Amelia Pérez Conde
Hilabete honetan Consonni argitaletxeak Estación en curva liburua argitaratu du, Bihurguneko nasa liburuaren gaztelaniazko bertsioa. Jatorrizko liburuaren idazlea Uxue Apaolaza da, eta Ángel Erro itzultzaile eta idazleak itzuli du gaztelaniara.
Hitz bakoitzak eragina izaten du liburu bat itzultzen denean, eta hitz bakoitzaren truke hamaika aukera daude. Zein aukeratu? Erabaki horien bitartez, itzultzaileak istorioa, estiloa eta pertsonaiak alda ditzake. Liburu horretako pertsonaiek, ordea, elebidunak dirudite, eta naturaltasun osoz hitz egiten dute gaztelaniaz eta euskaraz. Ángel Errok lan horri buruzko galdera batzuk erantzun ditu.
― Nola aukeratu zenituen hitzak, tonua eta estiloa?
Instintuz jokatu dut, edo barne prozedura bati jarraituta. Uxue eta biok adiskideak gara, eta horrek lagundu dit Uxueren unibertsoa ezagutzen. Ipuinak Madrilen gertatzen dira, eta Uxuek Madrilen pasatutako azken urtean ni iritsi berria nintzen Madrilera, eta urtebetez-edo kointziditu genuen bertan. Uxueren gaztelania ezagutu ahal izan dut (esamoldeak eta abar), eta hori guztia baliagarria izan zait liburua itzultzeko.
― Zeri erreparatu diozu erritmoa lantzeko?
Uxuek pentsatzeko duen modu diagonala oso berea da, kontuei buruzko detaile oharkabeei erreparatzen die, batzuetan arrapaladan ere, hitz egin baino azkarrago pentsatzen duelako. Gauza batzuk erdizka esaten ditu soilik, edo iradoki baino ez. Bera lehen pertsonan ezagutzeak gauza egin nau ezaugarri horietako batzuk bere testuetan topatzeko eta «errealitatean» edo «liburutik kanpo» zer soinu duten jakiteko.
― Jatorrizko liburuan hizkuntzaren erabilera oso berezia da (puntuazioa, omisioak eta abar). Nola zaindu duzu alderdi hori?
Uxue hitzekin lehiatzen da, ia borrokan, eta ahal bezain urrunera iristen da adierazi edo ikusarazi nahi duen hori esateko. Hitzekin behin-behineko itun batera iristen da, eta nire beldurra zen hitzetan baino ez gelditzea eta jakitea atzean beste zerbait zegoela. Uxuek jaso duen eraikin horretan hitz bat aldatzeak, agian ulergarriagoa izateko asmoz perifrasi bat bilatu nahi izateak, desegin dezake ideia horretara iristeko hitz gakoa.
― Eta nola ziurtatu duzu esanahia?
Oso ohikoa ez den aukera bat izan dut itzulpen-lan horretan: itzuli ahala, itzulpenaren lehen bertsioak eta buruan nituen bertsio guztiak Uxueri bidaltzen nizkion, Uxuek aukera zezan hurbilen sentitzen zuena, edo benetako esanahiari gehien hurbiltzen zitzaiona. Ipuinez ipuin joan gara. Ez liburuko hurrenkeran, gainera.
Itzulpena entregatzeko epe murritzagatik, lan-metodo hori izan da gehien kostatu zaidana, aldi berean bainengoen itzulpen-estadio guztietan: itzulpen solte eta esploratorioan, neure buruaren zuzenketa eta txukuntzean, egilearekiko eztabaidan eta hirugarren pertsona baten eskuetan uztekoan.
― Itzulpenari lotutako alderdi bereziren bat aipatu nahi duzu?
Azkenaldian mania txar bat hartu dut euskarazko liburuak irakurtzean. Gustatzen zaizkidanean, gaztelaniatzeko gogoa sortzen zait, eta oharkabean hasten naiz buru barneko itzulpena egiten, tarteka. Zorionez ez zait beti gertatzen, ezta liburu guztiekin ere. Uxueren horrekin, bai. Hasieran esandakoarekin lotuta, barne prozedura lehenagotik hasita zegoen kasu horretan.

