Claudia Torralba Rubinos
Aspaldi hasi ziren UPV/EHUko Erizaintzako Graduan Komunikazioa Euskaraz –bere garaian Euskara Teknikoa II– hautazko irakasgaiko ikasleak praktikak egiten dituzten osasun-zentroetako euskararen erabilera aztertzen.
[Komunikazioa Euskaraz UPV/EHUko Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa Sailean eskaintzen den hautazko irakasgaietako bat da, eta une honetan ni naiz irakasgai horretaz arduratzen dena Erizaintzako Graduan. Has gaitezen hortik.]
Berandu samar iritsi naiz ni eskola horiek ematera, baina eutsi egiten diot blog honetan parte hartzen duen Igone Zabala Unzalu irakasleak duela urte batzuk egindako proiektu-proposamenari.
[Eskerrik asko, Igone!]
Bada, praktikak egiten dituzten bitartean Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko III. Planaren zenbait atal irakurri eta lantzen dituzte, gero praktikak egiten ari diren osasun-zentroetako errealitatea barrutik aztertzeko.
[Askotan esaten da gauzak ulertzeko bizi egin behar direla. Eskarmentua ez dela besteengan hartzen. Gauza praktikoak gauza teorikoak baino hobeto ulertzen ditugula, bertatik bertara ikusten ditugulako.]
Igone Zabalaren Euskararen Erregistro Akademikoen garapenaz eta harmonizazioaz sarreran ondo azaltzen den bezala, gure irakasgaien helburu garrantzitsuenetako bat da ikasleek kontzientzia har dezaten euskararen biziberritzean goi mailako gradudun euskaldun modura duten erantzukizunaz.
[Kontua ez da bakarrik “euskara” irakasgaian idatzizkoak eta ahozkoak lantzea, askoz ere haratago doa, ikasleak normalean nahiko berandu konturatzen badira ere.]
Askok hitz egin dute hizkuntzak (eta euskarak) osasun-arretan hartzen duen garrantziaz, benetan pazientean zentratutako arreta holistikoa eman nahi bada. Aitor Montes medikuak, esaterako, bide luzea dauka egina, bai arlo akademikoan, bai komunikabideetan, eta aipamen berezia merezi du artikulu honetan, nire mezuei erantzun eta berak prestatutako materialak erabiltzeko baimena eman baitzidan Komunikazioa Euskaraz irakasgaia nire gain hartu nuenean.
[Eskerrik asko zuri ere, Aitor!]
Edonola ere, ez da kalean eta sarean bakarrik dabilen gaia. Prestakuntza espezializatua eskaintzen da unibertsitate-mailan gaur-gaurkoz: adibidez, gure irakasgaiez gain, Osasuna eta Hizkuntza VI: Hizkuntza beharrak arreta soziosanitarioan izeneko udako ikastaroa emango du laster UIKek, eta Kudeaketa Linguistiko eta Kulturala Pazientean Zentraturiko Osasun Arretan izeneko graduondokoa ere egin daiteke UPV/EHUn. Ez da, beraz, munta txikiko kontua.
[Luzatzen ari naiz eta ez zen hori asmoa, banoa esan nahi nuenaren muinera.]
Batzuetan, irakasleok arrantzura larrera joaten garelako sentsazioa izaten dugu, ikasleak fisikoki ikasgelan baina mentalki beste nonbaiten daudelakoa. Eta Elixabete Perez Gazteluk Hiztegiek esaten eta iradokitzen dutenaz, edo zein zaila den hiztegi bat egitea sarreran ondo baino hobeto esan bezala, gauzak sakonki (eta askotan behin baino gehiagotan) azaldu arren, ez da irakaslea arras lasai geratzen, ez baitaki zer geratu den, azkenik, ikasle bakoitzarengan.
Labur esanda, kontua da Erizaintzako Graduko ikasleak pazienteei euskaraz egitearen garrantzia bertatik bertara ikustera eta sentitzera bidaltzen ditugula, eta sarrera hau aprobetxatu nahi dudala ikasleek aurten egin dituzten gogoeta batzuk partekatzeko, testigantza modura gera daitezen.
[Disclaimer: iritzi-artikulu bana idazteko eskatu nien, eta ikasle bakoitzak bere estilo propioa du, ikusiko duzuenez.]
- Harrigarria da Osakidetzak osasun-arloan euskara presente egoteko inbertitzen duen diru kantitatearekin, gero osasun-profesionalek haien artean eta pazienteekin euskara hain gutxi erabiltzea.
- Bukatzeko, euskararen erabileraren sustapena ekintza txikietatik hasten dela esan dezaket; adibidez, lehen agurra euskaraz ematen. Horrela, erabiltzaileari komunikazio hizkuntzaren aukeraketa ahalbidetzen diozu. Horrez gain, pazienteen lehentasunezko hizkuntzaren erregistroa Osakidetzan lan egiten duten denek ezagutu beharko luketen kontzeptu bat da, paziente edo erabiltzaile bakoitzaren hizkuntza askatasunak errespetatzeko.
- Oskorriren abesti polit horrek esaten duen moduan… “Gu euskaldunak gara, Euskal Herrikoak…” ziur naiz zuetako askok ozen oihukatu duzuen esaldi bat dela, beraz, goazen gure artean, belaunaldi berriek, plan horrek aurrera egiteko behar duen bultzada ematera, izan ere, egoera bera bakarrik aldatzera itxaron behar badugu, jai daukagu!
- Hori horrela, ondoriozta dezakegu euskarak hizkuntza gutxitua izaten jarraitzen duela, nahiz eta material ofizialak kontrakoa adierazi. Argi dago Osakidetzan, beste euskal erakunde publiko batzuetan bezala, hala nola UPV/EHUn, gaztelaniaren erabilera oso barneratuta dagoen dinamika dela. Hala ere, konponbideak bilatzea zaila izan daitekeen arren, euskaldunok gure hizkuntzaren alde borrokatu behar dugu eta ez ditugu diskriminazio horiek onartu behar. Horregatik hiztunok erantzukizun handia dugu; izan ere, guk euskara errespetatzen eta etengabe hitz egiten badugu, dinamika bihurtzea lortuko dugu.
- Azken batean, Osakidetzan euskara erabiltzea Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-arretaren alderdi garrantzitsu bat da, eta neurriak ezarri behar dira arreta hizkuntza horretan jasotzeko eskubidea bermatzeko. Horretarako, alderdi materialean hainbeste inbertitu beharrean, arreta jarri behar zaio pazientearen eta profesionalaren arteko osasun-harremanari, eta neurriak ezarri behar dira osasun-arloko profesionalen hizkuntza-gaitasuna hobetzeko eta momentu guztietan komunikazio eraginkorra bermatzeko.
- Guztiok dakigunez, zoritxarrez, gaur egun ez da behar adinako osasun laguntzarik eskaintzen gure hizkuntzan, eta horrek zalantzarik gabe eragiten dio zerbitzuaren kalitateari, bai eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideei ere.
- Jada 2023an gaude, EAEn zerbitzu publikoak euskaraz eskaintzeko ordua dela iruditzen zait. Ordua da osasun-zentro, ospitale, eta eguneko zentroetan arreta euskaraz bermatuta izateko, euskara ama-hizkuntza dugunok ere biztanleriaren parte gara, dirudienez batzuentzat existitzen ez garen arren. Guk ere eskubidea dugu gure arazoak, nahiak, kezkak… gure ama-hizkuntzan adierazteko, gure hizkuntzan artatuak izateko.
- Praktiketan ibili naizenean erizain klinikoak lan bat egiteko proposatu zigun ikasleoi, amaierako nota igo ahal izateko. Zalantzak izan nituen lan hori egiterakoan, izan ere, erizain klinikoari euskaraz egingo nuela esatean haren erantzuna hau izan zen: “Vale como quieras, pero que sepas que hay enfermeras no te van ha entender”. Une horretan lekuz kanpo egongo banintz bezala sentitu nintzen. Nork dauka arazoa, nik Euskal Herrian euskaraz hitz egin nahi dudalako ala haiek (gehiengoak) euskara ez dakitelako? Argi dagoena da gaur egungo biztanleriari ahaztu zaiola Euskal Herriko hizkuntza euskara dela.
- Esanak esan, aipatutako guztia kontuan hartuta, argi eta garbi dago gazteleraren erabilera eremu askotan euskararena baino handiagoa dela. Nire aburuz hori onartezina da, pazienteek euskaraz artatuak izateko, inguruko informazioa (hormetako kartelak esaterako) euskaraz irakurtzeko eta beraien historia klinikoa euskaraz izateko eskubidea dutelako. Beraz, denok egin behar dugu zerbait euskararen alde gutxi batzuek den-dena egin ez dezaten.
Ikasle hauek guztiak erreferente bihurtu dira praktiketan egon diren zentroetan, eta bertatik bertara bizi izan dute zer-nolako lasaitasuna eta ongizatea sentitzen duten pazienteek beraiek hautatutako hizkuntzan artatzen dituztenean. Ez dakit hitz elkartuei eta izen sintagma konplexuei buruz asko ikasi duten, baina ziur nago denak bihurtu direla euskararen erabileraren aldeko eragile aktibo osasun-arloan. Hala bada, helburu garrantzitsu bat bete dugu, behintzat.
Hala ere (eta tamalez), zaharrak berri: ikasleen testigantzek erakusten dutenez, urrun gaude oraindik euskarazko arreta sanitarioa bermatuta izatetik, eta ezinbestekoa da kontzientziazio-lana egiten jarraitzea.

