Irakurriaz ezin gozatu? Dislexia eta bertzelako irakurketa-nahasmenduak

Amaia Lasheras Perez

Lehengo urteko ikasturte hasieran, Nafarroako Hezkuntza Departamentuak ezartzekoa zuen plan bati buruz idatzi nuen artikulu bat blog honetarako. Artikulu hartan, neure buruari galdetzen nion ea zer egin zitekeen gazteen artean irakurzaletasuna bultzatzeko, eta ea plan horretan formula magikorik eman behar ote ziguten horretarako. Egitasmo horretan parte hartu nuen joan den ikasturtean, eta, aurten ere, hor nabil buru-belarri, baina oraingoan, tutore-lanetan. Ez naiz, hala ere, gaurko idatzi honetan planari berari buruz mintzatuko. Hurrengo batean, beharbada; izan ere, baditu gauza aski interesgarriak. Beraz, zergatik ari naiz plan hori berriz hemen aipatzen? Kontua da haren harira dislexiari buruzko prestakuntza-saio ttiki bat jaso genuela, gerora zer pentsatu handia eman didana.

Hizlariak zioenez, dislexia duten pertsonen burmuinek bertze modu batean prozesatzen dute informazioa, eta horrek zailtasunak sortzen omen dizkie idatzizko mezuak hartzeko, baita papereratzeko ere. Nonbait irakurmenari eta lan egiteko memoriari lotuta dagoen garunaren atalak “huts” egiten die.

Aurten, dislexia oso nabarmena duen ikasle bat daukat ikasgela batean, eta, ikusten dudanean zer-nolako arazoak dituen testu sinple-sinpleak irakurtzeko, neure buruari galdetzen diot nola eginen ote dion aitzin egungo bizitzari; izan ere, gure inguru guzia mezu idatziz betea dago, eta batzuk hagitz-hagitz garrantzitsuak izan daitezke bizimodu funtzional samar bat izateko. Jakin badakit ikasle horrek bertze estrategia batzuk garatu dituela dagoeneko, eta, adibidez, entzuten duen guzia ongi gordetzen duela buruan. Lasaitzen nau pentsatzeak gaur egungo gailu elektronikoek ere lagunduko diotela idatzitakoa ozen irakurriz, eta, adimen artifizialaren laguntzarekin, beharbada, aukera izanen duela testu horiek hobeki ulertzeko.

Dislexia edo irakurmenerako eta idazmenerako nahasmenduak gero eta ohikoagoak omen dira, edo, behintzat, gero eta maizago diagnostikatzen dira. Horrek bi gauza pentsaraz diezazkiguke. Batetik, zerbaitetan huts egiten ari garela eta horregatik topatzen ditugula gero eta kasu gehiago: pantailak, elikadura, kutsadura edo auskalo zer. Bertzetik, lehenago ere bazirela kasu aunitz, baina ez zirela identifikatzen eta ikaslearen alferkeriari edo gaitasunik ezari egozten zitzaizkiola. Buelta aunitz eman dizkiot gaiari. Zergatik eginen ote du giza burmuinak huts hain maiz? Zer egiten ahal dugu kontua hobetzeko? Prebentziorik egin ote daiteke? Baina, egun batean, “argia” ikusi nuen.

Ohartu nintzen hagitz ikasle guttik zutela hitz egiteko nahasmendurik. Garapen “normala” dugun pertsona ia orok arazorik gabe eskuratzen dugu ahozko hizkuntza, ahoskera-arazotxo batzuk goiti-beheiti. Konturatu nintzen solastatzea prozesu erabat naturala zela gizakiarengan. Fonazio-aparatu batekin jaiotzen gara, eta ttiki-ttikitatik hasten gara hori martxan paratzen, imitazioz. Hiru bat urteren buruan, mintzatzeko gai izaten gara oraindik hagitz ongi ulertzen ez ditugun prozesu batzuei esker; batzuetan, gainera, hizkuntza batean baino gehiagotan. Baina idazketa-prozesua, aldiz, guztiz artifiziala da. Gizakiok orain dela bizpahiru milurteko asmatu genuen idazketa, eta, gainera, orain dela 150 urtera arte ez zen denengana hedatzen saiatu. Argi dago, beraz, gure burmuina ez zela sortu irakurtzeko eta idazteko. Hala, ez zait batere harrigarri iduritzen jende aunitzek prozesu artifizial hori bereganatzeko arazoak izatea. Naturala ez den zerbait eskatzen diegu pertsonei, eta, abilezia hori gizarteak estandarizatu bezala lortzen ez badute, erraten dugu beren burmuinean zerbaitek “huts” egiten duela. Ez nago batere ados.

Egia da horretaz ohartzeak ez duela egiatan deus ere aldatzen. Bai, dislexia duten pertsonek jakinen dute bertzeak bezain gizaki perfektuak direla, eta, beharbada, lasaitu ederra hartuko dute. Gainerakook haienganako begirada aldatuko dugu, ez ditugu alfertzat, akastuntzat edo “tonto”tzat joko. Baina arazoak hor iraunen du, gizarteak idatzizko testuz beteta segituko baitu. Orduan, zer egiten ahal dugu pertsona horiei laguntzeko? Irakaskuntzan, pauso ñimiñoak ematen hasiak dira pertsona horiengana eduki garrantzitsuak bertze modu batean helarazteko (IDU metodologiaren bidez, adibidez), eta haiek irakasleoi dakitenaren berri emateko. Zorionez, dislexia edo gisa horretako nahasmenduak dituzten lagun anitzek aitzinera egiten dute eta irakurmen txukun samarra lortzen dute, lan eginez eta bertzelako estrategiak garatuz, baina ziur naiz ez dela kasu guzietan hala gertatuko. Hasieran aipatzen nuen bezala, aurrerapen teknologikoek ere laguntza handia emanen diete segur aski, baina penatuta nago pentsatuz batzuek ez dutela inoiz sentituko zer den liburu on (ongi itzulitako liburu) bat irakurtzen gozatzea.

Alimaleko txandrioa

Enrike Diez de Ultzurrun Sagalà

Kezka berbera agertu duten hiruzpalau artikulu plazaratu dira aurten Berrian, hots, haurrek gero eta lehenago uzten diotela euskaraz hitz egiteari eskolan, gero eta ikasle gehiago erdaraz mintzatzen direla irakasleekin, eta gero eta irakasle gehiagok normaltzat jotzen dutela hori. Diren eta ez diren Euskal Herri guztietan gertatzen ari omen da hori. Artikuluotan aipatutakoez landara, are larriagoa da Nafarroa Garaian sumatutakoa, zenbait irakasle erdaraz erantzuten hasi baitira gaztelaniaz zuzentzen zaizkien ikasleei; eta irakasle batzuk, gainera, erdaraz mintzatzen dira beren artean pasabideetan, hori guztia D ereduko institutuetan. Are gehiago, Iruñerriko euskal lerroko institutu batean, irakasle batek Cervantesen hizkuntzan eman du euskara eta euskal literatura irakasgaia, harik eta zuzendaritzak irakasgaia euskaraz emateko ohartarazi dion arte. Horrekin batera, haur ttipienendako eskola batzuetan, D eredukoetan, ez diete umetxoei euskarazko kanturik erakusten, ezta euskarazko hitz-jolasik, pipitakirik, ipuinik eta gisakorik ere, umea omen delakoz bere garapenaren jabe bakarra. Erran nahi baita, pedagogia molde horren arabera, horrelako kantu, hitz-jolas, pipitaki, ipuin eta gisakoek umearen berezko garapena “eragozten” dute edo garapen horretan “eragina” izan dezakete, eta hori baztertzekoa da arras. Lehen Hezkuntzan ere ederrak entzuten dira. Izan ere, irakasle batek kargu hartu die euskara etxean ikasitako haur baten gurasoei, semetxoak euskaraz mintzatzeko eskatu dielako gelakideei. Nonbait, ez baita zilegi haurrei halakorik eskatzea, haur bakoitzak aukeratzen baitu bere hizkuntza… Ezin jakin zer alde on antzematen dioten horrelako irakasbideari, baina argi dago zer ondorio duen non-eta gaztelania jaun eta jabe dugun bazterretan, Iruñerrian, konparaziora: erdara. Bertzela erranik, nekez euskaldunduko dira etxean euskara ikasi ez duten haurrak (Nafarroan, haur gehienak) eta arrunt erdaldunduko eskolara euskaldundurik iristen diren umeak; gainera, ja ere ez dute jakinen euskal kulturaz. Horretaz ohartzen hasi dira D ereduko zenbait ikastetxetan, ikusi baitute haurrak negargarri moldatzen direla euskaraz. Tira, berandu ereitea gehixeago da, batere ez ereitea baino, baina alimalekoa da zinez azken urteotan sortu diren haur aunitzengan ereindako txandrioa.       

Iturriaga, Moby Dick eta irakaskuntza

Aintzane Ibarzabal Esnaola

Hernaniko kanposantuko kale-kantoi batean Agustin Paskual Iturriagaren (1778-1851) hilobi hondatu eta lizunak jandakoarekin ezustean topo egin ondoren, idazlearen bizitza eta obra irakurtzeari ekin nion. Besteak beste, Klasikoak saileko Jolasak liburua (1842), 1987an berrargitaratu zena.

Patxi Altuna arduratu zen argitalpenaz, eta hitzaurrean Agustin Iturriagaren bizitzaz eta, batez ere, haren idazlearen irakasle lanaz ari zaigu. Iturriaga oso gazterik hasi zen irakasten (1797a baino lehenago). Ikasketak egin ondoren, gainera, eskola bat ireki zuen Hernanin eta irakasle aparta izan zela diote ikerlariek (“zekiena baino gehiago irakasten omen zuen”). Dena dela, eskolak ez zuen luze iraun (1823 ingurura arte edo). Ikertzaileen esanetan, Iturriagak salaketak izan zituen, Voltaireren eta entziklopedisten filosofia azalduz, gazteak galbideratzen omen zituelako. Giro horren eraginez, atzerrira joan behar izan zuen 1841ean. Handik urte batzuetara Hernanira itzuli eta han geratu zen hil arte (1851).

Garbi dago garai hartarako oso aurrerakoiak izan zirela haren joera didaktikoak eta hizkuntzari buruzkoak, gaurko ikuspegitik aurrerapen horiek oso urrun ikusten baditugu ere. Euskarari eman zion trataera ere guztiz berritzailea izan zen: ikasleen ama-hizkuntza (euskara) kontuan hartu behar zela zioen, irakaskuntzako gainerako ikasgaietan murgiltzeko.

Liburuaren hitzaurrearen amaieran Altunak dio COUko ikasle aurreratuenek euskalkiak ikasteko irakurgai aproposa izango dela Iturriagaren liburua. Aipamen horrek gogora ekarri dit gaurko Batxilergoko ikasleek euskal idazle klasikoekin duten harremana (aurreratuek eta ez aurreratuek). Batxilergoa, eta azken urtea bereziki, USE/EAU proba gainditzera eta emaitza onak izatera dago bideratua. Hala, euskal literaturak ez du lekurik (ez prestigiorik), are gutxiago euskal idazle klasikoen irakurketak edota testu iruzkinek.

Iturriagaren testuetan, oro har, sumatzen da idazlearen asmo didaktikoa, bai alegietan, elkarrizketetan eta baita hark itzulitako eglogetan ere, baina Jolasak liburuko elkarrizketetako azalpenek beste liburu batera jauzi eginarazi didate.

Irakaskuntzatik erretiroa hartu ondorengo abantailetako bat liburu mardulak irakurtzeko denbora izatea da. Marduletan mardula da Juan Gartziak itzulitako Moby Dick, Herman Melvillek (1819-1891) 1851. urtean argitaratua: Iturriaga hil zen urte berean.

Bi idazleen arteko lotura egitea ez zait zentzugabea iruditu. Garai berekoak dira biak eta testuen zati didaktikoetan, hizkuntzaren erabilerari dagokionean, batak bestearen oihartzuna ekarri dit. Izan ere, mundu iraganaz ari zaizkigu biak, antzinako jarduerez. Landa giroko gaiez elkarrizketak erabiliz Iturriaga; baleaz eta balearen arrantzaz 135 atal eta epilogoa dituen nobela luzean Melville.

Irakaskuntzak ere lekua du bi testuetan. Iturriaga irakasle ospetsua izan zen, elkarrizketen bidez irakatsi nahi izan zien ikasleei, bai hizkuntza eta bai edukia. Eskola maisu izandakoa da Melvilleren pertsonaia ere, Ismael, itsasora marinel gisa abiatzen dena. Irakasle senez ematen dizkigu baleaz eta balearen arrantzaz azalpenak eta argibideak.

Ez da prosaren estiloa (Melvilleren prosa zentzu batean didaktikoa izateaz gain, poetikoa ere bada, aberatsa, sakona…), ez da forma zehatza ere (elkarrizketa soilak dira Iturriagarenak, paragrafo luze eta korapilatsuak ditu Melvilleren nobelak). Hizkuntzaren kutsu arkaikoak ekarri dit burura bi testuen arteko ahaidetasuna.

LEHENBIZICO JOLASA

Antonio: Basilio lengo eguneco zure jolasac arras jostatu ninduen,

B: Atseguin det jaquitea

(…)

A: Esan zadazu nola eguiten duen obra eder ori.

B: Bada inguma mota bat zuria ta lodia. Onec eguiten dituen arraultcetatic irteten dira ar guztiz chiqui batzuec. Bereala asten dira masust arbolen ostoa jaten. Jaten dijoacen becela dijoaz anditzen. (…) Capuleac ifintcen dira ur iraquiñean eta an beratzen dira. Artcen da izpi bat, eta dauden lecutic atera gabe dijoaz ascatcen . Matazuran izpia artuaz, eguiten da mataza, ascatcen dijoan becela.

A: Norc esan icusten diran sedazco jantzi ederrac zor zaizcala ingumari!

B: Capulearen barrenen dauden arrac oso osoro ezcur alea dirudite.

A: Illac, ala biciac daude?

B: Illac gure beguietan, baña uda berrian irteten dira capuletic inguma biurturic.

A: Ori gauzaren miragarria!

B: Bi gauza oietatic zein deritzazu miragarriagoa? Piztea ala inguma biurtzea?

A: Ain arrigarria arquitzen det ar bat inguma biurtcea, non il bat piztea.

B: Eguiaz, arritceco gauza da gaur lurrean arrastaca dabillen arra , bigar egan len zan baño ederragoa icustea. Onen vistan ez da gaitz sinistea pistuco guerala gu ere egunen batean len baño ederragoac. Inguma berri oiec eguiten dituzte arraultzac eta bereala iltzen dira.

A: Cer, orren dembora guchian bicitzen dira?

B: Bai, eta badira abereac oraindic guchiago bicitzen diranac.

A: Ori orrela bada, ez degu cer errencuratu gure biciaren laburtasunaz.

Jolasak, 1842
95 Sotana

Igo bazinate Pequodera balearen hil ondoko disekzio horren une jakin batean, eta aurrera urrats egin gindaxaren ondotik, duda handirik ez dut jakin-min ez txikiz arakatuko zenutela objektu guztiz harrigarri, enigmatiko bat, han ikusiko zenutena luzetara etzanik haizebeko isurbideetan. Ez balearen buru itzeleko zisterna berebizikoa, ez haren beheko baraila gontzetik irtenaren txundigarria, ez haren buztan simetrikoaren miraria, horietarik ezein ez litzaizueke hain harrigarri, nola so erdi bat egitea horrako kono igargaitz horri; kentuckytar bat altu den baino luzeagoa, oinbete inguru diametroz oinarrian, eta hain atxabitxi-beltz nola Ioio, Queequegen idolo ebanozkoa. (…)

Moby Dick, 1851

Amaitzeko, duela gutxi Homeroren Odisea itzulpen argitaratu berriaren aurkezpenean Matias Mujika itzultzaileak azaldu du jatorrizko bertso luze, monotono, ia hipnotikoak itzultzeko Ziburuko Etxeberriren testua erabili duela eredu gisa.

Adierazpen horiek ezin egokiagoak dira hemen azaldutakoa baieztatzeko. Hau da, euskal idazle klasikoak baliabide egokia dira itzulpenetarako eta haien lanak ezagutzea premiazkoa da. Itzultzaileek arrakastaz erabili dituzte euskal idazle klasikoen ereduak zenbait idazle klasikoren lanak itzultzeko (Shakespeareren Sonetoak, Hamlet; P. Chardelos de Laclosen Harreman arriskutsuak, Melvilleren Moby Dick, Margarita Nafarrokoaren Heptamerona edo Homeroren Odisea bera).

Lan horietan itzulpenetatik euskal idazle klasikoetara jauzi egin dezakegu eta euskal idazle klasikoetatik itzulpenetara. Horregatik, ausartuko naiz esatera irakaskuntza orokorrean euskal idazle klasikoen testuei lekua egin behar zaiela[1], etorkizuneko irakurleentzat onuragarria izango delako, jakinda ere oso zaila dela hori helburu guztiz praktikoak, teknologikoak eta merkantilistak nagusi diren giroan.

Orain Iturriagaren aztarnak aurkitzea falta da. Udalak jakinarazi digunez, kanposantuko hilobi lizunak jandakoan ez dirudi gorpuzkirik dagoenik. Ea artxibategiko langileek nonbait aurkitzen dituzten. Bitartean, hor ditugu idazlearen testuak zain.


[1] Ezin egokiagoa Noeren ontzia web orriak euskal testuak lantzeko eskaintzen duen materiala.

Nola lagundu euskara lehen hizkuntza ez duten ikasleei hizkuntza buruhauste izan ez dadin?

Amaia Lersundi Pérez

Motibaziorik eza, nekea, autokonfiantza falta, frustrazioa, antsietatea, estresa, lotsa… Horra hor oinarrizko ikasketak euskaraz egiten dituzten ikasle askok eskolan bizi eta sentitzen dutena. Sentimendu guzti horiek kalte egiten diote ikasleen ongizateari, bai eta haien ikaste-prozesuari ere.

Euskara, ikasgai bat gehiago izateaz gain, beste ikasgai guztiak –edo behintzat gehienak– ikasteko bitartekoa ere bada, eta hori erronka garrantzitsua da ikasle askorentzat. Euskara bigarren edo hirugarren hizkuntza izan ohi da ikasle askorentzat, eta horrek hainbat oztopo eta zailtasun ekar ditzake haien errendimendu akademikorako eta, aldi berean, ikasteko prozesuan duten motibaziorako. Arrotza egiten zaien hizkuntza batean ikasteko zailtasunak hiztegitik eta gramatikatik haratago doaz: edukiarekin konprometitzeko, kultura ulertzeko eta komunikatzeko trebetasunetan konfiantza irabazteko ere eragiten diete.

Haiengandik espero da curriculumeko ikasgaiak –esaterako historia, zientziak, matematika, etab.– oraindik barneratzen ari diren hizkuntza batean ikastea. Erabat menperatzen ez duten hizkuntza batean ikasteak gainkarga kognitiboa sor dezake. Eta zer esan nahi du horrek? Ba beren energia mentala hizkuntza deszifratzen gastatzen dutela. Horrek ikaskuntza oro har zaildu eta frustrazioa eragin dezake, eta ondorioz, litekeena da ikasle horiek ikasgelan ahoz parte hartzera ez ausartzea. Gainera, ikasleek hitz egiteko eta gelan parte hartzeko konfiantzarik ez dutenean, ikasgaiarekiko interesa ere gal dezakete.

Horregatik, euskara ikasgai gisa irakasten dugunean edo oro har eduki jakin bat euskaraz irakasten dugunean, funtsezkoa da deskribatu berri dudan egoeran dauden ikasleen alderdi afektiboak kontuan hartzea eta horietan arreta berezia jartzea. Ikasleek euskara ikasteko behar duten lehenengo gauza konfiantza da: beren buruarengan, gelakideen aurrean hitz egiteko, akatsak egiteko, zerbait ulertzen ez dutenean beldurrik gabe galdetzeko… Horretarako, ezinbestekoa da irakasleek hizkuntza erabiltzeko testuinguru aproposak eta seguruak sortzea, eta konfiantza bera sustatzea, laguntza-sareak indartuz eta aprobetxatuz. Autokonfiantza izatea gako da ikasleek hizkuntza ikasteko gai direla sinesten jarrai dezaten. Konfiantza hori lortzen dutenean, gelako parte-hartze maila igo egingo da, eta hizkuntza erabiltzen hasten direnean bakarrik lortuko dute jariakortasuna irabazten joatea. Horren ostean etorriko da zuzentasuna. Horrek behar luke ordena: konfiantza, jariakortasuna eta zuzentasuna. Izan ere, zuzentasunetik hasiz gero, zailagoa izango da hizkuntza erabiltzeko konfiantza izatea eta horrekin batera euskaraz jariakortasuna lortzea.

Azaldu bezala, euskara bigarren edo hirugarren hizkuntza izateak benetako erronkak dakartza ikasle askorentzat, baina estrategia egokiekin eta enpatiarekin, oztopo horiek gainditzen lagun diezaiekegu. Konfiantza sustatuz, hizkuntzak irakasteko estrategia eraginkorrak erabiliz eta baliabide egokiak baliatuz, irakasleek lagundu diezaiekete ikasleei euskara ikasteko bidea arrakasta eta motibazio handiagoz egiten. Ikasle askok egunero eskolan daudenean egiten duten ahalegina eta behar duten energia itzela da. Beraz, esandakoa: erraztu diezaiegun bidea eta lagun diezaiegun hasiera-hasieratik gure hizkuntza maitatzen.

Adimen artifiziala, lagun edo etsai?

Amaia Lersundi Pérez

Azken hilabeteetan adimen artifiziala (AA) trending topic bihurtu da nire inguruan. Badira urte batzuk AA sortu zela, baina 2022ko azaroan, Chat GPT irekian jarri zutenean, gutako asko orduan hasi ginen AAri buruz hitz egiten. Adimen artifizialak hainbat sektore irauli ditu urte gutxitan, hala nola osasungintza, ekonomia, entretenimendua eta hezkuntza. Gaurko sarreran, nire egunerokotasunean gai honen inguruan sortzen diren hainbat kezka, eztabaida, hausnarketa… partekatu nahi ditut.

Zorionez, gizarteak aurrera egiten duen heinean, irakasteko eta ikasteko moduak ere aldatzen doaz, nahiz eta gehienetan aldaketak nahi baino polikiago gertatzen diren. Oraingoan ere, historian gertatu diren bestelako gertarirekin gertatu den bezala, AAren hazkundeak hezkuntza eta eskola birdefinitzeko beharra ekarri du, besteak beste, AAk ikaskuntza ikasleen behar eta gaitasunetara pertsonalizatzeko aukera ematen duelako, informazioaren irisgarritasuna hobetzen duelako, feedbacka momentuan ematen duelako, eta ikasleei eskatzen zaizkien zeregin asko ordenagailuak segundo bakarrean egiten dituelako. AAk onura eta aurrerapen ugari ekarri baditu ere, haren erabilerak hainbat zalantza eta buruhauste sortu ditu irakasleen artean. Nola arautu Chat GPTren erabilera? Debekatu beharko genuke eskoletan eta unibertsitateetan? Zein motatako zereginak eskatu behar dizkiegu ikasleei? Nola jakin ikasleek bidaltzen dizkiguten lanak haiek egin dituzten ala ez?

Orain arteko sarreretan hizkuntzak hezkuntzan duen garrantziaz aritu naiz, eta komunikazio-tresna ez ezik, ezagutzak eskuratzeko eta esanahiak eraikitzeko bitarteko ere badela defendatu izan dut. Ideia horretatik abiatuta, onartu behar dut kezkatuta nagoela AAk euskara maila baxua duten ikasleengan izango duen eraginagatik. Ikasleek itzultzaile automatikoak, idazketa-laguntzaileak eta Chat GPT moduko tresnak erabiltzen dituzte lanak egiteko. Tresna aurreratu horien bitartez ikasleek idatzizko lanak sor ditzakete inongo esfortzurik egin gabe, pentsatu gabe eta benetako ikaskuntzarik gabe. Kasu horietan, gainera, zaila izaten da jakitea ikasleak landutako edukia menderatzen duen, eta bere benetako hizkuntza maila zein den. Ez hori bakarrik; AAren gehiegizko erabilerak, komunikazio-gaitasuna garatzeaz gain, mugatu egin ditzake lan autonomoa egiteko gaitasuna, ikasleen pentsamendu kritikoa eta arazoak konpontzeko gaitasuna garatzeko aukerak.

Bestetik, adimen artifiziala deitzen badiogu ere, AAk ez du edukirik edo daturik sortzen; sarean dauden datuetatik jasotzen du informazioa eta estatistikan oinarritzen da datuak emateko eta testuak sortzeko. Horregatik, beste hizkuntza hegemonikoekin alderatuz, adimen artifizialak behar dituen ereduak entrenatzeko euskarazko datuen eskuragarritasuna mugatuagoa da, eta horrek eragina izan dezake tresna batzuen zehaztasunean eta eraginkortasunean.

Ezin da zalantzan jarri adimen artifizialak egiten duen ekarpena izugarria izan daitekeela hezkuntzan, baina gure ikasleak euskaraz trebatu daitezen eta komunikazio-gaitasunen garapen orekatua eta osoa ziurtatzeko, teknologia elkarrekintzarekin konbinatu beharko litzateke, eta, agian, debateak, ahozko aurkezpenak eta eskuz egindako idazlanak bezalako jarduerek funtsezko osagai izaten jarraitu behar dute gelan. Konbinaketa hori egin ahal izateko, eta irakasteko moduak gaurko errealitatera egokitzeko, ezinbestekoa da irakasleok AAk ematen dituen aukerak eta tresnak ezagutzea, nola erabiltzen diren ikastea, eta ikasleei nola erabili behar diren irakastea ere. Garrantzitsua da gogoratzea helburua ez dela adimen artifizialaren erabilera debekatzea, baizik eta modu etiko eta hezigarrian erabiltzen ikastea. Ez al da ba hezkuntza galdera egokiak egiten ikasteko eta pentsamendu kritikoa garatzeko esparrua? Beraz, jarraitu dezagun gai honen inguruan hausnartzen, eztabaidatzen eta ikasten, sortzen zaizkigun erronka horien guztien aurrean zer egin jakin dezagun eta adimen artifiziala etsai baino gehiago hezkuntza aberastuko duen laguna izan dadin.

Ahozko hizkuntzaren lanketa erdigunera

Amaia Lersundi Pérez

Azken asteetan, herrialde desberdinetan, hainbat eskola eta unibertsitate bisitatzeko aukera izan dut. Duela egun gutxi iritsi naiz Belgikatik eta onartu behar dut inbidiaz josita bueltatu naizela. Bertan entzule bezala egon naiz bigarren hezkuntzako irakasle izateko ikasketetako saioetan, ikusi dut nola egiten duten lan, eta ikasle batzuk elkarrizketatzeko plazera ere izan dut. Egia esan, harrituta geratu naiz ikasleek klasean duten jarrerarekin eta parte-hartze aktiboarekin. Ikasle gehienek ekarpenak egiten dituzte, inor epaitu gabe, eta elkarri lagunduz askotan. Ikasleei nabaritzen zaie ohituta daudela jende aurrean hitz egitera, ondo hitz egitera gainera, eta hori urteetan ahozko hizkuntzaren lanketa eginez lortzen da.

Gelan parte hartzeko eta ibilbide akademikoa arrakastaz egiteko lagungarria izateaz gain, ahozko komunikazio-gaitasuna garatzeak onura ugari dakartza, bai eremu pertsonalean eta baita profesionalean ere. Izan ere, interakzio sozial eta profesional gehienek komunikazio eraginkorra eskatzen dute. Garrantzitsua da argitzea ahozko komunikazio-gaitasuna ondo hitz egiteaz harago doala, eta aktiboki entzutea, hizkuntza ez berbala erabiltzea eta interpretatzea, besteak ulertzea eta mezua eta hizkuntza testuinguruaren eta hartzailearen arabera egokitzea ere badela.

Gizarteak aurrera egin dezan, komunikatzaile onak behar ditugu. Politikariek eta saltzaileek ondo komunikatu behar dute, baina baita irakasleek, medikuek, gurasoek, lagunek… Tamalez, tradizionalki, bai eskolan eta bai unibertsitatean, arreta idatzizko hizkuntzan jarri izan da, eta alde batera utzi da ahozkoaren lanketa. Eta, ausartu egingo naiz esatera, hori akats larria da. Ahozko hizkuntza garatzeak ikasleen errendimendu akademikoa nabarmen hobetu dezake, ikasleek beren ezagutzak eta ulermena komunikatzeko estrategiak garatzen dituzte eta. Baina trebetasun horiek menderatzeak praktika eta lanketa sistematikoa eskatzen ditu. Izan ere, taldeko presioak, lotsak, besteen epaiketek eta gizarte-antsietateak oztopatu dezakete modu asertiboan adierazteko gaitasuna.

Hortaz, gelan ahozkoa lehenetsi eta testuinguru seguruak sortu behar dira ikasleak eroso sentitu daitezen galderak egiteko, erantzuteko, elkarri laguntzeko, eztabaidetan parte hartzeko eta feedback konstruktiboa emateko zein jasotzeko. Horrek berekin dakar ikasgelan ahozko hizkuntza sustatzen duten jarduera eta proiektu gehiago inplementatzea, eztabaidarako aukerak areagotzea, eta idatzizkoaz gain ahozko hizkuntza ere ebaluatzea. Hau da, testuinguru pertsonal eta profesional anitzetan modu egokian komunikatzeko behar diren trebetasunak garatzeko aukerak eskaintzea; eta noski, hori guztia nola egiten den esplizituki lantzea.

Amaitzeko, Paul J. Meyer-rek gizakien arteko lotura gisa definitzen du komunikazioa. Eta arrazoirik ez zaio falta. Modu eraginkorrean komunikatzen jakiteak laguntzen du, besteak beste, pertsonen arteko harreman osasuntsuak eraikitzen, gatazkak konpontzen, eta emozioak kudeatzen eta partekatzen. Hain zuzen ere, gaur egun, beste gaitasun eta jakintza guztien gainetik, munduan behar duguna.

Olentzero eta Mari Domingiri gutuna

Amaia Lersundi Pérez

Hizkuntzak hezkuntza prozesuan duen garrantziaz eta rolaz aritu naiz azken sarreretan. Gaiarekin jarraituz, baina arreta-gunea apur bat aldatuz, gaurkoan, sareetan, kaleetan, eskoletan eta unibertsitateetan bolo-bolo dabilen gai bat ekarri nahi izan dut. Duela aste batzuk PISA probaren emaitzak argitaratu ziren, eta asko dira sortu diren kezkak, ardurak eta harridurak. Lerro hauetan azken urteetan, oro har herrialde guztietan, irakurketaren ulermen mailak izan duen beherakada kezkagarriaren inguruan hausnartu nahi dut. Testu bat irakurtzeak eta ulertzeak hitzak deszifratzea baino gehiago eskatzen du. Ikasleek, pentsamendu analitikoa eta kritikoa garatu dezaten, testuaren egitura aztertzeko, gai nagusiak identifikatzeko, informazio garrantzitsua ateratzeko eta inferentziak egiteko gaitasuna garatu behar dute.

Hezkuntza komunitatean joera negatibo horretan eragina duten faktoreak zeintzuk izan daitezkeen identifikatzeko beharra ikusi da. Izan ere, ulermen arazoek ikasleen hezkuntza-arrakasta baldintzatzen dute, ulermena baita edozein ikasgai ikasteko beharrezko oinarria. Hizkuntza behar bezala ez menderatzeak zuzenean eragin diezaioke edukia ulertzeko gaitasunari, eta ondorioz, ikasleek zailtasunak izan ditzakete testu konplexuak interpretatzeko eta beren ideiak argi eta zehatz adierazteko

Askok pandemiari egozten diote ikasleen ulermen mailaren beherakada, baina badaude beste zenbait faktore ere eragin zuzena izan dezaketenak, esaterako, gailu elektronikoen ugaritzeak eta eduki digitalak erraz eskuratzeak irakurketa-ohiturak aldatu dituztela. Hala, gaur egungo ikasleak behar duten informazioa azkar eta sintetizatuta lortzera ohitu dira. Aro digitalak erabat eraldatu du informazioa eskuratzeko modua, eta informazioaren berehalakotasunak azaleko irakurketa eta datuen bilaketa azkarra egiteko kultura sortu du. Eskuragarritasun horrek onura ukaezinak ekarri baditu ere, eskoletara erronka esanguratsuak ere ekarri ditu; bereziki, ikasleek formatu laburragoak eta bisualagoak nahiago dituzte, eta zaila egiten zaie testu konplexuagoak sakon eta patxadaz irakurtzea.

Gizartearekin batera hezkuntza ere aldatzen joan behar denez, eta orain arteko estrategiek, dirudienez, emaitza onak eman ez dituztenez, neurriak hartu behar dira ikasleek azaleko informazioa kontsumitzeaz gain, informazio hori ulertzeko eta beren ikaskuntzan eta garapen pertsonalean gogoeta eginez aplikatzeko aukera izan dezaten. Beraz, argi izan behar dugu ikasleen irakurketa eta ulermen gaitasuna sustatzea funtsezkoa dela haien garapen akademiko zein pertsonalerako. Hau da, irakurmena sustatzeak errendimendu akademikoa hobetzeaz gain, bizitzan arrakasta izateko eta gizartean aktiboki parte hartzeko ezinbestekoak diren trebetasunak ematen dizkie ikasleei; eta irakasle guztien ardura dela, informazioa modu kritikoan aztertzeko, sintetizatzeko eta ulertzeko gaitasunaren lanketa; baita ere ikasleek ulermen estrategiak garatzea eta horiek erabiltzen jakitea, irakurzaletasuna txikitatik sustatzea, eta irakurtzeko motibazioa eta interesa piztea. Azkenik, hori guztia egiteko eta ikasleen garapen integralean irakurketaren garrantzia sustatuko duen ingurune bat sortu ahal izateko, ezinbestekoa da hezitzaileen, gurasoen eta komunitatearen arteko lankidetza.

Hemen doaz urte berrirako Olentzerori eta Mari Domingiri eskatutakoak. Bitartean, pare bat astez, behintzat, har dezagun atseden eta ingurukoen energiaz eta goxotasunaz bete gaitezen, aurrean ditugun eta etorriko diren erronkei aurre egiteko indarra beharko dugu eta.