Bertsiotik bertsiora

Isabel Etxeberria Ramírez

Gogoan izango duzue jolasa. Lagun batek hitz bat edo esaldi labur bat xuxurlatzen dio belarrira beste bati, bigarren horrek hirugarren bati errepikatzen dio ulertu duena, hark laugarren bati eta abar… harik eta ilarako azkenak belarriz belarri desitxuratuta iritsi zaiona ahoz gora esaten duen arte. Eta orduan, horiek barreak eta horiek algarak! Bilakaera nola gertatu den ulertu nahia etorri ohi da jarraian: “Baina, zuk zer esan didazu?”, “A, nik hau ulertu dut”, “Eta beste hori nondik atera da, orduan?”… Eta berriro barreak eta berriro algarak. Guk gaztelaniaz izendatuta aipatzen genuen jolasa txikitan: teléfono escacharrado. Telefono hondatua, alegia.

Itzulpengintzan zubi-hizkuntzak eta zubi-testuak erabiltzen dira askotan, eta, telefono hondatuaren jolasean bezala, bilakaerak eta galerak gertatu ohi dira hala jardutean. Bilakaerak eta galerak, egia esan, beti gerta daitezke eta gertatzen dira, zubi-testuetatik itzultzean zein jatorrizkotik zuzenean aritzean. Itzultzearen jardunari berezkoa zaion zerbait dela esaten ausartuko naiz. Baina zuzenean jatorrizko testua ez baizik eta bitarteko itzulpen bat erabiltzen denean abiapuntu gisa, jatorrizkoaren egileak esan zuenetik azken itzulpenera arteko aldea handiagoa izatea espero ohi dugu denok; are gehiago literatura itzultzean, non kontatzen denaz gain nola kontatzen den ere asmoz eta esanahiz betea izaten den.

Demagun Jon Miranderen poema zati hau:

Aintziko urerat
ilargi laurden bat erori zen,
zuri, jori,
gauko zitu zori:
igelek jan dute, igeltto igeldariek.

Ez dakit Miranderen poema hau hizkuntzaren batera itzulita dagoen. NordaNor datu-basean jasotzen den Miranderen poesia itzulitik (gaztelaniarako hiru antologia edo liburutan eta alemanerako batean itzuli omen da Miranderen poemaren bat) Iñaki Aldekoak Visor argitaletxerako prestatutako edizioa baino ez dut esku artean, eta han ez da ageri. Nolanahi ere, erraz irudika ditzaket balizko itzultzailearen nekeak eta izerdiak taxuzko itzulpen bat ontzeko ahaleginean. Errepara diezaiogun alderdi fonetiko eta erritmikoari: aliterazio nabarmeneko zuri, jori, zitu, zori segida, adibidez, edo igeltto igeldari (igerilari) hitz-jokoa. Itzultzaileak hitzen esanahia (esanahi denotatiboa) baino ez transferitzea erabaki lezake, alderdi formala imitatzen ahalegindu gabe; edo xede-hizkuntzan antzeko aliterazio edo hitz-jokoren bat bilatzen saia liteke, bestela. Bigarren kasu horretan, formari dagokionez baliokidea izan litekeen zerbait proposatzea erabakiko balu, alegia, zail izango luke jatorrizkoaren esanahi bereko ordainak hautatuta efektu fonetikoari eustea ―kasualitate handia litzateke euskarazko hitz horientzako erdal ordain zuzenek aliterazio bat gordetzea beren artean―; hitzen bat aldatu beharko luke ziurrenik, eta formalki ondo datorkion baina esanahi aldetik jatorrizkotik urruntzen den hitzen bat edo beste txertatu. Bestela esanda, Miranderen hitzon esanahi semantikoa bere horretan eman nahiko balu, forma mailako edertasuna sakrifikatu beharko luke; eta artifizio formalari eusten saiatu nahiko balu, eduki mailan traizio txikiren bat egin beharrean egongo litzateke ziurrenik.

Imajinatu, orain, balizko itzultzaile horren itzulpena Miranderen poema hirugarren hizkuntza batera itzultzeko zubi-testu gisa erabiltzen dela, bai baitakigu, Eli Manterolak hemen adibidez ondo azaldu duen bezala, euskal literatura kanpora zabaltzeko bide ohiko samarra euskaratik zuzenean ez baizik eta gaztelaniara egindako itzulpenetatik abiatzea dela. Bada, hirugarren hizkuntza horretako itzultzaileak, tarteko itzulpena baino ezagutzen ez duelarik, zerbaiten faltan egingo du bere itzulpen-proposamena ezinbestean. Baldin eta esku artean darabilen zubi-testuan lehen itzultzaileak alderdi formalari ez erreparatzeko hautua egin badu, hirugarren hizkuntzan diharduen itzultzaile honek arrastorik ere ez du izango Miranderen jatorrizko poeman lerro horietan aliterazio nabarmen bat zegoela edo igel eta igeldari hitzen artean hitz-joko bat egiten zela, eta bere itzulpenean ez du halakorik jasoko. Eta, kontrara, lehen itzulpenaren egileak artifizio formalari eutsi nahi izan balio, litekeena denez forma imitatu nahiaren ondorioz edukian aldaketatxoak egin behar izana, hurrengo itzulpenaren egileak ez luke jasoko Mirandek jatorriz zerrendatutako kontzeptu sorta (zuri, gori, zitu, zori), ezpada tarteko itzulpenean nola edo hala aliterazio bat egitea ahalbidetu duen hitz segida bat, traizio semantiko eta guzti.

Pertsona batek zubi-testuen bitartez itzultzen duenean, aurreko itzultzaileak ahaztutakoak, ez ikusiak, oker interpretatutakoak, desbiderarazi edo urrunarazitakoak, apropos aldatutakoak… bere egiten ditu. Tarteko itzultzailearen mende dago erabat; hartaz (eta haren mugez eta bizioez) fidatu beste aukerarik ez du. Eta bai, noski, badago kontrasterako zubi-testu bat baino gehiago erabiltzea, nahiz eta horrek buru-hauste franko ekarri ohi duen (bertsioen arteko kontraesanak ebaztea ez baita erraza izaten) eta azken beltzean ezeren berme ziurrik ere ez den (Joannes Jauregik zubi-testuak erabiltzearen inguruko bere esperientzia kontatu zuen hemen).

Goiko adibidean euskarazko testu bat erdaratzeaz aritu naiz, baina kontrako norabidean ere, hots, erdara ezezagun samar batetik euskarara itzultzeari buruz hitz egitean, erreparotxoak eta beldurrak topatu izan ditut inguruan, batez ere poesia itzultzeari dagokionez. Merezi ote du poeta txinatar edo suediar baten obra euskaratzen saiatzea, adibidez, jakinik jatorrizkoaren erritmoa eta errima, musikaltasuna, esanahi gordeak, kultur erreferentzia ezkutuak, tradizio guretzat ezezagunen eraginak… izpiritua, azken finean, ez dugula guztiz antzemango?

Nik argi dut. Zabaldu dadila Miranderen obra eta euskal literatura guztia mundura, baita zubi-hizkuntzetatik (eta nagusiki gaztelaniaren eta frantsesaren iragazitik) pasatuta izan behar badu ere. Irits dadila erdizka, kamustuta, eraldatuta, bitartekarien ahuleziek herbalduta eta bizioek itsustuta; baina irits dadila. Eta ezagutu ditzagun munduko literaturak euskaraz. Ez ulertzen ditugun eta beraz zuzenean itzul ditzakegun hizkuntzetan idatzitakoak soilik, baizik eta denak. Irakur ditzagun munduko bazter guztietako idazleak euskaraz; gure inguruko hiru hizkuntza handiak (gaztelania, frantsesa, ingelesa) bitartekari direla, ados, baina euskaraz. Izan ere, zein da alternatiba, bestela? Munduko bazterretako autoreak ezagutu gabe geratzea? Euskarara zeharka egin den itzulpen bati muzin egiteagatik autore hori azkenerako gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez irakurtzea?

Eta bai, egia da: editore eta itzultzaile espainol, frantses eta ingelesen mendekotasun handia dugu. Haiek mundutik beren hiru hizkuntza handietara itzultzeko aukeratzen dutena da hein handi batean gero guk euskarara itzultzen duguna. Gure munduaren neurria beraiek ezartzen dute gutxi-asko. Hor badugu zer hausnartu, eta badugu ohiko informazio-iturrietatik aparteko bidezidorrak arakatu beharra.

Nolanahi ere dela, belarritik belarrira ilarako azkeneraino iristen den hori, itxuragabetuta eta esanahiberrituta bada ere, irits dadila euskaraz.

Elur malutak

Castillo Suarez

Behin batean Alemanian egon nintzen astebetez itzulpengintza tailer batean. Plana ezin aproposagoa zen: Edenkobenen egotea astebetez sortzaileendako egoitza batean, mahasti artean. Nirekin batera Yolanda Castaño (galizieraz idazten duena), Rosa Berbel (gazteleraz), Maria Josep Escrivá (katalanez) eta Mario Martín Gijon (gazteleraz) aritu ziren. Nire lana izan zen astebetez nire poemak itzuli zituzten itzultzaileei laguntza eta aholkua ematea. Ezagutzen ez nuen sistema bat erabili zuten itzulpenetarako: lehendabizi bi itzultzailek (Raquel Pacheco Aguilar eta Lisa Schwesinger) testuak hartu zituzten eta modu gordinean itzuli, nolabait esateko literaturatasunari erreparatu gabe, soilik edukiari begiratuta. Itzultzaileek ez zekiten euskaraz, eta gaztelania erabili zuten zubi hizkuntza, kasu honetan, Fernando Reyren itzulpenak. Ondotik sei itzultzailek, aldi berean poetak zirenak (Alexandru Bulucz, Mara Genschel, Agnieszka Lessmann, Àxel Sanjosé, Tom Schulz eta Katja Lange-Müller), beste buelta bat eman zieten testuei, eta bakoitzak bere bertsioa egin zuen. Egun bakoitzean poeta batekin egon nintzen, eta ingelesez moldatzen ginen gure artean. Hala ere, batzuetan zaila egiten zitzaidan azalpenak ingelesez ematea. Horretarako beste bi itzultzaile genituen. Itzulpengintza ikasleak ziren, alemaniarrak, gaztelaniaz bazekitenak. Guztira 14 lagun aritu ginen poemak itzultzen, horiek guztiak Hans Tillen gidaritzapean.

Itzulitakoen artean bazen bi lerroko poema bat:

Elur maluta
Badira elur maluten gisakoak diren pertsonak.
Ederrak, hotzak, gu ukitutakoan desagertzen direnak.

Eta hona hemen bi itzulpen, erabat desberdinak:

Schneeflocken
Es gibt Schneiende, leicht und ganz flockig
warm und kalt, die uns berühren, die fortgeweht werden.
(Tom Schulz)

Schneeflocken
Manche Menschen sind wie Schneeflocken.
Schön und kalt. Sobald sie uns berühren, verschwinden sie.
(Agniszka Lessmann)

Harrigarria zen horren emaitza desberdinak atera izana. Eta politagoa izan zena, zeinen desberdin irakurtzen zituzten. Izan ere, nork bere interpretazioa egin zuen. Eta horixe da literaturak duen gauzarik ederrenetakoa, elur malutek ez dutela berdin gisan irintzen gure bihotza alegia.

Zeharkakoa

Elizabete Manterola Agirrezabalaga

Joannes Jauregik eta Santi Leonék duela gutxi plaza honetan bertan idatziriko ekarpenak ditu abiapuntu gaurko honek. Zeharbidezko itzulpena izan zuten mintzagai bi-biek, abian duen liburu baten kasuan lehenak, eta amaitu berria duen lan baten kasuan bigarrenak. Itzulpen prozesuaren nondik norakoak deskribatu dizkigute biek ere, bai eta Amaia Apalauzak lehenengoari eginiko iruzkinean zein Karlos Zabalak eta Monika Etxebarriak Senez aldizkarian idatziriko artikuluetan ere. Hausnarketa aski interesgarriak topa litezke guztietan ere: jatorrizkoa baliatu ezean itzulpenerako zer zubi testu baliatu, zein ordenatan, zerekin edo norekin kontrastatu, eta abar. Planifikazio lan handia eskatzen du itzulpen molde honek, Joannesek bere ekarpenean aipatu moduan.

Itzultzaileok lehen eskuko esperientziari buruz mintzatu zaizkigu; nik, aldiz, zeharbidezko itzulpenari buruzko datu batzuk ekarri nahi izan ditut. 1980-2023 bitarteko itzulpenen azterketa egiten aritu naiz berriki, NorDaNor datu-basean bildutako informazioa oinarri hartuta, eta zeharbidezko itzulpenari dagozkionak aipatuko ditut jarraian. Euskaratutako literatur itzulpenetan, 7.011 itzulpenetatik 80tan besterik ez da zehazten zubi hizkuntza bat edo batzuk erabili izana, itzulpen guztien % 1,14tan alegia; aldiz, euskaratik erdaratutako literatur lanen artean, itzuli diren 1.545 liburuetatik 225 liburutan zehazten da zeharbidez itzuli izana, hau da, itzulpenen % 14,56tan. Datuotatik atera dezakegun ondorioa da aitortutako zeharkako itzulpenak nabarmen gehiago direla euskaratiko itzulpenetan, nahiz eta bi norabideetan datuak apalak izan. Baliatutako zubi hizkuntza kopurua, berriz, zabalagoa da euskararako norabidean: gaztelania 47 kasutan baliatu da eta ingelesa 19tan, frantsesa bitan, eta katalana eta errusiera behin. Horietaz gain, bi edo hiru zubi hizkuntza beste 10 kasutan baliatu dira. Erdaretarako norabidean, aldiz, gaztelania dugu zubi hizkuntza nagusi (216) eta bakanak dira ingelesetik (6) eta frantsesetik (1) eginiko itzulpenak. Horietaz gain, kasu bakarra topatu dugu hiru hizkuntza baliatu dituena (frantsesa, ingelesa eta gaztelania). Publiko motari erreparatuta ere alderik nabari daiteke: euskararako itzulpenetan proportzioan gehiago itzuli dira zeharbidez haur eta gazteentzako liburuak; kontrara, helduentzako liburu gehiago topa litezke euskaratik eginiko itzulpenetan. Azken datu hori ondo neurtzeko, baina, datu orokorrei begiratzea dagokigu. Izan ere, euskararako norabidean gehiago dira haur eta gazteei zuzenduriko liburuak oro har eta euskaratik erdaretarako itzulpenean, aldiz, helduei zuzenduriko liburuak.

Datuak datu, nabarmentzekoa da euskal literaturak erakusten duen irekitasuna zeharbidezko itzulpenak sortzeko. Joannesek zioen moduan, mesfidantzaz ikusten dira sarritan bigarren eskuko itzulpenak, saihestu beharreko jardunbidetzat jotzen da zeharbidezko itzulpena, betiere zuzenean itzultzeko aukerarik badago, hots, jatorrizko hizkuntzatik itzultzeko gai den itzultzaileren bat. Euskal literaturaren eremuan, dena den, badirudi, onargarritzat jotzen dela. Euskara xede duten itzulpenen kasuan, Literatura Unibertsala bildumarako itzulpen-lehiaketako oinarriek esaten dute jatorrizkoa baliatzen ez bada bi zubi hizkuntza erabili beharko direla. Jokin Zaitegi lehiaketaren oinarrietan ere zehaztu izan da halako irizpiderik. Lehiaketek ez ezik, itzulpen sariek ere ez dute espresuki baztertzen zeharbidezko itzulpena. Zeharbidez itzuliriko libururik topa liteke, esaterako, Euskadi Literatur saria irabazi dutenen artean, gorago aipaturiko Karlos Zabala, konparazio batera, Zubi bat Drinaren gainean liburuagatik. Kontrako norabideari dagokionez, Etxepare Euskal Institutuak diruz laguntzen dituen itzulpenen artean badira euskaratik zuzenean itzuli ez diren liburu zenbait. Horietaz gain, Etxepare-Laboral Saria zeharbidez eginiko bi itzulpenek irabazi dute orain artean: Behi euskaldun baten memoriak liburuaren ukrainerarako itzulpenak, Yaroslav Gúbarevek itzulia eta Anetta Antonenko argitaletxeak argitaratua, eta Amek ez dute eleberriaren nederlanderarako itzulpenak, Mariolein Sabartek itzulia eta Zirimiri Pressek argitaratua.

Gorago aipatu ditudan datuek, dena den, ez dute zeharbidezko jarduera bere osotasunean islatzen. Izan ere, sarritan ez da itzulpenerako erabili den testuaren berri ematen liburuetan. Hortaz, zail da neurtzen zeharbidezko itzulpenaren lekua itzulpen trukeetan. Ezin zehatz esan zenbateraino aitortzen den. Ikusgarritasun arazoak ditu, hortaz, zeharbidezko itzulpenak, eta, hain zuzen ere, saihesteko moduko jarduntzat dugun heinean, ezkutatzeko joera erakusten du horrek.

Auzi legalei ere erreparatu beharko litzaieke zeharbidezko itzulpenaz aritzean. Liburuen kredituetan liburu hori itzultzeko erosi diren eskubideak dituen bertsioak agertu beharko luke. Bat etortzen al dira, zeharbidezko itzulpenetan, itzultzaileak baliaturiko bertsioa eta eskubideena? Eta iturri bat baino gehiago erabiltzea aitor liteke eskubideak testu bakarrari badagozkio? Ardura legalei eta egiletza eskubideei dagokienez, ez da beti erraza izango testu bakoitzaren erabilera maila zehazki islatzea.

Itzultzaileen ahotsetik edo eskutik ezagutzen dugu sarritan zeharbidezko itzulpenaren berri; goian aipaturiko adibideak ditugu horren lekuko. Harribitxiak dira, itzultzaileen jardunbidearen nondik norakoak xeheki ezagutzeko eta zubi hizkuntzen erabilerari buruzko inplikazioei buruz hausnartzeko ez ezik, zeharbidezko itzulpenak euskal itzulpengintzaren eremuan duen lekua zenbatekoa den ezagutzeko ere.

Gauez euripean gidatzeaz (eta bi boutade txiki)

Santi Leoné

Arrunt interesgarria iduritu zitzaidan Joannes Jauregik duela egun batzuk blog honetan idatzi zuen sarrera, eta eskertuko nukeen lehenago idatzi izan balu, zeren zubi hizkuntzen bidezko itzulpen baten hondarreko esaldia euskaratu eta hamar minutura edo irakurri bainuen. Testu bat itzultzea gidatzea bezala bada –erran nahi baita, ezker-eskuin bidea zedarritzen duten marra jakin batzuk gainditu gabetanik zehatz eta doi egin beharreko ariketa bat–, iduritzen zait orduan gauez gidatzea bezala dela zubi-hizkuntzak erabiliz egiten den itzulpena: lurreko marrak ez dira kasik ageri, eta, maiz, ikusi baino gehiago, egiten dugu susmatu errepidea hor nonbait dagoela.

Ados nago Jauregiren lehen boutadearekin: zeharbidezko itzulpenak planifikazio handiagoa eskatzen du. Ados nago orain, alegia. Eta horregatik eskertuko nukeen artikulua lehenago irakurtzeko aukera izan banu. Ez dut planifikatzeko asti handirik izan, nolanahi ere, zeren, kontu batzuk tarteko, aski epe estua izan baitut itzulpena egiteko. Hasmentan espainolezko itzulpena hartuta, goizkara atera zitzaizkidan bidera lehendabiziko bandera gorriak, hala nola Manes –hots, Manak, erromatarren hilen arimak– eta manos –hots, eskuak– nahasi izana, eta, astiro-astiro, katalanezko itzulpenera lerratuz joan nintzen; aitzinera egin ahala, ordea, alemanezko itzulpenak hartu die gaina gainerakoei. Espainolezko itzulpena –baita, zenbaitetan, katalanezkoa ere– bigarren planoa uztera bulkatu ninduten arrazoiek Jauregiren bigarren boutadera naramate: itzultzaileak fidatzeko jendea dira oro har.

Horrekin ere, lehendabizikoarekin bezala, ados nago, baina salbuespen bat gehituko nioke: itzultzaileak fidatzeko jendea dira, fidatzekoak ez direlarik izan ezik. Izan ere, Frantziako Vosge mendiei –pluralean– sistematikoki Vogers edo Vosgo mendia –singularrean– deitzen dienak halako ezinegon puntu bat sortzen baitit. Gogora ekartzen dit Idoia Torregaraik Mikroipuinak liburuan bildu dituen txio horietarik bat: ni perfekizonista naiz. Xehetasunetan arretarik paratzen ez duenak neketan paratuko du lan orokorrean. Galdera da kontrakoa ere egia ote den.

Julen Gabiria izan dugu berriki Iruñeko Hizkuntza Eskolan Palestina komikiaren itzulpenaren kariaz. Berea egin ahala bertze itzulpen batzuetan harrapatu zuen hanka-sartzeren edo itsuskeriaren bat komentatu zigun, eta nabarmendu zigun zer-nolako poz maltzurra ematen duten horrelako aurkikuntzek. Nik ere horrelakoren bat harrapatu dut nire zeharbidezko itzulpena egin ahala, baina zalantza izan dut: Vosge mendiak –ez Vogers, ez Vosgo mendia– egoki itzultzeak bermatzen du itzulpen osoaren kalitatea? Edo poz maltzur horiek itzultzaileak bere buruari ematen dizkion goxokiak dira, ongi ari delako segurtasuna bilatu nahian?

Esku artean izan dudan liburua euskaratu bitartean, itzultzaile saritu batek euskarara ekarritako lan bat irakurri dut. Arrunt esperientzia gogorra izan da. Estilo gogorra, labirinto itxurako esaldi akaberarik gabeak –galdu nintzen behin baino gehiagotan, aterabidea ezin kausituz–, ulertzen ez nituen erlatibazioak… Liburua uztekotan egon nintzen; utziko nukeen, baldin eta ikasleekin komentatzeko hautatu izan ez banu –bidezkoa izateko, aipatu behar dut liburuaz galdegin nien inguruko irakurle gehienek gustura irakurri zutela liburua, eta bat baizik ez zela nire iritzi berekoa; nirekin ados zegoen hori, dena den, itzultzaile profesionala zen, eta badakigu itzultzaileak fidatzekoak direla–. Nire kritika hipergogorra egin bidenabarkoan, ohartu nintzen naski itzultzaile –nire ustez– trakets horrek pentsatuko zuela ongi egina zela bere itzulpena. Horrek, bistan dena, ikaragarri izutu ninduen, agian ni ere ikaragarri gaizki ari nintzen –balizko irakurleak liburua uzteko gogoa sortzeraino– hainbatean ari nintzen uste banuen ere…

Itzulpenaren hondarreko fasean nintzela, itzultzaile batzuekin –itzultzaile on batzuekin, erran nahi baita– suertatu nintzen beka bat emateko epaimahai batean. Haien profesionaltasun eta zorroztasuna ikusita, inpostorearen sindromeak joa bueltatu nintzen etxera.

Izan dudan esperientzia aintzat hartuta, bi boutade txiki botako nituzke. Bat: itzuli bitartean, batez ere zubi hizkuntzen bidezko itzulpena bada eta zure segurtasun falta areagotu nahi ez baduzu, ez zaitez poztu bertze itzultzaileekin hanka sartze txikiekin –zuk ere eginen dituzula pentsatuko baituzu–, ez ezazu itzulpen txarrik irakurri –zurea ere txarra dela pentsatuko baituzu–, ez zaitez itzultzaile onekin elkartu –zeure burua haien aldean paratuta, deprimituko baitzara. Bi: pentsatu egiten ari zaren itzulpen hori egitea gauez euripean parabris garbigailuak hautsiak dituzula gidatzea bezala, eta aunitzetan sena dela duzun ia tresna bakarra.

Zubi-hizkuntzak, trilogia bat eta bi “boutade” ondorio gisa

Joannes Jauregi Benavides

Jon Fosse idazle norvegiarraren Trilogia euskaratzeko lana (eta suertea) egokitu zaidan honetan, eta norvegieraz ez dakidanez gero, bat-batean eta ustekabez zubi-hizkuntzen gaiarekin egin dut tupust. Orain artean ez zidan aparteko interesik piztu, baina, beharrak hartaratuta han-hemenka bila hasirik, Senez aldizkariko bi artikulu lagungarri aurkitu ditut: Karlos Zabalarena bata, Ivo Andritxen ‘Zubi bat Drinaren gainean’ eta zeharbidezko itzulpena, eta Monika Etxebarriarena bestea, Itzulpen baten penak eta nekeak, Danilo Kisen Hildakoen entziklopedia-ren itzulpenaz. Bi itzultzaileak nekatu ziren Zabalak zeharbidezko itzulpen gisa bataiatu zuen horretan, eta neke haien biharamunetan idatzi zituzten artikuluak. Nago, eta zorionekoa ni, haien lan-osteko gogoetek nabarmen erraztu dutela nire itzulpen-lanaren hasiera.

Jatorrizko hizkuntza ez beste batzuetatik egindako itzulpenak ia berez sortzen duen mesfidantzaren kontra, Zabalak testuinguru zabal batean kokatzen du zeharbidezko itzulpena, esanez ezen “hizkuntza guztietan eta garai guztietan” egin dela: Mila gau eta bat gehiago klasikoa, adibidez, frantsesezko itzulpenaren bidez zabaldu zen Mendebaldean (XIX. mendeko nobelagile errusiarrak bezala, bidenabar esanda), eta, kontrako bidean, Mendebaldeko literatura ugari japonieraren zeharbidez iritsi bide da koreerara.

Hizkuntza txikiek, bestalde, sarritan ez dute itzultzaile nahikorik izaten zenbait hizkuntzatatik itzultzeko. Esango nuke kinka horretan suertatu garela Jon Fosseren Trilogia eta ni neu. Nik dakidala, Juan Mari Mendizabal dugu literatura hizkuntza nordikoetatik zuzenean euskaratu duen itzultzaile bakarra (Hamsun, Sjón eta Kierkegaard, besteak beste), eta, nahiz eta lan bikaina eta estimagarria egin inondik ere, ez dirudi bidezkoa denik itzultzaile bakar bati bizkarreratzea hizkuntza nordikoen zaku osoa.

Edozein kasutan, eta zeharbidezko itzulpena nonahikoa eta batzuetan ezin saihestuzkoa izanagatik ere, mesfidantza-urrin temoso batek segitzen dio noranahi; ez beharbada propio erdeinatzen edo gutxiesten direlako era horretako itzulpenak (nahiz eta akaso bai propio ekiditen), baizik eta, kontrara, neurrigabe samar prezatzen delako hizkuntza ezohiko edo urrun baten itzulpena “zuzenean” egitea. Zeharbidezko itzulpenak ale bikain ugari eman ez balizkigu bezala, Ivo Andritxen Zubi bat Drinaren gainean bera adibide (Hildakoen entziklopedia, zoritxarrez, ez dut irakurria), edo Karel Capeken Arrabioen gerra, berriki argitaratua Koro Navarroren itzulpenean.

Egia da mesfidantza-punttu hori naturala dela, eta itzultzaileak ere sentitzen duela (nik neuk bai bederen). Itzulpen badaezpadako bat hartuta nekez eman ahalko da taxuzko lanik, eta, denik eta itzulpen bikainena izanda ere, jatorrizko itzultzaileak dagikeen giza akats mendreena ere ia saihetsezin suertatuko zaio bigarren eskuko itzultzaileari. Horregatik, konbentzio onartuxea da bi zubi-hizkuntza erabiltzea, eta hala eskatzen du EIZIEk ere bere Literatura Unibertsala bildumarako. Alabaina, eta hilabete eskas honetan Fosserekin lortu dudan esperientzia-apurra aintzat harturik, elkarteari proposatuko nioke Monika Etxebarriak bere artikuluan ematen duen gomendioa erants diezaiela lehiaketaren oinarriei. Izan ere, Etxebarriak dio bere ustez bi hizkuntzak ez liratekeela batera erabili behar; bataren gainean egin beharko litzatekeela lehen zirriborroa, eta berrikusketan erabili beharko litzatekeela bigarrena. Karlos Zabalak ere harekin bat egiten du, nahiz eta aitortu ez ziola aholkuari segitu: “Erotzekoa izan zen bertsio-saltsa horretan igeri egitea. Eta okerrena da, erotuz gero, benetan ez dakizula zein puntutaraino ari zaren asmatzen hartzen dituzun erabakietan”.

Halaxe hasi nintzen ni Fosserekin, aldi berean erabiliz eskura nituen bertsio guztiak (ingelesa eta gaztelania nagusiki, eta alemana puntualki, maila oso kaskarra dudanez gero). Konturatu naiz, baina, hainbeste jatorri-testu izateak ikaragarri trakesten duela itzulpen-jarduna. Fosseren idazkerak ere izango du zerikusirik horretan, gehienbat komaz banatutako paragrafo luzeak eta elkarrizketa bizi eta biluziak tartekatzen baititu narrazio osoan. Paragrafook itzultzean, bereziki, erritmoa hartu ezinda ibili naiz, bi bertsioen eta nire testuaren artean salto-etenka eta eten-saltoka; testua segmentatzea ere bururatu zitzaidan, baina, bataren zein bestearen puntuazioa beti bat ez zetozenez, aurreikusten nuen horrek kendu baino buruko min gehiago emango zizkidala.

Beste zailtasun bat: bi bertsio (edo gehiago) izanik, neurrigabe erreparatzen zaie bi testuen arteko alderik ezdeusenei ere, eta, aise obsesionatzeko joera duen itzultzaile erdi-neurotiko gisa, aldarteka bazirudien gehiago ari nintzela bi itzulpen konparatzen testu bat itzultzen baino. Egin kasu, beraz, Monika Etxebarriari, eta erabili hizkuntzak banaka.

Horiek horrela, zeharbidezko itzulpenari buruzko bi ondorio koskorrekin bukatuko dut ale hau, akaso boutade hutsak, nabarmenak eta alferrikakoak irudituko zaizkienak sarearen paraje hauek populatzen dituzten aditu eta arituen tamainakoei, baina niri neuri lagungarri izan zaizkidanak, buruhausteon ondotik, hemendik aurrerako lanari hobeto ekiteko.

Lehen boutadea: Zeharbidezko itzulpenak planifikazio handiagoa eskatzen du. Zubi-testuak tentuz aukeratu beharra dago, eta lan handiegirik egin baino lehen finkatu behar da modus operandi-a, ez arian-arian aldatu behar izateko. Hasieran, inertzia hutsez, ingelesezko bertsioa lehenetsi nuen, baina gerora konturatu naiz ezen May-Brit Akerholt itzultzaileak Fosseren tonua eta atmosfera harrapatze aldera egindako zenbait hautu estilistikok ilundu egiten zidatela testua, eta ez argitu. Kontrara, gaztelaniazko bertsioak, Cristina Gómez-Baggethun eta Kirsti Baggethun itzultzaileenak, testu lakarxeagoa dirudi lehen irakurraldian, baina itzultzeko orduan gardenagoa egin zait. (Esan beharrik ez dago inpresiook erabat subjektiboak direla, eta ez dudala itzulpen-kritikarik egiteko asmorik). Beraz, irakurketa hutserako akaso ingelesezkoa lehenetsiko nukeen arren, lehen itzulpen-zirriborrorako gaztelaniazkoa hartu dut, ingelesezkoa orrazketa-faserako gordeta.

Bigarren boutadea: Langai dugun zubi-testua itzultzaile baten eskuetatik pasatu da. Ez hori bakarrik: itzultzaile batek idatzia da. Eta horrek lasaitasun adina urduritasun ematen du: lasaitasuna, itzultzaileak fidatzeko jendea direlako oro har, lanean arretatsuak eta xehetasunetan puntalakurloak, nor bere erara; eta urduritasuna (ezen ez mesfidantza), berriz, itzultzaile batek dakielako ondoen zer-nolako erabakiak hartzen diren itzulpen batean, jatorrizkoaren eta itzulpenaren arteko tirabiran, eta zer-nolakoak geratzen (uzten) diren, bestela ezinda, itzulpenaren bide-bazterrean. Hori dena txit ondo dakienez gero, itzultzaileak berak irudika lezake ondoen pantailan duen bertsioa noraino izango den jatorrizkoaren berdina edo desberdina.

Finean, zubi-hizkuntzen auziak testuaren izaeraz, idazketaz eta itzulpen-lanaz ditugun iritzi-usteak islatzen ditu, baita kordokatzen ere, eta are gehiago bat ustekabean harrapatzen badu, Fossek ni bezala.