Back to Leizarraga

Iñaki Iñurrieta Labaien

Diodan bertatik, badaezpada: izenburu hori ez da nik asmatua. Arestiri hartu diot. Hauxe idatzi zuen bilbotar poetak 1972ko «gau erdiren batean», Hiztegi Tipiaren sarrerarako: Zinki eta finki esperatzen dugu (akaso euskara unibertsitateen paret-artean murgilduko denean), etorkizuneko jenerazioek derrigor itzuli beharko dutela «back to Leizarraga». Ortografiaz eta hiztegi-kontuez ari zen, baina sintaxi-kontuez ere badugu zer ikasia Beskoitzeko apaizarengandik.

Jesus Maria Agirrek estilo jarraituaz jardun zuen bere azken sarreran, eta iruzkin segida interesgarria etorri zen ondotik. Prosa lotuaren beharraz, sinplea/erraza bitasunaz, plain language edo hizkera argiaren aldeko joeraz… Bat egiten dut han esandako hainbat gauzarekin. Askotariko estiloak behar ditugu, luzean zein laburrean jokatzeko, noranahi iristeko modukoak.

Egia da hizkera espezializatuen konplexutasunak estilo sintaktikoki konplexua eskatzen duela askotan. Bestetik, plain language delakoa, hizkera argia, ez da euskararen ezaugarri sintaktikoek halabeharrez ekarritako zerbait; beste hizkuntza batzuetatik iritsi zaigun kontzeptua eta xedea da; azken buruan, kalitate demokratikoarekin du zerikusia. Bestalde, testu jarraitua eta aldi berean korritzen duena idaztea ez da erraza, baina ezta sinpletasun betea lortzea ere. Orain, dena den, badirudi luzean egiten dugula batez ere herren.

Ez da kontu berria, Villasantek ere idatzi zuen gaiaz orain 25 urte. Europako hizkuntza garatuen kultur prosa aldarrikatzen zuen euskararentzat ere, eta horretarako euskaran bertan genuela eredua. Gure prosista zaharrak aztertu behar genituzke, zioen, ahazturik dugun gure tradizio zaharra berraurkitzeko[1]. Badira hogeita bost urte frantziskotarrak hori idatzi zuela, eta urteotan asko landu da euskal prosa, asko itzuli da, baina oraindik ere hortxe ari gara gai berari bueltaka.

XVI. mendean hasten da gure tradizioa. Garai hartan, Europako hizkuntzak latinari ari zitzaizkion nagusitzen; nola, eta latinaren ereduari jarraituz. Besteak beste, latinak grekoari hartutako periodoak eta klausula periodikoak moldatzen ikasiz (periodoa: perpaus nagusi bat eta haren bueltan zenbait mendeko; klausula periodikoa: batez ere koordinazioz lotutako perpausek osatutako esaldia[2]). Pentsamendua horrela antolatzeko eredu hori, hain bistakoa iruditzen zaiguna, hain naturala, grekoek hasi eta latindarrek segida eman eta garatua da. Europako hizkuntzek eredu horri jarraitu zioten. Baita euskarak ere; ezinbestean, hots, ez zuelako besterik.

Leizarragaren testuetan[3] nabari-nabari ageri zaizkigu esaldi periodiko horiek. Hemen adibide bat:

Guk dugu sinhesten,
ezen fedean Espiritu sainduaren grazia sekretuz iluminatzen garela,
halako maneraz non hura baita jainkoak plazer dienei emaiten drauen dohain graziazko bat eta partikular bat;
hala non fidelek ezpaitute zertzaz glorifika ditezen,
baina dirade obligatuagoak,
zeren bertzetarik abantail preferitu izan diraden;
eta etzaie elejituei fedea emaiten behin bide onean ezartzeko solament,
baina finerano hartan kontinua eraziteko ere bai;
ezen hatsea bezala akabatzea ere Jainkoari apertenitzen zaio.

Pasarte hori dena segidan dator jatorrizkoan, baina nik esaldi periodikoa osatzen duten perpausen arabera zatitu dut, errazago ikus dadin nola dagoen artikulatua eta bildua prosa molde hori, jarraitua eta korritzen duena aldi berean; errazago suma dadin darion erritmoa, zeinean zerikusi handia baitute lerro bakoitzaren hasieran beltzez jarri ditudan bide-seinaleok: testuari koherentzia eta kohesioa emateko erabili diren lokailuak, sintaxia egituratzen duten juntagailuak, izenordain erlatiboak.

Bide-seinaleak: testu irakurgarriak egiteko ezinbesteko gakoetako bat, atzerakarga ezinezkoetatik babesten gaituztenak; ezinbestekoak, irakurketan abiatzen garenean, estropezu eta atzera-aurrerarik gabe jomugara iristeko.

Herenegun bertan zioen Igone Zabalak bere sarreran, sintaxi-kateak prozesatzeko erraztasun-maila zuzenki proportzionala da sintagmen buruetara heltzeko prozesatu behar den hitz-kopuruarekin; horrek azaltzen du zergatik SOV tipologiako hizkuntzetako hiztunek ere —besteak beste, euskaldunok— nahiago dituzten (ditugun) aditzak eta mendeko perpausen konplementatzaileak aurreratuta dituzten esaldiak, subjektuaren eta aditzaren artean tartekatutako osagai askoko kate luzea gertatzen denean.

Lan horretan, pausaleku zaizkigun eta nora goazen jakiten laguntzen diguten bide-seinaleak behar ditugu. Denoi pasatu zaigu, askotan, Asier Larrinagak Igonerenak iruzkinduz kontatzen zuena ere: abiatu gara testu bat irakurtzen, eta bidean aurrera samar, ohartu gara oker irakurtzen ari ginela testua, eta atzera-martxa sartu behar izan dugu. Bide-seinale egokien faltaz gertatu zaigu hori, noski.

Trebatu beharra dugu geure testuetan eraikitzen ditugun bideak seinale egokiz hornitzen, bertatik ibiliko direnak ahalik errazen bidaia dezaten, proposatzen zaien paisaiaz ondo jabetuz, arreta osoa gida-lan nekosoan jarri beharrik gabe. Eta horretarako, komeni zaigu back to Leizarraga eta beste idazle zaharretara itzultzea.


[1] A. Luis Villasante, Euskararen auziaz, 1988.

[2] Helen Dill Goode, La prosa retórica de Fray Luis de León, Gredos, Madril, 1969.

[3] Joannes Leizarraga, Euskal protestantismoa zer zen, Lur, 1970.

Inpertsonalak eta abstraktuak

Koldo Biguri

1. Hilgarriak. Badakit blogeko sarrera bakoitzari zerbait erantzuteko daukagunean komeni dela sarrera horretan bertan erantzutea eta ez geroago; baina, askotan, hari horretatik tiraka, mataza korapilatuago bat aurkitzen dugula irudituko zaigu, eta halaxe gertatu zait niri Iratxe Goikoetxearen azken sarrerako istripu hilgarri ditxosozkoekin.

Berak aipatzen duen urteetako eztabaida berriro ez berpiztearren, agian, esapide horren inguruko beste albo-gogoetaren bat ekarri nahi nuke plaza honetara nire ekarpen gisa.

Izan ere, alde batera utzita “istripu hilgarri” batean derrigor jendea hiltzen den ala ez, era honetako esamoldeen erabilerak ifrentzuan duen inpertsonalizazioaz (edo despertsonalizazioaz) nahi nuke mintzatu, iruditzen baitzait hori badela, edo izan daitekeela, itzulpenetan kontuan izan litekeen osagai bat, euskararen eta erdaren arteko konparaketa eginez.

Esango nuke, orain arteko euskaran behintzat, eta, seguru aski, hizkuntza guztien halako fasean, mintzagaia biziduna izateko joera dagoela. Eta, hartara, normalago iruditzen zaigu esatea Urlia istripu baten hil da, ezen ez Istripu batek Urlia hil zuen. Beharbada, istripua ez delako oso gauza konkretua, kontzeptu abstraktua baizik. Konkretuagoa den kasu batean, uste dut, aldiz, normala dela esatea Bala batek hil zuen Urlia. Alegia, irudipena dut –eta beste adibide gehiagoren bila ibiltzeko astirik ez dudanez, norberak bila ditzala– euskarak konkreturako joera duela, eta erdarak abstrakturako.

Erantsi honi gure garai hauen despertsonalizazioa dei genezakeena: axola dutenak ez dira pertsonak, pertsonak ez gaude jada gauzen erdigunean; eta zenbaki edo portzentaia hutsetara murrizten gaituzte. Horregatik esaten da Iratxeren erantzun batean dagoen esaldia, Lan istripu hilgarriak %48 murriztu dira, bai baitirudi kontzeptualki “onarkaitzago” zaigula esatea Lan istripuetan hil direnen kopurua %48 murriztu da. Bestalde, jakina, berak dakarren beste adibidea, 30 lagun hil dira aurten 28 istripu hilgarritan, adjektibo erredundantea dela esan beharrik ez dago.

2. Eta hilkorrak. Konkretu/abstraktu dikotomia berberaren barruan iruditzen zait sar genezakeela, orobat, oraindik oso hedatuta dagoen beste kontzeptu terminologiko batean: hilkortasun tasa. Badirudi hiztegi gehienetan hori baztertu eta heriotza tasa proposatzen dela, konkretuagoa nire ustez aurreko kontzeptu abstraktua baino; hala ere, Euskaltermen oraindik ageri da, bestearen ondoan. Eta, zonbi samarrak bihurtu ez bagara, nork ukatuko du hilkortasun tasa beti %100ekoa dela?

Parametroak, erregelak, patroiak eta arauak

Igone Zabala Unzalu

Hizkuntzalariok hizkuntzaren “egitura” edota hizkuntzaren “erabilera” azter ditzakegu. Hizkuntzaren egiturari “hizkuntza-sistema” edo “gramatika” ere esan ohi zaio, eta hizkuntzen egiturari erreparatzen diote, besteak beste, hizkuntzen arteko erkaketak egiten dituzten tipologia-azterketek eta hizkuntzen gramatika deskribatzea helburu duten azterketek.

Giza hizkuntza giza espeziearen bereizgarria denez, oinarrian “sistema” komun bat duela pentsatu behar da. Sistema hori deskribatzeko abstrakzio maila handiko “erregela” batzuk eta sistema horren barruan hizkuntzen arteko aldakortasuna azaltzeko balio duten “parametro” batzuk definitu dira, hizkuntza arteko aldakortasuna azaltzeko errelebanteak direlakoan[1]. Mundu zabalean hizkuntzen sistemen arteko erkaketak egiteko Joseph H. Greenberg-ek[2] definitu zituen irizpideen artean, perpausaren oinarrizko elementuen (S, V eta O) antolakuntza kontuan hartzen dituena dago[3]. Greenberg-ek aztertu zituen hizkuntzen artean, SOV eta SVO ziren tipologia nagusiak, hurrenez hurren, % 44,78 eta % 41,79 proportzioan. Ezaguna denez, euskara SOV motako hizkuntza dela onartzen dugu oro har hizkuntzalariok, Rudolf de Rijk-i[4] jarraiki. Onarpen hori, duen abstrakzio mailan ulertu behar da, alegia, hizkuntzak elkarren artean erkatzeko balio duten Gramatika Unibertsalaren parametroen balioen testuinguruan, eta ez inola ere euskararen gramatika-sistema deskribatzen duen urrezko erregela balitz bezala.  Beste irizpide tipologiko garrantzitsu bat da ordena-askatasunarekin lotuta dagoena. Adibidez, ingelesa eta gaztelania SVO tipologiako hizkuntzak izanagatik ere, gaztelaniaren hitz-hurrenkera ingelesarena baino askeagotzat hartzen da, eta euskararen hitz-hurrenkera gaztelaniarena baino are askeagoa dela oro har onarturik dago gure artean aspaldian, gutxienez Ithurry-ren[5] gramatikatik aurrera[6].

Giza hizkuntza-sistemaren eta hizkuntza partikularren sistemen arteko elkarreraginean kokatzen du Hawkins-ek[7] sintaxi-kateak prozesatzeko erraztasun maila, eta sistema bat proposatzen du erraztasun hori neurtzeko. Sistema hori lotuta dago sintagmen buruetara heltzeko prozesatu behar den hitz kopuruarekin, eta azaltzen du zergatik nahiago dituzten SOV tipologiako hizkuntzetako hiztunek (ere) aditzak eta mendeko perpausen konplementatzaileak aurreratuta dituzten esaldiak, subjektuaren eta aditzaren artean tartekatutako osagai askoko kate luzea gertatzen denean. Posible diren hurrenkeren artean, hiztunek prozesatzen errazagoak direnak hobesteko joera izango dutela defendatzen du. Euskarari ikuspegi teoriko hori aplikatu dio, besteak beste, Jon Ortiz de Urbinak[8], eta ikuspegia ezin hobeto uztartzen da, gainera, gure artean erabat zabaldurik dauden estilo-gomendioekin, besteak beste, Zubimendiren eta Esnalen[9] gomendio ezagunekin.

Sintaxilariek perpausaren oinarrizko ordena horien gainean gertatzen diren sintaxi-eragiketak aztertzen dituzte eta saiatzen dira aurkitzen zein diren Gramatika Unibertsala deskriba lezaketen “erregelak” eta, horien barruan, hizkuntza bakoitzaren gramatika-sistemaren “erregelak”. Lan horien helburua da gramatikaltasunaren mugak bilatzea. Sintaxi-lanetan aztertzen diren eragiketen artean daude galderak, ezeztapena, eta “fokuaren” eta “topikoaren” markaketa. Sintaxi-eragiketa guztiek dituzte ondorio fonetikoak eta ondorio semantikoak. Fokua nabarmenduta geratzen da prosodian eta esaldiaren interpretazioan: azken batean txanpon beraren bi aldeak dira horiek. Batzuetan fokuak hartzen duen prominentzia hori lotuta dago hitz-hurrenkeraren aldaketekin eta beste zenbaitetan ez. Euskaraz, fokua aditzaren ezkerrean kokatzen da oso maiz, baina ez beti. Adibidez, hor daude zuzenketa-fokuak[10] edota sintagma eta mendeko esaldi luzeak. Nolanahi ere, oinarrizko hitz-hurrenkeraren aldaketak ez dira bakarrik gertatzen fokuaren markaketaren ondorioz, jakina, beste eragiketa sintaktiko askok eragiten baitituzte hitz-hurrenkeraren aldaketak, besteak beste, ezeztapenak eta galderek.

Egitura sintaktikoak hizkuntzaren komunikazio-zereginarekin lotzeak eta pragmatikaren eta diskurtsoaren testuinguruan kokatzeak ekarri zuen, XX. mendearen erdialdean, esaldien egitura sintaktikoaz ez ezik, informazio-egituraz ere hitz egiten hastea Pragako hizkuntzalari funtzionalisten eskutik eta hizkuntzaren azterketarako hurbilketa soziodiskurtsiboetan[11]. Funtsezko ideia da informazio ezaguna/informazio berria partiketa. Askotariko terminologia erabili eta erabiltzen da lan horietan aipatu partiketarekin lotuta eskola eta alor desberdinetako hizkuntzalaritza-lanetan: logical/psychological subject vs logical/psychological predicate, presupposition vs focus, topic vs comment, theme vs rheme, topic vs predicate, topic vs focus. Euskaraz, denok oso ondo dakigun bezala, nazioarteko terminologia moldatuz erabilitako denominazioak ez ezik, “galdegaia”, “mintzagaia” eta “iruzkina” ere erabili izan dira. Nolanahi ere, artikulu honen ildoari jarraiki, azpimarratu beharrekoa da esaldien informazio-egitura ezin dela ondorioztatu diskurtsoa kontuan hartu gabe. Adibide bat emateagatik, Gizon batek bi seme zituen, Bi seme zituen gizon batek eta Gizon batek zituen bi seme esaldiek hitz-hurrenkera desberdina izanagatik ere, kontakizun baten hasieran daudela jakinda, erraz asko ondorioztatuko dugu informazio-egituran gailentzen den elementua bi seme dela hiruretan. Maila horretako gogoetek hizkuntzaren erabilerarekin dute zerikusia gramatika-sistemarekin baino areago, eta maila horretan, “patroiez” hitz egin genezake: patroi desberdinen maiztasuna azter genezake corpus batean edota saia gintezke lotzen patroi horietako bakoitzaren erabilera-maiztasuna zenbait faktore soziopragmatikorekin.

Honaino hel daitezke hizkuntzaren gramatika-sistemaren eta erabileraren (edo erabilera-sistemaren) azterketarako hurbilketa deskriptiboak eta horien gainean egin daitezkeen “teorizazioak”. Izan ere, hizkuntzalarien artean zabaldutako onarpena da Hizkuntzalaritza deskriptiboa izan behar dela: hizkuntzalariak “esaten denaz” daude interesatuta eta ez “esan behar denaz” eta, beraz, hizkuntzen alderdi guztiak deskribatzen dituzte “parametroak”, “erregelak” eta “patroiak” erabiliz, baina preskripzioa, alegia “zuzentasun-arauak” formulatzea, hizkuntzalaritzaren lanetik kanpo dagoela onartu ohi da. Nolanahi ere, garbi dago preskripzioak, alegia, erabilerari eragiteko “arauak” edo “legeak” ematea ohikoa dela hizkuntzetan zehar eta eragin handia duela hizkuntzan berean. Milroy eta Milroy[12] soziolinguisten gogoeta ekarriko dut hona, euskarari buruz ari garenean kontuan hartzekoa dela uste dut eta:

However, the reservation about prescription that is commonly expressed, has, in practice, led to a general tendency to study language as if prescriptive phenomena play no part in language. Many professional language scholars appear to feel that, whereas it is respectable to write formal grammars, it is not quite respectable to study prescription.

The attitudes of linguists (professional scholars of language) have little or no effect on the general public, who continue to look to dictionaries, grammars and handbooks as authorities on ‘correct’ usage.

Hitz-hurrenkeraz ari garelarik, “Altuberen legea” esan ohi zaiona preskripzioan kokatu behar den “lege”, “arau” edo “norma” bat da. Izan ere, zenbait euskaldunek erabiltzen dituzten hurrenkera batzuk baztertzea zuen helburu. Preskripzioa ohiko eginkizuna da estandarren garapenean, eta estandarizazioa jomugan duten arauak beti abiatzen dira (edo abiatu beharko lirateke) deskripzio batetik, konpondu nahi duten “arazo” baten diagnostikoa eginez, erabilerari eragiteko arau bat proposatzeko. Altubek ere euskaldunek erabilitako askotariko hitz-hurrenkeretatik abiatuta, diagnosi bat egin zuen, alegia, hurrenkera horietako batzuk “erderismoak” zirela eta, euskararen sistema babestea helburu hartuta, zenbait lege proposatu zituen. Esan beharrik ere ez dago Altuberen legeek XX. mendeko prosan (hegoaldean behintzat) izan duten eragina izugarria izan dela, eta eragin horretatik ateratzeko egiten ari garen ahalegina are handiagoa dela. Foro honetan Juan Garziak idatzitako Aditza amaieran? eta Galdegaia aditzaren atzean artikuluak edota Asier Larrinagak idatzitako Mintzagairi deika (I) ahalegin horren adibideak dira, bai eta Patxi Petrirenak, Gilen Mejutok eta Asier Larrinagak egindako iruzkinak ere.

Zentzu horretan esaten  nuen nik Juanen azken artikuluari egindako iruzkinean nire iritziz euskara estandarrak ez duela behar “galdegaiaren lege bat”, ez artikulu bakarra duen legerik, ez eta artikulu sorta luze bat duen legerik ere eta, areago, euskararen garapenerako kaltegarri deritzedala halako legeei. Euskararen hitz-hurrenkera gobernatzen duten “erregelak”, beste hizkuntzetan bezala, iturri askotatik datoz: giza espezieak hizkuntza prozesatzeko duen gaitasunetik, Gramatika Unibertsalaren erregeletatik eta parametro-aukeretatik, sintaxi- eta diskurtso-eragiketetatik… Euskaldun (arruntok) parametro eta erregela horiei eta gure esperientzia linguistikoan ikasten ditugun patroiei esker sortzen eta prozesatzen ditugu esaldiak, ez “galdegaiaren legearen” arabera. Hortaz, preskripziorako abiapuntu okerra iruditzen zait mota jakin bateko segidak hartu, isolatu, eta irakurleek interpretatzeko arazoak izango dituztelako “aurreiritzitik” abiatzea idazmolde jakin bat preskribatzeko. Kezka horrek eraman nau artikulu luze eta, seguruenik, korapilatsuegi hau idaztera. Zehazkiago, Juan Garziari irakurri diodan esaldi honek sortu dit kezka: «Une honetan, (definizioetako) lotura-esaldietan dago, ia-ia, halako tirabira bakarra estandarra zaintzen dugunon artean; hots, Zer da gramatika? motako galderen erantzunezko esaldien hitzordena izaten da auzia».

Kezka sortu zait “estandarra zaintzen dutenek” har dezaketen erabakiak niregan (idazle, irakasle, hizkuntzalari modura) izan ditzakeen ondorioak larriak izan litezkeelako. Baina, berriro ere, gehiegi luzatu naiz eta beste baterako utzi beharko dut definizioen kontua. Garaiz helduko ote naiz tirabira horietan ekarpenen bat egitera?


[1] Adibidez, erregela horietako bat da erreferentziadun sintagmek “kasua” izan behar dutela, eta erregela horrekin lotuta dago “ergatibotasunaren parametroa”: sistema akusatiboak eta sistema ergatiboak daude.

[2] Joseph H. Greenberg (1963). Universals of Grammar. Cambridge. MIT Press

[3] Garbi dago irizpide hori harreman estuetan dagoela buruaren parametroarekin. Buruaren parametroaren arabera, zalantza handirik ez dago: euskara “burua azken” hizkuntza da eta inguruan ditugun latinetiko hizkuntzak eta ingelesa, adibidez, “burua lehen” hizkuntzak dira. Hitzen, hainbat unitate fraseologikoren eta sintagmen osaeran garbi geratzen da egituraren burua bukaeran jartzeko joera hori: egongela / sala de estar, encarcelar / espetxeratu, min hartu / hacerse daño, etxean / en casa, etxe hau / esta casa, etxean  dago / está en casa.

[4] Rudolf de Rijk (1969). “Is Basque an S.O.V. language?” Fontes Linguae Vasconum I., 3: 319-351

[5] Jean Ithurry (1920). Grammaire Basque: dialecte labourdin. Donostia: Hor-dago.

[6] Askatasun hori estuki lotuta dago euskara hizkuntza eranskaria izatearekin. Hizkuntza eranskariek oso morfologia flexibo aberatsa izan ohi dute eta aberastasun horrek posible egiten du biunibokotasun maila handia egotea morfemen formaren eta esanahiaren artean. Horren ondorioz, hurrenkera ez da horren errelebantea sintagmen funtzio sintaktikoa markatzeko.

[7] John A. Hawkins (1994) A Performance Theory of Orden and Constituency. Cambridge University Press

[8] Jon Ortiz de Urbina (1998) “Axularren ezen konpletiboa eta hizkuntza prozesamendua” In Studia Philologica In Honorem Alfonso Irigoien. I. Turrez, A. Arejita eta C. Isasi (ed.). Bilbo: Deustuko Unibertsitatea.

[9] Jose Ramón Zubimendi eta Pello Esnal (1993) Idazkera-liburua. Vitoria- Gasteiz. Eusko Jaurlaritza.

[10] Ikus Jon Ortiz de Urbinaren analisia: Jon Ortiz de Urbina (2008) “(AR) Indar sintagmak, foku sintagmak eta ezkerraldeko buruak euskaran” In I. Arteatx, X. Artiagoitia eta A. Elordieta (ed.) Antisimetriaren hipotesia vs buru parametroa: euskararen oinarrizko hitz hurrenkera ezbaian. UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua

[11] Jakina, ohikoa izan daitekeen bezala, ideiaren hazia askoz ere lehenagotik omen dator: XIX. mendeko hainbat hizkuntzalariren lanetatik.

[12] James Milroy eta Lesley Milroy (1985) Autority in language. Investigating language prescription and standardisation. London-New York: Routledge.