Itzultzaileen ikusezintasuna

Josu Barambones Zubiria

Itzultzaileen ikusezintasuna oso kontzeptu erabilia da itzulpengintzaren munduan, bereziki itzulpen literarioen esparruan. Kontzeptu honen arabera, itzultzailearen figura halako moduan desagerrarazi behar da itzulitako testutik, non itzultzailearen parte-hartzea oharkabean igaroko baitzaio irakurlegoari. Irudi luke itzultzaileak bere lana ezkutatu behar duela irakurleen begietan testu itzulia xede-hizkuntzan idatzia dagoelako itxura ematearren. Izan ere, oso hedatua dago itzultzaileen lanak irakurleek hauteman gabe pasatu behar duelako ustea, gaur egun itzulpenak leku eta euskarri orotan ageri diren arren. Orobat uste da itzultzaileen eskua ikusezin bihurtu behar dela ukitzen duen edozein lanetan, ez duela inolako arrastorik utzi behar, eta irakurleak ez duela susmorik txikiena ere hartu behar itzulpen-lan baten aurrean dagoela.

Itzultzaileen ikusezintasunak alderdi asko hartzen ditu, hala nola itzulpenaren jariotasuna eta naturaltasuna, erdalduntzearen eta domestikatzearen arteko lehia edota lanbidearen aitortza. Artikulu honetan lehen biez jardungo dut bereziki. Gizartean gure lanbideak jasotzen duen aitortzak hurrengo baterako itxaron beharko du.

Itzulpengintzako teorilariek eta itzultzaile askok ere balore positibotzat jotzen dute ikusezintasuna. Javier Calvo itzultzaileak, berbarako, dio gustatzen zaiola pentsatzea itzultzaileok mamuak garela, eta gure lanak orrialdeotan irauten duela oihartzun bat bailitzan. Ildo horretan, Calvok El fantasma en el libro liburuan honela deskribatzen du itzultzaileen ikusezintasuna (8. orr.):

Nire ustez, ikusezintasuna gure lanak berezko duen zerbait da; ezin da bestela izan. Desagertzea dugu helburu. Gure idazkera oharkabean igarotzen saiatzen den bakarra da, literalki ikusezin izan nahi du, eta ez du inola ere nahi gure gogoak hartan errepara dezan. Xedea itzulpena “itzulpena ez balitz bezala” irakurtzea da. Ez dugu hor egon nahi. Orrialdearen barnean albait sakonen sartu nahi dugu hor gaudela agerian ez uztearren. Paradoxaren kameleoiak gara. Orrialdetik desagertzeko, bete egin behar dugu.

Nire kasuan esan behar dut ikusezintasunaren teoriaren alderdi horrek ez duela batere funtzionatzen. Aitzitik, itzulitako liburu bat hartzen dudan bakoitzean edo bikoizturiko edo azpidatziriko ikus-entzunezko produktu bat ikusten dudan bakoitzean, hor agertzen zaizkit mamu direlako horiek, bizi-bizi agertu ere. Itzulitako liburu bat hartu, eta orrialdeetan barna aurrera egin ahala, itzultzaileen eta emaitzara iristeko jarraitu duten prozesuaren oihartzunak iristen zaizkit, eta oso hurbil sentitzen ditut. Ez dakit nire itzultzailekideei berdin gertatuko zaien, edo horrelako sentsazioak sentitzen dituen piztia bakarra naizen. Eta aitor dut nire lanbideari zor diodala beste batzuentzat agian ikusezina dena niretzat ikusgarria izatea: aldi berean itzulpengintzako irakaslea izateak eta inoiz edo behin itzultzaile jarduteak ez die batere laguntzen itzulpenei ikusezin bihurtzen. Batetik, behinola ikasle izan nituen eta egun itzultzaile dihardutenen lanak irakurtzen ditudanean, haien argazkiekin egiten dut topo. Zer esanik ez, lankide ditudan itzultzaileen lanen aurrean jartzen naizenean. Eta nola ez ikusi berendiaren eskua halako liburu itzulian aurreko astean elkarrekin bazkaltzen egon ginenean? Edo nola ez erreparatu urliaren dotoreziari esaldiak josteko lantegi malkar bezain labainean hainbat ikastarotan entzule izan nauenean? Memoria apetaren mendeko bilakatzen omen da, eta interesatzen zaionean ondo atxikitzen ditu bizi izan dituen esperientzia guztiak.

Hasieran adierazi bezala, itzulpenen ikusezintasunak edo ikusgarritasunak itzultzaileen esku-hartzeari egiten dio erreferentzia, hau da, itzultzaileak noraino sartu duen eskua testu itzulian xede-kulturako irakurlea jatorrizko idazlearenganantz hurbil dadin, edo zenbat saiatu den idazlea xede-kulturako irakurleari ahalik eta erosoen eramaten. Esaterako, liburu batean hau irakurtzen badut, hots, “Atzetik atera zen parrokiano batek geldiarazi zuen”, edo esapide hau: “Hamaika, zakurraren lukainka”, badakit itzultzailea testua nolabait domestikatzen saiatu dela, eta jatorrizko testua xede-kulturako irakurleari hurbiltzeko ahalegina egin duela (oharkabean nahiz ohartuki). Aitzitik, hau bezalako esaldi bat irakurtzen badut: “[…] errentan harturik neukan bi logelako apartamentu terrazadun bat First Street-en, Prospect Park-etik bloke erdira baino ez”, badakit itzultzaileak erreferente kulturalak ez itzultzea hautatu duela, hartara irakurleak ahalegin txiki bat egin dezan bere burua nobelak deskribatzen dituen parajeetan kokatzearren.

Batek pentsa lezake itzulitako liburu bat irakurtzen dudan bakoitzean nire buruak hori guztia prozesatzeak irakurketaren plazeretik urruntzen nauela, baina uste dut guztiz kontrara gertatzen zaidala. Izan ere, testu itzuliaren muinaz ez ezik, haren azalaz ere gozatzeko aukera paregabea eskaintzen dit nire lanbideak. Nabokovek zioen bezala, liburu bat irakurtzen dugunean, ñabardurei erreparatu eta detaileak ferekatu behar ditugu. Azken finean, irakurle onak berrirakurtzen dutenak dira, eta nor irakurle hobea itzultzaile bat bainoago testu itzuliaren ezkutuko geruzetan sartzeko eta haiek sentitzeko?

Elur malutak

Castillo Suarez

Behin batean Alemanian egon nintzen astebetez itzulpengintza tailer batean. Plana ezin aproposagoa zen: Edenkobenen egotea astebetez sortzaileendako egoitza batean, mahasti artean. Nirekin batera Yolanda Castaño (galizieraz idazten duena), Rosa Berbel (gazteleraz), Maria Josep Escrivá (katalanez) eta Mario Martín Gijon (gazteleraz) aritu ziren. Nire lana izan zen astebetez nire poemak itzuli zituzten itzultzaileei laguntza eta aholkua ematea. Ezagutzen ez nuen sistema bat erabili zuten itzulpenetarako: lehendabizi bi itzultzailek (Raquel Pacheco Aguilar eta Lisa Schwesinger) testuak hartu zituzten eta modu gordinean itzuli, nolabait esateko literaturatasunari erreparatu gabe, soilik edukiari begiratuta. Itzultzaileek ez zekiten euskaraz, eta gaztelania erabili zuten zubi hizkuntza, kasu honetan, Fernando Reyren itzulpenak. Ondotik sei itzultzailek, aldi berean poetak zirenak (Alexandru Bulucz, Mara Genschel, Agnieszka Lessmann, Àxel Sanjosé, Tom Schulz eta Katja Lange-Müller), beste buelta bat eman zieten testuei, eta bakoitzak bere bertsioa egin zuen. Egun bakoitzean poeta batekin egon nintzen, eta ingelesez moldatzen ginen gure artean. Hala ere, batzuetan zaila egiten zitzaidan azalpenak ingelesez ematea. Horretarako beste bi itzultzaile genituen. Itzulpengintza ikasleak ziren, alemaniarrak, gaztelaniaz bazekitenak. Guztira 14 lagun aritu ginen poemak itzultzen, horiek guztiak Hans Tillen gidaritzapean.

Itzulitakoen artean bazen bi lerroko poema bat:

Elur maluta
Badira elur maluten gisakoak diren pertsonak.
Ederrak, hotzak, gu ukitutakoan desagertzen direnak.

Eta hona hemen bi itzulpen, erabat desberdinak:

Schneeflocken
Es gibt Schneiende, leicht und ganz flockig
warm und kalt, die uns berühren, die fortgeweht werden.
(Tom Schulz)

Schneeflocken
Manche Menschen sind wie Schneeflocken.
Schön und kalt. Sobald sie uns berühren, verschwinden sie.
(Agniszka Lessmann)

Harrigarria zen horren emaitza desberdinak atera izana. Eta politagoa izan zena, zeinen desberdin irakurtzen zituzten. Izan ere, nork bere interpretazioa egin zuen. Eta horixe da literaturak duen gauzarik ederrenetakoa, elur malutek ez dutela berdin gisan irintzen gure bihotza alegia.

Unique in the world, euskal herritarrak la hostia gara (II)

Fernando Rey Escalera

Lehengoan sail honetako lehenbiziko artikulutxoa idatzita, lasaixeago gelditu nintzen neure buruarekin, iruditu baitzitzaidan ez naizela ni bakarra hizkuntzarekin hala jostatzeko moduak inkomodatzen duena.

Beraz, bihotzerrea pixka bat apaldurik, azal dezadan bigarrena: nolako deserosotasuna sortzen zaidan ikustean nolako tokia hartzen duten euskarak eta gaztelaniak Hegoaldeko giro batzuetan.

Berriz ere errezeloa pizten zait ni ote naizen arraroa edo purista, edo aiseegi erretxintzen ote naizen hizkuntzaren trataerarekin zerikusia duten kontuetan.

Amorru pixka bat jartzen zait ETBn ez-dakit-zer enpresak iragartzen dituenean “los productos de nuestros baserris”. Ez al da normalagoa “los productos de nuestros caseríos”? Eta berdin gertatzen zait erdara ederrean euskarazko ginga gisa euskarazko hitz solte batzuk aditzen ditudanean: “hemos hecho plan para ir a la sagardotegi” aditzen dut, baina nahiago nuke aditu “hemos hecho plan para ir a la sidrería”. Aukeran nahiago nuke aditu “sagardotegira joateko plana egin dugu”, ez baitzait euskarari duintasuna emateko bide egokia iruditzen gaztelaniaz mintzatzea euskarari egindako axaleko begi-keinu gisara euskaraz hitz solteren bat sartuz.

Ondoko hizkuntzen hitzak hartzea –mailegu linguistikoak– oso gauza logikoa eta sanoa da, batik bat hitzak berezitasunen bat duenean terminologikoki, hitzaren eboluzioa berezia izan denean. Hori dela-eta, “mantuvieron durante 2 meses a aquel hombre en un zulo de 6 metros cuadrados” esatea normala iruditzen zait. Zulo hitza mailegu bihurtu da gaztelaniarentzat, eta ulertzekoa da. Ezin hasiko dira esaten “en un habitáculo preparado para secuestrados”. Tira, ñabardura hori hartu du hitzak gaztelaniaz. Aurrera. Ohartzen naiz “txoko” hitza zabaldu dela gaztelaniaz, eta, kasu horretan, ulergarria egiten zait. “Hemos adaptado la bajera para hacer un txoko” aditzen dudanean, ulertzen dut “txoko” hitzak berezitasuna hartu duela, eta, beharbada, ez dela erraza gaztelaniaz hori beste modu batean azaltzea. Konforme. Familia-bazkariak edo lagunak elkartzeko toki berezi bat da txokoa hor, eta erosoa da hura erabiltzea. Ongi etorria izan dadila mailegua.

Baina inolako beharrik eta justifikaziorik gabe, gaztelaniak bere hitz normala duenean, euskarazko hitza sartzea harrigarria egiten zait, ez dakit zeren, edo badakit zeren adierazgarri.

Adibideak hamaika dira: “Tenemos bilera de la gela”. “Ponte el beroki, que hace frío”. “Los nekazaris de Araba tienen intención de bloquear las carreteras”. “Nuestro proyecto se está fortaleciendo en Nafarroa”…

Ez dakit, ba. Sentitzen dut. Iruditzen zait erdara ederrean ari garenean horrela jokatzea berniz euskaltzale edo abertzale bat ematea besterik ez dela maiz. Euskararen aldeko apustua egitekotan, mintza gaitezen euskaraz. Edo, bestela, egin dezagun gaztelaniaz. Igual ni arraroa naiz, baina “yo no voy a Bilbo, me voy a Bilbao”. “A las fiestas de Tutera no suelo ir, en todo caso voy a Tudela”. Bestalde, “de vez en cuando hablo con los compañeros de clase, no con los de la gela”. “Si tengo frío, me pongo un abrigo, el beroki me deja frío”.

Batzuek, segur aski, erdaldunak izanda, euskarazko hitzen bat sartuz nahi dute adierazi euskararen aldeko mezua. Ongi da. Baina horretan geldituz gero ez dakit mesederik egiten ote zaion euskarari. Beste kasu askotan, aldiz, ez da hori sakoneko arrazoia. Euskarari bultzada emateko modu hoberena, eraginkorrena, euskaraz egitea da, eta ez euskarazko lau hitzez apainduriko gaztelania.

Rarico deituko didazue, baina ni, gaztelaniaz ari naizenean, gaztelaniaz hitz egiten saiatzen naiz, eta euskaraz ari naizenean, euskaraz.

Itzultzaile neuronalak

Asier Larrinaga Larrazabal

Azkenaldian, asko erabiltzen dut “itzultzaile neuronala”. Neuronei asko eragin behar izaten diet hor zehar aurkitzen ditudan euskarazko testuek azpian duten gaztelaniazko bertsiora heldu eta zentzua harrapatzeko. Orain dela ez asko, kartel beilegi batzuk agertu ziren hormetan, mezu honekin: «Kontrolatzen ez duzula diozu, baina haren mobila zelatatzen duzu». Eeeee???!!! Beherago zegoen esaldiak arrastoan jarri ninduen: «Hori ere indarkeria matxista da». Argibide horrekin, nire itzultzaile neuronala mezu honetara heldu zen: «Dices que no la controlas, pero espías su móvil».

Agerian dago kanpaina instituzional horren itzulpena lar makurtu zela formara. Beharbada, edukiari leialago izango zitzaion honelako zerbait: «Ez omen zara kontrolatzailea, baina zure neskari mugikorra begiratzen diozu». Egongo da modua mezua hobeto emateko, eta merezi luke hain zabalkunde handiko testuetan neuronei apur bat gehiago eragingo bagenie.

Nik, esku artean izaten ditudan itzulpenetan / itzulpenen zuzenketetan, edukia lehenesten dut beti, baina forma eta beste alderdi batzuk deslaitu gabe. Ikus-entzunezko hedabideetan nabilelarik, kezka-iturri izaten zait hartzaileak zein oztopo aurki ditzakeen testua belarriz jasotzeko eta jaso ahala prozesatzeko. Lehengoan, irratirako iragarki hau heldu zitzaidan esku artera: «Loraldia Udako Ola gazte sormen egonaldiaren hirugarren edizioa martxan». Gaztelaniazko testuaren berri ez daukat, baina honelako zerbait izango zen: «Ya está en marcha la tercera edición de Loraldia Udako Ola, estancias creativas juveniles». Iragarkiaren euskarazko bertsio hark ulermen-traba asko sortzen dizkio hartzaileari –ni naizen hartzaile honi, behintzat, bai–, ez txikiena «Loraldia Udako Ola» izenak eragiten duena. Aditza eliditzeak ere ez du asko laguntzen.

Nik honela esatea proposatu nuen: «Hemen da Loraldia Udako Olaren hirugarren edizioa! Gazte sormen egonaldia, martxan!». Kasu honetan ere, egongo da modu hobea mezua emateko. Nolanahi ere den, ziur naiz modu hobe hori hezur-haragizko itzultzaile batek aurkituko duela; nekez itzultzaile automatiko batek.

Horregatik, hain zuzen, esango nuke itzultzaile “neuro-automatiko”ek ez dutela kezka handirik eragiten profesionalen artean lanik gabe utziko ote dituzten. Zereginak arindu, zalantza barik, baina nekez kenduko diete lana. Hala eta ere, ohartzen naiz teknologia berriok lanbidea gutxiestea ekarri dutela gizarteko sektore askotan. Destaina horren ondorio zuzena da itzulpenen prezioak –berdin dio zertarako eta norako diren– beherago eta beherago sakatzen direla. Ez dago aurreikusterik gauzak noraino helduko diren teknologiaren eskutik, baina iruditzen zait oso urrun dagoela makina batek itzultzaile neuronadun bat ordezkatuko duen eguna. Bien bitartean, gizarteari ikusarazi behar zaio zein den itzulpenen formari, edukiari eta beste alderdi batzuei bere talentua eransten dien profesionalaren balioa.

Aitortzen dena (eta isiltzen dena)

Elixabete Perez Gaztelu

Elearazi: Itzulpenak fama txarra du oraindik ere, nahiz eta oztopo eta aurreiritzi asko gainditu diren. Itzultzaileen ikusgarritasun eza ere nabaria da, Euskal Herriko argitaletxe batzuetan oraindik ere ez da haien izena azalean jartzen. Hala ere, literaturan daukate itzultzaileek sona gehien. Nola ikusten duzu egoera? (Elearazi, 2012.4.9)[1].

Adar askoko galdera hori ere egin zioten Elearazi blogean Elizabete Manterola itzultzaile doktore berriari[2]. Letrakera lodiz markatutako itzultzaileen eta itzulitakoaren ikusgarri-, ikusgai-, ikusezintasunaren auziaren gaineko soka mamitsua ere sortu zuen itaunak: handik eta hemendik heldu zioten gaiari Maialen Berasategi Catalán, Garazi Arrula, Garazi Ugalde, Bego Montorio eta Danele Sarriugarte itzultzaileek, elkarrizketaren ondoko iruzkin-erantzunetan.

Ez naiz itzulpengintzaren arlo zabal horretan murgilduko, ezta idatziak argitaratu bitarteko bidean lan egin duten esku guztien berri (idazlea, zuzentzailea, editorea…) jaso beharrekoan ere. Egia esan, ez dut itsaso handi horretan igeri egiteko aski arnasa.

Itzultzaileek paratutako gaia, ordea, txoil baliagarria gertatu zait nere baitako aspaldiko gai bat kanporatzeko, blogeko itzultzaile erantzun-emaileek iradoki bezala, autorearen, «eskuen» jendaurreko aitortza ez baitagokio bakarrik itzulpengintzari.

Garazi, zuk musikarekin gertatzen dena ere aipatu duzu. Sorkuntza mota guztietan, beti alde batzuk ageri-agerian gelditzen dira, baina beste batzuk erdi-ezkutuan. Musikari batek disko bat grabatzen duenean, adibidez, oro har ez zaio jaramon handirik egiten kantu guztiak banan-banan hartu eta nahastu eta polit-polit (edo itsusi-itsusi) jarri dituenari (nola eta ez den izen handiko norbait), nahiz eta haren esku dagoen disko txukun bat lortzea, musikariaren gaitasun eta ahalmen guztiak gorabehera. Ez dakit halako adibideek balio diguten guri, baina irudipena dut itzulpengintzatik harago doan kontu bat dela (Berasategi, Elearazi[3]).

Askoz harago doa kontua, bai, bihurgune asko ditu, labaina da, etengabe aldatzen doana… Hori jakinik ere, gai horren pixar bat ekarri nahi dut, eske-kezka moduan bada ere.

«Eskuen» aitortza idatzi (ustez) iraunkorragoaren ondoan, bada beste aitortza mota bat, nire ustez, garrantzi eskasekoa ez dena: «eskuen» jendaurreko ahozko aitortza. Zehatz esan, kontzertu, kantaldi, irratsaio…, aho-belarriak direla medio gauzatzen diren emanaldietan jendaurrean ahoz egiten diren aitortzak.

Noren «eskuak» aipatzen dira eta norenak isildu, demagun, kantaldietako jendaurreko aurkezpenetan? Harrigarria egingo litzaiguke oholtza gainean, agertokian dauden musikarien, kantarien izenak ez entzutea. Ohitzen ari gara, ordea, —ohituta gaude?— kantu bihurtutako hitzen sortzaileen, poeten, idazleen izenik ez entzutera. Ez bide da, baldinbetan, gehiegi eskatzea hitzen egileen izenak ere jendaurrean aitortzea; jendaurreko egokiera horretaz baliatzea entzuleak poeten, idazleen izenen jakitun ere izan daitezen, izan gaitezen.

Kezka aspaldikoa dudan arren, seguru aski ez nituen hitz hauek kanporatuko «Poeta kaxkarra»rekin hasi eta «Lau haizetara»rekin amaitu zen Imanolen omenezko kontzertuan Mikel Arregiren izena ez zutela aipatu bizi izan ez banu. Ez Mikel Arregi, ez Xabier Lete, ez Xabier Amuriza, ez Alfonsina Storni, ez Jon Mirande, ez Joxerra Garzia, ez Lope de Vega… Poeten izenik bat ere ez. Gainera, kantaldia grabatzen aritu ziren, telebistan eskaintzeko; alegia, bazegoen asmoa grabazioa dela bitarte saioari nolabaiteko iraunkortasuna emateko.

Hona aspaldiko huts berpiztuaren jendaurreko aitortza, 31 esku hauen beso luzeetan itxaropena duela.


[1] https://elearazi.eizie.eus/2012/04/09/itzultzaileak-mintzo-elizabete-manterola/

[2] Euskal literatura beste hizkuntza batzuetara itzulia. Bernardo Atxagaren lanen itzulpen moten arteko alderaketa doktore-tesia aurkeztu zuen.

[3] https://elearazi.eizie.eus/2012/04/09/itzultzaileak-mintzo-elizabete-manterola/

Ni (batzuetan) ez naiz inor irratian berba egiteko

Amaia Astobiza Uriarte

Lehengoan irrati batetik deitu zidaten. Espainiako Kongresuak atzera bota du proxenetismoa gogorrago zigortzeko lege-proposamena, eta horren inguruan galdetu nahi zidaten. Adeitsuak izan ziren oso: Puta zikinaken (Katakrak, 2022) harira han eta hemen argitaratutako testuen hiruzpalau txatal elkarrekin josi, eta, liburuaren izenburua behin ere aipatu gabe, ondotxo argudiatu zuten gai horri buruz hitz egiteko beharra. Halere, nahi ez zuten erantzuna jaso zuten.

Azaldu nien ni ez naizela nor inoren izenean horren inguruko iritzirik emateko; sexu-langileen lan-eskubideak jorratzen dituen liburu bat itzuli dudala eta horri buruz, liburu horretan esaten denari buruz berba egin izan dudala, baina, hortik aurrera, ni ez naizela sekula aritu prostituzioan, ez naizela sexu-langileen ezein elkartetako kide eta nire iritziak ez duela jendaurreko baliorik; alegia, ez beste inorenak baino gehiago (ados: gaiari buruzko bizpahiru liburu irakurri ditut eta agian batez bestekoak baino zertxobait gehiago jakin dezaket, baina kito; lagunen arteko elkarrizketa batean, Puta zikinaken inguruko solasaldi batean… ekarpenen bat egingo dut, baina ezin dut inoren izenean berba egin komunikabide batean). Hala eta guztiz ere, ez zuen erraz etsi; galderak aurretiaz bidaliko zizkidatela eta erantzunak prestatzeko astia izango nuela. Berriro ere, ezezkorako argudioak eman nizkion, baten bat gehituta eta besteren bat osatuta. Eta orduan bai, amore eman zuen; igual egoera gehiegi behartzea zela niri —itzultzaile (ez-prostituta) bati— hori eskatzea, eta horretan utziko genuela.

Badirudi datu-baseren batean nire izenari prostituzioa etiketa erantsi diotela, eta aurrerantzean ere horri buruzko albisteak ateratzen direnean nirekin akordatuko direla, non eta deitzaileak ez duen etiketa ezabatu, haren desegokitasunaz jabetuta. Gai zehatz batzuei dagokienez, txerriaren buztana baino laburragoa eta zatiz artezagoa da Euskal Herrian (inork norbera) aditu bilakatzeko bidea, eta itzultzaileoi maiz egokitzen zaigu ohartzerako geure burua txerri-kortako lokatzetan kakaztuta aurkitzea. Hain justu ere, sexu-langileei ahotsa emateko ekarri genuen liburua euskara, ez haien izenean jarduteko.

Pentsa nire balizko elkarrizketa hori sexu-langile batek entzuten duela. Ondo irudituko zaio gizarteak berari ukatzen dion ahotsa niri ematea? Beharbada ez da prostituta euskaldunik egongo irratiko datu-basean, baina Euskal Herrian ere badira sexu-langileen elkarteak, eta erraz da haiengana jotzea. Esate batera, Maite Asensio Lozano kazetariak Putak Borrokan elkarteko Carolina Clemente sexu-langilea elkarrizketatu zuen Berrian; horixe da, nire ustez, bide egokia. (Oharra: ez dakit zer egin zuten irratikoek; beharbada haiek ere bide aproposen batetik jo zuten azkenean.)

Zaintzaileak, bilobak eta psikiatrak

Elizabete Manterola Agirrezabalaga

Pertsona baten ala batzuen generoa markatu gabe uzteko aukera ematen digu euskarak, beste hizkuntza batzuetan derrigor markatu behar den lekuetan. Generodun hitzak euskarara itzultzean sortzen diren buruhausteez jardun izan du batek baino gehiagok blog honetan, hala nola Aiora Jakak, Bakartxo Arrizabalagak, Bego Montoriok edo Fernando Reyk. Kontrako norabideko itzulpenari helduko diot gaurkoan, genero marka zehaztu gabeko hitzak itzultzean sortzen diren zailtasunak mintzagai hartuta. Horretarako, Itzulpengintza eta Interpretazio Graduko ikasleekin eginiko lanketa izango dut abiapuntu.

Euskaratik gaztelaniarako itzulpen praktiketako eskoletan landutako hiru testuren adibideak ekarriko ditut segidan. Lehenengo testua egunkarian argitaraturiko iritzi-artikulu bat da, eta bertan kontatzen zaigu biloba aitona bisitatzera joan dela zahar-egoitzara. Behin han, egoitzan lanean diharduen aspaldiko ezagun batekin egin du topo bilobak. Ez dakigu pertsona errealak ote diren artikuluan aipatzen direnak ez eta benetako gertakizuna ote den ere topaketa hura. Biloba eta egoitzako langilea, ez dugu bi pertsonaia horiei buruzko datu handirik. Kontakizunean ez zaigu esaten emakumezkoak ala gizonezkoak diren, eta ez zaigu pistarik ematen aukera baten edo bestearen alde egiteko. Testua itzultzean, hortaz, itzultzaileak zehaztu egin beharko du artikuluegileak zehaztu ez duena, edo zehaztu gabe uzten saiatu, artikulugileak egin bezala. Itzulpengintzako eskoletan testua itzultzeko eskatu nien ikasleei eta honakoa izan zen emaitza: 14 ikasletatik 8k gizonezkotzat jo zuten biloba, eta 6k, emakumezkotzat. Zahar-etxeko zaintzailea, aldiz, 8k jo zuten gizonezko eta 5ek emakumezko, eta beste batek zehaztu gabe utzi zuen. Esan dezadan, ikasleen artean 10 emakuzmezkoak zirela, eta 4 gizonezkoak. Artikulua, aldiz, emakume batek idatzi zuen.

Bigarren kasuan, ipuin labur bat izan genuen itzulgai. Narratzaileari buruzko ezer askorik ez dakigu, idazleak ez ditu zehaztu haren sexua eta adina, seniderik ba ote duen, zer itxura duen, non bizi den, zertan lan egiten duen, ez ezer. Kontakizunaren arabera, baserriko baratzearen ardura hartuko du narratzaileak, amona hil ostean. Horretaz gain, narratzaileak kontatuko digu zenbait urte lehenago modu misteriotsuan desagertu zen aitona zergatik desagertu zen argitu nahian ibili zela, bati eta besteari galdezka, tartean amari eta izebari. Ikasleek eginiko gaztelaniarako itzulpenetan, 10 ikaslek jo zuten narratzailea emakumezkotzat, eta bakarrak gizonezkotzat. Hiru ikaslek narratzailearen generoa markatu gabe uzteko hautua egin zuten, bestalde. Kasu hartan ere, ipuinaren egilea emakumezkoa zen.

Ikasleek landu zuten hirugarren testua ere ipuin labur bat izan zen, gizonezko batek idatzia. Protagonista psikiatraren kontsultan dago, eta harekin hizketan ari da. Irakurleok pazientearen hitzak besterik ez ditugu irakurgai, barne-elkarrizketa moduko bat baita kontakizuna, psikiatrarekin duen elkarrizketako pasarteekin osatua. Jakin badakigu protagonista emakumezkoa dela, eta psikiatraren sexua da kasu honetan zehaztu ez dena. Dena den, pasarte batean, psikiatraren sexuari buruzko pistaren bat ematen zaigu, guztiz argitzen ez bada ere. Hain zuzen ere, protagonistak esaten du film batean emakume bat ikusi zuela bere buruaz beste egiten psikiatraren komunean, komunean bertan topatu zituen bizarra egiteko kutxilekin. Horregatik, emakumezko psikiatrak hobeak direla esaten du protagonistak. Hortik ondoriozta liteke aukeratu duen psikiatra emakumezkoa dela? Ikasleek eginiko itzulpenen 9k markatu zuten gaztelaniaz psikiatra emakumezkoa dela, eta beste 4k gizonezkotzat jo zuten. Ikasle batek markatu gabe utzi zuen psikiatra gizonezkoa ala emakumezkoa zen.

Hiru adibide soil horietatik ezin ondorio garbirik atera zergatik hartu dituzten itzultzaileek hartu dituzten erabakiak. Lehenengo testuan ikusi dugu ikasle gehiagok jo zituztela gizonezkotzat generoa markatu gabeko pertsonaiak –biloba eta zaintzailea–, emakumezkotzat baino. Aldiz, bigarren eta hirugarren testuetan, baratzean lanean hasi berria den biloba eta psikiatra hurrenez hurren, gehiagotan zehaztu dituzte emakumezko gisa. Itzultzaileek hartutako erabaki horien atzean arrazoi ugari izan liteke. Esaterako, gerta daiteke idazlea eta protagonista genero bereko irudikatzea itzultzaileak, eta horregatik zehaztu izana emakumezko gisa lehenengo bi testuetako protagonistak. Edo itzultzailearen generoa eta protagonistarena pareko jotzea, hala izatera, emakumeek errazago identifikatuko dituzte itzulgaietako pertsonaiak emakumezko gisa eta gizonezkoek gizonezko gisa. Ohikoa izaten da, baita ere, gizartean indarrean dauden estereotipoak errepikatzera jotzea. Esaterako zahar-etxeetako langile gehienak emakumeak diren heinean, lehenengo testuko egoitzako langilea emakumezko gisa irudikatzea. Edo kontrara, estereotipoei aurre egiteko estrategia ere hauta dezakete itzultzaileek eta gizonezko gisa irudikatu langile hori. Baliteke testuan ageri den egoera jakin batek generoa zehaztera bultzatu izana itzultzaileak. Konparazio batera, bigarren adibidean, itzultzaileari errazagoa izan dakioke protagonista amarekin eta izebarekin berriketan ari direlarik, emakumezko bat irudikatzea testuinguru horretan. Baliteke, bestalde, testuko beste elementu batzuek pisua hartzea itzulpenean, edo pistak ematea generoa zehazteko. Psikiatrari buruzko kontakizunean, emakumezko psikiatrak hobeak direla dio protagonistak eta baieztapen horrek bultza dezake itzultzailea kontakizuneko psikiatra emakumezkoa dela ondorioztatzera. Gerta liteke, baita ere, genero markaturik gabeko hitzak itzultzean kontzientzia hartzen joan izana itzultzaileak –trebatzen ari diren itzultzaileak honako kasu honetan– eta haien itzulpen estrategiak egokitzen joatea testutik testura. Amaitzeko, jatorrizko testuan generoa markatu ez bada itzulpenean ere generoa ez markatzeko hautuaren alde ere egin daiteke, ikasle zenbaitek egin moduan. Jatorrizko testuak bilatzen duen efektua nahita bilatua bada, garrantzitsua izango da pareko efektua bilatu nahi izatea xede testuan ere.

Jatorrizko testuak esaten duenari arretaz erreparatu behar diogun modu berean erreparatu behar diogu itzultzaileok testuak iradokitzen duenari edo esaten ez duenari. Testuinguru jakin batean sortzen du testua idazleak, eta testuinguru konkretu batean itzuli itzultzaileak. Haien inguruan indarrean diren arauak eta konbentzioak ezagutzea ezinbestekoa izango da, horren jakitun izanda betikotuko baititugu estereotipoak edo haiei aurre egin. Jatorrizko testuan zehaztu gabe dauden horiek, azken batean, testuan bertan ez bada, idazleen, itzultzaileen eta irakurleen buruan zehazten baitira.

Adimen artifiziala, lagun edo etsai?

Amaia Lersundi Pérez

Azken hilabeteetan adimen artifiziala (AA) trending topic bihurtu da nire inguruan. Badira urte batzuk AA sortu zela, baina 2022ko azaroan, Chat GPT irekian jarri zutenean, gutako asko orduan hasi ginen AAri buruz hitz egiten. Adimen artifizialak hainbat sektore irauli ditu urte gutxitan, hala nola osasungintza, ekonomia, entretenimendua eta hezkuntza. Gaurko sarreran, nire egunerokotasunean gai honen inguruan sortzen diren hainbat kezka, eztabaida, hausnarketa… partekatu nahi ditut.

Zorionez, gizarteak aurrera egiten duen heinean, irakasteko eta ikasteko moduak ere aldatzen doaz, nahiz eta gehienetan aldaketak nahi baino polikiago gertatzen diren. Oraingoan ere, historian gertatu diren bestelako gertarirekin gertatu den bezala, AAren hazkundeak hezkuntza eta eskola birdefinitzeko beharra ekarri du, besteak beste, AAk ikaskuntza ikasleen behar eta gaitasunetara pertsonalizatzeko aukera ematen duelako, informazioaren irisgarritasuna hobetzen duelako, feedbacka momentuan ematen duelako, eta ikasleei eskatzen zaizkien zeregin asko ordenagailuak segundo bakarrean egiten dituelako. AAk onura eta aurrerapen ugari ekarri baditu ere, haren erabilerak hainbat zalantza eta buruhauste sortu ditu irakasleen artean. Nola arautu Chat GPTren erabilera? Debekatu beharko genuke eskoletan eta unibertsitateetan? Zein motatako zereginak eskatu behar dizkiegu ikasleei? Nola jakin ikasleek bidaltzen dizkiguten lanak haiek egin dituzten ala ez?

Orain arteko sarreretan hizkuntzak hezkuntzan duen garrantziaz aritu naiz, eta komunikazio-tresna ez ezik, ezagutzak eskuratzeko eta esanahiak eraikitzeko bitarteko ere badela defendatu izan dut. Ideia horretatik abiatuta, onartu behar dut kezkatuta nagoela AAk euskara maila baxua duten ikasleengan izango duen eraginagatik. Ikasleek itzultzaile automatikoak, idazketa-laguntzaileak eta Chat GPT moduko tresnak erabiltzen dituzte lanak egiteko. Tresna aurreratu horien bitartez ikasleek idatzizko lanak sor ditzakete inongo esfortzurik egin gabe, pentsatu gabe eta benetako ikaskuntzarik gabe. Kasu horietan, gainera, zaila izaten da jakitea ikasleak landutako edukia menderatzen duen, eta bere benetako hizkuntza maila zein den. Ez hori bakarrik; AAren gehiegizko erabilerak, komunikazio-gaitasuna garatzeaz gain, mugatu egin ditzake lan autonomoa egiteko gaitasuna, ikasleen pentsamendu kritikoa eta arazoak konpontzeko gaitasuna garatzeko aukerak.

Bestetik, adimen artifiziala deitzen badiogu ere, AAk ez du edukirik edo daturik sortzen; sarean dauden datuetatik jasotzen du informazioa eta estatistikan oinarritzen da datuak emateko eta testuak sortzeko. Horregatik, beste hizkuntza hegemonikoekin alderatuz, adimen artifizialak behar dituen ereduak entrenatzeko euskarazko datuen eskuragarritasuna mugatuagoa da, eta horrek eragina izan dezake tresna batzuen zehaztasunean eta eraginkortasunean.

Ezin da zalantzan jarri adimen artifizialak egiten duen ekarpena izugarria izan daitekeela hezkuntzan, baina gure ikasleak euskaraz trebatu daitezen eta komunikazio-gaitasunen garapen orekatua eta osoa ziurtatzeko, teknologia elkarrekintzarekin konbinatu beharko litzateke, eta, agian, debateak, ahozko aurkezpenak eta eskuz egindako idazlanak bezalako jarduerek funtsezko osagai izaten jarraitu behar dute gelan. Konbinaketa hori egin ahal izateko, eta irakasteko moduak gaurko errealitatera egokitzeko, ezinbestekoa da irakasleok AAk ematen dituen aukerak eta tresnak ezagutzea, nola erabiltzen diren ikastea, eta ikasleei nola erabili behar diren irakastea ere. Garrantzitsua da gogoratzea helburua ez dela adimen artifizialaren erabilera debekatzea, baizik eta modu etiko eta hezigarrian erabiltzen ikastea. Ez al da ba hezkuntza galdera egokiak egiten ikasteko eta pentsamendu kritikoa garatzeko esparrua? Beraz, jarraitu dezagun gai honen inguruan hausnartzen, eztabaidatzen eta ikasten, sortzen zaizkigun erronka horien guztien aurrean zer egin jakin dezagun eta adimen artifiziala etsai baino gehiago hezkuntza aberastuko duen laguna izan dadin.

Barkadazue, heterodoxoak (edo, salba dezagun gure barneko euskaltzaina)

Santi Leoné

I

Cambio de destino memoria-liburuko pasarte batean, Jon Juaristik kontatu zuen nola, atxilotu zuten batean, irri-emangarri utzi zuen itaunketa egiten ari zitzaion polizia; bertze pasarte batean, Tarot aditu bat leziatzen aritu zen zertan eta Tarot kontuetan. Anekdota eta egoera edozein direla ere, Jon Juaristi ateratzen da beti garaile Jon Juaristiren memoria idatzietan, eta, akaso, baita publikatzen ez den memoria intimoan ere.

Juaristiren estiloak arrakasta handia izan du euskal intelektual jakin batzuen artean, eta ez dira guti elkarrizketa publikoetan –eta, agian, baita adierazten ez diren pentsamendu intimoetan ere– beren buruari loreak suelto-suelto botatzen dizkiotenak: heterodoxo izatea da paparrean harro daramaten dominarik txikiena, eta, hortik abiatuta, lotsa arrastorik gabe kontatzen dute AEBko mundu akademikoa ezinbertzean konkistatu dutela edo familia ideologikoki orbangabe bateko azken ale ideologikoki orbangabe direla.

Panorama ikusita, bertze heterodoxo baten aspaldiko titulu bat parafraseatuz, barkamena eskatu nahi dut lerro hauetan hartu behar dudan bidea hartzeagatik, zeren, berehala kontatuko dudan anekdotan aski irri-emangarri agertuko bainaiz, pailazo baten pare kasik, eta bertze behin agerian geldituko baita zeinen traketsa naizen giza harremanekin deus ikustekoa duen orotan.

Oxforden izan zen. Guapo-guapo jarri, gorbata ongi lotu eta, nire ohituren kontra, college bateko besta batera abiatu nintzen. Han, berehala ohartu nintzen bertze inork ez zeramala gorbatarik; gonbidapenari disimuluan begirada bat bota, eta hantxe ikusi nuen aski argi idatzia: dress informal. Bere buruarekin erosoago sentitzen den batek eskuak gorbatara eraman, korapiloa laxatu eta oihal puska luze hura sakelan altxatuko zukeen. Ni, berriz, han egon nintzen, irribarre makur bat ezpainetan, lepo inguruan trapu baten ordez Coleridge-ren albatrosa eramanen banu bezala. Tira, noizbait ipuin bat egin beharko dut material horrekin. Momentuz, erabaki dut nire memoria publikoetan kontatuko dudala jantzi-protokoloa nahita hautsi nahi izan nuela, besta hartara dotorezia pittin bat ekartze aldera, eta hondarrean arrakasta izugarria izan zuela Italiako zetazko –memorietan Italiako zetazkoa izanen baita– gorbata hark. Eta saiatuko naiz oroimen intimotik lekutzen arratsalde hartan ez nuela araurik hausteko inolako asmorik izan, lehenik eta behin jantzi-arauak zein ziren ere ez nekielako.

II

Jorge Luis Borgesen ipuin batean, Ekialde Hurbileko pertsonaia batek ospe handia irabazi zuen munduan barna egin zituen bidaiei esker. Haren etsaiek –kontatzen du Borgesek– sekulan bidaiarik egin ez izana leporatzen zioten eta, aldi berean –gorrotoak ematen duen logikarekin– bidaietan ezagututako tokietan egiazko fedeari uko egin izana.

Adostasun zabala dago euskara ikaragarri zaila delako ideiaren inguruan, ez bakarrik erdaldunen artean, baita euskaldunen artean ere; izan ere, euskara sinplifikatzeko proposamenak izan ditugu berriki, eta izanen ditugu naski etorkizunean ere. Eta, aldi berean, euskara ikaragarri erraza delako ideia ere hor dago: erdaldunen artean, burla egiteko iturria da hori –telefonoa, pastela, hanburgesa… dena erdaraz bezala baita!–; euskaldunen artean, sormen iturria, hitanoaren hirugarren forma bat bulkatu nahian baitira batzuk azkenaldi honetan.

Euskara sinplifikatzeko zein aberasteko, bide bakarra bide dugu, askatasuna alegia, eta etsai bakarra, barnean omen daramagun euskaltzaina. Eta Asisko Urmenetak aspaldian errana da barneko euskaltzaina hil behar dugula. Bistan dena, ni ez naiz nor Asiskori kontra egiteko, baina, han-hemenka ikusten eta aditzen dudana ikusita eta adituta, iduritzen zait gure barneko euskaltzain ustez faxistaren opresioa franko beratza dela. Orokortzea itsusia denez, aitortuko dut badirela euskarari freskotasuna, naturaltasuna, bat-batekotasuna eta ez dakit zenbat bertze tasun eman nahi dizkiotenak, eta nik ez dut horren kontra deus ere. Baina irudipena dut naturaltasuna aldarrikatzen delarik, behin baino gehiagotan erdal makuluak edo kalko gordinenak erabiltzekoa dela aldarrikatzen ari den naturaltasuna. Hitz egitea un poco ateratzen zaigun bezala. Alegia, efektu jakin bat erdiesteko arauak hautsi baino gehiago, hoberik ezean euskainola erabiltzen dela. Tipo sozialki trakets batek gorbata eramanen balu bezala gorbatarik behar ez den besta batean. Ez jantzi-protokoloa salatu nahi izan duelako, jantzi-protokoloa ezagutzen ez duelako baizik. Ez heterodoxoa eta ez naturala, baldarra baizik.

Bortizkeria arrunt gauza itsusia da eta, horregatik, inor hiltzearen kontra nago, are gehiago inor hori gure barneko euskaltzaina bada. Aitzitik, nik uste dut zaindu beharko genukeela, baita –noizbehinka– maina batzuk egin ere. Eta gero, arauak ezagututa, hizkuntza gure beharretara moldatuko dugu. Jakinki zertan ari garen.