Eider Beobide Urkizar
Duela egun pare bat miresmenez entzun nuen Juana Dolores idazlea katalanez errezitatzen bere Girgileria poema-liburua (2024, Katakrak, Maider Ramirezek itzulia) eta, ondoren, Hedoi Etxarterekin hizketan, «euskaraz ez dugu ikasi oraindik poemak errezitatzen» bota zidan. Harritu ninduen hasieran, baina funtsean arrazoia duela iruditzen zait: poemak betiko doinu berarekin, pasio urratu ahotsez eta etenaldi behartuez entzuteaz nazkatuta gaude. Faltan botatzen ditugu poemak indarrez eta kontzientziaz irakurtzea, hitz-jarioa eta soltura, nolabaiteko antzezpena… Mejillon Tigre kolektiboa eta poeta gazteak bidea urratzen dabiltzala esango nuke, eta itzultzaileok ezin gara atzean gelditu.
Hori dela eta, poesiaren itzulpenari buruz idatzi nahiko nuke nire lehen artikulua. Rifqa poema-liburua argitaratu ostean, bai kazetariek, bai lagunek edo ingurukoek, denek galdera bera zuten: zer zaila poesia itzultzea, ezta?
Nire erantzuna beti zen oso nahasgarria eta espero ez zutena: bai, beno, depende, ez pentsa… Harrezkero ohartu naiz, poesia itzultzea ―jakina― zaila den arren, galdera ez zihoala hortik, galdera poesia inoiz irakurri ez duen jendearena zela, edo oso poesia ulergaitza irakurri zutenena, edo poesiari izua ziotenena, edo poesia bera zer izan zitekeen ez zekitenena.
Egia esan, nik ere ez dakit zer den poesia. Baina argi dut orain itzultzen nabilen hortz-protesien ikasmateriala baino askoz errazagoa dela itzultzeko ―euskarazko hiztegi teknikoei buruzko hausnarketa beste baterako―, eta errazagoa ez bada, betegarriagoa, ulergarriagoa eta barruragokoa behintzat badela. Baina, esan bezala, poesia itzultzea ez da erraza, eta horri heldu nahi nioke gaur.
Mohammed el-Kurd poeta palestinarraren Rifqa hasi nintzen euskaratzen duela ia urtebete eta GrALean landutako kontuak bihurtu zitzaizkidan egunerokotasun: poesiaren musikaltasuna, esaldien ordena eta genero kontuak, besteak beste. Hiruren inguruan askoz luzeago hitz egin badezaket ere gaur egun, lehen bietan jarri nahiko nuke arreta oraingoan eta doinua hitzean bildu biak.
Aipatzekoa da El-Kurdek berak liburuko poema batzuk errezitatu eta igo zituela musika plataformetara eta oso lotuta dago hori poemen izaerari, guztiek baitute hitz esanetik asko, ahoz gora esateko sortuak batira hainbat eta hainbat. Horrek eragin zuzena izan du nire itzultzeko moduan, poetaren doinu hori lortzen saiatzerako orduan.
Aipatutako doinua itzulpenean islatzeko, jatorrizkoa ―eta egilearen beste testuak― mila bider irakurri eta entzuteaz gain, ezinbestekoa iruditzen zait testuingurua ulertu eta kontuan hartzea: nor ari naiz itzultzen, zein helburu du idazleak eta zein helburu du nire itzulpenak. Garrantzitsua da poetaren ahotsa nolakoa den aztertzea eta hori euskarara nola ekar dezakegun hausnartzea. El-Kurden poesia apurtzailea da, zuzena eta adierazkorra, baina oso ondo neurtzen ditu haren hitzak: ez da gauza bera gatazka eta genozidio eta argi azpimarratzen du hori hautu eta poema guztietan. Haren indarra eta esanahia bildu behar dira musikaltasun handiko poema laburretan; horra hor erronka.
Bestalde, liburu honetako poema batzuetan, zentzuzkoa eta beharrezkoa iruditu zitzaidan zuzentasuna sakrifikatzea poetikotasunaren alde, mezua eta hori adierazteko era baitira garrantzitsuak harentzat eta, ondorioz, zuzentasuna bigarren plano batean zegoela iruditzen zitzaidan. Hausnarketa eta hautu horrek esaldien ordena, hitzak eta egiturak aldatzera edo besteren bat hobestera bultzatu nau, une oro poetikotasuna bilatuz, baina jatorrizkoa errespetatzen saiatuz.
Doinua lortzeko beste puntu garrantzitsu bat itzulpenak ahots goraz irakurtzea dela esango nuke, bai norberarentzat bai norbaiti errezitatuta. Ezinbesteko urratsa da poesiak funtzionatzen duen edo ez ohartzeko, zerbaitek belarrira gaizki ematen duela konturatzeko, erritmoa baduen aztertzeko, errimak jatorrizkoaren melodia jasotzen duen ikusteko… Arnas-neurriak axola du; irakurketa-erritmoa oso kontuan hartzekoa da. Nire kasuan, gainera, lehen aipatu bezala, hitz esana lantzen duen poeta bat itzultzen nenbilen eta, beraz, are garrantzitsuagoa izan da urrats hau. Esango nuke, bestalde, erritmo poetiko hori bilatzeko saiakera nabaritu dela hainbat txokotan egiten ibili garen Honengatik egiten dugu dantza poesia-errezitaldi musikatuetan.
Aipatutakoaz gain, argitaratutako liburuan bertan jatorrizkoa ondoan izateak (ezkerrean jatorrizkoa ingelesez, eskuinean itzulpena euskaraz) badu itzulpenean eraginik ere, jakina. Ikasketetan beti entzuten genuen «ahal bezain hurbil, behar bezain urrun» eta gure helburu nagusia izan ohi da, baina nola urrundu jatorrizkoaren hizkuntza irakurle gehienentzat ulergarria denean eta albo-alboan dagoenean? Ez da erraza poetikotasuna mantentzea jatorrizkotik gehiegi urrundu gabe, baina ezinezkoa da irakurleetako batzuk boligrafo gorria eskuan ez imajinatzea. Ariketa bat egin beharra dago horrelakoetan eta sinetsarazi zeure buruari urruntzeak merezi duela, poema on bat lortzearren bederen.
Poesia itzultzeko ikastaro batean Maialen Berasategiri entzun nion euskaraz partikula iragarleen falta dugula eta ezin dut gehiago bat etorri. Euskaltzaindiak hitz iragarle deitzen dien horiek «komunikazioa errazteko eta mendeko perpaus luze-konplexu mota batzuk hasieratik markatzeko» balio dute, mezua argiago adieraziz eta «testuaren esanaz jabetzeko aukera emanez amaierara iritsi arte egon gabe». Poesian eta, batez ere, poesia itzulpenean oso erabilgarriak dira eta haietako asko behar-beharrezkoak itzulpena uler dadin eta jatorrizkoaren doinua gal ez dezan. Halaber, eta horri lotuta, poesian azken hitzak garrantzi handia du eta, hortaz, modu naturalak bilatu behar dira hitz horrekin amaitu eta poemaren xarmari eta indarrari eusteko.
Azken aldian jende gaztearen artean badago joera gero eta gehiago hurbiltzekoa poesiara: ikusi besterik ez dago sortu berri diren irakurle talde guztiak, Pomada banda gisako proiektuak, Ez gara inor poesia-topaketak, egiten diren poesia-errezitaldiak eta abar. Idazle periferikoen kalitatezko poesiaren egarriz gaude, bai euskaraz idatzia bai euskarara itzulia, horrek emango baitio euskarari doinu propioak sortzeko aukera, baita oraindik gurean landu ez ditugun gai berriak ukitzekoa ere. Beraz, jarrai dezagun itzultzen eta sortzen, bidea urratzeke dago oraindik eta.

