Maite Imaz Leunda
Administrazioan lanean hasi nintzenean bihurtu zen ordenagailua eguneroko lan-tresna niretzat, orain dela 31 urte, ordura arte izan nituen langaiak lapitza, borragoma, paperezko hiztegiak eta idazmakina izan baitziren. Orain esku artean daukadan ordenagailu eramangarriarena baino antza handiagoa zeukan orduko ordenagailuak etxean geneukan Olivetti zaharrarena, baina lana asko errazten zidan, euskaratutako testu guztiak txukun antolatuta jasotzeko aukera ematen baitzidan. Jatorrizko testu guztiak paperean eskuratzen genituenez, kontu handia jarri behar zen itzulgaiak zenbaki eta izen propioz beteta zeudenean. Kopiatzea itzultzea baino errazagoa zen orduan ere, baina dena tekleatuz egin behar zenez, arreta handia jarri behar zen akatsik ez egiteko. Taulak berregitea ere ez zen lan makala izaten.
Dagoeneko itzulita zegoen testu bati aldaketatxo batzuk egin omen zizkiotela eta berriro itzultzaileongana heltzen zenean, jatorrizko testuaren bertsio zaharra eta bertsio berria bata bestearen ondoan jarri eta alderatzea beste aukerarik ez zegoen, zer aldatu zuten markatuta ez baldin bazegoen; eta markatuta zegoenean ere bai, badaezpada, markatu gabeko aldaketak egon zitezkeen eta. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarira (EHAA) erreferentzia bila jotzeko, jakin beharra zegoen zein egunetan argitaratutako aldizkaria behar genuen, bestela alferrikakoa izango zen ezeren bila hastea eta.
Itzulpen guztiak hutsetik hasten ziren, bidaltzaileak erreferentzia gisa balio zezakeen antzeko testurik bidaltzen ez bazuen behintzat. Errepikatzen diren deialdi edo aginduren bat jaso eta neuk antzeko zerbait itzulia nuen susmoa nuenean, agian topatuko nuen ordenagailuan jasota neuzkan dokumentuen artean xede testua, kostata betiere, baina jatorrizko testurik ez. Eta beste itzultzaileren batek itzulitakoa izanez gero, ia ezinezkoa zen ezer topatzea. Eraginkorrena hutsetik hastea zen.
Laster etorri ziren testu zati luzeak erraz kopiatzeko aukera, gaizki kopiatutakoak ezabatzeko aukera eta nahi gabe ezabatutakoan atzera egiteko aukera. Posta elektronikoa ere iritsi zen eta horri esker hasi ginen, pixkanaka-pixkanaka gero eta gehiago, itzulgaiak formatu elektronikoan jasotzen. Jatorrizkoa formatu elektronikoan izatea aldaketa handia izan zen, itzuli beharreko dokumentuaren kopia bat egin, horren gainean itzuli, eta zenbakiak eta izen propioak tekleatu beharrik gabe itzulpena formatu berberean ematea ahalbidetzen zen eta.
Nire iritzian, aldaketarik garrantzitsuena 1996an iritsi zen, itzulpen-memoriak probatzen hasi ginenean; itzulpen-memoriekin bukatu ziren dagoeneko itzulitako testuen bertsio berriagoak aldaketatxo batzuekin iristen zirenean jatorrizko bi bertsioak kotejatzeak zekarren nekea. Itzulpen-memoriek berehala egiten zuten lan hori. Lehendik antzeko zerbait itzuli ote genuen susmoa benetakoa ote zen berehala egiaztatzen ziguten itzulpen-memoriek.
Ondoren, lanerako Internet erabiltzeko baimena iritsi zitzaigun, hasieran eragiten zituen susmoak gainditu ondoren, garai hartan lanerako lagungarri baino gehiago bestelako entretenimenduetan denbora galtzeko mehatxu gisa ikusten baitzuten askok. Bistakoa da informazioa eskuratzeko aukera biderkatu eta bizkortu egin zigula Internetek.
Orain oso gutxitan hasi behar izaten dugu hutsetik itzultzen. Itzulgai hutsa jasota ere, itzulpen-memoriek, datu-base dokumentalek edo Internetek zerbait ematen digu gehienetan. Baina orain itzultzeko lehen baino lan gutxiago iristen zaigu eta berrikusteko gehiago, eta berrikusi beharrekoa non eta nola itzuli ote den asmatzen izan ditugu lanak. Euskara ondo menderatzen duen norbaitek batek aurretik itzulitakoa aprobetxatu eta testu berria berak itzuli ote du? Itzultzaile automatiko neuronalak agian? Eta neuronala izan bada, posteditatu dute?
Orain itzultzaile automatiko neuronala bihurtu zaigu kezka iturri. Esango nuke arazo batzuk konpontzen dizkigula eta beste batzuk sortu.
Urtero egiten den deialdiren bat, lehenago urtea joan eta etorri osorik itzultzeko bidaltzen zigutena, orain itzulita berrikusteko bidaltzen badigute, gerta daiteke itzultzaile automatiko neuronalarekin egindako itzulpena izatea. Hori izango litzateke lehenengo okerra: itzultzaile automatiko neuronala erabili behar ez denean erabiltzea, lehendik giza itzultzaile batek itzulitakoa ez delako aintzat hartu eta itzultzaile automatiko neuronalarekin ordeztu delako.
Gerta daiteke, halaber, zuzenketarik edo postediziorik gabeko itzulpena izatea. Hori izango litzateke bigarren okerra. Itzultzaile neuronala erabiltzen bada, posteditatu egin behar da eta postedizioa itzultzaile automatiko neuronala erabili duenak egin behar du. Ez du balio postedizioa egiteko lana itzultzaile bati pasatzea. Horrek ez dio itzultzaileari lana aurreratzen, lanerako alferrikako trabak sortu baizik.
Itzultzaile automatiko neuronalaren akatsak oso erraz antzematen dira batzuetan; hanka sartzen duenean ez du disimulatzeko ahaleginik egiten.
Un documento preciso y exacto Dokumentu zehatz eta zehatz bat
Eta gerta daiteke lehendik itzulita zegoena berreskuratzeko lana hartzea bezeroak, testu zati berriak itzultzeko bakarrik erabili izatea itzultzaile automatiko neuronala, eta batere postediziorik egin gabe testu osoa berrikusteko itzultzaileari bidaltzea. Horrelakoetan ez da lehenengo okerra gauzatzen, baina bai bigarren okerra eta areagotuta gainera. Ondo itzulitako testu luze batean neuronalak egindako tartekiak sartzen badira eta neuronalak akats nabarmenak egin baditu, itzultzaileari gehiago kostatuko zaio akats horiek topatzea. Zuzenketa sakona egiteko denborarik ez badu, akats horiek oharkabean joan daitezke. Bezeroari behin eta berriro esan behar zaio itzultzaile neuronal automatikoak itzulitakoa ezin zaiola itzultzaileari pasa posteditatzeko edo zuzentzeko, itzultzaileari lana gehitzen zaiolako horrela. Duela hiru hamarkada zenbakiak tekleatzen eta alderatzen pasatzen genuen denbora postedizioari eta zuzenketari eskaini beharko diogu orain.

