Kike Amonarriz Gorria
Azken urte hauetan, gurasoei zuzenduriko hitzaldi asko ematea egokitu zait, hala euskaldunei, nola erdaldunei. Hauetako hainbat Haurren aurrean, helduak heldu egitasmoaren testuinguruan kokatu dira, beste batzuk, eskolan aurrera eramaten ari ziren euskararen inguruko lanketan, edo besterik gabe, gaia interesgarria iruditzen zitzaielako antolatu zituzten.
Euskaldunei zuzenduriko hitzaldietan erabili ohi dudan izenburu orokorra Guraso euskaldunak euskararen erabileraren oinarri eta motor izan da. Hitzaldi hauen helburu nagusia gurasoak ikastetxeen euskararen aldeko langintzan inplikatzea izaten da, eta zehazki, Gurasoen Euskara Batzordea edo, gutxienez, gaiaz arduratuko den talde bat antolatzea. Ukitzen diren gaien artean, euskararen egoera orokorra, hizkuntzaren inguruan hezkuntzan gaur egun ditugun erronkak, gurasoen egitekoa, eskolari eta hezkuntza-komunitate osoari begirako ildo nagusi batzuk eta proposamen zehatz posible batzuk.
Erdaldunei zuzenduriko hitzaldietan erabili ohi dudan goiburua, berriz, honako hau da: Mi hij@ estudia en euskera y yo no sé. ¿Cómo le puedo ayudar?
Hitzaldiei ekin baino lehen post-it-ak banatzen ditut bertaratuen artean, eta eskatzen diet bertan idazteko gaiaren inguruan dituzten galderak, zalantzak, ilusioak, hausnarketak edo hitzaldian zehar jorratzea nahiko lituzketen gaiak. Bi dira guraso erdaldunei zuzenduriko hitzaldi guztietan azaltzen diren galderak: etxeko lanetan nola lagundu, eta ea ona den dakiten euskara apurra (eta “txarra” eransten dute batzuek) seme-alabekin erabiltzea, haien kezka baita ea seme-alabek ez ote dituzten errepikatuko egiten dituzten akatsak.
Bi gaien inguruko azalpenak eta aholkuak ematerakoan itzulpenen gaiak garrantzi berezia hartzen du. Eta azken hiru urte hauetan berrogei eskola baino gehiagotatik pasa ondoren, ohartu naiz gaia ez dela lantzen gurasoekin. Ez da behar bezala komunikatzen eta guraso gehienek ez dute gaur egun dohainik erabil daitezkeen tresna eta gailuen berririk. Google-k eskaintzen dituen aukerak ezagutzen dituzte, baina hortik aurrerakoak guztiz ezezagunak zaizkie ia denei. Oso esanguratsua da itzultzaile neuronalen berri ematen dudanean gehienek erreferentziak apuntatu egiten dituztela edo diapoari argazkia ateratzen diotela. Ez dute informazio hori. Edo beste era batera esanda, ez zaie iristen eskoletako barne-komunikazio kanaletatik.
Hitzaldietan gurasoek itzulpenen edo baliabide teknikoen inguruan zer nolako galderak egiten dituzten ikusteko, hona jasotakoen lagin bat:
- ¿Es fiable el traductor de Google (Lens) para ayudar a mis hijos? (Portugalete)
- ¿Hay alguna app o plataforma para ayudar a los niños a hacer los deberes? (Portugalete)
- ¿Son útiles los traductores digitales? (Portugalete)
- ¿Cual puede ser uno de los mejores traductores instantáneos de texto y sobre todo a través de foto? (Iruñea)
- Cuando me dicen mis hijas qué significa una cosa, ¿es bueno utilizar el traductor del móvil? (Noain)
- Herramientas no digitales de apoyo (Noain)
- Traductores, internet… (Azkoien)
- Algún traductor fiable para buscar (Donostia)
- ¿Es bueno que lo traduzcan antes, si no lo entienden bien? (Donostia)
Euskal Herriko lau kornerretan bildutako galdera hauek argi islatzen dute itzulpengintzarekiko eta euskaratik itzulpen egokiak eskuratzeko dauden aukeren inguruko guraso gehienen ezjakintasuna, ezinegona eta gaiarekiko segurtasun falta.
Eta uste dut, gurasoak lasaitzeko, haien seme-alabei laguntza egokiagoa eman diezaieten, eskoletako hezkuntza-dinamiketan eta bizitzan gehiago eta erosoago parte har dezaten, euskararen erabilera susta dadin eta euskarara gehiago hurbil daitezen, oso onuragarria litzatekeela zer tresna dituzten erabilgarri jakinaraztea, eta hizkuntzen erabilera eskola-komunitatearen barne-bizitzan nola kudeatuko den azaltzea.
Nire ustez, komenigarria litzateke gurasoekiko harrera-protokoloetan edo ikasturte hasieratan gurasoekin egiten diren bileretan itzulpenekin zerikusia duten aspektu hauen inguruko oinarrizko informazioa eskaintzea:
- Euskaratik edo euskarara doan itzultzeko sarean eskuragarri dauden gailu, aplikazio eta baliabideen zerrenda ematea, berauek erabiltzeko oinarrizko irizpideekin.
- Bileretan edo batzarretan, hizkuntzak nola erabiliko diren azaltzea, eta euskarazko parte-hartzeak ulertu ahal izateko izango dituzten aukerak zehaztea.
- Seme-alaben ikasketak jarraitu ahal izateko, ikasi dutenaren edo etxeko lanen inguruko itzulpenen bat eskatzen zaienean (euskaratik etxeko hizkuntzara), gurasoek aintzat hartu behar dituzten oinarrizko aspektuak argitzea: itzultzea ez dela ariketa automatiko erraz bat, askotan haurrek ez dutela jakingo hitzaren ordaina zein den, etab.
- Seme-alaben ikasketak jarraitzen dituzten bitartean, itzulpen-ariketa hauen bidez, beraien euskararen ezagutza hobetu eta zabaldu dezaketela, eta haien oinarrizko hiztegia ere osatzen joan daitezkeela ikusaraztea.
- Argi adieraztea egoera hauetaz baliatu beharko luketela, euskararekiko haien interesa agertzeko eta baita familiako hizkuntza(k) lantzeko ere, batez ere, familiako hizkuntza gaztelania, frantsesa edo ingelesa ez den kasuetan.
Ohar hauek etxeko lanen inguruko azalpenen testuinguruan ematen dizkiet hitzaldietan. Etxeko lanena guraso askorentzat kezka iturri nabarmena da, eta beti saiatzen naiz zama handitzat hartzen duten gai honen pisua erlatibizatzen. Hitzaldia hasi orduko galdera hau egiten diet: “Zuei gurasoek asko lagundu zizueten etxeko lanekin?”. Ia denek ezetz erantzuten dute, eta orduan esaten diet: “Bada, pertsona normalak eta jatorrak dirudizue! Beraz, nahiz eta etxeko lanetan gurasoen laguntza ez jaso, pertsona normalak atera gaitezke!”. Eta, ondoren, bigarren galdera egiten diet: ”Gai hau dela eta, guraso euskaldunekiko desabantaila handian zaudetela iruditzen zaizue?”. Hor, aldiz, gehienek baietz erantzuten dute. Eta orduan, etxeko lanen inguruan dauden jarrera desberdinak azaltzen ditut, zertarako diren, zer-nolako onurak eta zer-nolako desabantailak ikusten zaizkien, eta besteak beste, etxeko lanak ikasleek egin behar dituztela, zalantzak tutoreekin argitu behar dituztela, eta laguntzeko ditugun aukerak uste baino murritzagoak direla: gaiak ez ditugulako ezagutzen, ariketak egiteko moduak aldatu direlako, ez delako komeni laguntzea, etab.
Etxeko lanetan laguntzeko dituzten aukerak eta mugak zedarritu ondoren, guraso gehienek lasaitasun handia hartu ohi dute, eta guraso euskaldunekiko desabantailaren neurria ez dute horren handitzat jotzen. Euskaratik itzulpen egokiak modu erosoan jasotzeko aukeren berri izateak asko laguntzen du ikuspegi aldaketa honetan.
Guzti honegatik iruditzen zait horren garrantzitsua eskoletan gaia sistematikoki lantzea gurasoekin, eta bereziki, erdaldunekin.


case-study praktiko bat: Telegram bidez, audio eta itzulpen automatikoko aukerak baliatuz, guraso bilerak Azpeitiko ikastolan nola egiten diren (beste herri batzuetan ere erabiltzen da dagoeneko). Informatzeko, adibidez galdetu CodeSyntax-eko Azpillagari, ezagutzen duzu Kike.
Atsegin dutAtsegin dut
Milesker Luistxo. Artikuluan ez dut tresna zehatzik aipatu baina horietaz ari naiz, bai. Baliabide horien erabilera zabaltzen ari da, baina, masiboki ezagutatazi beharko lirateke.
Atsegin dutAtsegin dut