Arrosa koloreko inbidia

Ane Garmendia Alberdi

Pasa den urriaren 26an ATRAE (Asociación de Traducción y Adaptación Audiovisual de España) elkartearen sariak banatu ziren Bartzelonan. Hamabigarren urtez aurreko urtean estreinatu diren ikus-entzunezko itzulpen eta egokitzapenik onenak saritu zituzten. Aurten, baina, sari hauek berrikuntza bat ekarri dute besapean. Berariazko kategoria sortu dute galegoz, katalanez eta euskaraz estreinatutako lanentzat. Bi kategoria, zehazki: bikoizketarako itzulpen eta egokitzapenarena, batetik, eta azpidatziena, bestetik.

Ikus-entzunezkoen itzultzaile eta euskaltzale gisa, poz handia hartu nuen bi kategoria horiek sortu zituztela jakin nuenean. Geroago jakin nuen sari baten finalisten artean nengoela. Orduan ere asko poztu nintzen, baina zinez diot, eta behin baino gehiagotan esan dut, nahikoa sari izan zela niretzat elkarte batek euskarari bi kategoria horiek eskaini izana. Ondotxo dakit aspalditik zegoela euskarari, katalanari eta galegoari sarietan merezi zuten tokia emateko asmoa, baina horrek lan eskerga eskatzen zuen bestela ere borondatez lanean ari diren elkartekideentzat. Hortaz, bihotzez eskertzen diet euskarari tartetxo bat eskaini izana.

Larunbat hartan giro berezia sumatu nuen ekitaldiaren aurretik, emozioa arnasten zen, eta beste itzultzaile batzuekin hizketan, ohartu nintzen galego eta katalanentzat ere une berezia zela hura. Gure hizkuntzetan egindako lanaren aitortza bat zen, ikus-entzunezkoen itzultzaileon ikusezintasun-kapa apur bat eranzten ziguna. Izan ere, oro har itzultzailearen lanbidea ikusezina bada, esango nuke ikus-entzunezkoen itzultzaileona beste alor batzuetako itzultzaileena baino are ikusezinagoa dela.

Hasi zen, hasi ere, ekitaldia. Eta atarikoetan sumatutako hunkidura hezurmamitu zen sari-banaketan. Luze baina oso entretenigarri zihoan goiza eta iritsi zen katalanezko bikoizketarako itzulpen eta egokitzapen onenaren sariaren unea. Finalistetako bi Barbie eta Elemental ziren. “Zer inbidia” pentsatu nuen. “Nahiko nuke horrelako proiekturen bat nire eskuetara iritsiko balitz”. Egia da nik neuk ikusteko aukeran nahiago dudala zinema alternatiboa, egile-zinema edo dena delakoa, Hollywoodeko arrakasta potolo horietako bat baino. Baina euskararen etorkizunari begira, iruditzen zait zinema komertziala euskaratzeak mesede egingo liokeela gure hizkuntzaren biziberritzeari. Oro har, ikus-entzunezkoak euskaraz egotea (propio euskaraz sortuak nahiz euskarara ekarriak) funtsezkoa da iruditeria kolektiboa sortzeko eta hizkuntza normalizatzeko, Aldatu Gidoia bezalako herri-ekimenek aldarrikatzen duten moduan. Jendea non, euskara han. Hortaz, bai, garrantzitsua iruditzen zait Barbie bezalako pelikulak euskaraz egotea.

Ekitaldira bueltatuta, sari-banaketak bere bideari jarraitu zion, eta, sarituen ahotik, besteak beste, hizkuntza gutxituen aldeko, adimen artifizialaren aurkako eta itzultzaileon lan-baldintzak hobetzeko aldarrikapenak entzun ziren. Ezin dut artikulu hau amaitu euskarazko azpidatzi onenen saridunak zoriondu gabe. Bejondeizuela, Leire Chertudi eta Ilargi Garcia! Eta Barbiek saririk jaso ez arren, esango nuke arrosa-kolorekoa izan zirela bai ekitaldia, bai itzultzaileon arteko giroa bai eta nire sariarekin batera Bartzelonatik ekarri nuen inbidia ere.

Utzi iruzkina