Azken hilabete hauetan interpreteak albiste izan ditugu behin baino gehiagotan. Ekainean Arabako Batzar Nagusietan gertatutakoaren berri izan genuen: “El sorprendente motivo del parón de 20 minutos en el Pleno de las Juntas Generales de Álava” (ikus Maitane Uriarteren Interpreteon iraultzasarrera), baina udako azken egunekin batera etorri da benetako eztanda.
Zalantzarik gabe, Espainiako Diputatuen Kongresuan hizkuntza koofizialak erabiltzea ahalbidetzen duen erabakiak hautsak harrotu ditu kazetari eta politikarien artean, eta nahita edo nahi gabe, foku eta kamera guztien xede bihurtu ditu interpreteak:
El proceso de recopilación de discursos e intervenciones se verá entorpecido, en lo que al tiempo de actuación se refiere, y puede darse el caso de que lleve a reducciones o simplificación de lo esbozado. Derivando ello en inexactitudes, que pueden agravar la de la propia traducción simultánea. Esto se intentará paliar con la contratación de una empresa externa que dé [sic] pie a las traducciones definitivas. Pero cualquier traducción puede ser calificada de inexacta por un diputado (El Independiente).
[…] el Parlamento advierte ahora de que no se responsabiliza de sus interpretaciones. A través de la web oficial del Congreso, ha difundido una “cláusula” en la que se desentiende de cualquier traducción errónea (Antena 3 Noticias).
Ikusten denez, batzuen hitzei −kasurik onenean− interpreteen prestakuntzarekiko eta lanarekiko mesfidantza darie, eta horrek, gustatu ala ez, kalte egiten dio gizarteak gure lanbidearekiko duen pertzepzioari. “Gizarteak” diot, interpreteen jarduna hurbiletik ezagutzen duen edonork baitaki interpretatzea ez dela munta gutxiko lana: hizlariak esaten duena entzun eta ulertu egin behar da, hori beste hizkuntza batera itzuli, hizlariak esandakoa memorizatu eta esango duena aurreratzen saiatu, eta gainera, norberaren ekoizpena eta itzulpena kontrolatu. Guztia aldi berean.
Hori, noski, dena ondo doanean eta hizlariak etxerako lanak behar bezala egin dituenean. Konplikatu egiten denean, beste hauek guztiak ere egin behar ditu interpreteak: hizlariak zer esan nahi duen asmatu (sarritan ez duelako esaten), amaitu gabe utzi dituen esaldiei amaiera logiko eta koherentea eman, ideien arteko loturak txertatu, abiadura bizian irakurtzen ari bada, ahal den bezala jarraitu… Gehiago dirudi makinen lana gizakiena baino.
Halaxe azaltzen da, behintzat, beste artikulu batean: “la multitarea es una capacidad inherente de los ordenadores y no tanto de los seres humanos”, nahiz eta “siempre hay excepciones, algunas concienzudamente trabajadas a base de práctica” (El Correo). Lanbidea gehiegi ezagutu gabe ere, agerikoa da interpreteek prestakuntza eta praktika asko behar dutela, eta ez dela edonork egiteko moduko lana. “Makina batzuk” diren emakume eta gizonen lana da, argi eta garbi.
Hala ere, edonork ulertzeko modukoa iruditzen zait hizlariek interpreteen lana erraztu dezaketelako ideia. Edo “erraztea” ez bada, behintzat, gehiago ez zailtzea. Hain zuzen, lehen aipatutako “etxerako lanez” ari naiz. Izan ere, gehienetan hizlariek ez dituzte beren hitzaldiak momentuan inprobisatzen: diskurtsoa aldez aurretik landuta eramaten dute taula gainera, aktoreek bezalaxe. Hala denean, ezinbestekoa da interpreteari diskurtsoa lantzeko prestatu den material hori helaraztea, interpreteak bere lana hobeto eta erraztasun handiagoz egin dezan.
Zer har daiteke “materialtzat”? Ia edozer. Paper batean zirriborratutako lau ideia nagusi izan daitezke, PowerPoint aurkezpen bat edo are hitzaldi oso bat; irudiak erabiliko badira, irudiak; bideoak proiektatuko badira, bideoak. Interpreteak ez dira igarleak: zenbat eta pista eta zantzu gehiago eman, orduan eta hobeto egingo dute beren lana. Testuinguru guztietan, gainera. Ez dago salbuespenik. Zenbat eta gehiago eman, orduan eta gehiago jasoko dugu trukean.
Hala ere, gero eta maizago ikusten da hizlariek ez dutela inongo materialik bidaltzen, ezta testu osoak aurretiaz idatzita dauzkatenean ere. Horixe izan zen, hain zuzen, Arabako Batzar Nagusietako bilkura eteteko “arrazoi harrigarria”. Objektiboki analizatuta, ez dakit nik hain “harrigarria” den. Batzuetan, ezinezkoa da, besterik gabe, aurretiaz idatzitako diskurtso konplexu bat ziztu bizian irakurtzen ari den hizlari bati jarraitzea, batez ere egitura aldetik oso ezberdinak diren hizkuntza-konbinazioak tartean direnean.
Aurretik ere esan dut interpreteak “makina batzuk” direla, baina ez dira ahalguztidunak. Eta batzuetan, besterik gabe, ezin da. Error 404. Not Found. Interpreteek ezin dutelako edozein baldintzatan lan egin. Eta ez da interpretea ez dagoelako behar bezala prestatuta edo ez duelako eskarmentu nahikorik. Ezin da, hizlariak ez duelako berari dagokion lanaren zatia egin.
Agian, interpreteak urakanaren begian dauzkagun une hau izan daiteke momenturik aproposena gure lanbidearen inguruan hitz egin eta “pedagogia” egiten jarraitzeko. Gure lanaren funtzionamendua azaltzeko. Altu eta ahots irmoz esateko gutxieneko baldintza batzuk bermatu behar direla, interpreteek beren lana behar bezala egin dezaten. Eta, batez ere, gogorarazteko interpreteak igorle eta hartzaileen arteko komunikazioa ahalbidetzen duten profesionalak direla. Lagunak, alegia, eta ez etsaiak. Eta profesional aditu eta arituak.
Goian letra beltzez azpimarratu ditudan hitzak gure lanbidearekiko ezjakintasunetik eta interpreteokin zerikusirik ez duten bestelako arrazoi maltzurragoetatik sortu dira. Baina haserretu eta samindu beharrean, uste dut aukera ona izan daitekeela ur lohietatik ezkailuak atera eta gure lanbidearen berri eman eta gutxieneko lan-baldintza batzuk aldarrikatzeko.
Halako batean, lortuko dugu jendeak esatea interpreteak garela eta ez itzultzaileak.
Ezin ukatuzkoa da itzultzaileok deformazio profesionala dugula. Gehienetan, begiak eta belarriak erne ibiltzen gara, baita nahi ez dugunean ere, eta berehalaxe erreparatzen diegu euskaraz irakurtzen eta entzuten ditugun mila konturi. Eta zuzentzaile-senari esker, edo haren erruz, gure buru-prozesadoreak segituan esaten digu zerbaitek kirrinka egiten ote duen, modu egokiagorik izan ote litekeen zerbait adierazteko, kalko desegokirik ba ote dagoen itzuli den horretan, norberak nola egin izanen zuen… Tekleatze-akatsak berehala ikusten ditugu, edo gramatikalak ez diren gauzak, edo ohartzen gara nola zabaltzen ari diren gurean hain ohikoak diren moda ustez dotore batzuk.
Tentuz ibili behar izaten dugu zuzenketazaletasun/keria bizitzaren arlo guztietara ez eramateko, batez ere harreman pertsonaletara, lagunik gabe geldituko baikinateke bestela. Etxean eta lagun artean ere, geure burua bridatu behar izaten dugu deus ere ez esateko, nahiz eta aditu dugunak kirrinka egin.
Diglosiaren ajeak izaten dira maiz. Gaur egun euskaldun askok eta askok bigarren hizkuntza dute euskara, hau da, maila hobea dute gaztelaniaz edo frantsesez euskaraz baino, eta horrek, ezinbestean, gure euskara higatzen du.
Halako problematika sakon eta larriari ez diot nik konponbide errazik aurkituko, jakina.
Gaur, besterik gabe, azkenaldi honetan entzundako/irakurritako hiru esaldi aipatuko ditut, zer pentsatua eman baitidate.
Hirurak akastunak dira, nik uste, baina galdera bat piztu zait haien ondorioz.
Pankarta baten testua dira hiru horietako bi. Bestea, Nafarroako herri batean pertsona batek natural eta oharkabean esandako zerbait.
Pankarten testuak hauek ziren:
“Hiltzen jarraitzen gaituzte”
Errealitate ezin gordinagoaren adierazgarri: emakumeen kontrako indarkeria. Euskararen erabilerari erreparatuz gero ere aski tristea. Mezua erdaraz sortu, itzulpen kaskarra egin, eta aurrera. Bilatu dut sarean, eta horren antzeko bat aurkitu dut gaur: “Matxismoak hiltzen jarraitzen gaitu”. Hori bai, kartela euskara hutsean. Baina, jakina, dena gaztelaniaz pentsatua.
Tristea da, baina maiz oroitzen naiz behin pertsona batek esandakoaz: “Eskerrak badakidan erdaraz, bestela ez nuke zure euskara ulertuko”.
“Sasoiko langileen lan osasuna bermatu”
Kasu honen atzean ere egoera latz bat. Emakume bat hila lan istripu batean.
Honetan bestelakoa da problema. Gramatikala da, baina egokia? “Sasoikako langilea” da temporero/temporera, eta sasoiko langilea adituta irribarrea piztuko litzaiguke egoera hain gogorra ez balitz. Eta beste zenbait kontu ere aipatu litezke: dena da “bermatu” orain, ongi dago, baina… Susmoa dut berriz ere itzulpen problema dagoela atzean.
Horregatik datorkit galdera. Nola eta nondik egiten ditugu itzulpenak, euskararen barrenetik edo kanpotik?
Tira, bai, egin dugu itzulpena, baina orain, istant batez, gaztelaniazko testua ahaztuta, izan gaitezen irakurle. Euskara da? Euskaraz horrela esanen genuke?
Bi esaldi horien ifrentzuan dago aipatu nahi dudan hirugarren esaldia. Sakanako herritar batek esan zuen, honelako solasaldi batean:
―Zerbait esan beharko zenieke anai-arrebei? ―Bai, bai, baina ez dakiet zer esan.
“Ez dakiet zer esan”. Bai, esaldi hau ez da ortodoxoa, ez da existitzen halako adizkirik, baina honek bai, irribarrea piztu dit. Akastuna da, baina euskararen barrenetik sortua.
Pantoneren kartako ehunka koloreetatik, beltza aukeratu dut post hauetarako. Akatsak, okerrak, hutsegiteak, gaitzak eta makurrak izango dira nire arretaguneak, eta asaldatzea eta ernegatzea izango da nire jarrera. 🙂 Beharbada, eta hau serio diot, frustrazioak partekatuz, apur bat arinduko zait euskaldun gisa eta euskalgintzako profesional gisa (ia) egunero sortzen zaidan kezka eta ezinegona.
Has nadin, ba, barrua asaskatzen. «Aditza aurreratu egin behar duzu». Horixe da C2 egiaztagiria prestatzen ari diren EITBko kazetariei irakasleek gehien errepikatzen dieten zuzenketa. «Gehiagoko azalpenik gabe?», galdetzen diet nik. Antza, mezua hori baino ez da. Aditza aurreratu egin behar dela. Ematen du oso zabal dabilela mezu hori, denbora asko ez dela antzekoa kontatu baitzidan EITBn praktikak egiten ari zen lankide batek. Itzulpengintza eta Interpretazioko Graduko irakasle batek esaten omen zien subjektuaren eta aditzaren artean hamar hitz baino gehiago egonez gero aditza aurreratu egin behar zela.
Ederrak gaude! Ez dakit zertarako hartu duen Euskaltzaindiak hitz-ordenari buruz 40 orrialde lantzeko nekea Euskararen Gramatikan (2021). Etorkizuneko itzultzaileak prestatu behar dituen irakasle horrek ba omen du korapilo guztiak askatzeko formula magikoa. Zertarako aipatu ikasleei perpausaren informazio-egitura? Zertarako azaldu zer diren ordena kanonikoa eta ordena markatua? Zertarako hitz egin galdegaiaren kokaguneaz? Euskaltegietan C2 maila ematen duten irakasleek ere ez bide dute beharrezkotzat ikusten kazetari euskaldunak gramatikeriekin gogaitaraztea.
Nire lankideen hitzaz fidatuta, asaldazio eta espantu handiak egin ditut post honetan. Baldin gertatuko balitz, telefono matxuratuaren jokoan bezala, nire belarrietaraino heldu den informazioa desitxuratuta eta distortsionatuta egotea, eta baldin egiatan gertatzen dena balitz nire lankideek ez dituztela ondo barneratu irakasleen azalpenak, dela unibertsitatean, dela euskaltegian, orduan… orduan oso kezkatuta sentitzen jarraituko nuke, ez garelako gai, kasua bata zein bestea izan, ezta maila altuko hiztunei ere hizkuntzaren oinarriak ulertarazteko.
Aurtengo udan, ekainaren 29an eta 30ean, EHUk antolatutako “Anjel Lertxundi: idazlea eta obra” uda-ikastaroan hartu nuen parte, beste hizlari batzuekin batera. Lertxundik itzulpengintzaz, itzulpenez eta itzultzaileez esandakoak, idatzitakoak eta argitaratutakoak jaso nituen ordurako, eta han esandako batzuk laburbildu eta hona ekartzea pentsatu dut, itzultzaile guztiontzat jakingarri izan daitekeelakoan Lertxundiren eta itzulpengintzaren arteko lotura estua ezagutzea.
Hiru alorretan banatu nuen ikastarorako prestatutakoa:
Lertxundik itzulpengintzaz esan edo idatzi dituenak;
Lertxundik berak euskarara itzulitako lanak (argitaratuak eta argitaratu gabeak);
Lertxundik eman dituen arrazoiak bere liburuen gaztelaniazko itzultzaile ez izateko.
Hiru alor horiek berak aletuko ditut hemen ere, han baino laburrago, hori bai, ezinbestean.
Itzulpena zer den adierazteko, definizio egoki-egokia ematen du Berbelitz pertsonaiak Lertxundiren Itzuliz usu begiak saiakera ezagun gogoangarrian: hitzen “adierak pisatzea”. Eta hitzen adieraz ari garelarik, euskarazko itzuli aditzaren adierak jartzen ditu adibide Berbelitzek:[1]
Dirua itzultzeak gauza bakarra esan nahi du, stricto sensu behintzat, liburu bat itzultzeak gutxienez bi. Ez, itzuli guztiek ez dute adiera bera. Ezta traducir guztiek gaztelaniaz […]. Agian harritu egingo zarete, baina itzuli hitzak hogeita hamar adieratik gora ditu euskaraz, ez da txantxa! Casanova ohetik ohera nola, adiera batetik bestera ibiltzen gara gu hiztegietan.
Literaturari erreparatzen badiogu, gainera, are korapilatsuagoa da kontua, literaturan ez baitira hitzak soilik itzuli behar; hitzekin batera, musika ere itzuli behar da, hots, edukiaz gainera, forma, forma hori delarik, askotan, edukia sortzen duena, guztiz banaezin bihurtuz biak.
Lertxundirengana itzuliz, inork pentsa dezake 2019n argitaratutako Itzuliz usu begiak saiakera dela Lertxundik itzulpengintzaz idatzitako aurreneko lana. Egia da hori dela gaiari oso-osorik, luze eta zabal, eskainitako liburua, baina askoz lehenagokoa da sorkuntzari eta itzulpengintzari buruzko Lertxundiren kezka eta hausnarketa. Esate baterako, Gogoa zubi izenburuko 1999ko saiakera laburrean ageri du jada itzulpenaren gaineko kezka, bai eta, administrazioak itzulpenaren inguruan duen estrategiari edo estrategia faltari buruzko hausnarketa zorrotza ere:[2]
Itzulpenak zabaltzen du kultura baten leihoa, itzulpenari esker egurasten ditu kultura horrek bere gelak eta ganbarak. Itzulpenen bidez heltzen da hizkuntza bat berez helduko ez litzatekeen eremuetara. […] Administrazio osoa itzulpenen bidez euskaldundu izanaren onurez ari gara aspalditxo. Baina, aldi berean, uzkur begiratzen diogu itzulpen literarioari. Haatik, esan beharra dago kemena galtzeraino: ezin dugu euskaraz egindako itzulpen literarioa —azken urteotan gertatu zaigun albiste txalogarriena— larderiaz begiratu eta gainerako alor guztiak […] itzulpenez bete…
Handik gutxira, 2001ean, hari berari heldu, eta gehiago garatu zuen Lertxundik Mentura dugun artean saiakeran; jatorrizko lanen aldean itzulpena gutxiesteko dugun joerari heldu zion orduan:[3]
Gurean, egia da, itzulpenen gainean hotsa zabaldu da ez dutela jatorrizko obren berezko jariorik. Zer da, ordea, berezko jarioa? Askoz ere alde handiagoa dago Auspoako bildumako liburu gehienei darien berezko jarioaren eta Axularren edo Miranderen jarioaren artean, Literatura Unibertsaleko edozein itzulpeni darionetik Ramon Saizarbitoriaren edo Itxaro Bordaren eleberriei darienera baino.
Eztabaidaren ardatza […] bere leku naturaletik aterata dago, eta irizpide pedagogiko edo didaktikoek […] jardun literarioa baldintzatzen dute, literatura baztertu nahi izateraino bere-berea duen plazatik. Jokabide horrek, itzulpena umezurtz utzi eta gaitzesteaz gainera, jatorrizko lan batzuk bakarrik loriatzen ditu praktikan: hizkera erraz, mugatu eta laua eskaintzen dituzten jatorrizko lanak, hain zuzen. Jario bakar eta jakin bat, beti bera, dutenak.
Hortik tiraka, itzulpengintzari buruzko Lertxundiren tesi nagusiaren muinera helduko gara: hots, sorkuntza eta itzulpengintza, biak dira literatura, biek osatzen dute hizkuntza batean egiten den literatura, biek elikatu behar dute elkar; ez ditzagun tratatu itzulpenak maila apalagokoak balira bezala, eta hel diezaiogun behingoz gure benetako arazoari:[4]
Kontua da —kontu tristea— gure belaunaldiak zein gure ondorengoek aiseago irakurtzen dugula gaztelaniazko itzulpen oro, obra horren beraren euskal bertsioa baino. Menperagaitza zaigun hizkuntza arrotz batean bezala irakurtzen dugu euskaraz, eta geure buruari iruzur egitea da Joyce edo Hamsun edo Cocteau zailak direla esanez bertan goxo egitea: euskaldun askok neke berdintsuak ditu Saizarbitoria zein Sagastizabal irakurtzeko. […] Itzulpen versus jatorrizko lehia ez da, aldez edo moldez, benetako arazoaren estalgarri baino: irakurleok dugun ahuleziarena inguruko erdaren eraginez.
Ez da hor bukatzen auzia, ordea, itzulpenak menostean itzultzaileen sortzaile-lana ahazten baita. Lertxundiren hitzetan:[5]
Itzultzaileen sortzaile-lana ahanzten da itzulpenez ari garen guztietan. Ez euskarak ez hizkuntzarik ahaltsuenak ere ezin du, itzulpenen bidez baino, hainbat ahots, pentsamendu, giro eta kultur ikuspegi jaso. Munduak hots asko baditu, itzulpena da hots horiek nire hizkuntzan entzuteko modua. Euskarak oraindik izendatu ez dituen sentimendu, emozio, ikuskera, bihurgune eta bihozkada asko dago munduaren eta literaturaren bazterretan. Horregatik du berebiziko garrantzia hots oihartzuntsuenak —oihartzun ozenenen oihartzun direnak— euskaratzeak.
Hori dela eta, bada adibide bat itzulpenaren eta sormen-lanaren arteko lotura estua erakusten duena eta Lertxundik behin baino gehiagotan aipatu duena. 1970eko hamarkadaren hasieran gaude. Gero Goiko kale eleberria izango den testua lantzen ari da Lertxundi. Gaztelaniaz irakurritako Dublineses lana du buruan, Joycek Irlandako giro erlijiosoan kokaturik kontatzen duenaren antzeko zerbait kontatu nahi baitu Lertxundik Orioko bere haurtzaroa hizpide hartuta. Girotzeko aukeratu duen literatura-lana —Dublineses— gaztelaniaz irakurri duenez, hortik euskararako bidaia egin behar du buruan, giro hori euskarara ekarri, gero, hortik abiaturik, euskaraz sortu nahi duen lana idazteko. Alabaina, Joyceren lan horren euskarazko itzulpena —eta ez gaztelaniazkoa— irakurtzeko aukera izan balu une hartan —bide batez, geroago Irene Aldasorok bikain itzulia, eta 1999an argitaratua—, euskaraz izango zuen Lertxundik sormen-lanerako erreferentzia estilistiko guztia; beraz, euskaratik euskararako bidaia egingo zuen eleberria idaztean. Argiago azaltzen du berak Eskarmentuaren paperak saiakeran:[6]
Itzulpenik ez genuen garaian , beste hizkuntza batzuetakoak ziren nire erreferente estilistiko asko —gehienak—. Gaztelaniazkoak batez ere. Eta idazten ari nintzelarik, erdal erreferentzia horiek baliatzen eta egokitzen nituen. Beste hizkuntza batetik neurera txango etengabea egitea zen, neurri handi batean, idaztea. Orain, ordea, askoz sarriago egiten dut txango neure hizkuntzatik neure hizkuntzara, eta ez da soilik euskal idazleen —eta obren— panoramika zabaldu delako. Bada beste hizkuntzetako idazle asko euskaradun egin dugulako ere.
Hel diezaiodan orain Anjel Lertxundiren itzultzaile-jardunari. Izan ere, behin baino gehiagotan esan eta idatzi du ezen idazle gazte batek aholkua eskatu eta galdetuko balio ea zer egin behar lukeen estiloa lantzeko, esango liokeela asko irakurtzeko eta literatura ona itzultzeko:[7]
…esango nioke hartzeko itzultzeko praktika, itzulitako testuak tiradera batean gorde beharra ez dela inoiz denbora galdua; esango nioke itzultzea entrenamendu aparta dela estilo propioa trebatzeko, esango nioke ausartzeko testu sentsorialekin, ironikoekin, koloretsuekin; esango nioke idazle handi askok txandakatu dituela sorkuntza eta itzulpena.
Lertxundik itzulitako lanen artean, bi ditugu argitaratuak:
Luzio Apuleioren Urrezko astoa, Juan Kruz Igerabiderekin batera latinetik itzulia eta Ibaizabalek 1996an argitaratua, Literatura Unibertsaleko bilduman.
Argitaratu ez baditu ere, itzulpen gehiago egina da, eta ez soilik euskarara, baita gaztelaniara ere; beraz, berak ere baliatu du idazle gazteei emandako aholkua, eta izenburu horrekin berarekin jasoa du esperientzia (“Aholkua”)[8]Itzuliz usu begiak liburuan. Hor dio, esate baterako, García Márquezen La hojarasca itzultzen aritu zela behiala, bai eta Cesare Paveseren La bella estate ere, «beti uda partean, ariketa gisa beti». Juan Beneten Herrumbrosas lanzas eta Thomas Bernharden Korrektur prosekin liluratuta, lanok gaztelaniatik itzultzen ere saiatu zen, baina ez zuen aurrera egin. Martin Ugalderen Las brujas de Sorjin euskaratu nahian ere ibili zen, «baina laster etsi nuen (nola euskaratu izenburua?)».
Horiek dira bere itzulpen-ariketei buruz han-hemen irakurri dizkiodanak, baina, Anjel ondo ezagutzen duen txoritxo batek esanda, badakit ez direla horiek saio bakarrak, eta, besteak beste, Cioran, Canetti, Heidegger eta Calvino itzultzeko saio mardul askoak ere egina dela.
Itzulpen-ariketa horien ondoren heldu ziren Lertxundiren aipatutako bi itzulpen argitaratuak, eta bertatik bertara ikusi zuen orduan zer dakarren itzulpen bat egiteko behar den denbora minutu, ordu, egun eta, are, urtetan zenbatzeak:[9]
[…] Handik urte askora etorri zen, nahiko berandu, liburu oso baten nire lehendabiziko literatura itzulpen argitaratua: Apuleioren Urrezko astoa izan zen, Juan Kruz Igerabiderekin batera itzulia latinetik. Esperientzia pizgarriaren ondotik ibili ginen esaten bi urtez behin klasiko bat itzuliko genuela latinetik, baina ametsek hegan egiten dute eta egunerokotasunak ibilera astuna du. Orain urte gutxi, Susakoek eskatu zidatenean nire gustuko poeta baten antologia itzulia Munduko Poesia Kaierak bilduman argitaratzeko, Montaleren proposamena egin nien. Hobeto uler dadin erakutsi nien ausardia: eman zidaten urtebeteko epea askitzat jo nuen nik. Laster konturatu nintzen epe guztiak direla labur horrelako lan bat burutzeko.
Alabaina, salbuespenen bat gorabehera (aurrerago aipatuko dut hori), Lertxundik ez du bere gain hartu nahi izan bere liburuak gaztelaniara itzultzeko lana, nahiz ondo baino hobeto menderatzen duen gaztelania. Hiru eragozpen nagusi ikusten dizkio horri:[10]
Lehendabizikoak aski du gogo falta hutsetik; nekearekin batera, asperdura eragiten dit hartan hasi beharko nukeela pentsatze hutsak. […]
[Bigarren eragozpena]. Originalean egindako oker nabarmenak zuzenduko nituzke. Berrikuntzak egingo nizkioke testuari, agian erantsi ere egingo nuke zerbait baino gehiago originalari falta zaion guztia disimulatze edo konpontze aldera. […]
Hirugarren eragozpenari ekiteko ez dut nire esperientzia kontatzea beste biderik. Berrogeita hamar urte daramatzat nire literatur estiloa lantzen. Hasi nintzenean, dezentez hobeto moldatzen nintzen gaztelaniaz euskaraz baino. Sufrikarioa zen euskarazko esaldi bakoitza, handia zen neukan menpekotasuna […]. Berrogeita hamar urteren ostean, nire idazkuntza motz herrenagoa sentitzen dut gaztelaniaz euskaraz baino. Bizi profesional osoa eman dut euskara lantzen, ia obsesiboki. Konpetentzia kontua izango da. Sentipen horretan, agian, asko egongo da prebentzio psikologikotik, baina jatorri hizkuntzan konpetenteagoa izanda helburu hizkuntzan baino, aukeran nahiago ez.
Horra Anjelek aipatzen dituen eragozpenak. Hartutako erabakian izango du zerikusirik orobat Anjelen lanen gaztelaniazko itzultzaileen bikaintasunak: Jorge Giménezen eta Gerardo Markuletaren lanak bi profesional handiren marka eta zigilua du. Bi adibide baino ez aipatzearren, hartu Itzuliz usu begiak saiakeraren Giménezen gaztelaniazko itzulpena, Sombras en el espejo, edo hartu Tú, eta irakurri Markuletak ondutako Zuren itzulpena. Ez zarete damutuko.
Inork gehiago jakin nahi badu sortzaile baten eta haren itzultzailearen arteko harremanaz, bada harribitxi bat, Senez aldizkarian 1999an izenburu honekin argitaratua: “Anjel Lertxundi eta Jorge Giménez Bech: idazlea eta bere itzultzailea”; Gotzon Egiak gidatutako elkarrizketa zinez interesgarria da, kontu jakingarriz betea. Besteak, beste —eta orain dator lehentxeago aipatu dudan salbuespena—, elkarrizketa horren hasieran, Lertxundik dio “Lur hotz hau ez da Santo Domingo” ipuina berak itzuli zuela gaztelaniara. Dioenagatik, zapore gazi-gozoa utzi zion esperientzia hark, eta izan zuen eraginik gerora hartutako erabakian; alegia, ez zituela berak itzuliko gaztelaniara berak euskaraz idatzitakoak:[11]
Ipuin hori itzuli nuenean, hasieran ez nintzen konturatu, eta gero, prozesua bukatu ondoren, berriz, jabetu nintzen arazo izugarriaz, nik neuk testuarekin izan nuen arazo izugarriaz. Aitorpen bat egin beharra daukat: euskaraz argitaratua dagoen testua eta gaztelaniaz dagoena desberdinak dira. Gaztelaniazkoak, esango nuke plus bat duela. Nolabait, halako work in progress bat eginaz, halako tranpatxoak eginaz, testu originalean dauden ahuleziak saihestuz, beste modu batera bideratuz, eta abar, jatorrizko testua traizionatu egin nuen.
Zilegi nuen, neurea zen, eta sortzen ari nintzen berria ere neurea zen, baina, jakina, itzulpen gisa agertzen zen eta ez egokitzapen edo moldapen gisa. Alde horretatik, ipuin hura itzuli, gero argitaratu eta handik denbora puska batera kontrastatu nituenean bi testuak, halako erabaki bat hartu nuen: nik ezin nuela neure buruaren itzultzaile izan. Zilegitzat jotzen dut beren buruaren itzultzaileak direnen jokabidea, baina ni ezin nintzela izan, besteak beste hizkuntza horrekiko trebetasuna edo trebetasun falta alde batera utzita, nik ez nuela egin behar, nolabait neure burua ez traizionatzeko. Bi arrazoi nituen: bat apuntatu dut, jatorrizko testuarekiko leialtasuna gorde nahia, kanpora begira, nolabait pentsatzen nuelako abiapuntuzko testuak izan behar duela jatorrizkoak eta lehendabizikoak, euskarazkoak. […]
Bigarren alderdi bat badago kontsiderazio hau egiterakoan, euskarari berari begira. […) Nik jakinaren gainean lan egingo banu, egiten ari naizen testu hori gero tradizio handiagoa duen hizkuntza batera itzultzekoa dela jakinik alegia, orain hemen euskaraz ditudan zailtasunak saihestu, baztertu, albo batera utzi, eta gero espainolez halako testu finko bat egingo dudala jakinda, ez nintzateke hain zehatza izango. […] Argi dut ez nukeela halako ahaleginik egingo zehatza izaten, konpondu behar ditudan arazo teknikoak, literarioak, linguistikoak, errazago saihestuko nituzkeela beti ere jakinaren gainean, egunen batean testu hori itzultzen baldin bada beste hizkuntza batera, nik hura kontrolatu ahal izango dudala eta berriro ere han egingo dudala nire bide literarioa bigarren hizkuntza horretan.
Horra, beraz, Anjelek emandako arrazoiak. Ez da, bistan da, funtsik gabeko erabakia, ondo pentsatutakoa baizik.
Honaino, gaurkoz, Anjel Lertxundi eta itzulpengintza lotzen dituen soka luze oparoaren muturtxo bat. Ez dakit konturatzen garen nolako pagotxa den gaurko itzultzaileontzat itzulpenari buruzko hain hausnarketa luze-sakona egin duen idazle baten garai berean bizitzea, besoz beso. Eta nolako fortuna den guretzat esku-eskura izatea berrogeita hamar urtez estiloa lantzen aritu den idazle baten begirada, ekarria eta hizkuntza. Labana suitzar baten aukerak eta malgutasuna eman dizkio hizkuntzari, hots, guk, itzultzaileok, beti zorrotz eta zoli behar dugun tresnari. Leundu, txartatu, kiribildu, ugaldu, zorroztu egin du Lertxundik tresna hori, baita zakartu ere, behar izan duenean.
Nik ez dut «etxetik» atera nahi izaten labana hori patrikan eta eskuaz ondo helduta daukadala sumatu gabe, aurrez baitakit ezinbesteko laguntza izango dudala behar dudan guztietan eta espero ez dudan beste hainbestetan.
[1] Lertxundi, Anjel (2019). Itzuliz usu begiak, Alberdania, 17. or.
Esapideek edo erranairuek duten erakarmena zertan datzan jakiteko, RAEren definizio laburrera jo dut, eta zehatza ediren dut, zinez: “osatzen duten osagaietatik ondorioztatu ezin den esanahia duena” omen da esapidea. Eta baietz derizt, horrexek erakartzen nauela esapideetatik. Eta ohartu naiz (zarete) —dagoeneko— gustuko dudala hiztegietan jaso gabeak biltzen aritzea han eta hemen, nire inguruko euskaldunen sare geroz eta mehatzagoan. Hona ekarri dudan honen adibiderik ez dut topatu, ez Interneten, ez Orotarikoan. Baliteke ez ondo arakatu izana. Nolabait, 1 + 1 = 2 ez izate hori dut gustuko, erranairuetan.
Ekin diezaiogun bada izenburuko horri. Beharbada ez da erranairua, 1 + 1 = 2 dela ondoriozta baitaiteke, agian. Baina hiztegietan ez dut ikusi, eta, beraz, zirkulazioan jarri nahi baitut, “balioa emango” diot idatzian ez baina ahozkoan entzun ohi dudan esapide horri.
Bildu nueneko egoera ez da atsegina, ez da gozoa, munduan heriotza ematea eta indarkeria oso merke dabiltzan garaiotan bizia hain erraz oinkatzen baita. Ukrainako berrien inguruan sortu zen, etsipenez iragarpen makabro bat egin genuelarik asteon gertatu den zerbaiten iragarriz, ama eta bioren arteko solasean, telebistan berriak ikusten geundela. Prigozhin eta bere ostea Moskuren aurka bihurtu omen ziren lehenik, Kremlineko agintari nagusiarekin hautsi-mautsiren bat egin ondoren, bihurraldia bertan behera utzi eta Bielorrusian hartu egoitza gero; handik laster, ordea, berriemailearen arabera, haren berririk ez omen zen:
—Honezkero garbitu dute! (nik)
—Hainbeste be igoal! (amak)
Amak esandako horren gaztelaniazko ordain bat eman nahi nuke, baina ez zait egokirik bururatzen (¡Pues no diría que no!, ¡Pues no juraría que no! edo gisakoren bat, izatekotan). Esapide horrekin esan nahi izaten da ez litzatekeela harritzekoa, gerta litekeenen artean dagoela; hainbeste be igoal! dioenak esan nahi du ez litzatekeela harrituko, ez duela erabat baztertzen hori gertatu izana. Jakina, beste esapide batzuen moduan, geroz eta gutxiago entzuten da belaunaldi batetik beherakoen artean. Gure eskualdean behintzat (egia esan, euskara bera ere geroz eta gutxiago entzuten da, eta esango du baten batek, zer garrantzi du esapide baten erabilera urritzen aritzeak, desagertzen aritzeak, euskara ere nekez entzuten denean. Ez da nire asmoa hemen doktore tesi bat egitea esapideen garrantziaren inguruan, ez baitut nahikoa irakurri horren gainean, eta kosta egingo bailitzaidake tesi bat agertzea. Baina, horixe da kontua: esapide hori oso gutxi entzuten da adin jakin batetik beherakoen artean, eta euskara bera ere bai).
Aieru bat egiten du esapide hori darabilenak. Hona beste egoera bat.
Iloba eta biok jolasean ibili gara, jolas berri batekin, bazkalaurretik (poz ikaragarria jostailuaren jarraibideak euskaraz ere edirenik, beste hizkuntza askoren artean! Azeri sendagilea edo, omen, euskaraz, jolasaren izena). Mahairako deia etorri da, … hots, mahaira! Bazkalostean, baten batek ohartarazi gaitu —mahaikada bete bildu baikara ahaideak— jolas guztia dagoela banatuta lurrean. Ilobak batzen laguntzeko eskatu dit. Batzen ari ginen bitartean, beste lehengusu txiki bihurri bat hurbildu zaigu, eta galdetu egin diogu: “Badakizu nork barreiatu duen jostailu hau lurrean?”. Ezer erantzun gabe alde egin du. Ikerlaritara jolastera jarri gara iloba eta biok: “Elur bera izan ote da?” (hitzik esan gabe ihes egin baitu Elurrek, ilobaren lehengusu txikiak). Amari aipatu diot gauean pasadizo irrigarria. “Hainbeste be igoal” esan du, Elur izan zatekeelako susmoa aipatu diodanean.
Esapidearen egiturari begiratuta, beharbada ez da betetzen RAEk ematen duen definizioa, zeren eta, hor, hainbeste izenordaina baita, kontatutako pasadizoa jasotzen duena, hori alegia, kontatutakoa, izenordainari dagokion moduan. Eta, igoal ere, aierua baita, ez da haren adiera bestelakotzen, agian esan nahi du, litekeenada; eta bataren eta bestearen baturak ere, alegia, hainbesteere (hori) igoal (litekeena da), ez du ematen bestelakotzen duenik elementuen baturak arruntean behar lukeen emaitza. Alta, hainbeste da izenordaina, konparaziozkoa, eta ez, ordea, hori, erreferentzia hutsa. Eta, horrenbestez, esan dezakegu konparaziozko esanahia gehitzen diola deiktiko edo seinalatzezko hutsari (¡incluso eso me creería! edo parekoren bat beharko luke erdaraz, hitzez hitzezko baliokidetzara joz gero). Beraz, stricto sensu, ez da esapidea. Baina, agian, elementu bien konbinazio bakanagatik, ez usukoagatik, badagokio esapidearen lerruna. Ez dakit. Lexikologoren batek hiztegiren batera batzen badu, agian aitortuko dio lerrun hori. Nik salbatu beharrekoen artean jaso dut, gure eskualdean salbatu eta zirkulazioan berriro jarri beharrekoen artean —Hartz zuria bezala. Hartz zuria ere salbatu egin behar baitugu.
Eta, hain bakan entzuten den horrekin batera, eta horren kideko, askoz ezagunagoa eta oraindik ere erabiltzen dena, izenordainaren bigarren eta hirugarren graduarekin erabili ohi baita: “hainbeste bazakiagu” edo “horrenbeste bazakiagu”. Konparaziozko izenordainaren erabilera zaporetsua derizt, eta izenburuan aipatu dudanaren parekoa.
Alegia, zaporea ematen dietela hiztegiari eta solasari erranairuek. Horregatik ditut gustuko.
Ekainaren 29an honako izenburu hau zeraman albistea iritsi zitzaidan WhatsApp bidez: “El sorprendente motivo del parón de 20 minutos en el Pleno de las Juntas Generales de Álava”. Jakin-minez, albistea irakurri nuen eta benetan diotsuet ez nuela amaiera batere espero: “la persona encargada de la traducción se ha negado a continuar traduciendo el discurso de Ramiro González al no haber recibido de forma previa el texto que el candidato iba a leer desde el estrado”.
Hasieran, testua aldez aurretik jaso ez arren, ahal den moduan interpretatzen jarraitu beharra dagoela pentsatu nuen. Show must go on. Horixe sartu zidaten buruan bere garaian, baina… non dago muga? Birritan pentsatu nuen eta nik neuk ere behin baino gehiagotan gauza bera egin beharko nukeela konturatu nintzen. Bai nik eta bai gainerako interpreteek. Badakit ahal dugun guztia egin behar dugula eta azkenean gure lana beti aurrera ateratzen dugula, oztopoak oztopo, baina nik behintzat ez dut gehiegizko estresaren edo buruko zirkuitulabur baten ondorioz kabinan ziplo hilda geratu nahi, eta beldur naiz bide horretatik ez goazen.
Batez ere pandemiaz geroztik, gero eta ohikoagoa da dena azken ordurako uztea eta interpretazio-enkarguetara aldez aurreko dokumentaziorik gabe joatea, eta horrek izugarri kezkatzen nau. Beti diot profesionalak garela eta dena aurrera ateratzeko gai garela, prestakuntzari zein esperientziari esker, baina ez gara David Copperfield. Hitzaldiak, aurkezpenak, txuletak eta abar aldez aurretik bidaltzeko eskatzen dugunean, zerbaitengatik da: gizakiak gara eta aldez aurreko dokumentazio-lana egin behar dugu ezinbestean, gure lana ondo egin ahal izateko. Gainera, enkargu horretan testuak ziztu bizian irakurriko badira, ezinbestekoa da interpreteok testu horiek aldez aurretik jaso eta lantzea, gure burmuinak ere mugak dituelako.
Giza eboluzioaren historian, ezerk ez du interpreteon garuna programatu horren zeregin berezi eta nekagarrirako. Gure burmuinak aldibereko interpretazioan zehar duen funtzionamendua ezin dute ordenagailu potenteenek ere simulatu (momentuz, behintzat). Neurozientzialariek urteak eta urteak daramatzate hizkuntza ikertzen, eta hiztun eleaniztunei buruzko ikerketa ugari egin dituzte; hala ere, aldibereko interpretazioaren prozesua ulertzea erronka zientifiko izugarria da. Hainbeste gauza gertatzen dira interprete baten burmuinean, zaila baita nondik hasi jakitea. Modu sinplean esanda: interpretearen burmuinak orkestra-zuzendari baten pare funtzionatzen du. Garuneko eskualde askoren jarduera koordinatu behar dugu, portaera harrigarri eta konplexuak sortzeko. Naturaz gaindikoa dirudi, ezta? Ba imajinatu horri ziztu bizian irakurritako testuen aldibereko interpretazioa itsu-itsuan egin behar izatea gehitzen badiogu.
Unibertsitateko ikaslea nintzenean, asko miresten dudan irakasle batek esan zidan nik neuk erabaki eta sortu behar nuela interprete gisa nahi dudan etorkizuna, eta ez dut esaldi hori sekula ahaztu. Dirudienez, ez naiz bakarra izan, Arabako Batzar Nagusietako interprete hark ere horren alde egin baitzuen egun hartan. Interpreteok sasi guztien gainetik dantzan egiten ikasi dugun arren, bazen gutako batek aski dela ozen esateko garaia. Iraultza izan zen interprete haren aukera bakarra, eta egoera aldatzen ez bada, besteona ere hori izan beharko da azkenean.
Udako atsedenaren ondotik, astelehenean hasiko dugu blogaren denboraldi berria, zenbait esku berrirekin gainera: itzultzaileak, irakasleak, idazleak, kazetariak… Eduki interesgarriak ekarriko dizkigute, dudarik gabe!
Ikasturte honetan ere, astelehen, asteazken eta ostiraletan emango ditugu argitara gure kolaboratzaileen artikuluak, eta, oraingoan, WordPresseko harpidetza-sistema berriari esker, irakurleok aukera izango duzue argitalpenak eta iruzkinak posta elektroniko bidez jasotzeko. Hala, betiko moduan, parte hartzera animatzen zaituztegu, iruzkinak eginez eta edukiak partekatuz.