Itzulpenaz eta (genero) disidentziaz III

Irati Bakaikoa García

Aurreko artikuluan, aipatu nuen badirela lupaz begiratzea merezi duten adibideak, itzulpenaren eta transfeminismoaren arteko elkarreraginari erreparatzeko. Ikusi genuen nola Leslie Feinbergek emakumetasuna ―beste gauza askoren artean― zalantzan jarri zuen Mari-mutil handi baten bluesa eleberrian, eta zeinen ekarpen handia jaso genuen haren euskarazko itzulpenarekin. Gaurkoan, fokua pixka bat goratuta, itzulpen prozesu horren haritik tiraka jarraitu nahiko nuke.

1993an, Feinbergek zapalkuntza guztien aurka idatzi zuen jatorrizko Stone Butch Blues; hasiera-hasieratik, eleberriak izandako ibilbideak gorde izan ditu Feinbergen pentsamendu antikapitalista eta transfeminista. Argitalpenetik hogei urtera, Feinbergek, lagun talde baten laguntzaz, Stone Butch Bluesen azken edizioan (2014) aipatzeko moduko hainbat ohar utzi zizkigun, eleberriko kapituluez gain. Horiek, noski, itzulpenean gordetzeko beharra zegoen, oharrek osatutako aparatu horretan guztian badirelako itzultzaileak kontuan eduki beharrekoak:

Sailkapen bitar eta klasikoei aurre egiteko nahia esplizitua da, bai generoari dagozkion emakume/gizon kategoria bitar eta klasikokoen aldetik, baita eleberrien sailkapenaren aldetik ere; izan ere, bere buruari galdetzen dio Stone Butch Blues liburu-dendetako zein apaletan egongo ote den… eleberri historikoa, LGTBIQ+ feminista edo autobiografikoa? Azken horri dagokionez, bere ibilbidearekin antzekotasun asko eduki arren, hainbatetan aipatu zuen ez zela inolaz ere eleberri autobiografikoa.

Bizitzako azken urteetan, gaixoaldiak hizkuntzaren inguruko eztabaidetatik urrun utzi zuen arren, hizkuntzaren erabileraren inguruan hausnartzeko tartea eduki zuen oharrotan. Batetik, “transexual” hitzaren bilakaeraz mintzo da, eta aipatu, hegazkinek, trenek eta autoek egiten duten moduan, hormonak eta kirurgia diren ibilgailu teknologikoek hamaika lekutara eramaten dituztela pertsonak. Bestetik, izenordainen inguruan ere mintzatu zen, eta adierazi norberaren identitatearen alderdi oso garrantzitsua direla eta haien erabilera konplexua dela, hainbat zapalkuntza gainjarri daitezkeelako.

Hala, itzultzaileei baino ez zien baimenik eman eleberriaren bestelako edizioetan oharrak egiteko, eta ez zuen hitzaurrerik onartzen. Haren esanetan, historikoki, generoaz eta sexu-orientazioaz psikiatriaren eta psikologiaren arlotik idazten zen gehienbat, eta zapalduaren hitzak, ordea, adituen hitzekin bat etorri behar zuten gaixoaren hitzak baino ez zirela. Zentzu horretan, bere eleberriak ahots propioa du; horregatik, ez du irakurlearekin bitartekaritzarik nahi, eta hitzaurrerik ez egiteko eskatu zuen. Esan bezala, soilik itzultzaileei uzten zien prozesuan sortutako hizkuntzarekin lotutako zailtasunak azaltzeko tartea.

Are gehiago, itzulpenetarako hitzarmen bat utzi zuen idatzita, bost baldintza nagusirekin. Lehenik, itzulpenak baimentzen zituen soilik 2014ko edizio hura jatorrizkotzat hartuta. Bigarrenik, xede-argitaletxe orok argi eta garbi adierazi behar du itzulpena argitaratzen ari direla, eta Feinberg dela jatorrizkoaren autorea. Hirugarrenik, itzulpena irabazi asmorik gabe egin behar da ezinbestean, eta inprimatutako bertsioaren prezioa ekoizpen-gastuak estaltzeko ezarri behar da. Laugarrenik eta aipatu bezala, ezin da hitzaurrerik egin, itzultzaileek hizkuntzari dagokionez hartutako erabakiak baino ezin dira aipatu. Azkenik, itzulpena edo haren zati esanguratsu bat bere webgunean publikatzeko eskubidea gordetzen du, doako sarbidea bermatzeko.

Fermintxo Zabaltzak, euskal itzultzaileak, Feinbergek idatzitakoa ezagutu eta gero, denbora librean ekin zion Mari-mutil handi baten bluesa itzultzeari, euskal literatur sisteman eduki horien faltak bultzatuta, baita euskararen aldeko borrokak eta borroka transbollomarikak ere. Eta itzulpen horren ondorio da xede-hizkuntza, kultur sistema eta identitate disidenteen errealitateak aberastu izana.

Hizkera inklusiboaren alde

Asier Larrinaga Larrazabal

Mendebaldeko gizarteetan, inboluzioa bizi dugu giza eskubideen eta pertsonen askatasunen arloan, eta biktimetako bat hizkera inklusiboa da.

Euskaraz, genero gramatikalik ez duen hizkuntza izanda, urrunetik begiratzen diogu hizkera inklusiboari. Euskaraz ari garenean, zama moduko bat kentzen dugu gainetik gaztelaniaz edo frantsesez saiatu dituzten formuletara jo beharrik ez dugula: «las y los periodistas», «l@s alumn@s», «lxs diputadxs», «les niñes» (horiek denak, gaztelaniaz), «les auteur·trice·s», «ils·elles sont», «iel est» (azkenok eta beste batzuk, frantsesez).

2021eko maiatzaren 5eko zirkular batean, Frantziako Hezkuntza Ministerioak debekua ezarri zien halako baliabideei eskola-materialetan, hizkuntzaz ondo jabetzeko eta irakurtzen ikasteko oztopo zirela argudiatuta. Argentinan, 2024ko otsailean, gobernuak iragarri zuen hizkera inklusiboa eta genero-ikuspegia debekatu egingo zituela administrazio publikoan. Javier Mileiren gobernutik etorrita, erabakiak ez du inor harritu, baina gaztelaniaz, nolanahi ere den, hizkuntzaren akademia bera da hizkera inklusiboaren gaitzeslerik porrokatuena.

Espainolaren Errege Akademiak era guztietako argudio gramatikalak erabiltzen ditu gorago azaldutako baliabideen aurka, baina jai du, kontua idazkera bitxi edo ez hain bitxi batzuk baino sakonagoa da eta. Hizkera inklusiboa edo hizkuntzaren erabilera inklusiboa esaten dugunean, aditzera ematen duguna da pertsonei buruz hitz egiteko edo idazteko sortzen ditugun testuetan agerian jarri nahi dugula buruan daukagun mundua pertsona berdinen mundu bat dela. Horrek esan nahi du testua ekoizteko orduan jakinaren gainean ekiditen ditugula zenbait adierazpide, zeintzuen bidez gutxietsi, ezkutatu edo diskriminatu egiten baitira emakumezkoak, ezgaitasuna duten pertsonak, LGTBIQ pertsonak, nahiz “gure talde”-kotzat sentitzen ez dugun beste edozein pertsona.

Batzuetan, diskriminazioa oso agerikoa izaten da eta, beste batzuetan, sotilagoa, baina ukitzen dituen pertsonentzat oso mingarria izan daiteke. Ohitu gaitezen gure testuei inklusioaren betaurrekoekin begiratzen. Hurrengo esaldiak, adibidez, orraztu bat mereziko luke plazaratu aurretik:

Gure bizi-kalitateaz ari garenean, zientziako gizon handiak ekarri behar ditugu hizpidera: Alexander Fleming, Thomas Edison…

Honela ipinita, inklusibo egingo genuke:

Gure bizi-kalitateaz ari garenean, zientziako izen handiak ekarri behar ditugu hizpidera: Alexander Fleming, Marie Curie, Thomas Edison, Hedy Lamarr…

Hizkera inklusiboa ez da gramatikari dagokion kontu bat bakarrik. Gure diskurtsoan hautatzen ditugun adibideei eta osatzen ditugun enuntziatuei ere badagokie, estereotipoetatik ihes egitea baita inklusioaren lehen araua. Frantziako Hezkuntza ministroaren hitzetan esanda: «Le choix des exemples ou des énoncés en situation d’enseignement doit respecter l’égalité entre les filles et les garçons, tant par la féminisation des termes que par la lutte contre les représentations stéréotypées».

Itzulpenaz eta (genero) disidentziaz II

Irati Bakaikoa García

Aurrekoan arartekoaz, generoaz eta itzulpenaz ibili ginen gora eta behera. Baita itzulpenaren estrategikotasunaren inguruan. Adibide zehatzak agindu nizkizuen, eta agindutakoa bete behar da:

Azken boladan, lana dela-eta, justizia kontuekin zerikusia duten telesailak ingelesez ikusten ibili naiz. Lincoln Lawyer izan zen azkena, adibidea jartzeko aitortu behar nuen. Telesailean, bada bollera bat, Izzy (she/her). Bikotea behin baino gehiagotan aipatzen du, Ray (she/her). Hau ez da gomendio bat, baina nahi duenak egin dezala proba:

Jatorrizko bertsioan ikusten baduzue, ingelesez, Izzyren bikotea, Ray, emakumea da. Horraino ondo. Baina, sorpresa, gaztelaniazko azpidatziekin ikusten baduzue, Izzyk noviOa du askotan. NoviA ere badu tarteka. NoviEa ere izan zezakeen, baina horrainoko saltorik ez dago.

Spoilerra: ziur nago pertsonaia hetero guztiek hetero izaten jarraitzen dutela aukeran dauden azpidatzien hizkuntza guztietan; izan ere, baten batek eskuak burura eramango lituzke gizon protagonista heteroak noviOa izango balu kapitulu batetik bestera. Kasu horretan, ordea, ez dago akatsetarako tarterik. Besteren bati galera ez zaio hainbesterako irudituko. Izzy bollera, beltza, drogazale ohia eta protagonistaren txoferra da, hau da, aniztasunaren kupo guztiak nolabait ordezkatzen dituen pertsonaia. Bakarra dago seriean, eta itzulpenean, kale…

Arazoa ez da bakarrik itzultzaileak erabaki bat edo beste hartu izana, ezta horrek dakarren galera ere. Arazoa ez da hizkuntzarena. Itzultzaile horrek hartu dituen erabaki horiek behin ere pentsatu gabe hartzera bultzatzen duen makineria bat dago martxan, eta ez da itzulpenak eta itzultzaileok soilik dugun gaitza. Heterosexualitatea erabaki bat da, bizitzeko modu bat da eta inguruan duguna ulertzeko modu bat da.

Eskerrak badirela gure luparekin arretaz begiratzea merezi duten adibide hobeak, eta horretarako Feinbergengana itzuliko naiz. Mari-mutil handi baten bluesan, jatorrizko bertsioko bollera guztiak bollerak dira itzulpenean ere bai. Dena den, euskarazko itzulpenean, zerbaitek aldatu egiten du pertsonaia horien errepresentazioa: oraingoan, ingelesez irakurriz gero, mari-mutilek beti dute she/her genero marka inguruan, edo marka horrek ordezkatzen ditu. Euskaraz, ordea, genero marka horren arrastorik ez dago gehienetan, emakumeak esplizituki aipatzean izan ezik.

Oraingoan galera irabazia da, hain zuzen ere, emakumetasuna bera delako nobelak kolokan jartzen duen hori: mari-mutilek emakumetasunaren mugetan sartzen ez diren identitateak ordezkatzen dituzte, eta Feinbergek genero-gatazka horrek eragindako talka indibidualak zein historikoak kontatzen ditu. Izan ere, identitate disidenteon errepresentazioak aztertzerakoan soilik orientazio sexualaren mailari erreparatzen badiogu, generoan duen eragina kontuan hartu gabe, potentzialtasuna galtzen ari gara. Genero eta sexu disidentzia erabaki bat, bizitzeko modu bat eta inguruan duguna ulertzeko modu bat da ere bai.

Ildo beretik, baina beste plano batean, errepresentazio horien itzulpenak egiten duen ekarpena adibide konkretuetatik baino askoz harago doa. Mariokerrak: nola esan/izan bollera euskaraz (2023) liburuan egindako azterketan, Alvarezek eta Fernandezek oso esanguratsua den joera bat mahaigaineratu zuten: bollera identitateaz euskaraz hitz egiterako orduan, neurri handi batean, ingelesetik edo gaztelaniatik ekarritako maileguak edo itzulpen literalak erabiltzen ditugu. Hitzak sortu baino, gure hizkuntzaren kodeetara egokitzen ditugu beste hizkuntzetan sortzen diren horiek.

Hortaz, queer gurean kuir izango da, ezta? Dena den, ezinezkoa da testuinguru zehatz batean sortutako hitzek eta kontzeptuek dimentsio bera hartzea beti xede hizkuntzan. Bataren eta bestearen arteko tarteek eta jauziek luzerako ematen dutela argi dago… eta aurrekoan eman nuen hitza betetzeko saiakera zen gaurkoa.

Ezagutzen ez nuen feminismo bat deskubritu nuenekoa

Lamia Filali-Mouncef Lazkano

Bihotzez poztu nintzen Literatura Unibertsala bildumari esker Fatema Mernissik euskaraz ahotsa izango duela jakin nuenean.

Mernissi etxean topatu nuen gaztetxoa nintzenean, egongelako mahai gainean, liburu baten azalean: Sueños en el umbral. Memorias de una niña del harén (ingelesezko jatorrizkoan Dreams of Trespass. Tales of a Harem Girlhood). Hori da LU bildumarako hautatu den Mernissiren lana, eta nik gogo biziz irakurri nuela oroitzen dut. Handik denbora batera, etxeko haren liburuak goitik behera irenstearekin konforme ez, eta beste batzuen bila aritu nintzen. Orduan irakurri nuen Scheherezade goes West (2001), gaztelaniazko itzulpenean (El harén en Occidente).

Liburuaren abiapuntua Europan Dreams of Trespass atera zueneko promozio-bira da. Mernissik elkarrizketa horietan zelan sentitu zen kontatu zuen, zelan (gizonezko) elkarrizketatzaileen aurpegietan irribarre edo begirada bitxiak −lizunak− agertzen ziren. Galdera-sortei deserosotasunez erantzuten bukatzen omen zuen. Deserosotasuna, Europako iruditerian harem hitzak duen esanahiagatik: emakumeak biluzik gela batean, gizon bati plazera emateko prest, hainbat eta hainbat margolan erromantikotan irudikatu zen bezala.

Fatemarentzat, berriz, familia antolatzeko modu bat zen harema, familia-kide ugariko etxe handi bat, zeinetatik emakumeak nekez ateratzen baitziren. Bestelako konnotazioak hitzari Mediterraneoa zeharkatzean erantsi zitzaizkiola dirudi, Xerezade mututu eta desitxuratu zuen bidaia hartan bezala; egun ere hainbat eta hainbat lagun mututu eta desitxuratzen dituen itsaso hura zeharkatzean. Aurreko postean Irati Bakaikoa Garcíak esan zuen bezala, «hitzak ez dira bakarrik hitzak, errealitateak baizik». Izan ere, autoreak kontatu zuenez, Xerezadek zenbait muga gurutzatu ahala ahotsa galdu zuen pixkanaka. Ahozko tradiziotik idatzizkora igarotzean lehenik, eta Ekialdea deitzen den horretatik Europako margolan eta kontakizunetara pasatzean, ondoren. Izenburuaren gaztelaniazko eta frantsesezko itzulpenetan ondo asko ikus daiteke: Mernissik Xerezaderi emandako zentraltasuna kendu eta harem exotikoari eman zitzaion.

Hortik aurrerakoa Europak mundu arabiar-musulmanarekiko duen orientalismo likatsua ikuspegi feminista batetik deseraikitzeko lan miresgarria da. Mernissi, izatez, unibertsitate mundukoa zen, baina ohikoa zitzaion beste estilo bat ere erabiltzea, familiako emakumeek transmititu zioten ahozko tradiziotik hurbilagoko bat, sinplea bezain eraginkorra. Modu bertsuan, iruditzen zait sufismoak Fez hirian duen substratua ikusgai uzten duen idazkera erabili zuela.

Pasadizoz beteriko saiakera arin bat da, beraz, ez lan akademiko puru bat Simone de Beauvoirren Le Deuxième Sexen gisan, edo Edward Saiden Orientalismen moduan. Baina autore haiek inauguraturiko bidean harritxo bat jarri zuela uste dut, eta saiakera horren bidez nahiz bere ibilbide osoan zehar ahalegina egin zuela egun naturalizatuta ditugun hainbat ideia historizatzeko, ikusteko nondik datozen eta zergatik ditugun.

The substance filma bolo-bolo dabilen honetan, aipagarria da Mernissik bertan salatzen den ideiaz egin zuela gogoeta, Mendebaldean ere harem groteskoak daudela esanez. Hori bai, bi hamarkada luze pasa dira –1940an jaio zen pertsona batek idatzia da liburua–, eta nire ustez akatsa litzateke egungo ikuspegitik epaitzea. Noski, kritikak ere ugari jaso ahal ditu bere posizioak; heteroarau naturalizatua dirudiena izan daiteke, agian, kritikagarriena.

Edozein kasutan, euskarazko LU bilduman Marokoko ahotsen aniztasuna eta ñabardurak islatzen saiatzen zen norbait egongo da, bertako sustrai erlijioso eta historiko-kulturalen ezagutza sakonetik hitz egiten zuen norbait. Pozik nago, bai. Ni neskatxa nintzenean erdaraz jaso nituen bere hausnarketak, eta laster euskaraz irakurri ahalko dugu Mernissiren ahotsa. Soilik espero dut irakurleak mesanotxean uztea iruditeria orientalista indartsu hori, eta Dreams of Trespass betaurreko gardenago batzuk jantzita irakurtzea. Adibidez, hemen aipatu dudan Xerezaderen bidaia Mendebaldera irakurrita, datorrenaren zain gauden bitartean. Iruzkinetan kontatu ahal didazue zer iruditu zaizuen!

Zorterik onena Mernissi itzuliko duen Edurne Lazkano Ibarbiari 😊.

Itzulpenaz eta (genero) disidentziaz I

Irati Bakaikoa García

Aurrekoan, txioerria zen sare sozial horretan, honako hau irakurri genion @Arartekoa kontuari:

«Mayoritariamente las personas jóvenes reconocen que la violencia machista contra las mujeres es un problema social de primera magnitud. […] las jóvenes (74%) lo tienen mucho más claro que los jóvenes (50%).»

Euskaraz, zuzendu zuten arte, hala zioen:

«Gazte gehienek onartzen dute emakumeen aurkako indarkeria lehen mailako gizarte-arazoa dela. […], eta gazteek (%74) gazteek (%50) baino askoz argiago dute.»

Horra hor ustez generoa markatzen ez duen gure hizkuntza maitea, horra hor generoa abolitu duen itzultzaile automatikoa. Hurrengo egunean argitu zioten misterioa euskal txio-irakurleari: kontua da emakume gazteak direla gizon gazteek baino argiago dutenak.

Zuzenketak zuzenketa, argi gera dadila gazteok oso argi genuela. Generoa ez adierazte hori hautu transfeminista izan zitekeen, baina itzulpen horren atzean utzikeria besterik ez dagoelakoan nago, eta ez erabaki politiko bat. Izan ere, utzikeria erabaki politikoa da behar baino gehiagotan. Hamaika izan daitezke adibide absurdo horretatik ateratako ondorioak, eztabaidak eta hausnarketak, baina komeni zaidan moduan buelta emango diot nik. Eta, oraingoan bai, hautu transfeminista eta politikotik.

Batzuetan, generoa ez adieraztea estrategikoa da, eta itzultzaileak potentzialtasun handia du zentzu horretan eragiteko; izan ere, generoak, funtzio gramatikala izateaz gain, badu gizartea antolatzeko moduko estatusa. Baita indarkeria batzuei eusteko ahalmena ere. Halaber, hizkuntzak dira heteroarautik at gaudenon errealitateak izendatzeko eta zabaltzeko bide, eta hortaz, itzulpenak jokatzen duen paperari erreparatzea ezinbestekoa da. Bitartekoa baino, tresna bat delako.

Aurreko ideiak garatzeko, ezin dut Leslie Feinberg aipatu gabe utzi, berriz, komeni zaidalako eta erreferente transfeminista handi-handia delako. Feinbergek zein itzulpenak eman didate gauzak idatzita dauden moduaz harago ulertzeko nahia (batzuetan beharra), muinera heltzeko aukera eta galbidea, eta erantzunik ez duten galderei aurre egiteko aukera.

Aurten, Mari-mutil handi baten bluesa (2018) liburutik abiatuta, Feinbergek egiten dituen errepresentazio disidenteetan eta horien itzulpena aztertzen ibili naiz buru-belarri –master amaierako lanerako eta bizioagatik–, eta hementxe idatziko dizkizuet prozesu horretan jasotakoak, hausnartutakoak eta ikasitakoak, hiru ataletan. Behintzat, hori da asmoa. Hauxe da lehen saiakera (I) eta, lehendabizi, kokapen txiki bat egingo dut. Datozen hilabeteetan, beste bi saiakera eginen ditut (II eta III).

Jatorrizko liburuak Stone Butch Blues (1993) izenburua du, eta horixe bera da ardatza: 60ko hamarkadatik 90eko hamarkadara bitarteko langile klaseko butch baten istorioa. Ez dakienarentzat, butch hitza oso maskulinoa den bollera bat izendatzeko erabiltzen dugula esango dut, baina, ongi ulertzeko, liburua irakurri beharko duzue; izan ere, butchak ordezkatzen duen maskulinitate ereduak etengabe egiten du talka genero bitartasunaren gainean eraikitako errealitatearekin. Feinbergek, protagonista den Jess Golbergen bidez, generoaren, klasearen eta arrazaren arteko intersekzioari heldu zion, eta gaur egun heteroarautik at dagoen komunitate disidentearentzat kanonikoa den nobela idatzi zuen. Zapalkuntzen kontrako nobela da batik bat.

Hogeita bost urte geroago izan genuen aukera gurean eta gure hizkuntzan irakurtzeko, Fermintxo Zabaltzaren itzulpenari esker. Ekarpen literarioa egiteaz gain, Feinbergen itzulpenarekin batera autorearen pentsamendu-markoa eta hura eraikitzeko ezinbesteko hitzak ere ekarri zituen itzultzaileak. Aurretik aipatu bezala, hitzak ez dira bakarrik hitzak, errealitateak baizik. Horrela, stone butchak «mari-mutil handiak», he-sheak «emazte-gizonak» eta femmeak «femmeak» izan ziren gurean.

Itzulpen horren aurretik mari-mutilak, emazte-gizonak eta femmeak hementxe geunden, eta itzultzaile baten erabakien ondorio dira baliokide horiek. Ez da ardura txikia, kontuan hartuta baliokideak hamaika izan zitezkeela eta, aldi berean, bete-betean asmatu beharra dagoela, hitzek ordezkatzen dituzten errealitate horiek gordetzeko.

Imajina itzultzaileak «mari-mutil» aukeratu beharrean «emakume*» erabili izan balu. Edo «lesbiana», «bollera», «ez bitar», «kuir»… edo «gazte». Istorioa beste bat litzateke, eta historia ere bai. Nire ustez, bete-betean asmatu zuen Zabaltzak, bai identitatea euskaraz ekartzen, eta baita jatorrizkoaren eta itzulpenaren arteko denbora-jauzi hori gordetzen ere.

Laburbilduz, itzulpenak paper estrategikoa jokatzen du identitate disidenteen eraikuntzan eta errepresentazioetan, eta gaiari eskatzen duen arretaz eta kontzientziaz heldu behar diogu. Hauxe izan da hurbilketa bat egiteko lehen saiakera, eta datozenetan sakonago landuko dugu, adibide zehatzekin.