Enrike Diez de Ultzurrun Sagalà
Bidankoze, 1878. Arturo Campion jaunak Iruñetik igorritako gutun-azala ireki eta edukia irakurri du Marianok bere sortetxean, sukaldeko arraskan eskuak garbitu ondoren. Ezin jakin harrigarria egin ote zaion. Egun osoa eman du herri inguruko lerdoi (pinudi) batean zurak egiten eta lotzen. Akaiturik dago, hau da, leher eginik. Idazluma eskuan, handik egun batzuetara lotu zaio Campionek enkargatutako lanari, sukaldeko zizeiluan jarririk, papera mahai gainean ezarririk. Hantxe hasi da, beraz, kriseiluaren argipean Orreaga izenburuko balada gaztelaniaz irakurtzen, “Es media noche. El rey Carlomagono está en Espinal con todo su ejército….”, eta erronkarieraz ematen: “Gai erdia da. Errege Karlomagno Aurizberrin dago bere ejerzito guziuarekin…”. Itzulitakoa irakurri eta aitzina egin du. “Los francos cantan en el pueblo, los lobos ahullan en Altobizcar; los vascongados afilan sus hachas y sus dardos en las piedras de Ibañeta…”. Hau da, “frankoek kantatan dei irian; otsoek marraka egiten dei Altobizkarrian; uskaldunek zorroztan dei beren aizkorak eta beren dardoak Ibañetako arrietan…”. Handik egun batzuetara bukatu du enkargua: “Ah! –exclamó Carlomagno–, no puedo dormir, la fiebre me quema. Qué ruido es ese? –Señor– dijo el buen Turpin– Rezad. Rezad conmingo. Ese estruendo es el canto de guerra de Vasconia, y hoy es el último día de nuestra gloria”. Mendigatxak honela eman du: “Ah, –egin zion Karlomagnok–. Eztoked lorik egin. Kalenturak ixikitan nau; zer arroitu da kori? –Jeina– erran zion Turpin onak –erreza zazu, erreza zazu enekin. Arroitu handi kori da gerra kantu Uskaldun Herriarena, eta egun da gore azken zeuriguna (zeru eguna)”.
Ez dakigu laguntza edo aholku eskatu ote zion Mendigatxak herriko apezari, Prudenzio Hualde bidankoztarrari, alegia. Izan ere, Marianok ederki zekien bi idazki euskaratzeko enkargua eman ziola Bonaparte printzeak apezari hamabi urte lehenago, hizkuntzalari ospetsua Bidankozera 1866an iritsi zenean, Erronkaribarko “uskara” aztertzeko asmoz: batetik, Aita Asteteren dotrina eta, bertzetik, Gore Jeinaren Ebanjelio Saintiua segun San Mateok. Bidankozeko aldi hartan, printzeak gure Mendigatxa ere ezagutu eta, handik hiru urtera, Donibane Lohizunera gonbidatu zuen (1869). Marianok gonbitea onartu eta mando gainean egin zuen joan-etorri luze hura. Han, Donibane Lohizunen, erronkarierari buruzko berezitasun aunitz erakutsi zizkion Bonaparteri; tartean, aditz-jokoa. Derragun, bidenabar, hizkuntzalariak aldi hartan egina dela Mendigatxaren argazki ezaguna, Marianok Erronkariko janzkera soinean daraman huraxe bera, horrela janzten baitzen, jakina.
XX. mendearen hasieran, berriz, Resurreccion Maria Azkue hizkuntzalariak eskatu zion laguntza, eta Marianok, ohi zuenez, gogoz eta eskuzabaltasunez lagundu zion. Santa Garazin ezagutu zuten elkar, Zuberoan, Azkuek berak deiturik, eta elkarlan sakonean aritu ziren hamalau urtez, 1903tik aitzina. Adiskide minak izan ziren. Mendigatxak euskaraz idatzitako gutun aunitz igorri zizkion Erronkariko mintzoaren ezaugarriez, aldi berean Bidankozeko bizimolde, ohitura eta ospakizunen berri emanik. Astia zuenean idazten zuen, zeren, hirurogeita hamar urte baino gehiago izanik ere, boladaka lan nekosoan aritzen baitzen, Mendigatxak berak Azkueri frankotan aitortu zion bezala: “Orai berian igaro dut Erronkarin amaborz egun, zurak eta lot lana egiten; kementik antzina, ez naz xinen etxera… eztud leitako tenprarik…”. Eta bertze batean: “Badaramatzagu iror urte gaxto, xunto; orai bi urte, arri erauntsi batek eraman zaikugun kosetxa; iaz, zoritu zren gariak, granorik bage; ez genuen bildu baizik autz (lastoa); eta, aurten negu gaixto egin duenez, galdu zaizkigu; eztugu esprantzarik bildu bihar dugula, ez garirik, eta, ez autzik; korregatik bihar digu emon zurari ahal dugun guzia. … Akaitrik nago”.
Bertze behin, Marianok kartaz eskaturik, Azkuek bere erretratua igorri zion, eta Mendigatxak itxura txar-txarra antzeman zion lekeitiarrari: “Ene jaun ona: egiaren erraiteko, ene urdukari (ene iduriz), zarturik eta flako dago (berorika ari zaio Azkueri); orain berean nago begitartez-begitarte berareki; eta eztut ikusten baizik gorputz mehe edo mehar bat, sotanaz tapaturik; non ditu tripako, bularreko eta soingaineko gizenkiak? Lepoko gorbatak berak erakusten du nola daukan hutsik gizenkiaren lekua…”.
Bertzalde, gutunetako batean, Marianok Azkueri kontatu zion saiatu zela euskara bilobei erakusten, baina alferrik. Marianoren seme-alabek bazekiten euskaraz mintzatzen. Bilobek ez, ordea, eta horrek nahigabe handia eragin zion: “… aski sentimentureki erraiten daud enazala trebe llober (bilobei) uskararen ikasaraztra, nola ezbaitey (ez baitute) iñon ere entzuten ele bat ezik nik erraiten dabeidanak, eztokey (ez dezakete) ikas iñolako gisan; kalaz, enfadatruk, utzi dut alde batera. Errana badugu kemen: eztagola beti urrutxa (hurritza) makila egiteko; niri ere gogoa kendu zaitad!”.
Mariano Mendigatxa Ornat labraria eta zur eginzalea 1918ko udan hil zen, 86 urte zituela. 1932an, Marianoren jaiotzaren mendeurrenean, Euskaltzaindiak sortetxean plaka bat paratzea erabaki zuen haren gorazarretan. Erabakia ez zen bete. 2018an, ordea, bai, plaka bat ezarri baitzen Mendigatxa etxean, Bidankozeko Udalaren eta Euskaltzaindiaren ekimenez: “Erronkaribarko uskararen lekuko bikain eta emankorra”. Bidankozen ere bada bertze plaka bat Prudenzio Hualde “uskal ezkribatzailearen” omenetan.


Gustura asko irakurri dut. Eskerrik asko.
Atsegin dutAtsegin dut