Amaia Lersundi Pérez
Nire lehenengo sarreran aipatu nuen hizkuntza-mailak eragin nabarmena duela ikaste-prozesuaren kalitatean; hau da, hizkuntzaren erabilera egokia funtsezkoa dela ikasleen garapen akademikorako. Garrantzitsua da aitortzea hizkuntza ez dela soilik ikasgelako komunikazio-tresna bat, baizik eta ezagutzak eskuratzeko, esanahiak eraikitzeko eta ikasgelan aktiboki parte hartzeko bitarteko bat ere badela.
Gaur egungo eskoletan ohikoa da ikasleek kultura- eta hizkuntza-testuinguru desberdinak izatea, eta gela berean hizkuntza-maila eta hizkuntzekiko jarrera oso desberdinak dituzten ikasleak elkartzea. Errealitate horren aurrean, ikasleei hizkuntza garatzen laguntzeko, irakasleak ikasleek izan ditzaketen hizkuntza-oztopoez eta zailtasunez jabetu behar dira. Bestela esanda, irakasleak gai izan behar dira ikasleen behar eta gabezia linguistikoak identifikatzeko, eta estrategiak eskaini behar dituzte ikasleen beharretara egokitzeko eta jarreretan modu positiboan eragiteko.
Ikasleen lehen hizkuntzak ikasgelan sartzea estrategia baliotsua izan daiteke euskara ikasteko eta beste hizkuntzekiko jarrera positiboak sustatzeko. Hona hemen irakasleek erabil ditzaketen zenbait estrategia: ikasleen lehen hizkuntzak balioestea, itzulpen-ariketak proposatzea, baliabide elebidunak erabiltzea, ikasgelako hizkuntza-aniztasuna kontuan hartzen duten jarduerak integratzea… Ekintza horien helburua ikasgelan hizkuntza-aniztasuna errespetatu eta kontuan hartuko duen ingurune bat sortzea da. Ikasleen etxeko hizkuntzak gelan txertatzean, ikasleek beste hizkuntzekiko jarrera positiboa garatzen, kulturen arteko ulermena sustatzen eta hizkuntzak ikasteko esperientzia orokorra hobetzen lagundu dezakete.
Hala ere, estrategia horiek tresna baliagarriak izan daitezke hizkuntza ikasteko beste metodo batzuekin uztartzen badira; eta horretarako beharrezkoa da irakasleek estrategiak modu kontzientean erabiltzea. Irakasle guztiek, irakasten duten maila edo irakasgaia edozein delarik ere, kontziente izan behar dute, batetik, hizkuntzak jakintza-arloetan duen rolaz, eta bestetik, beren erantzukizuna ere badela ikasleek hizkuntza- eta komunikazio-gaitasuna garatzea. Kontzientzia izateak esan nahi du irakasleek hizkuntzaren funtzionamenduari buruzko ezagutza (ahalik eta sakonena) izatea, alderdi gramatikalak, semantikoak, pragmatikoak eta soziolinguistikoak barne, eta horiek modu esplizituan lantzea. Modu horretan, irakasleak ikasleei hizkuntza-trebetasunak garatzen eta hainbat testuingurutan hizkuntza modu eraginkorrean eta kontzientean erabiltzen irakatsiko die.
Ikasleen hizkuntza-maila edozein dela ere, garrantzitsua da irakasleek ikasleen parte-hartzea sustatzea gelan. Ikasle eta irakasleen arteko elkarrekintza beste gako nagusi bat da hizkuntzaren garapen-prozesuan. Elkarrekintzaren bidez, ideiak trukatzen dira, esanahia eraikitzen da eta, ondorioz, hizkuntza-trebetasunak garatzen dira. Ikasleak ez badira eroso eta motibatuta sentitzen, zaila egingo zaie hizkuntza-jardueretan aktiboki parte hartzea. Horregatik, irakasleek testuinguru atsegina eta erosoa sortzeko ardura dute, ikasleek hizkuntza erabil dezaten eta poliki-poliki gelako berbaldiaren protagonistak bihurtu daitezen. Dagoeneko iritsi gara ekainera, eta, udaberriaren amaierarekin batera, ikasturte amaiera ere gerturatzen ari da. Irailean ikasturte berria hasi arte, gazte askok ez dute euskara erabiliko. Hizkuntzak ikasi dituen edonork badaki zenbat kostatzen den hizkuntza bat ikastea, eta zeinen azkar ahazten den! Beraz, aprobetxatu dezagun udako oporraldia, gazteak epaitu gabe, haiekin hitz egiteko, komunikatzeko, galdetzeko, hausnartzeko eta motibatzeko!

