Nola lagundu euskara lehen hizkuntza ez duten ikasleei hizkuntza buruhauste izan ez dadin?

Amaia Lersundi Pérez

Motibaziorik eza, nekea, autokonfiantza falta, frustrazioa, antsietatea, estresa, lotsa… Horra hor oinarrizko ikasketak euskaraz egiten dituzten ikasle askok eskolan bizi eta sentitzen dutena. Sentimendu guzti horiek kalte egiten diote ikasleen ongizateari, bai eta haien ikaste-prozesuari ere.

Euskara, ikasgai bat gehiago izateaz gain, beste ikasgai guztiak –edo behintzat gehienak– ikasteko bitartekoa ere bada, eta hori erronka garrantzitsua da ikasle askorentzat. Euskara bigarren edo hirugarren hizkuntza izan ohi da ikasle askorentzat, eta horrek hainbat oztopo eta zailtasun ekar ditzake haien errendimendu akademikorako eta, aldi berean, ikasteko prozesuan duten motibaziorako. Arrotza egiten zaien hizkuntza batean ikasteko zailtasunak hiztegitik eta gramatikatik haratago doaz: edukiarekin konprometitzeko, kultura ulertzeko eta komunikatzeko trebetasunetan konfiantza irabazteko ere eragiten diete.

Haiengandik espero da curriculumeko ikasgaiak –esaterako historia, zientziak, matematika, etab.– oraindik barneratzen ari diren hizkuntza batean ikastea. Erabat menperatzen ez duten hizkuntza batean ikasteak gainkarga kognitiboa sor dezake. Eta zer esan nahi du horrek? Ba beren energia mentala hizkuntza deszifratzen gastatzen dutela. Horrek ikaskuntza oro har zaildu eta frustrazioa eragin dezake, eta ondorioz, litekeena da ikasle horiek ikasgelan ahoz parte hartzera ez ausartzea. Gainera, ikasleek hitz egiteko eta gelan parte hartzeko konfiantzarik ez dutenean, ikasgaiarekiko interesa ere gal dezakete.

Horregatik, euskara ikasgai gisa irakasten dugunean edo oro har eduki jakin bat euskaraz irakasten dugunean, funtsezkoa da deskribatu berri dudan egoeran dauden ikasleen alderdi afektiboak kontuan hartzea eta horietan arreta berezia jartzea. Ikasleek euskara ikasteko behar duten lehenengo gauza konfiantza da: beren buruarengan, gelakideen aurrean hitz egiteko, akatsak egiteko, zerbait ulertzen ez dutenean beldurrik gabe galdetzeko… Horretarako, ezinbestekoa da irakasleek hizkuntza erabiltzeko testuinguru aproposak eta seguruak sortzea, eta konfiantza bera sustatzea, laguntza-sareak indartuz eta aprobetxatuz. Autokonfiantza izatea gako da ikasleek hizkuntza ikasteko gai direla sinesten jarrai dezaten. Konfiantza hori lortzen dutenean, gelako parte-hartze maila igo egingo da, eta hizkuntza erabiltzen hasten direnean bakarrik lortuko dute jariakortasuna irabazten joatea. Horren ostean etorriko da zuzentasuna. Horrek behar luke ordena: konfiantza, jariakortasuna eta zuzentasuna. Izan ere, zuzentasunetik hasiz gero, zailagoa izango da hizkuntza erabiltzeko konfiantza izatea eta horrekin batera euskaraz jariakortasuna lortzea.

Azaldu bezala, euskara bigarren edo hirugarren hizkuntza izateak benetako erronkak dakartza ikasle askorentzat, baina estrategia egokiekin eta enpatiarekin, oztopo horiek gainditzen lagun diezaiekegu. Konfiantza sustatuz, hizkuntzak irakasteko estrategia eraginkorrak erabiliz eta baliabide egokiak baliatuz, irakasleek lagundu diezaiekete ikasleei euskara ikasteko bidea arrakasta eta motibazio handiagoz egiten. Ikasle askok egunero eskolan daudenean egiten duten ahalegina eta behar duten energia itzela da. Beraz, esandakoa: erraztu diezaiegun bidea eta lagun diezaiegun hasiera-hasieratik gure hizkuntza maitatzen.