Maite Imaz Leunda
Orain dela 24 urte idatzi nuen lehenengo artikulua itzulpen-memoriak kudeatzeko programei buruz. Garai hartan euskararako itzultzaile automatikorik ez zegoen eta nik ez nuen uste euskaraz lana txukun egingo zuen itzultzaile automatikorik ezagutzera iritsiko nintzenik. Itzulpen-memoriak kudeatzeko programek liluratu egin ninduten ematen zituzten erraztasun guztiengatik.
Programa ordenagailuan instalatu zidatenean, 1997an, goitik behera irakurri nituen jarraibideak lanean hasi aurretik. Segurtasun handia eman zidan horrek, beti gustatu izan baitzait erabiltzen ari naizen programa edo aplikazioa kontrolpean izatea. Gaizki sentitzen naiz zertan ari naizen garbi eduki gabe itsumustuan nabilenean.
Itzulpen-memoriak kudeatzeko programek itzulitako testuak esaldika edo segmentuka parekatuta gordetzeko aukera ematen zutenez, bi hizkuntzatan dauden segmentu-pareen biltegia sor zitekeen nahiko erraz. Itzulpen-memoriaren aplikazioak bilaketak egiteko modua asko arindu zuen eta guztiz erabilgarria bihurtu zen itzultzaileon eguneroko lanerako. Berdin-berdinak ziren esaldiez gain, antzekoak bilatzeko aukera ere ematen zuen. Horrekin batera, terminologiako datu-basean begiratzen zuen itzuli beharreko esaldi horretako hitzak edo terminoak azaltzen diren. Bilaketa bikoitz horren emaitzak pantailan azaltzen zizkigun, nahiko azkar, eta komeni zitzaigun lekuan erraz kopiatzeko moduan. Dokumentu osoak aztertzeko aukera ere ematen zuen, dokumentua ireki beharrik gabe memorian zenbat zegoen itzulita ikusteko.
Antzeko dekretuak eta ebazpenak, urtero errepikatzen diren deialdiak behin eta berriz itzultzen aritu beharra, behin eta berriz lan bera egin beharra ekidin zuten itzulpen-memoriek. Testu itzuli berri baten bertsio berri bat azken orduko aldaketekin baina aldaketak non zeuden markatu gabe etortzen zenean ere testu osoa alderatu beharra ekidin zuten itzulpen-memoriek. Aurretik gauzak nolakoak ziren gogoan izateko adina dugunok ondo dakigunez, mugarria izan zen itzulpen-memoriak kudeatzeko programak itzultzaileen ordenagailuetan instalatu eta lan-jardunean txertatzea.
Hitzak, hitz multzoak edo terminoak kontsultatzeko aukera iruditzen zitzaidan guztietan erabilgarriena, hasieran biltegiratutako esaldi pareak gehiegi ez zirenean, batez ere. Itzulpen-memorian itzuli beharreko esaldi batentzat ordainik ez egon arren, esaldi horretan azaltzen zen hitz bat, edo hitz multzo bat, itzulita egon behar zuen susmoa izanez gero, kontsulta egin zitekeen, eta itzulpen-memoriak hitz edo hitz multzo hori jasota zeukaten esaldi pareen zerrenda ematen zigun; hori hiztegian begiratzea baino lagungarriagoa izan zitekeen batzuetan egokiena zen hitza aukeratzeko orduan, hitza edo terminoa testuinguruan kontsultatzeko aukera ematen baitzuen.
Gerora, itzulpenen datu-base dokumentala ipini ziguten. Nahiz eta datu-base dokumentalean kontsultatzeak denbora gehiago eskatu, emaitzen testuingurua hobeto ikusteko parada eskaintzen du, esaldiaz haratago dokumentu osoa ikus daiteke eta.
Hori dena egiten zuten eta egiten dute orain ere. Itzulpen-memoriak ez dira desagertu itzultzaileen ordenagailuetatik. Itzulpen-memoriak eguneroko lanaren bitartez elikatzen dira, testuak itzuli ahala memorian gordetzen dira eta, horrekin batera, lehendik zegoena zuzentzeko aukera ematen du. Gaztelaniazko esaldiaren euskarazko ordaina esaldi bat baino gehiagotan ematen denean ere arazorik gabe gordetzen du.
Lerrokatzaile automatikoaren bitartez ere elikatu daiteke itzulpen-memoria, jatorrizko testua eta itzulpena hartu eta nahiko modu automatikoan esaldiz esaldi parekatuz.
Itzultzaileak badu memoriak kudeatzeko aukera ere; zerbait gaizki badago, hitzen baten ortografia aldatzen bada edo terminologia eguneratzen bada, itzulpen-memoria osoa aldatzeko aukera ematen du; ordezkapen globalak nahiz banan banakoak egin daitezke. Itzulpen-memoria osoa ikusteko eta memoria batetik bestera transferitzeko aukera ere ematen du.
Gustuko nuen itzultzaile soil izanda programa osoa kontrolpean nuela sentitzeak; horrek ere segurtasuna ematen zidan. Programak itzultzaile guztioi ipini eta itzulpen-memoriak ugarituz joan ziren neurrian eskertu genuen informatikarien laguntza, jakina, baina teorian itzulpen-memoriena itzultzaileak bere kabuz bere ordenagailuan kudea dezakeen programa da.
Itzultzaile automatiko neuronalarekin ez da gauza bera gertatzen. Neuronala ez da nire ordenagailuan erabateko kontrolpean daukadan zerbait. Itzultzaile neuronala ez da erabili ahala elikatzen eta ezin ditugu zuzenketa puntualak momentuan egin.
Itzultzaile neuronalak urtean behin edo bitan elikatzen eta eguneratzen dituzte, corpus elebidunak erabilita, eta ordenagailu sendoekin egiten da hori. Corpusak bolumen nahikotxo izan behar du, prozesuak bere denbora behar izaten du eta bukatu ondoren probak egin behar dira kalitatea hobetu dela egiaztatzeko, hala ez bada, emaitza hobeak eman beharrean okerragoak ematen baditu, atzera egin eta lehengoratu egin beharko da eta. Komenigarria da, beraz, itzultzaile automatiko neuronalarekin egindako eta posteditatutako itzulpenak itzulpen-memorietan jasotzea, itzultzaileen kasuan ohikoena den moduan, eta itzulpen-memorietako corpus elebidun horiek erabiltzea (zenbat eta corpus handiagoa, hobe) itzultzaile automatiko neuronala elikatzeko eta eguneratzeko.
Itzultzaile neuronalak ez du aukerarik ematen hiztegi terminologiko jakin batzuk aukeratzeko itzulpen-prozesuari ekin aurretik. Kontu handiz begiratu behar da terminologia posteditatzerakoan. Hitzak edo terminoak kontsultatzeko ere ez dute itzulpen-memoriek bezain ondo lan egiten; itzultzaile neuronala ez da egokia hitz solteak eta terminoak kontsultatzeko, sinonimoak ez ditu bereizten askotan (preciso y exacto zehatza eta zehatza itzultzen dute) eta, arestian esan bezala, terminoak ere ez ditu egoki ematen beti. Hitzak eta terminoak kontsultatzeko hiztegiak eta datu-base terminologikoak daude, eta baita glosarioak, datu-base dokumentalak eta itzulpen-memoriak ere.
Itzuli itzultzaile neuronalak Elhuyar hiztegira bideratzen du zuzenean hitz solte bat kontsultatzen denean. Itzultzeko pantailan bertan Elhuyar hiztegia eta Euskalterm terminologia-banku publikoa integratuta dauzka, horietan kontsultak arin egin ahal izateko. Elia itzultzaile neuronalak hitz batzuentzat aukera bat baino gehiago proposatzen ditu, eta kurtsorea hitzaren gainean ipinita probabilitateetan oinarrituta egin duen bilaketan topatu dituen beste aukera batzuk ere ikus daitezke.
Itzultzaile automatiko neuronala ondo integra daiteke itzultzaile profesionalen lan-prozesuan. Ez ditu ordezten itzulpen-memorietan urteetan bildutako esaldi pareek eman ditzaketen emaitzak, ez hiztegiek eta glosarioek eman dezaketena ere. Ondo legoke probabilitateetan oinarrituta egindako bilaketa bakoitzak (segmentu bakoitzak) zenbateko fidagarritasuna duen adierazten duen portzentajea erakutsiko balu itzultzaile neuronalak, itzulpen-memoriak kudeatzeko programek antzekotasun-portzentajeak erakusten dituzten bezala, zuzenketarako edo postediziorako pista gehiago edukitzeko.
Nolanahi ere, emaitza onak izateko ezinbestekoa da, derrigorrezko betebeharra, kalitatezko elikagaia ematea, bai itzulpen-memoriak kudeatzen dituzten programei, bai itzultzaile automatiko neuronalei.

