Iruñeko Bibliak

Iñigo Roque Eguzkitza

Hitzaren aurretik irudia izan zela ez da dudarik. Leizarragak ere honela adierazi zuen, San Joan apostoluaren gutunaren hasiera euskaratzean:

Hatsean-danik zena, enzun ukan duguna, gure begiez ikusi ukan duguna, kontenplatu ukan duguna, eta gure eskuek hunki ukan dutena bizitzeko Hitzaz.

Eta, itxuraz, Leizarragarena izan zen kristauen jainkoaren hitza euskaraz lehenbizi errenditzeko ohorea. Hitz idatziaren aurretik, baina, irudia izan zen, edo, hobeto esanda, hitz idatzia ulertzen ez zutenentzat irudia izan zen aurrena.

Horren lekuko ditugu eliza-baselizetako irudi eta eskulturak. Eta horren lekuko ditugu, orobat, Iruñeko Bibliak. Antso Azkarra erregearen eskariz, Ferrando Petri Funeskoak apailatu zuen Erdi Aroko miniatura-lan zoragarri hori, XII. mendearen hondarrean. Gutako gehienentzat aski ezezagunak izan dira, baina itzulpengintzaren adar ezkutu horren emaitza finak ditugu, François Bucher irakasleari kasu egitera: «Erdi Aroko biblia-ziklorik baliotsuenetako bat osatzen dute», eta «Erdi Aroko biblia-irudigintzaren erakusgarririk behinenen artean jartzekoak dira».

Artikulu honen egokitasunaz zalantza egingo du, hurrean, baten batek, hemen hizkuntzaz edo itzulpengintzaz jardutea baitugu lege. Hala ere, testuak hizkuntza batetik bestera ekar daitezke, baina baita ere hizkuntza idatzitik beste adierazpide batera, beste zeinu-sistema batera; irudietara, esaterako. Jakobsonek itzulpen intersemiotiko izena eman zion langintza horri, «On Linguistic Aspects of Translation» artikulu ezagunean.

Intersemiotic translation or transmutation is an interpretation of verbal signs by means of signs of nonverbal sign systems.

Iruñekoak, izatez, hiru Biblia dira, baina horietatik bi bakarrik atera ziren Funeskoaren eskuetatik, hirugarrena geroago egindako kopia gotiko bat baita.

  • Amiensko Biblia (1197). Antso Azkarraren eskariz egindakoa. Amiensko Udal Liburutegian gordeta dago.

  • Harburg-eko Biblia (c. 1200). Erosle ezezagun batek eskatu zion Ferrando Petriri kopia bat egiteko. Emaitza antzekoa den arren, irudien % 40 desberdina da. Gaur egun, Oettingen-Wallerstein familiaren esku dago, Harburg-en duten gazteluan, Alemanian.

  • New Yorkeko Biblia (XIV. mendea). Aurreneko Biblia Frantzia iparraldean egon zen bitartean eginiko kopia gotiko bat da. Gaur egun, New Yorkeko Udal Liburutegian dago.

Obraren egiletza lehenbiziko Bibliaren kolofoiak salatzen digu:

Explicit hic liber, Deo gratias, quem lustrissimus Sancius, rex Navarre, filius Sancii, nobilissimi regis navarrorum, fecit fieri a Ferrando Petri de Funes, et Ferrandus Petri de Funes composuit hunc librum ad honorem domini regis et ad preces ipsius prout me lius potuit, precipue ut omnipotentis Dei amorem acquirat et eius dem regis

Sancii possit gratiam invenire. Fuit autem consumatus hunc librum Era M.CC.XXX.V., Anno ab Incarnatione Domini M.C.LXXXX.VII.

François Bucher ikertzaileak, ordea, lau marrazkilari sumatu zituen, guztiak ere Ferrando Petriren gidaritzapean arituak (The Pamplona Bibles, New Haven, 1970). Nor zen Petri hori, ordea? Antso Jakintsuaren scriptor izana zen (1184), eta gero haren kantziler (1192). Bibliak egin zituen garaian, Berberiego-ko artxidiakonoa zen Calahorrako katedralean.

Eskuizkribuoi Biblia izena erantsi zaien arren, Itun Berri nahiz Zaharreko pasarteekin batera, santu-santen bizitzak ere ageri dira (Amienskoan 177, eta Harburgekoan 219). Horixe dute, gainera, bereizgarri nagusietako bat lanok, Mendebaldean ez baitziren batere ohikoak halakoak. Iruñeko Bibliak, guztiaz ere, bete-betean sartzen dira garai hartako Biblia irudidunen Mendebaldeko tradizioan. José Luis Orellak, esaterako, nabarmendu du ingeles irudigintzaren eragina.

En efecto siguiendo a M. Rosa Pan Sánchez es constatable la relación de las ilustraciones de códices ingleses, como el “Aelfric ́s Paraphrase” y el “Caedmon ́s Genesis poem”, con las Biblias de Pamplona.

Luzeegi aritu gara honezkero. Argibide gehiago nahi izanez gero, bi testu hauek gomendatzen dizkizuet:

De Silva y Verástegui, Soledad: «La Biblia del rey Sancho el Fuerte de Navarra», in Príncipe de Viana, 256. zk. (2012ko maiatza-abuztua).

Finch, Julia A.: Bibles en images: Visual Narrative and Translation in New York Public Library Spencer Ms 22 and Related Manuscripts, University of Pittsburgh, 2011.

Gatozen, orain, artikuluaren hasmentara, eta eman diezaiegun hitza Amiensko irudiei.

Lehen irudia

a) Jonas ontzian Tarsis-era bidean, b) Jonas itsasora jaurti dute ekaitza baretzeko.


bigarren irudia

c) Arrainak Jonas jan.

Hitzez honela itzuli zituen pasarteok Duvoisinek:

a) Eta Jonas jaiki zen, Jaunaren aitzinetik Thatsisera ihes egiteko. Jopera jautsi zen eta atzeman zuen Thatsisera zihoan untzi bat; eman zuen bidaiako behar zen dirua, eta untzian sarthu zen, hartan zirenekin Tharsisera goateko Jaunaren ihes. (Jon 1, 3)

b) Eta hartu zuten Jonas eta itsasora arthiki zuten, eta itsasoa jabaldu zen bere irakiduratik. (Jon 1, 15)

c) Eta Jaunak han ezarri zuen arrain handi bat Jonasen iresteko; eta Jonas arrainaren sabelean egotu zen hirur gau-egunez. (Jon 2, 1)

2 Replies to “Iruñeko Bibliak”

  1. Zergatic ez litzateque behar respetatu -behintzat honaco forotan- aiphuac diren bezala? Zein dateque arrazoina ez respetatzeco originala, versione originala? Prefosta ari naiz buruz aiphua hon Leizarraga zeren aiphuac hon autore erdaldunac, direlaric inglesez, latinez edo … bai dira respetatzen, esango nuque osoqui edo totalqui.

    Non da gure memoria, gure memoria historicoa?

    Atsegin dut

  2. Ez da euskara prepositiboa, baina agian honela hobeto konprenituko duzu:

    Hatsean-danic cena, ençun vkan duguna, gure beguiéz ikussi vkan duguna, contemplatu vkan duguna, eta gure escuéc hunqui vkan dutena vicitzeco Hitzaz.

    Atsegin dut

Utzi iruzkina