Errekeitu gaixtoan

Iñaki Iñurrieta Labaien

«Ondo da» huts batez erantzun nion 31 Eskutiken emailari joan den astean, aurki post hau bidaltzea tokatzen zitzaidala gogorarazi zidanean. Errazegi. Errazegi erantzun nuen «ondo da», zertaz eta zer idatzi erabakita neukalakoan. Oihenarten olerki bateko «errekeitu gaixtoan» esamoldeaz jardun nahi nuen.

Errekeitu gaixtoan, halaxe ageri da poeta olerki batean, maiteminak jota maitearen erantzunaren bila, zain:

Gero zuzaz / zeinen luzaz / ukaturik nagoan, / eta halaz / hambat alaz! / errekeitu gaixtoan.

(«Gero ere zeinen luzaz nagoen zuk ukaturik, eta hala, ai!, honen harrera gaiztoan» dio orri barreneko oharrak Larresorok apailatutako 1971ko argitalpenean. Baita beste hau ere: «Errekeitu gaixtoan = mauvais traitement (Lafon) »).

Zoragarria iruditzen zitzaidan «errekeitu gaixtoan» hori. Etxepareren «amorez errekeritzia» olerkiko errekeritze hitzaren erro bereko jotzen nuen Oihenarten errekeitu, nahiz eta Larresorok ematen dion esanahiak, «honen harrera gaiztoan», eta Lafonenak, «mauvais traitement», beste interpretazioren baten zantzuak erakutsi. Hala, errekeitu gaixtoan, hots, maite eske, nahi zuena lortu ezinik, eskale mindu baten egoera eskasean imajinatzen nuen poeta, Margarita izeneko andre eder baten ukoa jasota.

Etxepareren hitz erdal kutsukotik Oihenarten esamolde jator adierazkorrerako jauzia iruditzen zitzaidan harrigarria. Argi ageri zen hor, egiten nuen, nolatan naturaldu daitekeen hitz edo esamolde bat, arrotz izatetik zaharrenek darabilten modismoa izateraino.

Oso esamolde adierazkorra iruditzen zitzaidan, bestalde, gaur egun eta poesiatik kanpo erabiltzeko ere. Errekeitu gaixtoan dabil nahi eta ezinean, zerbaitekin burutu ezinik dabilena.

Hori guztia azaltzeko asmotan jo nuen hiztegietara, errekeritu eta errekeitu hitzez zer dakarten ikusteko eta hango bermea eta adibideak hartzeko.

Alferrik bilatuko duzu errekeritu hitza Hiztegi Batuan, Elhuyarren, Senezen, Euskaltermen. Bai, ordea, Harluxet-en: (Ipar.) (zah.) 1. Hertsatuki eskatu. 2. ZUZ. Errekerimendua egin.

Orotarikoan badator, jakina. Etxeparegandik aurrera, XIX. mendearen hondarrera arte, iparraldeko hainbat eta hainbat idazlek erabili dute; hegoaldean, berriz, Lazarragak eta beste bakanen batek.

Nolatan hauta zezakeen Etxeparek errekeritu erdal kutsukoa, eskatu eta galdatu jatorragoak hor izanda?, Poesia-tradizioagatik, ziur asko. Mende batzuk lehenago, Okzitania osoan nagusitu zen trobadore proventzarren poesian hasten den sokan etorritako hitza dateke errekeritu. Harluxet-ek bereizten dion adiera tekniko juridikoak erakutsiko luke hori. Izan ere, XII.-XIII. mendeetan nagusitu zen hizkuntza poetikoa, proventzar trobadoreena, halako terminoz josita zegoen; feudalismoan jopuen eta jaunen arteko harremanak adierazteko erabiltzen zen lexikoa pasatu zen trobadorearen (jopuarena eginez) eta damaren (jaunaren) arteko maite-harremanak adieraztera. Eredu hori, Okzitania osora ez ezik, Italia, Katalunia, Gaztela eta hainbat lekutara hedatu zen. Eta ereduarekin, lexikoa ere bai noski. Requerimiento, requisitoria, requisitoire hitzek erabilera juridikoa dute gaur egun ere; hor ditugu, bestalde, recuesta (de amor, amorosa), eta haren pareko  frantsesa, requête, idatzizko nahiz ahozko auzi eskea esan nahi duena.

Orotarikoan berme bila hasi nintzenean, ordea, dena pikutara. Errekeitu hitzari bi jatorri ematen dizkio OHEk, bi hitz desberdinetara bideratzen du: errekaitu eta errekeritu. Oso esanahi desberdinekoak; izena bat, aditza bigarrena. Nik errekeritu nahi eta hara jo nuen lehenik, baina ez nuen aurkitu Oihenarten errekeitu gaixtoaren aztarrenik. Bai, ordea, bestean, zeinak oso bestelako esanahia baitu: «cuidado, atención, remedio, medicina, provisión». Esanahi hori ematen dio Orotarikoak. Esanahi hori eman zioten, berandu ulertu nuen, Larresorok eta Lafonek ere, batak «harrera gaiztoa» eta besteak «mauvais traitement» itzuli zutenean.

Eta halaxe geratu nintzen, post hau idatzi behar eta esku hutsik bat-batean, Orotarikoan behaztopa eginik, errekeitu gaixtoan.

Idazleak, itzultzaileak eta hizkuntza kanonak

Koldo Biguri Otxoa de Eribe

Idazletza eta itzulpengintzari buruzko gogoetatxo batzuk ekarri nahi ditut oraingoan, Manu Lopez Gaseniren Autoitzulpengintza euskal haur eta gazte literaturan[i] deritzan lanean oinarrituta, batak eta besteak duten harreraren ikuspegitik, nolabait esanda, bete-betean uste baitut oso harrera desberdina izaten dutela gure artean, zentzu batean behintzat: itzulpenaren aurrean, bai itzultzaileen aldetik bai itzulpenaren hartzaileen aldetik ere, dagoen zorroztasuna kamustuago ageri dela literatura idazletzaren kasuan, nire ustez.

Manu Lopezek autoitzulpena ikertzen du lan horretan, nahiko ugaria baita euskaratik erdararako itzulpenen kasuan; eta, zehazki, idazle autoitzultzaileek beren lanean egiten duten «manipulazioa» aztertzen du, esanez «literatura periferikoetako itzulpenetan ohi baino `manipulazio’ gehiago gertatzen direla»[ii]. Manipulazio hori, labur esanda, testuak berridaztean datza, horretarako jatorrizko laneko hainbat pasarte aldatuz, kenduz edo zabalduz, sintaxia, lexikoa eta estiloa bera ere aldatzeraino.

Itzultzaileon baitan badirudi autoitzulpena ez dagoela oso begi onez ikusita, nolabait guk hartu ezineko pribilegio bat balitz bezala, ukitu ezineko fruitua; kopeta zimurtuz (ala bekaitzez eta ondamuz?) ikusten ditugu idazleek beren lanak itzultzerakoan hartzen dituzten «askatasunak», itzultzaileon deontologian horrelakoak ez baitira onargarri, berehala leporatzen dizutelako ditxosozko «traditore» topiko zarpaila.

Ekarpen honetan, ordea, ez zait interesatzen borrokaleku hori; bai, aldiz, gure idazle autoitzultzaileek erabiltzen dituzten (bego esana, zilegizko) teknikak ikusirik, alde horren ifrentzura nahi nuke joan; alegia, kritikatzera nolako eskuzabaltasuna iruditzen zaidan dagoela «jatorrizko» euskarazko literaturako hainbat fenomenorekiko, bai idazleen beraien aldetik beren buruarekiko, eta baita hartzaileen aldetik ere.

Har dezagun, adibidez, autozentsuraren fenomenoa; konpara ditzagun ondoko testuak, euskarazko jatorrizkoa eta haren autoitzulpena, Lopez Gaseniren lanean jasoak, M. A. Landaren Nire eskua zurean liburutik:

Txao! entzuten diodan bakoitzean ostiko bat emango nioke, ostiko bat barrabiletan. Baina gaur ez.

Cada vez que se lo oigo le pisaría un callo, pero hoy no.

Adibideak adibide besterik ez dira eta inork ez dezala pentsa bereziki autore honen kontra edo, orokortuz, euskal idazleen kontra ari naizenik hemen (minberatasunaren atalasea oso behean izaten dute askok, izan ere): itzulpenari eta idazletzari buruzko gogoeta besterik ez zait interesatzen; eta kasu honetan gogoetagaia galdera batean laburbiltzen da: zergatik idazleari bere lana erdaraz jartzean gaizki iruditu zaiona ez zaio gaizki iruditu euskaraz? Zentsura edo autozentsura kasu ergel samar honek nolabait erakusten digu neurri edo sentiberatasun desberdinak dituztela idazle autoitzultzaile horiek hizkuntza batean eta bestean eta, oro har, badirudi euskarazko testuekiko dutena dexente laxagoa dela.

Eta, itxura batean, gauza bera gertatzen zaigu euskal irakurleoi ere, Manu Lopezen arabera. Alegia, Manuk Touryren liburu batetik[iii] ateratako «onargarritasun» kontzeptua harturik eta haren liburuko ondorioetara etorrita, badirudi neurri desberdina onartu duela gure literatura sistemak, onargarritasunari dagokionez, jatorrizko euskarazko testuentzat eta euskaratutako testuentzat. Bi kanon, hala nahiago baduzue.

Eta hor kezkagarri iruditzen zaidana ez da itzulpenerako neurri hori zorrotzegia izatea, ezpada laxaegia izatea jatorrizko euskarazko testuentzat, bai hartzaileen aldetik eta baita idazleen beren aldetik ere (hori «zilegi» izan arren, jada esan dudan bezala). Ez baitut uste, zilegia zilegi, seinale ona denik gure hizkuntzaren eta gure literaturaren «osasuna»ren ikuspegitik.


[i] Utriusque Vasconiae, 2005.

[ii] íb., 10. orria.

[iii] In Search of a Theory of Translation, 1980.

Isotopo erradioaktiboek erdibizitza luzea dute

Igone Zabala Unzalu

31 eskutik blogaren bigarren urteko ibilbideari hasiera ematea egokitu zait oraingoan. Abiapuntu egokiaren bila, labur aritzea ezarri nahi izan diot nire buruari, eta aspaldian iruzkin labur baterako apuntatuta nuen erdibizitza terminoaz aritzea pentsatu dut. Behin baino gehiagotan egin dut topo termino horrekin gainbegiratzeko heldu zaizkidan testuetan edota termino-zerrendetan, eta begi-bistakoa iruditu zait txarto osatuta dagoela. Hala ere, hiztegietara eta corpusetara jo eta han aurkitu dut erdibizitza behin eta berriro, half-life terminoaren ordain modura. Hiztegi-sorkuntzarako bideez dudan ezagutzak edota intuizioak eskatuko lidakeen bizitza-erdi formaren arrastorik ez, ordea, inon ere ez. Hasiera batean Fisika Nuklearraren alorreko terminoa zela uste nuen, baina beste alor askotan ere aurkitu dut, adibidez, Kimika Fisikoan, Meteorologian, Biokimikan eta Farmakologian: erabilera zabaleko terminoa da. Paragrafo pare batean garbitzeko gaia zelakoan nengoen, baina nire argudio-ildoa garatzen hasi bezain laster konturatu naiz labur aritzearena zaila izango zela eta, gainera, gaia ez nuela agortuko artikulu bakar batean.

Jakina da duela hogeita hamar urte baino gehiago unibertsitatean euskara akademikoari buruz eskaintzen diren irakasgai eta ikastaroetan pisu handia dutela hiztegi-sorkuntzari buruzko gaiek, euskararen normalizazio prozesuan hiztegia aberastea eta eguneratzea funtsezko prozesuak direlako baina, era berean, hiztegi-sorkuntzarako bideen inguruko intuizio txikia izan ohi dutelako hiztunek: sintaxiaren eraketa-arauak etengabe baliatzen ditugu edozein hizkuntza erabiltzen dugunean, baina hiztegi-sorkuntza oso gutxitan da hiztunen jarduera indibiduala. Euskararen hiztegi-sorkuntzan funtsezko gaietako bat da, hain zuzen, erdal aurrizki bakarrarekin lotuta euskarak eskatzen dituen egitura eta hurrenkera desberdinena. Izan ere, maiz gertatzen da erdal aurrizki bakar batek euskaraz hitz desberdinetan egitura desberdineko ordainak behar izatea. Adibidez, prejuicio eta prehistoria  hitzek aurreiritzi eta historiaurre ordainak behar dituzte. Joera horren arrazoiek oinarri sendoa dute latinetiko hizkuntzak eta euskara kontuan hartzen dituzten morfologia-azterketa kontrastiboetan: pre- bezalako erdal aurrizkiak hitzaren modifikatzaileak dira batzuetan eta, beste batzuetan aldiz, hitzaren buruak. Adibidez, prejuicio esaten zaio behar diren datuak izan aurretik egiten den «juicio»ari, baina prehistoria deritzo historiaren aurreko «garaiari». Beraz, lehen hitzean modifikatzailea dugu pre– aurrizkia eta, bigarrenean aldiz, burua. Euskara, latinetiko hizkuntzak ez bezala, «burua azken» hizkuntza denez, eta hitz-eraketan modifikatzaileak ezkerrean joan ohi direnez, aurre izena eskuinean doa hitzaren burua denean (historiaurre) eta ezkerrean, aldiz, mofikatzailea denean (aurreiritzi). Nolakoak dira, baina, half-life / semivida / demi-vie  hitz konplexuak? Zirkuluerdi eta eguerdi bezalakoak dira? Ala erdibide, erdigune, erdiuharte bezalakoak al dira?

Hizpide dudan terminoarekin lotuta dagoen kontzeptuaren bila, Wikipediara jo, eta definizio hau aurkitu dut:

Half-life (t½) is the time required for a quantity to fall to half its value as measured at the beginning of the time period. In physics, it is typically used to describe a property of radioactive decay, but may be used to describe any quantity which follows an exponential decay.

Elhuyarren ZT Hiztegi Entziklopedikoak Fisikaren alorrean kokatzen du definizioa. Bestalde, batez besteko bizitza ‘mean life, average life’ terminoak bestelakoa den kontzeptura garamatzala ere ikus dezakegu hiztegi horretan:

erdibizitza
1. Fis. Substantzia erradioaktibo baten atomoen erdiak desintegratzeko behar den denbora.
Ikurra T1/2

batez besteko bizitza
1. Fis./Kim.Substantzia erradioaktibo baten atomoak desintegratzeko batez beste behar den denbora. Erdibizitza baino 1,4142 aldiz handiagoa da.

Erdi izenak askotariko egiturak osatzen ditu, sintagma-egitura analitikoetatik hasi (1) eta lexikalizatutako hitz bakarreko egituretaraino (2); modifikatzaile modura jokatzen duen egituretatik hasi  (1a, 2a) eta buru modura jokatzen duen egituretaraino (1b, 2b).

(1)
a. Erdiko etxea erosi du.
b. Etxearen erdia konpondu du.

(2)
a. Arabiako erdiuharteari bira ematea erabaki zuen.
b. Zirkuluerdi bat marraztu du.

Egitura horiei erdi izenak bi eratako ekarpen semantikoak egiten dizkie: ‘kokapena’  (3) edo ‘kuantifikazioa’ (4):

(3)
a. Kaleraren erdian / erdi-erdian dago.
b. Kale erdian dago.
c. Oihuka aritu da gau erdian.
d. Erdiko kalea da.
e. Aurreko / atzeko / erdiko garun-arteria
f. Ziklo horiek goi mailakoak nahiz erdi mailakoak dira.

(4)
a. Kalearen erdia garbitu du.
b. Egun erdi bat eman dut etxea garbitzen.
c. Eguerdia da.
d. Erdi ilun dago.
e. Material hori erdieroalea da.
f. Erdieginda dago. (Erdizka eginda)

Kokapeneko irakurketen artean bi mota bereiz daitezke. Batetik, objektu, leku edo denbora-tarte baten barruko kokapena dago (3 a-c) eta, bestetik, objektu baten antzeko objektuekiko kokapen erlatiboa (3d-f). Kuantifikazio-irakurketen artean, aldiz, ‘zatiki- irakurketa’ (4 a-c) eta ‘eskala-irakurketa’ (eskalarra) ditugu (4 d-f). Zatiki-irakurketa gertatzen da erdi laguntzen duen izenaren eskuinean kokatzen denean: kalearen erdia / herena / laurdena… Eskala-irakurketa dagoela diogu, aldiz, hizkuntza-elementu bat interpretatzerakoan elementu horren ezaugarri bat (kopurua edo nolakotasuna) eskala batean kokatzen dugunean. Adibidez, erdi ilun interpretatzen dugunean, argi > apur bat ilun > erdi ilun > oso ilun > erabat ilun moduko eskala batean kokatzen dugu. Era berean, erdieroale edo erdiuharte interpretatzen ditugunean, «eroaletasunaren» edo «uhartetasunaren» eskalan gorago dauden elementuen azpian kokatzen ditugu erdi daramaten horiek.  Euskaraz badirudi oro har eskala-irakurketa gertatzen dela erdi ezkerrean kokatzen denean.

Erdibizitza terminora bueltatuz, azterketa semantikoak ‘kokapena’ alde batera (edo beste baterako agian) uztera eta ‘kuantifikazioaren’ eremura narama. Euskalterm datu-basean erdi osagaidun terminoen artean kuantifikazio-esanahia daramatenak aztertuta, badirudi termino-sorkuntzan ere, salbuespen batzuk alde batera utzita, erdi eskuinean ageri dela zatiki-irakurketa dagoenean eta ezkerrean eskala-irakurketa dagoenean. (Ikus taula.)

Beste hizkuntza batzuei erreparatuta, taulan bildu ditugun terminoetan behintzat, gaztelaniaz semi- aurrizkia bai zatiki-irakurketa duten terminoetan bai eta eskala-irakurketa dutenetan ageri da eta, media eta mitad aldiz, bakarrik zatiki-irakurketa dutenetan. Ingeleseko eta frantseseko half eta demi/mi elementuak bi irakurketa motekin lotuta ageri dira, baina semi- aurrizkia ere erabiltzen da zenbaitetan hizkuntza horietan.

Euskaltermen bi jakintza-alorretan ageri da erdibizitza terminoa: Ingurumena eta Fisika. Baina, lehenago aipatu dudanez, beste alor askotan ere erabiltzen den terminoa da. Definizioak beti dira antzekoak: «zerbaiten kantitatea erdira jaisteko behar den denbora». Hortaz, «zerbait» hori guztia desagertzeko behar den denbora guztia «zerbait» horren «bizitza» dateke, eta hizpide dudan terminoaren bidez adierazten dena «bizitza» horren zatiki bat. Ez dirudi inola ere terminoak «bizitza» ezaugarriaren araberako eskala bateko interpretaziora eramaten gaituen esanahia duenik. Beste hitz batzuetan esanda, half-life edo semivida hori ez da bizitzaren ezaugarri guztiak izatera heltzen ez den gutxi gorabeherako bizitza bat edo horrelako zerbait. Nire argudio-ildoa zuzena bada, beraz, bizitza-erdi beharko luke. Ingeleseko eta frantseseko ordainetan bi sinonimo eskaintzen ditu Euskaltermek: half-life, half-life period / période de demi-vie, demi-vie. Gaztelaniarako, aldiz, semivida ordaina baino ez du ematen, baina Interneten hemivida eta vida mitad sinonimoak ere aurkitu ditut. Ordain horiek ere nire argudio-ildoarekin bat datozela deritzot, eta bizitza-erdi formaren alde egin lezakete.

Ezin aipatu gabe utzi Euskaltermek erdibizitza terminoaren erdisinonimo modura ematen duen erdidesintegrazio-periodo forma. Euskararen sistema deskribatu dudan modukoa bada, erdidesintegrazio hitza dagoke zuzen osatuta. Izan ere, aditzetik abiatu beharko ginateke, eta erdidesintegratu aditzaren esanahia ez litzateke ‘erdia desintegratu’ (zatikia), ‘erdizka desintegratu’ (eskalarra) baizik. Horri gaineratu beharko litzaioke erdidesintegratu euskararen sistemaren barruan sortutako aditzari egun maileguak egokitzeko soilik erabiltzen den  –zio atzizkia gaineratuko geniokeela. Kasu honetan ere uste dut, terminoa euskaraz sortuz gero, desintegrazio-erdiko denbora edo horrelako zerbait beharko lukeela. Beste aukera bat litzateke, jakina, semidesintegrazio-periodo edo semidesintegrazio-denbora egitea mailegua zuzenean egokituz.

Artikulu hau bukatzeko, aipatuko dut Euskalterm kontsultatu dudanean deigarri gertatu zaidan duela gutxiko aldaketa bat. Izan ere, UZEIren 1991ko Hizkuntzalaritza Hiztegian jasota daude erdibokal eta erdikontsonante terminoak baina, duela gutxiko aldaketak direla medio, irristari (2011 urtea) eta kontsonanterdi (2013 urtea) aurkituko ditugu kontsulta une honetan eginez gero. Seguruenik kontzeptuen eta terminologiaren eboluzioarekin lotuta egongo da erdibokal > irristari aldaketa, eta ni ez naiz gauza ezer esateko horretaz, baina erdikontsonante > kontsonanterdi aldaketaren azpian arrazonamendu linguistikoak daudela pentsa liteke. Eskala-irakurketa ikusten dut nik semiconsonante terminoan eta ez zatiki-irakurketa eta, hori hala balitz, lehengo hiztegiko forma (erdikontsonante) litzateke zuzena eta ez oraingoa.

Oporrak

31 eskutik

Gehienoi bezala, blog honi ere etorri zaio oporrak hartzeko ordua. Bazuen premia! Ia urtebete pasa da hasi zenetik, eta, lagun askoren lanari esker, uzta ederra eman du. Dena dela, denok behar izaten dugu atseden pixka bat noizean behin, eta, beraz, ez da beste sarrerarik izango irailera arte.

Eta iraila iritsi bitartean, hilabete hauetan argitaratutako 272 testuak eskuragarri dituzue, irakurri gabekoak irakurtzeko, berrirakurtzeko eta, nahi izanez gero, iruzkinak egiteko.

Uda ona pasa.

Lo egiteko ezin bizi

Iñigo Aranbarri

Ikusteke neukan idatzita. Eta esan behar dut aurreneko aldiz entzun nuenean makurra neure belarria zela pentsatu nuela: «txikito, ez duk ondo aditu». Bai nahi. Entzun, irratiz hasi bainintzen entzuten astea joan eta astea etorri  harri eta makila uzten ninduen molde hura, izan «ikusteke dago nola bukatuko den partida Anoetan» zein «ikusteke dago zein izango den gaurko bileraren emaitza». Askotan, eta horrek zurtzen ninduen, euren lana jario zainduan egiten duten esatarien ahotan.

Ikusteke. Eta beti dago bat duela ondoan, gaztelerazko está por ver horren ordain. Alegia, etorkizuna begi puntan. Ikusteko ez esatearren beti. Kolore pixka bat emate aldera, zer arraio, aspergarria ere egiten da-eta beti-betiko erabilera etxekoa.

Bitxikeria, egosi nuen neure artean. Exotismoa gustatu eta erabiltzen hasi. Baina bide laburra du horrek, abixatuko diete, geldituko dute pitokeria. Bai zera.

Kontua da -teke okerra Pampako luma-landare horren gisara erraz hedatzen hasia dela eta ematen munduan fruitua. Eta hasieran irrati-esatarien molde berritzaile-nahi izan nahi zuenak, hartu dituela beste erredakzio batzuk, eta ikasgelak, eta irakasleenak, eta zer ez.

Orain ez da ikusteke soilik. Analogiak ondo funtzionatu izan du beti hizkuntzan, eta geroaldiaren bidean, egiteke ere ez zaigu gutxitan agertuko:

«PSOE asko egiteke». Halaxe eman zuen idatziz EITB.com-ek 2012ko abenduan ulertzen lanak dituen esaldia. Bideoa ikusten hasi eta ondo ulertzen da esatariarena: «Mucho PSOE por hacer». Politikan zeharo gustatu den moldea, nolanahi ere. Bila hasi, eta halaxe erabili izan baitu bai EAJk, bai EAk, bai Ezker Abertzaleak, bai Miserikordiko Madreak.

Eta egia bada ere kasu batzuetan egiteko dagoela diogunean egiteke dagoela ere adierazi nahi dugula, demagun automobil lantegian nahiz kopistegian:

— Zurea? Egiteko/Egiteke dago.

Gainontzean, ez zaigu erraz suertatuko alderantzizkoa, zerbait egiteke edo egin gabe esateko egiteko lasai erabili ahal izatea. Eta ezinezkoa egon aditza ez badu ondoan:

  • Lo egiteko ezin da bizi

Gainerako aditzekin, zer esan. Agian asmatu dugula, Guadalcanaleko eraso hartan bezala, ostera ere gure mezuak deszifraezin bihurtzea munduko espioi guztien begi-belarrietara:

  • Idatzia aprobatzeko ezin da ahozkoa egin
  • Gosaltzeko joaten naiz lanera
  • Lasai bizi daiteke hainbeste irabazteko

Idazle elebidunen pagotxa

Isabel Etxeberria Ramírez

Pasa den astean, uztailaren 22tik 24ra, literatur itzulpenaz gogoeta egin ahal izan genuen EHUren Uda Ikastaroetan, EIZIEk antolaturiko ikastaro batean: «Azkenaldian euskarara itzulitako literatura: bideak, joerak eta esperientziak». Asko eta askotarikoak entzun genituen han: iritziak, esperientziak, adostasunak eta desadostasunak, balorazioak, proposamenak… Ez da hau lekua han esandakoak laburbiltzeko, baina hiru egun haietako gogoeta izpiren bat behintzat ekarri nahi dugu hona. Informazio xeheagoa lortu nahi duenak elearazi blogaren eskutik lortu ahal izango du. Eskerrik asko, berriro ere, Danele eta Garazi.

Azken eguneko azken hitzaldian, Harkaitz Canok autoitzulpenaz eta berridazteko tentazioaz hitz egin zigun. Pantailaratu zizkigun lehen bi aipuek argi laburbildu zuten hitzaldiaren abiapuntua: alde handia dago idazleak idatzi uste duenaren eta benetan idatzi duenaren artean, eta itzulpenak alde hori argitara ekartzen du askotan. Aipuetako batean, Italo Calvinok ohikoa zuen ironiaz deskribatzen zuen egoera:

Cuando veo que no me han robado bien y que no han descubierto lo que había de secreto, me siento desilusionado. (…) es posible que el secreto no existiera si no se encontró.

Anjel Lertxundik, euskalduna baita, ohikoa dugun arrazoiaz esplikatzen du egoera:

En las lenguas en situación diglósica —y, lo que es peor, sucede también con sus escritores—, se produce a menudo un desfase cada vez mayor entre lo que se pretende decir y lo que en realidad se dice. Ello es debido al influjo que la lengua de contacto más poderosa esparce por los más recónditos rincones del débil.

Canok, jarraian, bere autoitzulpenen hainbat pasarte ekarri zizkigun adibide. Itzulpen eraldatuak, denak; jatorrizkoari zerbait gehitzen ziotenak, asko eta asko. Hasierako bi aipuetan iragarritakoaren froga gisa, striptease erabatekoan. Eta halako jokaerek zer efektu izaten duten ondorioztatu zuen segidan: inoiz autoitzulpena egin duen idazleak (eta, oro har, itzulia izango dela dakien orok, ziur aski) ez du harrezkero berdin idazten; idazten ari den testuak itzulpenean nola emango duen gogoan du une oro, eta alerta-egoera horrek eragina du haren idazkeran. Jakina, idazle elebakarrari ez zaio halakorik gertatzen. Akuilu hori falta du bere idazkera hobetzeko. Diglosia eta guzti, horra hor elebitasunaren beste abantaila bat.

Ikastaroko lehen egunean, euskaratu den eta euskaratu beharko litzatekeen kanonaz eztabaidan ari ginela, literatur itzulpenaren zereginetariko bat gogorarazi zigun, entzuleen artetik, Juan Garziak: ereduak ekartzea gurera. Kanpoan erabili diren moldeak, estiloak, baliabideak eta abar euskaraz ematea, gure idazkera eredu berriz hornitzeko. Zirkulua itxita uzten zuen, beraz, Harkaitz Canok. Euskarara itzultzeak gure idazkera aberasten laguntzen du; euskaratik itzultzeak, beste arrazoi eta bide batzuk direla medio, ere bai.

Barkatuko didazue, baina ezin diot tentazioari eutsi. Gaindimentsiona dezagun (pixka bat gehiago, posible bada) itzultzaileen egitekoa: gora itzulpena!, gora diglosia!

Zergatik ez du inork argi eta garbi esaten?

Juan Luis Zabala Artetxe

Zergatik ez du inork argi eta garbi esaten
euskara berarentzat «un puto engorro» dela,
traba petral nazkagarri bat;
nahiago lukeela
erosotasunagatik eta bakeagatik,
denon mesederako,
hala arazo praktikoz nola kulturalez

hiztun bizien mingainetatik,
hedabideetatik eta jardun akademiko orotatik
guztiz desagertua balego,
iraganeko erlikia aztergarri eta miresgarri
izatera murriztua behin eta betiko,
bizitza sozialetik erabat kanpo,
latinaren pare?

Zergatik esaten dute
zergatik esaten didate
pena handia dutela euskaraz ez jakiteagatik,
edo erdaraz hobeto moldatzen direlako?
Nola sinetsarazten diete
beren buruei begien bistako gezur hori?
Ez da logikoa pena hori,
ez da ulergarria, ez da sinesgarria.
Logikoa nazka da.
Enpatia pixka batez begiratu ingurura
eta berehala jabetzen naiz horretaz.
Nire hizkuntza «un puto engorro» da
inguruko gehienentzat,
eta, ondorioz, neuretzat ere bai
gero eta neurri handiagoan.

Kutxa beltza

miel a. elustondo

(Amos Oz-en The Black Box liburutik)

Eta zer oroitzapen duzu zuk, Alec? Azkena ikusi zenuenean zortzi urteko mutikoa zen, luzea, iharra, ilehoria, arto-zurtoinaren modukoa, orduak eta orduak aulki baten gainean jarririk isil-isilik egon ohi zena, zure idazmahaiaren kontra bermaturik, kontzentraturik, ekarri ohi zenizkion zeuk-egin-ezazu liburuxkak hartu eta baltsazko aireplano modeloak egiten zizkizuna… Haur arduratsua eta diziplinatua zen, lotsatia ia, nahiz eta ordurako ere umilazioak isilik eta kontrolaturiko erabakimenez gainditzeko gauza izan, zortzi urte izanagatik ere. Eta, bitartean, erloju-bonba genetikoa balitz bezala, Boaz hamasei urteko mutila egin da, sei oin luze da eta hazten ari da oraindik, mutil garraztua eta basa da, eta gorrotoak eta bakardadeak harrigarrizko indar fisikoa eman diote. Eta, gaur goizean, luzaro zain egon naizen gauza gertatu da azkenean: telefono-dei larri bat. Barnetegitik kanporatzea erabaki dute, emakumezko irakasle bati eraso diolako. Ez didate xehetasunik eman nahi izan.

Berehalaxe joan naiz, baina Boazek ez nau ikusi nahi izan. Helarazi didaten mezuaren arabera, berak «ez du puta horrekin ezer ikustekorik» nahi. Irakasleari buruz ari zen? Edo nitaz ari zen? Ez dakit. Kontua da ez diola berez inori «eraso»: gustu txarreko txantxa bat egin zuen, irakasleak belarrondokoa eman zion, eta Boazek bi itzuli zizkion, ordainetan. Nik erreguka eskatu diet eskola-kanporatzea atzeratu dezaten, beste zer edo zer aurkitu arte. Errukitu zaizkit eta  hamabost eguneko epea eman didate.

Michelek dio, nahi baldin badut, Boaz gurekin bizi litekeela (nahiz eta gu biok eta haurra gela bat eta erdian bizi garen, eta hipoteka ordaintzen ari garen oraindik). Baina nik bezain ongi dakizu Boazek ez duela halakorik onartuko. Mutil horrek nazka ematen dit. Eta zuri ere bai. Beraz, azkenean, zu eta biok zerbaitetan bat gatoz. Sentitzen dut.

Ez dago modurik beste eskola espezializatu batean har dezaten, halako polizia-fitxa eta baldintzapeko askatasunaren arduraduna aldean dituela. Zer egin ez dakidalako ari natzaizu idazten. Idazten ari natzaizu, irakurtzen ez baduzu ere, eta irakurtzen baduzu, erantzungo ez duzula jakin arren. Onen-onenean ere, zure abokatu Zakheim-i aginduko diozu eskutitz formal bat bidal diezadan, oroitaraziz bere bezeroak aitatasuna ukatzen duela oraindik, odol-testaren emaitza ez dela anbiguoa izaten, eta neu izan nintzela, zegokion garaian, zuntz testaren kontra egoskor egin zuena. Xake-mate.

Bide barrijak (eta III)

Gotzon Egia Goienetxea

Corpus elebidun edo eleaniztunen garapena, horra hizkuntza teknologien beste emaitza ikusgarri bat. Funtsean, itzultzaileek egindako lanari jakintza etekin bat ateratzeko tresnak dira corpus elebidun edo eleaniztunak: corpus paraleloak dira, bi zutabe edo gehiagotan antolatuak (hizkuntza kopuruen arabera), non testu multzo (edo segmentu) bakoitza aldameneko(ar)en itzulpena baita.

Hurbileko adibide batez argiago ikusiko duzue: Gipuzkoako Foru Aldundiak landutako itzulpenen datu basea. Izatez TMX formatu estandarra duten itzulpen memoriak (es<>eu), corpus lerrokatu edo paralelo baten formatuaz erakusten dira. Bilaketak egin daitezke, galdetutako terminoak jatorrizko dokumentuetan kokatuak ikus daitezke, eta —itzultzailearen ikuspegitik, erabilgarriena— itzulpen memoriak sortu eta norberaren ordenagailura esportatu daitezke. Kontuan izateko eragozpen bat du, dena dela: jatorrizko segmentuen datu pribatuak ezkutatuta daude, benetako datuen ordez  beti letra edo zenbaki berak ipinita.

Nazioarteko erakundeei lotuta sortu izan dira —ulergarria da— corpus eleaniztunak. Hiru adibide, ezagunen artean:

  • Vienna INternet Terminology And Reference System (VINTARS): Nazio Batuen termino, izenburu eta siglen itzulpenak gorde eta kudeatzeko on-line aplikazio bat da. Kontsultaren interfazea argiegia ez bada ere, erakundearen sei hizkuntza ofizialetan (en, fr, es, ru, cn, ar) eskaintzen ditu emaitzak.
  • JRC-Acquis Communautaire: Europako Batasunaren lege multzo osoaren corpusa da. Ez du on-line kontsultatzeko aukerarik ematen, baina corpusa osorik eskuratu daiteke, hizkuntza ofizial bakoitzaren arabera, edo hizkuntza horien konbinaketa guztien corpus elebidun paraleloak eskuratu daitezke.
  • Europako Parlamentuaren aktak: Acquis Communautaire-ren tankeran, corpus elebidun paraleloak eskura daitezke, nahiz ez dauden hizkuntza konbinazio guztiak.

Corpus elebidunak sortzeko beste begiratu bat da, norberaren baratzeko datuak eskaini ordez, testuak Internetetik ateratzea. Izan ere, sarean testu elebidun edo eleaniztun asko dago, profesionalek itzuliak. Testu masa erraldoi horiek eskuratu, lerrokatu (hizkuntza bakoitzeko segmentu baliokideak parez pare jarri) eta, teknologia eraginkorrak erabiliz, on-line bilatu eta ustiatzeko aukerak garabide indartsu eta azkarra ezagutzen ari dira. Open source munduan, saio eder bat sortu dute, OPUS… the open parallel corpus izenaz. Suediako unibertsitate baten laguntzaz, eta kode irekiko webguneen soiltasun erdi hippie batez, corpus multzo handi baten gainean bilaketak egiteko eta datuak eskuratzeko aukera asko eskaintzen ditu. Corpus ikaragarri batez ez izan arren, euskara ere eskaintzen du aukeren artean.

Testuak saretik eskuratzen ditu, baita ere, Linguee bilatzaileak, baina bilaketarako hiztegi indartsu batekin konbinatuta eta, batez ere, teknologia oso modu eraginkorrean erabilita. Bilatzaile itxura erabatekoa du, interfaze soil eta garbi batez. Jatorriz Alemanian sortua zenez, alemanetik abiatu zen, baina gaur egun ingelesa, frantsesa, gaztelania, eta portugesa eskaintzen ditu hizkuntza konbinazioetan. Hazkunde azkarra izaten ari da, 100 milioi inguru itzulpen unitate jasotzen baititu dagoenekoz, webgune profesionaletatik, EBren lege iturrietatik eta patenteetatik hartuak.

Amaitzeko, esparru profesionalez kanpo sortutako bitxikeria bat: Sopelako parroko Jose Antonio Pagolak homilien corpus bat eskaintzen du bere webgunean. Testuak bata bestearen atzetik ageri dira, soil, lerrokatu gabe, baina batzuk txineraz ere bai!

“Sud Pays Basque” nola da euskaraz?

Eneko Bidegain

Euskara hizkuntza ofiziala ez den lekuetan sortzen diren erakunde berri edo programei eman ohi zaien izena erdaraz izaten da. Ipar Euskal Herriaren kasuan, frantsesez. Erakunde edo programa horiek, maiz, siglak dakartzate berekin, gainera. Kontua da, gehienetan albiste iturri direla, publikoki aurkezten diren unetik aitzina. Euskarazko hedabideetan lanean ari diren kazetarientzat ez da buruhauste ttipia izaten. Nola itzul halako erakundea? Nola jarri euskaraz? Erabaki bat har daiteke, bakoitzak har dezake berea, baina nola adostu biharamuneko Berria-n, Euskal Irratietako albistegietan eta Kazeta.info webgunean izen bera erabiltzea?

Erabakia egunean berean hartu behar dute kazetari horiek, presaka, eta bakoitzak bere ordenagailuaren aurrean, elkarrekin adosturik edo elkarrekin aipatu gabe. Aski erraza denean, normalena da denek itzulpen bera proposatzea. Ez da beti hala, ordea. Dena den, ez dago astirik kazetari horien gainetik, erakunde horren euskarazko izena erabaki behar duten autoritateek erabakitzeko. Kasu honetan, Euskaltzaindia beti ibiliko da kazetarien gibeletik, Jean Haritxelharrek, euskaltzainburu zela, Egunkaria itxi ondoan eskaini zuen elkarrizketa batzuetan aitortu zuen bezala. Horregatik, kazetarien erantzukizuna biziki handia da.

Ados jartzea oraino ez da begi bistakoa. Berriaren estilo liburuak argi azaltzen du “Conseil Général” euskaraz “Kontseilu Nagusia” dela, eta ez “Kontseilu Orokorra”, Ipar Euskal Herrian oraindik hedabide eta jende anitzek erabiltzen duten bezala.

Arazoa sortu izan didan erakundeetariko bat da, Lapurdi Hegoaldeko hainbat herri biltzen dituen herri elkargoaren izena: Sud Pays Basque! Izendatze horrek berak, hautatu behar genuen itzulpenak bezala, izaera politiko agerikoa du. “Hego Euskal Herria”, frantsesez, “Pays Basque Sud” da. Ez ziren ausartu herri elkargo hori horrela bataiatzera, baina emaitza berdintsua da. Nola itzuli “Sud Pays Basque”? “Euskal Herri Hegoa”? “Euskal Herri Hegoaldea”?

“Sud Pays Basque” izena absurdua iruditzen zitzaigunez, beste bide bat hautatu genuen: “Hego Lapurdiko herri elkargoa”. Argi da ez dela hori erakundea sortu zutenen asmo politikoa, baina euskaraz “Hego Euskal Herria” edo “Euskal Herri Hegoa” deitzea ezinezkoa iruditzen zitzaigun. Joan den astean etxera heldu zitzaigun herri elkargo horren berripapera, bi hizkuntzetan. Eta hara non euskarazko izena ere baduen, orain, erakunde horrek. Ezetz asmatu zein izen eman dioten? Erantzuna klik honetan.