Nafarroako administrazioak itzultzaile sare handia antolatu behar izan zuen mendez mende, jende gehiena ez baitzen mintzatzen administrazioak zerabilen hizkuntzan, herritar gehienak euskaldun hutsak baitziren. Eskribauak aritu ziren bitartekari herritarren eta administrazioaren artean auzi, epaiketa eta gisakoetan. Erran nahi baita, jendeak euskaraz errandakoa gaztelaniaz jasotzen zuten eskribauek paperetan, baina tarteka euskarazko hitzak idatzirik, baita esaldiak ere, gure gozamenerako.
Epaiketa eta auzietako paperak Nafarroako Artxibo Nagusian daude gorderik eta, duela hamar bat urtetik hona, euskarazko hitzak dakartzaten izkribu aunitz argitaratu dira, garai bateko euskararen erakusgarri.
Konparazio batera, behin batean, kalapita ederra gertatu zen Barasoaingo kanposantuan, bi familiaren artean, hilobi baten kontura. Epaiketako paperen arabera, Martin Leotzek hauxe erran zion Margarita Lanari (parentesi artean eskribauaren itzulpena):
– Eme txarrak oihuak handi (ruin muger –sic– grandes voces).
Eta Margaritak erantzun:
– Baita zuek kasta andurrak (malas castas).
Hortik aitzina, sekulakoak eta bi erran zizkioten elkarri, familia bakoitzeko bertze kide batzuek lagundurik.
– Arrano txipiak egin nahi du hain oihu handia nola handiak (la aguila chiquita tan grandes voces quiere dar como la mayor).
Eskribauaren eskuizkribuaren arabera, Margaritak azken hitza bere:
– Kasta gaiztoak, perjuro kumeak, perjuro baten semeak ez dik hemen ortzi (ehortzi) behar.
Orbaibarko gertakari horretan erabilitako erroi eta andur hitzak (gaiztoa, makurra, zitala) maiz ageri dira mende haietako paperetan. Adibidez, Agoitzen, behin batean, emakume batek bertze bati “andurra” erran, eta erantzun hau jaso zuen: “Ni ez naun andurra, nik andurtu ninduenak…”. Hortaz, aditz bihurturik ere ageri da andurra.
Erroi ere izugarri erabiltzen zen: “erroi zarra”, “erroi adaburu handia”. Eta Añorben, ez dakigu zer gertatu ote zen bi lagunen artean, baina batak bertzeari honakoa bota zion: “erroi mehaka ustela tripa handia”. Eskribauak ez zuen itzulpen zehatzik ekarri, honakoa baizik erdaraz: “arras hitz iraingarriak”.
Adaburu hitz hori ere ezin konta ahala aldiz ageri da (cornudo) eta ez dira gutxi gero apezei lotutakoak. “Axeri” eta “axerikume”, apezen seme-alabei errateko. “Apezgoitia”, apezarekin harremanak izan dituen emakumeari errateko.
Edaten zuenari “ordia”, “ordi zarra” eta gisakoak erraten zizkioten edo, metafora bidez, “ardankopa matela”, “ardanbotea”, “ardansaskia”.
Behin batean, Irunberriko jendea Leirera erromerian joan zelarik, sekulako istiluak gertatu ziren monasterioko fraideekin. Orduan, Irunberriko Trinitateko ermitauak, Irunberriko gurutzea zeraman gizonarengana hurbildurik, gurutzeari eusteko makila hartu zion, fraideen kontra jotzeko asmoz: “Indak honat makil hori, nik adituko diat fraideok” (Daca aca ese palo, que yo entendere a estos frailes”.
Bukatzeko, Ameskoako gizon batek bertze bati egindako heriotza-mehatxua: “lehen ere begietan hadukat, eta gero bada, lehen bada, ene eskuetarik joanen haiz” (“yo te tengo antes de agora sobre ojos y sea antes y sea despues, tu as de morir en mis manos o por mis manos).
Irain horietako aunitz Iruñeko karriketan bertan erabili ziren, bai eta Iruñerriko eta inguruko herrietan ere, hau da, euskarak XIX. mendean gibelera egindako bazterretan. Arestian erran bezala, aunitz dira eta ezin denak hona ekarri. Batzuk, gainera, egiazki dira itsusiak egungo belarrietarako. Hurrengo batean, agian.
Berandu iritsi gara euskaldunok euskara-eredu estandar bat izatera, oso berandu, nahiz eta, zorionez, azkar nagusitu den euskara batua deitzen diogun hori. 1968an ezarri ziren lehen oinarriak, baina, lexikoari dagokionez, askoz geroagokoa da lexiko estandarra: 1995ean hasi zen argitaratzen Hiztegi Batua, eta 2000.ean amaitu.
Hiztegi Batua, baina, ortografia-hiztegi bat izan zen, hitzak nola idatzi behar ziren baino ez zuen argitzen. Alegia, ez zuen definiziorik. Eta oso handia ere ez zen, 20.000 sarrera besterik ez zuen. Egin egin behar zen, beharrezkoa izan zen, baina ulertu behar dugu benetako hiztegi aruemaile baterako oinarria baino ez zela izan. Beraz, esan dezagun argi: hiztegi arauemailerik gabe iritsi ginen euskaldunok XXI. mendera.
Auzokoen inbidiatan
Inbiriyetan bizitze ori / preziso gauza tristia kantatu zuen Txirritak. Inguruan ditugun bi estatu-hizkuntza handiekin ezin konpara daiteke gure nazio-hizkuntza, eta, hala ere, haiekin konparatu behar dugu, besteak beste, non gauden jakingo badugu eta zer lantegi dugun aurrean ohartuko bagara.
Frantsesaren hiztegiari erreparatuko diogu lehenik. 1694koa da Frantziako hizkuntza‑akademiaren lehen edizioa (Dictionnaire de l’Académie française). Hau da, 330 urte ditu! Eta 9. edizio izan ditu (1694/1718/1740/1762/1798/1835/1878/1935), 9. edizioa (2012an argitaratzen hasia) oraindik erabat amaitua ez badago ere (2023ko martxoan argitaratu zen orain arteko azken partea: sommation-spermatophytes). Guztira 60.000 sarrera izango ditu gutxi gorabehera, 8. edizioak dituen baino 28.000 sarrera inguru gehiago.
Gaztelaniari dagokionez, 1780koa da Diccionario de la lengua españolaren lehen edizioa (haren aurrekaria Diccionario de autoridades izenekoa izan zen, 1726-1739 bitartean argitaratua). Hau da, 244 urte ditu! Geroztik, 23 edizio argitaratu dira, azkena 2014an, Espainiako hizkuntza-akademiaren 300. urteurrenaren kariaz (eta 24. edizioa, dirudienez, 2026an argitaratuko da). Azken edizio horretan, Real Academia Española erakundeaz gainera, gaztelaniaren gainerako hizkuntza-akademiek ere hartu zuten parte (guztira, 23 akademia dira). Diccionario de la lengua españolaren 23. edizioak 93.000 sarrera ditu.
Estatu banaren indarra eta laguntza izan dute, eta dute, bi hizkuntza-akademia horiek eta bi hiztegi arauemaile horiek. Gaztelania eta frantsesa baino hurbilago dugu, egoeraz eta historiaz, katalana. Katalanaren hizkuntza-akademia, Institut d’Estudis Catalans (IEC), 1907an sortu zen (gogoan izan garai bertsuan, 1918an, sortu zela Euskaltzaindia), eta 1932an amaitu zuen bere hiztegia, Pompeu Fabraren Diccionari general de la llengua catalana (DGLC).
Euskarak, euskal kulturak eta euskal identitateak bezala, katalanak, katalanen kulturak eta identitateak ere Espainiako diktaduraren jazarpen latza jasan zuten lau hamarkadaz, eta IECk ezin izan zuen garatu bere hiztegia. Diktadura amaituta, lanari berrekin zion, eta, 1995ean, Diccionari de la llengua catalana argitaratu zuen, 1932koa baino 18.000 sarrera gehiagorekin. Eta 2007an, IECren ehungarren urtean, bigarren edizioa argitaratu zen (DIEC2), 1995eko ediziokoa baino 2.400 sarrera gehiagorekin. Bigarren edizioak 67.570 sarrera ditu. Geroztik, urtean bitan gehienetan, zuzenketa eta sarrera berri batzuk gehitzen dizkiote onlineko bertsioari.
Eta gurean zer?
Hiztegi orokor elebakar arauemailerik gabe iritsi ginen XXI. mendera, eta 2012. urteraino itxaron behar izan genuen Euskaltzaindiaren Hiztegiaren (EH) lehen edizioa ikusteko (liburu gisa argitaratu den edizio bakarra). Hiztegi horrek 20.000 sarrera zituen, eta 634.152 hitz. Jaioberria ez zen potoloa, baina bazen, eta hori zen garrantzitsuena.
Ondo eta ugari edoskitu beharra zegoen, gizendu eta haziko bazen. Eta horri lotu zitzaion Euskaltzaindia. Orain, lehen edizio hark argia ikusi zuenetik 12 urte iraganik, biziki koskortu da hiztegia, eta nerabezaroaren atean dugu jada. Hori ez da iritzi hutsa, datuetan oinarritutako baieztapena baizik. Azken urteotan, urtean bitan argitaratzen ari dira eguneratze eta handitzeak, urtarrilean eta uztailean. Gaur egun, hiztegiaren 13. edizioa edo ―edizio hitza handitxoa dela iritziz gero― 13. bertsioa dugu kontsultagai. Eta bada alderik:
1. edizioa (2012)
13. bertsioa (2024ko urtarrila)
20.000 sarrera
49.503 sarrera
634.152 hitz
1.298.496 hitz
Hamabi urtean, bikoiztu baino gehiago egin da sarrera-kopurua, 2,5 aldiz handiagoa da orain. Eta zenbaki hotzen atzean dagoen mamia ikusteko, hona hemen, frogagarri, erakusgarri txiki bat. Euskaltzaindiaren Hiztegiaren lehen bost sarrera nola zeuden 2012an eta nola dauden orain (eta zer sarrera berri sartu diren tartean):
2012
2024
a1 iz. Alfabetoko letra (a, A). A larria.
a1 1 iz. Alfabetoko letra (a, A). A larria. 2 area-ren nazioarteko sinboloa. 3 ampere-ren nazioarteko sinboloa. (Letra larriz).
a bildu iz. Helbide elektronikoetan erabiltzen den ikurra, erabiltzailearen izenaren ondoren eta zerbitzariaren izenaren aurretik jartzen dena (@); ikur hori adierazteko erabiltzen den hitza.
a itsatsi iz. hizkl. Euskal hitz batzuek berezkoa duten hitz bukaerako -a, artikulua ez dena. a itsatsia duten hitzen berezitasuna.
a2 interj. Oi! A!, ikusi banu.
a2 interj. Oi! A!, ikusi banu.
a zer interj. (Artikulua edo zenbatzaile zehaztua hartzen duen izen sintagma baten ezkerrean, hark adierazten duena azpimarratuz). A zer itsutasuna!A zer lasaitua etorri zitzaiona!A zer muturrekoa eman didan!A zer bi geunden gu!
ababor iz. Ontziaren ezkerraldea, popatik brankarabegiratuz. Anton. istribor. Uhartea ababorreko aldetikutzi. Ontzia ababorrera makurtzen da. Ababorrean urzulo bat dago.
ababor iz. Ontziaren ezkerraldea, popatik brankara begiratzen dela. (Batez ere leku-denborazko atzizkiekin erabiltzen da). Anton. istribor. Uhartea ababorreko aldetik utzi. Ontzia ababorrera makurtzen da. Ababorrean ur zulo bat dago.
abade 1 iz. Gizonezkoentzako monasterio bateko burua.Paulo abade zahar hura. Leireko abadea. 2 iz. Bizk. Apaiza. Abade jauna. || Esr. zah.: Nolakoelizalde, halako abade. Abadearen lapikoa, txikia bainagozoa. abade egin Bizk. Apaiz egin. Alargundu eta gero,abade egin zen.
abade 1 iz. Gizonezkoentzako monasterio bateko burua. Paulo, abade zahar hura. Leireko abadea. 2 iz. bizk. Apaiza. Abade jauna. Esaera zaharrak Abadearen lapikoa, txikia baina gozoa. Nolako elizalde, halako abade. abade egin ad.-lok. bizk. Apaiz egin. Alargundu eta gero, abade egin zen. abade nagusi iz. bizk. Apaiz nagusia, apaizburua. abade etxe, abade-etxe iz. bizk. Apaizetxea. Saint-Denisko abade etxea hiriko otoizlekurik zaharrena da.
abadegai iz. bizk. Apaizgaia. Abadegai zela hasi zen euskara lantzen liburuak irakurriz.
abadegintza iz. bizk. Apaizgintza. Behin baino ezin hartu daitezkeen sakramentuak hiru dira: bataioa, sendotza eta abadegintza.
abadeki iz. g. er. Apaizgaia
abadesa iz. Emakumezkoentzako monasterio batekoburua. Monasterioko abadesa zenean. Bere komentukoabadesa.
abadesa iz. Emakumezkoentzako monasterio bateko burua. Monasterioko abadesa zenean. Bere komentuko abadesa.
Oraindik inbidiatan begiratzen diegu katalanen, espainolen eta frantsesen hiztegi aruemaileei, baina badakigu jada ez daudela hain urruti, ia-ia eskumendean ditugula, ia‑ia hori ezabatzeko zenbait urtez gogor jardun beharko badugu ere.
Beti gehiagoren miran
Hiztegi-erabiltzaileok, halere, asegaitzak gara, umeak nola. Nahi nuke Euskaltzaindiaren Hiztegiak nik behar ditudan hitz guztiak izatea. Nahi nuke balidatu, bitcoin (bitkoin?), bot, botulismo, carpaccio, didaskalia, elektroentzefalograma, enoturismo, estilobato, fatua, geolokalizatu, klaustrofobiko, kriptomoneta, marakuia, mentalizatu, mokoprestu, multizinema, nukleosintesi, ortotipografiko, subfusil, superkumulu, txador, txirene, zapping, ziberjazarpen… hitzak izatea. Nahi nuke hiztegi horretan sarrera diren hitz askotan orain ageri diren baino adiera gehiago izatea (adibidez, gautxoria gaueko autobusa ere badela esatea; edo karakterizazio hitzak, antzerkiko adieraz gainera, teknologian beste esanahi bat baduela, oso erabilia, esatea; edo…). Nahi nuke hiztegi horretan hitzak irakurtzeaz gainera entzun ere ahal izatea, nahi nuke antonimo gehiago egotea, nahi nuke sinonimoak sistematikoki ematea, nahi nuke… Queen taldeak abesten zuen bezala,I want it all and I want it now,baina badakit pixkanaka beteko direla nire nahiak eta hamabi urteko EH gazteak, hemendik hamabi urtera, beste hizkuntzetako hiztegi handi eta eder horien Txapeldunen Ligan airoso jokatuko duela eta inbidiaren talaian egoteari utziko diodala, diogula.
Euskalari orok daki Julien Vinsonek euskal bibliografiari buruzko lan erraldoi oraindik erabili beharrekoa idatzi zuela, hain zuzen Essai d’une bibliographie de la langue basque (1891, 1898) ospetsua. Wikipedian hizkuntzalari moduan aurkezten da (ez bakarrik euskarazkoan, baita frantsesezkoan, katalanezkoan eta ingelesezkoan ere), eta zehazten da Indiako hizkuntzak (bereziki tamilera) eta euskara landu zituela. Eta esango nuke antropologiaren eta etnografiaren alorrean eginiko lana ere aitortzen zaiola (Julio Urkixok 1927an argitaraturiko ohar nekrologikoan eta Auñamendi Entziklopedian, behintzat). Georges Lacombek, 1927an Gure Herria aldizkarian argitaraturiko ohar nekrologikoan, azpimarratzen du Julien Vinsonek askotariko lanak idatzi zituela, askotariko alorretan: historia, folklorea, literatura, antropologia, bibliografia, filologia eta linguistika zerrendatzen ditu, askotarikotasunaren berri emateko.
Baina ez dut inon ikusi haren itzultzaile-lana aintzat hartu denik, hark eginiko itzulpen-lan batzuk aipatzen diren arren. Frantsesezko Wikipedian dagokion sarreran, bada Traductions atala, eta hiru itzulpen-lan aipatzen dira:
Ferenc Ribary hungariarraren Essai sur la langue Basque, 1877an argitaratua, Vinsonek hungarieratik frantsesera itzulia. Euskalarien lanetan ere aipatu ohi da liburu hau, baina arreta gehiago jarri da Vinsonek erantsitako oharretan, hark eginiko itzulpen-lanean baino.
Budisten eta djainisten elezaharren bilduma, Vinsonek berak paratu, oharrez hornitu eta tamilerarik frantsesera itzulirikoa: Légendes bouddhistes et djaïnas, 1900.ean argitaratua, bi liburukitan.
Hemen, euskaratik frantsesera eginiko itzulpenak aipatu nahi ditut: Le folk-lore du Pays Basque(1883) izen laburrarekin ezagutu ohi den liburuaz ari naiz, izan ere, funtsean, budisten eta djainisten elezaharrez osaturiko bilduman tamilerarekin bezalatsu, liburu honetan ere euskaraz bilduriko elezaharren, ipuinen, kantuen, asmakizunen, atsotitzen, koplen, pastoral-zatien… eta oro har ahozko literaturako adierazpen orotarikoen itzulpenak dauzkagu.
Julien Vinsonek ere, bere hitzaurrean, beste ezertaz baino lehen, eta beste kontu batzuei buruz baino suhartasun kartsuagoz, itzulpenaz dihardu: “J’ai naturellement traduit directement sur le texte basque” (XIV. orr.). Zuzenean jatorrizkotik (kasu honetan euskaratik) itzuli ahal izatea ezinbestekoa dela uste du, eta funtsezkoa iruditzen zaio zehaztasuna. Ez ditu onartzen ez parafrasiak ―“les traductions fournies à M. Cerquand par ses collecteurs sont trop souvent de déporables paraphrases” (XIV. orr.)―, ez moldaketa edo egokitzapenak ―“Une traduction, pour être exacte, ne saurait être une adaptation, un arrangement” (XXXIV. orr.)―.
Pasarte luzetxoago bat ekarriko dut osorik:
J’ai traduit en effet, suivant mon habitude, aussi littéralement que possible; j’ai cherché à serrer le texte de près et, dans les poésies, à conserver les divisions originales. Je n’ai jamais admis le systéme qui consiste à habiller d’un français académique et guindé des pensées exprimées dans des langues étrangeres; à jeter sur le lit de Procuste du beau langage les productions nées au delà du Rhin, Des Alpes, ou des Pyrénées (XXXIII. orr.).
Ahalik eta modurik literalenean itzuli duela dio, jatorrizko testuari gertutik jarraitu diola, eta poemetan jatorrizko zatiketak gordetzen saiatu dela. Horretarako, ezinbestekoa iruditzen zaio uko egitea frantses apain eta akademikoari, ahozko literaturako testuen itzulpenetan frantses hori erabiltzea Prokrustesen ohea erabiltzea bezalatsu baita: luzeegia behar gabe laburtzea. Prokrustesen mitoaren Antzinateko bertsioetan, Gaio Julio Higinorenean (K.a. 64 – K.o. 17) adibidez, Prokrustesek bi ohe zituen:
Procrusten Neptuni filium. Ad hunc hospes cum venisset, si longior esset, minori lecto proposito reliquam corporis partem praecidebat; sin autem brevior statura erat, lecto longiori dato incudibus suppositis extendebat eum, usque dum lecti longitudinem aequaret. Hunc interfecit. (Hyg. Fabulae, XVIII, 3)
Prokrustes Neptunoren semea hil zuen [Teseok]. Prokrustesengana ostatu-hartzaileren bat iristen zenean, handia bazen, ohe laburra eskaintzen zion, eta kanpoan geratzen zitzaion gorputz-zatia mozten zion; altuera txikikoa bazen, ordea, ohe luzea eskaintzen zion eta ingudeen pisuaz tiraka eginda luzatzen zuen, ohearen luzera berdindu arte.
Dirudienez, zehaztasunaren izenean, Julien Vinson gehiago amorratzen zuen luzea laburtzeak laburregia behar gabe luzatzeak baino. Nolanahi ere, gure ustez, bildumaren helburuetarako, itzulpen onak egin zituen. Hona hemen bat, ia-ia ausaz hautatua (Vinson 1883: 209-210):
Kuku! miku! Chorijak sasian umiak ditu! Sagusarrak jango al ditu! Sagusarra alkate: Marijak bai gura leuke!
Coucou! Couvée! L’oiseau a ses petits dans le buison! La chauve-souris pourra les manger! La chauve-souris est alcalde: Maria le voudrait bien, oui!
Eta beste hau ez da ausaz hautatua, nik gaztetan (ikasle-garaian, o tempora!, o mores!) irakurritako Vinsonen lehenengo itzulpena baita. Jean Mekol Garindainekoak idatziriko Edipa pastoralaren 1793ko eskuizkribuaren edizioa prestatzen ari nintzen, eta hara non aurkitu nuen Azken Pheredikia Vinsonek frantsesera itzulia. Lehenengo bost bertsetak kopiatuko ditut hemen, euskarazko jatorrizkoak nire ediziotik hartuta, eta frantsesezkoak Vinsonen itzulpenetik (Vinson 1883: 338):
Haur duciela, populia, goure trageria finitcen, ceren eta niq beiteriot coroua eçarten.
Badugu eçagutcia etciratela satisfactu eta suget miraculous haur eztugula ounxa representatu.
Orain dela urtebete pasatxo iritsi zen nire eskuetara Juan Irazusta. Pertsona, garaia eta idazlana liburu interesgarria. Juan Irazusta Alkizalete (1688-1772) alkizarra erretore izan zen Hernialden (1716-1752) eta Alkizan (1752-1772), eta baita idazle ere: Gaspar de Astete jesuitaren Catecismo de la doctrina cristiana itzuli zuen gaztelaniatik euskarara.
Hernialde ondokoa eta hernialdetar baten alaba izan arren, eta Hernialdeko Santa Kruz Apaizaren plazan dagoen ostatura igande eguerdiko tragoa hartzera makina bat aldiz joandakoa izan arren, ez nuen nik XVIII. mendeko erretore horren berririk.
Jakin-minez hasi nintzen liburua irakurtzen. Juan Irazusta hil zela 250 urte bete zirenean, 2022an, Alkizako Udalak bertako idazlea omentzeko egin nahi izan zuen eta Olatz Leturiaga Angoitia Hizkuntzalaritzako eta Euskal Ikasketetako ikerlariak idatzi zuen. Gaspar Astetek 1599an Madrilen idatzitako dotrina itzuli zuen euskarara Juan Irazustak, Hernialden erretore zegoela: Doctrina Christiana eguinzuana erdaraz Aita Gaspar Astete, Jesuitac. Ipinidu Eusqueraz don Juan de Irazusta Erretore Hernialdecoac.
Ondorengo urteetan Irazustak erabilitako euskararen kalitatea eta garbitasuna zalantzan jarri izan zuten. 1855ean salaketa bat bideratu zen Errezilgo, Albizturko eta Bidania-Goiazko artzapez-barrutitik dotrina “euskara txar eta lotsagarrian” idatzita zegoela-eta. Hala ere, liburuak 50 edizio inguru izan zituen, 1939an Lazkaoko beneditarrek atzena egin arte; eta Gipuzkoako neska-mutikoen dotrina nagusia izan zen XX. mendearen erdira arte. Irazustaren garaikide izan zen Manuel Larramendi maisuak ere ontzat jo zuen lana; akats bakarra omen zuen erdarazko hitz gehiegi erabiltzen zituela.
Dotrinari buruzko iruzkinak irakurtzen ari nintzela erabat ezaguna egin zitzaidan pasarte bat ikusi nuen.
Nor da jaungoycoa? Da gauza bat esan eta pensatu alditequean excelenteena ta admirableena; Jaun bat infinitamente poderosoa, sabioa, justoa, principioa eta fiña gauza guztiena.
Gure ama zenak askotan aipatzen zuen pasarte hori, horixe baitzen adibide gisa erabiltzen zuen esaldia, txikitan makina bat gauza tutik ere ulertu gabe buruz ikasi zituela adierazteko. Nik ez dut inoiz pasartea buruz ikasi, baina ikusi orduko gogoratu nintzen amarekin, eta irudikatu ere egin nuen umetan, 1940 inguruan, bere jaioterrian, Beizaman, dotrina ikasten. Urteak pasa eta seme-alabak helduarora iritsita zituenean ere ez zuen lotzen amak principio hasierarekin edo iturburuarekin; are gutxiago fiña amaierarekin. Izan ere, beste zerbait adierazteko erabiltzen dugu fina.
principio(DRAE) 5. Cada una de la prímeras proposiciones o verdades fundamentales por donde se empiezan a estudiar las ciencias o las artes. Sin.: fundamento, tesis, ley, norma, regla, postulado, razonamiento.
printzipio (EH) 1 iz. Oinarrizko edo funtsezko egia edo legea, frogatzen ez dena edo beste arau edo adigaien iturburu gertatzen dena. Ik. hastapen 2; oinarri 2. Arkimedesen printzipioa. 2 iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, printzipio-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, hitz hori ‘hasiera’ adieran ez erabiltzea gomendatzen du; ik. hasiera 1; haste; hastapen 1].
Dotrinak adierazi nahi zuenerako, beraz, ez digu balio printzipio hitzak euskaraz.
Elhuyar hiztegian ageri dira adiera gehiago: iturburu, (edanarekiko zaletasuna bere arazo guztien iturburua izan da) jatorri, sorburu / oinarri (filosofiaren oinarriak).
Gehiago ere kontatzen zigun amak printzipioa zela eta; hitza ezaguna zuten, erabiltzen zuten, baina ez Arkimedesen printzipioaz jarduteko, ez beste inorenaz ere. Ematen zioten adiera Espainiako Errege Akademiaren hiztegiko principio sarreraren zazpigarrena da:
principio 7. Alimento que se servía entre la olla o el cocido y los postres.
Gutxitan egokitu zait euskaraz printzipio adiera horretan entzutea, baina are gutxiago gaztelaniaz. Plácido Múgicaren hiztegian gaztelaniazko principio sarreraren seigarren adieran ageri da kontzeptu horren euskal ordaina:
principio 6. plato de carne, vianda = jaki; pr. de pescado = arraiki; de carne = araki
Dotrina irakatsi nahian zebilen apaizak galdetu omen zion mutiko bati zer zen printzipioa; mutikoak emandako erantzunarekin, ordea, ez omen zen gustura gelditu:
– “Printzipiyua da babarrunen eta gainean jaten dena”.
Irulegiko Eskua jendaurrean aurkeztu zutenetik urte luzea igarota, oraindik ere argitu ezinik gabiltzala, egitekoaren konplexutasunak ageri-agerian uztea ezinbestekoa da, hasierako euforiak estalirik geratu ziren ohartarazpen eta zuhur-hitzak aldarrikatuz.
Gaurko sarreraren izenburua ez da nahikari edo eskari baten adierazpen traketsa, eta ez naiz “iragan denbora beti hobe” topikoaz arituko; ez eta iraganera bidaiatu ahal bai, baina hura aldatu ezinaren paradoxaz ere.
Blog honen testuinguruan uler bedi bihurtu aditza; ‘itzuli’, alegia, ‘translatatu’, ‘traduzitu’.
Izan ere, zer da testu zahar bat (areago idazkera [ia] ezezagunean idatzirikoa) ulertzea, geureagoa den hizkuntza-molde batera ekartzea baino?
Hala bada, zer behar du kontuan hartu itzultzaileak testu bat bihurtzerakoan? Lehenik eta behin, sorburu- eta helburu-hizkuntzak; hots, horiek ongi ezagutu behar ditu. Horrez gain, nork, norentzat eta zertarako idatzi duen ere jakitea komeni zaio (testuingurua), hitz, esapide eta molde guztiak egoki interpretatuko baditu. Orobatsu da, funtsean, epigrafista, filologo edo hizkuntzalari diakronikoek testu zahar eta antzinakoen aurrean beharko luketena.
Areago, sorburu-hizkuntza eta idazkera bera ezezagunak edo erabat identifikatu/dezifratu gabeak direnean, corpus zabala eta adibide elebidunak eskura izatea da desiragarriena; besteak beste, argudiaketa zirkularretan ez erortzeko.
Iberieraren kasuan, adibidez, ez dugu azpian dagoen hizkuntza egiazki ezagutzen, baina, halere, idazketa-sistema nahiko ongi (ez guztiz) ulertzera iritsi dira. Ez dago egiazko testu elebidunik, baina bai corpus nahiko zabala, zeinetan pertsona- eta leku-izen zenbaiten formak ziurtasunez identifikatu diren. Horiekin batera, zenbait atzizki posible eta, zalantza askoz handiagoz (ene ustez, bederen), aditz-formaren bat eta terminologia-kontu lauso batzuk.
Aldiz, historikoki ezagutzen dugun euskararen 1.500 urte lehenagoko ezaugarriez ezer gutxi dakigu (jakinen adiera hertsienean), harrietan zizelkaturiko elementu onomastikoetatik (zeharka, beraz) ondorioztatu ahal izan diren kontu batik bat fonetiko-fonologikoez gain. Zoritxarrez, barne-berreraiketak eta bestelako eraikuntza teorikoek ez digute esaten igarritako aitzin-hizkuntza hori noizkoa den.
Bestalde, Irulegiko Eskuaren azpian datzan hizkuntzaz hipotesiak besterik ezin genezake egin, idazkeraren berezitasunak eta bestelako ebidentzia negatiboek (“ez da/dirudi zeltiberiera edo iberiera”) uzten diguten heinean. Alabaina, hipotesi horiek baieztatzeko edo, gutxienez, argudio linguistikoez janzteko, corpus murritz eta bakanegia dugu lau lerro horietan. Ezagunak dira Rosetta harriaren eta B lineal delakoaren aurkikuntzak eta dezifratzeak, baina ez ohi da horrenbeste azpimarratzen horien atzeko historia eta kronologia. Ez zen magiarik jazo orduan, eta ez da halakorik gertatuko orain ere. Lan handia eta denbora nahikoa ezinbesteko osagaiak dira.
Horiek horrela, neure iritzia azaldu nahi nuke, dagoeneko idatzirik dagoen iraganaren iragarpen moduan: nago Irulegiko Eskuaren misterioa ez dela argituko harik eta lekukotasun gehiago agertu arte, gutxienez. Eta orduan ere, ziurrenik argitasuna ez da berehalakoan etorriko.
* * *
Iraganera itzultzeko motibo asko izan litzake pertsona batek; esaterako, eginiko hutsak ekiditea edo bidelagunez garaiz aldatzea. Hizkuntzalari gisa, bidelagun horiek izan daitezke ezagutzan oinarrituriko hipotesiak eta argudioak, hizkuntzak berak edota datuak ikusteko moduak (marko teorikoak). Horiek aldatzea errazagoa da, horretarako arrazoirik aurkituz gero, iraganerako itzulia erosoagoa eta emankorragoa izan dadin, iragana bihurtu (‘bihurritu’) gabe.
Ni baino festazaleagoak hasi dira inauterietako mozorroak prestatzen. Niri, Zuberoako pastoral zaharren eskuizkribuen artean nenbilela, Phantzart, ihauteetako trajikomedia etorri zait esku artera, Iñaki Mozos miretsiak 1982an editatua. Aguretxoaren irribarre txikiarekin ikusi dut 1989ko abuztuaren 10ean erosi nuela Mauleko Belatxa liburudendan, eta ezin izan naiz geratu begiratu gabe zein pastoral ikustera joan ote ginen Zuberoara 1989ko abuztuan (Googleren erantzuna: Zumalakarregi trajeria, agorrilaren 5ean, Altzai-Lakarrin).
D’avoir, samedi dernier, au port d’Orhy, enlevé toutes les huiles qu’apportaient sept Espagnols.
Igaran neskanegünian, Orhiko portian, bost españuli oliuak oro idoki zütian.
En outre, toutes les filles, depuis l’âge de dix ans jusqu’à l’âge de quarante ans, il les a dépucelées, quoiqu’elles ne fussent pas toutes vierges.
Hamar urthetarik berrogei urthetarako neskatilak oro despuntzelatü dütü, virjina etziradianak oro.
Est-il possible que dans ce paisible pays de Soule nous ayons un individu comme celui-là? Il faut le faire périr, à tout prix.
Ziberu herri plasent huntan zer süjet dügü hura, arren? Galerazi behar dügü zernahi den khostaren.
[…]
[…]
Aujourd hui, son tour est venu d’être lardé. Pour voir ce qu’il a dans le ventre, il n’y a qu’à lui ouvrir la panse.
Behar dü arren Phantzartek oraiko aldian lardatü eta barneko tripataren ikhusteko bear zaio phantzoila ürratü,
On installera Messire Cendres à sa place: de tout temps, j’ai ouï dire que c’est un honnête homme.
eta Mus de Hauste jauna haren plazan ezarri, gizun galant dela badüt entzütia sekülaz geroztik.
Georges Hérellek ez bazekien euskaraz (eta badirudi askorik ez zuela ikasi), nork egin zizkion frantsesezko itzulpenak? Liburuan ez dut aurkitu hori inon aipatzen duenik, baina gauza ezaguna da Leopold Irigarai zela Hérelleren informatzaile eta laguntzaile nagusia. Itzultzailea ere bai?
Gutxi dakigu Leopold Irigarairi buruz. Ez dut aurkitu hari dagokion sarrerarik ez Wikipedian ez Auñamendi Eusko Entziklopedian. Irakurri dugu Pauen jaio zela 1875ean, Ligi-Atherein bizi izan zela eta Garindainen hil zela. Ez dut irakurri Baionako Euskal Museoan dagoen orrialde bateko haren biografia, baina Baionako Mediatekan gorde diren gutunak (Hérelleri 1899tik 1928ra bitartean bidaliak) irakurrita, datu interesgarriak ikusten dira.
1899ko gutunak Ligitik bidaltzen ditu, eta ikusten da Hérellerentzat lanean ari dela (eskuizkribuak kopiatzen, besteak beste). 1900-1901 eta 1902ko maiatzera artekoak Atharratzetik bidali zituen. 1902ko uztailean Bordelen dago, hango Udal Bibliotekan, Baudrimont Funtsetako dokumentuak aztertzen Hérellerentzat. Baina 1902ko urrian Bilbotik idazten du, esanez gaztelania ikasteko gogoarekin joan dela “chez ce Monsieur dont je crois vous avoir parlé, qui faisait un dictionnaire basque a Licq”. Bistan da Resurreccion Maria Azkuez ari dela, Azkuek Pierre Broussaini bidalitako gutunetan ikusten baita Azkue Ligin izan zela 1902ko uztail-abuztuetan, bere hiztegirako informazioa biltzen; dirudienez, Azkuek lan-baldintza onak eskaini zizkion, berak basozain-lanpostua nahiago zuen arren (1902-10-01eko gutuna). 1902-12-04ko gutunean, bere Bilboko lana zein zen zehazten du, iseka-doinuan: “il [Azkue] a formé une reúnion de 8 personnes des différents dialectes basques, qu’il a baptisée du titre pompeux d’Accadémie, dont je suis le secrétaire en même temps qu’accadémicien souletin”. Bestalde, Azkueri frantsesez hitz egitera behartua zegoen (Azkueri frantsesa lantzen laguntzeko, nonbait). Horrez gain, Azkuek Broussaini 1902ko urriaren 25ean idatziriko gutunean, zehazki aipatzen du Irigarairen beste egiteko bat: “La Diputación ha aprobado la impresión gratis de mi Diccionario Vasco-Castellano-Francés. La traducción al franchute la haré yo, bien ayudado de Irigaray el de Ligui”. Bilbotik bidalitako azken gutuna 1903ko apirilaren 17koa da, eta 1903-05-13koa Ligin sinaturik da; hortaz, zazpi hilabete egin zituen Azkueren ondoan, gutunetan ageri denaren arabera ez oso gustura: “diable d’abbé” eta “irascible patron” (1903-01-05), edo “un Monsieur qui sait le latin: primo mihi” (1903-04-17) dira hura aipatzeko erabilitako hitzak.
Geroztiko gutunetan ikusten denez, merkataritzan egin zuen lan gehienbat. Hasieran, norbaiten janari-dendako enplegatu gisa (Maulen, 1903ko irailetik 1907ko maiatzera); gero, salgaien ordezkari gisa (représentant de commerce), 1915eko otsailera arte; ordurako Garindainen bizi zen (1913ko urritik), Anna Barcelonne eskola-maistrarekin ezkonduta; bi urte inguru egin zituen Mauleko txikixkari baten negozioan kontulari-lanak eginez (1915eko otsailetik 1916ko irailera), eta ondoren berriz hasi zen bere kabuz, salgaien ordezkari gisa; urte bete iraun zuen horrela eta 1917ko abuztuan janari-denda bat hartu zuen Bordelen, bere kontura, hiru langilerekin; emazteak eta hiru umeek Garindainen segitzen zuten, eta 1919ko azken eguneko gutun baten arabera, hurrengo Maulen ireki zuen janari-denda bat, bazkide batekin batera, familia osoarekin Garindainen bizi zelarik; 1922ko apirileko gutun batean, aseguru-etxe baten ordezkari gisa agertzen da (Représentant de commerce. Agent Général). Dirudienez, Garindainen bizi izan ziren geroztik ere, 1951n zendu arte.
Gutunetako edukian, kenduta kortesiazko hitzak, batez ere Hérelleren informatzaile-laguntzaile lanetan agertzen da, pastoralen inguruan eta oro har Zuberoako antzerkiaren (astolasterrak, maskaradak…), dantzaren (brailia…) eta ahozko literaturaren (albadak, kantuak…) inguruan. Askotan idazten dio esanez halako egunean, halako lekuan, halako pastorala edo halako maskarada antzeztuko dela edo antzeztu dela, edo antzezkizun horiei buruzko ohar zehatzak emanez. Beste gutun askotan, eskuizkribuen bila eginiko kudeaketen berri ematen dio (halakorekin egon dela, besteari buruz galdetu duela, saltzeko honenbeste diru eskatu diotela…); edo jakinarazten dio horietakoren bat kopiatzen ari dela. Bakar batean aipatzen du euskara-eskolak ematen ari dela Maulen (1908-06-03an, salgaien ordezkari zen garaian). Noizean behin, Hérellek Irigarairi diru-kopururen bat helarazten dio (1911-04-28an 50 libera, 1915-01-13an 100 libera…); badirudi soldata osagarria ateratzen zuela Irigaraik, Hérellerentzat lantxoak eginez.
Irigaraik gutun bakar batean aipatzen ditu, berariaz, itzulpen-arazoak. 1915-01-14ko gutunean, Aimunen lau semik pastorala itzultzean harturiko erabakiak defendatzen ditu: “Dans ma traduction du 1er vers […] j’ai supposé que la copiste a mis […], a moins que […] ne soit indépendant du reste de la phrase, ce qui je traduirait par […]. Vous voyez que ces vers ne son pas clairs et peuvent prêter à différents traductions, mais pour moi, je m’en tiens à celle que j’ai donnée […]. Vous pourrez donner une autre des interpretations, si vous le jugez plus plausible”.
Zergatik esan dugu izenburuan Irigarai itzultzailea informatzaile-laguntzailearen mozorropean ezagutu dugula? Argitalpen batean ere ez dugulako aurkitu itzultzaile gisa berariaz aitortuta. Kasurik deigarriena 1908ko Kaniko eta Beltxitina astolasterraren argitalpena da. Izenburu luze eta zehatz hau dauka Parisko H. Daragon argitaletxean argitaraturiko lanak: Canico et Beltchitine. Farce Charivarique. Traduite pour la première fois du basque en français d’après le manuscrit unique de la Bibliothèque de Bordeaux et accompagnée d’une Notice sur le Théatre Basque, et d’un Commentaire, par G. Hérelle, Membre du Comité des Travaux historiques et scientifiques. Liburu osoan ez dut aurkitu Leopold Irigarairen izenik, eta, gorago esan dugun moduan, Hérellek ez zekien euskaraz. Baina, Leopoldek alea etxean jaso zuenean, esker ona baino ez zeukan Hérellerentzat: “Jamais je n’aurais cru que de ce petit cahier on aurait pu extraire un joli volume comme ça. Je vous en remercie infiniment”.
Zalantzaren bat daukagu itzulpena nork egin ote zuen? Bat ere ez.
Baionako Mediatekako langileen katalogazio-lan zehatzari esker dakigu bilioteka horretako Ms. 54 zer den: “Ce manuscrit est la transcription et la traduction en français du manuscrit 1695.24 conservé à la bibliothèque de Bordeaux, par Léopold Irigaray et sur commande de Georges Hérelle. Sur le manuscrit de Léopold Irigaray, G. Hérelle a effectué un grand nombre d’annotations, notamment sur l’ordre des scènes, intercale des listes de personnages. Ce travail a donné lieu à la publication en français de cette pièce par Georges Hérelle en 1908”. Hortaz, zalantza izpirik ere ez, ezta?
Baina kontua da biblioteka horretan Léopold Irigaraik eginiko beste hainbat itzulpen ere badaudela. Baionako Mediatekako Ms. 108_1, Ms. 116, Ms. 117, Ms. 109_1_9, Ms. 120, Ms. 122 eta Ms. 124 dokumentuetan, ehundaka orrialde daude Leopold Irigaraik Georges Hérellerentzat eginiko euskara-frantsesa itzulpenekin. Baionako Euskal Museoko Fonds basque. MS 71 ere horietakoa da (Roland pastoralaren frantsesezko itzulpena).
Horiek guztiak erabili zituen Hérellek bere lanak osatzeko, eta askotan pasarte osoak transkribatu zituen. Besteak beste, Baionako Mediatekako Ms. 122n dago testu honen hasieran aipatu dugun Phantzart osorik frantsesera itzulita. Nork itzulita? Leopold Irigaraik, jakina. Inauteriak baino lehen kenduko diogu mozorroa?
Dibulgazio historikoa eta, batez ere, dibulgazio historiko ona eskuar izatea luxua da beti. Mintzatzeko manera bat da, bistan dena, baina bada erramoldea aski modu literalean ulertu duena, luxuzko dibulgazioa kontzeptu oximoroniko samarra –baliteke oximoroniko solasa lerro hauek idatzi ahala asmatu izana– sortzeraino. Berriki, Amaiurko gaztelua defendatzen aritu zirenen 51 gutunen edizioa aurkeztu zuen Mintzoa argitaletxeak, eta editorea harro eta hunkiturik agertu zen “publiko orokorrak ezagutzen ez dituen testu hauek argitara atera izanaz”; eta zera gaineratu zuen: “Haiek sinaturiko gutun hauek edukitzea, dena lehen pertsonan kontatzen baitute, luxu bat da”. Egoera ezin da hobeki laburbildu: hain zuzen ere, egin duten edizioa edukitzea luxu bat delako segituko du publiko orokorrak gutun horiek ezagutu gabe.
Wilhelm Gottlieb Soldan historialariarekin, berriz, haizea alde izan dugu, eta etxea hipotekatu gabe erosten ahal den edizioa prestatu digute. 1849an, Nafarroako konkistari buruzko testu labur bat argitaratu zuen Soldanek, eta XX. mendean Iruñeko intelektual euskaltzale batek gaztelaniara itzuli zuen –sarreran, Alexander Tapia edo Angel Irigarai proposatzen du testuaren balizko itzultzaile gisa Peio J. Monteanok–. Itzulpena Nafarroako artxiboan aurkitu dute, eta horixe da Mintzoak prestatu duen edizioak eskaintzen duena: Monteanoren sarrera eta gaztelaniazko itzulpena, gehi jatorrizko testu alemana.
Gaizki-ulertuak saiheste aldera, testua bera eta testua XX. mendeko lehen hamarkadetan Iruñeko euskaltzale batek itzuli izana, bi gauzak arrunt interesgarriak iduritzen zaizkit. Baina, dibulgazioa txukun egitearen alde nagoenez, nahiago nuke edizioa gehixeago zaindu izan balute. Orain artio sekulan hutsik egin ez didan teoria –hain zuzen ere, espainolezko testu batean alemanez egindako edozein aiputan gutienez akats bat izanen dela dioen teoria– bertze behin berresteko balio izan dit liburu honek. Monteanoren sarreran Johhan aurkitzen dugu Johann-en ordez; Fiedrich, Friedrich-en partez; Jhare, Jahre-ren hatxea aldatuta; eta von Groiman, von Grolman behar zukeen tokian.
Itzulpena egin zen tenorean nafar historialari gehienendako alemana aski eskuraezina zela gaztigatzen zaigu sarreran. Uste izatekoa denez gauzak dezente aldatu direla, eskertzekoa izanen zatekeen norbaitek itzulpena eta jatorrizkoa konparatzeko lana hartu izan balu, zeren testuaren edukia interesgarria izanda ere, itzultzaileak ez du beti behar bezain fin jokatu. Gaztelaniazko testuak, zenbaitetan, alemanezko testuak erraten ez dituen gauzak erraten ditu, baina desbideratze ttiki edo handi horiek inork seinalatzen ez baditu, irakurleak arrunt bertsio fidela irakurtzen ari dela sinesten ahal du. Izan ere, izenburuak berak pistaren bat ematen digu pentsatzeko balitekeela itzultzaileak lizentziaren bat hartu izana: Wie Navarra spanisch ward und blieb –Nafarroa nola bihurtu zen eta iraun zuen espainol– titulutik De cómo España conquistó a Navarra y la retuvo titulura igaro gara. Bien artean salto ttiki bat bada, nire ustez.
Itzulitako testuan, badira hanka-sartzeak: errege-erregina katolikoen Juan printzea lau urtekoa da alemanez (vierjährig), baina hamalau urtekoa gaztelaniaz. Badira haurkeriak: Soldanek dio Nafarroak ez duela Aragoirekin eta Gaztelarekin muga naturalik, baina Pirinioetako adar batek bereizten duela euskal probintzietarik –nur gegen die baskischen Provinzen hin hat es eine Pyrinäenast zur Seite–; hondarreko esaldi hori desagertu egin da itzulpenean.
Badira jatorrizko testua gaizki ulertzetik egindako pasarte traketsak: Soldanek kontatzen du kardinal espainol eta frantses batzuk aita sainduarekin etsaitu zirela eta, haren atsekaberako, lanean hasi ziren kontzilio orokor bat deitzeko –Etliche spanische und französische Cardinale waren mit dem Papste zerfallen und gingen damit um, ihm zum Verdrusse ein allgemeines Concilium zu berufen–; espainolez, berriz, algunos cardenales franceses y españoles estaban seriamente disgustados con el Papa por no convocar el concilio ecuménico que había prometido –kardinal frantses eta espainol batzuk arrunt atsekabetuak zeuden aita sainduarekin, agindutako kontzilio ekumenikoa ez deitzeagatik–.
Badira alemanez ez dauden izen nahiz izenondoak paratzeko joera ere: anakronismo larri bat –Ein arger Anachronismus!– ¡Oh anacronismos traicioneros! –O anakronismo traidoreak!– bihurtu da; Karlos V.ak gatazkari konponbide arbitrala emateko harturiko konpromisoa –die schiedsrichterliche Beendigung des Streites– honela dago gaztelaniara ekarria: Carlos […] se había comprometido con Francisco I a procurar por todos los medios el que se diera satisfacción a los monarcas destronados –Karlosek Franzisko I.arekin tronugabeturiko monarkei kosta ahala kosta erreparazio emateko konpromisoa hartua zuen–.
Hiztegi politikoan ere, ez da zaila irristada batzuk harrapatzea, aski mamitsuak gainera. Alemanez Die Politik der Nachbarn auf beiden Seiten –bi aldeetako auzoen politika– dioen tokian, gaztelaniaz la política de ambos estados –bi estatuen politika– dugu. Gaztela eta Frantziaren arteko talkan, dio Boldanek, Navarra […] erfuhr das Schicksal, das in politischen Verwickelungen den Kleinen gewöhnlich wird, und wurde auf immer untergesteckt –gatazka politikoetan txikiei egokitzen zaien patua izan zuen Nafarroak, eta baztertua gelditu zen betiko–; itzultzailea ez dago guziz ados: Navarra sufrió la suerte reservada a los pueblos pequeños en toda conflagración internacional: fue borrada del número de las naciones –nazioarteko gatazketan herri txikiei egokitzen zaien patua izan zuen Nafarroak: nazioen multzotik desagerrarazi zuten–.
Beharbada makur nabil, baina erranen nuke Soldanen testu osoan ez direla agertzen Staat, Nation edo Volk solasak. Gaztelaniaz, berriz, estado, nación eta pueblo ditugu. Ez dela hain larria? Ez dakit, bada. Peio J. Monteanok aipatu dudan hondarreko esaldia erabili du sarreran Soldanen mezua laburbiltzeko. Alegia, jatorrizko testuan ez dagoen –ez, behinik behin, horrela– esaldi bat.
Interesgarria izanen zatekeen, berriz diot, itzulpen honen edizio txukun bat egin izana: itzulpena zergatik ez den beti jatorrizkoari fidela, nola islatzen dituen horrek itzultzailearen asmo eta ideologia, zergatik merezi duen halere itzulpen horrek irakur dezagun… Alta bada, editoreek bertze bide bat hartu dute: Soldan historialari neutroa da, zientzia alemanaren sendotasun guziarekin –eta bada mundu honetan zientzia alemana baino gauza sendoagorik?– arrazoi dugula erakutsi zuena, eta guk itzulpena ekarri dizuegu. Ederki. Pena bakarra da itzulpenak ez duela beti Soldanek dioena erraten.
Nolanahi ere den, hagitz kontu interesgarri bat utzi du agerian liburu honek. Segur aski, orduko itzultzailea Soldanen testua itzultzera eta oraingo editoreek itzulpena argitaratzera eraman dituen motibazioa berbera da: deusek ez digu hainbertzeko poza ematen, kanpoko norbaitek arrazoia emateak nola. Gogora ekarri dit Pedro Vallínek ezkertiarrak izanda ere zinema popularra gustuko izateko baimena eman zigunekoa: arras ongi dago, baldin eta baimena behar badugu. Historia kontuetan konplexu gutiago eta segurtasun handiagoak izanen bagenitu, lasaiago aztertuko genituzke iraganeko testuak. Eta dibulgazio hobea eginen genuke.