Inpertsonalak eta abstraktuak

Koldo Biguri

1. Hilgarriak. Badakit blogeko sarrera bakoitzari zerbait erantzuteko daukagunean komeni dela sarrera horretan bertan erantzutea eta ez geroago; baina, askotan, hari horretatik tiraka, mataza korapilatuago bat aurkitzen dugula irudituko zaigu, eta halaxe gertatu zait niri Iratxe Goikoetxearen azken sarrerako istripu hilgarri ditxosozkoekin.

Berak aipatzen duen urteetako eztabaida berriro ez berpiztearren, agian, esapide horren inguruko beste albo-gogoetaren bat ekarri nahi nuke plaza honetara nire ekarpen gisa.

Izan ere, alde batera utzita “istripu hilgarri” batean derrigor jendea hiltzen den ala ez, era honetako esamoldeen erabilerak ifrentzuan duen inpertsonalizazioaz (edo despertsonalizazioaz) nahi nuke mintzatu, iruditzen baitzait hori badela, edo izan daitekeela, itzulpenetan kontuan izan litekeen osagai bat, euskararen eta erdaren arteko konparaketa eginez.

Esango nuke, orain arteko euskaran behintzat, eta, seguru aski, hizkuntza guztien halako fasean, mintzagaia biziduna izateko joera dagoela. Eta, hartara, normalago iruditzen zaigu esatea Urlia istripu baten hil da, ezen ez Istripu batek Urlia hil zuen. Beharbada, istripua ez delako oso gauza konkretua, kontzeptu abstraktua baizik. Konkretuagoa den kasu batean, uste dut, aldiz, normala dela esatea Bala batek hil zuen Urlia. Alegia, irudipena dut –eta beste adibide gehiagoren bila ibiltzeko astirik ez dudanez, norberak bila ditzala– euskarak konkreturako joera duela, eta erdarak abstrakturako.

Erantsi honi gure garai hauen despertsonalizazioa dei genezakeena: axola dutenak ez dira pertsonak, pertsonak ez gaude jada gauzen erdigunean; eta zenbaki edo portzentaia hutsetara murrizten gaituzte. Horregatik esaten da Iratxeren erantzun batean dagoen esaldia, Lan istripu hilgarriak %48 murriztu dira, bai baitirudi kontzeptualki “onarkaitzago” zaigula esatea Lan istripuetan hil direnen kopurua %48 murriztu da. Bestalde, jakina, berak dakarren beste adibidea, 30 lagun hil dira aurten 28 istripu hilgarritan, adjektibo erredundantea dela esan beharrik ez dago.

2. Eta hilkorrak. Konkretu/abstraktu dikotomia berberaren barruan iruditzen zait sar genezakeela, orobat, oraindik oso hedatuta dagoen beste kontzeptu terminologiko batean: hilkortasun tasa. Badirudi hiztegi gehienetan hori baztertu eta heriotza tasa proposatzen dela, konkretuagoa nire ustez aurreko kontzeptu abstraktua baino; hala ere, Euskaltermen oraindik ageri da, bestearen ondoan. Eta, zonbi samarrak bihurtu ez bagara, nork ukatuko du hilkortasun tasa beti %100ekoa dela?

One Reply to “”

  1. Medikuntza alorrean eritasun bati buruz hitz egiten denean, ‘morbilidad’, ‘mortalidad’ eta ‘letalidad’ erabiltzen dira, bai eta ‘indicadores de…’, ‘índices de…’, ‘tasas de…’ Izen abstraktu horietako batzuk lotuta daude gaixoarekin eta beste batzuk gaixotasunarekin berarekin. “Gaixotze-tasa” eta “heriotza-tasa” baliagarriak izan daitezke testuinguru batzuetan, baina beste batzuetan “erikortasun”, “hilkortasun” eta “hilgarritasun” behar dira nire iritziz.

    Duela gutxi egokitu zitzaidan Medikuntzako ikasleekin pasarte hau itzultzea:
    “…Se hizo un estudio descriptivo-retrospectivo y se abordó el comportamiento epidemiológico de las formas de presentación
    intraparenquimatosa y subaracnoidea en el Hospital …, durante el año …, para establecer los indicadores de morbilidad, mortalidad, letalidad, variables biológicas y distributivas del ictus hemorrágico…”
    
    Biziki poztu nintzen ikusi nuenean Euskaltermen eta Elhuyar hiztegian ondo eratutako eratorriak jasota zeudela.
    

    Atsegin dut

Utzi iruzkina