Deiturak

Eneko Bidegain

Gaur egun, eta beharbada azken hiruzpalau belaunaldietatik hona gutxienez, deituren edo abizenen ortografiak egonkorrak dira. Kasu ohikoena hartzeko, Etcheverry aitak Etcheverry abizena utziko die haurrei, aitatxik zuen bezala; eta Echeberri deiturarekin sortu zenaren seme-alabak Echeberri izanen dira, ez Etcheverry, ez Etxeberri. Baina XIX. mendeko eta lehenagoko ezkontza, sortze eta bataioetako aktetan, abizenak ez ziren beti modu berean idatzirik agertzen.

Hego Euskal Herrian aski sinplea da abizenak euskalduntzeko prozesua. Ipar Euskal Herrian, ordea, buru-hauste handiagoa da: deitura aldatzeko aukera badago, baina ez irizpide beren arabera; eta prozesua bera luzea da eta 100 eurotik gorako kostua du. Besteak beste, Journal Officiel Frantziako aldizkari ofizialean argitaratu behar da deitura aldatzeko xedea. Horrek berak ez du bermatzen aldatzeko eskaera onartuko dutenik.

Abizen ofizialaren ortografia aldatu gabe ere badago lanik egiteko, gehienek ohitura dutelako beren abizena nortasun agirian idatzia duten bezala jartzeko. Elkarrizketa egiten banion bati, maiz zehazten zidaten Etxeberri «tch»-rekin zen edo zer. Eta nik nire baitan: «nahi duzuna, baina Etxeberri idatziko dut, gure egunkarian euskaratzen ditugulako Euskal Herrian bizi direnen euskal abizenak».

Frantses ortografian idazteak badauka ondorio txar bat, Ipar Euskal Herrian bereziki: gure abizenak frantsesez ahoskatzeko joera dagoela, guztiz desitxuratuz. Eta hori ez bakarrik frantsesez mintzo garenean, baita euskaraz mintzo garenean ere. Are txarrago, garbiki euskaraz idatzita dauden abizenak ere frantses ortografiaren arabera ahoskatzeko joera dago, baita Iparraldeo euskarazko irratietan ere.

Lan sakona dugu egiteko gure baitan, gure buruetatik kentzeko frantsesezko ahoskatze modu hori. Ohartu behar dugu «Mendiburr» (Mendiboure, idatzita) ahoskatzen dugunean, buru-buztanik gabeko zerbait erraten ari garela, «buru»-ri r bikoitza jarrita eta u kenduta. Baina bereziki ohartu behar dugu horrela ahoskatzen dugunean agertzen zaigula zenbateraino barneratua dugun frantsesaren eragina, gure nortasuna gure hizkuntzan berean ukatzeraino.

Literatura Unibertsala bilduma, buru osasunerako ona

Karlos del Olmo Serna

Aditu batzuen arabera, ez dago goi ala behe literaturarik, literatura ona edo txarra baino. Beste batzuen aburuz, hori ez da egia, goi mailako literatura txarrik izan daitekeelako, bai eta kontrakorik ere. Nahiz eta, zertan esanik ez, pentsatzekoa den goi literatura idaztea gaitzago gertatzen dela behe literatura idaztea baino, lehen motakoa irakurtzea ere zailago gertatzen den neurrian. Idazlan batzuk takateko batean irakurtzen dira… eta antzeko ereti batean ahazten ere. Best-sellerrak irakurtzen dituzten irakurlari gehienei ez bide zaie gustatzen “goi literatura” deritzona, eta ez dute egin gura izaten asmo estetikodun testu literarioak eskatu ohi dien esfortzua, ez dute irakurgaian altxorrik bilatzen, bizitza bera edo mundu ikuskera aldaraz diezaiekeena. Horregatik ez dute poesiarik irakurri ohi, aspergarria delako. Are gutxiago, literatura dramatikorik. Ez dute erritorik bilatzen, une magiko halako bat, gai edo trama konplexurik, psikologia edo nortasun sendoko pertsonaiarik, denbora pasa arina baizik, lo egiten edo asperra jasaten lagunduko dien zer edo zer, bost zentzumenak, erne barik, erdi lokartuta dituzten uneetarako (eta, halere, hobe literatura erabiltzea beste baliabide kimiko batzuk baino).

Literatura Unibertsala bildumari aurpegiratu ohi izan zaio, behin baino gehiagotan, testu errazagorik ez sartzea, goi mailako literaturatzat jotako lanak besterik ez plazaratzea. Euskal argitaratzaile batzuek ere halako prebentzio moduko bat izan ohi dute testu “zailaren” aurrean (dela sormenezkoa, dela itzulia). Hori dena, aurrerantzean, aldatzen hasi beharrean egongo gara, gustuak gustu eta iritziak iritzi, gaur egun badelako argudio zientifiko bat goi literaturen alde: Science aldizkariak 2013ko urrian argitaraturiko 342, 347. zk.-an  agertzen den Reading Literary Fiction Improves Theory of Mind artikuluak David Corner Kidd eta Emanuele Castano ikerlarien azterlan baten emaitzak dakartza. Eta ikerkuntza horren arabera, literatura irakurtzea ez-fikzioa leitzea baino onuragarriagoa da garunerako. Eta literaturaren barruan, goi literaturak ondoren probetxuzkoagoak izaten ditu garunaren funtzionamenduan.

Gizartean bizitzeko, ezinbestekoa da besteren buru egoerak ulertzea. Inoren egoera subjektiboak hauteman eta ulertzeko gaitasuna giza eboluzioaren lorpen handienetako bat ei da. Iker alor horretan (Theory of Mind, Gogamenaren Teoria) gabeziak dituzten pertsonek zailtasunak izan ohi dituzte pertsonen arteko hartu-emanetan. Bi alor bereizten dituzte zientzialariek: inoren emozioak detektatu eta ulertzeko trebezia eta besteren sinesmenak eta asmoak inferitzeko eta irudikatzeko abilezia. Sentipenekikoak zerikusi handi eta zuzena du enpatiarekin (positiboa) eta jokabide antisozialarekin (negatiboa). Eta zein da gauza? Ikerlariek zenbait esperimentu prestatu eta egin dituztela irakurle talde batzuekin, irakurgaiek garunean eta gizarte abilezietan izaten dituzten ondorioak neurtzeko asmoz. Egileen hipotesi nagusia zen fikzio literarioa hobea dela fikzio popularra eta ez-fikzioa baino Gogamenaren Teoriaren barruan diren trebetasunerako. Aurrera baino lehen, esperimentuetan batez ere testu laburrak (ipuinak eta abar) erabili zituztela adierazi beharra dago.

Saioak zertan izan diren ulertzeko, hona hemen adibide bat: aipatu teoria horrek zerikusia duenez gero gizartean besteekin elkarrekintzan jarduteko trebetasunekin, esperimentuetako batean irakurleek hainbat emozio edo sentipen adierazten zituzten aurpegi batzuk (antzezle batzuenak) ikusi eta emozioak edo pentsamenduak igartzen saiatu behar izaten zuten. Ondorioak oso argiak izan dira (eta goi mailako literatura itzuliaren aldekoak ere, partez, ikerketan erabilitako irakurgaietako batzuk ingelesera itzulitako klasikoak zirelako, esaterako, Txekhov). Hona hemen batzuk:

  • testu literarioak irakurritako pertsonak gauzagoak dira inork keinu bidez adierazitako emozio edo pentsamenduak asmatzeko, irakurleen ezaugarriak ezein izanda ere,
  • testu literarioak ez ziren testu popularrak bezain gustuko gertatzen, baina literariotasunaren adibide hobetzat jotzen dituzte azterturiko pertsonek,
  • testu literarioetan errore tasa txikiagoak gertatzen dira bai alde kognitiboan bai emozionalean neurtutako itemetan, irakurleen ezaugarriak ezein izanda ere,
  • goi fikzio testuek beheragoko fikzio testuek baino emaitza hobeak lortzen dituzte nahimen positiboa eta negatiboa neurtzeko eskalan, irakurleen ezaugarriak ezein izanda ere,
  • pertsonaia baten pentsamenduak eta emozioak ahalik eta eduki linguistiko eta ikusizko txikienaren bidez asmatzeari dagokionez, fikzio literarioa nagusi da fikzio popularraren aldean, irakurleen ezaugarriak ezein izanda ere,
  • neurturiko alor guztietan, fikzio literarioaren irakurleek emaitza zehatzagoak lortu izan dituzte, alderdi kognitiboan zein emoziozkoan ere, irakurleen ezaugarriak gorabehera,
  • jendeak beste pertsonen gainean askozaz ere gehiago ikasten du testu literarioak irakurrita popularrak edo ez-fikziozkoak irakurrita baino,
  • fikzio literarioa irakurtzeak epe laburreko ondorio neurgarriak izaten ditu gizarte bizitzarako onuragarri gertatzen diren zenbait gaitasunetan,
  • fikzio literarioa, benetako munduko beste eragile batzuen antzera, konplexua eta heterogeneoa da,
  • testuaren literariotasunak balio ekologikoa du konstruktu moduan,
  • fikzio literarioa Gogamenaren Teoriak aztertzen dituen buru gaitasunak hobetzeko erabil daiteke,
  • fikzio literarioak gizakiaren kontzientzia garatu eta eguneroko bizitza aberasten lagundu dezake,
  • liburu on batek pertsona eroan dezake jokabide prosozialagoak izatera,
  • terapia moduan, fikzio literarioa ez da beste batzuk bezain arriskutsua,
  • fikzio literarioa ia guztiz librea izan daiteke, eta oso albo ondorio gutxi ditu aldetik ere ez da hain kaltegarri.

Idazle ongarrien artean, De Lillo, Txekhov, Lydia Davis, Estatu Batuetako Sari Nazionaleko finalistak, PEN/O. Henry Sariaren irabazleak, Dagoberto Gilb, Alice Munro…,  hain gorak ez zirenenetatik, ordea, maitasun eleberriak, zientzi fikzioa edo eleberri beltzak idazten dituzten zenbait egile aukeratu zituzten (haietako batzuk, Robert Heinlein edo Dashiell Hammett, kasurako, gero eta onartuago daude egile literarioen artean, dena dela).

Castanok dioenez, seguru asko testu literarioak prestakuntza hobea eskaintzen dio irakurleari, irudiak eskaintzen dituelako kontatu baino areago, eta fikzio popularrak, ordea, kontrara jokatu ohi du. Literatura popularrean, trama da inportanteena, irakurleak badaki zer pentsatzen duten pertsonaiek, berehala igartzen du (argiro adierazten diolako egileak) nor den zintzoa eta nor maltzurra. Testu literarioan irakurleak areago saiatu behar du pertsonaien sentimenduak eta pentsamenduak asmatzen, baina ahalegin handiago horrek saria izaten du gizarte bizitzak eskatzen dituen gogamen mekanismoen aldetik.

Kontua da, ikerketek halako gauzak erakutsi arren, hainbat herritan (esaterako, ikerlana gauzatu duten aldean, hau da, Amerikako Estatu Batuetan) gero eta enfasi txikiagoa egiten ari direla eta uzkurrago jokatzen literatura bigarren mailako eta aurreragoko hezkuntza programetan sartzeko unean.

Hortaz, Literatura Unibertsala eta antzeko testu eta bilduma literarioak “saltzeko” orduan, osasungarri gertatzen direla ere erabili beharko dugu argudiotzat. Eta ez da gutxi, gaur egun gizartean gero eta sarriago agertzen edo gertatzen hasi diren gaixotasun eta gizarte arazo batzuen aurrean.

Poxpola

Aiora Jaka Irizar

Aurten izan naiz ama lehen aldiz, eta alaba jaio denetik horixe da etengabe ahotan darabildan hitza: «poxpola». Ez «bihotza», ez «laztana», ez «maitea»; niri «poxpola» ateratzen zait. Halaxe deitzen zidan niri amak umetan, eta, hogeitaka urtean ahaztu antzean izan dudan arren, alaba jaio orduko automatikoki atera zait berriro: «poxpola».

Oso hitz polita, gertukoa, goxoa… iruditzen zitzaidan arren, senak esaten zidan ez nuela ohiko hiztegietan behintzat erraz aurkituko, eta horixe konfirmatu zidan nire lehen bilaketak. Euskal hiztegi nagusiak kontsultatu, eta «poxpolin(a)» bai, baina «poxpol(a)» ez nuen inon topatu, ez bada Azkueren hiztegian: «poxpol (G-goi-to): Agallón, excrecencia de roble con que juegan los niños»; baina, hasiera batean, erabat baztertu nuen nire adjektibo polita hain definizio mordoiloarekin lotzea.

Amari galdetu nion, beraz, nondik atera zuen hitz hura, eta zer esan nahi zuen zehazki. Esan zidan bere ezagun batek «poxpolo» deitzen ziola semeari, gorputz argala eta buru handia zituelako nonbait, eta ziurrenik horregatik hasiko zela bera niri «poxpola» deitzen. Erantzun hark, baina, ez ninduen erabat konbentzitu (ez dut uste inoiz oso buruhandia izan naizenik, ezta bereziki argala ere, eta, gainera, uste dut amak «maitea», «polita», «moñoña»… zentzuan erabiltzen zuela hitza). Kontu hari bueltaka ari nintzen batean, txikitan ikastolan kantatzen genuen kanta batez gogoratu nintzen:

Han urrun etxe poxpola, hola, hola,
tximinitik gora kea dariola, hola, hola.
Gaintxoan arbola, zelai erdian,
erreka pol-pola etxe atarian,
eta tralala, eta tralala,
dena txiki, txiki, txikia, hola.

«Etxe poxpola» dio kantak (laugarren lerroan «erreka poxpola» genioen guk, baina badirudi «erreka pol-pola» dela berez); «poxpola» ez da, beraz, gure amaren asmakizuna. Hark ere entzuna zuen nonbait hitz hura. Kanta haren letrak ahaztuxeak nituela-eta, Interneten bilatu dut kanta osoa, eta orain arte ez nekizkien hainbat kontu interesgarri ikasi ditut:

Jakin dut Txirri, Mirri eta Txiribitonek baino lehenago isilpeko ikastoletako andereñoek kantatzen zutela abesti hura. Eta Jose Ignazio Ansorena «Mirri»-ri esker jakin ahal izan dut Émile Jaques-Dalcroze (1865-1950) suitzar musikari, konpositore eta pedagogoarena dela doinua. Euskarazko hitzak, Ansorenaren arabera, Debako Joseba Markiegi (1894-1936) apaiz, idazle eta itzultzailearenak dira, Peli eta Polentzi ezagunagoen anaia zaharrarenak hain zuzen. Kantaren euskarazko bertsioa gerra aurreko urteetan kaleratu zen euskal prentsan behin baino gehiagotan (1932an Euzkadin, 1933an Txistularin eta 1934an Argian), baina ziur aski 1933an argitaratutako Saski-naski. Poxpoliña. Jolas-abestiak liburuari esker lortu zuen zabalkundea. 1932koan, ezagutzen dudan lehenengo argitalpenean, Lekuona (Manuel Lekuona, zalantzarik gabe) aipatzen da egile moduan.

Émile Jaques-Dalcrozek haurrei musika irakasteko erritmoan eta mugimenduan oinarritzen zen metodo berritzaile bat proposatu zuen XX. mendearen hasieran, eta metodo hark berehalako arrakasta izan zuen Europako hainbat herrialdetan. «Han urrun etxe poxpola» kanta ere keinu eta gorputz-mugimenduen laguntzaz kantatzeko abesti bat da, hain zuzen (han ibiltzen ginen gu ikastolan, eskuekin «hola, hola» egiten, etxe poxpolaren teilatua eta hormak deskribatzen). Kanta hura bera katalanera egokitu omen zuen Jaques-Dalcrozeren ikasle izandako Joan Llongueresek, eta bertsio katalan hartatik euskaratu omen zen haur-abestia.

«Poxpola» hitzaren esanahi zehatzari buruz zer edo zer argituko zidalakoan, beraz, katalanezko bertsioa bilatu dut:

Allà dalt hi ha una caseta, així, així,
amb un fum que vola per la teuladeta, així, així.
té una finestreta i un petit jardí
i una fonteta al mig del camí.
Tra la ra la la ra la la la
Tot és petit, petit, molt petit, oidà.

Horren arabera, beraz, «una caseta» itzultzeko erabili du itzultzaileak «etxe poxpola». Argi dago ez dela hitzez hitzezko itzulpena, nolabait egokitu egin baitu katalanezko bertsioa euskaraz erritmoa eta errima mantentzeko, baina argi dago etxe poxpola «una caseta» dela, hots, etxe txiki, ziurrenik polit bat. Eta Jaques-Dalcrozeren beraren jatorrizkora jota gauza bera ikus liteke: etxe poxpola «une maisonnette» da jatorrizkoan:

Il est une maisonnette, comm’ ça, comm’ ça;
De la fumée blanch’ sort de la cheminette, comm’ ça, comm’ ça;
Un’ petit’ pelouse, un petit sapin,
Un’ petit’ fontaine, un petit jardin.
Tra la la, la la la la, la
tout est petit, petit dans cett’ maison-là.

Ezin dugu jakin itzultzaileak berak kanta hau itzultzeko asmatutako adjektiboa den «poxpol(a)», baina badirudi idatziz behintzat hark erabili zuela lehen aldiz.

Gerora ez dirudi hitzak zabalkuntza handirik izan duenik, Eusebio Erkiagaren 1968ko testu batean baizik ez baitut berriro ikusi: Araibar zalduna liburuan bi aldiz ageri da «poxpola» hitza:

—Politak dituzu izan ere, ba, begiak! —ziotsan Manu-k poliki, neskatxa poxpolari.

Beste poxpola aiek, toldo baten aldamenean etzin ziran, ondar bero gaiñean luze luze.

Esanahiari dagokionez, beraz, pentsatzen dut Orotarikoak «poxpolin» hitzari ematen dizkion lau adieretatik bigarrenarekin lotuta dagoela:

2. pospolin (V-gip). Ref.: A (pospolin); Elexp Berg (pospoliñ). “Persona linda y graciosa y pequeña” A. “Nombre con el que se denomina cariñosamente a las niñas.

Berez pertsonak eta batez ere neskak izendatzeko erabiltzen bada ere,  Orotarikoko azken adibideak bestelako aukerak ere zilegi direla iradokitzen du:

Ze moduz dabill gure pospoliña? Zuen neskatillia dago pospoliña” Elexp Berg. Cf. VocNav s.v. pospoliña.
Ekatzu patxo bat poxpoliñ, ekatzu patxo bat, arrosatxoa. Ag G 74.
Musikari pilla bat mutur batean ta Elizondoko neska poxpoliñak egurasten joan-etorrian. Anab Poli 80.
Aitonaren belaunetara atxiki kontu eskean billakatu genitun poxpolin zoragarri aiek ziaro gordindu zaizkigu. Etxde JJ 214.
Belenen sortu zaigu, / –krixkitin kraxkitin– / Jesustxo poxpolin. NEtx LBB 304.
Orain bideko erriak ezik, Santesteban poxpoliña! urrutiko erriskak ere ikusten ziran. Anab Poli 72.

Egia da ebidentzia idatzi askorik ez duela hitzak, baina, «etxe poxpola» kantaren historia kuriosoagatik besterik ez bada ere, uste dut mereziko lukeela sarreratxo bat gure hiztegietan. Haurrentzako jolas-abestiak euskaratzen jardun zuten idazle-itzultzaileak eta ezkutuko ikastoletan kanta haiek irakasten aritu ziren andereñoak omentzeko modu polita litzateke. Hauxe, beraz, hiztegigileentzako nire proposamena:

poxpol: gauza edo pertsona txiki, polit, lirain, panpoxa. Han urrun etxe poxpola, hola, hola; tximinitik gora kea dariola, hola, hola.

Donatoren egiak

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Itzultzaile guztioi gertatu zaigu, askotan gertatu ere, ezin ulertuzkoa zaigun hori itzuli beharra. Administrazioan dihardugunok, behintzat, maiz ibiltzen gara gaztelania jasoan hain hedatuak eta askorendako hain gustagarri —eta imitagarri— diren mordoilokeriak euskarara nola ekarri ezin asmatuz. Zerga jakin bat ordaintzeko jarraibideetan honako esaldia itzuli beharra egokitu zitzaidan aurrekoan:

«Cumplimentarán este impreso los sujetos pasivos que se indican a continuación:
(…)Igualmente, los sujetos pasivos de dicho Impuesto que vayan a ser destinatarios de prestaciones de servicios cuyo lugar de realización a efectos de aquél, se determine efectivamente en función de cual sea el Estado que haya atribuido al adquirente el Número de Identificación Fiscal con el que se haya realizado la operación».

Jarraibideak ziren, helburu jakin bat omen zutenak, hots, jendeak jakin eta uler zezan nori tokatzen zaion pagatzea.

Halako esaldiak irakurtzen ditudan guztietan Chrissie Maher etortzen zait burura, Plain English kanpainaren sortzailea. Hizkera juridiko-administratibo ilun hori ez baita gaztelaniaren berezitasuna, nahiz eta egia den azken urteotan hizkuntza molde ulergaitz horren kontrako kritikak eraginkorragoak izan direla Europako beste hizkuntza batzuetan, hala nola ingelesean. Erresuma Batuan, 70eko hamarkadan abiatu zen Plain Englisharen aldeko mugimendua, herritarrok agiri administratibo eta burokratikoak ulertzeko dugun eskubidea berma zedin. Plain Language Movement etorri zen gero; Maite Imazek bikain azaldu zituen mugimenduaren nondik norakoak Estilo jarraituaren alde testua zela-eta idatzi zuen erantzunean. Maitek bere erantzunaren bukaeran zioena berreskuratu nahiko nuke hemen: «aztertu beharko da, baita ere, Plain Language mugimenduak zergatik ez duen eragin handirik izan itzultzeko etortzen zaizkigun testuak gaztelaniaz idazten dituztenenengan. Baina esaldiak etetearen kontu hori ez da euskararena bakarrik; ez da soilik euskararen senaren izenean egiten den zerbait». Izan ere, ni oso bat nator Donatok, Ogasun Departamentuko segurtasun-jagoleak, aurreko egunean aipatu zidanarekin: «La gente está muy indefensa; no se hace ningún esfuerzo por escribir las cosas de forma sencilla, para que la gente normal lo entienda, vamos, y eso no está bien; leen en el papel “sujeto pasivo” y les entra ya como una angustia…».

Bada halako hizkera konprenigaitzari antidemokratikoa irizten dionik ere. Hizkuntza bihurri hori ez baita soilik teknolekto baten isla hutsa, gure gizarteko botere harreman zehatz batzuk ere uzten ditu agerian. Gure esku dago zer-nolako testuak sortu euskaraz, eta komeni da garbi izatea gure egoera soziolinguistikoek Plain Language Movementekin bat egitera behartzen gaituztela ezinbestez (eta zorionez).

Nazio Batuakek?

Iratxe Goikoetxea Langarika

«Nazio Batuakek» bilatu, eta –eskerrak!–, emaitza bakarra interneten. Zerk bultzatu nauen bilaketa xelebre hori egitera? Fagorren etxetresna elektrikoen arloa aipatzeko moduek.

Itxura denez, izena gaztelaniaz du enpresak, Fagor Electrodomésticos Koop. ageri da lantegiko fatxadan, baina hedabideetan izena euskarara egin diogu: Fagor Etxetresna Elektrikoak, batzuetan; Fagor Etxetresnak, gehienotan.

Kooperatibaren egoera albiste izaten hasi zenetik, plulareko izen bereziekin sortzen den tirabira azaldu zen berriro. Asteotan, konbinazio guztiak ikusi ditut erabileran:

  • Fagor Etxetresna da… (izena singularrean)
  • Fagor Etxetresnak dira… (aditza pluralean)
  • Fagor Etxetresnek dute…
  • Fagor Etxetresnak-ek dute…

 Eta azken hori latza egiten zait.

Pluraleko toponimoak euskaraz ematean, geuretu egiten ditugu. Berdin esaten dugu Pirinioetan zein Filipinetan, Malloek zein Amerikako Estatu Batuek. Eta elkarte eta erakundeen izenekin ere, berdin: Nazio Batuek (berez Nazio Batuen Erakundea), Petrolio Esportatzaileek (Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundea)…

Urruneko erakundeen izenekin, «Nazio Batuakek» bezalako lantzean behingo adibideak kenduta, ez dago arazo handirik. Etxekoekin, ostera, bai. Itzelezko begirunea-edo izan nahi zaio «jatorrizko izenari», eta bere horretan erabiltzera jotzen dute askok, euskararen senaren kontra eginda bada ere. Lantegi Batuakek, Iparretarraken

Marka errespetatu gura bada, badago beste aukera bat: «enpresa», «talde» edo dena delako izena erabiltzea makulu gisa: Gureak elkartea, Fagor Etxetresnak enpresa

Tranpa txiki bat egin dut: haritxo bati bakarrik heldu diot, badakit-eta izen berezi artikuludunei tiraka mataza lodi eta korapilotsua topatuko nukeela.

ariketak. mugaritz B.S.O. harkaitz canoren testua

miel a. elustondo

«Marko Polo eta On Pedro Axular, oinetakoak eskuan, oinutsik dabiltza hondartzan. Iluntzen ari du eta gero eta hurrago aditzen da olatuen zurrumurrua. Elkarrizketak aurrera egin ahala, haitzuloan amaitzen den alderdi harkaiztsu baterantz desbideratuko dira. Haitzulo xahar bat da, itsasbeherak baino bistara ekartzen ez duena.

Axular: Lurralderik arraroenak bisitatu dituzula entzun dut.

Marko Polo: Ez diot paisaiari errurik botatzen: bertako bizilagunek egiten dituzte arraro.

A.: Kontatu, faborez.

M.P.: Zuhaitzei kantatzen dieten tribuak, ibiltzen diren zuhaitzak, haietan bizi den jendea, purpuraz beztitutako elefanteak, zaldi gorri hegaldunak… Herri kanibalak, beren haur jaioberriak sakrifikatzen dituen jendea, eta, hala ere, antzina gurtu zituzten behiak hiltzen direnean haurrek bezala negar egiten dutenak…

A.: Barkaziorik gabeko bekatua, basakeria…

M.P.: Baita inozotasuna eta aurrera egiteko gogoa ere. Zoramena eta ahaztura. Hainbestetan, zer heroikoak bitxikeria barreiatzen du…

A.: Eta umiltasuna, beste hainbestetan…

M.P.: Edo inkontzientzia, besterik gabe.

A.: Zuk ez duzu bidaiarik ahantziko. Ezta hildakoan ere: beste batzuek ekarriko dituzte gogora zure bidaiak.

M.P.: Eta zu? Egia da kontatzen dutena? Itzalik ez duzula? Kendu egin zizutela?

A.: Deabruari utzi behar izan nion bahituran, bila etorri zitzaidanean.

M.P.: Itzalik gabeko gizona… Ez dut horrelakorik ezagutu nire bidaietan.

A.: Aringarri zait itzalik ez izatea.

M.P.: Dabilen harriari ez zaio goroldiorik lotzen…

A.: Nork esan zuen hori?

M.P.: Ez naiz oroitzen… Behiak gurtzen zituen kanibalen batek.

A.: Utziko didazu oharra idazten? Nire hizkuntzara bihurtuko dut: “Dabilen harriari ez zaio goroldiorik lotzen”.

M.P.: Ez du latin antzik.

A.: Ez da…

M.P.: Ez genuen haitzulo honetaraino etorri behar. Itsasgora da, arriskugarri da.

A.: Gorago ere etorriko da itsasoa. Ezingo gara irten.

M.P.: Ez ote da gu erreskatatzera inor etorriko?

A.: Ezetz uste dut. Zaharrak gara, zertan eman denbora alferrik espantuka? Hobe dute besteren batzuk erreskatatu.

M.P.: Bukaera da, hortaz.

A.: Mundu bat dugu batak besteari kontatzeko. Nik, liburuena eta Deabruarena. Zuk, zeure bidaiena…

M.P.: Bi pertsona, batak besteari kontatzeko bi mundurekin. Ez dago eternitatearen antz handiagoa duenik.

A.: Edo heriotzari beldur ez izatearen antz handiagoa, gauza bera baita.

M.P.: Eternitatez beterik daude bibliotekak. Hasi zeu…

A.: Estimatuta dago kortesia: ez dugu luzamendutan ibili behar.

M.P.: Bana dezagun denbora: ura gerriraino heltzen zaigunean nire txanda izango da.

Ez zen beren oinetakoak besterik salbatu. Axularren alpargata apalak. Zetaz eta urrez brodaturik, Marko Poloren babutxak.

Itsasbehera da berriro, dolumin seinaletan. Atzera itsasgora izan dadin arte iraunen du doluak».

Lehiaketa baten izenburuaren harira

Koro Garmendia Iartza

Lehiaketa polit bat antolatu berri dute, haurrek gai jakin baten gainean egindako marrazki politenak-edo saritzea duena helburu. Toki dezentetan ikusi dut iragarrita. Ez da lehiaketa, haatik, lerrook idaztera bultzatu nauena; jarri dioten izenburua da deigarria iruditu zaidana: «7. Haurrentzako Marrazki Lehiaketa». Beste askotan ikusi ditut formula horri erantzuten dioten idazpuruak, eta beti eman didate zer pentsatua.

Lehiaketaren oinarrietan hizkuntzaren zuzentasunaren aldetik ikusi ditudan gorabeherak alde batera utzita, «zazpigarren» horren kokapenak ez nau konbentzitzen. Behin eta berriro han-hemenka irakurtzeak ez du, nire begietara, apropos bihurtzen. Pentsatzen dut lehenik eta behin lehiaketaren izenburu nagusia euskaratzeari ekingo ziotela ‒ez baitut uste euskaraz sortu eta gaztelaniara itzuli zutenik, nahiz eta poza hartuko nukeen oker banenbil‒, eta, hortaz, «Haurrentzako Marrazki Lehiaketa» finko samar zutenean, edizioa nonbait sartzeko premia sortuko zitzaiela, eta, urtez urte, konplikazio handiegirik gabe aldatzen joatekoa.

Gai honi nolabaiteko lotura ikusten diot duela ez asko Xabier Aristegietak blog honetan bertan egindako gogoetarekin (Izenlagunak beldurra ematen dit), euskaraz esaldiak josteko orduan ditugun joerak direla-eta. Hizpide dudan lehiaketa ez da «zazpigarren haurrentzako» lehiaketa, «zazpigarren lehiaketa» baizik. Ondorio horretara iristeko ahalegin ikaragarririk egin behar ez bada ere, ez dakit nik hori arrazoi aski sendoa den ondo adierazita dagoela baieztatu ahal izateko.

Buka dezadan nire ustez zuzenagoak diren bi aukera emanez: «Haurrentzako 7. Marrazki Lehiaketa» eta «Haurrentzako Marrazki Lehiaketaren 7. Edizioa».

Itzulpengintzaren mugaldeak

Bego Montorio Uribarren

Euskarazko ikus-entzunezkoekin (eta, zuzen edo zeharka, itzulpengintzarekin) lotura duten bi informaziok eman didate artikulu honetarako gaia. Lehena, euskarazko bikoizketaren egungo kinka larria izan da, Asier Larrinaga blogkideak «bikoizketa hilda dago» esaldiarekin laburbildu duen hori. Bigarrena, berriz, albiste pozgarri bat izan da, oso aurreraturik baititu Vicomtech ikerketa zentroak euskarazko edukiak automatikoki azpidatzi ahal izateko behar diren tresneria eta aplikazioak (Arantza del Pozo; Euskarabildua 2013.-Euskarazko ikusentzunezko edukien azpititulaketa automatikoa).

Gai horiek buruan nituela, ohartu naiz testuetatik harago doazen itzulpen jardunetarako bestelako hitz eta izendapenak erabili ohi direla, bai euskaraz baita inguruko hizkuntzetan ere; bestelako langintza batzuk barne hartzen dituzten hitzak edo horietarako ere balio duten izendapenak. Hainbeste non, batzuetan, guztiz nahasturik agertzen baitira itzulpena eta bestelako jarduna, definizioan bertan.

Horixe gertatzen da bikoizketarekin. Kontsultatu ditudan hiztegietan[1] beti agertzen dira loturik, modu batera edo bestera, diskurtsoen itzulpena eta horien grabazioa: substituer le dialogue en autre langue (ATILF), sustituir la voz en otra lengua (María Moliner), sustituir por la traducción (DRAE), Soinu bandan, jatorrizko hizkuntzatik beste batera itzuli (Harluxet).

Aurreko definizio horrek, esaterako, guztiz bat egiten ditu, «soinu bandan itzuli» esaldiaren bidez, bikoizketaren atzean dauden jardun edo ekintza biak –diskurtsoak itzultzea eta ahotsak ordeztea. Hortaz, Harluxet hiztegiak adierazitakoari jarraiki, bikoiztailea «soinu bandan itzultzen duen pertsona» dela esan genezake. Hori juxtu zer den? Nola egiten den? Galdetu egin behar! Nolanahi ere, esango nuke zehaztugabetasun horrek ez duela arazo handirik sortzen praktikan. Itzultzaileen artean gaudela, badakigu «bikoizketa» esaten dugunean ez garela ahotsen grabaketaz ari, eta ikus-entzunezko enpresek ondo dakite noiz eta zertarako deitu aktoreari edo itzultzaileari.

Azpidazketak ere badu anabasa ukituren bat, nahiz eta, kasu honetan, nahasmenduaren gakoa «Itzulia ala itzuli bakoa?» izan. María Molinerrek, adibidez, hau adierazten du subtítulo sarreran: Traducción de una película, documental, etc., en lengua extranjera, que aparece inscrita en la parte inferior de la pantalla. Hau da, azpidatzia itzulpena da. RAEk ordea, idazkunari berari esaten dio subtítulo, eta eransten du: normalmente con la versión del texto hablado de la película. Frantsesezko ATILF-ek ere formatuari ematen dio nagusitasuna, eta jatorrizko hizkuntza berean zein itzulita eman daitezkeela adierazten du.

Etimologiak etimologia (badira-eta pantailaren goialdean jartzen diren «azpidatziak»), esango nuke testutxo horien nolakotasuna eta erabilera aldatuz joan den neurrian zabaldu dela «azpidazki» hitzaren hedadura. Baina, gaurkoan, ez diet arrazoiei erreparatu nahi, mugaldeko kidetasun eta nahasmen horiei baizik.

Interpretearena da agertu gura dudan azken adibidea, nahiz eta lehena beharko lukeen, seguruen, ez baita alferrik esaten trujamanarena dela lanbiderik zaharrenetakoa. Bada, aldibereko itzultzaileek, interpreteek, bat egiten dute –izenean bakarrik?–, musikariekin, aktoreekin, baita exegetekin ere.

Bitxia gerta daitekeen arren, «itzuli, traduire, traducir» aditzak dira gehien azaltzen direnak interpretazioaren definizioan, baita antzerkiaz edo musikaz hitz egiterakoan ere. Hona zer jasotzen duen ATILF-ek: interpréter – THÉÂTRE, CIN., MUS. Jouer un rôle ou un morceau de musique en traduisant de manière personnelle la pensée, les intentions d’un auteur ou d’un musicien.

Hiru hitz baino ez, itzulpenetik antzerkira eta antzerkitik itzulpenera berriro bueltan etortzeko. Hiru hitz baino ez, harreman-sare zabal eta sarria ikusarazteko. Agerian uzteko lotura estuak dituela itzulpenak, besteak beste, zinemarekin, teknologia berriekin, antzerkiekin, irudiaren munduarekin, ahozkotasunarekin… Eta sakonekoak dira loturak, sendoak, lanbideaz gogoeta egiterakoan zer pentsa ematen duten horietakoak.


[1]Ez da bilaketa oso sakona izan, eta ez ditut hiztegietako azalpen guztiak, beren horretan, hona ekarriko, baina hauek dira erabili ditudan hiztegiak: euskaraz, Harluxet Hiztegi entziklpedikoa eta Elhuyar hiztegia (eu-es); gazteleraz, Diccionario de la Real Academia Española DRAE eta María Moliner, eta frantsesez, Le Trésor de Langue Française informatisé ATILF.

Tartalo (itzultzen gaitza den ipuintxoa)

Iñaki Segurola

«Behin batean bazen hemengo haitzuloetan Tartalo izeneko izaki erraldoi gaizto itsusi begibakar bat, jendea jaten zuena eta lasai bizitzen uzten ez zuena. Tartalo horrek burdinazko sugetzar super-azkar baten itxura hartu zuen egun batean, eta bazter guztiak txikitzen zituen, eta pobreentzat behar zen dirua beretzen zuen. Orduan gizaki batzuk ohartu ziren Tartalo izen horrek esan nahi zuela ‘tarta-lo’, eta pentsatu zuten Tartalori tarta goxo bat botatzea, betiko goxaturik lo geldi zedin eta geldi-geldirik eta inori kalterik egin gabe. Ez zeuden ordea batere seguru zuzen ari ote ziren, eta, badaezpada ere, joan ziren hizkuntzalari zuhurraren jauregira, eta galdegin zioten ea Tartalo-k berek uste zutena esan nahi zuen, eta hark erdeinuzko bekozko beltza jarriaz azkar eta zakar erantzun zien ezetz, eta zorakeriarik ez esateko eta are gutxiago egiteko, eta atera zizkien grekoa eta latina, eta tartaros edo tartarus aipatu zizkien, eta ‘lurpea’ edo ‘ilunpea’ esan nahi zuela, eta ez zuela deus ikustekorik tartarekin, eta joateko unibertsitatera gauzak nola ziren ikastera. Orduan, etsi-etsian, pentsatu zuten hobe zutela hizkuntzazale zoroarengana jotzea, eta halaxe joan ziren bere txabolara, arlote pobrea baitzen hura, agintaritza jakiundezkoak xemeikorik ematen ez ziona, eta hark esan zien ondo ari zirela, ez dudarik egiteko, eta Tartalo dela ‘tarta-lo’, lo harrarazteko tarta gozoa behar duena muturrean, eta ekiteko maitasunez eta bihotz garbiz. Eta erabakia hartu, ondo pentsatu, eta halaxe egin zuten zorioneko tarta-botatzea, baina baziren gizakien artean Tartaloren begi bakar horrek itsutuak eta liluratuak zeudenak, eta tarta-botatzaileei oldartu zitzaizkien eta  kartzelan sartu nahi izan zituzten. Orduan, beste gizaki guztiak protestaka hasi ziren… eta hementxe gaude protesta egiten».

Badakit nere moduko hizkuntzalari (?) batek ez duela ondo ematen ipuintxoak idazten, baina hementxe uzten dut halere, jakin dezan munduak hor zehar dabiltzan esan-eginak hobeki sentipentsatzen direla ume-belarriekin entzunda.

Ni neu ere ez pentsa oso lasai gelditzen naizenik, ohartzen naizelarik unibertsitatean ikasitako jakintza ofizialak ez duela balio maite dudan jendeari laguntzeko, andre nafarkaxkar txoroharro bati Frantziako Tolosan muturra tartaz gozatzeagatik kartzelan bukatzeko arriskuan daudenei laguntzeko, hain zuzen ere. (Epaiketa, Espainiako Madrilen, hilaren 18an.)

Haurrok: jakin ezazue egia hutsarekin ez dagoela ondo bizitzerik, eta egia gexurrezkoak ere balio duela; aitadiruaren Gezur Haundiaren kontra, amalurraren gexurrak esaten ere asmatu beharra dagoela.

Giza-emakumeok: egia ez dago munduan; egotekotan, esanetan dago, buru-bihotzetako esanetan, itzulpen gaitzeko ipuinetan… eta holako tokietan.

Barkatu

Elixabete Perez Gaztelu

Oso ongi zergatik ez dakit, baina Koldo Mitxelenaren euskal gutunetako barka eskeez «hautatu zait orain begia». Litekeena da gutun askotan errenteriarrak barkamena eskatzen duelako izatea: 235 gutunetatik 62tan gutxienez, hala egiten du (gutunaren hasiera-bukaeretan maiz, erdialdean gutxiagotan). Areago; gutun bat, osorik, horretarakoxe idatzi du, barkamena eskatzeko. Hauxe:

NORBERT TAUERi

Pragara Donostian, 1963-III-6

     Adiskide maitea,

   Lotsaturik natorkizu, eta alare ez bear bezain lotsaturik. Badakit zurekin egin dudanak, zure eskutitzak eta eskeak orren luzaroan erantzunik gabe edukiaz, eztuela barkabiderik.

   Luzea litzake agertzea nola gertatu den olakorik. Arazo eta istillu tartean ibilli naiz azkeneko urte-erdi onetan, egin bear nituen eta aginduak neuzkan lanak ezin egin nituela ikusirik. Ori dela-ta, eta gaizki jokatu dut noski orretan, eginbearrak menderatuta bertan beera utzi ditut eginkizun asko, eskutitzak eta gaiñerakoak.

   Nere jokabide au barkakizun eztela dakidalarik, barka nazazula eskatzera ausartzen naiz. Leen etzait beiñere orrelakorik gertatu eta eztut uste aurrera ere, Jaunak lagun, orrelakorik gertatuko zaidanik. Zurekin egiten ari naizena beste frankorekin ere egin bearrean arkitzen naiz.

   Zuk bidali didazun aldizkaria zuzen jaso dugu emen. Oraindik nere Fonética histórica vasca artu nai baduzu, bidal ezazkidazu itz bi eta bereala igorriko dizut ale bat. Zor dizuguna ere, orain zor dizuguna, esaidazu mesedez eta bereala ordainduko dut. Gaur goizean egon naiz Labayen jaunarekin eta mintzatu natzaio orrezaz.

   Orrezaz bestalde, badakizu noski Lafitteren Grammaire basque agertu dela bigarren aldiz. Nai bazendu, eskuratuko nizuke zenbait egunen buruan. Alaber López Mendizabalen Manual de conversación castellano-vasco, laugarrenez au, baiña leen argitaraldiaren arabera. Au, ene iritziz, obea da tartekoak baiño.

   Barka ezadazu, otoi, ixillaldi luze au. Eta etzaiozula ixillarekin erantzun zure adiskide damutu oni.

Pentsatu dut egokia izan daitekeela Mitxelenak gutunetan barkamena zer dela eta eskatzen duen eta nola adierazten duen eskea jasotzea. Esan beharrik ez dago ez ditudala ez arrazoi guztiak ez adierazteko modu guztiak ekarriko. Bilketa ordenagailuz egitea dela medio, erraz-zurrean, barka letra-segida duten eske batzuetara mugatuko dut gaurkoa.

Hala ere, ezin izan diot muzin egin barkahitzik-gabeko-barka-eske dotore hau hona ekartzeari. Ibiñagabeitia jaunari guri adina begi-gozagarri gertatuko zitzaizkion, beharbada, Mitxelenaren hitzok:

 

Guatemalara Errenterian, 1954-VIII-12

Agur, adiskide,

       Ene izena ikusi orduko onako eskutitz au urratzen ezpaduzu –eta bazenduke noski ortarako arrazoirik–, ikusiko duzu nere jokabide lotsagarriaz lotsaturik nagoe­la, bear adiñako lotsarik izatea erraz ezpada ere, sinestekoa ezpada ere, ain atsegin izan zitzaidan ura artu nuen ezkero izan dut asmoa bereala erantzuteko eta eske­rrak emateko, bai bidali zenizkidan adiskide-itzez, baita eskura dizkidazun aldizka­riez. Baiña alferrik izan zen nonbait asmo ura, infernuko kale zabaletan barrena ugari aurkitzen diren aietakoa. Badakit ene burua zuritzea eziñezko lana dela, enaiz beraz ortan asiko. Aitzakirik aurki balekit, den apurra nabillen bezain lanpeturik ibil­tzean billatu bearko. Etxea mantendu-bearrak lanik asko ematen du batetik, eta ortaz gaiñera ene arloan zer edo zer egin nai. Eta, badakizu, zerbait egingo bada, gaiñerantzeko kezkak burutik astandu bear izaten dira. Eta kezka-astantze orren teknika ain ederki ikasi dut –eskola onean ikasi gaiñera–, gogoan eduki bear nituz­keanak ere, aalegin andirik gabe, aaztu egiten baitzaizkit orain. Baiña utz dezadan saio alfer au, zuritu bearrean naizen baiño beltzago ager enadin.

Erantzuten luzatu izanak eraman du Mitxelena Andima Ibiñagabeitiari barkazioa eskatzera. Eta horixe da, hain zuzen, gutun gehienetako (46 gutunetako) barka eskeen motiboa: lana dela eta, osasun-arazoak direla eta… ezin konplitu izan ditu hartzailearekikoak bere tenorean.

Adiskide maitea,

Lotsaz beterik idazten dizut, orren luzaroan erantzunik gabe eduki zaitudala­ko. Eztakit esatera noanak garbitu ala beztu egiten ote duen horrela burua, baiña zurekin egin dudana beste guztiekin ere egin bearrean arkitu naiz: iñori ez ida­tzi, alegia. Luze litzake banan banan kontatzea zertan ibilli naizen eta zenbat istillu izan ditudan horrela ixilik egoteko, luze eta aspergarri gaiñera. Sinista zadazu, alere, ez naizela horrela egon zure gauzak gutxi etsi nairik, ezin-bestean baiño.

Orain, zerua argitzen asi zaidan ezkero, dirudienez, jaso itzazu arren esku urrikaltsuz laburkiro ematera noakizun berriak. (…)

Barka zaiozu, mesedez, adiskide lanpetu oni. Biotzez.

***

Agur, eta barkazio,

Horrenbeste denboran erantzunik gabe eduki zaitudalako. Ez da gogo-faltarik izan, astia nuen urri, presakako lan batzuek zirela medio.

***

Adiskide maitea,

Barka ezadazu orrenbeste luzatu baldin badut erantzun au. Lanez beteegi ibilli naiz, ordea, eta osasunez utsegi azken-aldi onetan.

***

Adiskide maitea,

Barkatuko aal dizkidazu zure kontra egin ditudan ezin konta adina uts eta oker. Eztakit noiz ezkero nagoen zuri erantzun gabe. Ezta erraz azaltzea zer gertatzen zaidan, neronek ere ezpaitakit ongi, baiña guztiekin atzeratua nabil, eztut emani­kako itzik betetzen eta abar. Azken-aldi onetan, gaiñera, urdailla asi zait lanak ematen berriz.

«Ixilaldi luzeegia» izan/egin du, inori erantzun gabe. Honelaxe bukatzen ditu, hain justu, gutunak behin baino gehiagotan:

Eskumuiñak Baumgartl andreari. Eta barka ezaiozu, otoi, gutungille alfer oni ixilaldi luzeegi au. Beti bezala esanera naukazu.

 Berandu eta, gainera, behar baino laburrago edo luze eta/edo aspergarriago erantzun du:

Presaka ari naiz eta barkatuko aal didazu lerro oen laburra eta berandua. Esane­ra naukazu, ordea; muturik bada ere. Goraintziak anaiari eta Miranderi guzion ize­nean eta soldaduxkako lanak ez aal zaizkizu astunegi izango.

Biotz-biotzez.

***

Barka zadazu sermoi aspergarri au eta zure eskuetan uzten dut auzia

Ausartegi jokatzeagatik ere eskatu du barkamena:

NORBERT TAUERi

Pragara Errenterian, 1954-XII-21

Ene adiskidea,

Barka ezadazu arren izen ori ematen ba´dizut, baiña ezta arritzekoa. Zure izena eta zure idaz-lanak ezagun ditut aspaldidanik eta sail orretan lanean ari geranen artean ba-dira elkar lotzen gaituzten lokarriak, bestelako adiskidetasunarenak baiño eten-gaitzagoak gaiñera.

Inori ezertan huts, oker egiteagatik:

Ene errua duzu bada soil-soillik ortarako artu ninduten lagun eta lankideen ongi-etorria garaiz eskuetara ezpazaizu. Barka zadazu, arren.

***

Batetik bestera ibilli bearrean aurkitzen naiz, aizeak darabillen orbelaren gisa, jakintza gaietatik literaturara eta viceversa. Orrexegatik eztauzkat beti gogoan eduki bear nituzkean gauza guztiak. Barkatuko aal didazu.

***

Gaizki esanak barka, arren. Eta nai duzun arte. Eta enaiz txantxetan ari: edozer gauza egingo nuke zurekin gertatukoa aaztutzeko, esan nai dut gertatutakoa desgerta-arazteko. Au zenbaitek obeto esango luke, baiña eztut era oberik arkitu.

Biotzez.

Ezer eskatu behar izateagatik:

Jauna,

Eskean gatozkizu. Herria ederki eltzen zaigu, uts bat izan ezik. Uztailaren 19ekoa, 310-garrena, eztugu artu; leenagokoa, berriz (309-garrena, Uztailaren 12-ekoa), bi bider etorri zaigu. Falta zaigun ori, aal bazendute, igorriko bazenigukete, pozik artuko genduke, utsik gabe nai bait-genduke Herria gorde. Eskerrik asko eta barka gure ausartzia.

***

Barka zadazu bada dituzun lan gogorren gain egotzi nai dizudan lana eta nolanai ere, eskerrik asko. Biotzez.

Barka eske erretorikoak ere egiten ditu. Gutunak amaitu beharrez edo, barka hitzak darabiltza mami handirik ez duten, baina gizaki arteko komunikazioan —agurtzea bezalaxe, esate baterako— ezinbestekoak diren esapide, formula eta gainerakoen modura:

Barka ezazkidazu gaizki esanak, orrelakorik baldin bada. Eta esanera naukazu zernaitarako, beti bezala. Biotz-biotzez.

***

Gaizki esanak barka eta aurki arte. Biotzez.

Arestiko adierazteko modu dotoreen ondoan, bukatzeko gehien hunkitu nauen gutun zatia erantsi nahi dut. Andima Ibiñagabeitiak Guatemalatik liburu batzuk eskatu dizkio Mitxelenari. Barka eske erantzun dio Errenteriatik Guatemalara, 1954ko abuztuaren 29an.

Beste gauza bat ere nai-ta-ez esan bear nizuen, eta azkenerako utzi dut, esateak apurren bat larritzen nauelako. Azken aldi onetan enaiz oso lasai bizi, diru-kon­tuan esan nai dut. Badakizu, baditut bi seme-alaba, irakaskuntzak, privatuak batez ere, eztu askorik ematen eta nere lanak enituzke bertan-beera utzi nai. Eta, jakiña, ortarako artzen dudan astia besteri kendu bear. Eskatzen dizkidazun liburuengatik diot au. Ain juxtuan dabillenari edozer gastu txikik bere kontu guztiak azpikoz gora jiratzen dizkio. Eta enabil aitzakia-billa –a, ala balitz!–, gure egoera zeaz-zeatz, eta den baiño argixeago bear bada, azaltzen baizik. Barkatuko aal didazu, eziñak era­giten didan ezkero!

******************

 Barkamena inori zergatik eskatzen diogun… Xabier Montoiak katua labean sartzeagatik eta «arrebaren esnean» pattarra jartzeagatik eskatu zion amari barkamena (Barkatu, ama). Eta nik, berriz, honaino iritsi zaretenoi behinik behin, beharbada zuen interesekoa ez zen gai batean «luzeegi» aritzeagatik. Aim zorri.