Oskar Arana Ibabe
Adjektibozko egitura bat, nik gutxi erabilia, eta 84 urteko aramaioar bati entzuna, berarekin berriketan nabilela:
—Ezaguketan dozu halako eta halako? Zurekin ibili zan lantegian?
—Zein? Holako geldi egon ezineko bat?
Sarri jartzen bainaiz halako berbadunekin belarria erne, urritzen ari diren esamolde eta berbak ehizatzera, gogoan hartu dut esapidea. Zer gutxi entzuten ditudan era horretakoak gaur egun; ez zait, ez, arrotza, baina zenbat bider erabili ote dut nik egitura hori nire ahozko jardunean? Behin bai? Beharbada, inoiz ere ez. Eta idatzizkoan? Sarri irakurri ote dut, bada, era horretako adjektibaziorik? Ezetz esango nuke. Antzekoak bai, oso hurbilekoak, baina era horretakoa txoil? Aztertu behar nuela egin nuen nire artean, egitura hori. Neureganatzearren. Eta aukerekin jolasean hasiz: poz itzel poltsikoan gorde ezineko bat; gizon zuhur inolaz ere tronpatu ezineko bat; neskatila matraka isilik egon ezineko bat; tabernazale amorratu etxean sartu ezineko bat; nagi ikaragarri ohetik jaiki ezineko bat…
Ez dirudi, ordea, hain bitxia. Izen-sintagmaren Antolaera liburuan ere, Juan Garziak dio denok ezagutu beharrekoa dela Partizipioa + modala + -(e)ko [izenlagun] egitura adjektibozkoaren morfologia. Hor daude, partizipioa (geldi egon) + modala (ezin) + -(e)ko + izenordain zehaztugabea (bat). Izena barik, izenordaina adjektibatuz, beraz. Zerk ematen zion, bada, bitxitasuna lumaje horri, nire barneko ehiztariak horrela tanpez atzemateko? Bada, beharbada aditz-lokuzioa izateak (geldi egon), eta izenordaina adjektibatzea bera (bat). Jakina, niri neuri errazago etorriko zitzaizkidakeen izenondo huts berba bakarrekoak: artega, urduri…
Eta zer abantaila ikusten nizkion bada, egitura horri, beste batzuen aldean? Badakigu, aipatu dudan liburu horretan esaten den eran, “adjektibo oro dela predikazio bat, perpaus ageriko zein ez-ageriko bati dagokiona. Alegia, etxe txiki bat diogunean, txikia den etxe bat ari garela esaten, txikia izatea egozten diogula etxe horri”. Beraz, gizon bat, geldi egon ezin dena > geldi egon ezin den gizon bat > geldi egon ezineko bat du hor bidea, eta trinkotze hori, aditz laguntzailea ezkutaturik egitura jokatugabe batean, denbora eta aspektua ere ezkutaturik hartara, atributu edo bihurtzen dugu esapide horretan, ez adjektibo hitz bakarreko huts, ez erlatibozko esaldi erabat esplizitu. Hibridazio horrek, seguru, bihurtu zuen esapidea nire belarrietarako eder, baliagarri, arin eta txinpartadun. Eta izenlagunaren egituratik gertu dago, halaber, haren izenezko egitura: geldi egon ezina; lo egin ezina; edo, emankor benetan modalaren jokoa: ezin lo egina, ezin geldi egona. Baina geldi egon ezineko bat erako izenlagunezko egitura horren aipamena dut gaur gaia.
Eta, badu erakargarri niretzat, halaber, aditzondo + ezin egitura maizko eta izenondoaren ohiko kokalekukoak ez bezala (gizon ikusezin, zama eramanezin…), izenlagunarenean aurkitzea, nahiz eta eskuineratzeko erraza izan. Badu aldaera jasoago bat, jakina, ezin + partizipioa + -zko instrumental morfemarekikoa, baina niretzat, idatzizkoan izan ezik, arrotz samarra: ezin ikusizko eta kidekoak. Hori ere bitxia, zeren eta eskuineratzera jarria bainago aspalditxoan, egiturei trinkotasuna kentzearren eta izen sintagmen izen ardatzak biluztearren eta soiltzearren.
Hara atzenean nola ohikoaren xarmak harrapatu, izenlaguna izenaren ezkerretik eta hala ere xarmagarri, polit, bizi, emankor… eta izenondo ohikoa bera ere izenlagun bihurturik + -ko morfemarekin, alegia, berriki ikasten eta aplikatzen ibilitako esaldi erlatiboen eta egitura adjektibozkoen eskuineratzearen kontrara, izenaren ezkerretik kalifikatuz izena, hala nola ikaragarri (ikagarriko bestondoa – bestondo ikaragarria), edo animale (animaleko gizona – gizon animalea) , gaitz (indar gaitza – gaitzeko indarra)…
Halako izenlagunaren eta ezkerretik ematen diren egituren laudatze moduko bat bihurtu zait ehizaldi tanpezko xumea, ustekabean. Oharñoa egin diot neure buruari, liluratzean ez nadin ohikoaren gaitzestera isur.

