Aurreko artikuluan, aipatu nuen badirela lupaz begiratzea merezi duten adibideak, itzulpenaren eta transfeminismoaren arteko elkarreraginari erreparatzeko. Ikusi genuen nola Leslie Feinbergek emakumetasuna โbeste gauza askoren arteanโ zalantzan jarri zuen Mari-mutil handi baten bluesa eleberrian, eta zeinen ekarpen handia jaso genuen haren euskarazko itzulpenarekin. Gaurkoan, fokua pixka bat goratuta, itzulpen prozesu horren haritik tiraka jarraitu nahiko nuke.
1993an, Feinbergek zapalkuntza guztien aurka idatzi zuen jatorrizko Stone Butch Blues; hasiera-hasieratik, eleberriak izandako ibilbideak gorde izan ditu Feinbergen pentsamendu antikapitalista eta transfeminista. Argitalpenetik hogei urtera, Feinbergek, lagun talde baten laguntzaz, Stone Butch Bluesen azken edizioan (2014) aipatzeko moduko hainbat ohar utzi zizkigun, eleberriko kapituluez gain. Horiek, noski, itzulpenean gordetzeko beharra zegoen, oharrek osatutako aparatu horretan guztian badirelako itzultzaileak kontuan eduki beharrekoak:
Sailkapen bitar eta klasikoei aurre egiteko nahia esplizitua da, bai generoari dagozkion emakume/gizon kategoria bitar eta klasikokoen aldetik, baita eleberrien sailkapenaren aldetik ere; izan ere, bere buruari galdetzen dio Stone Butch Blues liburu-dendetako zein apaletan egongo ote den… eleberri historikoa, LGTBIQ+ feminista edo autobiografikoa? Azken horri dagokionez, bere ibilbidearekin antzekotasun asko eduki arren, hainbatetan aipatu zuen ez zela inolaz ere eleberri autobiografikoa.
Bizitzako azken urteetan, gaixoaldiak hizkuntzaren inguruko eztabaidetatik urrun utzi zuen arren, hizkuntzaren erabileraren inguruan hausnartzeko tartea eduki zuen oharrotan. Batetik, โtransexualโ hitzaren bilakaeraz mintzo da, eta aipatu, hegazkinek, trenek eta autoek egiten duten moduan, hormonak eta kirurgia diren ibilgailu teknologikoek hamaika lekutara eramaten dituztela pertsonak. Bestetik, izenordainen inguruan ere mintzatu zen, eta adierazi norberaren identitatearen alderdi oso garrantzitsua direla eta haien erabilera konplexua dela, hainbat zapalkuntza gainjarri daitezkeelako.
Hala, itzultzaileei baino ez zien baimenik eman eleberriaren bestelako edizioetan oharrak egiteko, eta ez zuen hitzaurrerik onartzen. Haren esanetan, historikoki, generoaz eta sexu-orientazioaz psikiatriaren eta psikologiaren arlotik idazten zen gehienbat, eta zapalduaren hitzak, ordea, adituen hitzekin bat etorri behar zuten gaixoaren hitzak baino ez zirela. Zentzu horretan, bere eleberriak ahots propioa du; horregatik, ez du irakurlearekin bitartekaritzarik nahi, eta hitzaurrerik ez egiteko eskatu zuen. Esan bezala, soilik itzultzaileei uzten zien prozesuan sortutako hizkuntzarekin lotutako zailtasunak azaltzeko tartea.
Are gehiago, itzulpenetarako hitzarmen bat utzi zuen idatzita, bost baldintza nagusirekin. Lehenik, itzulpenak baimentzen zituen soilik 2014ko edizio hura jatorrizkotzat hartuta. Bigarrenik, xede-argitaletxe orok argi eta garbi adierazi behar du itzulpena argitaratzen ari direla, eta Feinberg dela jatorrizkoaren autorea. Hirugarrenik, itzulpena irabazi asmorik gabe egin behar da ezinbestean, eta inprimatutako bertsioaren prezioa ekoizpen-gastuak estaltzeko ezarri behar da. Laugarrenik eta aipatu bezala, ezin da hitzaurrerik egin, itzultzaileek hizkuntzari dagokionez hartutako erabakiak baino ezin dira aipatu. Azkenik, itzulpena edo haren zati esanguratsu bat bere webgunean publikatzeko eskubidea gordetzen du, doako sarbidea bermatzeko.
Fermintxo Zabaltzak, euskal itzultzaileak, Feinbergek idatzitakoa ezagutu eta gero, denbora librean ekin zion Mari-mutil handi baten bluesa itzultzeari, euskal literatur sisteman eduki horien faltak bultzatuta, baita euskararen aldeko borrokak eta borroka transbollomarikak ere. Eta itzulpen horren ondorio da xede-hizkuntza, kultur sistema eta identitate disidenteen errealitateak aberastu izana.
Hileta-elizkizun batean nengoen, halakoetan egin ohi dudan bezala, hildako laguna gogoan atxiki eta, bide batez, apaizaren sermoian berrikuntza erretorikoren bat agertuko, edo betiko topikoetan ainguratuta iraungo zuen entzun zain. Altxa, eseri, altxa, eseri gimnastikan deseroso ni, iritsi zen, noizbait, literaturaren tartea. โJesukristo gure Jaunaren Ebanjelio Santua, san Joanen araberaโ. Elizaren ekarpentxoa: ikuspuntu fokalizatua eta biografia-generoa. Eta hura entzun bitarteko pentsakizunak izan ziren idatzi honen ernamuina.
Entresaka handia egin behar izan zuen kristauen elizak Jesukristoren bizitza eta eginei buruz zebiltzan bertsio ugarien artean egokienak aukeratzeko. Eta, hain zuzen ere, iritsi zaizkigun lau bertsioak โMateo, Marko, Lukas eta Joanenak, benetako egileak haiek izan edo ezโ testu โkanonikoakโ dira, hau da elizako agintariek ofizialtzat jotakoak. Baina kanonikotasunaren gaineko kontrol zorrotza ez zen testu-hautaketara mugatu, haien itzulpena(k) ere zorrotz begiratu baitzituzten. Ebanjelioak, itun zaharreko testuak ez bezala, grekera โbatuazโ idatzi ziren eta, handik mende batzuetara, latinezko bertsioa agindu zioten Jeronimo gerora gure zaindariari (adi, genero-ikuspegia landu, eta itzultzaileen eguna ekainaren 18ra aldatu nahi izanez gero: Jeronimorekin batera, Paula ere itzultzaile ibili omen zen kontu hartan). Itzulpen hori gutxienez mila urtez izan zen baimendutako testu bakarra kristauen jainkoaren hitza eta haren semearen berri ona zabaltzeko, Erreforma deituak tokian tokiko hizkuntzetan hedatzeko atea ireki zuen arte. Beste guztiak, apostatek aldeztutako testu โapokrifoakโ.
Bestalde, testuak ez ezik, norbanakoak ere kanonizatu ohi ditu kristauen elizak. Eta, kanon horretan, hilda egotea da ezinbesteko baldintza. Hortik aurrera, mailak daude. Martiri izateko, frogatu egin behar da martiritza, soilik-edo. Dohatsu edo beato izateko, berriz, mirakulu bat egiaztatu behar da. Eta, maila gorenean, santu izatera iristeko, bi mirakulu bermatu behar dira. Marka da, gero!
Honainoko kontakizun aski ezaguna baliatu nahi izan dut literaturan onerako eta txarrerako hainbestetan erabiltzen ditugun โkanonโ, โkanonikoโ, โkanonizatuโ eta โkanonikotasunโ hitzen jatorria nabarmentzeko. Eta, jatorriarekin batera, prozesua ere partekatzen du literaturaren arloko termino homonimoak. Izan ere, literaturan Instituzio izenekoak erabakitzen du, garai eta eremu bakoitzean, zer-nolako autoreak eta testuak (baita arau eta ereduak ere) kanonizatzen diren, Even-Zohar ikertzailearen esanetan. Ez da, beraz, askok uste duten bezala, kalitatea testu literario jakin bat kanonizatuko duena, baizik eta aipatu Instituzioa osatzen duten botere-taldeen unean uneko interesak. Horregatik, elizan ez dakit, baina literaturan eztabaidagarriak dira sarritan kanonak. Gutariko bakoitzak hura kendu eta beste hau jarriko luke haren ordez. Hartarako botererik ez, ordea.
Hauek dira, besteak beste, Instituzioa osatzen duten taldeak eta haien kanonizazio-bideak: akademiak (literaturaren historietara zer egile-obrak pasatzen diren), hezkuntza-erakundeak (curriculumetan, berdin), kultura-erakunde publiko eta pribatuak (han-hemengo sari nazionalak, Nobel saria), kritika (zer obra goretsi, gaitzetsi edo isildu), idazle- eta oro har literatura-elkarteak (Goncourt saria), argitaletxeak (Planeta saria, Bibliothรจque de la Plรฉiade)โฆ Kultura-boterea osatzen duten talde horien helburua da, kanonizatzeari dagokionez, haiek seinalatutako idazle-testu-arau-ereduak babestu eta oroimenean atxikitzea komunitatearen ondare historiko gisa.
Horren arabera, eta gure eremura etorrita, hasteko inguruko literaturetan baino askoz itzulpen gehiago ditugu kanonean, beharra gidari. Joanes Leizarragarenetik hasita, bi aldetatik kanonikoa, Kempis direlakoak sarritan agertzen dira gure literaturaren historietan, eta baita Bonaparteren enkarguz aritu ziren itzultzaileak ere, Duvoisin bereziki. Erlijioa alde batera, euskaratutako literatura didaktikoaren agerpena ere ez da txikia: alegien itzultzaileak (Bizenta eta Juan Antonio Mogel, Juan Mateo Zabala, Iturriaga, Arxu, Goietxe eta beste); berriro ere Agustin Paskual Iturriaga, oraingoan egile, Jolasak dialogo didaktiko partez intraitzuliarekin, hura ere Bonaparteren aginduz: Uriarte, Duvoisin, Intxauspe eta frantses bertsioa. Jada XX. mendean, Orixeren itzulpenen berri eman ohi da; โKulixka sortaโ hartako itzulpenak ere baiโฆ
EIZIEk sortutako โLiteratura Unibertsalaโ bildumak paragrafo berezi bat merezi du, hura ere kanon bat delako, alde batzuetatik. Batetik, munduko literaturako egileen kanon bat (eta ez hainbeste obrena, egile haien obra ezezagunagoak edo laburragoak hobetsi zirelako, aroan aroan); bigarrenik, hizkuntza- eta literatura-ereduen kanon bat ere bada (alde horretatik, eredu narratiboen kanona da, beste generoetako obrarik apenas dagoelako); eta, hirugarrenik, eta aurrekoaren ondorioz, gaur eguneko euskal itzultzaileen kanon bat ere bai (kalitatez zein itzulpen kopuruz).
Gainerakoan, zentzu hertsiko euskal idazle garaikideei dagokienez, azken-aurreko eta azken literaturaz diharduten monografiko, artikulu eta doktorego-tesietan jasota daude idazle kanonikoen izenak. Kanonizazio literarioa gutxi ez, eta giro akademiko horretan โsantu kulturalakโ labela sortu dute, Lauxeta, Aresti eta beste zenbait idazleren mirakuluak nabarmentzeko asmoz. Halarik ere, literaturaren eremuan โzorionezโ ez dago hilik egon beharrik kanonean sartzeko, baina ez da ezohikoa gaur agertu eta bihar desagertzea handik, eta alderantziz โhalakoak baitira bizien eginakโ.
Mesfidantzaz begira dauzkadan irakurleen fabore, gaineratu behar dut badela literatura-kanona ukatzen duenik, gero eta gutxiago, nire ustez, eta bai, ordea, kanon anitz edo multizentrikoen alde dauden akademiko gehiago, historia-, gizarte-, etnia- eta genero-irizpideak oinarri hartuta, ikerketa edo estudio kulturalen arrastoan. Garai batean Harold Bloom zenak erremindutzat jo bazituen ere, haiek ere tokian tokiko Instituzioaren botereak dira eta, alde horretatik, beren kanon propioak ezartzeko moduan daude.
Kanoniko terminoaren sinonimo bat ereduzko denez gero, euskal itzultzaileriak badu zer-non aukeratu ugari, lanbidearen probetxurako. Nire aldetik, eta honenbestez, blog-sarrera honekin amaitzen da literatura-ereduez eta -interferentziaz aritzeko asmotutako hirukoa.
Interes handiz irakurri nituen duela gutxi Asier Larrinagak hizkera inklusiboaz blog honetan idatzitakoak. Gai interesgarria iruditzen zait hizkera inklusiboarena, hizkuntza modu kontzientean erabiltzearekin lotura duen guztia bezala.
โEuskaraz, genero gramatikalik ez duen hizkuntza izanda, urrunetik begiratzen diogu hizkera inklusiboariโ, adierazi zuen Asier Larrinagak bere sarreran. Eta egia da, euskaraz ez da genero-desinentziarik erabiltzen lanbideak edo zereginak izendatzeko kasu gehien-gehienetan. Hori abantaila da, ez baitugu hitzak zertan bikoiztu generoak aintzat hartzeko, gaztelanian eta frantsesean gertatzen den bezala. Mediku, margolari, kantari, garbitzaileโฆ diogunean, gizonezkoak zein emakumezkoak izendatzen ari gara, teorian behintzat berdin-berdin, baina kontuak baditu hasiera batean dirudien baino ertz gehiago, lerro hauetara ekarriko ditudan adibideek erakusten duten bezala.
Maileguz hartu ditugun erdal formetan, presidente edo filosofo, funtzionario, notario, filologo eta halakoetan, maskulinoa soilik hartu dugu. Bada blog honetan sarrera bat horri buruz. Aspaldikoa da, baina kontuak berdintsu dirau. Duela gutxi atentzioa eman zidan Berria egunkarian Hanna Arendti buruz agertutako artikulu honek. Handik hartuak dira bi adibide hauek:
Sonatua da Hannah Arendt filosofak Eichmann Jerusalemen liburuan jasotako ยซGaizkiaren hutsaltasunaยป edo banalizazio terminoa.
Judu israeldar edo sionista kontzeptuak nahasten ditugun honetan, argigarriak iruditzen zaizkit filosofa alemaniarrak utzitako zehaztapenak.
Egileak femeninoa markatzeko beharra sentitu zuen artikulua idazterakoan. Ezin dugu jakin zehazki zergatik, baina, beharbada, oro har zail egiten zaigulako, hain hurbil ditugunez erdarak, maileguan hartutako forma maskulinoek euskarara pasatu eta femeninoa ere barne hartzen dutela irudikatzea. Presidente hitzarekin ere antzera gertatzen zaigu, maiz jotzen baitugu presidenta markatzera.
Argudioari tira eginez, esan dezakegu kasu horretan nolabait gaztelaniazko maskulino generiko bat inportatu dugula euskarara. Baina โbertakoโ adibideak ere baditugu. Horietako batek erakusten du erreginak eurak ere ez direla libratzen; izan ere, reyes plurala emateko errege-erregin erabiltzen dugun arren, real izenondoa emateko soilik errege- erabiltzen dugu, eta hortik sortzen dira errege-etxeak, errege-jauregiak, errege-lekuak (โreales sitiosโ) edo errege-patronatuak, buru dena erregina izan arren:
Ingalaterrako Isabel II.a erregina eta Britainiar Errege Familia. Isabel II.aren errege-etxea. Karlosen alaba Joanak errege-patronatua sortu zuen 1557an.
Errege-dekreturekin ere hala litzateke, baina ez daukagu adibide errealik. Eta bitxikeria bat: Euskaltzaindiaren Hiztegian erregina-jele ageri da gaztelaniazko jalea real. Zehazki hiztegian, berriz, erregeren jele.
Anaitu, anaitasun, anaiarte eta antzekoek ere berekin dakarte nolabaiteko maskulino generiko izaera. Izan ere, horiek guztiak anaia hitzetik datoz, lehen adiera, eta nagusia, โgizonezko senideโ duena, eta bigarren adiera โbeste batekin nolabaiteko anaitasunak lotzen duen pertsonaโ. Maskulino orohartzailea, beraz. Bestela, Herritar guztiak elkarrekin daudela anaitasun handian edo Euskaldun guztion anaitasuna nolabait erakustearren adibideetan jauzi semantiko nabaria legoke esaldiaren lehen erditik bigarrenera.
Beste adibide bat maisu hitza litzateke, Euskaltzaindiaren Hiztegian behintzat. Maisu eta maistra hitzen definizioak konparatuta, asimetria nabaria da. Itxurazko bikote dira, maisu hitzak badituelako maistra hitzak ez dituen adiera batzuk:
maisu 1iz. Zenbait egitekotan, gidari edo arduradun gisa ari den pertsona. Itsasontziko maisu gaztea. 2iz. Lehen irakaskuntzako irakasle gizonezkoa. Ik. eskola maisu; irakasle; errient. Herriko maisua. Maisu gehienak erdaldunak ziren. 3iz. Irakaslea; gidaria. Ikaslea ez da maisua baino gehiago. Judasek saldu zuen Jesus bere maisu eta ongile handia. Maisuen maisua. Eliza Ama Santuak bere maisuak ditu. Ignazio, Loiolako arima maisu handia. 4iz. Eskuzko lanbideetan, nagusi gisa aritu eta ikasleei irakasten dien pertsona. Ik. ofiziale. Migel de Santa Zelai, hargin maisua. Herri bakoitzean izango dira langintza guztietan maisu eta langile onak. 5iz. Aipatzen den artean edo zientzian jakinduria edo trebetasun handia duen pertsona. Gaztelaniazko maisu zaharrak. Guk Orixe izan genuen prosa-maisua. Maruja Torres ez dakit zinikoa den edo ironiaren maisu. Hizkuntza-maisuak. Hilarion Eslaba musika maisua izan zen batik bat. 6adb. Maisu gisa. Egiteko zail horretan maisu ageri da beti aita Bilbao.
maistra iz. Lehen irakaskuntzako irakasle emakumezkoa. Ik. errientsa; andereรฑo 2. Maisu-maistra euskaldunak.
Maistra hitzean ez dago โjakinduria edo trebetasun handia duen pertsonaโ adieraren arrastorik, eta soilik emakumezkoak izendatzen ditu. Aldiz, maisu pertsonentzat da, ez soilik gizonentzat; adibide batean Maruja Torres ez dakit zinikoa den edo ironiaren maisu ageri da, bai eta Olga Viza ere, zeremonia-maisu gisa. Bestalde, hitz multzo horretan izenez aipatzen diren gainerako guztiak gizonezkoak dira: Judas, Jesus, Ignazio Loiolakoa, Miguel de Santa Zelai, Orixe, Hilarion Eslaba, aita Bilbao, Axular, Thomas Mann, Campo Vidal.
Egungo Euskararen Hiztegian maistra hitzak badu beste adiera bat:
3 irud/hed Carmen Cubillo maistrarekin hainbat urtez lanean aritu eta gero, egun bere dantza konpainia du Cortesek. Berria – Kultura Maria euren alaba gailurrera iritsi dela, tenislarien artean maistra bihurtu dela, Masters Torneoaren irabazle, 17 urte eskasekin. Berria – Kirola ยท Emakume bitxia dugu hau […]: abangoardiako rock emozionala garatzen du-, ahotsean eta gitarran maistra. Berria – Kultura
Argi dago, beraz, euskaraz ere baditugula orohartzaile gisa jokatzen duten maskulino batzuk, baina ez dakit zenbateraino den hori horrela egiaz, alegia hiztunak horrela nabaritzen eta erabiltzen ote dituen.
Azken kontu bat, gai honekin lotuta. Adituek azaldu zutenez, generorik gabeko hizkuntzetan gertatzen da ezen, nahiz eta izendapenak berak “generorik” ez izan, azpian dagoen kontzeptuak baduela, hiztunak barneratuta daukan moduan. Horregatik irudikatzen ditugu errazago, edo maizago, suhiltzaile, zirujau, abokatu, mediku eta abar gizonezkoak, eta zaintzaile, erizain edo garbitzaile emakumezkoak. Genero-kutsadura esaten zaio horri. Jakina, historiaren zama dago hor, oraindik ere astun askoa.
Euskaltzaindiaren Hiztegian mediku hitzaren sarrera begiratuta, lehen adibidea mediku jauna da, eta izenez aipatzen den bakarra, Broussain [Piarres]. Bertsolari bilatuta, izenez aipatzen den bakarra Xenpelar da. Kantari bilatuz gero, Xenpelar berriz. Filosofo bilatuta, Platon. Euskaltzain bilatuta, Gorostiaga euskaltzain jauna eta Azkue jauna. Jostun bilatuta, Cristobal Balenciaga. Albaitari bilatuta, E. Zurutuzak [Enrique Zurutuzaz ari delakoan nago] albaitaritza izan zuen lanbide, baina lan asko egin zuen euskararen alde ere, batez ere irratigintzan. Esploratzaile bilatuta, jakiten dugu Espedizioaren buru Ernst Schaeffer esploratzaile zaildua zegoela. Lehendakari bilatuta (adiera guztietan, ez soilik Jaurlaritzakoan), J.A. Ardantza eta Ibarretxe. Presidente bilatuta, Ferry [Jules?], Joe Biden, eta Sarah Palin presidenteordetzarako hautagai ohia. Margolari bilatuta, Ignazio Zuloaga, eta margolaritzan, Gauguin. Irakasle bilatuta eraman dut ezustekoa, aipatzen den Lafon irakaslea nor ote den begiratuta Marie-Hรฉlรจne Dafon aurkitu baitut. Baina berdinketa dago, hala ere, Freud ere aipatzen da eta. Beste askotan, hala nola idazle, erizain, itzultzaile, zientzialari, legelari, futbolari, artista, eskalatzaile edo ikerlari, ez da izen aipamenik ageri. Egia da, ez dut azterlan sistematikorik egin. Baina orobat da egia hamar bat minutu aski izan ditudala goiko adibide horiek pilatzeko. Esanguratsua iruditzen zait.
Hain daukagu barneratuta kontua ezen joera izaten dugu gizonezkoei dagokiena neutro gisa emateko, eta emakumezkoena, berriz, markatu gisa. Horregatik jotzen dugu batzordeko lehendakaria esatera gizona denean, eta batzordeko lehendakari andrea esatera emakumezkoa denean. Edo besterik gabe futbol-taldea gizonezkoena denean, eta emakumezko futbol-taldea, bestela denean.
Hizkera inklusiboaz ari garelarik, oro har tentsio bat nabaritu ohi dugu orokortzeko eta zehazteko beharren artean. Askotan ez dugu jakiten zer den hobea, femeninoa markatzea edo ez. Beste albo-ondorio bat ere badu kontuak, gainera: binarismoan erortzearena, hartara ezkutuan utzita hor kabitzen ez diren identitateak.
Ahozko hizkera idatzira ekartzeko manerari buruzko gogoeta franko irakurri ditugu azkenaldian han-hemenka. Neronek ezin gusturago leitu ditut, esaterako, Miren Amurizak eta Uxue Alberdik nork bere liburuaren karietara alderdi horri buruz esan dituztenak. Ahozko hizkera imitatzen duen idaztankera jakin bat imitatu du Amurizak Pleibak-en: malguago aritu da lexikoan, baina euskararen jatorrizko egiturak asko zainduta, betiere. Horrela jardunez, eroso sentitu da eleberriko protagonistaren euskara erdarazko adierazpenez busti duenean, adibidez. Eta, hain justu, Alberdik ere antzeko tesia bistaratu du Hetero liburuko zenbait ipuinetan baliatu duen hizkerari buruz galdetu diotenean. Jostatzearen alde azaldu da idazlea, baina ohartaraziz ezin dela nolanahi aritu: ยซApurketak eta zikintze ariketak errespetu handiz egin daitezke, edo batere errespeturik gabe. Ni ongi ardazten saiatzen naiz, eta, gero, dantza egiten, eta, ahal badut, zipriztintzen. Eta zipriztina euskaรฑolarena izan daiteke, gipuzkerarena, mendebaldeko euskararena…ยป.
Esplikatzekoa naizen hau ez da gauza bera. Aipatu kasuetan, Amuriza zein Alberdi, biak ari baitira, berez, fikziozko istorio bat idazteari buruz, baina inoiz norbaiti egindako elkarrizketa bat transkribatu eta hura idatzita eman behar izan kasik edonork ulertuko du, aise, ariketa horretan ere izaten dela gisa horretako buruhausterik, dudarik, edo halabeharrez hartu beharreko erabakirik. Behintzat, hori gertatzen da elkarrizketa egiteko arrazoia ez denean formaltasun betekoa, eta eutsi nahi zaionean hizlariaren hizkeraren koloreari, tonuari; nahi bada, baita graziari ere.
Baina, jakina, testuok derrigor behar dute orrazketa, eta nik, hizketan ari denean erdarakadak erreparorik gabe sartu zalea baina aldi berean aski garbizalea den honek, orduan izaten ditut nahi baino zalantza gehiago. Oraindik gogoan dut orain dela pare bat hilabete, disimuluan, egunkarian jambo hitza plazaratzen saiatu nintzenekoa. Iruรฑerriko musika talde bateko abeslariaren adierazpen batzuen parte zen. Baina jambo-k ez zituen pasatu iragazkiak. Eta, haren ordez, tipo jartzeko eskatu zidaten. Ulertu nuen zuzenketa, baina oraindik ere ez nago guztiz ados โnahiz eta kexatu ere ez nintzen kexatuโ. Jambo-rena ยซzipriztinยป ederra zelakoan nago, Iruรฑerriko gazte kuadrilla bat trazatzeko eta irudikatzeko elementu polit-polita.
Kontuak kontu, bestelako zerbait gertatu zait berriki, Chill Mafiako kide Julen Goldarazena Flako Fonki-rekin izandako solasaldia paperera ekartzea tokatu zaidanean. Egiari zor, zailegia ere ez da izan, txukun egiten du euskaraz, eta, gainera, sorpresa polit batzuk hartzeko ere balio izan dit ariketak. Horretara dator hau guztia.
Grabagailuak erregistratutako audioa transkribatuta, hau dio Goldarazenak hitzez hitz: ยซEgiten ditut sekulako txandrioak, bolada batzuetan se me va la ollaโฆ eta esango nuke hori gertatzen zaigula guztioiยป.
Txandrio hitza irakurri โeta adituโ, eta, zuzenean, zera pentsatu nuen nire kolkorako: ยซFijo kanpoan utzi beharko dudalaยป. Bai zera: inozoa ni. Honek bai, pasa zituen iragazkiak. Ondotik, sarean bilaketak egiteari ekin nion, eta hori poza hartu nuena ikusi nuenean bazirela zientoka adibide. Salbuespen bakanetakoa, Euskaltzaindiaren Hiztegian; hor ez dago jasoa. Hortaz, txoko txiki honetatik, jaso beza akademiak hura hiztegian kabiarazteko eskea. Ez esan, faborez, ez dela hitz guapoa โค
Hiztegian jasotzeko eskea ez da kapritxoa, gainera. Gutako askoren bizitzetan duen tradizioa aski ez balitz, hona hemen txandrio hitzaren bueltako zenbait bitxikeria.
Kontsultarako lehenbiziko iturria: Egungo Testuan Corpusa (ETC).
Txandrio hitzaren edo bere aldaeraren baten 78 agerraldi daude jasota. Haietako batzuk izen propioei loturikoak dira; omen, badirelako izenean txandrio daukaten zenbait elkarte, musika talde eta bertso eskola. Edonola ere, adibideen gutxienekoa dira.
78 agerraldietatik, literatur lanei loturikoak dira 25 โjatorrizko testuetakoak dira 23, eta itzulpenetakoak biโ. Hona hemen zenbait adibide:
Rock’n’roll, Aingeru Epaltza, Elkar, 2000 Ustel gertatutako gosariak mokor kakaztua ezarri berria zuen, zorteak azken aldi horretan egin zizkidan txandrio guztien meta gainean.
Mendi-joak, Aingeru Epaltza, Elkar, 2017 Krisi erakutsi nion txandrioa, jakinik ere ez zidala konponbiderik emanen.
Hodei berdeak, Jon Alonso, Susa, 2003 Baina, orokorrean, txandrio bat izan zen.
Zintzoen saldoan, Jon Alonso, Txalaparta, 2012 Bestalde, zuk “aitzakia” deitzen duzu, baina bene-tako txandrioa izan da: “aitzakiaz” beteta utzi dituzue bazterrak.
Deklaratzekorik ez, Beรฑat Sarasola, Susa, 2019 Gorteko txandrio giroak ere ez dio laguntzen jeneralari; azken porroten ondoren hasiak dira On Carlosen inguruko mingain-leunak, bazter nahasle guztiak -“covachuelistas y acรณlitos” deitzen die Galdosek-, berriketan, Zumalakarregiren abilezia estrategiko-militarrak zalantzan jartzen, hobe lukeela erregea bera jarriko balitz -Jainkoaren bedeinkapena izaki- […]
Etxeko hautsa, Anjel Lertxundi, Alberdania, 2011 Ez nuen ateraldia kontrolatzen jakin, egina zegoen txandrioa.
Hilabete bat Montalbanorekin, Andrea Camilleri (Fernando Rey), Igela, 2011 Itzuli zirenean ohartu zituan txandrioaz.
Literaturaz apartekoetan ere adibide franko dago. Goenkale telesailarenย Testamentuaren afera atalean aditu liteke hitza โ2013ko maiatzean pantailaratu zutenโ, Nekane pertsonaiaren ahotik aterea. Gainera, literaturan ez ezik, Anjel Lertxundik Berria egunkarian argitaratutako iritzi zutabeetan ere erabili du txandrio, behin baino gehiagotan, โ2015eko Damua garaiz-en, adibidezโ, eta Maialen Berasategi Catalanen zutabe bat ere bada jasoa ETC-n, horrexegatik:
Berria, 2018-03-29, Sormenaz, ogiaz Muin-muinean dauzkagu sortzaileak, sortze hutsa beti balitz bezala onuragarria, edo suntsipenaren antonimoa: sormen artistiko, teknologiko eta (zer esanik ez) ekonomikoak sekula ekarri ez baligu bezala mordoilorik edo, are, txandrio alimalekorik.
Bigarren kontrastea: Ereduzko Prosa Gaur (EPG) ataria.
Gutxi-asko, aurrez ETC arakatuz ateratako ondorioak berresteko balio izan du kontsultak honek. Haren arabera, txandrio zazpi esalditan azaldu da prentsan, eta lau liburutan literaturan; hain justu ere, Jon Alonsoren eta Migel Angel Mintegiren lan banatan, eta Aingeru Epaltzaren bitan.
Elearen jatorriari dagokionez, Orotariko Euskal Hiztegiko sarrera batean pista gutxi batzuk dira jasota.
txandrio. “(Sal, R-uzt), jugarreta. Txandrio egin, hacer una jugarreta” A. Cf. VocNav: “Chandrรญo, estropicio, desaguisado, daรฑo, desgracia […] (Es voz tรญpica de Navarra y de uso general). […] Revoltijo, desbarajuste, desorden (Corella)”.
Eta, sarrera horretan adierazia ez badago ere, jakina da, Nafarroan ez ezik, txandrio tradizio handikoa dela Aragoin; kasu horretan, ch-z idatzita, jakina: chandrรญo. Horren harira, Aragoiko Maite Moret filologoak emandako azalpen batzuekin egin dut topo arestian, eta, haietan, hark zioen litekeela dela txandrio hitza euskarazko etxeko-andre adieratik eratorria izatea. Edonola ere, zertan katramilatu jatorrian: hiztun askoren eguneroko hizkeraren parte izatea ez al da dagoeneko aski arrazoi akademiak aintzat har dezan? Bide batez, jakin-mina dut: zenbateraino erabiltzen duzue, ahozkoan, Nafarroatik kanpoko euskaldunek?
Jakin-minez irakurtzen dut, aldiro, Euskaltzaindiak sei hilabetean behin egiten dituen eguneraketen zerrenda. Esate baterako, iragan urtarrilean ilusioa sentitu nuen akademiak jasotako 795 forma berrien zerrendan ikusi nituenean ajoarriero, kalderete, lebitatu, sexualizatu eta beste. Baietz nire hitz kutuna bildu hurrengoan! Lasai-lasai biziko gara bestela ere, erabili ere halaxe erabiliko dugu, baina zertan ezkutatu: txandrioa litzateke. Eta listo, aski apologia gaurkoz.
Izenburuko hiru terminoak nahasian erabili izan dira interpretazioaren arloko ikasketetan, oso ondo zehaztu gabe non dauden batzuen eta besteen arteko mugak. Kontua ez dago ebatzita, inondik inora ere, auzia ez baita bakarrik terminologikoa, kontzeptuala ere bada. Sarrera honetan hiru planteamendu ezberdin azalduko ditut, abiapuntua jarri eta elkarrekin gogoetatzen hasteko. Gogoeta bikoitza proposatzen dizuet: esanahiaren eta izendapenaren gainekoa.
Jimรฉnez-Ivars eta Hurtado-Albirrek (2003) hiru kontzeptuak biltzen dituen hiperonimo gisa darabilte ikusizko itzulpena terminoa. Haientzat, idatzizko testu bat ahoz birformulatzea da ikusizko itzulpena egitea. Hau da, kanal-aldaketa baino ez dute kontuan hartzen. Funtzioen eta modalitateen arabera sailkatzea proposatzen dute.
Azpisailkapena egiteko abiapuntua da ikusizko itzulpenak bi funtzio izan ditzakeela: funtzio komunikatiboa eta funtzio instrumentala. Funtzio komunikatiboa duenean, interpretazioarekin lotuta dago beti, helburua hartzaileei idatziz dagoen informazioa ahoz ematea delako. Kasu horretan, ikusizko itzulpena interpretazio-modalitatea da, eta azpimodalitateak ditu, besteak beste, artikulu honetan hizpide ditugun ikusizko interpretazioa eta aldibereko interpretazioa testuarekin (edo testuarekiko aldibereko interpretazioa).
Dena den, beste azpimodalitate batzuk ere aipatzen dituzte Jimรฉnez-Ivarsek eta Hurtado-Albirrek (2003) beren artikuluan โzuen baimenarekin, jatorrizko izendapenak jarriko ditut, itzuli gabe, anabasa terminologikoari ekarpenik ez egitekoโ: traducciรณn a ojo edo traducciรณn a primera vista, traducciรณn a la vista preparada, traducciรณn a la vista consecutiva eta traducciรณn a la vista en interpretaciรณn consecutiva.
Funtzio instrumentala duenean, aldiz, beste helburu bat lortzeko bitarteko bihurtzen da ikusizko itzulpena. Helburu hori idatzizko itzulpena egitea izan daiteke, edo, adibidez, atzerriko hizkuntza batean lortutako ezagutza egiaztatzea. Beraz, funtzio instrumentala duenean, ikusizko itzulpenaren helburua produktu bat lortzea edo zerbitzu pedagogiko bat ematea da, eta, ondorioz, itzulpen-estrategiatzat eta pedagogia-estrategiatzat har daiteke. Hona hemen Jimรฉnez-Ivars eta Hurtado-Albirren (2003) proposamena, laburtuta:
1. irudia: Jimรฉnez-Ivars eta Hurtado-Albirretik (2003) hartua.
Pรถchhacker-ek (2004), aldiz, honela bereizten ditu hiru terminoak eta izendatzen dituzten kontzeptuak:
Harentzat, ikusizko itzulpena idatzizko testu bat ahoz itzultzea da, baina interpretazioaren testuingurutik kanpo. Hau da, bat dator Jimรฉnez-Ivars eta Hurtado-Albirren funtzio instrumentalarekin: interpretaziotik kanpoko edozein testuingurutan idatzizko testu bat ahoz itzultzea litzateke ikusizko itzulpena egitea, eta hainbat helburu betetzeko balio dezake.
Ikusizko interpretazioa, aldiz, interpretazioa egiten den testuinguruei lotuta dago hertsi-hertsian. Esan osteko interpretazioa egiten den testuinguruetan egin ohi da, eta ez dago hizlariaren diskurtsoari jarraitu beharrik, ez delako aldi berean egiten. Are gehiago, interpreteak xede-hizkuntzan irakurtzen ari delako inpresioa eman behar du (Angelelli, 1999). Beraz, Pรถchhackerrek (2004) Jimรฉnez-Ivars eta Hurtado-Albirren (2003) funtzio komunikatiboko azpimodalitate batzuetara mugatzen du ikusizko interpretazioa terminoa.
Eta โbatzuetaraโ diot, hain zuzen, aldibereko interpretazioa testuarekin aldibereko interpretazio mota berezitzat hartzen duelako. Ikusizko interpretazioa neurri handi edo txikiagoan eskatzen duen aldibereko interpretazio mota konplexua dela dio, baina ez du ikusizko itzulpenaren azpimotatzat hartzen.
Azkenik, Lambert-entzat (2004) erabat sinonimoak dira ikusizko interpretazioa eta aldibereko interpretazioa testuarekin terminoak. Ikusizko itzulpenarekiko duten ezberdintasuna da hizlariaren diskurtsoarekiko aldi berean egin behar direla, eta, beraz, bi input kudeatzea eskatzen dutela: ikusizkoa eta entzunezkoa.
Ikuspegi horrek Cammoun et al.-en (2009) kritika jaso zuen, termino biak sinonimotzat jotzeak maila berean jartzen dituelako ikusizko itzulpena eta testuarekiko aldibereko interpretazioa, itzulpena hizlariaren diskurtsoarekiko aldi berean egin behar den ala ez โeta horrek dakartzan zailtasunak eta erronkakโ kontuan hartu gabe.
Argi dago gutxi ikertutako esparruetan ohikoa den terminoen eta kontzeptuen gainjartzea dagoela arlo honetan ere. Horregatik, garrantzitsua da gaiari buruzko ikerketetan argi eta garbi adieraztea zeri egiten zaion erreferentzia termino bakoitzarekin, anbiguotasunak saiheste aldera. Gainera, ez dugu bistatik galdu behar euskarazko ordainak sortu, erabili eta finkatu egin beharko direla momenturen batean, eta ziurrenik itzulpenaren eskutik etorriko direnez, litekeena dela aukera bat baino egotea. Horregatik, arloko adituen esku dago termino horiek euskaraz nola, noiz eta zer izendatzeko erabiltzen ditugun erabakitzea.
Oraingoan nire espezializazio-alorreko adibide bat ekarri dizuet, baina uste dut estrapolagarria dela beste alor batzuetara ere. Izan ere, lan akademikoetan, edukian zentratzen gara askotan โizanean, eta ez izeneanโ, eta ez diogu behar besteko denbora eskaintzen gogoeta terminologikoa egiteari. Ondorioz, aurretik erabilitako terminoak beste kontzeptu batzuk izendatzeko erabiltzen ditugu, edo ordain berriak proposatu, aurrekoak ezagutu gabe. Eta, kontziente ez garen arren, gure jardunak eragin zuzena du hizkuntza txikituen normalizazioan eta hizkera espezializatuen garapenean eta finkapenean. Gutako bakoitzak egiten dituen hautu txikiek eragin handia dute sarritan gure espezializazio-arloetan, eta funtsezkoa da horretaz kontziente izatea.
Dena den, ikasiz ibiltzen da oinez, ez pentsa. Gogoan dut nire Gradu Amaierako Lanaren defentsako epaimahaikide batek galdetu zidala โzergatik ikusizko itzulpena eta ez ikusizko interpretazioa? Ez nuen jakin erantzuten.
Erreferentzia bibliografikoak:
Angelelli, C.V. (1999). The role of reading in sight translation, The ATA Chronicle (Translation Journal of the American Association of Translators), 28(5), 27-30.
Modu xaloenean arrautza irabiatu eta zartaginean buelta eta buelta prestatutako jakiari euskaraz gutxienez hiru formatan deitu ahal zaio: arrautzopila, tortilla eta omeleta. Eta hala egin dute euskal idazle ezberdinek, bakoitzak bere gustu estetikoei, bere behar narratiboei edo bere unean uneko apetari jarraituz. Arrautzopil darabilte Iรฑaki Segurolak eta Juan Kruz Igerabidek, esaterako, Gaur ere ez du hiltzeko denborarik egingo eta Hauts bihurtu zineten lanetan, hurrenez hurren. Arrakasta gehiago du tortilla hitzak, Ereduzko prosa gaur webgunean egiaztatu ahal izan dudanez, bertako corpusean, itzulpenak aintzat hartu gabe, 81 aldiz agertzen delako, 28 idazleren eskutik. Horri gehitu behar zaio beste hiru agerpen tortila grafiapean. Omelet aldaerak jarraitzaile gutxiago du: Koldo Izagirre edo Joseba Sarrionandia hartaz baliatzen dira, kasu, Sua nahi, Mr. Churchill? eta Lagun izoztua lanetan.
Itzultzaileek ere beren itzulpen lanetan hiru hitzon artean aukera dezakete. Baina, kasu honetan, haietako baten erabilpenak okerrera eraman dezake, bi jaki ezberdinak nahasita: osagai nagusia arrautza duen ore frijitua, alde batetik, eta, bestetik, arto edo gari irinez egindako talo modukoak, Hego Amerikako sukaldaritzan, eta bereziki Mexikokoan, hain ezagunak direnak. Euskaraz, gaztelaniatik datorren polisemiak kutsatuta, biei tortilla izena ematen ahal zaie.
Truman Capoteren Odol hotzean eleberrian (Igela, 1993), Texasetik Mexikoko muga zeharkatu ondoren โtortilla hotz, oliotsu bat ari zen jatenโ protagonistetako bat (jatorrizkoan ere, โhe was eating a cold, oily tortillaโ). Oscar Wilderen Dorian Grayren erretratua-n (Elkar, 1986), berriz, zerbitzariak jauna hotz ote den galdetzen dio โmahai gainean tortila bat uzten duen bitarteanโ (edo โputting an omelette on the tableโ). Tortilla (edo tortila) darabilte euskaraz Gaรซl Fayek, Dolores Redondok, Jean-Paul Sartrek, Graham Greenek, Dashiell Hammetek, Maxim Gorkik, Jack Kerouacek, Malcolm Lowryk edo John Steinbeckek[1]; eta euskal irakurleak, jatorrizkora jotzerik ez badu, kontestuari-edo jarraituz erabaki beharko du, asmatu nahi badu egile horietatik zeintzuk ari diren mota bateko tortillaz [erantzuna: hasierako seiek] eta zeintzuk besteaz [amaierako hirurek].
Nahasbiderik ez dute itzulpenean erabilitako arrautzopil hitzak, zeina, bide batez, seguruenik horrexegatik euskal idazleengan baino maiztasun handiagoaz agertzen baita euskal itzultzaileengan, eta omelet hitzak.
Tortilla eta amuarraina
Sukalde kontuetatik atera gabe, bada beste erabilera polisemiko nahasgarri bat, oraingoan eremu geografiko eta linguistiko bakarrean ematen dena. Katalanez hitz bera erabiltzen dute arrautzopila zein amuarraina izendatzeko: truita. Sarean begiratu dudan katalanezko hiztegian arrautza irabiatu eta frijituari ematen diote lehentasuna adieretan. Bigarren dator ur gezako arraina. Paradoxikoki, hitzaren jatorrizko adiera bigarren hau delako (latinezko tructa hitzetik datoz katalanazko truita, gaztelaniazko trucha, frantsesezko truite edo italierazko trota). Arrautzekin egindako jakia ere katalanez truita izendatzearenak erabilera metaforiko batean omen du jatorria: gurean tortilla frantsesa deitzen dugun horrek duen itxurak arrain batena gogora dezake eta omeletari paderan eman beharreko itzuliak ere amuarrainek errekan ematen dituzten jauziak ekar ditzake burura.
Ez dakit katalanak nola moldatuko diren bata eta bestea bereizteko tenorean. Testuinguruari kasu eman behar zaio, ez zait besterik otutzen, eta baliteke beti ez asmatzea, testuinguruak laguntzen ez badu.
Orain egun batzuk Madrilgo liburutegi publiko batean Yo no soy Mikel Laboa eleberri grafikoa topatu nuen (Iturriaga, Cano eta Larretxeren Ni ez naiz Mikel Laboa-ren itzulpena). Ezusteak alaituta eta jatorrizkoa irakurria ez nuenez, maileguan hartu nuen. 86. orrialdean Mikel Laboak Marisol Bastida emazteari โnecesitamos menos psiquiatras y mรกs somiatruitesโ esaten dio, biak alabarekin Bartzelonan bizi direla. Jarraian azaltzen dio: โes como dicen en catalรกn a quienes tienen muchos pรกjaros en la cabezaโฆ, que sueรฑan con truchasโ. Lau orrialde aurrerago, senar-emazteak korrika doaz eskaileratan gora alaba sehaskan lo lasai ote dagoen ikustera. Hala dago. Lo eta beharbada baita ametsetan ere, buru gainean lau amuarrain dituelako elkarri segika biribilean, mugikari batetik zintzilik.
Baina zerekin egiten dute amets katalan ameslariek? Amuarrain ala arrautzopilekin? Dudarik gabe lehen aukera poetikoagoa da (eta hala dela egiaztatzeko aski da aipatu komikiaren irudiak ikustea). Halere, jakin-minak hartaratuta aurkitu dudan onlineko informazioan balantza bigarrenaren alde makurrarazten dela ematen du. โQui tรฉ gana, somia truitesโ esaeratik eratortzen dute, zeina bere aldetik โqui tรฉ gana/fam, somia paโ esaeraren aldaera litzatekeen [hau da, gose denak omeletak amets, edo ogia amets].
Bitxia da benetan zerekin egiten duten amets hizkuntzan hizkuntzako gosetiek. Ogiarekin errumaniarrek, portugesek, poloniarrek edo greziarrek. Ingelesezko goseberak urrunetik aditzen du haragi errearen usaina. Mexikon, berriz, gose denak โpiensa en tortillasโ, baina ez, jakina, katalanek ustez buruan izan dezaketen berberetan. Hungariako katuek sagua dute amets eta โgehitu ohi duteโ txerriak ezkurra. Hala egiten du euskal urde goseak ere, ezkurra amets. Edo, bestela, ogia amets txakur goseak. Hortik datoz, beraz, eginkizun eta helburu lorrezinak adierazteko, balizko errotekin eta haizezko dorreekin batera, euskaraz aukeran ditugun txakur-ametsak (edo txakurraren gauerdiko ametsak ere).
Lehengora itzulita, arrautzopilaren eta amuarrainaren arteko ezbai honek garai bateko beste irakurketa bat, Josep Plaren Kale estua (Igela, 2017) ekarri dit gogora. Orduko hartan jatorrizkoarekin alderatu gabe leitu banuen ere, katalanez nekien apurrak susmarazi zidan itzultzaileak ataka gaizto horri aurre egin behar izango ziola bi pasartetan: 9 orrialdean: โAfalordua baino ordu erdi lehenago iritsi nintzen ostatura (โฆ). Otordua antxoa ziztrin bat, mortadela-xerra eta eskarola-izpi batzuekin hasi zen; olio kiratsez eginiko tortilla bat eta okela mehe eta katu-belarria bezain larruantzekoarekin jarraitu zuenโ. 74.ean, berriz, โJaki-ontzia atera zuten. Mokadu jan zuten: amuarrain marguldua, sandwich batโ.
Egiaztatu dudanez, Plak bietan pertsonaiei truita janarazten die: โVaig arribar a la fonda mitja hora abans de lโhora de sopar (โฆ). El repร s sโiniciร amb una trista anxova, un tallet de mortadelยทla i uns brins dโescarola; seguรญ una truita elaborada amb oli sentรณs i un bistec subtil i coriaci com una orella de gatโ eta, aurrerago, โObriren els portaviandes. Menjaren una queixalada: una truita dโuna grogor esvaida, un sandvitxโ. Nik, hori kolore hitsaren aipamenagatik, hondartzan jateko eramaten errazagoa izateagatik edo nik hotz hartu nahiago izaten dudalako, printzipioz esanen nuke tortilla dela bigarren kasuan ere. Lehendabizikoan, baina, ez nuke eskua olio kirats gainean jarriko.
Nolanahi ere, kasu batean ala bestean (izan tortilla ala tortilla, izan truita ala truita), bitxia da eleberri bateko pertsonaiek zer jaten duten nola aldatu daitekeen hizkuntza batetik, itzulpen batetik, bestera.
[1] Ondoko lanetan, hurrenez hurren: Ene herri txikia (Igela, 2019), Hezurren ondarea (Erein, 2013), Goragalea (Alberdania/Elkar, 2003), Giza faktorea (Ibaizabal, 1997), Maltako belatza (Igela, 1997), Ama (Ibaizabal, 1995), Errepidean (Pasazaite, 2018), Sumendiaren azpian (Alberdania/Elkar, 2008) eta, nola ez, Tortilla Flat (Elkar, 1995). Datu hauek guztiak EHUko Hizkuntzen arteko Corpusa webgunean bildu ditut.
Aspaldidanik kezkatuta ibili naiz hitanoak literaturan behar lukeen lekuaz. 2022. eta 2023. urteetan hainbat nobela eta ipuin-bilduma irakurri beharra egokitu zitzaidan. Irakurketa horietan bereziki erreparatu nion haietan egiten zen hitanoaren erabilerari eta oro har pertsonen arteko tratamenduari. Gerora ere jarraitu dut horiek aztertzen eta aurkitu dudana saiatuko naiz ekartzen orri hauetara.
Idazleak, eta narratzaileak bereziki, maiz sartu behar izaten ditu elkarrizketak bere idazlanetan, eta, beraz, erabaki beharko du nola eman hizketa horiek: hitanoz edo tratamendu neutroan (zuka). Baina ez da hori eremu bakarra. Adibidez edonork, bere buruarekin hizketan ari dela, modu batean edo bestean egingo du. Eta poetak ere, norbaiti zuzenean mintzo bazaio, erabaki beharko du zuka, toka ala noka ari. Eta berdin itzultzaileak, esate baterakoย โPoesรญa eres tรบโ itzuli behar badu. Beraz, artikulu honetan gainbegirada bat emango diot kontu horri.
Honako hau dio Euskaltzaindiaren 14. arauak sarrera-oharretan:
1) Lehen-lehenik erran beharra da aditz alokutiboen parte bat baizik ez duela finkatu Euskaltzaindiak, hikako moldeari doakiona, hain zuzen ere. Zukako adizkera alokutiboek, ekialdeko euskalkietan bereziki erabiltzen direnek, batu gabe segitzen dute, beraz, oraino.
2) Euskaltzaindiaren lana adizkeren formaren finkatzea izan da, eta ez da sartu erabilera arazoetan. Jakina denez, korapilo asko ditu erabilerak, bai morfosintaxiaren aldetik, bai eta, are gehiago, gizarteko baliagarritasunaren aldetik ere.
Beraz, hitanoaren adizkiak finkatu besterik ez zuen egin Euskaltzaindiak arau horretan, eta ez da gutxi. Izan ere, geroztik, esan dezakegu ordu arteko anabasa funtsean argitu zela eta gehienok arau horretan dagoenera egokitu garela. Baina ezer ez zuen esan hor erabilerari buruz.
2.- Hitanoa Euskara Batuaren Eskuliburuan
Hala ere, Euskara Batuaren Eskuliburuan ematen da โgaur egungo alokutiboko jarduera molde hedatuenaren berriโ. Honako hauek dira hor ematen diren nolabaiteko jarraibideak:
a) Hika mintzatzean, bigarren pertsona ez da ZU, HI baizik: zu etorri zara > hi etorri haiz.
b) Behin hika egitea erabaki bada, ezinbestekoa da hikako alokutiboan aritzea: *Hire laguna etorri da (> Hire laguna etorri dun/duk). Mintzakidearen erreferentziak ageri behar du aditzean: dun (emakumezkoa) / duk (gizonezkoa). Ez da hala gertatzen erregistro neutroan aritzean: *Zure etxera joango gaitun/gaituk (> Zure etxera joango gara).
c) Hika mintzatzean, hi tratamenduari dagokion adizkia erabiltzeaz gain (etorri haiz), 1. eta 3. pertsonetako adizkiak ere aldatu egin behar dira: Hi etorri haiz, baina besteak ere etorri (*dira) ditun/dituk; Hik egin didan/didak, baina haiek ere egin (*didate) zidaten/zidatek. Hik egin dun/duk, baina nik ere egin (*dut) dinat/diat.
d) Menderagailua daramaten aditzek, orain arteko erabileran eta tradizioan, ez dute alokutiborik eramaten:
?Andoni etorri dunala entzun dinat (> Andoni etorri dela entzun dinat (Baina bai: Hik egin dunala entzun dinat [hor ez dago alokutiborik])).
?Elkartzen gaitukenean, gogotik egiten diagu barre (> Elkartzen garenean, gogotik egiten diagu barre).
?Esan dik ez duala etorriko (> Esan dik ez dela etorriko).
Oharra: Halere, mendebaldeko zenbait erabileratan, agertzen dira adizkera alokutiboak baldintza-perpausetan: Gure galdezka inor etortzen baldin badek, esaiok elkar hilda errekan gaudela.
e) Galderetan ere ez da ohikoa izan alokutiboa: ?Egingo al zionagu elkarrizketa bat? (> Egingo al diogu elkarrizketa bat?).
Horko a) eta b) puntuetan esaten denak Pernandoren egien tankera dauka, baina ez dago alferrik esana. Zorrotz begiratuta, aise ohartuko gara maiz aurkitzen direla gaur egungo liburuetan hitanotik neutrora jauzi mortala aise aski egiten duten testuak. Are gehiago, esango nuke belarria hitanora ohitua ez duenak inolako arazorik gabe jarraituko duela irakurtzen holako jauziak egiten dituen testu bat (agian pentsatuz zilegi direla, eta idazlearen esku dagoela alokutiboa ala neutroa aukeratzea nahi duenean eta nahi duen bezala). Denoi gertatu zaigu, seguru aski, testu bat zuka idaztea eta momenturen batean hikara pasatzea erabaki, eta adizki edo izenordain edo bestelako intrusoren batzuk bertan gelditzea. Baina garbi dago EBEk dioenez, behin hika egitea erabakiz gero, ezinbestekoa dela hikako alokutiboan aritzea.
Beste pauso bat emanez, argitzen digute hika aritzean 2. pertsonako adizkia erabiltzeaz gain 1. eta 3. pertsonakoak ere aldatu egiten direla, alegia hori ere ez dela aukerakoa, baizik ezinbestekoa.
Hurrengo bi puntuak, d) eta e), muga morfosintaktikoei buruzkoak dira. Ez da oso belarri-zorrotza izan behar konturatzeko gaurko erabilera (batez ere Gipuzkoan, esango nuke) kaotiko samarra dela. Hala ere, uste dut gehienok โmintzatuan hala ez egin arrenโ saihesten dugula menderagailua duten perpausetan hitanoa erabiltzea. Besterik gertatzen da galderazko perpausetan. Hitanoari buruzko artikulu sail honetako batean erakutsi nuen โhainbat testutako adibideekinโ XIX. mendean galderazkoetan hitanoa maiz erabiltzen dela. Eta aipatu nituen XX. mendeko puntako zenbait idazleren adibideak: Lizardi, Lauaxeta eta Orixerenak, besteak beste. Horregatik adierazi nuen artikulu hartan agian bazela garaia Euskaltzaindiak erabilera horri bide ematekoa. Izan ere, nahiz eta ez izan lau katu โbide klasikoariโ eusten diogunak, badira beste hainbeste edo gehiago galderetan hitanoari lasai asko bide ematen diotenak (โBeti hala egin diagu-etaโ argudioarekin).
Esan daiteke jokalekua eta jokoaren arauak emanak direla. Baina hori oraindik gramatika besterik ez da. Eta horrek ez du dena konpontzen. Noiz, non eta nola edo norekin erabili, ez dago arautua.
3.- Hitanoa eta testuingurua
Sareko Euskal Gramatikan, honako hau diosku Xabier Alberdi adituak:
Bestalde, hizkuntzaren erregistroaren arabera, eta solaskideen arteko harremanean pisuzkoak diren gizarte-aldagai batzuen arabera (adina, sexua, hierarkiaโฆ) hautatzen da tratamendua: hitanoa, adibidez, lagunarteko erregistroari dagokio bete-betean; (โฆ)โ.
Alberdik dioenez, gizarte-aldagai batzuen arabera (adina, sexua, hierarkiaโฆ) hautatzen da tratamendua. Gizarte-aldagai horiek, noski, historikoak dira, eta historian zehar aldatuz joan dira. Esate baterako, nor ez da txundituta gelditu, lehenbiziko aldiz irakurtzean Leizarragaren TestamentuBerrian ageri den aitagurean Jainkoari (letra larriz adierazten den Aitari, alegia) hika egiten zaiola? (โGure Aita zeruetan haizena, sanktifika bedi hire izenaโฆโ).
XX. mendean, adibidez, zenbait tokitan โnormalaโ zen apaizari berorika hitz egitea. Hierarkia horrela adierazten zen, Espainiako soldaduskan koronelari โUsรญaโ eta jeneralari โVuecenciaโ (vuestra excelencia) esanez adierazi behar zen bezala. Euskaraz berorika egin beharko geniekeen, baldin Espainiako Armadan euskarak inolako lekurik izan balu. Ez dakit Eusko Gudarosteko batailoietan nola moldatzen ziren (ez dut uste Koronel edo Jeneral asko zegoenik, baina holako zerbait erabili beharko zuten hierarkia markatzeko. Hala ere, esango nuke diosalen kontu hau finkatzea baino arazo larriagoak izan zituztela garai beltz haietan).
Baina, gatozen harira. Xabier Alberdi irakaslearen โHitanoa non eta nork erabiltzen duenโ artikuluan irakurleak nahi adina informazio aurkituko du hitanoaren gaur egungo erabileraz. Sareko Euskal Gramatikan berak dioenez, โlagunarteko erregistroari dagokio bete-beteanโ. Baina hori baino gehiago ere badela bistan da. Artikulu horretan zehatz aztertzen da familia barruko erabilera, gurasoek beren artean, seme-alabek beren artean zer tratamendu erabiltzen duten, simetria-asimetria kontuak eta abar. Bistan da badirela lege batzuk garaian garaiko ohiturak ezarriak, baina oro har hitanoa erabiltzeak nolabaiteko hurbiltasuna dagoela adierazten du, edo justu kontrakoa: gaitzespena, arbuioa, iraina. Batzuei nekeza egiten zaie norbait iraintzean erregistro neutroa erabiltzea, baina ezin esan hori bitxia denik (are gehiago hitanoa galdua den lekuetan): Hi alu nazkante bat haiz! / Zu nazkagarri bat zara.
4.- Hitanoa eta literatura
Sarreran esan bezala, idazleak edo itzultzaileak erabaki behar izaten du bere idazlanean hitanoa ala erregistro neutroa erabili. Horrela, XX. mendearen hasieran Txomin Agirrek Kresala idatzi zuenean, arrazoi soziolinguistikoak aipatuz, zuka egitea erabaki zuen. Aldiz, Garoa idatzi zuenean, antzeko arrazoiengatik, eta kontuan hartuz Garoa Oรฑatiko baserri-giroko nobela dela, hitanoa ere erabiltzea erabaki zuen.
Ramon Saizarbitoriak XX. mendearen azken laurdenean 100 metro idatzi zuenean, โbigarren pertsonako nobelaโ denez, aipatutako bi aukeren artean hautatu beharra zeukan, eta hika egitea erabaki zuen.
Berriki irakurri ditudan XXI. mende-hasiera honetako bi nobela hauetan: Miren Amurizaren Pleibak eta Beรฑat Sarasolaren Coca-cola bat zurekin, arrazoi literarioak tarteko, jarrera kontrajarria aurkituko dugu. Miren Amurizak Berrizko institutu-giroko nobela idaztean hitanoaren erabilera (norbaitek aholkatu bezala) โkirurgikoaโ egitea erabaki du, giro hori โinstitutuko bi neskaren arteko gorabeherakโ islatu nahi duen nobela errealista bat egitean hori iruditu baitzaio egokiena. Beรฑat Sarasolak, berriz, Frank OโHararen eta Vincent Vincent Warrenen arteko elkarrizketak (XX. mendeko Estatu Batuetako bi maitale, poeta bata eta dantzaria bestea) hika irudikatu ditu.
Amorosen arteko solasaldiei gagozkiela, M. Prousten Denbora galduaren bilako lehen liburua itzultzean, noka eman zituen J.A. Arrietak Vinteuil andereรฑoaren eta haren lagunaren arteko solas morbosoak.
Berdin erabaki behar izan zuen James M. Cainen bi nobelatxo ospetsuenak, Postariak beti bi aldiz deitzen du eta Galbidea euskarara ekarri zituen itzultzaileak. Bi maitaleren arteko elkarrizketak agertzen zaizkigu hor ere. Lehenbiziko kasuan, hitanoa erabiltzea erabaki zuen, eta bigarrenean, berriz, zuka. Bigarren kasuan, nik uste, irakurleari erraztasunak ematearren edo irakurle gehiagorengana iristeko asmoz hartu zuen erabaki hori, kontuan hartuz, besteak beste, nobelaren giroa aurrekoan baino askoz hiritarragoa dela.
Itzultzaile berak Jim Thompsonen 1280 arima nobela itzuli zuenean, hitanoarena beste koxka bat estutuz, senar-emazteak elkarri hika jarri zituen, Euskal Herri osoan XX. mendean lege denaren kontra. Erabaki horren zurigarri aipa daiteke nobelaren giro basatia, senar-emazteek elkarrekiko duten jarrera ez oso adeitsua, eta oro har Estatu Batuetako herrixka eta baserri giroan kokatua izatea, eta hizkuntza-transposizioa egitean nolabait irensgarri gertatzen zaigula erregistro hori.
Aipatutako adibideetan ikusi dugu hitanoa erabili bai ala ez erabakitzerakoan arrazoi literarioak eta soziolinguistikoak izan direla tartean, eta ez nuke bukatu nahi itzulpenean arreta eman beharreko kontu batzuk aipatu gabe.
1.- Hizkuntza bakoitzak ditu bere erregistroak, eta horiek guztiak modu egokian erabiltzea aberasgarria da bai hizkuntzarentzat, bai sortzailearentzat eta bai hartzailearentzat (are erregistro horiek galduan edo galzorian badira).
Esate baterako Altxor uhartea (R.L. Stevenson/ M. Garikano) edo Hamlet (Shakespeare/ Juan Garzia Garmendia) hartzen baditugu, ikusiko dugu modu egokian daudela erabiliak hika, zuka eta berorika (azken hau gaur (ia?) inork erabiltzen ez duen arren).
2.- Tratamenduei dagokienez hizkuntzen arteko korrespondentzia ez da erabatekoa. Horrela ez dago korrespondentziarik euskararen eta gaztelania edo frantsesaren artean: gurasoen eta seme-alaben arteko elkarrizketetan tรบ, tu erabiltzea normala da erdara horietan, baina euskaraz ez da normala seme-alabak gurasoekin hitanoz aritzea. Beraz, itzultzaileak xede-hizkuntzan normala denera egokitu beharko du.
3.- Tratamenduen kontu honetan itzultzailea analogiaren โlegeariโ makurtzen zaio. Alegia, itzultzaileak itzulgaian aurkitzen dituen egoerak bere hizkuntzan irudikatzean beretzat eta hartzailearentzat egokiena iruditzen zaiona ematen saiatu beharko du.
4.- Eta azkenik koherentzia eskatu behar zaio itzultzaileari. Pertsonaien arteko elkarrizketetan (arrazoi sendoren bat tartean ez bada, eta izan daiteke) ezin daiteke saltoka ibili, orain hika, orain zuka, pasarte honetan hika eta hurrena zuka. Edo nobela bateko pertsonaiak erabat hitanoan eta pertsonaia horien barne-bakarrizketak neutroan.
Nahi adina luza gaitezke jarraibide moduko horiek modu egokian erabiltzeko aholkuak ematen, baina utz dezadan hemen gehiegi luzatu den artikulu hau. Badirudi Euskaltzaindia hemen agertu ditudan kontuei buruzko arauren bat emateko asmotan dela. Morfosintaxiaren Estandarizazioko batzorde ahaldunduak bi arlotako zalantzak omen ditu hitanoari gagozkiola: erabilera sintaktikoari buruzkoak alde batetik, eta erabilera sozialari, jardun-ingurumariari edo erregistroari buruzkoak bestetik. Beraz, ea argi pixka bat egiten digun idazle eta itzultzaileoi, denon mesederako.
Mendebaldeko gizarteetan, inboluzioa bizi dugu giza eskubideen eta pertsonen askatasunen arloan, eta biktimetako bat hizkera inklusiboa da.
Euskaraz, genero gramatikalik ez duen hizkuntza izanda, urrunetik begiratzen diogu hizkera inklusiboari. Euskaraz ari garenean, zama moduko bat kentzen dugu gainetik gaztelaniaz edo frantsesez saiatu dituzten formuletara jo beharrik ez dugula: ยซlas y los periodistasยป, ยซl@s alumn@sยป, ยซlxs diputadxsยป, ยซles niรฑesยป (horiek denak, gaztelaniaz), ยซles auteurยทtriceยทsยป, ยซilsยทelles sontยป, ยซiel estยป (azkenok eta beste batzuk, frantsesez).
2021eko maiatzaren 5eko zirkular batean, Frantziako Hezkuntza Ministerioak debekua ezarri zien halako baliabideei eskola-materialetan, hizkuntzaz ondo jabetzeko eta irakurtzen ikasteko oztopo zirela argudiatuta. Argentinan, 2024ko otsailean, gobernuak iragarri zuen hizkera inklusiboa eta genero-ikuspegia debekatu egingo zituela administrazio publikoan. Javier Mileiren gobernutik etorrita, erabakiak ez du inor harritu, baina gaztelaniaz, nolanahi ere den, hizkuntzaren akademia bera da hizkera inklusiboaren gaitzeslerik porrokatuena.
Espainolaren Errege Akademiak era guztietako argudio gramatikalak erabiltzen ditu gorago azaldutako baliabideen aurka, baina jai du, kontua idazkera bitxi edo ez hain bitxi batzuk baino sakonagoa da eta. Hizkera inklusiboa edo hizkuntzaren erabilera inklusiboa esaten dugunean, aditzera ematen duguna da pertsonei buruz hitz egiteko edo idazteko sortzen ditugun testuetan agerian jarri nahi dugula buruan daukagun mundua pertsona berdinen mundu bat dela. Horrek esan nahi du testua ekoizteko orduan jakinaren gainean ekiditen ditugula zenbait adierazpide, zeintzuen bidez gutxietsi, ezkutatu edo diskriminatu egiten baitira emakumezkoak, ezgaitasuna duten pertsonak, LGTBIQ pertsonak, nahiz “gure talde”-kotzat sentitzen ez dugun beste edozein pertsona.
Batzuetan, diskriminazioa oso agerikoa izaten da eta, beste batzuetan, sotilagoa, baina ukitzen dituen pertsonentzat oso mingarria izan daiteke. Ohitu gaitezen gure testuei inklusioaren betaurrekoekin begiratzen. Hurrengo esaldiak, adibidez, orraztu bat mereziko luke plazaratu aurretik:
Gure bizi-kalitateaz ari garenean, zientziako gizon handiak ekarri behar ditugu hizpidera: Alexander Fleming, Thomas Edison…
Honela ipinita, inklusibo egingo genuke:
Gure bizi-kalitateaz ari garenean, zientziako izen handiak ekarri behar ditugu hizpidera: Alexander Fleming, Marie Curie, Thomas Edison, Hedy Lamarr…
Hizkera inklusiboa ez da gramatikari dagokion kontu bat bakarrik. Gure diskurtsoan hautatzen ditugun adibideei eta osatzen ditugun enuntziatuei ere badagokie, estereotipoetatik ihes egitea baita inklusioaren lehen araua. Frantziako Hezkuntza ministroaren hitzetan esanda: ยซLe choix des exemples ou des รฉnoncรฉs en situation d’enseignement doit respecter l’รฉgalitรฉ entre les filles et les garรงons, tant par la fรฉminisation des termes que par la lutte contre les reprรฉsentations stรฉrรฉotypรฉesยป.
Gaztelaniazko testuetan oso ohiko bihurtu den aditz batez mintzatuko naiz gaurkoan: compartir; zehazki, erdal aditz horrek egun dituen bi esanahiz: kontatu/jakinarazi eta bat etorri.
Lankide batek dio erraz antzematen ahal zaiola aditz horrek kasuan-kasuan daukan esanahiari eta ez genukeela arazorik izan behar gure testuetan ordain egokia aukeratzeko. Egiaz, ordea, ez da hala, eta ematen du compartir opiniones (=expresar, poner en comรบn, intercambiar) eta compartir una opiniรณn (=estar de acuerdo) itzultzeko partekatu hobesten ari garela maiz.
Beste lankide batek dio ezen, aditzaren adiera horien zabalkundearekin batera, partekatu aditzaren euskarazko beste adieretako bat (zatikatu) galtzen ari garela, Hegoaldean bederen. Eta orobat dio orain ez dakigula esaten โetxe berean bizi garaโ.
Nire ustez, compartir una experiencia eta gisakoak (eta ez naiz ari โzerbait elkarrekin egiteazโ) ingelesezko share aditzaren gaztelaniazko kalkotik etorri zaizkigu hein batean. Eta, bestetik, iruditzen zait compartir automatikoki partekatu itzuli behar horretan itzultzaile neuronalek ere badutela zerikusia.
Gure itzulpen zerbitzuko lehenbiziko itzultzaileei ikasi genien gure lehen eginkizuna testuaren mezua ongi ulertzea zela eta bigarrena, berriz, euskaraz eta euskaratik mezu hori esaldiz esaldi nola emanen genukeen aztertzea eta erabakitzea; ez genuela zertan zurrun segitu gaztelaniazko estiloari eta hiztegi-moldeari, urrunduz ere sortzen ahal genituela euskarazko testu baliokide eta taxuzkoak. Garai batean, orain ez bezala, ulertze, urruntze eta mamurtze ariketa horiek patxada handiagoz egiteko aukera genuen. Ohartzen naiz gaur egun, lan-karga hain modu ikaragarrian handitu zaigun honetan, ezin garela beti aritu, lankide beterano batek zioen bezala, goxogintza fineko gutiziak prestatzen, eta opil industrialak egin beste erremediorik ez dugula. Ados nago, jakina, baina uste dut ez genukeela erabat galdu behar itzulpen-aukerez gogoetatzeko beti erne izan beharko genukeen bulkada.
Eta oraingoan ere, aukerei buruzko aurreko artikuluan esan bezala, argi geldi bedi testutxo honen xedea ez dela inolaz ere hizkuntza baliabideak eta berrikuntzak baztertzea, baizik eta aukerez hausnartzea eta bururatutakoak zuekin partekatzea.
Zazpigarren artearen defendatzailerik sutsuenek bikoizketa gaitzesten dute, besteak beste, edozein antzezpenen zati handi bat ahotsean datzalako. Haien ustez, jatorrizkoa ulertzen laguntzeko, egokiagoa da azpidazketaz baliatzea, nahiz eta azpidatziek pantaila โzikintzenโ duten eta ikuslegoaren atentzioa desbideratzen duten. Itzulpen mota bakoitzak bere alde on eta txarrak ditu, eta horregatik kontua ez da bata ala bestea aukeratzea, biak aukeran erabili ahal izatea baizik.
Azpidatziak ez dira filmeko elkarrizketak, eta ez dira filmaren barruan existitzen. Ikus-entzunezko testua ulertzen laguntzeko tresna bat baino ez dira. Guztiarekin ere, azpidatziei esker, ikusleek jatorrizko filma uler dezakete, azpidatziek eta filmaren ikus-entzunezko adierazpen-kodeek elkarri eragiten baitiote, eta horregatik ez da beharrezkoa itzulpen oso bat.
Nire ekarpen honekin, azpidazketa zer den hobeto ulertzeko adibide batzuk jarri nahi ditut, kasu errealak ikusita jakingo baitugu zertaz ari garen azpidazketaz hitz egiten dugunean. Eta azpidazketak berekin dakartzan murrizketa guztien artean, bakarrik informazioa hautatu beharraz jardungo dut.
Zinema ilusio bat bada, bikoizketa ilusio baten beste ilusio bat da. Baina bikoizketak ez bezala, azpidazketak ez du ikuslegoa konbentzitu nahi pertsonaiek norberaren hizkuntzan hitz egiten dutela. Azpidazketak ez du jokatzen inoren ilusioarekin, ikusleek jatorrizko produktua entzun-ikusten baitute. Baina aldi berean jakin beharra dago (ez dakit oso kontzienteak garen) azpidatziek ezin dutela jatorrizko testuan dagoen informazio guztia eman denbora- eta espazio-murrizketak daudelako. Izan ere, batez beste, jatorrizko ikus-entzunezko testuak % 20ko murrizketa jasaten du elkarrizketei dagokienez. Eta batzuetan, Woody Allenen filmetan kasu, Jorge Dรญaz Cintasek egindako ikerketaren arabera, ikusleok jatorrizko testuan dagoen informazioaren % 40 galtzen dugu azpidazketarekin, jatorrizkoak duen ahozko jardunaren dentsitatearen handiagatik.
Hortaz, jatorrizko ahozko testuaren laburpen moduko bat dira azpidatziak. Jorge Dรญaz Cintas eta Aline Remaelen arabera[1],testua laburtzeko dauden arrazoiak hauek dira:
Ikus-entzuleek ahozko jarduna irakurketa baino azkarrago xurgatzen dute. Hori dela eta, azpidatziek aski denbora utzi behar dute pantailaren behealdean idatzita dagoena irakurri eta ulertzeko. (Helduen begiak minutuko 250etik 300 hitzera bitartean irakurtzeko gai dira. Horrek esan nahi du segundo batean lauzpabost hitz irakur dezakegula, hau da, 15 eta 20 karaktere bitartean โpuntuazioa eta espazioak ere karakteretzat hartzen diraโ.)
Aldi berean, ikusleek aukera izan behar dute pantailan gertatzen denari so egin eta soinu-banda entzuteko. Beraz, denbora nahikoa izan behar dute azpidatziak irakurtzen ari direnarekin batera pantailan gertatzen dena entzun eta ikusteko.
Azpidatzi arruntak bi lerrotara mugatuak daude. Lerro bakoitzak zenbat testu izango duen faktore hauen menpe dago: lerroko zenbat karaktere onartzen diren (Netflixek, esaterako, 42 karaktere onartzen ditu gehienez), zenbat denbora dagoen testu hori emateko, ikuslegoaren batez besteko irakurtzeko abiadura (normalean, 17 karaktere segundoko, helduentzako programetan, eta 15 haurrentzakoetan), eta jatorrizko testua ahoskatzen den abiadura.
Faktore horiek guztiak hartu behar ditu aintzat edozein azpititulatzailek (โazpidazleโ ez dut uste onargarria denik, hitzak dituen รฑabardura txarrengatik). Eta horregatik, hain zuzen ere, nahitaez murriztu behar du jatorrizko testuan dagoen informazioa. Murrizketa bi eratara egin daiteke: batetik, zer kendu eta zer utzi erabaki behar da; eta, bestetik, askotan jatorrizko mezua birformulatu beharko da informazio garrantzitsua ahalik eta laburren eta zehatzen transmititzeko. Eta nola egiten da hori? Informazioa laburtzeko edo trinkotzeko estrategiak asko dira, baina hemen horretaz arituko ez banaiz ere, esan dezadan lehenik esan gabe uzten diren edo desagertzen diren osagaiak izen propioak, bokatiboak eta interjekzioak izaten direla.
Orain teoriatik praktikara pasatuko naiz, eta esan dudan guztia hobeto ilustratzeko, adibide banaka batzuk paratuko ditut denbora- eta espazio-murrizketek azpititulatzailea zein atakan jartzen duten ilustratzearren. Gehiegi ez luzatzearren, karaktere-kopuruek informazioa hautatu behar izatera behartzen gaituzten adibide batzuk besterik ez dut jarriko.
INFORMAZIOA HAUTATU BEHARRA
โLehen azpidatzian, pertsonaietako batek beste bati esaten dio bere emaztea ezagutu behar duela institutuko irakaslea delako, bera bezala. Bigarrenean, emaztearen izen-abizenak esaten dizkio eta zer irakasten duen. Baina euskaraz ez da informazio hori guztia kabitzen, eta erabaki behar da zer den inportanteagoa, emaztearen izen-abizenak ala zer irakasten duen. Adibidean bi aukerak utzi ditut. (Onartzen den gehienezko karaktere-kopuruaren arabera, parentesi karratuen artean jarri dut zenbat karaktere sobratzen diren euskarazko bertsioan.)
You must know my wife.
Nancy Vandergroot. Life Management.
Euskaraz bi aukera hauek daude bigarren azpidatzirako (lehen azpidatzian โnireโ ez da kabitzen, baina testuinguruak argi uzten du noren emaztea den):
Emaztea ezagutuko duzu.
Bizitza-kudeaketako irakaslea. [+5]
Nancy Vandergroot. Kudeaketakoa. [+3] ย
โ Bigarren adibide honetan pertsonaia baten izen-abizenak agertzen dira, baina osorik ez da kabitzen karaktere bat sobratzen delako. Orduan, aukera bat izan daiteke izen osoa idatzi beharrean, bakarrik lehen letra idaztea, kasu horretan bi karaktere sobratzen zaizkigulako.
Linda McLanden?
Linda McLanden? [-1]
L. McLanden? [+2]
โ Azken adibide honetan pertsonaia batek beste bati galdetzen dio ea non dagoen Sammy, eta erantzuten dio Lavashen gorpuarekin dagoela (Lavash bere lagun mina zen). Taulan ikusten denez, euskarazko azpidatzietan ez dago tokirik datu horiek guztiak azpidazteko eta horietako bati eman behar zaio lehentasuna. Testuinguruagatik ikusleek badakite Lavash hilda dagoela. Eta karaktere-murrizketa dela eta, โgorpuโ ez erabiltzea erabaki nuen. Beraz, pantailan agertzen den bertsioa azkena da.
โWhereโs Sammy? โHeโs with Lavashโs corpse. ย
โNon dago Sammy? โLavashen gorpuarekin. [-6] ย
โNon dago Sammy? โLavashekin. ย
Dagoeneko esan dezaket badudala eskarmenturik azpidazten eta aitortu behar dut testu bakoitza erronka berria dela. Batzuetan, hartu beharreko erabakiak ez dira errazak eta buruhauste dezente sortzen dizkidate: zirt edo zart egin behar da, baina ulermenari albait kalterik txikiena eginez eta ikuslegoari ahalik eta informazio gehiena eskainiz.
Bukatu aurretik, itzultzearen eta, bereziki, azpidazketaren alderdi kognitiboa ere aipatu nahi nuke. Itzultzen dugunean gure burmuineko bi hemisferioak aktibatzen ditugu, nahiz eta ezkerreko hemisferioa nagusia den hizkuntza prozesatzeko orduan (zein hizkuntza egitura erabili, zein hitz, jatorrizko hizkuntza ulertzeko mekanismoakโฆ). Eskuineko hemisferioak, berriz, testuinguru soziala eta kulturala ulertzen laguntzeko ez ezik, azpidatziak doitu eta egokitzeko kalkulu matematikoak egiteko ere balio du. Ez dugu ahaztu behar azpidazten dugunean etengabe neurtu behar dugula azpidatzien karaktere-kopurua egokia den ala ez, hau da, azpidazteko dugun denbora eta espazio horren barruan sartzen diren ala ez. Horiek horrela, gure burmuina pozarren ei dago azpidatziak jo eta su sortzen, bi hemisferioak dena emanda eta elkarri eraginez, harik eta pozaren pozez lehertu baino lehen, hemisferioei behar duten atsedena ematea erabakitzen duzun arte. Eta hori normalean gertatzen zait filmeko 10 minutu azpidatzi ondoren, hau da, 100-125 azpititulu egin ondoren (batez beste eta ikus-entzunezko testuaren zer-nolakoaren arabera, orduko 60 bat azpidatzi sor daitezke). Beraz, bi ordu nahikoak dira nire buruak atsedena behar izan dezan eta eskatzen didan kafeina dosia oparitu diezaiodan.
Gaur egun, ordainpeko plataformei esker euskarazko azpidazketak halako boom bat bizi du. Dena den, azpidazketaren alderdi gehienak ezezagunak dira jende gehienarentzat (normala den legez). Horregatik, nire ekarpen honekin nahi izan dut azpidazketaren zirrikitu ezkutua apur bat zabaldu eta azpidazketa ikusgarriago egiteko urrats bat ematea.
[1] Jorge Dรญaz Cintas and Aline Remael, Subtitling. Concepts and Practices. Routledge, 2021.