa Pasaian euskaraz bizitzeko nahia duen jendea edota euskaraz bizitzeko bide horretan ahalegina egiten ari den jendea biltzeko ekitaldia prestatu dute herriko hainbat eragilek datorren iganderako Donibanen. | |
| Tolosaldeko Ataria Atez atekoa kentzeko nahia berretsi du Itziar Jauregik. | |
| Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala Partzelen konfigurazioa aldatzeko nahia dute. | |
| Berria egunkaria Gauza asko kontatzeko nahia dago, baina, azkenean, ez egoeretan ez pertsonaietan sakontzeko astirik hartu gabe. | |
| NOAUA astekaria Proiektuak formatu klasikoetatik urruntzeko nahia. | |
| Gasteizko Udala Funtsezkoa da gorputza eta mugak lantzea, baita maitasun-adierazpenak emateko eta jasotzeko nahia ere. | |
| Naiz egunkari digitala Ia daturik ez zeukan istorio bitxi hark piztu zuen gehiago ikertzeko nahia. | |
| Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofiziala Nafarroan, toki-ogasunen erosotasuna eta zerga biltzea bermatzeko nahia dela-eta, justiziaren printzipio hura desagertu egiten da, eta erosleak ordaintzen du zerga. | |
| Deia Guraso askok herrian gelditzeko nahia adierazi ziguten eta horretarako eraikin berria beharrezkoa genuen. | |
| Ereduzko Prosan eta Egungo Testuen Corpusean ere begiratu dut, eta “partizipioa + nahia” da egitura erabiliena, baina azken urteetan badira bestelako adibideak ere, gehienak Berriako artikuluak eta, lehenago esan bezala, azken bi hamarkadetakoak. | |
| Literaturakoak oso gutxi dira: Felipe Juaristiren adibide pare bat (Airezko emakumeak). Adibide bana dute Josu Zabaletak (Irudia), Esteban Antxustegik (Herritarra) eta Julen Gabiriak (Peter Pan). |
Agerikoa den bezala, mota guztietako argitalpenetan hedatzen ari da egitura ustez berri hori. Euskaraz ederki moldatzen diren eskuek idatziak dira testu horiek. Hizkuntzak aldatuz doaz, jakina. Ez naiz ni inor joera berriak kondenatzeko. Besterik gabe, errezeloa piztu zait horren atzean ez ote dagoen beharrezkoa ez den kalko bat.
Eskertuko nituzke iritziak, baita, jakina, nire ustea kolokan jartzen ahal dutenak ere.


Aditz funtzioko nahi izan egituran eder asko mantentzen dugu partizipio burutua: egin nahi dut, ogia jan nahi dute…
Segur aski, hiztunen buruetan partizipioa-nahi aditza da eta, nahi izen gisa erabiltzean, ezberdintzeko, ezin egitura berdina erabili.
Atsegin dutAtsegin dut
Nire hizkeran eta nire ingurukoan ere, “euskaraz bizitzeko nahia duen jendea” baino ohikoagoa eta normalagoa da “euskaraz bizi nahi duen jendea“. Eta oso litekeena da itzulpenak eragindakoak izatea Fernandok emandako adibideetako asko. Gakoa, nolanahi ere, “nahi” hitzaren kategoria da. Izena denean, badira beste hitz batzuk maizago erabili direnak tradizioan (nahikeria, nahikunde, nahikaria…), OEHko adibideetan ikusten den bezala:
Behar zuela pilota plaza bat egin eta lana eni emaiteko nahikaria zuela. Etchebarne 100.
“Badugu zerbait egiteko naikerie” Izeta BHizt.
Gure tokietako mereximendu haundia hau zen: bakotxak duenarekin egitea eta tokian bizitzeko nahikeria haundi hori. Larre ArtzainE 41
Jateko ta edateko naikunde geiegi bat. Añibarro CatAN 58.
Nere burua urkatzeko naikunde andiakin nago. Juan Bautista Agirre II 193.
Jangoikoaren legeak diona osoki […] egiteko naikunza arzen duenak. Sebastian Mendiburu IArg. 304
Gorputz hori zigorrez eta ugalez zehatzeko nahikari bat ezin garaituzkoa senditzen zuen. Jon Mirande HaurB 37
Hala ere, tradizioan erabili da “nahi” hitza adiera horrekin, hala Iparraldean nola Hegoaldean, OEHko adibide hauetan ikus daitekeen moduan:
[Zeren] mendekatzeko, enganatzeko eta are bizitzeko nahia eta desira ere berretzenago eta luzatzenago zaikun. Axular 192s (V 130).
Harat goateko nahia aitzinetik sentitzen dut. Egun Ona (1829) in Jean PierreArbelbide Igand 179
Hantik düzü nitan hunaren nahia. Marin Maister III 55, 3 (Chaho, ungiaren egiteko nahia, Ip untsaren nahia)
Mariaren izenak emaiten dü jüstoari ontsan iraiteko eta aitzinatzeko nahia eta indarra. Intxauspe Hil 30.
Haren hiltzeko nahia zuten gaixtaginetarik bat ez zen menturatu haren hunkitzera. MichelElizanburu Fram 86.
——————
Leku Santuak ekusteko nai andi bat. Juan Bautista Agirre III 402
Ezkontzeko naia ta aizeak artu nituan ezkero, alegin guzia egiten det apaintzeko, batez ere festa denboran. Juan Bautista Agirre Eracusaldiac 552.
Badezula bera serbitzeko nai edo deseo andi bat. Juan Bautista Agirre Eracusaldiac 404.
Meza ongi enzuteko naiez zauden ezkero, atoz Elizara mugonean. . Juan Bautista Agirre Eracusaldiac 519.
Geldituko zen […] lenbaitlen bere Seme Jesus non-ere-bait ekusteko nai andiarekin. Sebastian Mendiburu OtGai II 450
Berriz ta berriz beraganatzeko naiez ta eresiaz gelditzen da. Sebastian Mendiburu JBDev 311.
Kurrutakori, ordea, Kontxexi-ta bien arteko berri jakiteko naia etorri zitzaion ta bere buruari adiskidetsu aritzea abindu zion. Anabitarte Don 224.
Ala izateko naiak txoperraren abindua uste onez ar-erazi zidan. Anabitarte Aprika 67.
Neska zein etxaldekoa zen jakiteko naiak zirikatu zion. Jon Etxaide JJ 240.
Zait Plat 94. Ori dala-ta, dirudienez, agintari izateko naiean gerturik daudenei irabazia eskeini bear zaie, edo zilar zuria, edo ospea, edo zigorra agintari izaterik nai ezpadeza. Zaitegi Plat 139.
Osterak (ioan-etorriak) egiteko gogoa gibelera (atzera) zezaiokean Sokraterekin egoteko nai biziak. Zaitegi Plat 12.
Anziñakoen bizitza onragarri ta garbi orretatik gure mutil gazte ta nexkatxak aspertarazitzeko naiakiñ, Ameriketarat edo beste urrutiko atzerrietarat bulkatzen dituztenak. Lhande, Euskal Esnalea 1915, 245Ostu edo ostutzeko naia izan, berdin-berdin da… Gregorio Mujika PAm 71.
Atsegin dutAtsegin dut