Sebastian Mendiburu (I): «Librua ez da guzia nerea»

Iñigo Roque Eguzkitza

Euskal itzulpengintzaren historia inoiz osatuko balitz, lehenbiziko eginbeharra itzulpenen zerrenda taxutzea litzateke, baina egiteko hori ez da dirudien bezain erraza (ez horixe!). Idazle eta teorialari modernoek esana da liburu guztiak aurretiko liburuen berridazketa direla neurri handi batean, eta testuarteko harreman-sare batean zertzen dela literatura oro.

Hor dugu, esaterako, Axular, itzulpen aitortu nahiz aitortu gabekoen obratzaile (Patxi Salaberri: «Testu-menpekotasuna Axularren obran»), edo Leizarraga bera, gure itzultzaileetan lehena, egile ageri den obretan ere egokitzaile duguna, edo Larramendiren hiztegi hirukoitz famatua (hiztegi elebidun gehienak ez al dira hitz zerrenda batetik abiaturiko itzulpen hutsak?).

Sebastian Mendiburu oiartzuarra ere hor dugu. Herrietako misiolariak euskarazko irakurgaiz hornitu nahian (abuztuko alean ariko gara xeheago horretaz), hainbat testu moldatu zituen, denak aldez itzulpen, aldez sorkari.

Mendibururen lanetan euskarazko testu falta izan zen akuilu nagusia, Jesusen bihotzaren debozioaren sarrerakoan adierazi zuenez.

Euskarazko Libru hau Euskaldun utsentzat egiña da; bada Franzes, Latin edo Gastelania dakitenak, neke gutiagorekin ekus dezakee beste Libruetan, onetan erakusten dena. Españiako Euskaldunik geienak Jesusen Bihotzaren debozioa arturik arkitzen dira; baña debozio onek eskatzen dituen gauzen berri, beintzat andirik, ez dutela.

Euskaldun hutsei zerbitzu egitea zen, beraz, irakurgaion xedea (garai hartako idazle-itzultzaile gehienen lanetan bezala). Larramendik biribildu egin zuen gogoeta hori, liburuari erantsitako «karta»n:

Sinisterazo nai digute, aditzen dala Gaztelania, are ikasi ez dutenen artean. Ezta hori egia: alperren erausiak, eta aitzakiak dirade: hitz banakaren batzuek adituagatik, aizeak daramatzi besteak, eta Jainkoaren hitzaren ogia gelditzen da Euskaldunentzat, txeatu bagez probetxurik gabea.

Gatozen gurera, itzulpengintzara, pixka batean, ohargarria baita nola itxuratzen duen Mendiburuk itzulpenaren eta sorkuntzaren arteko mugaldea.

Librua ez da guzia nerea, ez eta besterena ere. Onegatik ezpaliz, hitz alferra lizake euskaraz, Libruaren asieran edo tituloan ezarri dudana. Egiten hari nintzanean, begietan iduki dut geienean, Jesusen Konpañiako Aita Juan Croisetek debozio beraren gañean egin zuena. Hark berean dakarzien bezala arkituko dituzu onetan esaten diran gauzen asierak edo buruak. Emen arkitzen diran gauzarik geienak an arkitzen dira; baña ez dira arkitzen bietan gisa batean. Ango gisara bagenekartzi ango gauzak, ezpagenekartzi bezala izain lirake, eskolarik ez duten anitz Euskaldunentzat. Neke andirik gabe nork nai adi ditzakean moduan epeñi ditut, nere ustez, han modu eder goratuan, gizon adituentzat egiñak bezala dauden gauzak.

Bikaina da, horratik, lehenbiziko perpaus hori: «Liburua ez da guztia nirea, ez eta besterena ere»; alegia, ez da nire sorkuntza, baina ez da erabat itzulpena ere. Itzulpen da Jean Croiset-en liburutik gauzak hartu diren ginoan: atalburuak handik bete-betean ekarriak dira, eta hangoak dira hemen bildutako guztiak, baina beste era batera antolatuta eta «eskolarik ez duten anitz euskaldun»ek ulertzeko gisan paratuta. Euskara herri-hizkuntza zen aldetik, «nornahik aditzeko moduan» baliatzen du testugileak, eta ez erdarazko «modu eder goratuan».

Interesgarria da azken gogoeta hori. Baten batek pentsa lezake hizkuntzari berari egotz dakiokeela urritasun hori, jasoa ezin izate hori, baina ez: Mendiburuk euskarazko liburuen falta egiten du kulpante:

Galdu dira, euskarazko Librurik gabez, euskarazko anitz hitz; eta gelditu diranak, ez dituzte Euskaldun guziak aditzen.

Ordea, Mendiburuk ondo gogoan zuen Jainkoaren hitza estu zaindu beharra zegoela (lehenago ere hitz eginda gaude katolikoen «estutasun» horretaz), eta, hartara, halakoetan, ahalaz, hitzez hitzeko itzulpena hobetsi zuen.

Eskriturako ta dakartzien Santuen hitzak alik zuzenena gure Euskarara ditut; baña ez beti hitzez hitz. Gañerako gauzetan ez dut begiratu, gauza adirazteko, dakartzien hitzetara; begiratu dut hitzekin esan nai duenara; ta erraten dut hau, len errana ezpalego bezala, ta euskaraz errateko, zuzenenak dirala iduritu zaizkidan hitzekin.

Argi zedarriturik dago, beraz, noiz aritu zen libreen, zentzuari erreparatuz, eta noiz lotuen idazle-itzultzailea. Utz ditzagun hurrengorako, bada, hizkuntza ereduari eta Loiolako idazki-fabrikari buruzkoak.

27048501

One Reply to “”

Utzi iruzkina