Denbora galtzearren, txartela

Iñaki Iñurrieta Labaien

«Txartel horia atera dio epaileak Mallorcako jokalariari, denbora galtzearren». Halaxe esan zuen irrati-esatariak, argi eta garbi entzun nion. Zur eta lur geratu nintzen: epailea denbora galdu nahian? Normala, orain artean, jokalariak denbora galtzen saiatzea izan baita, emaitza alde badute. Orain, epaileak hasi al dira futbolean denbora galtzen, eta horretarako txartelak ateratzen jokalariei?

Berehala ulertu nuen, eta honela irudikatu nuen futbol-zelaian gertaturikoa: jokalariak kanpora bota zuen baloia, denbora galtzearren; eta epaileak txartel horia atera zion horregatik, hau da, denbora galtzeagatik. Horixe adierazi nahi izan zuen esatariak, noski, eta, horretarako, niretzat adiera finala duen forma bat adiera kausalean erabili zuen.

Ez zen lehen aldia gisa horretako esaldiak entzuten nituena, hau da, -t(z)earren forma adiera kausalean erabilita.

Kausa eta helburua uste baino hurbilago daude bata bestetik; elkarrekin nahastuta ere bai, askotan. «Zergatik egin duzu hori?», galdetzen digute, eta «denbora irabazteagatik» erantzuten dugu, hau da, «denbora irabazteko». Alegia, helburu bat gure jardueraren eragile bada, gure jardueraren kausa ere badela esan daiteke. Filosofian kausa finala esaten diote kausa mota horri.

Horrek ekarri bide du bi perpaus motak adierazteko erabiltzen diren formen nahasketa. EGLUn begira hasita, ikusi dut nahiko zabaldua dela -t(z)eagatik formak bietan erabiltzea, hots, kausazko eta helburuzko perpausetan; aspalditik, gainera. Hala, esatariak esan izan balu jokalariak denbora galtzeagatik bota zuela baloia kanpora, normala irudituko zitzaidan. Erdialdetik ekialderako euskalkietako euskaldun gehienei bezala, esango nuke. Hau da, ulertuko nuen jokalariak denbora galtze aldera bota zuela baloia kanpora, denbora galtzeko asmoz eta helburuz.

Egunotan irakurri dudan beste adibide bat: «Iheslari asko eta asko segurtasun fisikoagatik alde egindako errefuxiatu politikoak ziren». Esaldi horretan ez da esan nahi, noski, segurtasun fisikoa zutelako alde egin zutenik, segurtasun fisikoa izateko baizik. Segurtasun fisikoa izatearren, alegia. Hau da, segurtasun fisikoa lortzeko helburua zutela zio, arrazoi, eragile, alde egiteko. Helburua zutela kausa, hortaz.

-t(z)earren forman, aldiz, askoz arrotzagoa egiten zait kausazko eta helburuzko perpausen nahasketa hori. Orotarikoan helburuzkoak adierazteko formatzat jotzen da argi eta garbi aditz-izena + arren atzizkia (Harriet: «Terminaison biscayenne d’un verbe; ‘afin de’»). EGLUk, berriz, aipatzen ditu, bai, kasu bakan batzuk kausazko adieran, baina salbuespentzat-edo jotzen ditu.

Azkenaldian, ordea, behin baino gehiagotan aditu izan dut -t(z)earren kausazkoa, esan bezala, eta horrek pentsarazi dit hizkuntza guztietan gertatzen den aldaketa eta bilakaera etengabearen beste adibide bat izango dela. Zer diozue forma hori bizirik duzuenok?

One Reply to “”

Utzi iruzkina