Euskal hizkera literarioaz

Manu López Gaseni

Errusiar formalistak izan omen ziren nolabaiteko zientifikotasun asmoz hizkera literarioaz idatzi zuten lehenak, nire formazio jada zaharkituak gogora ekarri didanaren arabera. Haietako bat, Viktor Shklovski, bereziki nabarmendu zen, haiengandik banatzen gaituen mendean zehar hainbestetan aipatu den “ostranénie” edo “arrozte” kontzeptuaren sortzailea izateagatik. Ohiko pertzepzioaren automatismoa hautsi eta irakurleari arroztasuna sentiaraztea lortzea zen, haren esanetan, literaturaren zeregina.

Handik hamarkada batzuetara, beste errusiar batek, Roman Jakobson-ek, hizkera poetiko edo literarioaren definizio kriptiko hura eman zuen Linguistika eta poetika lanean: ardatz paradigmatikoa ardatz sintagmatikoaren gainean proiektatzen denean sortzen da hizkera poetikoa. Aukera lexiko jakin bat aukera sintaktiko jakin batekin konbinatuta, alegia; horretarako ez zen behar hainbesteko iluntasunik. Baina halakoak ziren estrukturalistak.

Aspaldiko kontuak dira, baina bat-batean gogora etorri zitzaizkidan uda partean, euskaratutako obra nabarmen batzuk irakurri ahala; halakoa da burua. Euskarara ekarritako literatura ere euskal literatura omen da. Halarik ere, kasu honetan behintzat beharrezkoa iruditzen zait bi adarrak bereiztea, baldin eta behin behineko lehen hipotesi bat onartzen bazait: euskaratutako literaturaren kasuan, jatorriz euskaraz idatzitako literaturaren aldean, hizkera literarioa sortzeko mekanismoa bikoitza izatearena (are hirukoitza, testuen arteko denbora- eta espazio-aldea aintzat hartzen bada). Alegia, jatorrizko idazleak ditxosozko bi ardatzen arteko konbinazio bat egin du, eta euskal itzultzaileak beste bat, haren gainean.

Irakurri ditudan literatura-itzulpenak mota eta tankera askotarikoak dira. Lagina oso txikia zen −hamar liburu, demagun− eta, hala ere, topatuz joan naizen eredu batzuk errepikatuta ikusteak estrainamendua ez dakit, baina harridura moduko bat bai eragin dit. Uda zen arren, begi nagiak itzarririk behar zuen. Ikus dezagun.

Itzulpen bat besteak baino nabarmen luzeagoa eta nabarmen desberdina zen, eta hartan bereziki begi bistakoak ziren ardatz paradigmatikoaren eta sintagmatikoaren arteko proiekzio arroztaile ugariak, literatura jasoaren sintomak, Shklovski ohoragarriari kasu egitera. Hala ere, bi sortzaileen arteko dialogoaren azterketa adituen esku utzi beharrean nago (izanik hain luzea literatura, eta hain laburra nire gaitasuna: Ars longa, vita brevis).

Beste itzulpen gehienak, aldiz, nabarmen laburragoak ziren eta, konparazioan, nabarmen antzekoak. Baieztapen biribil horrek azalpena behar du, noski. Irakurle honi oso deigarria egin zitzaion hain jatorri desberdineko idazleen literatura-hizkerek halako moduz bat egitea, jatorri desberdineko itzultzaileen eskutik, uneko euskal hizkera literarioaren eremuan.

Jakobsonen metafora geometriko kartesiarrari eutsiz, abszisa-ardatzari dagokion adibide bat jarriko dut. Moduzko esaldi mota jakin batean “nola” adberbioaren erabilera markatu bat berreskuratu, eta ohi baino maiztasun handiagoz erabilita ikusi dut, prosan: “Partida galtzen ari zela ikusita, alde egin zuen zakur jipoitua NOLA”. Okasiorako propio sortu dudan adibide horretan, ohikoago genuke “bezala”, “legez” edo kideko beste adberbioren bat erabiltzea, areago kontuan hartuta esaldiko “nola” haien posizioan dagoela (esango nuke aurreko mendeetako testuetan “nola” horiek bigarren esaldiaren buruan joan ohi direla −eta amaierako posizioak ohikoagoak direla poesian−).

Ordenatu-ardatzean, berriz, bizpahiru adibide. Lehena, “-kara” atzizkiaren hedakuntza totala. Euskararen gramatika mardulak “irizpen atzizkia” dela diost. Koloreekin erabiltzen omen da, erreferentea izenak adierazten duen kolore horren antzekoa dela adierazteko. Hala, esaterako, ilunabarreko zerua “gorrikara” da beti egungo hizkera literarioan, eta ez “gorrizta”, ez “gorrixka”, ez “gorraila”, ez “gorriantza”, ez “gorratsa”. Halaxe daude gauzak, antza.

Literatura-hizkeran hedatu samar dagoen beste hitz bat “lantegi” da, “zeregin” adiera geografikoki mugatuan. Hipotesi moduan, testugilearen euskalkian bila liteke horren arrazoia, baina nago erabilera zabalagoa duela, hiztegi arauemailearen irizpidearen kontra.

Amaitzeko, aurrekoen kasuan baino eztabaida biziagoa pitz lezakeen lokailu bat: “alabaina”. Galdu esperantza oro: hizkera literarioan jada ez dago “hala ere”, “halarik ere”, “hala eta guztiz ere”, “halaz ere”, “halaz guztiz” batere. Den-dena da “alabaina”, haien posizioan.

Laburbilduz, onartuko bagenu “hizkera literarioa” hizkuntza baten eta beraren eremuan hizkera arruntetik halako asmo estetikoz aldentzen den hizkera dela, euskararen kasuan (ere) eguneroko hizkeran nolabaiteko “edertasuna” edo “dotorezia” arrotz samarra bide da bilatzen dena. (Gogoratu, garai batean, euskara batuari “euskara literarioa” esaten zitzaiola, hau da, idazteko-erabili-behar-den-arauzko-euskara. Gogoratu, orobat, badirela antzeko kasuak gugandik ez hain urrun: politika- eta hizkuntza-batasuna “duela gutxi” egin zuten Europako herrialde batzuetako hiztun arruntek arazoak iza(te)n dituzte hizkuntza literario bateratua ulertzeko, oso bereziki Alemanian eta Italian).

Alde horretatik, hipotesi berarekin aurrera eginez, pentsatzekoa da euskal hizkera literario gutxi-asko “kanonikoa” ere, kanon guztiekin gertatzen den bezala, aldakorra dela, garairik garai hobetsi duten idazle eta irakurleen gustuen arabera. Guztiarekin ere (alabaina, nahiago bada), esango nuke azken bospasei belaunaldi literarioetako kanone(t)an beti egon dela ekialdeko hizkerekiko liluramendua (hizkera horien jabe izan ez direnen artean, esan gabe doa. Bide batez, horren harira, beste moda bat: “haratago” esan/idaztearena). Ez dut uste bakarrik nagoenik neure irudipen horretan.

Akademikoek beren ikerketen mugak aitortzeko esan ohi dituzten apaltasun-hitzak parafraseatuz, euskal hizkera literarioari buruzko eztabaidarako lagin oso txiki bat erabili da hemen, eta literatura-testu gehiago (euskaratutakoak zein jatorrizkoak) eta ikerketa zabalagoak beharko lirateke gure hipotesiak berretsi edo, kontrara, gupidarik gabe birrintzeko. Bego.