Geldi egon ezineko bat

Oskar Arana Ibabe

Adjektibozko egitura bat, nik gutxi erabilia, eta 84 urteko aramaioar bati entzuna, berarekin berriketan nabilela:

            Ezaguketan dozu halako eta halako? Zurekin ibili zan lantegian?

            Zein? Holako geldi egon ezineko bat?

Sarri jartzen bainaiz halako berbadunekin belarria erne, urritzen ari diren esamolde eta berbak ehizatzera, gogoan hartu dut esapidea. Zer gutxi entzuten ditudan era horretakoak gaur egun; ez zait, ez, arrotza, baina zenbat bider erabili ote dut nik egitura hori nire ahozko jardunean? Behin bai? Beharbada, inoiz ere ez. Eta idatzizkoan? Sarri irakurri ote dut, bada, era horretako adjektibaziorik? Ezetz esango nuke. Antzekoak bai, oso hurbilekoak, baina era horretakoa txoil? Aztertu behar nuela egin nuen nire artean, egitura hori. Neureganatzearren. Eta aukerekin jolasean hasiz: poz itzel poltsikoan gorde ezineko bat; gizon zuhur inolaz ere tronpatu ezineko bat; neskatila matraka isilik egon ezineko bat; tabernazale amorratu etxean sartu ezineko bat; nagi ikaragarri ohetik jaiki ezineko bat

Ez dirudi, ordea, hain bitxia. Izen-sintagmaren Antolaera liburuan ere, Juan Garziak dio denok ezagutu beharrekoa dela Partizipioa + modala + -(e)ko [izenlagun] egitura adjektibozkoaren morfologia. Hor daude, partizipioa (geldi egon) + modala (ezin) + -(e)ko + izenordain zehaztugabea (bat). Izena barik, izenordaina adjektibatuz, beraz. Zerk ematen zion, bada, bitxitasuna lumaje horri, nire barneko ehiztariak horrela tanpez atzemateko? Bada, beharbada aditz-lokuzioa izateak (geldi egon), eta izenordaina adjektibatzea bera (bat). Jakina, niri neuri errazago etorriko zitzaizkidakeen izenondo huts berba bakarrekoak: artega, urduri

Eta zer abantaila ikusten nizkion bada, egitura horri, beste batzuen aldean? Badakigu, aipatu dudan liburu horretan esaten den eran, “adjektibo oro dela predikazio bat, perpaus ageriko zein ez-ageriko bati dagokiona. Alegia, etxe txiki bat diogunean, txikia den etxe bat ari garela esaten, txikia izatea egozten diogula etxe horri”. Beraz, gizon bat, geldi egon ezin dena > geldi egon ezin den gizon bat > geldi egon ezineko bat du hor bidea, eta trinkotze hori, aditz laguntzailea ezkutaturik egitura jokatugabe batean, denbora eta aspektua ere ezkutaturik hartara, atributu edo bihurtzen dugu esapide horretan, ez adjektibo hitz bakarreko huts, ez erlatibozko esaldi erabat esplizitu. Hibridazio horrek, seguru, bihurtu zuen esapidea nire belarrietarako eder, baliagarri, arin eta txinpartadun. Eta izenlagunaren egituratik gertu dago, halaber, haren izenezko egitura: geldi egon ezina; lo egin ezina; edo, emankor benetan modalaren jokoa: ezin lo egina, ezin geldi egona. Baina geldi egon ezineko bat erako izenlagunezko egitura horren aipamena dut gaur gaia.

Eta, badu erakargarri niretzat, halaber, aditzondo + ezin egitura maizko eta izenondoaren ohiko kokalekukoak ez bezala (gizon ikusezin, zama eramanezin…), izenlagunarenean aurkitzea, nahiz eta eskuineratzeko erraza izan. Badu aldaera jasoago bat, jakina, ezin + partizipioa + -zko instrumental morfemarekikoa, baina niretzat, idatzizkoan izan ezik, arrotz samarra: ezin ikusizko eta kidekoak. Hori ere bitxia, zeren eta eskuineratzera jarria bainago aspalditxoan, egiturei trinkotasuna kentzearren eta izen sintagmen izen ardatzak biluztearren eta soiltzearren.

Hara atzenean nola ohikoaren xarmak harrapatu, izenlaguna izenaren ezkerretik eta hala ere xarmagarri, polit, bizi, emankor… eta izenondo ohikoa bera ere izenlagun bihurturik + -ko morfemarekin, alegia, berriki ikasten eta aplikatzen ibilitako esaldi erlatiboen eta egitura adjektibozkoen eskuineratzearen kontrara, izenaren ezkerretik kalifikatuz izena, hala nola ikaragarri (ikagarriko bestondoa – bestondo ikaragarria), edo animale (animaleko gizona – gizon animalea) , gaitz (indar gaitza – gaitzeko indarra)…

Halako izenlagunaren eta ezkerretik ematen diren egituren laudatze moduko bat bihurtu zait ehizaldi tanpezko xumea, ustekabean. Oharñoa egin diot neure buruari, liluratzean ez nadin ohikoaren gaitzestera isur.

“Ez naiz ni, hura da”. Ohar laburrak hirugarren ez-pertsonez eta egitura inpertsonalen historiaz

Borja Ariztimuño López

Ahots (aktibo, pasibo, erdi-pasibo), argumentu-egitura, balentzia, diatesi, ez-akusatibo, ez-ergatibo… Termino ugari dago aditzek beren morfologian eta beren inguruko elementuetan erakusten dituzten ezaugarri jakin batzuk eta eragin dakizkiekeen aldaketak deskribatzeko eta aditzok horren arabera sailkatzeko. Hemen, egitura inpertsonalak aipatuko ditut, adierazpide morfosintaktikoa edozein dela ere.

Euskal aditz jokatuen eta jokatugabeen arteko desberdintasun nabarmenetako bat pertsona-komunztadurak dira; alegia, dena delako egoera, prozesu edo egintzan nork parte hartzen duen adierazten duten markak. Denbora edo aspektua ere aipa litezke, baina, joko analitikoan ere badu halako marka aditz nagusiak, jokatugabetzat hartu ohi den arren (ikusi, ikusten, ikusiko).

Era berean, hizkuntzalaritzako kontu ezaguna da 3. pertsona, hizkuntza askotan, ez dela egiazko partaidea; ez bederen besteak bezalakoa, hizketa-ekintzatik kanpokoa baita (gogoan izan euskaraz 3. pertsonak benetako izenordainik ere ez duela, berez).

Hala, euskaraz egitura inpertsonalak (alegia, partaide orokor edo zehaztugabeko aditz predikatuak) eratzeko bide bat baino gehiago dugu, maiz 3. pertsonari lotuak. Hauek izan litezke nagusiak, zein bere helburu eta ñabardurekin: aditz iragankorraren iragangaiztea, pluraleko 3. pertsonaren komunztadura, eta singularreko 2. pertsonaren komunztadura.

Azken horretatik hasita, kontakizun bati balio orokorra eman nahi diogunean, baina, era berean, gertutasunez-edo aritu nahi dugula (dela geuri gertaturiko zerbaitetaz ari garelako, dela solaskidearen interesa biltzeko), 2. pertsona erabiltzen dugu:

– Eta zer egin ote dezakezu holako egoera batean?
– Zeken horrek ez dizu inoiz ezer musu-truk emango!

Bigarren estrategia, aditz iragankorrekin bakarrik, subjektu orokorra edo zehaztu ezin/nahi ez dena pluraleko 3. pertsonaz adieraztea da:

– Atea jo dutela iruditu zait.
– Babarrunak bezperatik beratzen uztea gomendatzen dute.

Azkenik, jatorrizko subjektua guztiz ezabatu eta aditz laguntzaile iragangaitza (ergatiborik gabea) erabil dezakegu:

– Zarata honekin ez zaizu ondo ulertzen.
– Gailur hartatik itsasoa ikus daiteke.

Horrelakoak testu zaharretan arakaturik, Milia Lasturkoren eresi ezaguneko hau izan liteke adibide garbi bat, pluraleko 3. pertsonarena:

– Bidaldu dogu zeruetara kartea: arren, diguela [‘itzul diezagutela’] gure andrea.

Alabaina, badira egun ezinezkoak diren ale batzuk ere: iragangaizterik gabeko inpertsonal adierako adizkiak, trinkoak zein laguntzaileak.

Jakina da, izan ere, forma sintetikoetan ez dela ergatiboa kentzeko aukerarik (esaterako, darama-tik, daramakio eratu dezakegu, baina, egun ez dugu ‘eramaten da’ moduko inpertsonalak adierazteko modu trinkorik). Ez bide zen hala antzina, eta horren arrastoak ditugu XVI-XVII. mendeko testuetan. Honatx adibide batzuk:

– O, jaun ona, gogo dizit garizuma denian
egiazki egiteko neure konfesionia.
Bai eta’re konplitzeko didan [= ematen didan {‘ematen zaidan’}] penitenzia,
othoi, jauna, zuk konfirma ene borondatia (Etxepareren LVP, I: 194)

Gatza lora ditean artean beste gauza lekuske [‘ikus liteke’]. En tanto la sal floreciese otra cosa se vería (Refranes y Sentencias, 145)

Ezi[n]egina harria baino gogorrago. Harriari mailuaz ere baledeko [‘edeki lekioke, edekitzen zaio’]. El no poder, más duro que la piedra: a la piedra se puede quitar con el martillo (Isastiren errefrauak, 26)

Aditz perifrastikoetan ere, egun aditz laguntzailearen alternantziaz baliatuko ginatekeen kasu batzuetan, inolako aldaketa lexiko-morfologikorik gabe izan dezake egiturak balio inpertsonala:

– Kuidadua eduki begie, ikasi dezaen etseko persona guziak doktrinea, eztakianari irakasten diagola [= diola {‘zaiola’}] (Azkoitiko ordenantzen “sumario brebea”, I: 12-6)

– Gauza gaizki egina da, eta itsusia, adiskideari deiez dagotzunean, ez ihardestea, athean iguriki arazitzea ; eta berehala eman ahal diazaion [‘dakiokeen’] errepuestaren eta egin ahal diazaion [‘dakiokeen’] zerbitzuaren geroko luzatzea (Axularren Gero, 304-5/6)

Adibide horietan guztietan, aditzaren ohiko konfigurazioko argumentuetako bat orokorra edo zehaztugabea da, eta hala interpretatu behar da, adizkiaren morfologia gorabehera. Kontuan hartuta, baina, 3. pertsonako subjektuak ez duela inolako markarik euskaraz, ez zaigu horren harrigarri gertatu behar hura isiltzeko aukera morfologikoki anbiguoa.

Izan ere, horixe bide da iritzi ‘izena ukan’ aditzaren sorburua: ‘etsi, -tzat eduki’-tik (deritzo ‘irizten dio’), ‘deitu’ adiera iragankorrera (deritzo ‘deitzen dio’) eta, hirugarren pertsonako subjektudun formak inpertsonaltzat interpretaturik (deritzo ‘deitzen zaio’), iragangaitz gisa berrinterpretatzera igaro zatekeen (deritzo ‘deitzen da’). Hala bada, testu zaharrek gaur egun ezinezkoak diren bideak lehen posible zirela erakusten digute, eta egungo zenbait formaren sorburu eta bilakaera argitzen laguntzen.

***

Azken asteotan, zoritxarrez, egitura inpertsonal ugari gabiltza irakurtzen, pasibo-antzekoekin batera, zenbaitek ez-pertsonatzat dituztenez (Gazako bonbardaketan auskalo zenbat haur hil direla, Zisjordanian ugari izan direla zaurituak, eta abar). Halakoetan, sarraskigileak ez aipatzeko eta haien ardura eta erantzukizuna estaltzeko erabiltzen da inpertsonala. Ezen, esan ohi den bezala, pertsonala politikoa da; hizkuntza-kontuetan, ordea, inpertsonala ere bada politikoa.

Argi esan dezagun: Palestinakoari genozidio deritzo.