Xabier Olarra
Aurreko artikuluan Begiak irekiko zaizkizue liburuan hitanoaren erabilera murrizteari buruz ematen diren argudioetako bati erantzun nion, eta orain liburu horren atalean dauden besteei saiatuko naiz erantzuten.
Literaturan hitanoa oso kasu jakinetan baizik ez erabiltzeko liburu horretan egiten den gomendioaren arrazoiak honela laburbildu daitezke:
1.- Ia inork ez omen du erabiltzen.
2.- Hitanoa kakofonikoa omen da.
3.- Euskaldun berrien nazio librearekin dugun zor itzelak hitanoa literaturatik baztertzera eraman behar omen gaitu.
4.- Gizarte feministago baterantz begira jarri beharrean, kontrako norabidera begira jartzen omen gaitu.
1.- Ia inork ez du erabiltzen.
Aurreko artikuluan adierazi nuen –ez oso modu dotorean, antza— erabiltzaile-kopuruarena ez zitzaidala iruditzen erabakigarria (nahiz eta kontuan hartzekoa den, dudarik gabe). Garbi dago errealitate berberaren aurrean jarrera kontrajarriak har daitezkeela, eta han eta hemen “hitanoa arnasestuka” ikusten duten hainbatek justu kontrako jarrera hartu dute edo hartzen ari dira: hango eta hemengo hitanoaren formak (bizirik daudenak edo erdi hilean) bildu, idatziz jaso, ikastaroak antolatu, eta bizirik irauten lagundu. Esate baterako, Txantreako Euskaldunon biltokin hil honetan bertan dago antolatua hitanoari buruzko ikastaro teoriko-praktikoa, nahi duenarentzat irekia.
2.- Hitanoa kakofonikoa omen da.
Kakofonia eta eufonia erabat subjektiboak direla uste dut, hizkuntzen soinuaz ari garela.
Batzuei italiera hizkuntza «dolce»a iruditzen zaie, eta alemana, berriz, gozakaitza. Eta zer esan arabierari buruz? Txakur-hizkera iruditzen zaie batzuei (soinu gutural horiek zaunka iruditzen zaizkie, nonbait).
Entzun Atxagak hika egin zuen poema hau, eta ea kakofoniarik sumatzen duzuen.
Eta arabierari buruzko aurreiritzi fonetiko horiek funts handirik ez dutela egiaztatu nahi duenakç entzun ditzala Fairuz libanoarraren bi kanta hauek: Li Beirut eta Aatini al Nay wa ghanni.
Alderantziz, italiera oso «dolce»a izango da, baina inguruko hizkuntza guztietan nahiko hitz goxoz esaten duguna:
| euskara | gaztelania | ingelesa | frantsesa | alemana |
| zeru-urdin | azul cielo | sky blue | bleu ciel | Himmelblau |
azzurro da italieraz, arabierazko أزرق (‘adzraq’-en ahaidea, antza). Kasu honetan italierazko hitza iruditzen zait “gozakaitzena” niri, baina italiar gehienentzat beste edozein hitz bezain atsegina irudituko zaie.
Baina horrek balio al digu ezertarako hizkuntza bateko soinuen eufonia edo kakofoniari dagokionez? Nire ustez ez behintzat.
Bestalde, hots gogor, ilun, zakar eta gozakaitzek ere izan lezakete beren lekua, bereziki poesian, horrelakoak direnean adierazi nahi diren sentipenak. Hona, esate baterako, nola indartzen zuen fonetikoki Virgiliok, Eneidako XI. liburuaren Epilogoan, Errutuloen triskantzak eragiten ziona:
| quadrupedumque putrem cursu quatit ungula campum. lau-hankakoen apatxek lautada idorra astintzen zuten arrapaladan (holako zerbait, gutxi gorabehera) |
Beraz, atal honi amaiera emateko hau besterik ez dut esango, hitanoa ez zaidala batere kakofonikoa iruditzen eta bere lekua izan lezakeela literaturan.
3.- Euskaldun berrien nazio librearekin dugun zor itzelak literaturatik hitanoa baztertzera eraman behar omen gaitu.
Ez diot inolako garrantzirik kendu nahi euskaldun berriek egin duten (eta egiten ari diren) ahaleginari eta oro har egin duten ekarpenari. Eta ez litzaidake batere inportako Euskal Herriko erdaldun guztiek euskaraz ikasi izanaren ondorioz hitanoa gauza bitxi eta arkaiko bihurtu eta desagertuko balitz, baina denok dakigu hori ez dela gertatuko. Hala dio aspaldiko esaera zahar batek: “Balizko oleak burdiarik ez”: La herrería de si fuese no hace fierro (Refranes y Sentencias, 15.). Euskarak denok behar gaitu, euskaldun berriak eta euskaldun zahar eta gazteak.
Baina zorrak aipatzen hasiz gero, zor handiagoa dut nik nire amarekin, hika egiten baitzidan (berari bere amak bezala), eta nire bizitzako momentu erabakigarri batean (soldaduska bai baina karrera bukatu gabea nuela) hau esan baitzidan: “Karrera hori bukatzak!” (Agian kakofonikoa, baina niretzat behintzat onuragarria, horren ondorioz karrera bukatuta hasi bainintzen euskara irakasten (eta hobeto ikasten), hain zuzen ere, Bilboko erdalerrian, eta geroago Institutuko irakasle izateko oposizioetan elkartu bainintzen, besteak beste, Patri Urkizu eta Mikel Arregi adiskideekin, zeinekin hika egin izan baitut beti). Eta zor handiagoa dut oraindik, besteak beste, Patri Urkizu zendu berriarekin (Gazte Lurrean bego!), hari esker ezagutu bainuen Jon Mirande eta etxean zeuzkan igela aldizkari azal berdedun ziklostilatuaren aleak, eta gerora argitaratu baikenituen liburu banatan berak haren ipuinak eta nik haren poemak 1984an (Bejondeiala, Patri!).
Horrekin hau besterik ez dut esan nahi: bagarela batzuk hitanoa modu naturalean jaso eta erabiltzen dugunak. Zer esan nahi du horrek, ama-semeen arteko elkarrizketak nire itzulpenetan beti hika izango direla? Ez, baizik eta hika ere izan daitezkeela, hori besterik ez, eta beste hainbat faktore kontuan hartuta erregistro bat ala bestea erabil dezakedala. Eta ez dudala ikusten literaturan (eta ezta ere itzulpenetan) hitanoa baztertzeko inolako premiarik.
Ni ere ez nago irakurleari gehigarrizko zailtasunak jartzearen alde. Horregatik, adibidez, ez dut idatziko “egin ziezaioketean/nan” (nahiz eta gauzak mutur horretaraino eramanda, behin “ziezaioketen” zer den deszifratzen dakienak ez duen arazo handirik izango “ziezaioketen”-en hitanozko formak direla ohartzeko). Segur aski, “egin ahal ziotean/nan” idatziko nuke, nahiz eta ahalerazko adizki trinko arruntenak erabiltzearen aldekoa naizen.
4.- Gizarte feministago baterantz begira jarri beharrean, kontrako norabidera begira jartzen omen gaitu.
Hori ematen du Jimenezek hitanoaren erabileraren kontra daukan arrazoi nagusitzat. “Binarioa da, hasteko. Generoaren espektroan bi aukera ematen dizkigu, zatiketa bat egiten du. Horrez gain, behartu egiten gaitu generoaz etengabe ohartzen gaituen modu batez hitz egitera, gizon/emakume egitera eta ez parekide, lagun. Beste pertsona baten generoaz etengabe ohartzen gaituen modu batez hitz egitera edo asumitzera garamatza, horrek pertsona transexualentzat eta ez-binarioentzat ekar ditzakeen arazo guztiekin. Hitanoa kalean ze gutxi erabiltzen den kontuan izanda, pena izango litzateke literaturan hitanistak izatea, feministak beharrean” (Ibidem, 87, beltza nirea).
Hasteko, nik behintzat parekide sentitzen ditut bai nirekin hika hitz egiten dutenak eta bai zuka hitz egiten dutenak. Ez ditut gutxiagokotzat hartzen hika erabiltzen ez dutenak, ez naiz horregatik gehiago sentitzen, egoerara moldatzen naiz, eta kito.
Bestalde, ez dut uste, praktikan, hitanoa binarioa izateak arazo berezirik sortzen duenik. Izan ere, norberak aise hauta lezake solaskideari nola mintzatu, haren nahia kontuan hartuta: toka, noka (eta are “xoka”, Iruña aldean sortu berria den ez-binarioentzako hizkera alternatiboa). Edo zuka, noski, beste bide horiek norbaiti problemaren bat sortzen badiote.
Baina ba al dago “hitanismoa” eta feminismoa horrela kontrajarri beharrik? Nik ez dut ikusten. Esate baterako, zer kalte egin zion feminismoari Gabriel Arestik Adela Ibaberi bere poema idaztean hika erabili zuenean?
Adela Ibabe nor izan zen eta nola eta zergatik hil zen jakin nahi duenak, jo beza hona.
Eta gehiegi luzatu den eztabaida honi amaiera emateko, esango dut Jimenezen gomendioa erdizka jarraitzeko asmotan naizela. Erdizka besterik ez. Izan ere, bere argumentazioaren ondorio gisa hau esaten baitigu:
| “Erabili hitanoa kalean edo lagun artean nahi duzuen guztietan, eta ahaztu literaturan, ez bada kolore apur bat emateko, modu kirurgikoan, forma petrifikatuetan eta justifikatuta dagoenean”. |
Bai, kalean edo lagunartean erabiltzen jarraituko dut, eta baita literaturan ere, komeni dela edo egokia dela iruditzen zaidan guztietan.


Gai honetaz beste iritzi pare bat, hemen:
Danele Sarriugarte: “Anaidiera”:
https://www.berria.eus/iritzia/jira/anaidiera_2134139_102.html
Juan Luis Zabala: “Hitanoaren arazoak eta bulldozer linguistikoak”:
https://blogak.eus/ergelkaria/hitanoaren-arazoak-eta-bulldozer-linguistikoak
Atsegin dutAtsegin dut
Eta beste bat. Oso esanguratsua eta erreala alokutiboen eta konkorren arteko konparazioa:
https://www.berria.eus/iritzia/jira/urrezko-arau-bat_2135979_102.html
Atsegin dutAtsegin dut
Guztiz ados hirekin, Xabier. Mila esker halako goxotasunez iritzia emategatik. Ez diat sentitzen beharrik beste era batera erantzuteko, neureak egiten baititut heure hitzak.
Atsegin dutAtsegin dut