Lehengoan, hari bat sortu zen Itzul zerrendan ‘aprendizaje mutuo’ terminoa dela eta. Zerrendara bidali ziren mezuetan, deigarri egin zitzaidan ideia bat azpimarratu nahi izatea: terminoak izenak direla. Esango nuke oraindino ere ikuspegi lar zurrunak direla nagusi gure artean terminologiari buruz.
Terminologiaz egin nituen lehen irakurraldiak María Teresa Cabréren lanak izan ziren, eta diziplinara hurbiltzeko oso modu interesgarria iruditu zitzaidan, erantzuna ematen zielako ETBko zereginetan sortzen zitzaizkigun kezka askori. Kemenez beteta, artikulu bat ere idatzi nuen.
Orduan esandakoari ideiaren bat erantsi nahi nioke Itzul zerrendako haria aitzakia hartuta. Lehena da baliabide sintaktikoak zilegi iruditzen zaizkidala irtenbide terminologiko gisa. ‘Programa de aprendizaje mutuo’, euskaraz, ‘elkarrengandik ikasteko programa’ eman dezakegu, txukun baino txukunago. Beharbada, beste testuinguru batean, ‘aprendizaje mutuo’ eman beharko dugu huts-hutsik. Cabrék ez bide luke arazorik ikusiko euskaraz beste irtenbide batera joko bagenu, ‘elkarrengandiko ikasketa’ sintagmara, esate baterako. Aitortu beharra dago elkarrengandiko ez dela euskarazko hitzik erosoena, eta nik ez nuke gaitzetsiko euskaraz beste alternatiba batzuk esploratzea. Elkarrekiko, agian? Elkar– aurrizkia, agian?
Itaunok airera bidalita, egonezina agertu nahi dut euskarazko terminologi ekarpenetan aditzak deslai uzten direlako sarriegi, terminoak izenak baino ez direlakoan. Testu teknikoetan, aditzak ere behar ditugu, jakina, baina gure hiztegi eta terminologia-bankuetan hutsune nabarmenak aurkituko ditugu. Lehengoan, ‘vencer’ aditza azaldu zitzaidan, inbertsio-funtsei aplikatuta. Euskaltermen, ‘vencimiento’ baino ez dator, ‘epemuga’ ordainarekin. Egia da «cuando venza el fondo» euskaraz «funtsa epemugara iristen denean» esan dezakegula, eta abar, baina, pentsaera aldatzen ez badugu, gero eta handiagoa izango da arrakala testugileari sortzen zaizkion premien eta hiztegigileak eskaintzen dizkion irtenbideen artean.
Noizean behin ohartzen naiz nire eskuetara heltzen diren testuetan, hitzaldietan eta irratiko elkarrizketetan ugaldu egiten direla zalantzagarriak iruditzen zaizkidan hitz edo hitz-konbinazio batzuk. Ez dakit bolada kontua den, edo besterik gabe lehenago oharkabean pasatu zaizkidan esamoldeekin ohartzen naizen bat-batean. Gaur hona ekarriko dudana ez dut uste Itziar Diez de Ultzurrunek aurreko postetan hizpide izan dituenen moduko “espezie inbaditzaileak” direnik. Euskararen barruko prozesuen ondorio izan liteke agian.
Areagotu aditza ederra iruditzen zait, baina maiz izen desegokiekin konbinatuta ikusten edo entzuten dut. Zenbaitetan autoan noala irratian entzuten ditut atentzioa ematen didaten horrelako konbinazioak baina, ondoren, zail egiten zait adibide zehatza gogoratzea. Hortaz, hiztegi eta corpusez baliatuko naiz hemen hasierako analisia egiteko.
Euskaltzaindiaren Hiztegiaren definizioa nire kontzeptualizazioaren ildotik doala esango nuke, alegia, areagotu aditzak zerbaiten nolakotasunaren goranzko joera adierazten duela.
areagotu, areago/areagotu, areagotzen da/duad. Gehitu, batez ere nolakotasunean. Zorigaitza areagotu zitzaionean. Horrek ondoeza areagotu zion. Ez zituen hortik zetozen gaitzak deuseztatu, areagotu baino. Ezin dugu esan auziak eta istiluak saihestu ditugunik: gehitu eta areagotu egin ditugu aitzitik.
Dabilena corpusera jo dut gailentzen diren konbinazioen bila eta, maiztasun handiko konbinazioen zerrenda oso luzea bada ere, izen hauek gailentzen direla ikus daiteke: erabilera (1182), presentzia (548), arrisku (471), ezagutza (260), tentsio (251), gaitasun (276), arazo (262), presio (233), kopuru (244), joera (212), kontrol (191)…
Hona hemen adibide batzuk:
Bagerak, euskararen erabilera areagotzen eta sendotzen jarraituko duela adierazi du.
Hedabideetan euskararen presentzia areagotzea eta euskarazko hedabideak bultzatzea…
Errauskailuek minbiziaz hiltzeko arriskua areagotzen dutela dio zientzialari espainiarren ikerketa batek.
Ideiak trukatzeko eta ezagutza areagotzeko gune bat eskaintzea du helburu biltzar honek.
Palestinako bi alderdi nagusien arteko tentsioa areagotzea eragin du operazioak. Bainuetxeetan airea beti hezea da eta horrek mikroorganismoen bizitzeko gaitasuna areagotzen du.
Mendearen bukaeratik aurrera elkarren arteko arazoak areagotu ziren. Txinaren aurkako presioa areagotu egin dute AEBek.
Lan baldintzak okertu direlako gaixotasun eta istripukopurua areagotu dela nabarmendu du LABek.
Iraganari bestela begiratu eta bertsio ofizialak kolokan jartzeko joera areagotu da.
Gasteizko Alde Zaharrean kontrol soziala areagotzen ari dela salatu dute.
Kasu gehienetan, egoki iruditzen zait areagotu aditza izen horiekin konbinatuta, handitu aditza ere egokia izan litekeela iruditzen bazait ere. Kopuru izenaren kasuan, aldiz, ez dut uste areagotu aditza egokia denik. Izan ere, kopuru izen arina zenbakarriak edo neurgarriak diren izenekin konbinatzen da gehienbat, eta lortzen den esanahia ez dagokio nolakotasunari zenbatekoari baizik. Hortaz, bi adibide hauetan, handitu edo gora egin moduko aditzak erabiltzea egokiagoa litzatekeela uste dut. Zenbait kasutan, kopurua handitu edo kopuruak gora egin konbinazioen ordez, ugaritu aditza erabiltzea ere egoki izan liteke.
Lan baldintzak okertu direlako gaixotasun eta istripukopurua areagotu dela nabarmendu du LABek.
Donostiako Orfeoiak, abesbatzako ahotsen kopurua areagotzeko asmoz, bertako kide izateko deialdia egin du.
Arrisku eta arazo izenen jokaera desberdina da numeroaren arabera. Arrisku izena singularrean erabilita ageri da gehienbat eta, arazo izena, aldiz, pluralean ageri da adibide gehienetan. Izen horiek singularrean erabiltzen direnean, nolakotasunaren goranzko joera adierazten da beti eta, beraz, egokitzat har daiteke areagotu aditza.
Bilbon eta Donostian uholde arriskua areagotuko da.
Egia da urtetik urtera arazoa areagotzen ari dela, baina airearen kutsadura mundua bezain kontu zaharra da.
Izena plurala denean, aldiz, bi interpretazio egon daitezke. Bi adibide hauetan, aurretik mugatuta dauden arrisku edo arazoez ari garela ulertzen da eta, beraz, horien nolakotasunaren intentsitateaz ari garela onar daiteke.
Ebakuntza horren arriskuak areagotu edo arintzen dute hainbat faktorek: ardura espezialista on baten eskuetan uztea, toki egoki batean egitea, behar bezainbesteko denbora hartuta, presarik gabe, etc.
Mendearen bukaeratik aurrera elkarren arteko arazoak areagotu ziren.
Hurrengo adibideak aldiz, bi interpretazio izan ditzake. Adierazi nahi dena baldin bada aldez aurretik dauden jarreren, istripuen eta osasun-arazoen intentsitatea handitzen dela, areagotu aditza erabil daiteke baina, horiek guztiak kopuruz handitzen direla adierazi nahi badugu, ugaritu aditza erabiltzea askoz ere egokiagoa litzateke.
Sailburuaren arabera, alkoholaren ondorioz indarkeria jarrerak, trafiko istripuak eta osasun arazoak areagotu egiten dira.
Sailburuaren arabera, alkoholaren ondorioz indarkeria jarrerak, trafiko istripuak eta osasun arazoak ugaritu egiten dira.
Bukatzeko, kontuan hartu behar da izen batzuk komunikazio orokorrean zenbakaitzak eta neurgaitzak badira ere komunikazio espezializatuan hartzen duten esanahia neurgarria den magnitude batena dela. Hori gertatzen da, adibidez, presio eta tentsio izenen kasuan.
Ukrainaren eta Errusiaren arteko tentsioa areagotzen ari da joan den igandeko gertakarien ondoren.
Siria inbaditzeko presioa areagotu dute Turkiak eta Saudi Arabiak.
Garaterm corpus akademikoan areagotu aditzaren konbinazioen kontsulta eginda, ikus dezakegu ez dela ageri konbinatuta presio eta tentsio izenekin. Presio eta tentsio izenak magnitude izenak dira ia beti zientziazko testuetan, eta handitu eta igo aditzekin konbinatuta ageri dira horien balioaren goranzko joera adierazi nahi denean.
Azken ekuazio horren arabera, bolumen molarrak positiboak direnez, Gibbs-en energia molarra handitzen (∆Gm > 0) da presioa handitzen denean (∆p > 0).
Normalean, fusio-kurbak malda positiboa izaten du presioa igotzen dugunean.
Energia elektrikoaren sorgailuen irteeran tentsioa igo eta intentsitatea murrizten duten transformadoreak erabiltzen dira.
Transformadorearen sekundarioan edo primarioan zirkuitulaburra egingo da, eta 0 V-etik hasita, apurka-apurka, aplikatzen den tentsioa handituko da, transformadorearen hariletan zehar intentsitate izendatua igarotzea lortu arte.
Nolanahi ere, esan beharra dago presioa handitu kolokazioa gailentzen dela presioa igo kolokazioaren aldean. Tentsio izenaren kasuan, aldiz, tentsioaigo kolokazioa gailentzen da tentsioa handitu kolokazioaren aldean, maiztasunak antzekoak badira ere.
Egindako azaleko analisitik hiru ondorio atera daitezke:
Zalantzagarritzat har daitezkeen konbinazioak areagotu aditzaren semantikaren gutxi gorabeherako ezagutzaren edo erabileraren ondorio izan daitezke, besteak beste, kopurua areagotu konbinazioan.
Areagotu aditzaren semantikaren gaineko kontrol ona izateak aukera ematen digu zehatzagoak diren esaldiak osatzeko, adibidez, osasun-arazoak areagotu vs osasun-arazoak ugaritu bereizteko.
Zenbait izenek komunikazio espezializatuan aktibatzen dituzten esanahi espezializatuek eragina dute aditzekin osatzen dituzten kolokazioetan. Hori erakutsi dugu presio eta tentsio izenen kolokazioen kasuan.
Nire gogoeta honen hasieran Ibon Sarasolak euskal nobelagintza berriaren nondik norakoez arduratzen zenean esandako zerbait dago, alegia, euskaldunok geure buruarekin mintzatzea hitanoan egiten dugunez, hala egin beharko zuketela pertsonaiek ere. Ez dakit Txillardegi eta Saizarbitoriaren nobelagintza liburuxkan idatzi zuen hori edo beste nonbait. Sarean begiratu dut, eta ez dut aurkitzen aipamena (nire ustez oinohar bat zen), baina ez dut uste amets egin dudanik. Uste dut Sarasolak kritikatu egiten zuela Saizarbitoriaren lana, “lege” hori ez betetzeagatik. Baina auskalo, orain dela 50 bat urteko kontuez ari gara, eta ez dago buruaz gehiegi fidatzerik adin honetan. Dena dela, horrelako zerbait zen.
Koldo Mitxelenari, handik urte batzuetara, irakurri nion nork bere buruarekin –barne bakarrizketan– mintzatzean toka egiten genuela euskaldunok gizonezko nahiz emakume izan. Beste modu batera esanda toka zela termino markatu gabea eta noka markatua, eta emakumeari zuzenean mintzatzean bakarrik erabiltzen zela noka. Hori guztia (eta askoz gehiago) modu sistematikoan emana ikusi nahi duenak jo beza Ritxi Lizartzaren Hika egiten ikasteko gidara[1].
Nik ere hala dut gogoan, nire etxean emakumeek –amak eta izebak–, zerbait kontatzen ari zirela, beren baitako komentario bat egiten zutenean: «Nik, nere artean» hasten zena, toka egiten zutela. Esate baterako: «Nik nere artean: Ez diat ba hori egingo…», «Ez nauk ba joango»… eta abar, bien arteko jarduna noka izaten zenean beti. Hori bera egiaztatua dut beste zenbaiten gurasoen erabilerari buruz galdetu izan dudanean. Beraz, gure aurrekoen jokabidea (Gipuzkoa aldean behintzat) hori zen.
Orain dela urte batzuk F. Rey adiskideak haizatu zuen gaia blog honexetan eta izan zen eztabaida bat haren ondoren Iñaki Segurolaren –gutxi bezain aditua, besteak beste, gai honetan– eta Ana Moralesen eta beste zenbaiten artean. Gero itzuliko naiz berriro kontu honetara. Bitartean, nahi adina argibide aurkituko ditu nahi duenak eztabaida horri buruz hemen.
Hori guztia kontuan hartuta, hona zein kontu ditugun hemen argitzeko, edo azaltzeko behintzat.
2.- Hitanodunak eta eta hitanogabeak
Bistan da euskaradun guztiok ez garela hitanodunak.
Ez dago oso argia izan beharrik ohartzeko hitanogabeek zuka egingo diotela bere buruari beren barne-bakarrizketetan. Are gehiago, ez nuke esango hikadunok ere beti hika egiten diogunik. Gauza jakina da badirela eskualde osoak hitanoa aspaldi galdu zutenak. Gero itzuliko naiz kontu honetara. Argibide gehiago nahi duenak hor du Irati Urdalleta Letek joan den otsailean Berrian argitaratutako artikulua hitanoaren osasunaren egoerari buruz:
Izan daiteke ari naun edo ari naiz; izan daiteke esan dinat edo esan dizut. Zuka, noka edo toka. Euskarak berez badu lagunarteko hizkera bat: hitanoa. Alabaina, ez da nagusi: herririk euskaldunenak ditu arnasgune, baina arnasestuka ari da Euskal Herriaren parterik handienean.
Egoera hori –batetik atzerakada eta bestetik halamoduzko erabilera– kontuan izanda, badira hikaren sustatzaile sutsuak eta “berreskuratze” lanean dihardutenak. Lehen ere aipatu nuen Fernando Oiartzun Sagastibeltza, Leitza aldeko hika eta nokari eustearen alde egiten ari dena. Eta sail honetako lehen artikulua idatzi nuenean, izan ziren hainbat komentario, artikulu horretan esaten zirenak hizpide hartuta, Azkoitia aldean hitanoari eusteko egindako lanaren berri ematen zutenak.
Atzerakada atzo goizean hasia ez dela jasota dago, esate baterako, Txomin Agirrek (1864-1920) Kresalari egindako hitzaurrean:
«Beste gauza bat. Danok dakigu iru eratako izketea egiten deutsagula euskaldunok alkarri: i-gaz esaten dana lenengoa, zu-gaz esaten dana bigarrena ta irugarrena berori-gazkoa. Lenengoaren zalea naz, zarrena dalako, ta opa dot bere bizitza luzea; baña antziña il zan Arranondon da orregaitik ezta emen agertuko izketa zar ori»[2]. (azpimarra nirea).
Beraz, sinesgarritasun literarioa da argudio nagusia. Eta Txomin Agirrek esaten badigu Arranondon (Ondarroa) aspaldi hil zela hitanoa, pentsa dezakegu noizko kontuez ari garen, kontuan hartzen badugu 1920an hil zela abade ondarrutarra.
Esango nuke joera hori areagotu besterik ez dela egin XX. mendean zehar, baina horrekin batera hitanoari eusteko “ahalegina” egin dutenak ere ez dira gutxi izan, eta hor ditugu lekuko gisa Lizardi, Lauaxeta eta Orixe, besteak beste. XX. mende hasierako antzerkiari begirada bat ematea ere aski da horretaz konturatzeko.
Lehenago ikusi dugunez, “arnasestuka” baina bizirik da oraindik hitanoa. Eta ez dut dudarik egiten hori duela bere barne-bakarrizketa modu “naturala”, esate baterako, X. Euzkitze bezalako hikadun peto batek. Berriki, bi-bitarako pilota-txapelketan esatari ari zela, pilotari baten –ez naiz oroitzen nor, baina ez du axola– buruan sarturik honelako zerbait esan zuen:
“Aurrera egin duenean, pentsatua izango du: «… horrek (arerioak) eskuinera egingo dik, aurrekoan hara bota baitiot, eta jo dezadan atzera»”.
Esan bezala, seguru aski, automatismoek ezertan funtzionatzen badute, norbere baitako bakarrizketan funtzionatzen dute, eta norbaiten jarduna % handi batean zuka bada, haren barne-bakarrizketa ere zuka izatea ekarriko du horrek. Eta alderantziz. Baina hori neurtzen beti erraza ez den arren, hika/noka erabilera, oraindik behintzat, izan, bada. Ez dakit asko garen. Baina batzuk bai.
3.- Hitanoa barne-bakarrizketan toka ala noka
3.1. Nor bere buruari vs. Nor bere buruarekin
Lehenago aipatu dudan polemika horretan (Iñaki Segurola vs. Ana Morales et aliae) argi bereizten dira hasieratik bi jardun mota: emakumezkoa bere buruari zuzenean mintzo denekoa eta bere buruarekin (bere baitan, bere artean) diharduenekoa. Segurolak lehenbiziko kasuan emakumea aktantea dela dio eta bigarrenean ez.
Lehenbiziko kasu horretan (emakumea bere buruari zuzenean mintzo zaiola, ispilu aurrean ikusiko balu bezala bere burua, esate baterako), garbi dago emakumeak noka egiten diola bere buruari. “Ederra egin dun! Orain dena izugarri zailduko zain!”).
Eztabaida bestelako kasuetako erabileraren deskribapen eta azalpenean dago, alegia, nolakoa izan den eta den molde hori emakume hitanodunen artean, zein diren erabilera “harrigarri” horren sustraiak (emakumeak bere buruarekin toka) eta molde hori alda daitekeen ala ez.
3.2. Iñaki Segurolaren planteamendua
Oso polemika mamitsua izan zen, eta argudio sendoak erabili ziren bi aldeetatik, baina uste dut honela labur daitekeela Iñaki Segurolaren planteamendua:
a) Emakume hitanodunen barne-bakarrizketa toka izan da (eta da, bizi-bizirik baitago, bere inguruan behintzat).
b) Erabilera “harrigarri” horren arrazoiak bilatzea ez da funtsezkoa.
c) Erabilera horren arrazoiak “jakinaren azpikoak dira” (oharkabekoak esan nahi zuela uste dut), eta aldagaitzak beraz, gramatikaren arlokoak baitira, eta ez hiztegikoak.
3.3. Eta honela Ana Moralesen planteamendua (I. Diez de Ultzurrun, B. Arrizabalaga ere horra bil daitezkeela uste dut):
a) Bera ez da hitanoaren erabiltzailea (ez da bere praktikan oinarritzen) baina oso gogorra egiten zaio emakumeak bere buruari toka egiten diola onartzea.
b) Horren azpiko arrazoiak historikoak eta sozialak direla uste du (patriarkatuaren ondorio, labur esanda, berak zuzenean esaten ez badu ere). Blogeko komentarioetan gaia sakonxeago azaltzen da.
c) Anomalia hori alda daiteke, eta adibidetzat jartzen du berak bere jardunean egindako aldaketa xume bat (gaztelaniaz betiere: Uno piensa (inpertsonala) > Una piensa). Bestalde, Moralesek honelakorik esaten ez duen arren, dioenaren ondorio logikoa litzateke jardun hori noka izan daitekeela etorkizunean. (Barkatu gehiegi sinplifikatu edo ondorioetan urrunegi joan banaiz).
Adibide batzuk baizik ez ditut hona bilduko, artikulu hau gehiegi ez luzatzearren.
Hitanogabeek, bistan da, ez dute hitanoa erabiltzen beren itzulpenetako bakarrizketetan (edo nola erabili jakin arren, zerbaitegatik ez diote egoki iritzi kasu jakin batean erabiltzeari). Eta, ondorioz, eredu neutroan ematen dituzte. Horrela itzuli du, esate baterako, José Ramón Vázquezek Melvilleren Benito Cereno. Eta Delano kapitainaren barne-bakarrizketa mordoxka dago bertan.
Puntu hauek binazkatuz gero, batak bestearen kontrakoa adierazten zutela zirudien nolabait. “Baina orduan, zer?”, pentsatu zuen Delano kapitainak, ontzira hurbiltzen ari zen bere txalupari begira “… orduan, zer? Tira, don Benito oso ontziburu apetatsua da. Baina bera ez da nik ikusi dudan mota horretako lehena; egia da, ordea, berak anitzez gainditzen dituela beste guztiak. Baina herri gisa” jarraitu zuen bere ameskizunetan galdua, “espainiar hauek xelebreak dira denak; espainiar hitzak berak badu soinu bitxi bat, halako konspiratzaile, Guy Fawkes-en kutsu zerbait. Eta hala ere, egingo nuke espainiarrak, erabat hartuta, Duxburyko edonor bezain jende jatorra direla. A, ederki! Hemen daRover azkenean”. (Benito Cereno, H. Melville, 69. or.).
Juan Garzia Garmendiak, berriz, bi moldeak erabili zituen Melvilleren Bartlebyren itzulpen ospetsuan. Esan dut lehenago ere hitanodunok ez dugula beti erabiltzen hitanoa barne-bakarrizketan, eta honela ageri da Bartlebyren nagusiarenetan:
«Ez dut inolako kalterik egiten –egin nuen neure artean–; ez naiz ari inolako jakin-min bihozgaberi gustua ematen; bestetik, nirea da idazmahaia, eta orobat haren edukia; ez da ausarkeria, beraz, barrua mia dezadan[3]». (Bartleby, 51-2 or.).
Testu horretan bertan, aurrerago, pertsonaia berak honela dihardu bere baitan:
«Zer egin behar dut? –esan nuen orduan neure kolkorako, jaka azken botoiraino lotuz–. Zer egin behar dut? Zer dagokit egitea? Zer dio kontzientziak egin behar nukeela gizon, edo, hobeki esanda, fantasma honekin? Gainetik kendu, horra nik zer egin behar dudan; eta berak, berriz, alde egin. Nola ordea? Ezin botako duk, gizaseme gaixo, zurbil, oldargabe… ezin botako duk atetik kanpora halako izaki babesgabea. Ezin belztuko duk heure ohora halako krudelkeriarekin. Ez ez diat egingo, ezin nezakek egin halakorik. Lehenago utziko niokek hortxe bizi eta hiltzen, eta gero gorpuzkiak ere bertan horma-arteratu. Zer egingo duk, orduan?». (Ibidem, 75).
5.- Molly Bloomen barne-bakarrizketa
Literaturaren historiako barne-bakarrizketarik ospetsuenari ekin nionean, ez zen egun bateko lana izan Mollyk bere buruarekin nola jardun behar zuen erabakitzea, eta nolabaiteko azalpenak eman nituen Ulises liburuaren hitzaurrean nire erabakiaz:
Azkenik, beste bi hitz Molly Bloomen bakarrizketari buruz. Hor ere, bakarrizketa denez, alokutiboa erabili dut, baina, kasu horretan, Mollyk noka egiten dio bere buruari, nik hala erabakita. (Ulises, hitzaurrea, 9. or.).
Hitzaurrean azaltzen nuenez, egoera horretan toka jardun balu Molly Bloomek, senarrari ari zitzaiola emango zuen, eta barne-bakarrizketa lo zegoen senarrarekiko jarduna bihurtuko zen. Eta hori ez zitzaidan egokia iruditu. Kinka horretan, erabaki nuen Mollyri noka mintzaraztea zela hoberena. Usadioaren transgresio txiki bat, Segurolak, seguru asko, onartuko ez zidana. Baina honela argitaratu zen:
Bai izan ere honek ez zinan egin halakorik lehenago City Arms hoteleko garaietatik gosaria ohera ekarrarazi arrautza pare bat bestek zerbitzatzeko erregea balitz bezala gaixo-ahotsarekin dena itxura hutsa txoratua zeukala uste zuen Riordan atso haren aurrean interesantearena egiteko (…) neri bere ajeak kontatzean kontua eta xaborra franko politika eta lurrikarak eta munduaren azkena utzigun aurrena pixka batean dibertitzen emakumea (Ulises, 735. or., ia 50 orrialdeko monologoaren hasiera).
Egia esan, ortodoxiaren mugetan mantenduz noka egiteko soluzioa ere begien aurrean neukan, Fernando adiskideak bere artikuluan emana, baina orduan ez nintzen horretaz ohartu: transgresio txiki bat eginez, eta ia testua aldatu gabe, aski nuen Molly bere buruari ari zela markatzea lehenbiziko esalditik, honela gutxi gorabehera:
Bai Molly izan ere honek ez zinan egin halakorik lehenago City Arms hoteleko garaietatik gosaria ohera ekarrarazi arrautza pare bat bestek zerbitzatzeko erregea balitz bezala (Ulises, 735. or.).
Eta holaxe, hitz bakar batekin konponduko nuen «arazoa». Beraz, oraingo irakurleak aski du bakarrizketaren hasieran komarik gabeko bokatibo hori sartzea. Bazen beste irtenbide bat ere: hitanokeriak alde batera utzita dena zuka eta neutroan ematea, esate baterako. Hori irudituko zitzaion hoberena, noski, Irati Jimenezi, honelakoak esaten baititu Begiak zabalduko zaizkizue, bere saiakerako Kontuz hitanoarekin, azpiatalean:
“(…) Euskaldun gehienok –ia guztiok ez esatearren– zuka egiten dugulako. Logikoena zer litzateke, beraz? Ba kontrakoa egiteko motibo justifikaturik eta sinesgarririk ezean gure liburuetako pertsonaiek zuka hitz egitea, jendeak hitz egiten duen moduan, alegia”[4].
Bai, begiak ez ezik aho zabalik ere gelditu gara hori eta gisa horretako beste zenbait argudio irakurtzean. «Honek jo ziguk/n adarra!», aditzen diet Segurolari, Euskitzeri eta Molly Bloomi.
Aipatu saiakeran esaten direnei erantzuteko beste hiru artikulu beharko nituzke gutxienez, baina hori datorren urterako utzi beharko.
[1]Hika egiten ikasteko gida, R. Lizartza, Baigorri argitaletxea, Bilbo, 2009.
Aurreko artikuluan aipatu nuen agian heldua izan zitekeela alokutiboa galderetan ez erabiltzeko debeku zorrotza pixka bat lasaitzeko garaia, eta arauak ematen dituztenek aukeran uztekoa. Edo bestela, tradiziozkoa lehenetsi arren, joera “berria” ere ontzat ematekoa.
Dena dela, orduan esan bezala, Euskaltzaindiak ezer gutxi arautu du hitanoaren erabilerari dagokionez. Hala ere, Euskara Batuaren Eskuliburuan, bada zerbait arautua:
e) Galderetan ere ez da ohikoa izan alokutiboa: ?Egingo al zionagu elkarrizketa bat? (> Egingo al diogu elkarrizketa bat?).
Eskuliburu horretan beste debeku batzuk ere aipatzen dira, aurreko artikuluan aipatu nituenak. Baina ez dut uste ezer esaten denik harridurazko perpausei buruz. Dena dela, erabileraren kontua finkatzeko irizpideak ematen saiatu direnetan Ritxi Lizartza da aipagarriena, eta hark egindako lana beste eskuliburu batean bildua zen lehenagotik: Hitanoa. Mintza hadi lagun[1].
Ritxi Lizartzak hainbat debeku aipatzen ditu hitanoaren “muga morfosintaktikoak” atalean. Ia denak oso zentzuzkoak, nire ustez, baina bada “mandamentu” bat, gaur eztabaidagai jarri nahiko nukeena.
Honela dio Muga morfosintaktikoak izenburua duen 7. atalean:
2. Galderazko eta harridurazko perpausetan ezin da erabili. Itauna ez da sekula izan hitanoaren esparrua. Bide horretatik, badirudi ipar-ekialdeko euskalkietan sekula ez dela galderetan hitanoa erabili.
Eta gero hainbat adibide ematen ditu erabilera “okerraren” lekuko.
Gaur, harridurazko perpausetan erabili ezinari buruzko iruzkin bat edo beste egingo dut artikulu honetan. Honela dio eskuliburuak:
Harridurazkoetan ere ez dago alokutiboa erabiltzerik. Harridura perpausa galdetzaileren baten bidez osatuta agertzen denean (zer dakit nik!) edota harridurazkoen berezko egitura fosilizatuetan (izango ahal gara zoriotsuak!)eutsi egingo diogu debeku horri. Gainera, askotan mendeko perpausen egiturapean daude osaturik.
Eta adibide hauek ematen ditu gero:
Dabilena badabil! (Ba- hori aditzaren baiezkotasuna adierazteko da) Bazen gauzak ondo ateratzeko garaia! Eskerrak garaiz samar iritsi nintzen bart! Hau da hau zoriona, egokitu zaiguna! Nik ahal dakit ba! Horixe behar genuen! Zer izango da luzea, gizona! Ezagutuko ez dut ba!
(azpimarrak nireak dira)
Ez dut dudarik egiten harridurazko perpausetan alokutiboa erabiltzea debeku dela perpausa galdetzaileren baten bidez osatuta agertzen denean (adizki neutroa erabili behar da, beraz).
Zer ederra den! Zeinen ederra den! Zenbat denbora alferrik galtzen dugun!
Baina ez nuke esango gaitzestekoa denikharridurazko berezko esaldi fosilizatuak deitzen dituen batzuetan alokutiboa erabiltzea. Esate baterako, har dezagun hor goiko adibideetatik honako hau:
Hau da hau zoriona, egokitu zaiguna!
Horren parean, niri, eta uste dut ez naizela bakarra, erabat onartzekoak iruditzen zaizkit, esate baterako, beste hauek:
Hau dek, hau dek, hau dek umoria! ♩♩ ♩♩ ♩♫♫♩♩ Hau dek sasoia, hau! Hau den mauka, hau! Hau dun astapotroa, hau! Marka duk gero!
Hala ere, eskuliburu benetan gomendagarri horren egileak berak, trapuan pupua jarriz edo, honela dio hasierako zorroztasuna leunduta:
Hala eta guztiz ere, oso eremu zehatzetan erabiltzearen alde egin dugu, ez baita erraza jakitea adierazpen-perpaus arruntaren —baiezkoa /ezezkoa/ zalantzazkoa— eta harridurazkoaren arteko aldea, hizketan ari garenean, intonazioaz eta beste ahozko hizkeraren ezaugarri batzuetaz aparte.
Nire ustez, hor egon daiteke gakoa, hain zuzen ere harridurazko perpausak ez direla denak berdinak, eta horietako batzuk “adierazpen perpaus arruntak” direla, enfasi pixka bat edo asko gehituta: Ederra zegok! Benetan ederra zegon! Mundiala zegoan! Eta kasu horietan, nire ustez, hitanoa erabiltzea (oso arrunta izateaz aparte) zilegi da.
Espero dut, “muga morfosintaktikoak” direla medio, inor ez saiatzea “zuzentzen” goian aipatutako kanta.
[1]Hitanoa. Mintza hadi lagun. Mara-mara taldearen hitzkuntza zerbitzuak, Donostia, 2009.
“Hitanoa non eta nork erabiltzen duen”[1] artikuluan, Xabier Alberdi irakasleak hitanoaren gaur egungo erabilerari buruz bere tesirako egindako ikerketaren nolabaiteko laburpen bat egiten du. Nork-norekin eta zein testuingurutan erabiltzen den hitanoa aztertzen du, funtsean. Horrez gain, bere ikerketan erabilerari buruzko alderdi orokorragoak ere azaltzen ditu, esate baterako zein testuinguru gramatikaletan erabiltzen den hitanoa. Honela dio:
Aditz alokutiboak badu sintaxizko urrezko arau bat, soilik menpekoak ez diren perpaus adierazgarrietan (enuntziatiboetan) erabiltzen da literatur tradizio landuan. Orokorrean gaurko euskara mintzatuan ere halaxe gertatzen da; salbuespen batez, hala ere. Galderazko perpausetan alokutiboa erabiltzeko joera dago euskalki gehienetan, eguzki aldekoetan izan ezik (behenafarreran eta zuberoeran). Gainerakoan, salbuespenak salbuespen, bete egiten da sintaxizko arau edo debekua, menpeko perpausetan ez baita adizkera alokutiborik sartzen. Baldintzazkoetan, hala ere, sarritan urratzen da aipatu legea, gazteen artean batik-bat (45 urtez beherakoetan).
Beraz, laburbilduz hau genuke:
1.- Hitanoa perpaus enuntziatiboetan bakarrik erabiltzen da 2.- Ez da erabili behar menpekoetan 3.- Ez da erabili behar ez galderetan ez baldintzazkoetan
Holaxe dago jasoa, besteak beste, Euskaltzaindiaren 14. arauan[2], non espresuki agertzen baita “Alokutiboa” atalean honako adierazpen hau:
“e) Galderetan ere ez da ohikoa izan alokutiboa: ?Egingo al zionagu elkarrizketa bat? (> Egingo al diogu elkarrizketa bat?)”.
Baina argi eta garbi azaltzen du Alberdik lege hori literatur tradizio landuan hala den arren, galderazkoetan ere erabiltzeko joera aski zabaldua dela gaurko erabileran. Eta berdin baldintzazkoetan gazteen artean. (Alde batera utziko dugu esaldien artean inolako bereizketarik egin gabe beti hitanoa erabiltzeko joera, non agertzen baitzaizkigu *Hura etorri dekelako (delako +hi) eta gisakoak).
Alberdik aipatzen duen salbuespena (galderazkoetan ez erabiltzea) ez errespetatzearena aspaldi samarrekoa da. Hala ere, J.B. Elizanburu (1828-1891) saratarraren Piarres Adame irakurtzen badugu, ohartuko gara ia inoiz ez duela erabiltzen galderetan (ezta menpekoetan ere, noski). Hona adibide batzuk:
—Beha nezak ongi, eta orhoit hadi!… zer! ez duk ezagutzen Piarres Adame?… Eta Saratarra haizela diok? Nork ez du ezagutzen Piarres Adame, Saran eta bertzetan, famaz bedere?… Behin ikhusi nauenak ez naik ahanzten!…
Bainan, nola haur on bat baitzen, eta uste izan baitzuen, nik erran nion bezala, axaleko xoriaren ikhusteko galdetzen niola bere liburua, Mattinek onhexi zian beraz, lagun on gisa, axegin horren egitea.
Jean Etxepare Landerretxe (1937-1961) jatsuarraren Mendekoste gereziak (1962) hartzen badugu, honako hau aurkituko dugu ipuin-bildumako Kurutze gorriak narrazioan:
—Zer tenore da? Hamarrak abantxu. Ez gintuztela sarraraziko? Hozten ari nuk. —Menturaz eguerditan hemen izanen gituk. Hago gustuan; ez dik balio kexatzea;
Beraz, bistan da zorrotz gordetzen duela lege “zaharra”.
Argi zirrinta izenburua duen narrazioan, berriz, honako hau:
Frangotan buruan ibiltzen diat nola gure haurreko adixkidetasun goxo hura amodio baten hastapen eta erroa gertatu den. Ez nian holakorik uste. Alta haurdanik gure artean zerbait izan duk. Eskolarako bidean zonbat aldiz ez gira elgarrekin gertatu? Zonbat aldiz ez gira bidean gelditurik egon xori txar bati beha, ezdeus bati beha? Egia duk. Betidanik ukan diat hiretako, ez dakiat nola erran, halako goxotasun bat. Elgarrekin ginelarik, beti hiri zerbitzu egiterat ekarria nintian, ez hintudan kolpatu nahi, azkar nintian hirekin.
Otto Pettanen astoa izenburukoan, berriz,
—Ba araiz, zertako nahi duk preso egon dadin? —Edo bere kafira hemen dik? (du+hika) —Ez die urtxoek kafirarik egiten hemen. Galdua duk. Eta joan den eguneko elur hura!
Hor ikusten dugu galdera batean hitanoa erabilia.
Gauza bera aurkitzen dugu, baina askoz ugariago, Nikolas Ormaetxea “Orixe” (1888-1961) orexarraren Quito’n arrebarekin(1950) liburuan, irakurtzeko pazientzia hartzen badugu (adizkiak, besteak beste, Areso-Huitzi aldekoak-edo dira, eta horrek ez ditu gauzak errazten). Arrebarekin elkarrizketan aurkitzen dugu Orixe liburu osoan zehar, eta aukera bikaina da hitanoaren erabilera aztertzeko.
D.— Arkitu ote litezke une berean guregan Aingeru ona ta gaiztoa? N.— Ez uke arrigarri; baña naiago diñat txandaka iduritaratzea, batak edo besteak eragiten gaitunean. Alaxe Yesus Bera ere txandaka artu ziñatenan: aingeru gaiztoak zirika, ta, arek aldegin zunean, Aingeru askok agurka. Egon ere batean zeuden guregan, anima ta Yainkoa nastu gabe. Zergatik ez litezken egon bi aingeru oiek ere?
Testuan ageri dena
Lege orokorraren arabera behar lukeena
Neutroa (batua)
litezke
litezke
litezke
uke (lukek)
uke (lukek)
litzateke
diñat (dinat)
diñat (dinat)
dut
ziñatenan (zitenan)
ziñatenan (zitenan)
zuten
zeuden
zeuden (zeuden)
daude
litezken
litezke
litezke
N- Illobia bedeikatzen dutenean, ango Aingeru Bergiralea aipatzen yunate. Ez al yunat arrazoirik aski, zerua emen ere ba dagola, aldez aldez beñipein esateko?
Testuan ageri dena
Lege orokorraren arabera behar lukeena
Neutroa (batua)
yunate
yunate (dinate)
dute
yunat
dut
dut
Adibideak nahi adina aurki daitezke, baina bistan da joera hori aski nabarmena dela Orixeren idazkietan. Tormesko itsu-mutila itzulpenean ere (bizkaieraz) joera horri atxikitzen zaio. Gauza bera aurkituko dugu Mireio irakurtzen badugu.
Eta zer gertatzen da gaur egungo itzultzaileen artean? Bi joera nagusi aurkituko ditugu: lege zaharrari zorrotz atxikitzen zaizkionak eta joera “berriari” jarraikiz, galderazkoetan ere erabiltzen dutenak. Lehenbizikoen artean (hurbilen zaizkidan itzultzaileen lanei gainbegirada bat emanez) Juan Garzia, Fernando Rey, Amaia Apalauza, Idoia Santamaría, Aroa Uharte eta nerau dauzkagu. Galderetan ere sistematikoki erabiltzen dutenen artean bi baizik ez ditut aipatuko, baina askoz gehiago izango dira: Miel Elustondo eta Joxe Mari Berasategi.
Xehetasun gehiago nahi duenak, irakur ditzala, esate baterako, honako hauek: Hamlet, Kale gorriko umeak, Puskak, Aldibereko,Erle langileen amodioak, edo Ulises. Eta beste joerakoak zer egiten duten jabetzeko, eman diezaiela begirada bat, esate baterako Hiltzailea nire baitan edo Paradisuari.
Horiek horrela, uste dut agian garaia dela hizkuntza gaietan agintaritza eta autoritatea dutenek hainbatetan hartzen dituzten erabaki salomoniko horietako bat har dezaten. Zuzentzaile edo editore lanetan aritzen direnei zama arinduko liekete pixka bat, baldin eta aukerakotzat utziko balute. Halabiz.
[1] Hitanoa non eta nork erabiltzen duen, EUSKERA – XXXIX (2. aldia), 983-993
Euskara orain deritzon liburutxo mediatikoak “eraginkortasuna helburu” goiburua du azpititulutzat. Nik komunikazioaren eraginkortasunaren kezka partekatzen dut egileekin, baina askoz gehiago ez. Erabiltzen dituzten argudioak, behintzat, ez. Labur-labur azalduta, Jesús Rubiok euskararen SOV ordena dauka arazo guztien sorburutzat: «Estruktura burulehena ez da soilik efizienteagoa ze bere kide buruazkena, baizik ere, eta are inportanteagoa dena, efektiboagoa» (58. or.). Mendizabalek, Lamarcak eta Amurizak gogoeta lauso asko egiten dituzte, baina nik ez dut aurkitu mamizko argudiorik. Orobat, hiruron ataletan ez dut aurkitu euskararen eraginkortasun komunikatiboa emendatzeko proposamen esplizitu askorik. Bakan batzuk badira, inoperatibo samarrak ia denak. Beharbada, Amurizak lexikoaz dioena aipatuko nuke, nahiz ezin esan Amerika deskubritu duenik: «Gure inguruko hizkuntza nagusien ondare kultural komuna asko gehiago (baina asko gehiago!) baliatu beharko litzateke» (129. or.). Rubiok, bere aldetik, euskara iruntzitara jartzea proposatzen du, alegia, SVO hizkuntza bihurtzea: «Garabidean, lehen pausua litzateké normaltasunez ahalbidetzea aukerako SVO ordena» (88. or.). Perpaus-osagaien ordena iraultzea aldeztearekin batera, Rubiok euskara preposizioz hornitzeko bide bat jorratzen du.
Halako abentura linguistiko batez ez dago ezer esan beharrik, begi bistakoa baita erabateko haustura lekarkeela euskara biziarekin. Merezi du, baina, iruzkin batzuk egitea liburutxoan jasotzen diren beste zenbait ideiaz, eraginkortasunari buruzko balizko debate batek oinarri hobeak izan litzan.
• «Euskararen arazo nagusietako bat aditza da. Garbi esanda, galga nagusietako bat. […] Gure aditza sinplifikatu ezik, euskarak etorkizun zaila dauka». (127. or.) Amurizak ez dio zelan sinplifikatu. Datiboko komunztadura kenduz? Pluraleko komunztadura ere bai? Laguntzaileak eurak? Mendizabalek ahalera osoa ezabatuko luke. Blog honetan bertan, zalantza egin da zatzaizkit adizkiaz. Nik, ikuspegien erlatibotasuna ilustratzeko, “Goenkale”ko esaldi batzuk aldatuko ditut hona, hizkera naturalaren eredutzat eduki izan baita: «Hi, aizan, nik nahi dudana eginzezakeanat. Ni adinez heldua naun». «Nik ez zaituztet zuek utzi, Alazne. Ez zintuzketet sekula abandonatuko, hori ezinezkoa da». «Barkamena eskatzen ari gatzaizkik. Pertsonak barkatzen jakin behar dik».
• «Askotan ofizialki zuzenak ez diren formak errazenak edo praktikoenak izan ohi dira» (17. or.) «Zergatik ez ditu barneratzen euskara normatiboak […] gazteen euskara-aldaera berriak, sinpleagoak eta ez oso “zuzenak” badira ere?» (137. or.) Ez dut ulertzen zein adieratan erabiltzen duen Lamarcak ‘zuzen’ adjektiboa. Zuzentasuna gramatika-arauak betetzea da, baina esango nuke beste zerbaitetaz ari dela, ez baitut uste honelakoak barneratzeaz ari denik: «Ni ez daukat inprimagailua». «Baina eske da guztia oso teorikoa». «Joaten naiz, andereño?». «Zertarako kontatu, si ez da inoiz agertzen». «Kontuz, min egingo zarela!». [Esaldiok Orreaga Ibarraren Nafar euskaldun gazteen ahozko diskurtsoa (2011) liburutik atera ditut.] Halakoei igaro-baimena emateaz ez, baina Lamarca egokitasunaz, euskararen errepertorioa aberasteaz eta, zehazkiago, euskara kolokiala sustatzeaz ari bada, eskertzekoa litzateke ildo horretan zer landu den ezagutuko balu.
• «H. Bichakjianen arabera, hizkuntzek eboluzionatzeko joera naturala dute, berez lortzen dute apurka-apurka hitz orden eraginkorrago bat, morfologia xinpleago bat edota lehenesten dituzte aiseago ahoskatzen diren fonemak» (14. or). Mendizabalen eta Rubioren atalak Bichkjianen ideiez blaituta daude. Berari irakurri diote hizkuntzen bilakabide naturalean SOV primitiboagoa dela, eta SVO, eraginkorragoa, eboluzionatuagoa. Nik ez dakit eboluzioa noranzko horretan doan, baina garbi daukadana da sinpleagorako joerarena ez dela egia. Hizkuntzek ezaugarri batzuetan sinpleagora jotzen dute, eta beste batzuetan, konplexuagora.
• «Sintaxi buruazkenetan gure entendimenduak (gure prozesatzaile linguistikoak) itxaron beharko du artio ezagutu (azken) buru sintaktiko relevanteak arrén ongi uztártu sintaktikoki buru horien aurreko elementu dependenteak» (59. or.). Ideia honek –berau ere Bichkjiani ikasia– hizkuntza prozesatzea broxeta bat jatea bezala irudikatzen du. Mokadu bakoitzean, zapore berri bat ahoan. Euskaran eta hizkuntza buruazkenetan, baina, badirudi zati zaporetsu bakoitzaren aurretik patata asko aurkitzen dugula, eta hainbat haginkada behar ditugula dastamen-papilak alaitzeko. Errealitatea da, ordea, burmuinak ez duela halako modu linealean prozesatzen hizkuntza. Mintza-katea, bai, linealki sartzen zaigu belarritik, baina orduan burmuinak hainbat prozesu paralelo aktibatzen ditu, batzuk kate (perpaus) osoa urkuldu arte irauten dutenak. Hizkuntza-tipologia edozein dela ere, burumuinak ez dio hartzen zentzu osoa esaldiari amaiera arte. Egia da badirela estrategiak burmuinaren lana arin dezaketenak, eta, horretan, euskara ez da atzean geratu. SOV hizkuntza izateari utzi beharrik gabe, perpaus hasierako menderagailuak ez dira gutxi, esate baterako.
• «Egitura sintaktikoki koherentea geldituko dá sistematikoki irekia ki jarraitu zehazten gure osagarriak aiseki, sortuz egitura bat funtzionalki rekursiboa, erraztuz espresio aberatsa eta matizatua, eta, finean, zabalduz ateak i fluitate eroso, potente eta efektiboa» (61. or.) Ideia horren “alderdi mekanikoa” egia da, hizkuntza burulehenetan infinituraino katea baitaitezke perpausak, baina –testu administratiboen itzultzaileek esperientziaz dakiten bezala– ez da egia emaitza beti denik espresio eroso, potente eta efektiboa, eta bai, sarri, mordoilo korapilatsu, trakets eta antikomunikatiboa.
Azken batean, testuen eraginkortasuna ez datza hizkuntzaren ezaugarrietan, baizik hiztunaren dohainetan. Hiztun batzuk trebeago dira testu komunikatiboagoak (prozesatzen errazagoak) ekoizten, eta beste batzuk baldarragoak. Baldarrago garenok asko eskertzen ditugu eraginkortasun komunikatiboari buruz egiten diren ikerketak eta, batez ere, lantzen diren jarraibideak eta gidak. Mundu anglosaxoian urrats handiak egin dira plain English deritzon ereduan. Berari jarraituta, EITBk hizkera laua erabiltzeko gida bat dauka aspalditik.
Ahots (aktibo, pasibo, erdi-pasibo), argumentu-egitura, balentzia, diatesi, ez-akusatibo, ez-ergatibo… Termino ugari dago aditzek beren morfologian eta beren inguruko elementuetan erakusten dituzten ezaugarri jakin batzuk eta eragin dakizkiekeen aldaketak deskribatzeko eta aditzok horren arabera sailkatzeko. Hemen, egitura inpertsonalak aipatuko ditut, adierazpide morfosintaktikoa edozein dela ere.
Euskal aditz jokatuen eta jokatugabeen arteko desberdintasun nabarmenetako bat pertsona-komunztadurak dira; alegia, dena delako egoera, prozesu edo egintzan nork parte hartzen duen adierazten duten markak. Denbora edo aspektua ere aipa litezke, baina, joko analitikoan ere badu halako marka aditz nagusiak, jokatugabetzat hartu ohi den arren (ikusi, ikusten, ikusiko).
Era berean, hizkuntzalaritzako kontu ezaguna da 3. pertsona, hizkuntza askotan, ez dela egiazko partaidea; ez bederen besteak bezalakoa, hizketa-ekintzatik kanpokoa baita (gogoan izan euskaraz 3. pertsonak benetako izenordainik ere ez duela, berez).
Hala, euskaraz egitura inpertsonalak (alegia, partaide orokor edo zehaztugabeko aditz predikatuak) eratzeko bide bat baino gehiago dugu, maiz 3. pertsonari lotuak. Hauek izan litezke nagusiak, zein bere helburu eta ñabardurekin: aditz iragankorraren iragangaiztea, pluraleko 3. pertsonaren komunztadura, eta singularreko 2. pertsonaren komunztadura.
Azken horretatik hasita, kontakizun bati balio orokorra eman nahi diogunean, baina, era berean, gertutasunez-edo aritu nahi dugula (dela geuri gertaturiko zerbaitetaz ari garelako, dela solaskidearen interesa biltzeko), 2. pertsona erabiltzen dugu:
– Eta zer egin ote dezakezu holako egoera batean? – Zeken horrek ez dizu inoiz ezer musu-truk emango!
Bigarren estrategia, aditz iragankorrekin bakarrik, subjektu orokorra edo zehaztu ezin/nahi ez dena pluraleko 3. pertsonaz adieraztea da:
– Atea jo dutela iruditu zait. – Babarrunak bezperatik beratzen uztea gomendatzen dute.
Azkenik, jatorrizko subjektua guztiz ezabatu eta aditz laguntzaile iragangaitza (ergatiborik gabea) erabil dezakegu:
– Zarata honekin ez zaizu ondo ulertzen. – Gailur hartatik itsasoa ikus daiteke.
Horrelakoak testu zaharretan arakaturik, Milia Lasturkoren eresi ezaguneko hau izan liteke adibide garbi bat, pluraleko 3. pertsonarena:
– Bidaldu dogu zeruetara kartea: arren, diguela[‘itzul diezagutela’] gure andrea.
Alabaina, badira egun ezinezkoak diren ale batzuk ere: iragangaizterik gabeko inpertsonal adierako adizkiak, trinkoak zein laguntzaileak.
Jakina da, izan ere, forma sintetikoetan ez dela ergatiboa kentzeko aukerarik (esaterako, darama-tik, daramakio eratu dezakegu, baina, egun ez dugu ‘eramaten da’ moduko inpertsonalak adierazteko modu trinkorik). Ez bide zen hala antzina, eta horren arrastoak ditugu XVI-XVII. mendeko testuetan. Honatx adibide batzuk:
– O, jaun ona, gogo dizit garizuma denian egiazki egiteko neure konfesionia. Bai eta’re konplitzeko didan[= ematen didan {‘ematen zaidan’}] penitenzia, othoi, jauna, zuk konfirma ene borondatia (Etxepareren LVP, I: 194)
– Gatza lora ditean artean beste gauza lekuske [‘ikus liteke’]. En tanto la sal floreciese otra cosa se vería (Refranes y Sentencias, 145)
– Ezi[n]egina harria baino gogorrago. Harriari mailuaz ere baledeko [‘edeki lekioke, edekitzen zaio’]. El no poder, más duro que la piedra: a la piedra se puede quitar con el martillo (Isastiren errefrauak, 26)
Aditz perifrastikoetan ere, egun aditz laguntzailearen alternantziaz baliatuko ginatekeen kasu batzuetan, inolako aldaketa lexiko-morfologikorik gabe izan dezake egiturak balio inpertsonala:
– Kuidadua eduki begie, ikasi dezaen etseko persona guziak doktrinea, eztakianari irakasten diagola [= diola {‘zaiola’}] (Azkoitiko ordenantzen “sumario brebea”, I: 12-6)
– Gauza gaizki egina da, eta itsusia, adiskideari deiez dagotzunean, ez ihardestea, athean iguriki arazitzea ; eta berehala eman ahal diazaion [‘dakiokeen’] errepuestaren eta egin ahal diazaion[‘dakiokeen’] zerbitzuaren geroko luzatzea (Axularren Gero, 304-5/6)
Adibide horietan guztietan, aditzaren ohiko konfigurazioko argumentuetako bat orokorra edo zehaztugabea da, eta hala interpretatu behar da, adizkiaren morfologia gorabehera. Kontuan hartuta, baina, 3. pertsonako subjektuak ez duela inolako markarik euskaraz, ez zaigu horren harrigarri gertatu behar hura isiltzeko aukera morfologikoki anbiguoa.
Izan ere, horixe bide da iritzi ‘izena ukan’ aditzaren sorburua: ‘etsi, -tzat eduki’-tik (deritzo ‘irizten dio’), ‘deitu’ adiera iragankorrera (deritzo ‘deitzen dio’) eta, hirugarren pertsonako subjektudun formak inpertsonaltzat interpretaturik (deritzo ‘deitzen zaio’), iragangaitz gisa berrinterpretatzera igaro zatekeen (deritzo ‘deitzen da’). Hala bada, testu zaharrek gaur egun ezinezkoak diren bideak lehen posible zirela erakusten digute, eta egungo zenbait formaren sorburu eta bilakaera argitzen laguntzen.
***
Azken asteotan, zoritxarrez, egitura inpertsonal ugari gabiltza irakurtzen, pasibo-antzekoekin batera, zenbaitek ez-pertsonatzat dituztenez (Gazako bonbardaketan auskalo zenbat haur hil direla, Zisjordanian ugari izan direla zaurituak, eta abar). Halakoetan, sarraskigileak ez aipatzeko eta haien ardura eta erantzukizuna estaltzeko erabiltzen da inpertsonala. Ezen, esan ohi den bezala, pertsonala politikoa da; hizkuntza-kontuetan, ordea, inpertsonala ere bada politikoa.
Argi esan dezagun: Palestinakoari genozidio deritzo.