Bide barrijak (II)

Gotzon Egia Goienetxea

Itzulpengintzaren bide berrietan aurrera egiteko aukerak aipatu nituen izen bereko aurreko atal batean, itzultzaileak, hizkuntzalariak eta ingeniariak biltzen direnean itzulpengintzari bideak errazteko xedera.

Eztabaidara ekarri nahi nituzke, oraingoan, itzultzaileon eta teknologiaren arteko harreman terminologikoak eta, orobat, itzultzaileok horren aurrean erakusten ditugun jarrerak. Gauzak nola izendatzen diren garrantzizkoa dela ongi daki itzultzaileak, beste inork baino hobeto, agian; izendapenak arbitrarioak izaten baitira gehienetan, oso gutxitan neutroak.

Har dezagun itzulpen automatikoa. Izendapen horren barruan ulertu izan dugu, XX. mendearen erdiaz geroztik:

Definizio bat: «iturburu-hizkuntzako testu batetik abiatuta helburu-hizkuntzako testu (ia) baliokide bat lortzea makina bat erabilita», Wikipediak Itzulpengintza automatikoa sarreran ematen duena hitzez hitz hartuta. Artikulu landua da, esan nahi dut ez dela Wikipediaren labur beharrez horietako bat. Ez bakarrik da artikulu landu bat, baizik ere Wikipediako kategoria oso bat.

Izendapen labaingarria, itzulpen eta automatiko horrela, besterik gabe, lotzea. Iruditzen zait ilusio bat gizentzen duela, itzulpengintza balitz bezala mekanismo automatizagarri bat. Izan ere, itzulpen automatikoa baldin badago, itzulpenak (oraingoz, ez dio axola nolako itzulpenak diren) automatikoki egin badaitezke, baldintzatik derrigortasunera hurbil da urratsa: itzulpenak ez bakarrik egin daitezke, baizik egin behar dira automatikoki. Labur, itzulpenak automatikoki egiten dira, horrela, subjektu inpertsonal batez. Itzultzaile orok dakienean, aldiz, itzulpen eta automatiko direla oximoron handi bat: baldin bada itzulpen, ez da automatiko; eta, alderantziz, automatiko bada, ez da itzulpen.

Ingelesez begiratzen badugu Wikipediaren artikulua, Machine translation aurkitzen dugu. Makinak egindako itzulpena: lilura baten ispilua berriro, iraultza industrialetik zainetaraino errotua dugun miresmen bat, makinak ez baitu huts egiten. Behar da, bakarrik, makina ongi eratua eta doitua izatea. Hori lortuz gero, makinak ez du behin ere kale egiten; itzultzaileak bai, makinak ez.

Horrela, itzulpengintza lotzen badugu, ñabardura gabe, makinaren zehaztasun automatikoarekin, elikatzen ari gara jende gehienaren ezjakintasuna gure lanbideaz. Ekuazio errazei ematen diegu bide: gizakiak egindako itzulpengintza da lan astun, luze, garesti eta eztabaidagarri bat; makinak egindako itzulpen automatikoa da gauza arin, merke (doan!) eta berehalako bat, bere inperfekzio guztiekin bada ere. Dena zaku berean, Wikipediak egiten duen moduan, Itzulpengintza automatikoa kategoriaren azpian jarrita Itzulpen memoria artikulua (hau marka, OpenMT-2 wikiproiektuaren barnean gizakien partaidetzarik gabe itzulia!) edo OmegaT ordenagailuz lagundutako itzulpen sistema. Dena aska beretik jan dezagun, gizakiaren ukiturik gabeko itzulpengintza bezala, itzultzaileari laguntzeko sortutako tresna informatikoak.

Nahasbide horrek kalte besterik ez dio egiten itzulpengintzari, bere (g)izatasuna ezkutatzearekin batera, teknologia inkamikarien sorora lerratzen baitu. Esan dezagun argi: gauza bat dira itzulpengintzaren lagungarriak, garai bateko paperezko hiztegiak bezala, ordenagailuz lagundutako itzulpen tresnak; eta beste gauza bat, ordenagailuak sortutako itzulpenak. Horrela esatea hobe, @natalykelly-k aspaldi ez dela proposatzen zuen eran. Erraz ulertzen da; zehazki esaten da ordenagailu batek sortu duela itzulpena, ez gizakiak; ordenagailuak sortu egiten du, prozesu konplexu bat behar du, ez dago automatismorik. Oharpen itxura du esaldiak, esaten ariko bagina bezala: «erne, itzulpen hori ordenagailu batek sortu du, ez itzultzaile batek».

Epeak

Patxi Petrirena Altzuguren

Dena hain antolatua eta denbora hain neurtua dugun garaiotan, epeak ditugu noiznahi hizpide eta betebehar:  epe labur, ertain eta luzerako helburuak, dena delakoa egiteko horrenbesteko epea… Niri ere iritsi zait epea (epe hau), nonbait, luzamendutan ibili ondoren, eta tarte bat hartu dut hiztegietan eta testuetan barna itzuli txiki bat egiteko, epe hitza aitzakia hartuta.

Hiztegi Batuan, epe, epealdi eta epeka ditugu sarrerak. Bigarrenari buruz (epealdi), hauxe dio: «epealdi iz. Batez ere Admin. (Gehienetan aski da epe)». Neurri batean, harritzekoa iruditu zait epeka bakarrik ikustea hor, hiztegi gehienetan (Orotariko Euskal Hiztegia barne) epean eta epetan ditugularik nagusi: «Epetan erosi eta epetan saldu, tratulari eskasan jiria» (Etxba Eib). «Gero joan zen erosi berri zuten pick-up ederrera, epean erosia, bixtan da, eta ospil bat ipiñi zuen» (Mde Pr 148).

Epe jakinak adieraztean, badirudi «zenbateko epea» moldea darabilkigula nagusiki (beste aukerarik ez balitz bezala?). Baina -ko ez ezik -en ere hor dugula gogorarazten digu Zehazki hiztegiak: «en el plazo de, -en/-ko epean: en el plazo de dos días, bi egunen epean, bi eguneko epean». Gogoratzekoa da, esate baterako, «bost minutuko/tantoko aldea» ez ezik «bost minuturen/tantoren aldea» ere hor dugula, ongi errotua. Orotariko Euskal Hiztegian ere bi aukerak ageri zaizkigu epe hitzarekin: baditugu «lau urteko epea» eta «lau urteren epea».

Galdera egitean, «zenbateko epea» ez ezik, «zer epe» ere aukeran dugu. Hona adibide bat, Herria aldizkarikoa: «Zer epe eman behar litzaioke aterabide horri?» (2004-09-16). Beharbada gehiagotan gogoratu beharko genuke aukera hori, beti zenbateko baliatzen ordez.

Erantzunean ere, egiazki, ez da aukera bakarra zenbateko erabiltzea, hor baitugu zenbat ere: «Epea astebete da, izenak emoteko». (Ibaizabal, Mokoroaren lokuzio-bilduman jasoa). Ildo horretan, aurreragoko pauso bat erakusten digu Herriako beste adibide honek: «Bi egun epe eman diete frantses buruzagieri, edo bi kasetariak hilen dituztela». (Herria, 2004-09-02).

Gure administrazio-testuetan ere aurkitzen dugu epea adierazteko -ko gabeko moldea: «Horretarako epea bi hilabete da, egintza hau jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita» (Arabako Aldizkari Ofiziala, 2006-03-08).

Zenbateko erabili ordez zenbat erabiltze horrek aukera erosoagoa ematen digu, zenbaitetan, osagarriak antolatzean:

  • Diru-laguntzaren eskaera hiru hilabeteko epean aurkeztuko da, argitaratzen den datatik hasita.
  • Diru-laguntzaren eskaera aurkezteko epea hiru hilabete da, argitaratzen den datatik hasita.

Hitzaren beste adiera bat da, jakina, Kirikiñoren honetan ageri zaiguna (ekialdean ere arrotz ez dena): «Biyer esangotzut, ordura arteko epeik badozu». Alegia, lasaitasuna, pazientzia, egonarria.

Arakaitzak

miel a. elustondo

Gau batez, talka egin nuen nahigabe gizon baten kontra, eta, beharbada, inguruko ilunpeagatik, ikusi egin ninduen, eta iraindu. Eraso nion, berokiko hegaletatik heldu eta desenkusa zedila eskatu nion gogor. Gizon garai ilehoria zen, eta nire aurpegia harenera hurbildu zenean, bere begi urdinetan barrena lotsagabe begiratu eta maldizioka eraso zidan, haren arnasa beroa nire aurpegian, borroka egiten zuen bitartean. Haren kokotsa doi jo nuen nire burugainaren kontra, Mendebaldeko indiarrei egiten ikusia nien moduan jo nuen, eta haren zauria eta handik zerion odola sentitu nituen, eta garrasi egin nion: «Desenkusa hadi! Desenkusa hadi!». Baina maldizioka eta borrokan segitu zuen, eta behin eta berriz eta askotan jo nuen harik eta astun erori zen arte belauniko, odola parrastaka zeriola. Ostikoz jo nuen behin eta berriz amorraturik, irainka atertzen ez zuelako, ezpainak odoletan blai zituen arren. O, bai, ostikoz jo nuen! Eta, amorrarazirik bainengoen, labana atera nuen, gizonari eztarria xerratzeko prest, hantxe, farolpean, kale huts hartan bertan, esku batez lepotik helduta nuela, eta neure hortzekin labana irekiz. Baina, orduan, bururatu zitzaidan gizon hark, berez, ez ninduela ikusi; berak zekiela, zorigaiztoko ibilaldi baten erdian zegoen, inondik ere! Eta labanaren ahoa gerarazi nuen, airea xerratuz, gizona niregandik urrun bultzatzen nuen bitartean, kalera itzultzen utzirik. Zorrotz begira geratu nintzaion, auto baten argiak ilunpean azaldu arabera. Hantxe zetzan, asfaltoan, auhenka; hantxe gizon bat, fantasma batek ia hil zuena. Zeharo nahastu ninduen horrek. Haserre eta lotsa nintzen, biak. Niri zegokidanez, mozkorturik bezala nengoen, hanka ahulen gainean zanbuluka. Bat-batean, libertigarria iruditu zitzaidan. Gizon honen buru handian zerbait piztu egin zen, eta hil baino izpi bat lehenago loratu zen. Barrez hasi nintzen deskubrimendu ero hura egin nuelarik. Esnatu egin ote zen hilzorian zenean? Heriok berak liberatu ote zuen esna bizitzetik? Ez nuen denborarik galdu. Korrika abiatu nintzen ilunpean barna, barruan zerbait hautsi zitzaidala beldurturik, hainbesteko barre algara egin nuen! Biharamunean haren argazkia ikusi nuen Daily News-en, «eraso» egin ziotela zioen argazki-oinak. Gizajo zoroa, gizajo zoro itsua, pentsatu nuen, zinez eta benaz errukiturik, gizon ikusezinak «erasoa».

Crowdfounding eta Fracking

Eneko Bidegain

Bi hitz hartu ditut, joera orokorrago baten adibide gisa, adierazgarriak direlako. Lehena, «Crowdfounding» hitza da, azkenaldian franko modan jarri dena. @txargain eta @edulartzanguren-en arteko elkarrizketak poza eman zidan, nire kezka adierazi zutelako.

Captura de pantalla 2013-06-19 a las 17.10.52

Euskal Herrian lehen ere diru bilketa franko antolatu izan da, «Crowdfunding» izenik eman gabe. Orain ingeles hiztunen artean dirua biltzeko ohitura hori deskubritu dutela-eta, zergatik jokatu behar dugu zerbait berri balitz bezala? Zergatik erabili behar dugu ingelesezko hitza? Ikastolak laguntzeko, Berria egunkaria sortzeko, Laborantza Ganbera altxatzeko edo Xora filma ekoizten laguntzeko diru bilketak egin dira. «Crowdfunding», ororen buru; baina ez dira balio gutxiagokoak izan, izen hori gabe ere.

Bigarren hitza (azkenaldian modan jartzen ari dena, hori ere), «fracking» da. Araban agertu da gaia, gasa lurretik ateratzeko egitasmo baten harira. Gas hori haustura hidrauliko bidez ateratzea da asmoa, eta haustura hidraulikoari erraten zaio «fracking»-a. Araban bezala, munduko beste toki anitzetan ere badago teknika horri buruzko eztabaida, azkenaldian anitz aipatzen ari diren energia iturriaren ustiatzeko proiektuen harira.

Begiratu dut Euskal Herriko prentsak zein hitz erabiltzen duen gehiago: «fracking» ala «haustura hidrauliko». Gauza bera egin dut Frantziako, Espainiako eta Italiako egunkari batzuekin. Frantzian salbu, beste guziek anitzez gehiago erabiltzen dute «fracking» hitza, eta anitzez gutxiago «haustura hidrauliko» (bakoitzak bere hizkuntzan, bistan da). Frantziaren erresistentzia ez da harrigarria, beti daukatelako ingelesarekiko lehia eta uzkurtasun hori.

Dena den, uste dut ez dugula deus irabaztekorik «fracking» eta «crowdfunding» bezalako hitzak hautatuz, oharkabean gisa horretako gero eta hitz gehiago sartzen ari baitzaizkigu, batere jakin gabe zer erran nahi duten. Aldiz, «haustura hidraulikoa», gutxi gora behera zer izan daitekeen uler dezakegu («fracking»-arekin baino argiago ulertzen dut nik bederen); eta beste hainbeste gertatzen da «crowdfunding»-ekin (esplikatu zidaten arte zer zen, ez nintzen ohartu zer deabru izan zitekeen).

Galdegaia aditzaren atzean

Juan Garzia Garmendia

Aurreko nire aleari emandako erantzun batean, zuzen-zuzenean eskatu zidaten neure iritzia emateko noiznahi galdegaia ―ahozkoan aukerako izaten den bezala― idatzian ere esaldiaren amaieran kokatzeko kontuaz. Hurrengo ale batean horri helduko niola esan, eta hona.

Agindua zor omen, baina aitor dezadan deseroso samar natorrela zor hori kitatzera. Batez ere, baina ez bakarrik, horrenbestez neure gain hartzen dudalako «eredu alternatibo» horren aldezleek egiten ez duten lana. Horixe egitera behartzen bainaiz, lehenaz gainera; alegia, idatziaren kodean horrek zer dakarren aztertzera, ea abantailarik duen oraingoz estandarra denarekiko. Izan ere, balioespen horren faltan, arinkeria zoroz eginak izan daitezke halako «proposamenak», edo harrikada hutsak izan (norbere buruan jotako harria besteenetara berjaurti nahian noski).

Hala, bada, irudikatuko dut ez naizela ari bere «alternatiba» horretan hil edo bizi gotorturik dagoenari burubidea aldarazteko ahalegin alferrikakoan, baizik eta zintzo eta xalo idatzian galdegai-arau estandarra areago ez malgutzeko arrazoiak ikusten ez eta norbaitek berariaz azaltzea nahi lukeenarentzat. Has nadin, bada.

Lehenengo eta behin ―askotan esana dut, baina gehiagotan errepikatu beharko dut―, bi kode desberdin dira ahozko mintzoa eta idatzia. Hobeki esanda: idatzia mintzo naturalaren estilizazio artifizial bat da. Hizkuntza, izatez, mintzatua da, eta mintzamena sen bat da, ñabarduraz betea; idazketa, berriz, ahozkoaren proiekzio murriztu bat, ezinbestean sinplifikatua. Idazkuntza, bestela esanda, teknika landu bat da, eta ez sen espontaneo bat. Hizkuntza guztietan nabari dira alde esanguratsuak mintzatuaren eta idatziaren artean; areago, historikoki begiratzen bazaie. Hizkuntza bat ahozkotasunetik idazkuntzara iragaten denean, aldatzen hasiko da ezinbestean, bi kodeen arteko dialektikaz, elkarri eragingo baitiote baina ezingo baitute inoiz guztiz berdindu bien arteko desberdintasun oinarri-oinarrizkoa. Bereziki azpimarratu beharra dago hori, gaizki-ulertzeak saihestu nahi badira, ahozkotasun txirotik irten berri den eta idatziaren formaltasunean finkatzeko oraindik ere lanak dituen hizkuntza batean, horretan baitago gurea.

Horrenbestez, garbi utzi nahi dut ahozkoan egiten den oro ez dela egiten (eta are, inoiz, ezin dela egin) idatzian. Milaka dira adibideak, baina aski da ikustea zenbat hiztun trebe dabilen gure artean idatzian ―batere idazten duen kasuan― motz eta are trakets gertatzen denik. Kontrakoa ere badugu, bakanago bada ere: ederki idatzi baina hizketan moldakaitz denik.

Hori horrela, geratzen zaigu ikustea ea galdegaia amaieraratzeko aukera estandarrera ekartzeko modurik denetz, eta, hala bada, nola eta zer ondoriorekin.

Eragozpenik handiena arbitrariotasuna da, kodeen etsai zuzena izaki. Izan ere, gauza bat litzateke kodea guztiz aldatzea («galdegaia beti esaldi-amaieran»), eta beste bat, oso bestelakoa, dena berdin libre uztea («batzuetan aditzaren aurrean eta bestetan atzean»). Ez noski izatez txarra delako beti libretasuna, baizik eta testugilearen askatasun arbitrario hori irakurlearen zalantzabide sistematiko bihurtu ohi delako[1]. Kodea kentzea da hori, eta ez kodea aldatzea, eta kodea da informazio-trukearen bermea.

Hala, bada, non eta «proposatzen» dena kodea irauli eta beste bat ezartzea ez den, arbitrariotasunak eragindako irakurketa-eta interpretazio-zalantza etengabea da eragozpenik handiena libretasun bridagabean. Estandarrean ere badira galdegaia aditzaren aurrekoa ez dela markatzen duten joskera batzuk, baina testuinguru gramatikal jakin batzuk jakinarazten diote irakurleari hala dela. Nabarmenenak aipatzearren: batetik, perpaus osagarria eskatzen duten adierazpen-aditzez eraturiko esaldiak, eta, bestetik, aditzaren segidan bi puntu datozenekoak:

Neskatoak esan dit berandu datorrela.
[galdegaia: -la perpausa, eta ez neskatoak]

Mutilak erantzun zuen: …
[galdegaia: erantzuna, eta ez mutilak]

Halakoetan, bada, irakurleak arazorik gabe deskodetzen du informazio egokia, kodeturik baitaude kodearen salbuespen horiek ere.

Behin baino gehiagotan aipatu dudan moduan, definizio eta gisakoetan dago une honetan estandarraren barneko ezbaia, egitura sintaktikoak ez baitu halakoetan (oso) garbi uzten salbuespenei dagokien azpikodea aplikatu behar denetz, hots, galdegaia aditzaren aurrekoa izan beharrean atzekoa denetz hor. Izan ere, (azpi)kode alternatiboa[2] aplikatu behar dela adierazten duen seinale bakarra ahozkoan halakoetan baliatzen den intonazio alternatiboa da, eta, idatzian seinale bakar hori galtzen denez, irakurleak, defektuz, kode arrunta aplikatuko du noski, eta ez salbuespenei dagokiena. Edo deserosotasuna eragingo dio, behintzat, irakurketa-zalantzak. Ikusi, esate baterako, segidako pare hau, egunotan irakurria:

Ilustrazioa da gizakiak berak eragindako heldugabetasunetik irtetea. Heldugabetasuna da beste norbaiten laguntzarik gabe bakoitza bere ulermena erabiltzeko gai ez izatea[3].

Horietan ados (samar) egonez gero, kontu tekniko batera iritsita gaude: arazoa intonazio berezi hori markatu gabe geratzea bada, zergatik ez dugu seinale berezi batez markatzen, eta kito?

Horrek ere badu bere historia, ez baikara oraingoak lehenak auzi horri heltzen. Nik neuk, horretaraino, ez nuke inolako eragozpenik, eta proposatu ere proposatu izan dut halako seinalizazio bat bide horretatik jo nahi lukeenarentzat. Aski litzateke, esate baterako, apostrofo bat [‘] eranstea aditzaren aurreko hitzari (edo, hobe, aditzari berari, aurrean), hala seinalatzeko sintagma hori ez dela galdegai mintzagai baizik, eta galdegaia, beraz, aditzaren ostean doala[4].

Beste bide bat, aspaldi –baina bakan– erabilia, eta berriki EIMAren estilo-liburukiak —definizioetarako bakarrik— beste hamaikaren arteko aukera gisa proposatua, zera da: beste testuinguru batzuetan salbuespena kodetzen duen marka bera baliatzea horretarako ere; bi puntu, alegia:

Astrofisika [zera/hau] da:…

Jakina, oso kontserbadore gara ikur grafikoen maila horretan; auzo-erdaretan ez denik ez dugu nahi izaten gurean, hain hizkuntza desberdinak ditugula harro asko aitorturik ere. Itsusi ez ezik, arbitrario ere ba omen litzateke halakoez baliatzea[5]

Tira. Badirudi galbahe desberdina erabiltzen dugula maila bakoitzerako. Fonetikan, ahoskera zaindu delakoan, arauturik bide dago geologia hitza, esate baterako, inongo usadiotako inolako euskaldunek sekula ahoskatu gabeko modu sasi-grekoan ahoskatzea, eta men egin bide diogu hizkuntza-ingeniaritzako asmazio gordin horri, baina anatema deklaratu edo dugu, besteak beste, iraganeko adizki -n menderagailudunak eta gabeak bereizteko tilde berezia [`], nahiz eta horrek egoki konponduko lukeen sintaxi oparo samarra darabilen orok izaten duen arazo hori, hala nola bi hauek bereizteko:

Ehiztariak hil zuen oreina.

ehiztariak hil zuèn oreina

Halakoen aurrean dugun joera ikusita, guztiz sinesgogor naiz halako proposamenek gure artean izan dezaketen arrakastari buruz. Izan ere, halako berezitasun (itsuskeria?) grafikoetara jo baino, nahiago dugu disimuluan jarraitu euskal prosaren arazoak konpontzeke (zertarako konpondu, gainera, agrafoak dira-eta noski ia euskaldun guztiak).

Eta ez da tilde, apostrofo eta abarren kontua bakarrik. Beste konponbide are beharrezkoago batzuk ere baztertuak ditugu de facto: nahiago dugu erlatibozko aposizio ustelez endredatzen jarraitu, zeina erako erlatiboez baliatu baino[6], eta halaxe doakigu. Gero, hori bai, eskura ditugun egoki askoak arbuiatu arren, hizkuntza-ingeniaritzazko edozein asmazio amesten dugu errezeta magikotzat.

Amaitzeko, hor goian ahaztuta gera daitekeen zerbaitetara itzuli nahi dut. Nire azken hitzetatik, irudi luke neu ari naizela eskatzen bide grafikoren bat onartzea kode orokorrarekiko desbideratzeak markatzeko. Ez da hala, ordea.

Esana dut desbideratze horiek salbuespen ez baizik bide arrunt bilakatu nahi lituzketenen lana egiten ari naizela –haiek lan hori egin zain asperturik, eta inork hala propio eskatuta–, baina nik ez diot ikusten abantaila garbirik ate hori guztiz zabaltzeari. Horretarako arrazoia teknikoa da, baina horrek ez du esan nahi praktikarekin guztiz lotuta ez dagoenik, alderantziz baizik. Azkenean aditzez amaituriko euskarazko inolako esaldirik geratuko ez balitzaigu, eta galdegai-enfasi guztiak amaieran emango bagenitu, oso ondo etorriko litzaieke hori (esperientziaz diotsuet) muntaia elebidunak egiten dituzten antzezleei, erdarazko eta euskarazko esaldi guztiek intonazio-soslai bera bailukete, eta horrenbestez amaituko bailirateke orain arteko euskarako aditzaurreko galdegai gogaikarriok, baina euskarak berak ―euskal hiztunek, alegia― beste urrats bat emango luke… galbiderantz. Izan ere, joera horrek areagotu egingo luke dagoeneko aski sustraiturik dagoen gaitza, hots, aurreko nire alearen izenburuak iradokitzen duenaren beste muturrekoa: aditza (beti) hasieran?

Izan ere, dagoeneko, hainbat hiztun bestela natural-naturalek lanak dituzte aditzaren kokapenak berregokitzeko esaldia mendeko perpaus bihurtu behar dutenean, hala nola, nabarmenenik, ezezkoetan:

Ikasle horrek ez du ekartzen liburua eskolara. >
?ikasle hori ez duena ekartzen liburua eskolara[7]

Alegia, kostatzen zaiola hainbati, dagoeneko, aditzez amaituriko joskerara etortzea, ezinbestekoa izanik hori halako mendeko perpausa antolatzeko:

liburua eskolara ekartzen ez duen ikasle hori

Hori, esaldirik sinpleenean ere. Beraz, kontrako joera bultzatzea bezain galgarri gerta dakiguke esaldietan aditza ia inoiz amaieran ez kokatzeko joera bultzatzea, hiztunari higatuz joango baitzaio, lehenaz gainera, perpausak modu batera zein bestera antolatzeko malgutasun hori.

Izan ere, hizkuntzak gehiago daki, eta zuhurrago jokatzen du, gutariko bakoitzak baino. Zabaldu eta malgutzea ongi hartzen du, baina ez noski bortxaz nolanahikatzea.


[1] Adibide erreal bat, bertso-txapelketen transkripzioetatik: Uztapideren ondoren kantatuko du Xalbadorrek. Kode finkorik gabe, irakurleak asmatu behar luke zein den hor galdegaia (eta, haren arabera, informazioa). Ahozkoak garbi utziko luke; kasu horretan, Xalbadorrek.

[2] Mintzatzean ere ez da noski, hiztunak hiztun, aukera bakarra, ezta gutxiagorik ere.

[3] Bestelako arazorik ere eragiten digute definizioek, hala nola, ale berean, eta gai berean: Ilustrazioa gizakiaren irteera da bere erruzko adingabetasunetik.

[4] Egoki puntuatuz gero, subjektuekin bakarrik genuke halako kontua, gainerako mintzagaiek koma eramango dute eta. Hala ere, aditzaren baietza interpretatzen da galdegaitzat komaren ostean aditza datorrenean: Uztapideren ondoren, kantatuko du [bai] Xalbadorrek. Horregatik litzateke argien aditza bera seinalatzea: Uztapideren ondoren, ‘kantatuko du Xalbadorrek.

[5] Hala ere, pozarren ikusi dut Iñaki Segurolak behintzat badarabilela ahozkoa onik idatziratzeko baliabide hori (eta ez noski EIMAri men egitearren!): Zer den literatura neretzat? Zer den nekez baizik irakurtzen ez dudan zera hori? Da: hizkuntza geza, gauzaeza, ezindua.

[6] Edo, sakonago, erdarazko halako aposizioak bestela egokitu baino.

[7] *Ez duen ekarri liburua eta gisakoak ere entzuten dira, gaitzak aurrera egin ahala.

Itzulpengintza eta merkataritza gurutzatzen diren lekua…

Oskar Arana Ibabe

Egoera benetakoa da. Denok ezagutzen dugu: herri euskaldun batean gaude (euskaldunen ehunekoa handia da). Familia euskalduna da. Atarteko postontzian publizitatea aurkitu du semeak, jaso du, eta etxera sartu da. Kasualitatea, hozkailu berria erosi beharraz jardun ziren aurreko batean ama-semeak, eta etxetresna elektrikoen gainekoa da eskupapera, herriko saltoki batekoa, etxetresnak bakarrik saltzen dituen saltoki batekoa. Izenburua bakarrik du euskaraz: extra astea. Gainerako guztia, gaztelania hutsean dator.

Combi Bosch KGn 39vw23. Ez dut asmorik inor seinalatzeko –seinalatu erruduna, zioen sindikatu baten afixak kalean aste honetan. Ez dut gustuko. Eta, gainera, gure kontu honetan, nire ustean, ez dago errudunik–, gogoeta egiteko bakarrik dakart kontua. Ez dakit oso zuzen zertaz, baina gogoeta egitea, idaztea, kontua aipatzea, etsipena eztitzea. Europan gaude, etxetresnen marka hori europarra da, zenbat eta zenbat egoera eta estatus ezberdin ote dituzte Europan hizkuntza txikiek, gutxituek, eremu urrikoek edo dena delakoek (ahaztu zait jada zein den termino egokia gurea bezalako hizkuntzak izendatzeko). Egoera horietan guztietan, egongo dira hizkuntza gutxitu garatuagoak eta ez hain garatuak, lege-babes sendokoak eta ez hain sendokoak, eta –hauxe da konturik kritikoena, nire ustean– herritarren aldetik atxikimendu handiagoa edo txikiagoa dutenak. Gurean, lege-babesa ez da inor publizitatea euskaraz egitera behartzeko adinakoa. Baina tristea da, gero, inor behartu beharra herri euskaldun batean publizitatea euskaraz egitera, edo, egin ezean, zigortu beharra. Publizitatea euskaraz egitea kostua izango da, nonbait, ez du irabazi handiagorik ekartzen, inondik ere, eta, gainera, publizitate hori euskaraz ondo egiteko beste euskara jakitea zaila da, antza. Eta oraindik ez diogu aurkitu ingeniaritza soziolinguistikoko konponbiderik egoera horri. Elkarrizketa euskaraz gauzatu zen, baina narras, ezin hozkailuen ezaugarriez euskaraz jardun. Hori tragedia! Pentsatuko du euskaldun askok. Tragedia da. Horregatik da, nire ustean, herritarren atxikimendua faktore kritikoa.

Tecnología No Frost. Badago merkataritza saltoki handien enpresa bat lan eredugarria egin duena produktuen ezaugarriak euskaratzeko orduan, etiketetan eta publizitatean euskara erabiltzeko orduan. Denok ezagutzen dugu. Konparazioak gorrotagarriak diren arren, bizipen psikolinguistikoa arras ezberdina da enpresa horren saltokietan. Normal jardun ahal izatea produktuen osagaiez, ezaugarriez, euskaraz, geure eguneroko hitzen errepertoriora ekartzea geure eguneroko bizitzan hain egunorokoak diren jaki, janzki, etxetresna, garbigarri eta abarrak izendatzeko hitzak, bizarra egiteko aparra, esaterako, Landuchioren garaiko berri-emaile eta euskaldunentzat eta gaurko beste askorentzat (neu tartean) osterantzean afeitetako espumie izango zena. Ez da nire asmoa hemen inor saritzeko seinalatzea. Txalotzekoa da enpresa horren konpromisoa, baina konpromisoa, atxikimendua, kritikoa izan arren, ez da nahikoa.

Iluminación interior LED. Ez omen da tragedia. Egin kontu, bost mila zazpiehun kultura ezberdin desagertu dira historian zehar

Ama horren amak –seme horren amamak– nekez egiten zuen gaztelaniaz; idazten eta irakurtzen jakin, gutxi eta erdaraz. Amama horren alabak, irakurtzen eta idazten, erdaraz, ondo samar; euskaraz, irakurtzen apur bat, Berriak eta tokiko euskarazko hedabideei esker; idazten, ez. Semeak aukera izan du unibertsitatera arteko ikasketa guztiak euskaraz egiteko, eta, han, ikasturte bakoitzeko ikasgai bat, gutxienez, euskaraz egiteko. Gaur hobera egin omen du egoerak. Ba omen dago unibertsitateko ikasturte guztiak eta ikasgai guztiak euskaraz egitea. Hiru belaunaldiotan, asko irabazi dugu, baina galdu ere bai, ez dakit oso ondo zer. Elebakartasunezko egoera desagertzea ezin da gaur egun galeratzat jo, anatema da, ez da argudiobide politiko egokia, ez du balio ezta espekulazio intelektualerako ere. Baina, aipatu, aipatu beharra dut, hiru belaunalditan zerbait galdu delako sentimendua nonbaitetik zehazten eta marrazten hasi behar badut. Norberaren baitako hizkuntza-ahalmenarekin, gaitasunarekin, sormenarekin, senarekin du zerikusia, norberaren baitako itzultzaile bihurtu behar ez izate horrekin, norberaren baitan ere erdara ez nagusitzeko ahalegin batzuetan nekagarri horrekin, herri euskaldunean publizitatea erdara hutsean jasorik areagotu egiten den neke horrekin. Nekagarri bihurtzen da euskaldun izatea are euskaldunentzat ere, era horretako jokabideekin. Irabazi beharra dugu publizitatearen eremua ere, itzulpen bidez edo itzulpen gabe, baina irabazi beharra dugu. Eta, unibertsitate-ikasketa gehienak euskaraz egiteko aukera izanik ere, gazteagoen euskararen alderako jarrera, asko eta asko oharturik zeuden gisan, kezkagarria da. Kezkagarria da bi belaunaldirentzat hain baitezpadako izan den kontua ez izatea axolazko belaun berriagoentzat. Non egin dugu huts, galdetu zuen oraintsu lankide batek. Ez dakit.

Alarma acústica de puerta abierta. Ez da ezer salatzeko artikulua. Hizkuntza-komunitatea komunitate diakronikoa da, hala bizi dut nik, orainak eta iraganak bat egiten duen lekua ere bada, mendeak eta segundoak bat egiten duten lekua ez ezik. Salatu zuen Eric Bertrand gazteak Katalunian produktuak katalanez etiketatzen ez zituen enpresa bat, eta a zer atarramendua hamalau urteko mutikoak (gomendatzen dizuet ikus dezazuen Joel Joan katalanaren Fenix 11.23 filma). Nire iruditerian, hizkuntza txikiagoen normalizazioaren aldeko urrats guztiak, direla corpusean, estatusean nahiz erabileran, beste edozein aitzinamenduren moduko urratsak izan beharko lirateke, ingurumenaren aldeko jarreran edo ekonomia iraunkorrago eta sozialagoaren aldeko jarreran edo era guztietako ongizate eta zoriontasunen aldeko jarreretan egiten diren urratsak bezalakoak. Inondik ere ez gazte katalan hark bizitako kinka eta atakak biziaraztekoa bezalakoa, inondik ere ez normalizazioaren aldeko aldarrikapen horiek komunitate eta diskurtso politikoetan eragiten dituzten asaldurak eragiteko modukoa.

Congelación super.

Zaparradapean

Iratxe Goikoetxea Langarika

Aurreko post batean, Bego Montoriok harridura agertu zuen El País egunkariko irakurlearen defendatzaileak itzulpenaz jardun zuelako. Hedabideetan, itzulpena eguneroko kontua da, eta are gehiago euskaraz diharduten kazetarien lanean. Albistegietan, era guztietako itzulpenak egin behar izaten dira, sarritan di-da, eta beste hainbatetan hausnartuta; batzuetan kontzeptuak euskaratu behar ditugu, esaldi osoak noizbehinka.

Zuzentzaileok galdera zaparrada batez bonbardatzen gaituzte: Nola esaten dugu «agencia inmobiliaria»? Zelan da «aportaciones financieras subordinadas de Eroski»? Eta «preferentista»? Rubalcabak esan du kupoa «revisable» izan daitekeela; nola esango dugu hori? Hirietarako «más habitable» kontzeptua, zelan da? Eta «discapacidad motora»? Eta «puño americano»?

Aspaldi honetan itaundu dizkiguten kontzeptuetako batzuk dira. Adjektibodunak asko.

Har dezagun lehenengoa, «agencia inmobiliaria». Arazorik ez: etxebizitza agentzia. Antzeko hautua egin dute nolaerran hiztegian, «immobilier» hitzaren ordainetan etxe- proposatuta: etxe agentzia, etxeen merkatuaHigiezin aukera ere jasota dago, zuzenbide arlorako.

Bigarrena: Eroskiren menpeko finantza ekarpenak? Barkatu, Eroskiren mendeko finantza ekarpenak? Baina ekarpenok ez daude Eroskiren edo dena delako enpresaren mende. «Subordinado» hori kategoriari ei dagokio[1]. Beraz, hiztegiei ez ikusi egin, eta finantza ekarpen subordinatu esaten dugu. Bide batez, ez ote zaio eremu zabalegia eman mendekotasun hitzari? Dependentzia ere ageri da Hiztegi Batuan.

Hirugarrenean, luzera da arazo: lehentasunezko akzioak edo lehentasunezko partaidetza esaten dugu. Eta akzioen jabeak akziodunak dira. Baina lehentasunezko akziodunak esanda, akziodunek eurek dutela lehentasuna ematen da aditzera. Idatzietan lekuz estu gabiltzanean, zilegi ote da preferentista erabiltzea, mileurista darabilgun bezala?

Laugarren galdera: «revisable». Rubalcabak kupoaz adierazitakoa erraz konpontzekoa da kupoa berrikusi daitekeela esanda. Gaitzagoa da ordaina ematea termino baten parte denean, PPk proposatutako «cadena perpetua revisable» kontzeptuan legez. Berrikusgarria esan liteke, baina -garri atzizkidun adjektiboek arazoa sortzen digute askotan, beste adiera batzuk nagusitu direlako. Hor dago ikusgarri (=ikustekoa, miresgarria), eta hor dago bizigarri[2] (=bizia ematen duena, pizgarria). Eta hor dago urteetako eztabaida ere: istripu hilgarri erabiltzekoa da?


[1] Deuda subordinada ere esaten zaio, eta berdin ingelesez. Esanahia argi adierazita dago onelook hiztegian.

[2] Hiztun arruntontzat arrunta ez bada ere, bizigarritasun kontzeptua errotuta dago arkitektura eta urbanismoari lotuta.

Toponimiarekin lotutako hainbat bitxikeria

Koro Garmendia Iartza

Geografian zertxobait sakonduz gero, bitxikeria politak topa ditzakegu toponimiari dagokionez, hala urrutiko lurretan nola atarian bertan. Izendapenen nondik norakoan murgiltzean, berezitasun askoren erroa hizkuntza batetik besterako jauzia egitean dagoela ikus genezake. Bidaia dezagun, apur batean, munduan zehar.

Goazen, lehenik eta behin, Hornos lurmuturrera. Pentsatu al duzue inoiz zergatik jaso zuen eremuak halako izena? Labeekin edo beroarekin nolabaiteko zerikusia duelako, beharbada? Harrigarri samarra, ordea, duen kokapenari erreparatuz gero, Txile hegoaldean baitago. Bero handirik ez, beraz, inguru hartan. Nolatan, orduan, Hornos hori? Bada, Willem Cornelis Schouten esploratzaile holandarrak, 1616an, lurmuturra aurkitu berri zuenean, jaioterriaren izenaz bataiatzea erabaki zuen: Hoorn, alegia. Gerora, bukaerako bokaletako bat galdu, eta Horn bihurtu zen. Ingelesez, Cape Horn; frantsesez, Cap Horn; italieraz, Capo Horn; gaztelaniaz, Cabo de Hornos; euskaraz, Hornos lurmuturra.

Mugi gaitezen, orain, Yucatán penintsulara. Ba al zenekiten izenak gaizki-ulertu batean duela jatorria? Bertsioetako batek dioenez, esploratzaile hispaniar bat indigena bati zuzendu zitzaion, eskualdea nola deitzen zen galdezka, eta Ma’anaatik ka t’ann jaso zuen erantzun modura; hots, maia hizkuntzan, «ez dut ulertzen». Hitz horietatik, Yucatán moduko zerbait harrapatu zuen, nonbait, hispaniarrak, eta horrela finkatu zuten lurraldearen izen berria.

Honuntzago etorrita, nahasgarria izan daiteke, halaber, Mantxako kanalaren izena. Zer-nolako lotura ote du Mantxa eskualdearekin? Toponimian arakatu behar da kasu horretan ere, benetako zentzuaz jabetzeko. Frantsesek La Manche izendatu zuten. Manche hitzak, frantsesez, besteak beste mahuka adierazten du, eta halakoa da, hain zuzen ere, kanala: luzea eta estua. Manche hori Mancha modura itzuli zuten gaztelaniara, eta Mantxa euskarara. Jatorrizko zentzuari begiratuz gero, nolanahi ere, egokiagoak izango ziren Canal de la Manga eta Mahukaren kanala.

Hurbilera etorrita, Nafarroan, Irurtzun aldean den pasabideak, Bi haizpe du euskara izena; gaztelaniaz, berriz, Paso de las Dos Hermanas. Gaztelaniazko izendapena euskarazko izenaren gaizki-ulertuaren ondorioz sortu zen, bi haitz beharrean, bi ahizpa ulertuta. Ez da aldrebeskeria handiegia gaztelaniaz duen izena, haitz biak elkarren ondoan baitaude, eta zinez baitira elkarren antzeko; hala ere, ez da, inondik ere, euskaraz duen izendapenaren baliokidea.

Buka dezagun Donostian; zehazki, itsasertzeko Loretopean. Gaztelaniaz, Pico del Loro deitzen dute, nahiz eta lororik behintzat ez den han inoiz izan; bai, ordea, Loretoko Ama Birjinari eskainitako ermitatxo bat, gaur egun Miramar jauregia denaren lorategian. Horregatik, Loretopea izena zuen bi hondartzak bereizten dituen harkaitzak. Pentsa zer ulertzen zuten euskara ez zekitenek gaztelaniaz halako izena emateko…

Irakurleen kexak

Bego Montorio Uribarren

Ombudsman, médiateur, provedor dos leitores, amigo/defensor del lector…, horra zenbait izen, figura bera izendatzeko: komunikabide batean, irakurleen iritziak zein kexak jaso eta bideratzeko ardura duen pertsona. Ez da oso kargu zabaldua (2005eko datuen arabera, mundu osoan 80 zeuden: horien erdiak Estatu Batuetan), alabaina, gero eta ugariagoak dira hedabide handienetan.

Erraturik ez banago, Espainian, El País egunkarikoa izan zen lehena, eta horren azken artikuluak, Traducciones erróneas, eman dit berbabidea.

Aitortuko dut pixka bat harritu nintzela Irakurleen defendatzailearen txokoan itzulpenaz jarduten zutela ikusita, normalean bestelako gaiak izan ohi direlako irakurleen kexen sortzaile: informazio ez guztiz zuzenak, titularren ezaugarriak, hizkera edo esamolde iraingarriak…; etenpuntu horietan, gai askoz gehiago sartzen dira, baina gutxitan itzulpena (El Paísen, 2012ko urtarriletik hona, oraingo hau lehena).

Eta, harritzeaz batera, poztu ere egin nintzen, Tomàs Delclós-ek artikuluan jasotzen dituen kritikek argi uzten dutelako irakurleak, irakurle batzuk bederen, ohartu egiten direla berriak nola dauden idatzita, eta, denok erabiltzaile-kontsumitzaile bilakatu garen garai honetan, euren eskubidetzat jotzen dutela informazio egiazkoa ez ezik ondo idatzitakoa jasotzea. Ez al da akuilu polita hizkuntzarekin lan egiten dugunontzat?

Artikuluak beste hau berresteko aukera ere eman dit: ez gara uste bezain bereziak; labur eta zakar samar esanda. Azaltzen zaizkigun arazoak geure-geureak direla pentsatu arren, euskaldunak ez direnek ere horien oso antzeko kezkei erantzun behar dizkiete; esaterako, nola idatzi behar da Al-Qaeda?, noiz-nola-noraino erabili behar dira ingelesezko kalkoak? (beti dago norbera baino handiagoa den norbait, norbera baino boteretsuagoa), zertan laguntzen dute eta zertan dira traba?… Ez da kontu berria: han eta hemen, txakurrak ortozik.

Eta, itzulpena egunero edonon agertzen zaigunez, kirol orrietako itzulpen oker bat ere jasotzen du Delclósek. Nonbait, Cristiano Ronaldo futbolariak foda-se! oihu egin zuen gol bat sartu eta gero, beste jokalari batzuei begira. Eta Espainiako kazetari batek interpretatu zuen –nork esan behar zion hari portugesaren adierazkortasuna izango zuela kezkagai!– espainolezko ¡jódete! esamoldearen parekoa zela. Bada, ez! Portugesezko esaerak ez du batere irain asmorik, horretarako vai-te foder, vai para o caralho… erabiltzen dute-eta. Foda-se! horren esanahia, berriz, gertuago legoke euskarazko hau dun/k hau! edo tankera horretakoetatik. Esan gabe doa guztiz ulergarria dela kazetaria lagun aizun horien tranpan jaustea; jakin nahiko nuke, ordea, zertzuk esan zituzten Cristianoren kontura egun haietako kirol tertulia eta artikuluetan, itzulpen okerra oinarri.

Azaldu dudan horretatik, ondorio bat behintzat atera dut, zaharra bezain ezaguna izan arren beti gogoan eduki beharrekoa, nire iritziz: gure testuen irakurleek –berariazko defendatzailea izan ala ez– merezi dute albait gehien saia gaitezen. Eta merezi dute kontuan har ditzagun, haientzat sortzen baititugu testuok.

Fest (eta, bidenabar, profezia bat)

Iñaki Segurola

Ez dakit ohartu zareten, baina dena da orain fest. Gure eskualde urola-kostatar honetatik irten gabe, urte batzuk badaramatza Zarautzen «Udaberri fest» izenekoak. Zestoan «Patana fest» asmatu dute orain. Azpeitian «Triku festie» egiten zen lehen; gaztetxekoek ere zerbeza festie jarri dute oraintsu. Baina joera ez da hori. Joera da fest han eta fest hemen. «Larrabetzu fest» ere ikusi dut; Donostian egin duten Aniztasunaren aldeko ekitaldi koloretsu batean ere gauza ez da anitz aldatu: hura ere fest, eta dena holaxe, gezur-aniztasun ederrenean.

Eta nik uste nuen gure euskara ñañotu honek bazuela festa-girorako adur berezi bat; gainezka zituela hitzak edo hitz-zatiak besteri emateko ere: gaupasa, bestondo, marijaia, tobera, jazzaldi… eta beste.

Fest hori behar dugu gaur nahitaez ahoak eta begiak betetzeko. Nere irudipena da ingelesez ere ez dela hainbeste ikusten fest hori, eta festival bera dela gehiago erabiltzen nonahi. Alemanetik ez dut uste sartu zaigunik, eta beraz pentsatu beharko dut anglo-jendeak baino anglo-itxura haundiagoa eman arteko onik ez dugula. Euskara hutsa horixe baita: hutsa, putza eta motza. Erdara hutsa ez bezala; zenbait erdara haundi ez bezala.

Ingelesa ari da gailentzen hemen ezin esanezko martxan. Musika izan zen aurrena; gero anglo-izenak jartzea etorri zen, kastillanoen aldetik gehienbat: Jonathan, Christian, Starlight eta holakoak. (Sudakerrian areagokoak dira, eta ikara emateko moduko izenez bataiatzen dituzte haurtxo errugabeak: Onedollar, Usarmy eta holako! Patxamamak barkatuko ahal die!). Euskaldun jendea ere hasia dago nere inguruan umeei Lian eta horrelakoak jartzen.

Orain hizkuntza bera da sartzen hasi dena: hezkuntzatik, denda eta taberna berrien izenetatik eta abar. Eta ez dira izenak bakarrik: ikusiak gaude, oraingoz hiriburuetan bakarrik, den-dena, ordutegia barne, ingelesez jarria daukaten dendak.

Sintomak gero-eta argiagoak dira, eta hemen dator nere gaurko profezia, zinez, bihotzez eta bihozminez botea: hemendik 300 bat urtera Penintsula gurean ingelesa hitzegingo da erabat. (Hexagonoaz deus esaten ez naiz ausartzen oraingoz.)

Euskarak ez dut uste iraungo duenik, baina gaztelaniak eta portugesak ere ez. Eta kontuz: hau ez da boutade bat; hau bene-benetan diot.

Katalanarekin ditut dudak: eutsi-behar horretan zailduagoak daude katalan asko eta asko; katalan elebakarrak izan nahi dutenak ere ezagutu ditut bat baino gehiago. Eta bai: badakit elebakar izan nahi hori oso gaizki ikusia dagoela jende ongi heziaren artean, baina ni ez naiz ari ez onesten eta ez gaitzesten; gauzak nola diren esaten ari naiz, zer bide daramaten, eta nolatsu bukatuko duten, nere ustez, hiru menderen buruan.

(Halaz guztiz, aitor dezadan: euskarazko elebakartasun irreal bat praktikatzeko grinak harrapatzen nau tarteka, beste grina irreal batzuek ere harrapatzen nauten bezala, besteipe edo gehixauko barik.)

Bukatzeko, gertakari bat, benetakoa, «jazorikua», Kirikiñok esan ohi zuen moduan. Banoa Donostiako Bulebarrean barrena eta horra non suertatu zaizkidan parean sindikatu bateko kideak sinadura eske. Etorri zait haietako bat, eta esaten dit, hitzez hitz: «¿sabes algo de castellano?» (Donostiako berri ez dakienarentzat: turistak ibiltzen dira asko hiritxo horretan; nere berri ez dakienarentzat: ez omen daukat «hemengotar» itxura haundirik.) «¿Sabes algo de castellano?», beraz («kastillanoz pixkat ba al dakik?») «Una miqueta», erantzungo niokeen gustura, edo «xeoxe bazekiñet», edo «algo ya sabo», edo… zerbait irreala, baina ez: baietz erantzun nion («sí»), zintzoki eta errealistaki. Hemendik pare bat mendetara «a little» erantzungo du jende askok sasi-profeta honen ustez.

Azken oharra: profezia bat uste bat da, eta usteak erdia ustela izan ohi du, baina kontuz: beste erdia ez.