Igone Zabala Unzalu
Adimen artifizialaren garapenak gizakion bizimoduari ekarriko dizkion onura eta arriskuei buruzko eztabaidan, bada gogoeta-ildo bat biziki interesgarria iruditzen zaidana, alegia, teknologien garapenak gure bizimodua erraztearekin batera dakarkigun gaitasun-galerarena. Ildo horretatik, Sigmanek eta Bilinkisek[1] diote egun teknologia berrien ondorioz funtsezko zenbait gaitasun galtzeko arriskua dugula gizakiok. Kontzentratzeko gaitasuna, irakurmena, hizkuntzaren erabilera egokia eta pentsamendu logiko-matematikoa kognizioaren oinarrizko zutabetzat hartzen dituzte, eta sedentarismo kognitibo deritzote kalkulu errazak egiteko, arreta mantentzeko edota problema zail bat ebatzi nahian denbora-tarte batez ahalegina egiteko gaitasuna galtzeari. Egun, teknologia berriek ataza ugari azkar eta ahalegin handirik gabe egiten laguntzen digute, baina ahalegin intelektuala eta adimena kitzikatzen duten jarduerak murrizteko arriskua ere badakarte. Hizkuntzaren erabilera egokia lantzeko garrantzitsua da ahalegin intelektual nabarmena eskatzen digun gogoeta metalinguistikoa.
Garbi dago euskara bezalako hizkuntza gutxituak teknologien garapenaren lasterketan atzean geratuz gero erabat handituko dela desagertzeko arriskua. Tresna digitalak solaskide ditugu gero eta gehiago, solaskide onak, gainera. Telefonoaren, tabletaren edota ordenagailuaren aplikazio gehienekin euskaraz aritu gaitezke egun. Lorpen izugarria da, dudarik gabe, baina zenbat euskaldunek egiten dute ahalegina lehenetsitako hizkuntza modura euskara jartzeko? Gure artean erabiltzen ditugun webgune, plataforma eta aplikazio gehienek gaztelania edo ingelesa eskaintzen digute lehenetsitako hizkuntza modura. Hartara, hizkuntza aldatzeko ahalegina egin behar dugu euskaraz aritu nahi dugun erabiltzaileok, baina nire ikasleen artean, adibidez, oso gutxi dira beren gailu eta aplikazioetan hizkuntza nola aldatu dakitenak, eta are gutxiago euskara lehenesteko ahalegina egiten dutenak. Lehenetsitako hizkuntza modura euskara agertuko balitzaigu beti, ziur naiz euskaldun gehienok ez genukeela hizkuntza aldatuko, eta euskara ulertzeko gauza ez direnek, aldiz, berehala bilatuko luketela interfazea edo aplikazioa ulertzen duten hizkuntza batean jartzeko modua.
Aspaldiko lankide batek ikasleei testuak eskuz idazteko eskatzen zien, ortografia-zuzentzailearen laguntzarik gabe testu zuzenak idazteko gaitasuna gara zezaten. Adituek diote eskuz idazteak eragina duela garapen kognitiboan eta motrizitatean, baita irakurmenaren jabekuntzan ere, baina, egun, adin batetik aurrera gehienetan ez du zentzurik testuak eskuz idazteak. Guk ikasleei zuzentzaile automatikoa beti aktibatuta izateko esaten diegu lehen egunetik, eta horren laguntza aprobetxatzeko, betiere proposamenekin kritiko izanda eta zuzentzailearen mugak ezagututa. Zuzentzaileak laguntzen digu zenbait akatsez ohartzen, baina, aldi berean, kritiko izan behar dugu egiten dizkigun proposamenekin, zenbaitetan gure testuingururako desegokiak baitira. Hortaz, zuzentzaile automatikoak gogoeta metalinguistikoa eskatzen diguten hizkuntza lantzeko laguntzaile onak direla esan daiteke. Hala eta guztiz ere, askotan ikusten ditugu ikasleak ordenagailu-gelan testu osoa gorriz azpimarratuta ari direla idazten, edota zuzentzailea aktibatu gabe idatzitako txostena bidaltzen digutela. Klik pare bat egiteko nagia eragiten dien sedentarismoa ote? Jadanik 30 urte bete dituen gure Xuxen maiteari buruz esan daitekeena da txiki-txikia dela oraindik, eta, webgunean besterik esaten bada ere, ez duela zuzentzen ez gramatika ez eta puntuazioa ere. Suposatzen dut interes edo finantzabide falta dagoela garapen ezaren atzean, baina uste dut erabat garatutako Xuxen laguntza paregabea izan zitekeela euskaldunen hizkuntza-ezagutza handitzeko.
Bitartean, sare neuronalek, hizkuntza-ereduek eta txatbotek aurrea hartu diote Xuxeni. Itzultzaile neuronalek laguntza paregabea ematen digute testu elebidunak sortzeko euskaldunok maiz izaten dugun lan nekezerako. Idatzi behar dugun gutun edo txosten hori euskaraz sor dezakegu lasai, eta beste hizkuntzetako bertsiorako itzultzaile neuronalen laguntza baliatu. Badakigu itzulpena ontzat emateko sakonki berrikusi behar dugula, baina orri zuriari aurre egitea baino askoz ere erosoago egiten zaigu. Gure ikasleek, aldiz, denetariko erabilera desegokiak egiten dituzte. Batzuek lanen bat egiteko ingelesez irakurri behar dituzten artikuluak itzultzaile neuronaletik pasa, eta ematen dien itzulpena erabiltzen dute zuzenean lana egiteko, ulertzeko ahalegin handirik egin gabe, askotan erabat kazkarra den itzulpena erabiliz. Beste batzuek itzultzaile neuronalera jotzen dute hitz baten ordaina bilatzeko, hiztegietara jo beharrean, euskarazko testu bat idazten edo berrikusten ari diren bitartean. Edota, testua idatzi ahala, euskaraz pentsatzeko zaila egiten zaien esaldiren bat erdaraz pentsatu eta itzultzailetik pasatzen dute euskaratzeko. Ez bakarrik ikasleek, irakasleek eta administrazio-langileek ere gero eta gehiago jotzen dute itzultzaile neuronalera euskaraz eman behar duten dokumentua, irakasmateriala edo artikulua euskaratzeko. Jakina, horrelako erabiltzaileek gehienetan beren kabuz idatziko luketena baino testu zuzenagoa lortzen dute itzultzaileari esker, baina askotan ez dute gaitasunik itzultzailearen emaitza berrikusteko, eta ontzat ematen dituzte ikuspuntu semantiko-pragmatiko eta diskurtsibotik erabat okerrak diren testuak. Irakurmena, pentsamendu kritikoa eta hizkuntza-erabilera egokirako gaitasunak erabiltzeari eta garatzeari uzten diote horiek guztiek, eta horrela nekez egingo dute aurrera euskararen ezagutzan.
Txatbotak lan akademikoak edo azterketak egiteko erabiltzea sedentarismo kognitiborako urrats kualitatiboa da, ezer irakurri, ulertu, pentsatu eta ekoitzi gabe testu koherente, zuzena eta egokia lortzeko aukera ematen baitute. Nolanahi ere, hizkuntza-ereduetan oinarritutako teknologiek, egokiro erabiliz gero, hizkuntza-gaitasuna garatzen ere lagundu dezakete. Testuak laburtzen, sinplifikatzen edota testu-generoa eta erregistroa aldatzen ere laguntzen digute, betiere instrukzio egokiak ematen badizkiegu.
Ariketa txiki bat egin dut Xuxenek eta ChatGPTk testuak zuzentzeko duten gaitasuna alderatzeko. Hasteko, testu labur hau kargatu dut onlineko Xuxenen:
| Zenbait emakumeek ez diete bularrarik ematen haurrari, nahi ez dutelako edo bestelako arrazoien bat eraginda. Esne-artifiziala ez da amarena bezain osatua, baina elikagai egokia da, beraz, lasai egon daitezke. |
Bi akats identifikatu ditu Xuxenek: bularrarik -> bularrik ortografia-akatsa dela dio, eta esne-artifiziala hiztegian ez daukala. Ez du zuzendu ez gramatika, ez puntuazioa, ez ortotipografia ere, eta zuzendu dituen bi akatsen diagnosia ere ez du ondo egin.
Ondoren, doako ChatGPTren bertsio batean kargatu dut testua, eta eskatu diot zuzentzeko eta zuzendutakoak zerrendatzeko. Hona hemen haren erantzuna:

Erabat zuzendu du testua, azalpenak nahiko traketsak badira ere. Gogoeta metalinguistikoa sustatzeko ariketa egokia izan daiteke ikasleei eskatzea horrelako zuzenketetatik abiatuta diagnosiak eta azalpenak findu ditzaten, edota posible diren beste aukera zuzen batzuk proposa ditzaten. Espero izatekoa da laster horrelako zuzentzaileak integratuta edukiko ditugula gure gailuetan.
Hiztegiak eta corpusak, aldiz, gero eta gutxiago baliatuko dituzte erabiltzaile arruntek, emaitzak interpretatzeko askoz ere ahalegin kognitibo handiagoa egin behar baita. Hortaz, itzultzaileek, zuzentzaileek eta hizkuntzalariek baino ez ditugu erabiliko gure jakin-mina asetzeko edota ikerketak egiteko. Gainerakoan, erabiltzaile arruntei ahaleginik txikiena eskatzen dieten aplikazio interaktiboak garatzeko erabiliko dituzte corpus eta hiztegietako datuak hizkuntza-teknologietako adituek. Testu akademikoak egokiro sortzeko, ordea, kalitatezko testu akademikoekin entrenatu behar dira hizkuntza-ereduak, eta testu horiek alorrez alorreko ezagutza semantiko-pragmatikoa duten adituek baino ezin dituzte sortu. Hortaz, gurpil zoroan behin betiko ez katramilatzeko, nahitaezkoa da adituak sedentarismo kognitiboan harrapatuta ez geratzea, eta gero eta kalitate handiagoko testu akademikoak idaztea.
[1] Mariano Sigman eta Santiago Bilinkis (2023) Artificial. La nueva inteligencia y el contorno de lo humano. Bartzelona: Debate.


Oso artikulu interesgarria, Igone.
Diozun bezala, testuen zuzenketa dela-eta kontuan hartu behar dugu beti adimen artifizialaren bidezkoak testu corpusak hartzen dituela oinarri hizkuntza-eredua entrenatzeko; beraz, corpus horiek kalitate oneko testuz (testu zuzenez) elikatuak izan badira, emaitza onak izango ditugu, baina bestela nekez.
Zurea irakurri ahala, ChatGPTrekin proba bat egitea otu zait, eta hona hemen emaitzak:
—GALDERA: Zuzendu testu hau, mesedez: “Bi artistaren lanak aurkeztuko dira bihar Bilboko Guggenheim museoan”.
—ChatGPT: “Bi artisten lanak aurkeztuko dira bihar Bilboko Guggenheim Museoan.”
“Bi artistaren” erabilera okerra da, pluralean “artisten” erabili behar delako.
—GALDERA: Eta beste hau: “Valentziako uholdeetan hildako bost pertsonaren gorpuak aurkitu dituzte”.
—ChatGPT: “Valentziako uholdeetan hildako bost pertsonen gorpuak aurkitu dituzte.”
Bistan denez, akatsak oso ohikoak direnean, nekez emango digu emaitza onik ChatGPTk, oinarri dituen corpusetan esaldi akastunak zuzenak baino gehiago bide direlako. Lehen erantzunean, bestalde, eta zuk emandako adibideetan ere ikusten da, ChatGPTren azalpena guztiz okerra da.
Alegia, hizkuntza-ereduak zerekin entrenatzen diren, halako emaitzak jasoko ditugu.
Xabier Artola Zubillaga.
Atsegin dutAtsegin dut