Angel Erro
Ez dakizun hizkuntza baten itzulpena epaitu dezakezu? Berez, erantzun zuhurrak ezetz agintzen du. Baina susmatzekoa da etengabe ari garela ez dakizkigun hizkuntzen itzulpenak ebaluatzen. Gauzak muturrera eramanda, orain arte eman diren itzulpen sari guztiek egiaztatu beharko lukete, beren epaimahaikide guztiek, ez bakarrik irabazle izendatu duten lanenak, baizik eta hautagai posible guztien jatorrizkoak bere horretan atzemateko gaitasuna bazutela. Ez gara kontu eske hasiko. Nori, gainera? Jakintzat ematen da hala dela, eta kito.
Nago lan itzuliei buruz egiten ditugun iruzkin gehienetan dena delako iturri hizkuntza dakizun ala ez gutxienekoa izaten dela. Hala ikusten dugu euskarazko kritiketan, non itzulpenari buruzko balorazioa bai egin ohi baita (kasik kritikariak, normalean azken paragrafoan, zuzenean horretara behartua balego bezala), baina jatorrizkoaren aipamen gutxi edo deus ez. Ez da literatur kritikaren auzia bakarrik. Gure egunerokoan ere gero eta maizago izaten ditugu begien aurrean itzulpenak (maiz modu automatikoan sortuak), zeinaren kalitatea edo fidagarritasuna baloratzera behartuta baikaude; hala egin izaten dugu, esaterako, Netflixekin-eta, non erraz detektatzen dugun dena delako film bateko elkarrizketak kili-kolo egoten diren.
Edo Twitterrekin ere. Ni iritsi naiz, txio bat idatzi ondoren, euskaldunak ez diren nire jarraitzaileek, “Traducir tweet” sakatuz gero, adierazi nahi izan dudan horretatik zer jasoko duten egiaztatzera. Inoiz lehen txioa ezabatu eta berridaztera eraman nau, Googleren itzulpenak egin dituen gaizki-ulertuak/akatsak saiheste aldera. Ekintza soil (eta banitatezko) horretan, beharbada jende gehiagok ere eginen duena, ari nintzen itzulpen balorazio bat egiten, nahiz eta kasu horretan oraindik sorburu- eta xede-hizkuntzak jakiten nituen, baina gerta daiteke bigarrena baino ez jakitea (behar bezain ongi). Alegia, batzuetan ni naiz beste norbaiten txioak, ez dakizkidan hizkuntzaren batean idatzitakoak, itzultzeko aukera automatikoaz baliatzen naizena. Testuingururik gabe nagoela eta jatorrizkoa agian laburdurez eta espresio kolokial edo are agramatikalez josita egon daitekeela jakinda (euskarriak hala baimentzen duelako), errazagoa da jasoko dugun emaitzaz mesfidatzea. Baina emaitzak nolabaiteko zentzua edukita ere, berdin jokatuko dugu, ez dakigun hizkuntza baten itzulpena epaitzen arituko gara.

