Asier Larrinaga Larrazabal
Lehengoan, hari bat sortu zen Itzul zerrendan ‘aprendizaje mutuo’ terminoa dela eta. Zerrendara bidali ziren mezuetan, deigarri egin zitzaidan ideia bat azpimarratu nahi izatea: terminoak izenak direla. Esango nuke oraindino ere ikuspegi lar zurrunak direla nagusi gure artean terminologiari buruz.
Terminologiaz egin nituen lehen irakurraldiak María Teresa Cabréren lanak izan ziren, eta diziplinara hurbiltzeko oso modu interesgarria iruditu zitzaidan, erantzuna ematen zielako ETBko zereginetan sortzen zitzaizkigun kezka askori. Kemenez beteta, artikulu bat ere idatzi nuen.
Orduan esandakoari ideiaren bat erantsi nahi nioke Itzul zerrendako haria aitzakia hartuta. Lehena da baliabide sintaktikoak zilegi iruditzen zaizkidala irtenbide terminologiko gisa. ‘Programa de aprendizaje mutuo’, euskaraz, ‘elkarrengandik ikasteko programa’ eman dezakegu, txukun baino txukunago. Beharbada, beste testuinguru batean, ‘aprendizaje mutuo’ eman beharko dugu huts-hutsik. Cabrék ez bide luke arazorik ikusiko euskaraz beste irtenbide batera joko bagenu, ‘elkarrengandiko ikasketa’ sintagmara, esate baterako. Aitortu beharra dago elkarrengandiko ez dela euskarazko hitzik erosoena, eta nik ez nuke gaitzetsiko euskaraz beste alternatiba batzuk esploratzea. Elkarrekiko, agian? Elkar– aurrizkia, agian?
Itaunok airera bidalita, egonezina agertu nahi dut euskarazko terminologi ekarpenetan aditzak deslai uzten direlako sarriegi, terminoak izenak baino ez direlakoan. Testu teknikoetan, aditzak ere behar ditugu, jakina, baina gure hiztegi eta terminologia-bankuetan hutsune nabarmenak aurkituko ditugu. Lehengoan, ‘vencer’ aditza azaldu zitzaidan, inbertsio-funtsei aplikatuta. Euskaltermen, ‘vencimiento’ baino ez dator, ‘epemuga’ ordainarekin. Egia da «cuando venza el fondo» euskaraz «funtsa epemugara iristen denean» esan dezakegula, eta abar, baina, pentsaera aldatzen ez badugu, gero eta handiagoa izango da arrakala testugileari sortzen zaizkion premien eta hiztegigileak eskaintzen dizkion irtenbideen artean.

