Hitanoa galderetan?

Xabier Olarra

“Hitanoa non eta nork erabiltzen duen”[1] artikuluan, Xabier Alberdi irakasleak hitanoaren gaur egungo erabilerari buruz bere tesirako egindako ikerketaren nolabaiteko laburpen bat egiten du. Nork-norekin eta zein testuingurutan erabiltzen den hitanoa aztertzen du, funtsean. Horrez gain, bere ikerketan erabilerari buruzko alderdi orokorragoak ere azaltzen ditu, esate baterako zein testuinguru gramatikaletan erabiltzen den hitanoa. Honela dio:

Aditz alokutiboak badu sintaxizko urrezko arau bat, soilik menpekoak ez diren perpaus adierazgarrietan (enuntziatiboetan) erabiltzen da literatur tradizio landuan. Orokorrean gaurko euskara mintzatuan ere halaxe gertatzen da; salbuespen batez, hala ere. Galderazko perpausetan alokutiboa erabiltzeko joera dago euskalki gehienetan, eguzki aldekoetan izan ezik (behenafarreran eta zuberoeran). Gainerakoan, salbuespenak salbuespen, bete egiten da sintaxizko arau edo debekua, menpeko perpausetan ez baita adizkera alokutiborik sartzen. Baldintzazkoetan, hala ere, sarritan urratzen da aipatu legea, gazteen artean batik-bat (45 urtez beherakoetan).

Beraz, laburbilduz hau genuke:

1.- Hitanoa perpaus enuntziatiboetan bakarrik erabiltzen da
2.- Ez da erabili behar menpekoetan
3.- Ez da erabili behar ez galderetan ez baldintzazkoetan

Holaxe dago jasoa, besteak beste, Euskaltzaindiaren 14. arauan[2], non espresuki agertzen baita “Alokutiboa” atalean honako adierazpen hau:

“e) Galderetan ere ez da ohikoa izan alokutiboa: ?Egingo al zionagu elkarrizketa bat? (> Egingo al diogu elkarrizketa bat?)”.

Baina argi eta garbi azaltzen du Alberdik lege hori literatur tradizio landuan hala den arren, galderazkoetan ere erabiltzeko joera aski zabaldua dela gaurko erabileran. Eta berdin baldintzazkoetan gazteen artean. (Alde batera utziko dugu esaldien artean inolako bereizketarik egin gabe beti hitanoa erabiltzeko joera, non agertzen baitzaizkigu *Hura etorri dekelako (delako +hi) eta gisakoak).

Alberdik aipatzen duen salbuespena (galderazkoetan ez erabiltzea) ez errespetatzearena aspaldi samarrekoa da. Hala ere, J.B. Elizanburu (1828-1891) saratarraren Piarres Adame irakurtzen badugu, ohartuko gara ia inoiz ez duela erabiltzen galderetan (ezta menpekoetan ere, noski). Hona adibide batzuk:

—Beha nezak ongi, eta orhoit hadi!… zer! ez duk ezagutzen Piarres Adame?… Eta Saratarra haizela diok? Nork ez du ezagutzen Piarres Adame, Saran eta bertzetan, famaz bedere?… Behin ikhusi nauenak ez naik ahanzten!…

Bainan, nola haur on bat baitzen, eta uste izan baitzuen, nik erran nion bezala, axaleko xoriaren ikhusteko galdetzen niola bere liburua, Mattinek onhexi zian beraz, lagun on gisa, axegin horren egitea.

Jean Etxepare Landerretxe (1937-1961) jatsuarraren Mendekoste gereziak (1962) hartzen badugu, honako hau aurkituko dugu ipuin-bildumako Kurutze gorriak narrazioan:

—Zer tenore da? Hamarrak abantxu. Ez gintuztela sarraraziko? Hozten ari nuk.
—Menturaz eguerditan hemen izanen gituk. Hago gustuan; ez dik balio kexatzea;

Beraz, bistan da zorrotz gordetzen duela lege “zaharra”.

Argi zirrinta izenburua duen narrazioan, berriz, honako hau:

Frangotan buruan ibiltzen diat nola gure haurreko adixkidetasun goxo hura amodio baten hastapen eta erroa gertatu den. Ez nian holakorik uste. Alta haurdanik gure artean zerbait izan duk. Eskolarako bidean zonbat aldiz ez gira elgarrekin gertatu? Zonbat aldiz ez gira bidean gelditurik egon xori txar bati beha, ezdeus bati beha? Egia duk. Betidanik ukan diat hiretako, ez dakiat nola erran, halako goxotasun bat. Elgarrekin ginelarik, beti hiri zerbitzu egiterat ekarria nintian, ez hintudan kolpatu nahi, azkar nintian hirekin.

Otto Pettanen astoa izenburukoan, berriz,

—Ba araiz, zertako nahi duk preso egon dadin?
—Edo bere kafira hemen dik? (du+hika)
—Ez die urtxoek kafirarik egiten hemen. Galdua duk. Eta joan den eguneko elur hura!

Hor ikusten dugu galdera batean hitanoa erabilia.

Gauza bera aurkitzen dugu, baina askoz ugariago, Nikolas Ormaetxea “Orixe” (1888-1961) orexarraren Quito’n arrebarekin (1950) liburuan, irakurtzeko pazientzia hartzen badugu (adizkiak, besteak beste, Areso-Huitzi aldekoak-edo dira, eta horrek ez ditu gauzak errazten). Arrebarekin elkarrizketan aurkitzen dugu Orixe liburu osoan zehar, eta aukera bikaina da hitanoaren erabilera aztertzeko.

D.— Arkitu ote litezke une berean guregan Aingeru ona ta gaiztoa?
N.— Ez uke arrigarri; baña naiago diñat txandaka iduritaratzea, batak edo besteak eragiten gaitunean. Alaxe Yesus Bera ere txandaka artu ziñatenan: aingeru gaiztoak zirika, ta, arek aldegin zunean, Aingeru askok agurka. Egon ere batean zeuden guregan, anima ta Yainkoa nastu gabe. Zergatik ez litezken egon bi aingeru oiek ere?
Testuan ageri denaLege orokorraren arabera behar lukeenaNeutroa (batua)
litezkelitezkelitezke
uke (lukek)uke (lukek)litzateke
diñat (dinat)diñat (dinat)dut
ziñatenan (zitenan)ziñatenan (zitenan)zuten
zeudenzeuden (zeuden)daude
litezkenlitezkelitezke
N- Illobia bedeikatzen dutenean, ango Aingeru Bergiralea aipatzen yunate. Ez al yunat arrazoirik aski, zerua emen ere ba dagola, aldez aldez beñipein esateko?
Testuan ageri denaLege orokorraren arabera behar lukeenaNeutroa (batua)
yunateyunate (dinate)dute
yunatdutdut

Adibideak nahi adina aurki daitezke, baina bistan da joera hori aski nabarmena dela Orixeren idazkietan. Tormesko itsu-mutila itzulpenean ere (bizkaieraz) joera horri atxikitzen zaio. Gauza bera aurkituko dugu Mireio irakurtzen badugu.

Eta zer gertatzen da gaur egungo itzultzaileen artean? Bi joera nagusi aurkituko ditugu: lege zaharrari zorrotz atxikitzen zaizkionak eta joera “berriari” jarraikiz, galderazkoetan ere erabiltzen dutenak. Lehenbizikoen artean (hurbilen zaizkidan itzultzaileen lanei gainbegirada bat emanez) Juan Garzia, Fernando Rey, Amaia Apalauza, Idoia Santamaría, Aroa Uharte eta nerau dauzkagu. Galderetan ere sistematikoki erabiltzen dutenen artean bi baizik ez ditut aipatuko, baina askoz gehiago izango dira: Miel Elustondo eta Joxe Mari Berasategi.

Xehetasun gehiago nahi duenak, irakur ditzala, esate baterako, honako hauek: Hamlet, Kale gorriko umeak, Puskak, Aldibereko, Erle langileen amodioak, edo Ulises. Eta beste joerakoak zer egiten duten jabetzeko, eman diezaiela begirada bat, esate baterako Hiltzailea nire baitan edo Paradisuari.

Horiek horrela, uste dut agian garaia dela hizkuntza gaietan agintaritza eta autoritatea dutenek hainbatetan hartzen dituzten erabaki salomoniko horietako bat har dezaten. Zuzentzaile edo editore lanetan aritzen direnei zama arinduko liekete pixka bat, baldin eta aukerakotzat utziko balute. Halabiz.


[1] Hitanoa non eta nork erabiltzen duen, EUSKERA – XXXIX (2. aldia), 983-993

[2] https://www.euskaltzaindia.eus/index.php?option=com_ebe&view=bilaketa&Itemid=1715&task=bilaketa&lang=eu&id=100&highlight=hika

5 Replies to “Hitanoa galderetan?”

  1. Poz hartu dut Xabier Olarraren artikulu hau irakurririk. Duela hilabete batzuk herri bateko (non bertakotzat bainaukate) hikako hizkeraren erabilera-liburuxka atera zuten, eta iritzia eta orrazketa eskatu zizkidaten. Galderetan hitanoaren marka guztiz onartutzat eta onargarritzat zutela ikusirik, horrek ohar bat bederen eskatzen zuela esan nien. Iritzi berekoak ziren herriko bi idazle bikain. Gure eskaera-gomendioa ez zuten aintzakotat ere hartu. Erabat trenputxartu nintzen, kolaboratzaileen artean nire izenik ager ez zedila eskatzeraino. Alegia, dena libre al DA?

    Atsegin dut

    1. Xabier Eguzkitze “Azkoittiko hike poltsikun” liburuxkari buruz ari da eta ez da egia oharrik egiten ez denik. Liburuxkako 23. eta 24. orrialdeak horri buruzkoak dira eta azalpenak oso argigarriak dira. Beste kontu bat da liburuxkan proposatzen dena bere gustukoa ez izatea.

      Atsegin dut

    2. HIKA GALDERETAN… XABIER EUZKITZEREN IRUZKINARI
      Neu ibili nintzenez, batik bat, Azkoittiko HIKE POLTSIKUN liburutxoa taxutzen, badagokit Xabier Euzkitzek jaulki duen iruzkinari erantzutea; bide batez, neure azalpenak eta iritziak emango ditut gaiaren inguruan.
      BALDIN BADA, EZ DELA EZ ESAN, XABIER
      Xabierrek dio liburuxkan hika adizki zeharkakoak edo alokutiboak galderetan erabiltzeari buruzko oharrik ere ez genuela egin, hark hala eskatu bazigun ere. Ez da egia, ezta hurrik eman ere!, baieztapen hori. Non eta justu gai horri liburuxkako hogei bat azalpen-orrialdetatik BI oso eskaini genizkionean (GALDERAZKO esaldixek, 23 eta 24. or.), azalpen teorikoak eta hainbat idazle eta hiztun eredugarriren lekukotasun ugariz hornituta. Liburuxka ondo irakurri duen Idoia Elortzak halaxe baieztatzen du blog honetan.
      AZKOITIKO ETA EUSKAL HERRIKO IDAZLEEN ETA HIZTUN EREDUGARRIEN ERABILERAK KONTUAN
      Azkoitian, zorionez, baditugu eta izan ditugu bi idazle baino ugariagorik denboran zehar –haien bikaintasunean ez naiz ni sartuko– eta baita hike jator asko egiten duten hiztunak ere, lehen eta gaur. Batzuk eta besteak izan ditugu kontuan gure hautua egiteko orduan. Hona hemen 23-24 orrialde horietan aitatzen ditugun hiru idazle azkoitiar, galderetan hi zeharkakoa, inoiz edo sarri, erabili izan dutenak hirurak ere:
      Joan al’DITUN oiek? (Martin Itziar, Txikirri; Azkoitia, 1905-1978)
      Gezurra al-UNAN, ba, guzia? (Nemesio Etxaniz; Azkoitia, 1899 – Donostia, 1982)
      Piroteknia DUK hori ere? (Iñigo Aranbarri; Azkoitia, 1963)
      Idazle horiez gain, sartu genuen herriko hiztun jator adineko baten lekukotasuna ere:
      Nolako martxie ZION bierko? (Azkoittiko euskerie liburua, 2000. urtea)
      Badira, gainera, orrialde horietan bertan, Azkoitiz at, Euskal Herriko hainbat leku eta euskalkitako idazle eta hiztun iaioen lekukotasunak ere, aurreko mendetik edo lehenagotik hasita, gainera:
      ¿Cer DON bada nescatillia nesquia baño onradago? (Juan Antonio Mogel; Eibar, 1745 – Markina, 1804)
      Baiña i: garesti samarra ez al DEK? (Joxe Migel Iztueta, Lazkao Txiki; Lazkao, 1926-1993)
      Nungoa UNAN mutil hori? (Jose Manuel Lujanbio, Txirrita; Hernani, 1860 – Altza, 1936)
      Noren billa DIÑAGU indioillar ori? (Pierre Lhande; Baiona, 1877 – Atharratze, 1957)
      Zer adin DIK zuen aitak? (Daniel Landart; Donoztiri, 1946)
      Nor DUK Beltza? (Mariano Izeta; Elizondo, 1915-2001)
      Espuru gañetik zer ageri DIN? (Nikolas Ormaetxea, Orixe; Orexa, 1888 – Añorga, 1961)
      Adibide horiek denak daude gure liburutxoan, eta, ikus dezakegunez, ez da atzo goizekoa, ez eta Azkoitikoa soilik, adizkera alokutiboak erabiltzea galderetan. Hala ere, Euzkitzek ezikusiarena egin die azalpen eta lekukotasun horiei, eta, oker ikusitakoaren gainean haren teoria eraiki.
      EZ DUGU LIBURUXKAKO TESTU-ZATIRIK TXIKIENA ERE ARINKERIAZ IDATZI
      Alabaina, besterik iradokitzen du Xabierren iruzkin-amaierak Dena libre al DA? dioenean. Badirudi liburuxka-egileok bibalapepa eta zabarkerian ibili garela.
      Neure lan eta bizibide izan dudan euskara-irakasletzan, hainbat hika-ikastaldi emana naiz eta horretan dihardut oraindik ere. Ibilbide horretan ez dira gutxi izan, hitanoari dagokionez, sortu zaizkidan zalantzak, baina ez dut maiz behar beste argibide aurkitu, ez gramatiketan, ez Euskaltzaindiko arauetan; horietako bat izan da hika-galderetako adizkeren jokalegea. Hori dela eta, 2012-14 aldera, neuk egindako galdetegi bat pasa nien euskalki guztietako zenbait hika-hiztun gaituri, 50 urte ingurukoak, gehienbat. Galdetegietatik ondorio hauexek atera nituen: ia denek, mendekoetan ez zutela hi zeharkakorik erabiltzen, bai, ordea, adizkera neutroak (adib.: Etortzen DENEAN esango zionat/zioat); baldintza-zatian ere neutroa erabiltzen zutela, gehienek (adib.: Han baldin BADAGO, aurkituko dinagu/diagu); harridurazkoetan, ia denek!, hi zeharkakoa edo alokutiboa erabiltzen zutela (adib.: Joko al DIN/DIK bazterra!), eta, galdera zuzenetan ere, gehienek, hi zeharkakoa erabiltzen zutela (adib.: Joango al GAITUN/GAITUK igandean mendira?).
      Bestalde, bada funtsezko irizpide bat nire aburuz: jatorrizko hika-hiztunak dira eredurik onenak hizkuntza-ohitura hauek ebazteko. Horregatik jo nuen haietara, adibidez, Errezildarren ateraldiak izeneko liburura, Azpeitian, Erniarraitz Bertsozale Elkarteak, Laxaro Azkuneren eta Imanol Lazkanoren lankidetzarekin, ateratakora. Bertan, errezildar askoren elkarrizketa bizi, ateraldi argi, hizketa zorrotz eta zirikatzaile-adarjotzaileak dira irakurgai eta gozagai: hiztun paregabeak, inondik ere; elkarrizketetako protagonistak, berriz, baserri giroko gizasemeak, gehienbat, eta aurreko mendearen erdialdean, edo lehenago, jaioak ere bai tartean. Bada, haien lagunarteko hika-jardunetan, erruz dira galderetan hi zeharkakoa erabiltzen dutenak. Hemen liburuko adibide batzuk:
      Naparrak? Zein napar HUEN ba? / Zein DEK ba ordun gizona ez dana? / Dolores, ze mouz DEK? / Behera joan dan hoi ze gurdi HUAN? / Hotz eongo’EK, Inazio Mari?…
      Nire ondorioa: orain baino lehen izan dela alokutiboa galderetan erabiltzeko joera, Azkoitian, Azpeitian, Errezilen eta Euskal Herri osoan, gutxi-asko.
      HIKE EINGO AL DIÑAU/DIAU? HOBESTEKO ARRAZOIAK
      Bi arrazoi nagusi izan ditugu galderetan hi zeharkakoak hobesteko:
      a) Aurreko hizkuntza-ondarea: alokutiboak ere erabili dira galderetan. Arestian aitatu ditugun Euskal Herrian zehar jasotako lekukotasunak dira nahikoa esanguratsu eta argigarri, bai idatzizkoak, baina baita, eta batik bat, ahozko eguneroko hika-jardunekoak ere.
      b) Belaunaldi berrien joera galderetan alokutiboak erabiltzekoa da, ia erabat. Azkoitiko eta beste leku gehienetako gazte hika-hiztunek (mutilak, batez ere, zoritxarrez) ezinbestekotzat sumatzen dute aditzean HI bigarren pertsona hurrekoaren adizkera-marka (dINAgu/dIAgu) erabiltzea. Horren ezinbesteko dute, non edozein esalditako aditzetan hura baliatzen baitute: galderetan, harriduretan, badintzetan edo esaldi mendekoetan, behar ez denean ere. Gramatikariren batek-edo bataiatu zuen noizbait zeharkako aditz-forma hori adizkera biltzailea izenarekin, solaskidea solasera biltzen duelako, nolabait; bada, horixe da, dirudienez, adizkera alokutibo hori erabiltzen dugunean galderetan lortzen duena hika-hiztunak: solaskidea hika-jardunera biltzea eta erakartzea. Halaxe sumatzen dute gazteek. Joera hori ondo egiaztatzeko aukera izan dut Azkoitian bertan azken bi urte hauetan DBH-3ko 14-15 urteko gazteei ematen ari naizen hike-ikastaldietan. Bi irakastegietan ditudan 155 inguru ikasletatik azkoitiar diren, edo Azkoitian errotu diren, gazte gehienek (mutilak, batik bat) alokutiboak erabiltzen dituzte hitzean eta hortzean egunerokoan, eta galderetan, erabat. Nik, aurretik datorkigun, eta, gurasoetatik ere jaso dugun ohitura horrekin bat egin dut. Horrela, gainera, haiek dakitena ere –ondo dakitena, ustez– positiboki balioesten dut, ez diet hika-galderetan ezer desikasirazi behar, ez dut haien hiketako autoestimua zeharo zapuztu nahi. Hori paretaren kontra jotzea bezala litzateke eta hika-ikasketaren porrot-bidea. Badira, aldiz, lehenagoko zereginak haien hika-jarduna hobetzeko; hots, galbidean den nokaren ezaguera azaltzea eta lantzea edo mendeko esaldietan adizki neutroak erabiltzeko joera txertatzea.
      Horrenbestez, Xabier, hor dituk, lehen emandakoaz aparte, aski arrazoi, azalpen eta ohar gure hautua uler dezaan. Hala eta guztiz ere, liburuxka horrek atzetik izan duen ahaleginak eta lanak bestelako balioespenik behar zuelakoan nagok hire partetik.
      Xabier Eizagirre Landa, hika-irakaslea (Azkoitia)

      Atsegin dut

  2. Gure herrian, Leitzan, oraindaino ez da galderetan erabili, ezta baldintzetan ere, gainerako menpekoetan erabiltzen ez den bezala. Hitanoari buruzko liburua argitaratu genuen duela urtebete: Hika eta toka. Noka ere toka! Bada, liburuan adibide mordoa dago bertako euskaran jasoa. Erabileraz arestian esandakoa bete -betean errespetatzen da 80 urtetik gorako hiztunak aintzat hartuta. Akatsa litzateke, nire ustez, hori hala izanik, orain ontzat ematea erabilera berri hori. Hiztun on eta eredugarriak baditugu oraindik: ikas dezagun haiengandik.

    Atsegin dut

  3. Beste erreferentzia interesgarri bat Ritxi Lizartzaren “Mintza hadi, lagun! Hika egiten ikasteko eskuliburua” dela uste dut. Material didaktiko gisa, dezente zabaldu da, eta Ritxik berak ikastaro ugari eman ditu han eta hemen.
    Oker ez banago, hor ere gomendioa da galderetan ez erabiltzea alokutiboa.

    Atsegin dut

Leave a reply to Martin Rezola Utzi erantzuna